143. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

145E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Atalaya eguzki parke fotovoltaikoaren proiekturako, Cortesko udalerriko 8. poligonoko 775. lurzatian. Ríos Renovables SLk sustatu du proiektua.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko “I” epigrafean dago. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuaren (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektua eguzki parke fotovoltaiko bat instalatzean datza; guztira 1,45 MW-eko potentzia izanen du eta 3,126 hektarea hartuko ditu. Horretarako, 3.248 eguzki modulu fotovoltaiko erabiliko dira, ardatz bakarrean 32 jarraitzaile horizontaletan multzokatuta. Jarraitzaile horiek lurrean kokatuko dira, iparraldetik hegoalderantz, batetik bestera 5,3 metroko tartea utzita, eta zuzeneko tinkatze bidez finkatuta. Bost inbertsore erabiliko dira modulu multzoek hornitutako korrontea korronte alterno bihurtzeko; korronte hori 13,2 kV-ekoa izanen da transformazio zentroan. Sortutako energia lur azpiko 381 m-ko eroanbide elektrikoen bidez hustuko da, neurketa eta babes zentrotik sekzionamendu zentroraino, eta zentrotik euskarri berriraino, ekoitzitako energia i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren “Cortes - Polígono Industrial Buñuel” 13,2 kV-eko lineara hustu ahal izateko. Horretarako, gasbide bat eta trenbide bat gurutzatu beharko dira. Bihurdura bakuneko 2 m-ko altuerako hesiaren bidez esparru osoa hesitzea planteatzen da.

Espedientean Cortesko Udalaren aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluan ezarririkoari jarraikiz. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Cortesko udalerrian Ríos Renovables SL enpresak sustatutako Atalaya eguzki parke fotovoltaikoaren proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da, eta uki ez daitezkeen eremuak balizatuko dira.

–Aurkeztutako dokumentazioan ezartzen denaren arabera, jarraitzaileen euskarrien egitura zuzeneko tinkatuaren bidez finkatuko da lurrean. Horiek lur eremuaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko dira, lanak egin bitartean ukipena guztiz ezinbestekoa den esparruan soilik egiteko moduan, eta lur mugimendu ahalik eta txikienak egiteko moduan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi garbitzeak eta lur berdintzeak ez dira eremu osoak ukituz eginen; jarraitzaileen zutoinek osatzen dituzten lerroetarako beharrekoak diren ukipenak soilik eraginen dira, haien erabilera eta ezarpen egokirako doi beharrezkoak direnak.

–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik tinkatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20 cm-ra altxatuta. Gainera, baloratuko da proposameneko bihurdura bakuneko hesiaren ordez beste bat jartzea, iragazkortasuna hobetuko duena tamaina txikiko faunarentzat (abeltzaintzako hesia edo zinegetikoa, alanbre arantzadunik gabea).

–Argiunerik jarriko balitz instalazioan, ezinbestekoak direnak bakarrik jarriko dira, eta talka eremu potentzialetatik urrun jarriko dira (hesiak, tentsoreak, aireko linea elektrikoak, etab.). Erabiliko diren luminariak argi kutsadura gutxikoak izanen dira, intentsitate baxukoak, eta lurrera begira jarriak.

Lanak egin bitartean lur azpian agertuko balitz aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileak gogoratu beharko du legezko betebeharra duela horren berri berehala emateko Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ondare Historikoari buruzko indarreko legediak jasotzen duenaren arabera (Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/85 Legearen 43.3 eta 44. artikuluak).

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza erabiliko da, eta behar berezia izanez gero, sasi-garbitzea makineriaz egitea baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Lagomorfo, karraskari eta bestelako animalien kontrola beharrezkoa balitz, aurrez behar diren baimenak lortuta egin beharko da, bitarteko mekaniko eta biologikoak erabiliz, guztiz debekaturik dagoelako pestizida, intsektizida, errodentizida eta bestelako pozoiak erabiltzea.

–Lanak egin bitartean Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (254/2019 FD) edo/eta Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (139/2011 ED) jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

–Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira, eta obra hondarrak garbituko dira, okupatu den eremu osoan.

–Eguzki instalazio fotovoltaikoen eremu osoan, eta lanen kaltea jasan duten beste edozein zatitan ere, aldi batez izan bada ere, landaretza naturalik agertzen ez badute, hasieran aurkeztutako ingurumen ukipenen azterketaren “Leheneratze Plana eta Neurriak” atalean zehaztutako hazi nahasketarekin ereinen dira. Lanak egin bitartean landare lurreko geruza kendu edo kaltetu bada, edo halakorik ez bada, belarra erein baino lehen landare lurra jarriko da, gutxienez 20 cm-ko geruza, aurretik behar bezala erauzi eta metatua. Gainera, instalazioak hartzen duen azaleraren kanpoko mugan, zuhaixka hesi txiki bat ezarriko da, arestian aipatutako “Leheneratze Plana eta Neurriak” atalean zehazten denaren arabera.

–Landaredia berrezartzea lanak amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan egin behar da. Landaketak, behar den garaian egin beharrekoak izanik, klima baldintzen arabera, etab., lanak amaitu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira. Landaketa horiek jarraipena behar dute, eta bideragarriak direla ziurtatzea, eguzki instalazioaren erabilerak irauten duen aldi osoan barna.

–Erabilerari lotutako eraikinen diseinua ingurunearekiko harmonia errespetatuz eginen da, eskualdeko eraikinen tipologiarekin bat eginez, eta paisaian integratzea ekarriko duten kolore ez nabarmenak erabiliz.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek eguzki parke fotovoltaiko bat ezartzea babesten du: ardatzeko 26 eguzki jarraitzaile izanen ditu, bakoitzak 49,28 kWp-ko potentziarekin, eta ardatzeko 6 eguzki jarraitzaile, bakoitzak 24,64 kWp-ko potentziarekin; guztira 1.450 kWp-ko potentzia fotovoltaikoa. Horrez gain, transformazio/inbertsore zentro bat, neurketa eta babes zentro bat, eta 13,2 kV-eko lurpeko linea elektriko bat ebaketa zentroraino (maniobra eta banaketa azpiestazioa), eta horren eta “Cortes - Polígono Industrial Buñuel” 13,20 kV-eko linea elektrikoko euskarri berriaren artean.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Egin gogo den jarduerak ukitzen ahal dituen edo hartarako trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, ADIF Trenbide Azpiegituren Administratzailearen baimena, trenbidearen gaineko eraginari dagokionez.

–Herri-lurren Atalak 2021-02-03an egindako txostenaren arabera, “Atalaya eguzki parke fotovoltaikoa eraikitzeko proiektuak herri lurzatiei eragiten dienez, herri lurren berezko aprobetxamendua eta gozamena baldintzatuz, eta sustatzailea udala bera ez denez, instalatu aurretik, Cortesko Udalak herri ondasunak desafektatzeko espedientea izapidetu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bitartez, eragindako lurren erabilera lagatzeko, nahitaezko onespena lortzeko. Horretarako, ukitutako eremuaren kokapen zehatza eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako ziurtagiriak emanen dira.”

–Obrak egitean, aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat joko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, eremua lehengoratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Cortesko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 20an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2108468