143. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Aldaketa, Hirigintzako lizentziak eta erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak izapidetzea arautzen duen udal ordenantzan (11. zenbakiduna). Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2021eko martxoaren 25ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Hirigintzako lizentziak eta erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak izapidetzea arautzen duen udal ordenantzan (11. zenbakiduna).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatuari jarraikiz, hasierako onespenaren erabakia 2021eko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 13an, baita Barañaingo Udalaren ediktuen taulan ere.

Jendaurreko epean ez denez aurkeztu alegaziorik, eragozpenik edo oharrik, hasierako onespenaren erabakia behin betiko bihurtu da, eta, beraz, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluarekin bat, erabakiaren testu osoa argitaratzen da.

Argitara ematen da, aipatutako legezko aginduak betetzeko, eta ohartarazten da behin betiko onespen hau aurkaratzen ahal dela honako bide hauetako bat erabiliz:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, zuzendua zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2021eko maiatzaren 26an.–Alkatea, María Lecumberri Bonilla.

TESTU BATEGINA

ORDENANTZA, BARAÑAINGO UDALAREN HIRIGINTZAKO LIZENTZIAK ETA ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA BEHAR DUTEN EGINTZAK IZAPIDETZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedea eta eremua

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da prozedurak arautzea hirigintzako legedian aurreikusten diren hirigintza lizentzien eskaerei dagokienez, baita beste prozedura batzuk ere, non Udalaren esku-hartzea beharrezkoa den, komunikazioak eta erantzukizunpeko adierazpenak kontrolatzeko, jarduera, obra eta zerbitzu horietan non ez den nahitaezkoa lizentzia edo baimena lortzea hasi aurretik.

2. artikulua. Hirigintzako lizentziak eta erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak.

Hirigintzako lizentzia Udalaren egintza arautua da; haren bidez, aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak egiaztatu ondoren, eskatzaileari baimena ematen zaio eraikitzeko edo jarduera batzuk egiteko lehendik zuen eskubidea erabiltzeko. Egiaztatze hori egiten da lizentzia eta prozedura mota bakoitzerako nahitaezkoa den dokumentazioaren gainean.

Jarduera, obra eta zerbitzu horietan non ez den nahitaezkoa lizentzia edo baimena lortzea hasi aurretik, Udalaren esku-hartzearen helburua izanen da pertsona interesdunak adierazi dituenak egiaztatzea, eta sektoreko legedian ezarritako baldintzak betetzea.

II. KAPITULUA

Hirigintzako lizentziaren eta erantzukizunpeko adierazpenaren subjektuak eta eremua

3. artikulua. Hirigintzako lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren menpe dauden egintzak.

Hirigintzako lizentzia eta, behar denean, erantzukizunpeko adierazpena beharko dira edozein eraikuntza, instalazio, obra edo jarduera egiteko, baldin eta betetzen badira hirigintzan eta eraikuntzan indarrean dagoen araudiko determinazioak, lurzoruaren erabilerak, hirigintzako planeamendua, udal ordenantzak eta aplikatzeko diren gainerako arauak.

Ordenantza hau aplikatuko zaie eraikuntza, instalazio eta obra guztiei, udal-mugarteko edozein tokitan eginda ere, hala lur publikoetan nola pribatuetan, eraikinen barnean nahiz kanpoan.

Arestian aipatu eraikuntzak, obrak edo instalazioak hirigintzari buruz indarrean den araudian jasotako kasuetako batean sartuko dira.

4. artikulua. Hirigintzako lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren menpe dauden egintza motak.

1.–Hirigintzako lizentzia behar duten egintzak: Aldez aurretik lizentzia behar dute honako egintza hauek, ezertan ukatu gabe indarrean dagoen Lurralde Antolamendu eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen arabera bidezkoak diren gainerako hirigintzako baimenak eta kasuan-kasuan aplikatzekoak diren lege berariazkoek finkatzen dituztenak. Hona hemen:

a) Mota guztietako eraikuntza eta instalazio obrak, eraikuntza berrikoak badira.

b) Lehendik dauden mota guztietako eraikin edo instalazioak handitzeko obrak.

c) Bestelako eraikin eta instalazioen egitura edo kanpoko itxura aldatu edo berritzen dituzten obrak.

d) Eraikinen barreneko egitura aldatzen duten obrak, edozein izanik ere haien erabilera.

e) Behin-behinean egin beharreko obra eta erabilerak.

f) Hirigintzako partzelazioak eta landa-lurreko finkak bereiztea eta zatitzea.

g) Lur-mugimenduak, hala nola lurra erauzi, zelaitu, hondeatu eta betetzeko lanak, salbu eta lan horiek zehaztu eta programatutako obrak badira onetsia den urbanizazio edo eraikuntza proiektu baten barrenean.

h) Eraikinak eta instalazioak lehenbiziko aldiz erabili edo okupatzea, oro har, eta haien erabilera aldatzea.

i) Eraikinak botatzea, salbu eta erortzear direla deklaratuta daudenak.

j) Lurpeari eragiten dioten instalazioak.

k) Arbolak eta zuhaixkak botatzea, baldin eta zuhaitz-masa, basogune, arboladi edo parke badira, planeamendu onetsia izan ala ez, salbu eta nekazaritzaren arloko legeek baimentzen dituzten lanak direnean.

l) Presa, baltsa eta defentsa-obrak egin eta ubide publikoak zuzentzea, interes orokorreko obra publikoak ez badira.

m) Agregakinak ateratzea eta harrobiak ustiatzea, jabari publikoko lurretan egin eta administrazioaren kontzesioa behar izanda ere.

n) Eta, oro har, erregelamendu bidez adierazten diren egintzak, obrak ekartzen dituztelako, edo lurzoruaren nahiz lurpearen erabilera handitzen delako, haien erabilera pribatiboa dakartelako edo erabilera ez-normala edo lurren berezko nekazaritza edo oihangintzako erabileraz bestelakoa dakartelako.

Egintza administratibo bakarrean eta aldi berean baimentzen ahalko dira hirigintzako lizentzia behar duten kasu bat baino gehiago, bai eta beste toki baimen batzuk ere.

2.–Erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak:

a) Merkataritza jardueran aritzeko lokalak egokitzearekin lotutako obrak egitea, aplikatzekoa den araudi sektorialaren arabera.

b) Garrantzi edo tamaina txikiko obrak, kasuan kasuko udal ordenantzetan ezartzen direnak.

c) Itxiturak eta hesiak.

d) Bide publikotik ikusten ahal diren publizitate kartelak.

e) Obra txikiak.

f) Eraiki aurreko lanak, adibidez zundaketak, prospekzioak, laginak eta saiakuntzak.

5. artikulua. Lizentziak emateko organo eskudunak.

1.–Lizentziak emateko edo ukatzeko eskumena alkatearena da, eta hark eskuordetzen ahalko du, toki araubideko araudian ezarritako moduan.

2.–Instrukzio-egintzak, hala nola jendaurreko epea irekitzea, zuzentzen ahal diren akatsak komunikatzea eta gisakoak, hirigintza eginkizunak bere gain dituen udal zerbitzuak edo arloak gauzatuko ditu.

6. artikulua. Hirigintzako lizentzia eta erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak eskatzera behartuta dauden subjektuak.

Pertsona fisiko, erakunde pribatu, pertsona juridiko, erakunde edo administrazio publiko guztiek dute hirigintzako lizentzia eskatzeko edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko betebeharra, lurzoruaren erabilerari eta hirigintzari buruzko egintzak hasi aurretik.

Inor toki mailako kontroletatik salbuetsita egonez gero edo interes orokorreko kasua izanez gero, aplikatzekoa den araudiari jarraituko zaio.

7. artikulua. Partikularren hirigintza-jarduketak jabari publikoko lurretan.

Lizentzia edo baimena emateko erabakia hartzeko, kontuan hartu badira proiektu teknikoa edo eskatutako dokumentuak, ukatzeak edo baimenik ez emateak galaraziko dio partikularrari lizentzia eskuratzea eta organo eskudunari hura ematea.

8. artikulua. Jarduketak lurzoru urbanizaezinean eta urbanizagarrian.

Lurzoru urbanizaezinean edo lurzoru urbanizagarrian egin nahi diren lurzoruaren edo eraikuntzaren erabilera-egintzek lizentzia lortuko dute, indarrean dagoen udal plan orokorrean eta lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko foru legedian ezarritakoaren arabera.

III. KAPITULUA

Hirigintzako lizentzien araubide juridikoa eta tramitazioa

1. ATALA

Araubide juridikoa

9. artikulua. Baldintza orokorrak eta ondorioak.

1.–Lizentzia-eskaerak gehienez ere bi hilabeteko epean ebatziko dira, dokumentazio osoa erregistro orokorrean aurkezten denetik hasita. Epe horretan egintzarik jakinarazten ez bada, lizentzia Administrazioaren isilbidez eman dela ulertuko da, salbu eta Estatuko oinarrizko araudian kontrakoa xedatzen denean.

2.–Lizentziak emanen dira toki araubideko edo araubide sektorialeko legediaren arabera aginduzkoak diren gainerako baimenak ere lortu beharra ezertan ukatu gabe.

3.–Lizentzia honako baldintza hauek betetzeari lotuko zaie:

a) Ondorioak sortuko ditu Udalaren eta jarduketako pertsonaren artean baina ez dituzte aldatuko horrek gainerakoekin dituen egoera juridiko pribatuak.

b) Emantzat joko dira, jabetza eskubidea izan ezik, eta hirugarrenik kaltetu gabe.

c) Lizentziak babestutako obrak bakarrik egiten ahalko dira. Berariaz baimendutako obrak ez diren beste mota bateko obrak egiten badira, lizentzia eskatu beharko da aldez aurretik, hirigintza eta zehapen legezkotasuna babesteko nahitaezko espedientea lizentziarik gabe egikaritzeagatik bideratzeari kalterik egin gabe.

d) Eraikuntzarako eta lurzoruaren erabilerarako egintzetan aplikatuko diren gutxieneko epeak, planeamenduan kontrakoa ezarri ezean, hauek izanen dira:

a) Urtebete obrak hasteko.

b) Hiru urte obrak bukatzeko.

Aurreko apartatuan finkatutako epeak betetzen ez badira, lizentzia iraungitzeko espedientea hasiko da. Kasu horretan, interesdunari entzunaldia emanen zaio, hamabost egun baliodunekoa gutxienez.

Lizentzia iraungitzea hura emateko eskumena duen administrazio berberari dagokio.

e) Udalak lizentziako epeak luzatzea baimentzen ahalko du, obrak hasteko eta bukatzeko finkatutako epea hasi baino bi hilabete lehenago titularrak propio eskatzen baldin badu. Kasu horietan, aplikatuko da lizentzia eman zenean indarrean zegoen araudia. Ezin izanen da lizentziak luzatzeko eskaera modu baliozkoan egin, ezarritako epearen erdia gutxienez iragan ez bada.

Obrak hasteko epea luzatzeko baimena ematen bada, bukatzeko epea ere luzatuko da berez, baina amaitzeko data hori espresuki adierazi beharko da. Obrak amaitzeko epea luzatzeko eskaera egiteko nahitaezkoa izanen da eraikinaren ur-estaldura egina izatea, proiektu teknikoaren arabera.

f) Iraungitzea deklaratu eta jakinaraziz gero, lizentzia berria eskatu eta lortu beharko da obrak hasi edo bukatu ahal izateko, indarrean dagoen araudiari egokitua, lizentziak ematea etenda dagoen kasuetan izan ezik.

g) Interesdunak udal zerbitzuen eskura izan beharko du lizentzia, eta obrara sartzen utziko die zerbitzu horietako langileei, ikuskapenak edo egiaztapenak egin ditzaten.

h) Lanak egiterakoan eraikuntzaren, segurtasunaren eta laneko osasunaren arloetan kontuan hartu beharreko xedapen indardun orori jarraitu beharko zaio.

i) Ezin izanen dira arrazoitzat aipatu, baimendutako jarduketetan aritzean titularrek izan lezaketen erantzukizun zibila edo penala apaltzeko edo kentzeko.

j) Baimenak eskualdatzen ahalko dira, lehengo titularrak eta titular berriak idatziz jakinarazi beharko diote Udalari; bestela, lizentziak babesten duen jarduketatik ondorioztatzen diren erantzukizunei men egin beharko diete biek.

k) Lanak egitean obren ondorioz bide publikoetan eta ondoko gainerako espazioetan sortzen diren kalteak konpondu, eta espazio horiek segurtasun, osasungarritasun eta garbitasun baldintza onetan mantendu beharko dira.

l) Debekatuta egonen da kaleetan, plazetan eta pasealekuetan aldamioak, eskailerak, makinak, tresnak, erremintak edo lanabesak paratzea, baita zirkulazio publikoa oztopatzen ahal duten eta berariazko baimenik ez duten edozein motatako eraikuntza objektuak eta materialak ere.

4.–Obra lizentziak obrak babesten ditu, baina ez hirigintzako erabilerak. Hori dela eta, legeztatuta ez badaude eta legeztatu ezin badira, obren exekuzioak ez du inola ere eskubiderik emanen erabilera babesten duen lizentziarik eskuratzeko.

Horren ondorioz, lizentziak luzatu eta ematen dira, aipatutako erabilerak legeztatuta daudela ulertuta eta, legeztatuta ez badaude, ez da babestuko inolako obrarik.

2. ATALA

Obretarako hirigintzako lizentzia emateko prozedura abiaraztea

10. artikulua.

1.–Obra-lizentzien eskaerak eginen dira Udalak emanen duen eskabide eredu egokian; eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

A) Eraikingintzaren Kode Teknikoan zehaztutako oinarrizko proiektua, fakultatibo eskudun batek sinatua, zeina, legez ezarritako ondorioetarako, proiektuan jasotako datu teknikoen egiazkotasunaren eta zehaztasunaren erantzulea izanen baita.

B) Proiektua idatzi duen teknikariak izenpetutako adierazpena, hirigintzako araudi indarduna eta eraikuntzaren kalitatearen eta segurtasunaren oinarrizko betebeharrak betetzeari buruzkoa.

2.–Oin berriko eraikinak egiteko lizentzia eskatzen denean, agerrarazi beharko da orubea erabat librea dela eta bertan eraikitzeko ez dagoela ez eraikinik ez trabarik. Bestela, bertan diren eraikinak botatzeko, lur mugimenduak egiteko eta horrelakoetarako baimena eskatu beharko da lehenagotik edo unean berean.

3.–Eskabidearekin batera, proiektu teknikoaren ale bat aurkeztuko da, paperean eta euskarri informatikoan.

Proiektuak eta txostenak aurkezteko beste bitarteko bat izanen da Nafarroako Gobernuaren Dokumentuen Biltegia; hala eginez gero, lizentziaren eskabidean, eskatzaileak edo ordezkariak jakinaraziko du Nafarroako Gobernuaren Biltegian utzi duela.

11. artikulua.

Obrak hasi aurretik Eraikingintzaren Kode Teknikoan zehaztutako eraikuntza proiektua aurkeztuko da.

12. artikulua.

Oin berriko obretan, atxikirik geldituko dira bai fatxada bai gainerako elementuak eta onartu beharko dituzte Udalak jartzen dituen argindar eta gainerako zerbitzuen elementuak.

13. artikulua.

Udal xedapenen arabera, baldin badira halako obrak beharrezko dutenak bertan jartzea aldamioak, hesiak, edukiontzia, edo eraikitzeko materialekin edo obra-hondakinekin bide publikoa okupatzea, aldez aurretik baimena eskatu beharko zaio Udalari. Horrek beste baimen bat emanen du horretarako, bere tasa eta guzti, egoki den ordenantza fiskalaren arabera.

14. artikulua.

Obra horiek beste udal baimen mota bat behar baldin badute, eta ordainarazpena eskatzen badute, altako deklarazioa/deklarazioak aurkeztu beharko da/dira, horiek egin ahal izateko lizentziaren edo lizentzia komunikatuaren eskabidearekin batera.

15. artikulua.

Eskatzailea beste administrazio publiko bat baldin bada, eskabidean zehatz-mehatz adierazi beharko da zein den baimen eskariaren xedeko jarduketaren erantzukizuna duen administrazio organo edo unitatea (departamentua, zuzendaritza, ordezkaritza, zerbitzua, etab.).

16. artikulua. Proiektu teknikoak.

1.–Proiektu teknikoa da egin beharreko jarduketak definitzen dituzten dokumentuen multzoa; haren edukia eta zehaztasuna behar bezalakoa izanen da, Udalak haien xedea ezagutzeko eta araudi aplikagarriarekin bat heldu ote den jakiteko.

2.–Edukiaren eta norainokoaren arabera, proiektu teknikoek honako sailkapen hau dute:

–Eraikuntzako proiektu teknikoak, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko Legean, Kode Teknikoan eta, hala behar badu, aplikatzeko legedian ezartzen denari jarraitu behar diotenak, eta

–Beste proiektu tekniko batzuk, lege horretan jasotzen ez diren jarduketetarako, ordenantza honetan ezartzen denari jarraitu behar diotenak.

3.–Proiektu teknikoa dagokion elkargo ofizialaren ikus-onetsi aginduzkoekin aurkeztu beharko da, hala behar badu, eta teknikari eskudunak sinaturik egon beharko du eta indarrean dagoen legediaren araberako baldintza formalak bete.

4.–Dokumentazio teknikoa edo proiektu teknikoa, behar den lizentzia onartuta, lizentziari atxikiko zaio, haren baldintza material gisa.

17. artikulua. Zuzentzen ahal diren akatsak.

1.–Idazkia edo eskaera aurkezturik, hari harrera egiteko ardura duten udal zerbitzuek aztertuko dute indarrean dagoen legediak eskatzen dituen baldintzak betetzen ote dituen. Prozedura hasteko funtsezko baldintzaren bat falta dela ohartuz gero, ofizio baten bidez horren berri emanen diote administratuari, okerra zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan hamar eguneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda. Ebazpen hori administrazio prozedurari buruzko legediaren araberako baldintzetan eman beharko da.

2.–Komunikazioak modu arrazoituan adieraziko du nahikoa den datu gehiago ematea eta daudenak zuzentzea, edo dokumentazio berri oso bat aurkeztu behar den, hautemandako akatsen kopurua eta garrantzia kontuan hartuta. Dokumentazio berriak segitzen badu akatsak izaten, aukeran izanen da, modu arrazoituan, azken epea ematea, aitzinekoaren erdia –horiek zuzentzeko–, edo eskaera artxibatzea, edo lizentzia ukatzea.

3.–Lizentziak tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazioko akatsak bakarrik zuzentzen ahal dira, baita araudian bildutako hirigintzako parametroen ez-betetzeak ere, baldin neurketak egitean egindako akats materialei egozten ahal bazaizkie, zentzuz, eta ez inola ere aplikatzekoa den araudiak arau-hauste astuntzat hartzen ahal dituen gabeziak.

3. ATALA

Prozeduraren instrukzioa

18. artikulua. Tramitazioaren gaineko arau orokorrak.

1.–Hirigintza arloari dagokio ordenantza honetan arautzen diren lizentziak tramitatzea, deusetan ukatu gabe beste udal zerbitzu batzuek aldi berean dituzten eskumenak.

2.–Hirigintza arloak kudeatuko ditu espedienteak, eta berak eskatuko dizkie beharrezko edo aginduzko txosten guztiak ofizialki ikusteko duten beste organoei.

3.–Egintza bakarrean erabakiko dira izatez aldiberekotasun hori onartzen duten tramite guztiak, nahitaez bata bestearen segidan bete behar ez direnak.

4.–Halako espediente bat dela kausa sortzen badira izaera orokorreko eta udalaren barneko gorabeherak, haren xede zehatzari zuzenean eragiten ez diotenak, orduan bakoitza bere aldetik tramitatuko da, prozedurari atzerapenik ekarri gabe.

19. artikulua. Udalaren txostenak.

1.–Prozeduraren instrukzioan aginduzkoa bada ordenantza honetan ezarritako udal txostenak ematea, eta besterik zehazten ez bada, unitate arduradunek hamar eguneko epea izanen dute horiek emateko, erregelamenduaren araberako dokumentazioa bildu eta biharamunetik hasita.

2.–Hirigintza arloak Udalaren beste arlo edo zerbitzuei eskatzen dizkien txostenak aldekotzat hartuko dira, epe horretan ematen ez badira.

3.–Txostenen gainean interesdunei ematen ahal zaien informazioak adierazi beharko du horiek ez dutela ebazpen baliorik.

20. artikulua. Obretarako hirigintzako lizentziak emateko prozeduraren instrukzioan, honako tramite hauek bete beharko dira:

a) Ukitutako administrazioei komunikazioa igortzea, araudian ezarritako epean beren eskumeneko alderdiei buruzko txostenak eman ditzaten. Bereziki, oin berriko etxebizitza eraikinak eraikitzeko lizentziak eman aurretik, bizigarritasunari buruzko aurretiazko txostena eskatuko zaio etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari.

b) Lizentziaren eskatzailea baldin bada beste erakunde baten aldez aurreko adostasuna frogatu behar duena, Udalak eman beharko dio horren berri, espresuki eta behar bezainbat denbora lehenago eman ere.

Udalak beharrezko baliabide guztiak jarriko ditu beste erakunde batzuetan egiten diren kudeaketek behar ez den atzerapenik ekar ez diezaioten ebazpenari; horretarako, behar diren barne tramite guztiak eginen dira, aldi berean egiten ahal badira.

21. artikulua. Eskaera berriak, lehenagoko espediente bururatu baten akatsak zuzentzeko dokumentazioa ekarrita.

1.–Hirigintza lizentziaren eskaera artxibatu bada eskatzaileak erregelamenduaren araberako epean zuzendu ez dituelako Administrazioak adierazitako akatsak, edo hura ukatu bada aplikatzeko araudiarekin bat ez zetorrelako, lizentzia berria eskatzen ahalko da dokumentazio osoa eta/edo araudiari egokitua ekarrita.

2.–Ordenantza honetan ezarritako baldintzekin bat formalizatzen den eskaera berri honetan, orobat, interesdunak jo dezake jadanik bururatua den espedientera, hartan dagoen dokumentazio baliozkoari dagokionez, eta berritik idatzia edo zuzendua ekarri, aplikatzeko araudiak galdatzen duena osatzeko. Nolanahi ere, jarduketa hau lizentzia berri baten eskaeratzat hartuko da aurkezpenaren datari, tramitazioaren araubideari eta hirigintza nahiz zerga aldetik aplikatzen ahal den ordenamenduari dagokienez.

4. ATALA

Prozeduraren ebazpena

22. artikulua. Ebazpena eta baldintzak.

1.–Lizentzia emateari edo ukatzeari buruzko ebazpena arrazoitua izanen da, eta erabakia justifikatzen duten arauak ere adierazi beharko dira, legediko eta hirigintzako planeamenduko aurreikuspenen arabera. Halaber, exekuziorako behar diren determinazio edo baldintzak gehitzen ahalko dira.

2.–Lizentzian, araudi horretan jasotzen diren determinazioak ezarri ahalko zaizkio titularrari; ez besterik.

3.–Tramitazioaren ardura duten udal zerbitzuek txosten tekniko bat emanen dute, eta horren barnean joanen da ebazpen proposamena, prozedura ebazteko ahalmena duen organoari igorriko zaiona. Hura modu honetakoa izan daiteke:

a) Ematea: eskatutako jarduketak indarrean dagoen ordenamenduarekin bat etortzeko bete behar dituen baldintzak edo neurri zuzentzaileak zehaztuko dira.

b) Ukatzea: behar bezala emanen dira horretarako arrazoiak. Jakinarazpenarekin batera arrazoi horiek zehazten dituzten txostenaren edo txostenen kopia igorriko da.

c) Artxibatzea: jarduerak falta izatearen edo baldintzak zuzendu ez izatearen ondorio hutsa.

4.–Lizentzia eskaerak ezin dira ebatzi gabe utzi aginduen isiltasunagatik, iluntasunagatik edo laburtasunagatik.

5.–Organo eskudunak ebazpena eman behar du ordenantza honetan prozedura mota bakoitzerako gehienez ere ezartzen den epean, hasitako espedientetzat hartzen den egunetik hasita.

23. artikulua. Determinazioen erregistroa.

Lizentzietan finka batzuen gaineko jabaria edo bestelako eskubide erreala mugatzea edo aldatzea dakarten determinaziorik bada, lizentziaren titularrak horien berri eman beharko dio Jabetza Erregistroari, inskriba daitezen; horretarako administrazio ziurtagiria emanen da, haien ezaugarriekin, mugatzea behin betikoa den ala ez zehazturik, baita ukituriko finken erregistroko datuak ere, titularrak eskaini behar dituenak. Erregistroaren arabera pertsona hori ez bada finkaren jabea, inskripzioa egiteko konpromiso berariazkoa aurkeztu beharko du.

24. artikulua. Epeak eta luzapenak.

1.–Ordenantza honetan ezarritako epeek behartzen dituzte udal organoak eta Udalbatzako kideak nahiz Udalaren zerbitzuko langileak eta interesdun guztiak.

2.–Behin betiko ebazpenak gehienez ere bi hilabetean eman beharko dira eta denbora hori soilik etenen da akatsak zuzentzeko eta beste administrazio batzuei dagozkien nahitaezko txostenak lortzeko behar den denbora guztian.

Behin betiko ebazpenerako epea luzatzeko, bete beharko da administrazio prozedura erkideari buruzko legediak aldi bakoitzean xedatzen duena.

25. artikulua. Administrazioaren isiltasunaren araubide juridikoa.

1.–Lizentzia ebazteko aipatu epe horiek iraganik, legez behar diren etenaldiak izanda, Udalak ez badu berariazko ebazpenik ematen, ulertuko da lizentzia administrazioaren isiltasunez eman dela, Estatuko oinarrizko araudian kontrakoa xedatzen denean eta honako kasu hauetan izan ezik:

a) Eskatutako lizentzia baldin bada bide publikoan edo jabari publikoko nahiz ondareko ondasunetan jarduerak egiteko, ulertuko da ukatu egin dela.

b) Ingurumen-inpaktuaren adierazpena edo jardueren ingurumen-ebaluazioa egin behar denean. Horrelakoetan, ingurumenaren gaineko prozedura ebazteko legeak ezartzen dituen epeak bukatu badira oraindik adierazpenik edota ebaluaziorik egin gabe, lizentzia ukatu dela ulertuko da, administrazioaren isiltasun bidez.

c) Partzelazio-lizentzien edo horiek beharrezkoak ez direla deklaratzeko lizentzien kasuan, isiltasunak ezetza adieraziko du.

Administrazioaren isiltasun positiboaren epeak bukatuta ere, Udalak nahitaez eman beharko du berariazko ebazpena.

2.–Administrazioaren isiltasun bidez lizentzia lortzeak ezin izanen du urratu xedatutakoa legeetan, lurralde antolamenduko tresnetan eta goragoko mailako hirigintza planetan. Era berean, ezin izanen dira Administrazioaren isiltasun bidez eskuratu legediaren eta lurralde- nahiz hirigintza-antolamenduaren aurkakoak diren ahalmen edo eskubideak. Erabat deusezak izanen dira administrazioaren isiltasun bidez ematen diren lizentziak, eta eraginkorrik gabeak haietatik lortzen diren ahalmen eta eskubideak, baldin eta hrigintzaren arloko antolamendu juridikoa osatzen duten legeen eta gainerako xedapenen aurkakoak badira.

26. artikulua. Aldaketak.

1.–Interesdunak proposatzen ahalko ditu formalki, edozein unetan baina behin betiko ebazpena baino lehen, bidezko iruditzen zaizkion aldaketak hasierako eskabide eta proiektuekiko.

2.–Aldaketa horiek eskabide berritzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta, hala behar denean, hasierakoa osatu edo ordeztuko du.

3.–Hirigintza arloak eska dezake, horretarako arrazoiak emanda, proiektu oso bategin bat aurkezteko, hala komeni bada proposatutako aldaketen kopuruagatik edo garrantziagatik, proposamena argiagoa izan dadin eta galaraz daitezen dokumentazioan izan daitezkeen kontraesanak.

27. artikulua. Jarduketaren zuzendaritza teknikoa eta erantzukizuna.

1.–Bai lizentziaren titularra bai proiektu teknikoaren prestatzailea, biak izanen dira aurkeztutako dokumentazioko datuen egiazkotasunaren erantzule; halaber, erantzun beharko dute baimendutako jarduketan zehar sor litezkeen gorabeheren aurrean, salbu proiektuaren teknikari arduraduna ez bada aldi berean zuzendaria; kasu horretan, horixe jakinarazi beharko baitzaio Udalari, behar den denboraz, betiere dagokion dokumentazioarekin batera.

2.–Azken betekizun hori betetzen ez bada, ulertuko da gorabehera horien erantzule dela onetsitako proiektua sinatu duen teknikari arduraduna, lizentziaren titularrarekin batera.

3.–Zuzendaritza teknikoan ordezkapenik gertatzen bada Udalari jakinarazi beharko zaio, aldaketa hori legeztatzen duen dokumentazioarekin batera.

28. artikulua. Titulartasun aldaketak.

1.–Titularrak lizentziak eskualdatzen ahalko dizkio beste bati, eta bi aldeak behartuta egonen dira Udalari horren berri ematera, horretarako idazki bat aurkeztuta eta bertan adierazita biak konforme daudela, edota, behar den dokumentazioa aurkeztuta, titular berriak nahikotasunez frogatu beharko du aldaketaren arrazoia, aurkakotasunik ez dagoela ziurtatzeko moduan.

2.–Delako aldaketa horren komunikazioan sartu beharko da titular berriak bere gain hartzen dituela bai karga bai erantzukizun guztiak (baldintzak, kalte-ordainak hartzeko ukoa, aldi baterako ixteko aginduak, eta abar), lizentzia horri atxikiak baitaude. Karga adierazita baldin badago eskritura publikoan, hori berritu beharko da formazko baldintza berberetan, eta abalik aurkeztu bada, hori ordeztu beharko da eta titulartasun berriari egokitutako beste bat ezarri.

3.–Lizentzia bat eskualdatzeak ez du sekula ere ekarriko hura emateko ezarri ziren baldintzak aldatzea, edozer izanik ere haren komunikazio idazkian edo hari buruzko udal egintzan adierazten dena, eta galarazi gabe ezarritako diziplinako neurrien eraginkortasuna.

4.–Titulartasun aldaketaren komunikazioak ez baditu betetzen hartarako eskatutako gutxieneko baldintzak, Udalak erabakiko du, horretarako arrazoiak emanez, hortik aitzina norekin (bat edo gehiagorekin) jarraituko duen harremanetan jarduketei dagokienez eta, hala bada, erabakiko du bidezkoa ote den neurri hertsatzaileak aplikatzea, egin den eskualdatze hori arautzearren.

29. artikulua. Jarduketei uko egitea, atzera egitea eta berriz ekitea.

1.–Interesdun orok atzera egin dezake lizentzia eskaeran, edo lizentziari uko egin diezaioke; espedientea artxibatu eginen da eta Prozeduraren Legearen arabera tramitatuko.

2.–Lizentzia emateari buruzko ebazpena hartzen den eguna arte, eta obrak ez badira oraindik hasi, interesdunek espresuki uko egiten ahal diote; orduan, tasaren zenbatekoa murriztuko da eta bakarrik geldituko da Udalak egin duen obrari dagokiona, baina betiere gutxienekoa izanik hasiera batean zegokion tasaren %50.

3.–Espedientea artxibatuta ere, hori ez da oztopo berriz hasteko, baldin –epea iraganda ere– interesdunak errekerimendua ontzat hartzen badu eta akatsak zuzentzen baditu, baldin eta, Hirigintza Arloak iritzi arrazoitua emanda, inguruabarrak ez badira aldatu edo gehiegizko atzerapenik sortu ez bada.

30. artikulua. Lizentzien iraungipena.

1.–Obrak hasi gabe urtebete igarotakoan edo amaitzeko hiru urte igarotakoan, udalak lizentzia iraungitzat joko du, titularrari hamabost eguneko entzunaldia eman ondoren.

2.–Lizentziak ondoriorik gabe geratuko dira onuradunari ezarritako baldintzak betetzen ez badira eta lizentziak emateko epea amaitzen denean.

3.–Lizentziak errebokatzen ahalko dira, baldin eta lizentzia ematea eragin zuten inguruabarrak desagertzen badira edo, lizentzia emateko unean egon izan balira, lizentzia ukatzea justifikatuko luketen beste batzuk gertatzen badira.

Era berean, errebokatzen ahalko dira bai eta oker eman bada edo balorazio irizpide berriak ezartzen badira. Kasu horietan, errebokatzeak eragindako kalte-galeren ordaina ekarriko du.

31. artikulua. Hirugarren pertsona interesdunak.

1.–Espedientean ager daitezke behar adina pertsona, baldin eta behar bezala erakusten badute eskubidea dutela edo harekiko interes legitimoa, eta haietan partaidetzat hartuko dira, horren gainean eman daitezkeen ebazpen guztien jakinarazpenetarako. Hori guztia, galarazi gabe hirigintzako ekintza publikoa.

2.–Entzuteko tramitea ematen ahal zaie, hamar eguneko epean, behin betiko egintza baino lehen, baldin espresuki eskatzen badute eta horren ondorioz ez bada gainditzen ebazteko emaniko gehieneko epea.

32. artikulua. Lizentziak etetea.

1.–Planeamenduko aldaketagatik, lizentzien ematea etetea erabakitzen bada, ebazteko prozedura bertan behera geldituko da, eta hori jakinarazi beharko zaio eskatzaileari.

2.–Nolanahi ere, egungo araubidean oinarritutako lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta planeamendu berriko determinazioak errespetatzen badira.

33. artikulua. Antolamenduz kanpoko eraikinak.

Jarduketa proiektatzen bada antolamenduz kanpoko eraikinetan, lizentzia eskatu duen pertsonak eta, hala bada, lokalaren jabeak, dokumentu publiko baten bidez uko egiten ahalko diote kalte-ordaina jasotzeko eskubideari, nork bereari, sor daitezkeen kalte edo kostuei dagokienez eta jarduketa horri dagokionez, hain zuzen ere planeamenduaren exekuzioa dela eta.

34. artikulua. Tasak eta zergak.

1.–Lizentzien edo egintza adierazien ondoriozko tasen, zergen edo prezio publikoen likidazioa, ordenantza fiskalek zer agintzen duten hartara egokituko dira.

2.–Hirigintza Alorrak lagunduko dio zerbitzu ekonomiko arduradunari, eta emanen dizkio zerga kontuetan eragina duten hirigintzako datu guztiak eta beharrezkoak eta jakin beharrekoak direnak udal ogasunarentzat, zerga-bilketako ondorioetarako.

3.–Aurreko puntuarekin bat, proiektatu den esku-hartzearen aldaketa sortu eta baimentzen denean, eta horren ondorioz hasierako aurrekontuko aldaketa etortzen bada, horren berri eman beharko zaio dagokion udal zerbitzuari, Kontu-hartzailetzari eta Diruzaintzari.

4.–Jabetza Erregistroko edozein inskripziorengatik heldu diren gastuak lizentziaren titularraren kargura joanen dira beti.

35. artikulua. Fidantzak.

Hainbat obra exekutatzeko behar diren fidantzak, esku-dirutan nahiz abalaren bidezkoak, Diruzaintzan utzi beharko dira, bereziki obra horiek bidepublikoan egiten direnean, eta itzuli, berriz, Zerbitzu Teknikoen aldeko txostena ematen denean.

5. ATALA

Lizentzia behar duten egintzen lehen okupazioa

36. artikulua.

1.–Beharrezkoa den kasu guztietan, dagokion lizentziako obra bukatu eta hurrengo hilabetearen barrenean, eta obra lizentziaren tasaren eta eraikin, instalazio eta obren gaineko zergaren behin betiko likidazioa egin ahal izateko, jakinarazpena aurkeztu beharko da honako inguruabar guzti hauekin (horretarako erabiltzen ahalko da Udalak gaitu edo eskaintzen duen eskabide eredua):

a) Oin berriko obrak direnean, eraikinak handitzekoak edo higiezinen erabateko nahiz zati bateko erreformakoak, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, dagokion elkargoak ikus-onetsia, hala egin behar denean, obren zuzendari fakultatiboak emana, eta bertan agerrarazi beharko da obra horiek egin direla Udalak emandako lizentziari hertsiki loturik, eta propio aurkeztutako proiektu teknikoarekin bat, eta obra egiteko kostu erreala eta egiazkoa ere azalduko da.

b) Gainerako jarduketetan, zein den ere obra lizentzia eman zuen organoa, honako hau aurkeztu beharko da:

–Proiektu teknikoa nahitaezkoa bazen: obra horien zuzendari fakultatibo baten ziurtagiria, bertan agerraraziz lizentziari eta proiektu teknikoari hertsiki loturik egin direla, eta bertan edo beste ziurtagiri batean, obren kostu erreal eta egiazkoaren aipamena (obren exekuzioa).

–Proiektu teknikoa nahitaezkoa ez bazen: proiektu teknikorik eskatu ez bada, aski izanen da obra lizentziaren onuradunaren adierazpen bat egindako obren benetako kostuari buruz.

2.–Oin berriko etxebizitzak egiteko obren kasuan, nahitaez eskatu beharko da, obra bukaeraren jakinarazpenarekin batera, lehen aldiz okupatzeko udal baimena. Lehen aldiz okupatzeko aipatutako baimena, hala behar denean, nahitaezko baldintza izanen da Nafarroako Gobernuko bizigarritasun zedula edo baimena lortu ahal izateko.

3.–Beharrezko dokumentazio gehigarria, obra lizentziaren behin betiko likidazioa egiteko, hala eskatzen bada:

a) Obren exekuzio materialaren azken gastua lizentziaren eskaerari erantsitako dokumentazioan ezarritakoa baino txikiagoa denean, idatzizko eta berariazko justifikazioa aurkeztu beharko da, hau bereizita:

a.1) Zein den egin gabe geratu den obra zatia, eta horren arrazoiak eta balorazio ekonomikoa, lizentzia eskaeraren aurrekontuarekin alderaturik.

a.2) Obraren kostu txikiagoa, baloratua, aurrekontua kapituluka eta partidaka banatua, eta azalduta zergatik den txikiagoa obra-zuzendariak edo, bestela, obra egin edo sustatu duen enpresak sinaturik.

b) Dokumentazioa ez aurkezteak ekarriko du aurkeztutako zenbateko handienarekin likidatzea zuzenean.

c) Udalak auditoria egin eta aurkeztutako dokumentazioa egiaztatzen ahalko du, likidatzeko unean edo geroago, bere baliabideak erabiliz edo horretarako baimena duten enpresen bidez.

IV. KAPITULUA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak

1. ATALA

Kontzeptua

37. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten egintzak.

Ordenantza honen 4.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduketak dira teknika errazekoak eta eraikuntza maila edota kostu aldetik garrantzia txikikoak direnak, alegia, konponketa txikiak edo moldatzekoak, dekoraziokoak, apaingarritakoak edo itxiturak egitekoak, hau da, proiektu teknikoaren beharrik ez dutenak eta betiere ordenantza honetan aipatzen direnen artean sarturik daudenak.

38. artikulua. Obrek bete beharreko baldintzak.

Eraikuntzetan egin beharreko obra horiek, bakar-bakarrik erantzukizunpeko adierazpenaren beharra dutenak, bete beharko dituzte honako baldintza hauek:

–Ez aldatzea bolumena edo azalera eraikia, ez eta erabilera komuneko instalazio edo zerbitzuen erabilera objektiboa edo etxebizitza nahiz lokalen kopurua ere.

–Eraginik ez izatea ez kanpoko itxuran ez zimentazioan.

–Ez eragitea higiezin baten egiturazko elementuen, elementu arkitektonikoen edo komunen berregituraketa, banaketa edo funtsezko aldaketa.

–Eraginik ez izatea zernahi eraikin eta instalazioen bizigarritasun edo segurtasun baldintzetan.

–Etxebizitzen eta lokalen unitate fisikoen kopurua ez aldatzea.

39. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena behar duten obra txikien tipologia.

1.–Eraikinaren, etxebizitzaren edo lokalaren kontserbazio eta mantentze-lanetako obrak: [elementu kaltetuak aldatzea, berdin-berdinak paratuta, garbiketako obrak, eraikinak barnetik pintatzea.

Kanpo daude:

1.1.–Aldamioak behar dituzten obrak.

1.2.–Eraikin edo multzo babestuetako obrak.

2.–Moldatze lan txikiak.

Esaterako: obrak zoru, sabai eta hormetan, iturgintza, argindarra, berokuntza, saneamendua, irrati-telebista, telefonia eta kable bidezko beste zerbitzu batzuk (barneko azpiegitura txikiak), pintura, iztukua, estaldurak, barne-zurgintza, baita fatxada zatiak konpontzea ere, ez badute aldaketa ekartzen, teilaberritzea (gehienez ere estalkiaren %50 eta aldaketarik gabe), eta abar.

2.1.–Etxebizitzetan:

Materialak, elementuak eta/edo instalazioak aldatzea, barneko banaketa edo konfigurazioa aldatu gabe.

Kanpo daude:

–Kanpoaldeko zurgin lanak.

–Fatxadako elementuak, alegia, teilatu-hegalak, hegalkinak, balkoiak, saneamendua (euri-uretarako) eta horrelakokoak.

–Etxebizitzaren erabilera funtsezko aldaketak ekartzen dituztenak edo etxebizitza unitateen kopurua aldatzen dutenak.

–Elementu komunak ukitzen dituztenak.

–Egitura ukitzen dutenak.

–Kanpoko itxura ukitzen dutenak.

–Kalkulu-gainkargak ukitzen dituztenak.

–Aldamioak behar dituztenak.

–Antolamenduz kanpoko eraikinak, edo eraikin nahiz eraikin multzo babestuak.

–Oztopo arkitektonikoak kentzekoak.

2.2.–Lokaletan:

Materialak, elementuak eta/edo instalazioak aldatzea, barneko banaketa edo konfigurazioa aldatu gabe.

Kanpo daude:

–Erabilera aldaketa ekartzen dutenak.

–Antolamenduz kanpoko eraikinak, edo eraikin nahiz eraikin multzo babestuak.

–Nekazaritzako biltegi eta/edo etxolak.

–Hesiak eta aldamioak behar dituztenak.

–Sailkatutako jarduerak, lizentzia behar dutenak.

3.–Bestelako obra txikiak.

3.1.–Lorategi lanak, zoladura lanak, zintarriak jartzea, metalezko itxiturak, baita haiek erabili eta kontserbatzeko beharrezkoak diren instalazioak, jabari pribatuko eremu libreetan egiten badira, baldin eta obrek ez badute ukitzen inolako erabilera, zerbitzu edo instalazio publikorik.

3.2.–Orube baten barrenean eginiko berdinketa, garbiketa, sasi-garbiketa eta lorezaintza lanak, baldin eta horren ondorioz ez bada aldatzen lurraren maila naturala eta zuhaitzik botatzen ez bada.

3.3.–Jabari pribatuetan egiten diren zundaketa edo prospekzio lanak eta eraikuntza lanak hasi baino lehen egiten diren bestelako lanak edo saioak.

3.4.–Aldez aurreko lanak, zuzendaritza fakultatiboaren mendean, helburua badute eraikin baten egituraren portaera jakitea, hori guztia egokiro zaharberritzeko.

3.5.–Itxiturak eta hesiak.

3.6.–Aurreko apartatuetan zehaztu ez den munta txikiko bestelako edozein obra, baldin eta horiek ez badute ekartzen eraikinaren kanpoko elementu arkitektonikoak aldatzea, higiezinen egitura aldatzea, edo lokala erabat berritzea, horiek obra handitzat hartzen baitira.

4.–Bestelako jarduketak.

Eraikuntza obren elementu lagungarri eta osagarriak (obraren publizitate kartelak, etxolak, hesiak eta abar), baldin eta ez bada jabari publikoko eremua okupatzen.

Orobat, erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren araubidearen menpe egonen dira merkataritza jarduera egiteko lokalak egokitzeko obrak, aplikatu beharreko araudi sektorialarekin bat.

40. artikulua. Determinazioak.

1.–Ondorioak sortuko ditu Udalaren eta jarduketari dagokion subjektuaren artean baina ez dituzte aldatuko horrek besteekin dituen egoera juridiko pribatuak.

2.–Udalari dagokionez, jabetzako eskubidea ukitu gabe eta hirugarrenik kaltetu gabe eginen dira.

3.–Azaldutakoak bakarrik egiten ahalko dira. Obra bat baino gehiago denean, hasi baino lehenago adierazi edo eskatu beharko dira.

4.–Komunikazio eginbidetuaren inprimakia eta, kasua denean, bidezko dokumentazio teknikoa udal zerbitzuen eskura egonen da, eta obrara sartzeko erraztasunak emanen dira, ikuskapena edo egiaztapenak egiteko.

5.–Obrak urtebetean hasi beharko dira, eta hiru urteko epean amaitu, epe hori iraganik, lizentzia edo komunikazioa iraungitzat jotzen ahalko da, ez badu behintzat interesdunak obrak gauzatzeko epea luzatzea edo geroratzea eskatzen, gehienez ere aurreko epeen erdirako.

Behar denean, luzapen eskaera egin beharko da beranduenez bukatu baino bi hilabete lehenago, eta espresuki emanen da.

6.–Ezin izanen dira inola ere egin legediaren edo udal planeamenduaren kontrakoak diren obrak.

7.–Bete beharko dira etxegintzako jardueran zehazten diren eraikuntzari, laneko segurtasunari eta osasunari buruz indarrean dauden xedapen guztiak.

8.–Bete beharko da hondakinen kudeaketari buruzko Nafarroako araudia.

9.–Eskualda daitezke. Lehenagoko titularra eta oraingo titularra behartuak daude egintza bakar baten bidez eta idatziz Udalari jakinaraztera.

10.–Etxebizitzen barreneko zaharberritzeko obrak, paramentu, goi eta zoruaren bukaeretako konponketak edo berritze lanek ez dute eraginik izanen barneko eremuen banaketetan (tabikeak), ez eta kanpoko fatxadetan edo egiturazko elementuetan.

11.–Obra egiten den bitartean aldaketarik egin nahi bada, Udalari jakinarazi beharko zaio aurretik.

12.–Bide publikoa edo espazio mugakideak: kalterik sortzen bada, titularrak konpondu beharko du; segurtasun, osasungarritasun eta garbitasun baldintzak bere horretan mantenduko dira.

13.–Debeku da bide publikoetan jartzea aldamioak-eskailerak, makinak-lanabesak, tresna mota oro, baita eraikuntzako edozein objektu edo material ere, horiek galarazten badituzte jendearen joan-etorriak; nolanahi ere berariazko baimena beharko da bide publikoa okupatzeko.

14.–Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, toki erakundeak legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obrei buruz dauzkan ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak.

15.–Baldin eta edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ezin izanen da eskaerako hirigintzako jarduketa hasi, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izan daitekeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboak.

16.–Erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez ez dira eskuratuko legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren ahalmenak.

17.–Erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintzako planeamenduaren aurkako erantzukizunpeko adierazpenak, baldin eraginkorrak izateko oinarrizko baldintzak biltzen ez badituzte.

18.–Obra amaitutakoan, obraren amaieraren berri eman beharko du, gauzatutako obraren behin betiko planoa eta kostu erreal eta efektiboaren aurrekontua erantsita.

19.–Bete beharko du martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuko Eraikuntzako eta eraispenetako hondakinei buruzko araudia.

41. artikulua. Titularraren ahalmenak.

Erantzukizuneko aitorpenak titularrari ahalmena emanen dio nahi duen eta eskaeran adierazi duen hirigintzako jarduketa egiteko, baldin beharrezko dokumentazio nahitaezkoa badu, galarazi gabe egoki diren egiaztatze, kontrol eta ikuskatze ahalmenak.

2. ATALA

Prozedura

42. artikulua. Prozedura.

1.–Prozedura hasteko, dagokion instantzia aurkeztu beharko da, Udalak emandako ereduaren arabera, eta bertan jasoko dira honako datu hauek:

a) Eskatzailearen eta ordezkariaren datuak, Administrazio Prozedura Erkidearen araudiaren arabera.

b) Berariaz adieraztea indarrean den araudian eskatutako baldintzak betetzen direla eta hori egiaztatzen duen dokumentazioa ere baduela.

c) Berariazko araudiak eskatzen duen dokumentazioa, eta, gutxienez ere, honako hau:

c.1) Dokumentazio grafikoa, egitekoa den jarduketaren xedeko higiezinaren kokapenari buruzkoa, eta jarduketa horren behar adinako deskribapena.

c.2) Jarduketaren aurrekontua eta dagozkion tasen eta zergen ordainagiria.

c.3) Egintza, lan edo jarduerak behar dituen baimenak, kasu bakoitzean aplikatzekoa den araudiak eskatutakoak.

2.–Sarrera erregistroaren zigiluak Udala jakinaren gainean dela adieraziko du.

3.–Udal administrazioak atzematen badu egindako aurretiazko komunikazioak gabeziak dituela, aurreko aginduetan ezarritako baldintzen bat ez delako betetzen edo zehaztugabea delako, edo informazioa zehaztugabea bada komunikatutako egintzaren legezkotasuna baloratzeko, sustatzaileari eskatuko zaio egoera hori zuzen dezala, hamar eguneko epean.

4.–Baldin erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aurkezten ez bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ezin izanen da eskaerako hirigintzako jarduketa hasi, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izan daitekeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

5.–Jardueraren titularrak, egoki juzgatzen badu, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu aurretik egiaztatzen ahalko du jarduera bideragarria den hirigintzaren aldetik, hirigintzako kontsulta egiteko inprimakia erabiliz.

6.–Erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez ez dira eskuratuko legediaren edo hirigintzako planeamenduaren kontrakoak diren ahalmenak.

7.–Erabat deusezak izanen dira legediaren edo hirigintzako planeamenduaren aurkako erantzukizunpeko adierazpenak, baldin eraginkorrak izateko oinarrizko baldintzak biltzen ez badituzte.

8.–Erantzukizunpeko adierazpena behar duten eta hura aurkeztu gabe egiten diren jarduketak, nahitaezkoa denean edo jakinarazitakoak gainditzen dituztenean, lizentziarik gabeko jarduketatzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta lizentziarik gabeko obren eta erabileren lege babes eta zehapen araubide bera aplikatuko zaie.

9.–Ikusten baldin bada jarduketa komunikatua ez dela sartzen ordenantza honetan adierazten direnen artean, interesdunari jakinaraziko zaio ezen, gehienez ere hamar eguneko epean, erregistroko sarrera zein egunetan den eta biharamunetik aitzina, egokitu beharra duela bere jarduketa eta zein lizentziatarako eskatu den harendako ezarritako arauei lotuta jardun behar duela. Epe hori luzatzen ahalko da, behar bezalako arrazoiak ematen badira.

10.–Gainerako kasuetan, hirigintzako arloak emandako “adostasun-eginbide” batekin osatuko da deklarazioa. Prozedura amaitutzat joko da, eta dokumentazioa beste izapiderik gabe artxibatuko da, hargatik eragotzi gabe ondorengo ikuskapen- eta egiaztapen-jarduketak eta dagokion zerga-likidazioa.

43. artikulua. Zehaztasunik eza, faltsutasuna edo omisioa.

Erantzukizunpeko adierazpenek ez dute indarrik izanen dokumentazioa oker, osatu gabe edo akastuna bada. Baldin erantzukizunpeko adierazpenari eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri funtsean ez-zuzena edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo aurkezten ez bada, edo aplikatzekoa den araudiak ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ezin izanen da eskaerako hirigintzako jarduera hasi, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe izan daitekeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa.

44. artikulua. Uko egitea.

Jarduketa komunikatuen kasuan, interesdunak uko egiten ahal die haiei, baldin eta obrak oraindik hasi ez badira; halakoetan, ordura arte eginiko lan tekniko eta administratiboei dagokien tasaren zenbatekoa kobratuko da, gutxienekoa izanik aurreko lerroaldean ezarritakoaren %50.

V. KAPITULUA

Jarduera-lizentziei eta jarduera sailkatuak abian jartzeari lotutako egintzak

1. ATALA

Jarduera-lizentziak eta jarduera-lizentzien aldaketa

45. artikulua. Jarduera-lizentzia eta jarduera-lizentziaren aldaketa.

Ordenantza honi dagokionez, honako lizentziak emanen dira:

a) Jarduera-lizentzia: jarduera, instalazio edo proiektu baten garapena gaitzen du, aldez aurretik ebaluatuta eta ezartzen diren neurri zuzentzaileei jarraikiz, ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko foru-araudiaren arabera.

b) Jardueraren aldaketa funtsezkoa egiteko lizentzia

46. artikulua. Jardueraren aldaketa jada badauden lokaletan.

1.–Aldaketak izan daitezke funtsezkoak eta ez funtsezkoak.

Lokaletan, instalazioetan edo horietan egiten den jardueran funtsezko aldaketak egiten badira, beste lizentzia bat emanen da, eta eskubide berriak ordainduko dira. Aldaketa ezin izanen da gauzatu lizentzia eman arte.

Funtsezkoak ez diren aldaketak egiten ahalko dira, baldin eta Udalak ez badu aurkako adierazpenik egin hilabeteko epean.

2.–Funtsezko aldaketatzat hartuko dira honako hauek:

Aurreko artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, ulertuko da funtsezko aldaketa bat egin dela baldin eta segurtasun arloan, pertsonen osasunean edo ingurumenean eragin handiagoa izanen duen funtzionamendu aldaketa bat sartu nahi bada, ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko foru araudian ezarritakoaren arabera.

47. artikulua. Honako hauek joko dira jarduera duten lokaltzat:

a) Eskuarki merkataritzan jarduteko erabiltzen den establezimendua. Eskuarki erabilera hori dagoela usteko da Merkataritza Kodearen 3. artikuluko kasuetan, edo ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaindu beharra dagoenean bertako jardueraren xede diren egintza edo kontratuak burutzeko.

b) Industriako, merkataritzako edo irakaskuntzako jardueraren bat burutzeko erabiltzen dena, establezimendua zabalik edukita.

c) Nagusiki etxebizitzatako erabili ez arren bizitzeko egokiak diren eraikin guztiak eta batez ere erabilera hauek dituztenak, jendearendako zabalik egon ala ez:

–Jarduera ekonomikoak.

–Mota guztietako negozioak edo industriak.

–Ikuskizun publikoak.

–Biltegiak.

–Bulegoak, langelak edo estudioak, merkataritzako edo industriako jardueraren baterako erabiltzen direnean.

–Bulegoak, langelak edo estudioak, jendearendako zabalik badaude eta irabazi asmoa duen jarduera artistiko, lanbide edo irakaskuntza jardueraren bat egiten bada bertan.

–Bestelako instalazioak, hala nola garajeak, ibilgailuen erregaietarako biltontziak eta abar.

48. artikulua. Titulartasuna aldatzea.

Honako hauek ukitzen ditu: aldaketa egiterakoan indarrean dagoen irekitze eta jarduera lizentzia daukaten jardueren eskualdatzeak, oinordetzak, bat-egiteak, izen aldaketak eta merkataritzako formula juridikoaren eraldaketak eta abar.

Lizentzia horiek eskualdatzen ahalko dira baldin eta indarrean badaude, funtsezko aldaketak direla-eta lizentzia berririk behar ez bada, eta jarduera berberari eusten bazaio. Jarduera bera egiten dela ulertuko da, zentzu zabalean beti, lokaleko beharkizun teknikoak orokorki aldatzen ez badira (adibidez, jantzi edo ehun mota ezberdinetako txikizkako saltokia).

Titulartasun aldaketak jakinarazteko eredu ofiziala erabiliko da, eta zehaztuko dira lokalaren eta lizentziaren titular zaharraren eta titular berriaren datuak. Titular berriak eta zaharrak sinatuko dute jakinarazpen hori (ezinezkoa den kasuetan izan ezik, halakoetan, adibidez, lokalaren jabeak sinatuko ditu).

Orobat, ez daude baimen baten menpe, komunikazio hutsa baitira. Titulartasun aldaketa komunikatzen ez bada, bai titular zaharrak bai berriak lizentziak ekartzen dituen erantzukizun administratiboak hartu beharko dituzte beren gain.

49. artikulua. Determinazioak.

1.–Lizentziak emantzat joko dira, jabetza eskubidea salbu dela eta hirugarrenik kaltetu gabe; beraz, ez dituzte lizentzien titularrak libratuko beren jardueren ariketan sortzen zaizkien erantzukizun zibiletatik edo penaletik.

2.–Bi urte iraganda jarduera sailkatuaren lizentzia eman zenetik proiektua gauzatzen hasi gabe, edo hiru urte iraganda hura bukatu eta jarduera garatzen hasi gabe, lizentzia iraungitzat joko da eta ez du ondoriorik izanen. Dena dela, behar bezala justifikatutako arrazoietan oinarrituta, epe horiek urtebetez handitzeko eskatzen ahalko du titularrak, eta Udalak eskaera onartzen duen berariazko ebazpena eman beharko du.

3.–Jarduera sailkatuaren udal lizentziaren iraungipena berariaz deklaratu beharko da, aldez aurretik administrazio espedientea izapidetu eta titularrari entzun ondoren.

2. ATALA

Jarduera sailkatuko lizentziak tramitatzeko prozedura

50. artikulua. Prozedura.

Jarduerarako lizentzia eskuratzeko interesa dutenek, jarduera sailkatuen udal lizentziari lotutako jardueraren bat egin behar dutenean, aplikazio araudian zehazten den prozedurari jarraituko diote, eta eredu ofizialaren arabera eginen dute eskaera.

Horien izapidetzea lotuko zaio aplikatu beharreko araudian ezarritakoari.

Nolanahi ere, proiektu teknikoaren edukiak Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 66. artikuluan jasotako alderdiak garatuko ditu; gainera, jardueraren funtzionamenduari buruzko ebaluazioa eta indarreko araudia betetzearen gaineko justifikazioa, honako osasun alderdi hauei buruz (zein diren bidezkoak, haiei buruz): giza kontsumoko ura, ur berritua eta ur birziklatua, legionelosiaren prebentzioa, gorpuen osasunbidea, biozidak, tatuajeak eta piercing-a, erradiazioen aurkako segurtasun fisikoa, tabakoaren arloko osasun arauak, uraren aisiarako erabilera eta osasun hondakinak.

3. ATALA

Jarduera sailkaturako lizentzia behar duten jardueren hasiera

51. artikulua. Jardueraren hasiera.

1.–Proiektuaren titularrak edo sustatzaileak jarduera sailkatua hasi aurretik, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dio Udalari, Udalak emandako ereduaren arabera, eta bertan adieraziko du, bere erantzukizunpean, enpresa edo lanbide jarduera hasteko araudi indardunean ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela; era berean, hura frogatzen duen dokumentazioa duela eta konpromisoa hartzen duela araudia betetzeko haren indarraldian.

Aitorpenari ziurtagiri bat erantsiko zaio, non frogatuko baita instalazioa onetsitako proiektuari egokitzen zaiola; orobat, instalazioaren behin betiko planoak, baita jarduera lizentzian ezarritako neurri zuzentzaileak abian jarri izanaren gaineko ziurtagiria ere, eta, halaber, egindako neurketak eta egiaztapen praktikoak.

Teknikari eskudun batek eman beharko ditu ziurtagiri horiek eta, zein den kasua, dagokion lanbide elkargoak behar bezala ikus-onetsi.

Agiriekin batera, dagozkion tasak eta zergak ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

2.–Aipatu erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta, jarduera garatzeko irekitze-lizentzia eskuratuko da.

52. artikulua. Jardueran aritzeko baldintzak.

Jabetza eskubidea salbu dela eta hirugarrenak kaltetu gabe hasi ahalko da jarduera; hortaz, titularrak ez dira salbuetsiko beren jardueran dituzten erantzukizun zibil edo penaletatik.

Jardueraren eskualdaketaren berri eman beharko zaio Udalari hamabost eguneko epean, jardueraren subjektu titularra eta horren ondoriozko erantzukizunak zehaztearren.

VI. KAPITULUA

Jarduera sailkatuaren lizentzia erantzukizunpeko adierazpenaren bidez

53. artikulua. Ematea.

Ordenantza honen I. eranskinean jasotako jardueren kasuan, jarduera sailkatuaren baimena emantzat joko da sustatzaileak edo titularrak hura kokatzen den tokiko Udalari erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuz gero, non adierazi beharko baitu jardueran aritzeko eskatzen dituzten baldintza eta ziurtagiri guztiak biltzen dituela, baita hori frogatzen duen dokumentazioa baduela ere; adieraziko ditu Nafarroako Gobernuko Proiektuen Kontsignak ematen dituen proiektuaren zenbakia eta sarbide gakoa, dokumentu bidezko ikus-onespena duen proiektu teknikorako.

Kasu horietan, jarduera sailkatuaren udal lizentzia modu automatikoan eman dela ulertuko da, eta lizentzia hori indarrean dagoen araudi sektorialarekin bat datorrela egiaztatu beharko da, ikuskapen araubidea aplikatuta.

54. artikulua. Izapidetzea.

1.–Aitorpena aurkeztuko da erregistro orokorraz arduratzen diren bulegoetan, behar bezala beteta eta kasuan-kasuko dokumentazio orokorrarekin eta bereziarekin. Hori dena behar bezala zehaztuko da inprimakian. Nolanahi ere, aurkezten ahalko da gaitutako erregistroetako edozeinetan edo legedia orokorrak baimentzen dituen moduetan, baina Udalaren sarrera erregistroa izanen da balioko duena, jarduketa bakoitzaren epeen konputuari dagokionez.

2.–Erregistratu ondoren, une horretantxe Hirigintzari igorriko zaio erantzukizunpeko adierazpena, ezertan ukatu gabe azkeneko horrek igortzen ahal dituela Udalaren beste tokietara, ezagutu behar dutela uste badu (arlo higieniko-sanitarioa, fiskala, eta abar).

3.–Aitorpenarekin batera aurkeztutako dokumentazioa azterturik eta ikusita egokia den ala ez indarrean dauden eraikuntzako eta hirigintzako araudiko determinazioekiko, lurzoruaren erabilerekiko, hirigintza planeamenduarekiko, udal ordenantzekiko eta gainerako arau aplikagarriekiko, baita prozedura honetan ezarritakoarekiko ere, jarraituko du eta/edo bukatuko da modu hauetako bat erabilita:

3.a) Dokumentazioa aztertuta hori osatu gabea baldin bada, behar den zuzenketa egin dadin eskatuko da, horretarako hamar egun emanez, aitorpena aurkezten den egunetik hasita.

3.b) Ikusten baldin bada jarduketa komunikatua ez dela sartzen ordenantza honetan adierazten direnen artean, interesdunari komunikatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean, erregistroko sarrera zein egunetan izan den eta hurrengo egunetik hasita, egokitu beharra duela bere jarduketa eta zein lizentziatarako eskatu den harendako ezarritako arauei lotuta jardun behar duela.

3.c) Gainerako kasuetan, hirigintzako arloak emandako “adostasun-eginbide” batekin osatuko da komunikazioa. Prozedura amaitutzat joko da, eta dokumentazioa beste izapiderik gabe artxibatuko da, hargatik eragotzi gabe ondorengo ikuskapen- eta egiaztapen-jarduketak eta dagokion zerga-likidazioa.

4.–Hirigintzako zerbitzuek egiaztapenak egin ditzakete egiaztatzeko jarduera hori bat ote datorren bere ardurapean dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren hitzekin, eta, ondoren, behar den txostena prestatuko dute. Txosten hori kontrakoa bada, behar diren zehapen jarduketak jarriko dira abian.

55. artikulua. Indarraldia, iraungitzea eta titulartasun aldaketa.

1.–Egoki den baimenak indarrean jarraituko du, jarduerak hasierako baldintzetan eta bere horretan jarraitzen duen denbora guztian zehar. Haietako edozein aldatzen baldin bada, beste komunikazio bat egin beharko da.

2.–Jardueraren eskualdaketaren berri eman beharko zaio Udalari, jardueraren subjektu titularra eta horren ondoriozko erantzukizunak zein diren zehazteko.

Titular berriak horren berri eman beharko dio Udalari, horretarako komunikazioa igorrita, horretarako prestatutako ereduari jarraikiz, eta bertan frogatu beharko da ordura arteko titularraren adostasuna badela, edota, behar den dokumentazioa erantsita, horren bitartez titular berriak nahikotasunez frogatu beharko du aldaketaren arrazoia zein izan den; horrela modu arrazoituan frogatzeko ez dagoela aurreko titularraren kontrakotasunik.

56. artikulua. Legezko ondorioak.

Prozedura horren bidez ezin izanen dira inolaz ere hartu administrazioaren isiltasunaren bidez lortutzat ahalmenak edo eskubideak, horiek legediaren edo hirigintzako planeamenduaren aurka baldin badoaz, edo komunikazioko datuak faltsutzeagatik edo nahita ez jartzeagatik ezinezkoa bada jakinaraztea ea jarduketa egokia den.

Jarduketa komunikatuek ez dute indarrik izanen dokumentazioa oker, osatu gabe edo akastuna bada.

Ordenantza honetan obra lizentzien iraungitzeari, eteteari eta luzatzeari buruz arautu ez den guztietan, hirigintzako legedian ezarritakoari eginen zaio men.

Lizentzia bat emateak edo erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak ez du izaera zibileko inolako eskubiderik edo egoerarik sortzen eraikinak, instalazioak edo obrak egin behar diren ondasunen gainean.

Ordenantza honetan tramitazioei buruz dauden arauak osagarriak dira, toki araubidean eta hirigintzan indarrean dagoen legediak prozeduraren arloan ezarritakoei dagokienez.

VII. KAPITULUA

Udalaren ahala

57. artikulua. Legezko erreserbak.

1.–Udalak bereziki gordetzen ditu beretako indarrean dauden lege xedapenek ematen dizkioten ahalmenak lortutako baimenak ukatzeko eta, hala behar denean, kentzeko eta establezimenduak itxiarazteko, baldin eta betetzen ez badituzte indarrean dagoen legediak unean-unean eskatzen dituen baldintzak.

2.–Udalak berea du ahalmena baldin eta eskabidea eta/edo interesdunak gerora emandako datuak ez badatoz errealitatearekin bat.

Xedapen iragankor bakarra

Ordenantza hau indarrean jartzen denean jadanik abian dauden espedienteei ez zaizkie aplikatuko haren xedapenak.

Xedapen indargabetzailea

Indargabeturik gelditzen da 11. ordenantza, “Erantzukizunpeko adierazpenaren eta aurretiazko komunikazioaren araubidea aplikatzekoa duten prozedurak eta hirigintza lizentzien tramitazioa arautzen dituen ordenantza”, 2016ko 36. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, otsailaren 23an.

Azken xedapenak

Lehenbizikoa.–Beste udal ordenantza batzuen eta aplikatzekoak diren arauen aipamena.

Ordenantza honetan ezarri ez den orori dagokionez, bete beharko da arau hauetan ezarritakoa: uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena), 2017ko abuztuaren 31ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua; martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea (Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa); Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretua, 2007ko urtarrilaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua; Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Agindua, edo haiek ordezten dituen foru araudia, eta aplikatzekoak diren beste ordenantza eta xedapen guztiak.

Ordenantza hau idatzi da hasierako onespenaren egunean indarrean zegoen legediaren arabera, baina atxikiko zaio ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean xedatutakoari, 2020ko 296. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 22an argitaratua, eta 2021eko ekainaren 22an jarriko da indarrean, eta, beraz, bertan xedatutakoa beteko da ordenantza honekin edo bertan arautzen ez denarekin kontraesanean dagoen guztian.

Bigarrena.–Indarrean jartzea.

Ordenantza honek ondorio juridikoak sortuko ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denean, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

I. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena behar duten jarduera eta instalazioak

A) Gauzen eta materialen biltegiak, haien azalera eraikia 1000 m²-koa edo txikiagoa denean.

B) Merkataritzako saltokiak, Merkataritza eta Zenbait Zerbitzu Liberalizatzeko Premiazko Neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legean ezarritako kasuetan.

C) Eraikinetako zerbitzu-establezimendu hauek:

–Administrazio jarduerak, haien azalera eraikia 2.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Irakaskuntza jarduerak, haren azalera eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Kultur eta erlijio jarduerak, haien azalera eraikia 500 m²-koa edo txikiagoa denean.

–Aurrekoen pareko ez diren zerbitzu orokorretako beste jarduera batzuk, haien azalera eraikia 1.000 m²-koa edo txikiagoa denean.

D) Egoitza establezimendu publikoak, jostatzeko zerbitzurik edo ikuskizun publikorik ez badute, haien azalera eraikia 500 m²-koa edo txikiagoa denean, kanpinak izan ezik.

E) Konponketa tailerrak, haien azalera eraikia 1000 m²-koa edo txikiagoa denean; betiere, ez dira kokatuko bizitegiaren erabilera duten eraikinetan.

Erregelamendu honen aplikazio eremutik kanpo daude ondoren aipatzen diren lan osagarrietarako lantegiak edo antzeko beste batzuk; baldin beheko solairuan edo sotoan badaude, haien potentzia mekaniko instalatua 5 kW-etik beherakoa bada eta/edo haien azalera erabilgarria 200 m²-koa edo txikiagoa bada:

a) Eraikuntzako lan osagarrietarako lantegiak: igeltserotza, eskaiolagintza, beiragintza, elektrizitatea, iturgintza, berokuntza eta aire girotua.

b) Erlojugintza, urregintza, zilargintza, bitxigintza, bisuteria, optika, eta ortopedia eta protesiko lantegiak.

c) Jantzigintza, jostuntza, larrugintza, puntugintza, kapelagintza, eta uhalgintzako lantegiak.

d) Etxeko tresna elektrikoak konpontzeko tailerrak, irrati-telefoniakoak, telebistakoak, bulegoko makineriakoak eta josteko makinetakoak.

F) Jabari publiko erradioelektrikoa erabiltzen duten antenak, instalazioak eta azpiegiturak; telekomunikazioen arloko oinarrizko araudiaren aplikazio eremuan sarturik daudenak, hain zuzen.

II. ERANSKINA

448/2014 FORU AGINDUA

Jendearen osasunarentzat arriskutsuak diren jarduerak,
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren nahitaezko txosten loteslea behar dutenak

Jendearen osasunarentzat arriskutsuak diren jarduerak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren nahitaezko txosten loteslea behar dutenak:

–Produktu biozidak biltegiratu, banatu eta/edo aplikatzeko instalazioak, salbu horrelako jarduerak jende orok erabiltzeko baimendutako biozidekin bakarrik egiten dituztenak.

–Turistei ostatu emateko jarduerak (hotelak, turismoko kanpalekuak, landetxeak, aterpetxeak eta antzeko beste batzuk).

–Ura jostatzeko erabiltzen duten jarduerak.

–Hilerriak.

–Barnetegia duten osasun zentroak eta egoitza diren zentro soziosanitarioak.

–Hornidura publikoko sare batetik ez datorren giza kontsumorako ura duten jarduerak.

–Legionella kutsatzeko arriskutsutzat jotzen diren jarduerak, legionellosiari buruz indarrean dagoen legediaren arabera:

• Hozte-dorreak eta lurrunketa-kondentsadoreak.

• Ur girotuko sistemak, agitazio konstantea eta birzirkulazioa dituztenak abiadura handiko zurrusten edo aire injekzioaren bidez.

• Zentral hezetzaile industrialak.

• Uztailaren 4ko 865/2003 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartzen diren instalazio arriskutsuak, barnetegia duten osasun zentroetan eta egoitza diren zentro soziosanitarioetan kokatuak.

–Bertan araztutako urak (ur berrituak) berrerabiltzen dituzten eta/edo urak birziklatzen dituzten jarduerak.

–Tatuajeak eta/edo piercingak egiten dituzten establezimenduak, osasun arlotik kanpokoak.

Iragarkiaren kodea: L2108960