142. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

454E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Tokiko Agenda 21 prestatzeko dirulaguntzen deialdia, toki entitateentzat, 2021-2022 aldirako. DDBN identifikazioa: 563990.

Tokiko Agenda 21 udalerri baten –edo udalerri batasun baten– plangintza estrategikoaren prozesu bat da, haren garapena bideratu nahi duena jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora, helburuak udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez zehaztuta.

Ebazpen honen xedea da dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, laguntzen helburua izanik 2021-2022 ekitaldian Tokiko Agenda 21 presta dadila sustatzea, garapen jasangarria tokian-tokian bultzatzeko.

Honako hauek dira Tokiko Agenda 21en ezaugarriak:

–Jasangarritasuna sustatzen du ingurumenean, gizartean eta ekonomian.

–Agenda 2030 eta haren garapen jasangarrirako 17 helburuak herri mailan gauzatzen dira.

–Espainiako Hiri Agendan ezarritako eskema orokorra du.

–Epe erdi eta luzerako plan estrategikoa da.

–Lantzen den lurraldea ukitzen duten gainerako garapen estrategiekin koherentea da.

–Herritarrek prestaketan parte hartzen dute.

–Tokiko botere publikoen erantzukizun politikoa da hura ezartzea, hari jarraipena egitea eta hura berrikustea.

Agenda 21 prestatzeak denbora luzeko lana eskatzen du, baita inplikatutako toki entitateekin eta biztanleekin elkarlanean aritzea ere. Horregatik, hainbat urtetako aurrekontuak behar ditu gauzatu ahal izateko; horrenbestez, egokia da Tokiko Agenda 21 egiteko dirulaguntzak urte anitzekoak izatea.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Tokiko Agenda 21 prestatzeko finantzaziorako dirulaguntzen deialdia onestea, toki entitateentzat, 2021-2022 aldirako.

2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. 17.550 euroko gastua baimentzea, «Toki entitateentzako dirulaguntzak, jasangarritasun azterlan eta planetarako: Agenda 21» izeneko 740001 74100 4609 468100 partidaren kargura.

4. 17.550 euroko gastua baimentzea, «Toki entitateentzako dirulaguntzak, jasangarritasun azterlan eta planetarako: Agenda 21» izeneko 740001 74100 4609 468100 partidaren kargura edo 2022ko gastuen aurrekontuko partida baliokidearen kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

5. Deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, hilabeteko epean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 13an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

1. ERANSKINA

Agenda 21 prestatzeko dirulaguntzen deialdia, toki entitateentzat,
2021-2022 aldirako. Oinarri arautzaileak

Xedapen komunak

Lehena.–Xedea eta helburua.

Ebazpen honen xedea da dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, laguntzen helburua izanik 2021-2022 ekitaldian Tokiko Agenda 21 presta dadila sustatzea, garapen jasangarria tokian-tokian bultzatzeko.

Honako hauek dira Tokiko Agenda 21en ezaugarriak:

1. Jasangarritasuna sustatzen du ingurumenean, gizartean eta ekonomian.

2. Agenda 2030 eta haren garapen jasangarrirako 17 helburuak herri mailan gauzatzen dira.

3. Espainiako Hiri Agendaren egitura orokorra du.

4. Epe erdi eta luzerako plan estrategikoa da.

5. Lantzen den lurraldea ukitzen duten gainerako garapen estrategiekin koherentea da.

6. Herritarrek prestaketan parte hartzen dute.

7. Tokiko botere publikoen erantzukizun politikoa da hura ezartzea, hari jarraipena egitea eta hura berrikustea.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak eta baldintzak.

1. Dirulaguntzaren xede izanen da Nafarroako toki entitateek Tokiko Agenda 21 egiteak ekarritako gastua.

2. Jarduketa diruz lagungarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a. Toki entitate batek eginak izatea: udal batek, zerbitzuen mankomunitate batek edo entitateen batasun batek.

b. Tokiko Agenda 21 baten esparruaren barnean egotea. Haren garapena 4. eranskinean zehazten da.

c. Agenda osoki prestatzea, eranskin horretan berean zehaztu bezala.

Hirugarrena.–Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak.

Laugarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak frogatzeko, eskaerak –eskabide orokor bat beteta aurkeztuko da– dokumentazio hau eraman beharko du:

1. 2. eranskina: Entitate eskatzailearen eta dirulaguntzaren xede diren entitateen erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak. Eskaera entitate baterako baino gehiagorako eginez gero, zehaztuko da zer entitate diren. Halaber, zehaztuko da ea noizbait Tokiko Agenda 21 prestatu den, eta noiz.

2. Zenbait entitatetarako eskaera eginez gero, eskuordetutako entitate bakoitzerako 3. eranskina osorik beteta gehituko da: erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak. Orobat, adieraziko da entitate eskatzaileari eskuordetza egiten zaiola, baita Tokiko Agenda 21 prestatzeko eta gasturako konpromisoa ere.

Horietako agiriren bat Foru Komunitateko Administrazioak baldin badu, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein espedientetan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datuak aztertzeko baimena eman beharko dio.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Eskaera alkateak edo toki entitateko presidenteak sinatu beharko du, eta ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko da. Agendek zenbait udalerritan baldin badute eragina, eta udalerri horiek ez badaude mankomunitate batean elkarturik, agenda egiteko baimen agiria erantsiko da (3. eranskina).

Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntzen eskabidea modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren webguneko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Balorazio Batzorde Teknikoak ebaluatuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Epaimahaiburua: Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Idazkaria: Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Kutsaduraren aurkako Prebentzio Ataleko burua.

Beharrezkotzat joz gero, Balorazio Batzorde Teknikoak eskatzen ahalko du aurkeztutako eskaeren xedeko gaietan adituak diren teknikariek parte hartzea.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jasota, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak egiaztatuko du ea oinarri hauetan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala bost egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Aurreko oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak oinarri arautzaile hauetan adierazitako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak ebazpen proposamena eginen du, eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren deialditik kanpora gelditzen direnekin, aurrekontuetako mugak direla kausa.

3. Dirulaguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko dira. Aurrekontuko kreditu eskasiagatik dirulaguntzarik jasotzen ez duten onuradunen zerrenda berariaz agertuko da ebazpenean.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak onetsi beharko ditu, idatziz, proiektuaren edukiaren edo moduaren aldaketa guztiak.

2. Proiektuak edo ekintzak 2021eko eta 2022ko ekitaldien barrenean egiteko konpromisoa, Nafarroako Gobernuak 2021eko eta 2022ko ekitaldietan eman dezan toki entitatearen aldeko ordainketa agindua, ekitaldi bakoitzean toki entitateak onetsitako ziurtagiriak aurkeztu ondoren.

3. Dirulaguntza jasotzen duten proiektuak edo ekintzak kontratatzeko prozeduraren tramitazioa fase guztietan egiteko konpromisoa, bai eta proiektu edo ekintza horiek zuzen eta osorik egiteko behar diren tramite eta baimen eskaera guztiak ere; hori guztia, lanak hasten direnetik haiek behin betiko hartzen diren arte. Orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzukizuna hartuko du, eta ez beste inork, obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean.

4. Organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia ematea.

5. Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

6. Tokiko Batzorde Betearazlea sortzeko konpromisoa. Hartan hartuko dute parte agenda prestatzen duten toki entitateen ordezkariek, agendarako kontratatutako enpresen ordezkariek eta Nafarroako Gobernuaren ordezkariek; azken horiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak izendatuko ditu. Tokiko Batzorde Betearazleak hiru bilera eginen ditu, eta bilerek ezaugarri hauek edukiko dituzte:

a) Lehena 2021eko ekainaren 30a baino lehenago eginen da. Beharrezkoa izanez gero, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak eguna atzeratzen ahalko du. Horretan abiatzeko dokumentua eta lanerako plana aurkeztuko dira, informazio honekin, gutxienez:

–Tokiko Agenda 21 prestatzeko ardura duen enpresa kontratatzeko dokumentua.

–Tokiko Agenda 21en hasierako dokumentua.

a) Hasierako dokumentuak: aldez aurretiko Tokiko Agenda 21, LOEE, LAP eta Eskualdeko estrategiak.

b. Lan plana:

i. Informazio-iturriak: entitateak, pertsonak eta alderdi interesdunak.

ii. Lantegi kopurua eta egutegia.

iii. Komunikazio eta mobilizazio plana parte-hartze lantegietarako.

iv. Lan planeko beste ekintza batzuk.

b) Bigarren bilera 2021eko azaroaren 14a baino lehen izanen da, jasangarritasunari buruzko diagnostikoa aurkezteko eta balidatzeko.

c) Hirugarren bilera 2022ko maiatzaren 14a baino lehen izanen da, ekintza eta jarraipen plana aurkezteko eta balidatzeko.

1. Seihileko bakoitzeko, gutxienez parte-hartze foro bat eginen da.

2. Toki entitateak bere langileen artetik solaskide bat izendatuko du, eta hura izanen da Agenda 21 egiteko erreferentzia.

Bederatzigarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Hamabigarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, onetsitako dirulaguntza ordainduko da. Lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, dirulaguntza gutxitu eginen da, gauzatutako proiektuaren proportzioan.

Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da; lehena, 2021eko abenduaren 31 baino lehen ordainduko da, 2021eko gastuen aurrekontuko

«Toki entitateentzako dirulaguntzak, jasangarritasun azterlan eta planetarako: Agenda 21» izeneko 740001-74100-4609-468100 partidaren kargura.

Lehen aldian, Tokiko Agenda 21en diagnostikoa prestatzeko gastuetarako dirulaguntzak ordainduko dira.

Bigarren zatia 2022ko ekainaren 30a baino lehen ordainduko da, 2022ko gastuen aurrekontuko «Toki entitateentzako dirulaguntzak, jasangarritasun azterlan eta planetarako: Agenda 21» izeneko 740001-74100-4609-468100 partidaren kargura. Bigarren zatian, Agenda 21en Ekintza eta Jarraipen Plana prestatzeko gastuak ordaintzeko dirulaguntzak ordainduko dira. Azken kasu horretarako, beharrezkoa izanen da Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak aldeko txostena egitea, Tokiko Agenda 21 osoa zuzen prestatu dela ziurtatzeko. Bestela, Tokiko Agenda 21en entitate arduradunari eskatuko zaio hutsak edo okerrak zuzen ditzala.

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan, gehienez 17.550 euro emanen dira 2021erako, eta 17.550 euro 2022rako. Dirulaguntzaren xede diren ekintzek ekarritako gastuaren % 70 izanen da, gehienez, proiektu bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoa, eta hamaikagarren oinarrian ezarritako irizpidearen arabera emanen da, erabilgarri dagoen aurrekontua bukatu arte.

Epe bakoitzean Tokiko Agenda 21engatik justifikatutako gastuaren % 70 ordainduko da, gehienez, eta 5.850 euro, gehienez, epe eta agenda bakoitzeko; beraz, 11.700 euro dira, gehienez, 2021-2022 epean egiten den Tokiko Agenda 21 bakoitzeko. Dirulaguntzaren kopurua, guztira, emakida ebazpenean adieraziko da.

Aurrekontuetan kreditu erabilgarririk ez badago, dirulaguntzaren zenbatekoa, urtero, proportzionalki murriztuko da.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Balorazio irizpideak:

Honako irizpide hauen arabera baloratuko dira proiektuak edo ekintzak:

a) Lehenik, Tokiko Agenda 21 egin gabe duten udalei emanen zaie dirulaguntza. Talde horren barnean, lehentasuna izanen dute biztanle gehien duten entitateen edo entitate multzoen proiektuek.

b) Gero, tokiko ekintza eta jarraipen plan zaharrenak dituzten entitateei emanen zaie dirulaguntza. Antzinatasunean berdintasunik izanez gero, lehentasuna izanen dute biztanle gehien duten entitateen edo entitate multzoen proiektuek.

3. Partida baten kreditua agortuz gero, bestea erabiliz osatuko da, balorazio irizpideek ezarritako ordenari jarraituz.

Hamabigarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

1. 2020ko azaroaren 15era arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalean:

a) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastu eta ordainketak frogatzen dituzten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

b) Diagnostikoaren ondoriozko agiria, 4. eranskinean esaten den bezala.

c) 5. eranskina, betea eta sinatua: Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko adierazpena, eta gastuen eta diru sarrerena.

2. 2022ko azaroaren 15era arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalean:

a) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastu eta ordainketak frogatzen dituzten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

b) Tokiko Agenda 21 bakoitzaren dokumentu osoaren ondoriozko dokumentua, 4. eranskinean ezarri bezala.

c) 5. eranskina, betea eta sinatua: Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko adierazpena, eta gastuen eta diru sarrerena.

Gastuaren eta ordainketaren zenbatekoa hasierako aurrekontua edo adjudikazioa baino txikiagoa bada, dirulaguntza zati proportzionalean gutxituko da.

Epe hori betetzen ez bada, emandako dirulaguntza ez da ordainduko.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak ez dira bateragarriak Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Hamalaugarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Entitate publikoak direnez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete beharko dute lanen kontratazioan.

Hamabosgarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da dirulaguntza ordainduko, edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamaseigarrena.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hamazazpigarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoaren arabera.

Hemeretzigarrena.–Onuradunen eginbeharrak, publizitateari dagokionez.

Proiektuan edo ekintzan erakutsi beharko da Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.

4. ERANSKINA

Agenda 21 prestatzeko prozedura
(Espainiako Hiri Agendaren ereduan oinarritua)

Tokiko Agenda 21 prestatzeko, honako hau egin behar da:

1. Jasangarritasunaren Diagnostikoa.

2. Tokiko Ekintza Plana (TEP) eta Jarraipen Plana.

Bi kasuetan, Tokiko Agenda 21en eskema orokorra hartzen da erreferentziatzat, baina proposatutako helburuak aldatzen ahal dira.

TEPk eskema orokorraren ardatzak izanen ditu, eta bere egiturak aukera eman beharko du bertan sartutako ekintzak Agenda 2030eko 17 GJHen arabera ordena daitezen.

Tokiko Batzorde Betearazleak lan plana eta prestaketa prozesuaren ondoriozko dokumentuak onetsiko ditu. Honako hauek osatuko dute batzordea:

–Toki entitatearen ordezkari bat.

–Nafarroako Gobernuaren ordezkari bat.

–Enpresaren edo kanpoko laguntzaren ordezkari bat.

Azkenik, toki entitateko organo eskudunek Jasangarritasunaren Diagnostikoa eta Tokiko Ekintza Plana onetsiko dituzte, era ofizialean.

Parte hartzea: Lurraldearen araberako partaidetza prozedurak ezarriko dira, herritarrek fase guztietan parte hartzen dutela ziurtatuta.

TBBk balidatu behar duen lan planean honako hauek ezarriko dira:

–Parte-hartze foroen gutxieneko kopurua.

–Egin beharreko elkarrizketa kopurua.

–Proposatutako inkestak.

–Tokiko Agenda 21 prestatzeko informazio-iturriak.

–Herritarrei informazioa emateko eta parte hartzera animatzeko plana.

Tokiko Agenda 21en eskema orokorra.

1.–Lurraldea, paisaia eta biodibertsitatea.

Lurraldea antolatzea eta lurra arrazoiz erabiltzea, kontserbatzea eta babestea.

1.1. Lurzorua bere ingurunearekin bateragarria den moduan antolatzea.

1.2. Natura eta kultura ondarea kontserbatu eta hobetzea eta paisaia babestea.

1.2.1. Natura ondarea kontserbatzea eta hobetzea.

1.2.2. Kultura ondare materiala, immateriala eta linguistikoa kontserbatzea eta hobetzea.

1.3. Azpiegitura berdeak eta urdinak hobetzea, eta testuinguru naturalarekin lotzea.

2.–Hirigintza eta populatze eredua.

Hiri barreiadura saihestea eta gaur egun ditugun hiriak suspertzea.

2.1. Trinkotasuna, hiri oreka eta oinarrizko zerbitzuen hornidura sustatuko dituen hiri eredua definitzea.

2.2. Konplexutasun funtzionala eta erabilera aniztasuna bermatzea.

2.3. Espazio publikoen kalitatea eta irisgarritasuna bermatzea.

2.4. Hiri ingurumena hobetzea eta kutsadura murriztea.

2.5. Hiri-berroneratzea bultzatzea.

2.6. Eraikinen kalitatea eta jasangarritasuna hobetzea.

2.7. Zarata eta bere eragina prebenitzea.

3.–Klima aldaketa.

Klima aldaketaren inpaktuak prebenitzea eta murriztea, eta erresilientzia hobetzea.

3.1. Lurralde eta hiri eredua klima aldaketaren ondorioetara egokitzea, eta ondorioen prebentzioan aurrera egitea.

3.2. Berotegi efektuko gasen isuriak murriztea.

3.3. Klima aldaketaren aurrean erresilientzia hobetzea.

3.4. Pobrezia energetikoa prebenitzea.

4.–Baliabideen kudeaketa jasangarria eta ekonomia zirkularra.

Baliabideak modu jasangarrian kudeatzea eta ekonomia zirkularraren alde egitea.

4.1. Energia efizientzia handiagoa izatea eta energia aurreztea.

4.2. Ur kontsumoa optimizatzea eta murriztea.

4.3. Materialen zikloa sustatzea.

4.4. Hondakinak murriztea eta birziklatzen laguntzea.

5.–Mugikortasuna eta garraioa.

Hurbiltasunaren eta mugikortasun jasangarriaren alde egitea.

5.1. Hurbileko hiria sustatzea.

5.2. Garraiobide jasangarriak sustatzea.

5.3. Eskualdeko irtenbideak, mugikortasunerako eta zerbitzuetarako.

6.–Kohesio soziala eta aukera berdintasuna.

Kohesio soziala sustatzea eta ekitatea bilatzea.

6.1. Pobrezia arriskua eta gizarte-bazterketako arriskua murriztea hiri inguru behartsuetan.

6.2. Aukera berdintasuna bilatzea generoaren, adinaren, jatorriaren eta gaitasunaren ikuspegitik.

6.3. Despopulatzearen eta landa eremua hiri eremuaren subsidiariotzat hartzearen aurka borrokatzea.

7.–Tokiko ekonomia.

Tokiko ekonomiaren alde egitea eta hura sustatzea.

7.1. Tokiko produktibitatea, enplegu sorkuntza eta jarduera ekonomikoen dinamizazioa eta dibertsifikazioa bilatzea.

7.2. Turismo jasangarri eta kalitatezkoa sustatzea, bai eta tokiko ekonomiarako giltzarriak diren sektoreak ere.

8.–Etxebizitza.

Etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzea.

8.1. Etxebizitza parke egoki eta merke baten alde egitea.

8.2. Etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzea, batez ere, kolektibo zaurgarrienei.

9.–Aro digitala.

Berrikuntza digitala bideratzea eta sustatzea.

9.1. Ezagutzaren gizartearen alde egitea eta hiri adimendunen (smart cities) garapenean aurrera egitea.

9.2. Administrazio elektronikoa sustatzea eta eten digitala murriztea.

9.3. Zerbitzu digitalak eskuratzeko eskubidea herritar guztiei eta lurralde guztietara zabaltzea.

10.–Tresnak.

Esku hartzeko tresnak eta gobernantza hobetzea.

10.1. Arau eta plangintza esparru eguneratua, malgua eta sinplifikatua lortzea, kudeaketa ere hobetuko duena.

10.2. Herritarren parte-hartzea eta gardentasuna ziurtatzea eta maila anitzeko gobernantzaren alde egitea.

10.3. Tokiko gaikuntza sustatzea eta finantzaketa hobetzea.

10.4. Hiri arloko prestakuntza eta sentsibilizazio kanpainak diseinatzea eta abian jartzea, bai eta ezagutza trukatu eta zabaltzea ere.

10.5. Eskualdea esku-hartzea eta gobernantza planifikatzeko eta gauzatzeko gune egokitzat jotzea, batez ere landa eremuan.

10.6. Ekintza planaren tokiko maila mantentzea, errazago ulertzeko, aplikatzeko eta parte hartzeko.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

2. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, Tokiko Agenda 21 prestatzeko dirulaguntza eskatu duen entitatearena.

3. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, Tokiko Agenda 21 prestatzeko eskuordetu duten entitateena.

5. eranskina.–5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko adierazpena.

Deskargatu bete beharreko eredu guztiak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2108155