142. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

48E/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 20koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana. Honen bidez, Nafarroako enpresei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dira, naturan jarduerak egiteko heziketa- eta kirol-proiektuak gauza ditzaten 2021ean, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzenduta. 40.000 euroko gastua baimentzen da hemendik sortutako konpromisoak asetzeko. DDBN identifikazioa: 565338.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 14.1 artikuluak ezartzen duenez, Foru Komunitateko kirol-administrazioak kirol-jarduerak sustatzeko programak bultzatuko ditu eskolako umeei zuzendurik, Nafarroako hezkuntza-administrazioarekin, toki-entitateekin, kirol-entitateekin eta beste entitate publiko zein pribatuekin elkarlanean, kasua bada.

Foru Lege beraren 14.2 artikuluan zehaztu zen, halaber, eskolako umeentzat kirol-jarduera sustatzeko programen xedea izanen dela eskolako heziketa integrala, nortasunaren garapen harmonikoa, sasoi fisikoa eta prebentziozko osasun-ohiturak osatzea. Gainera, hezkuntza-arloan behar bereziak dituzten eskolako umeen integrazioa kontuan hartu eta sustatuko dute.

Nafarroako Kirolaren Institutuak, Kirolaren Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako kirol-jarduera fisikoak sustatzea Nafarroako gizarte osoan, horretarako laguntzak eta dirulaguntzak emanez.

Kasu honetan, Nafarroako Kirolaren Institutuak naturan egiten diren jarduerak bultzatuko ditu, heziketa- eta kirol-proiektuen barnean.

Proiektu horien helburua da naturan jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak egitea, ingurumenean eragin txikia dutenak eta, horrenbestez, natura zaintzen lagunduz. Heziketaren eta kirolaren ikuspegitik, lehentasuna izanen du jarduera fisikoa modu jarraituan egiteko ohiturak sortzeak, balio, jarrera eta arau batzuei loturik, eta jarduera fisikoak norberaren garapenean dituen ondorioak ere azalduko dira.

Heziketaren eta kirolaren arloko proiektu hauen babesean egiten den jarduera fisikoak balio behar du, alde batetik, gaitasun fisikoak eta mugimendukoak hobetzeko eta horrela ohitura osasuntsuak finkatzeko; eta, bestetik, afektibitatearen eta harremanen inguruko gaitasunak eskuratzeko, beharrezkoak baitira gizartean bizitzeko.

Halaber, balio batzuk ere sustatuko dira, hala nola lagunartekotasuna, norbere mugak gainditzea, inklusioa, aurkariarenganako errespetua, joko garbia eta genero-berdintasuna; balio horiek “Kirolaren Balioak” Planean daude jasota, eta Nafarroako Gobernuak bultzatu egiten ditu, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bidez. Horrekin loturik, ez dira ahaztu behar ingurunearen ezagutza eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa.

Kultura eta Kiroleko kontseilariak apirilaren 13an emandako 10/2021 Foru Aginduaren bidez, argitara eman zen Hezkuntzako kontseilariaren eta Kultura eta Kiroleko kontseilariaren artean 2021eko apirilaren 8an hartutako Erabakia, zeinaren bidez batera baimentzen baitute kudeaketa-esleipen bat egitea Nafarroako Kirolaren Institutuari, laguntzak eta ekarpen ekonomikoak eman ditzan 2021ean ikastetxeetako eskiko, belako, naturako eta kirol-hastapeneko eskola-kanpainak gauzatzeko.

Horrela, naturako jardueretako kirol-proiektu hezitzaileetarako zenbateko osoa 90.000 eurokoa da, era honetan banaturik: alde batetik, 40.000 euro baimenduko dira Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen Ebazpen bidez, A50002-A5110-4709-336100 aurrekontuko partidaren kargura, “Naturan jarduerak egiteko eskola-kanpainak” izenekoa, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoa; beste aldetik, 50.000 euro baimenduko dira Hezkuntzako zuzendari nagusiaren apirilaren 23ko 137/2021 Ebazpen bidez, eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren eskura jarriko dira, 420000-42000-4709-322G00 aurrekontuko partidaren kargura, “Naturan jarduerak egiteko eskola-kanpainak” izenekoa, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoa.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Nafarroako enpresei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, naturan jarduerak egiteko heziketa- eta kirol-proiektuak gauza ditzaten, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzendurik.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako enpresei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak eta eranskinak onestea, naturan jarduerak egiteko heziketa- eta kirol-proiektuak gauza ditzaten 2021ean, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeei zuzendurik.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten den aurrekontuko kreditua baimendu da:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5110-4709-336100: Naturan jarduerak egiteko eskola-kanpainak

2021

40.000 euro

Kreditu horri gehituko zaizkio Hezkuntzako zuzendari nagusiak apirilaren 23ko 137/2021 Ebazpenaren bidez baimendutako 50.000 euroak, Nafarroako Kirolaren Institutuaren eskura jarriak, 420000-42000-4709-322G00 aurrekontuko partidaren kargura, “Naturan jarduerak egiteko eskola-kanpainak” izenekoa, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoa.

3. Foru Agindu hau eta I., II. eta III. eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Gainerako eranskinak eskura egonen dira Nafarroako Kirolaren Institutuaren web-orrian eta Nafarroako Gobernuarenean (www.nafarroa.eus).

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendurik; horretarako, hilabeteko epea izanen da, argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

5. Foru Agindu hau igortzea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Kirolaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Kirola Sustatzeko Atalera eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 20an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako enpresei dirulaguntzak ematea, norgehiagokako araubidean, naturan jarduerak egiteko heziketa- eta kirol-proiektuak gauza ditzaten, Nafarroako unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten ikastetxe publiko, pribatu eta hitzartuentzat.

Naturan jarduerak egiteko heziketa- eta kirol-proiektuak antolatu, kontrolatu eta garatzeak sortutako defizitak hein batean ordaintzera bideratuko dira dirulaguntzak. Proiektuak 2020-2021 ikasturtean eskainiak eta eginak izanen dira, Aste Santuko oporretan izan ezik, eta hiru eguneko txandak izan beharko dituzte, deialdiaren II. eranskinarekin bat.

2.–Helburua.

2.1. Proiektu horien helburua da naturan jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak egitea, ingurumenean eragin txikia dutenak eta, horrenbestez, natura zaintzen lagunduz. Heziketaren eta kirolaren ikuspegitik, lehentasuna izanen du jarduera fisikoa modu jarraituan egiteko ohiturak sortzeak, balio, jarrera eta arau batzuei loturik, eta jarduera fisikoak norberaren garapenean dituen ondorioak ere azalduko dira.

Heziketaren eta kirolaren arloko proiektu hauen babesean egiten den jarduera fisikoak balio behar du, alde batetik, gaitasun fisikoak eta mugimendukoak hobetzeko eta horrela ohitura osasuntsuak finkatzeko; eta, bestetik, afektibitatearen eta harremanen inguruko gaitasunak eskuratzeko, beharrezkoak baitira gizartean bizitzeko.

Halaber, balio batzuk ere sustatuko dira, hala nola lagunartekotasuna, norbere mugak gainditzea, inklusioa, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero-berdintasuna; balio horiek Kirolaren Balioen Planean daude jasota, eta Nafarroako Gobernuak bultzatu egiten ditu, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bidez. Horrekin loturik, ez dira ahaztu behar ingurunearen ezagutza eta ingurumenarekiko sentsibilizazioa.

2.2. Aurkezten diren proiektuek, xede eta helburu orokorrak betetzeaz gainera, aurreko puntuan xedatutakoarekin bat, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak bete beharko dituzte, jarduera motari, langileei, iraupenari eta beste arlo batzuei dagokienez.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako turismo aktibo eta kulturaleko enpresek eskatzen ahalko dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak, gaur egun kirol zerbitzuak ematen badituzte.

3.2. Deialdi honetatik kanpo geratuko dira Nafarroako Kirolaren Institutuko beste deialdi zehatzago batzuen helburu diren heziketa- eta kirol-proiektuak. Eta, horietaz gainera, aurrekontuan inolako diru-sarrerarik aurreikusten ez dutenak ere bai.

4.–Entitate onuradunen betebeharrak.

4.1. Dagokien erregistroan inskribaturik egotea, kirol-zerbitzuak eta turismo aktibo eta kulturalekoak ematen dituzten enpresa gisa.

4.2. Ez dira onuradun izaten ahalko apustu-enpresen finantzaketa eta/edo babesa duten entitateak (apustu-makinen operadore diren enpresak barne), izan finantzaketa hori osorik edo partzialki. Bazter utziko dira, halaber, halako enpresen edozein publizitate mota duten entitateak, dela instalazioetan, dela jantzietan eta materialean.

Halaber, ez dira onuradun izaten ahalko sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan-praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio-zehapen irmo bat edo kondena-epai irmo bat betetzen ari diren erakundeak. Horretaz gainera, ez dira onuradun izaten ahalko arrazoi horiengatik ezarritako zehapen bat edo kondena-epai irmo bat bete zain dauden entitateak.

4.3. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak beteak izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

4.4. Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

Aurkeztu den heziketa- eta kirol-proiektuari dagozkion gastuak baino ez dira izanen, eta, zehazki, honako hauek:

A) Proiektua garatzeko behar diren enpresako langileen soldatak eta gizarte-segurantza:

–Proiektuaren koordinatzaile bat.

–Jarduera fisikoen eta kirol-jardueren monitoreak, eta jarduera osagarrien monitoreak,

–Ostatuetako langileak, autobuseko gidaria eta bestelakoak.

B) Parte-hartzaileen ostatua eta mantenua. (Ikasleak eta irakasleak).

C) Parte-hartzaileen joan-etorriak (ikasleak eta irakasleak), jarduerak egiten dituzten tokitik gaua igarotzen duten lekuraino, eta alderantziz.

D) Jarduerak egiteko aurten eskuratutako kirol-material espezifikoa, jarduerak irauten duen denborarekin proportzioan.

E) Kirol-jardueren eta jarduera osagarri eta alternatiboen kostua.

F) –COVID-19aren gastuak:

F.1.–Kanpainako parte-hartzaileentzako musukoak (ikasleak, irakasleak eta monitoreak)

F.2.–Desinfekzio-produktuak, parte-hartzaileek kanpainan zehar erabiltzeko soilik (Ikasleak, irakasleak eta monitoreak).

G) Proiektua garatzeko behar diren beste gastu batzuk, jarduerak irauten duen denborarekin proportzioan.

–Istripuetako eta gizarte-erantzukizuneko aseguruak.

–Ostatu-asegurua.

–Jardueretan erabilitako ibilgailuen zergak.

–Jardueretan erabilitako ibilgailuak berrikustea eta ikuskatzea.

H) Taxi bidezko desplazamenduak, ikasleen eta irakasleen osasun-egoerarekin loturik.

6.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Dirulaguntzen eskabideak eta justifikazio-agiriak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoan dagokion esteka erabiliz. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, 19. oinarrian ezarritako moduan lortuko dena.

6.3. Dirulaguntzetarako eskabidea eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera, eskabideak ez dira aurkeztutzat hartuko ez badira egokitzen laguntzen fitxako eredura eta ez badira telematikoki aurkezten, aipatutako fitxa erabiliz. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskabide horiek ezin izanen dira zuzendu.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

7.–Enpresek aurkeztu beharreko dokumentazioa.

7.1. Laguntzak eskatzeko dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikaturik aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, ezarritako eranskinen arabera. Eranskin horiek eskura egonen dira deialdiaren estekan eta web-orri honetan: https://www.navarra.es/eu/kirola

7.2. Eskabidean aurkeztu beharreko agiriak.

1.–IV. eranskina. Eskabide-orria.

2.–Heziketa- eta kirol-proiektua:

A) Helburu orokorrak.

B) Edukiak:

B.1.–Jarduera-multzo bakoitzaren deskribapena:

Kirol-jarduerak.

Jarduera osagarriak.

Jarduera alternatiboak.

B.2.–Jardueren metodologia eta antolaketa. Monitoreen ratioa talde bakoitzeko.

B.3.–Kirol-jardueren, jarduera osagarrien eta alternatiboen denbora-banaketa.

C) Giza baliabideak:

Proiektua diseinatzen, antolatzen, kontrolatzen eta garatzen zuzenean parte hartzen duten langileen deskribapena (koordinatzailea eta monitoreak). Zer esperientzia eta titulazio duten proiektuan zuzentzen dituzten jarduerekin loturik (tituluen fotokopiak erantsi behar dira).

D) Parte-hartzaileak: Ikastetxeen izena, parte-hartzaileen kopurua: ikasleak eta irakasleak eta esleitutako egunak, eskabidea aurkeztutako egunera arte.

E) Baliabide materialak eta instalazioak. Deskribapena.

F) Segurtasuna:

F.1.–Instalazioetan eta proiektuko jarduera bakoitza gauzatzean izanen diren segurtasun-neurrien deskribapena.

F.2.–Proiektuan osasun-laguntzarako eta ebakuaziorako ezarri diren planen deskribapena.

F.3.–COVID-19 protokoloa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak onetsia.

G) Proiektuaren garapenaren jarraipena eta ebaluazioa.

H) Aukeren berdintasuna: Programan parte hartzen duten langileek laneko eta familiako bizitza bateratzeko neurrien deskribapena. Adierazi behar da enpresak baduen “Berdintasuna enpresan” bereizgarria (hori ematea eta erabiltzea arautzen du urriaren 26ko 1615/2009 Errege Dekretuak, irailaren 28ko 850/2015 Errege Dekretu bidez aldatuak).

I) Enpresaren ziurtagiriak:

Enpresak ziurtagiri hauetakoren batzuk balitu, haietako bakoitzaren fotokopiak erantsi behar ditu:

–Kalitatearen Kudeaketarako Ziurtagiria.

–Ingurumenaren Kudeaketarako Ziurtagiria.

–Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Kudeaketarako Ziurtagiria.

–Kudeaketa Sistema Integratuen Ziurtagiria.

3. V. eranskina. Heziketa- eta kirol-proiektuaren diru-sarrera eta gastu guztien aurrekontua

4. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenago emana, frogatzen duena elkarteak eguneratuak dituela Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak edo, hala badagokio, NKIri baimena ematea kontsulta egiteko.

5. Nafarroako Zerga Ogasunak emandako ziurtagiria, gehienez ere hilabete lehenagokoa, frogatzen duena elkarteak eguneratuak dituela zerga-betebeharrak, edo, hala badagokio, NKIri baimena ematea kontsulta egiteko.

7.3. Erakunde onuradunek soilik aurkeztu beharreko dokumentua, hilabeteko epean, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpenetik aurrera. VI. eranskina. Gardentasun-aitorpena, 16. oinarriaren arabera.

8.–Eskabidea zuzentzea.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskabidea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

9.–Antolaketa eta instrukzioa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko unitate organiko eskuduna.

10.–Dirulaguntza emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

10.1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.2. Nafarroako Kirolaren Institutuak programa bakoitzerako 90.000,00 euro bitarte bideratzen ahalko du, aurrekontuetan den diruaren arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Muga horiek kontuan harturik, deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera finkatuko da ematen den dirulaguntza, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak 2021eko ekitaldirako daukan aurrekontuan horretarako kreditu aski eta egokia izatearen mende egonen da.

Zenbateko hori honela banatuko da:

a) 40.000,00 euro, 2021eko Aurrekontu Orokorretako “Naturan jarduerak egiteko eskola-kanpainak” izeneko A50002 A5110 4709 336100 partidaren kargura.

b) Hezkuntzako zuzendari kudeatzaileak apirilaren 23ko 137/2021 Ebazpenaren bidez baimendutako 50.000 euro, Nafarroako Kirolaren Institutuaren eskura jarriak, 420000-42000-4709-322G00 aurrekontuko partidaren kargura, “Naturan jarduerak egiteko eskola-kanpainak” izenekoa, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretakoa.

10.3. Kasuan kasuko dirulaguntza ematerakoan, alderatu eginen dira aurkeztutako eskabideak, horien artean lehentasuna ezartzeko, III. eranskinean zehazten den baremoari jarraituz. Puntuaziorik handiena lortu duen eskatzaileari esleituko zaio dirulaguntzaren zenbatekoa. Eragiketa hori egindakoan eskura dagoen kreditua agorturik ez badago, bigarren puntuaziorik handiena lortu duen enpresari esleituko zaio gelditzen den saldoa, ezarritako hurrenkerari jarraituz. Eragiketa hori gainerako enpresa eskatzaileekin errepika daiteke, aurrekontuko kreditua agortu arte.

Esleitu beharreko zenbatekoan, jarduerak sortutako defizita izanen da muga.

11.–Ebazpenak.

11.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du dirulaguntza esleitzeko ebazpena. Interesdunei beranduenez 90 egun naturaleko epean jakinaraziko zaie, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

11.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsitzat hartuko dira.

11.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Halaber, gainerako eskabideen ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

11.4. Deialdi honetan onartzen diren proiektuetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek –estatukoak nahiz atzerrikoak– ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, horien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, inola ere ez du gaindituko garatu beharreko jardueraren kostua.

11.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan ezarritakoa bete beharrez, deialdi honetan emandako dirulaguntzak eta haien onuradunen zerrenda Nafarroako Kirolaren Institutuko eta Kirolaren Etxeko iragarki-tauletan jarriko dira.

12.–Frogagiriak eta proiektuaren memoria.

12.1. Proiektua amaitzen denetik 2021eko irailaren 1era bitartean aurkeztuko dira frogagiriak, besteak beste honako hauek:

1. VII. eranskina. Proiektuaren diru-sarrerak eta gastuak jasotzen dituen emaitzen kontua.

2. VIII. eranskina. Gastuaren justifikazioko kontua:

a) Jarduera dela eta, edozein administrazio publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakiduna eta zehatza. Parte-hartzaileek kuota bat ordaindu behar badute, diru-sarrera horiek zehaztu eta justifikatuko dira.

b) Diruz lagundutako jardueragatik ordaindutako gastu guztien (diruz laguntzeko moduko kontzeptuenak bakarrik ez) fakturen eta frogagirien zerrenda zenbakidun eta zehatza. Honako hauek sartuko dira: hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren eguna (VII. eranskina). Euskarri informatikoan ere aurkeztu behar da.

4. Ordaindutako fakturen fotokopiak, emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa jasota. Aurkeztutako zerrendan dagokion zenbakia adieraziko da kopian, eta ordainketaren frogagiriak erantsiko dira. Honako hauek izaten ahal dira: bankuko ordainagiriak; hornitzaileak sinatutako eta zigilatutako fakturak, “ordaindua” zigilua dakartela; fakturari erantsitako erosketa-tiketa; edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena.

5. IX. eranskina. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia.

6. XI. eranskina. Azpikontratazioa egiteko inprimakia.

7. XI. eranskina. Hornitzaileen hautaketa justifikatzeko inprimakia

8. Heziketa- eta kirol-programaren memoria teknikoa.

1.–Edukiak:

–Egindako jarduerak, noiz egin diren zehaztuta.

–Parte-hartzearen gaineko datuak: parte-hartzearen datuen taula, honako hauek zehaztuta: astea/ikastetxeak/parte-hartzaileak ikastetxeen arabera (sexuaren arabera banatuta)/parte-hartzaile guztiak (ikasleak eta irakasleak).

2.–Balorazio teknikoa.

2.1. Talde bakoitzaren ebaluazioaren emaitzak garraioari, jarduerei, monitoreei, materialari eta ostatuari (janaria, garbiketa, gela, tratu pertsonala) dagokienez, ebaluazio-txantiloietan oinarrituta.

2.2. Hobetu beharrekoak.

3.–Egindako jardueren argazki bidezko euskarria.

4.–Publizitate-baldintzak bete izanaren frogak, hala nola fotokopiak, argazkiak, eta abar, 15.7 oinarriaren arabera.

12.2. Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osa edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haren eskabidea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

13.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 12. oinarrian adierazitako frogagiriak; transferentzia bidez ordainduko da hiru hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Ebazpen hori 2021eko ekitaldian eman eta jakinaraziko da.

14.–Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren Institutuak izanen du ardura, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, proiektuaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko.

15.–Betebeharrak.

15.1. Zer helburutarako ematen diren dirulaguntzak, hartarako erabiliko dituzte onuradunek eta hala egiten dutela agiri bidez frogatu; orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako egiaztapenak onartuko ditu eta haiek egin daitezen lagunduko.

15.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen, kasu guztietan.

15.3. Dirulaguntzen onuradunek eguneraturik eduki behar dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak ere bete beharko dituzte.

15.4. Onuradunek adierazi behar dute ez direla ari betetzen zehapen administratibo irmorik edo kondena epai irmorik, edo, edonola ere, ez daudela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik. (IV. eranskinean geratuko da adierazita Eskabidea).

15.5. Begiratuko da betetzen dela Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana, bai eta Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.

Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), proiektua zein udaletan garatzen den, hango hondakin-kudeaketarekin bat.

Ez da erabiltzen ahalko plastikozko poltsarik, salbu eta plastiko konpostagarrizkoak, eta betiere betetzen baldin badituzte 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako baldintzak. Poltsa horiek ez dira doan ematen edo banatzen ahalko.

Halaber, ez da erabiliko plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik, betiere erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio-eremuan sartzen ez badira (salbuespen izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, ezin badira birziklatu prozesu organiko edo mekanikoen bidez.

15.6. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

15.7. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere bete beharrez Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

15.8. Onuradunak beharturik daude egin beharreko jarduera guztietan osasun- eta kirol-agintaritza eskudunek COVID-19aren arloan ezarritako neurriak eta baldintzak errespetatzera, eta, halaber, beharturik egonen dira datozen hilabeteetan ezar daitezkeenak betetzera ere.

15.9. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

15.10. Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluaren arabera.

15.11. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

16.–Gardentasun-betebeharrak.

Enpresa onuradunek telematikoki aurkeztuko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko aitorpena, eta, beharturik badaude, hilabeteko epean –dirulaguntza eman izana jakinarazi denetik zenbatzen hasita– aurkeztuko dute eskatutako dokumentazioa (VI. eranskina), irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluei jarraituz, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrak.

17.–Azpikontratazioa eta entitate hornitzaileen kontratazioa.

17.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea dirulaguntzaren xede den jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea. Enpresa onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, kontzeptu honetatik kanpo geldituko da horretarako behar diren gastuen kontratazioa.

Enpresek, gehienez ere, lagundu den jarduerari emandako dirulaguntzaren %50 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako. Hirugarrenekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.

17.2. Entitate hornitzaileen kontratazioa

Dirulaguntzei buruzko Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, aholkularitza- edo laguntza-enpresek egindako ekipo-ondasunen edo zerbitzuen horniduren kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela eta, ez badago merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina entitate.

18.–Ez-betetzeak.

18.1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin eta, ondorioz, jasotako dirua itzuli beharra; hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza-eskabideak ez onartzea ere eragin dezake, ordenamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

18.2. Nolanahi ere, onuradunak bere konpromisoak osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe beteko dituen jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da.

19.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

19.1. Laguntzen eskabide-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

19.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren (HEG) bidez.

Helbide elektroniko gaitua Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen-prozeduretarako harpidetza egin beharko da, helbide elektroniko gaitua lortzen den helbide berean.

20.–Datu pertsonalen babesa.

Deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz sortzen den datu pertsonalen tratamendua Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorraren, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudiaren mende eginen da.

Datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa eskaintzen da deialdi honen XII. eranskinean.

21.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz. Era berean, deialdi hau onesten duen Foru Agindua aplikatzean Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ezartzen dituen ebazpenen kontrako gorako errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

22.–Aplikatu beharreko legeria.

Foru Agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuak aginduko du.

II. ERANSKINA

Proiektuen ezaugarriak

1.–Alderdi orokorrak.

Naturan jarduerak egiteko heziketa- eta kirol-proiektuek honako alderdi orokor hauek izan behar dituzte oinarri:

–Parte-hartzaileak: DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetakoak, hezkuntza-premia bereziak dituztenak barne, ikastetxeko irakasleek lagundurik beti, 6.4 atalaren araberako ratioarekin.

–Tokia: Nafarroako Foru Komunitatea.

–Proiektuaren iraupena, guztira: 2020-2021 ikasturtean eskainiko da, Aste Santuko oporrak kenduta.

–Eskainitako jardueren iraupena: 3 egun. Astelehenetik asteazkenera edo asteazkenetik ostiralera. Lehenbiziko bi egunetan goizez eta arratsaldez, eta azkeneko egunean goizez.

–Ostatua eta mantenua: 1. egunean: afaria eta lo egitea; 2. egunean: gosaria, bazkaria, afaria eta lo egitea; eta 3. egunean: gosaria eta bazkaria (azken hori, ikastetxeak nahi badu).

2.–Edukiak.

Heziketa- eta kirol-proiektuan hiru jarduera mota izanen dira, eta honela garatuko:

a) Kirol-jarduerak: nahitaezkoa izanen da jarduera guztiak natura-ingurunean eta naturarekin harremana izanik garatzea, beharrezkoak diren segurtasun-neurriak harturik eta jarduera bakoitzak behar dituen baliabide materialekin, giza baliabideekin eta azpiegiturekin. Goizeko eta/edo arratsaldeko ordutegian eginen dira.

b) Jarduera osagarriak: atal honetan sartzen diren jarduera guztiek heziketaren ikuspegia izanen dute eta kirol-jardueren osagarri izanen dira. Ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa eta ingurunearen eta bertako tradizioen ezagutza landuko dira jarduera horietan.

Kirol-balioak (inklusioa, lagunartekotasuna, berdintasuna, errespetua, joko garbia eta norbere mugak gainditzea) garatzeak eta sustatzeak atal berezia izanen dute jarduera osagarri hauetan, eta horiek lantzeko saio berariazkoak eginen dira partaideekin; besteak beste eta bereziki, balio horiek sustatzeko Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kirolaren Institutuaren bidez egindako bideoak ikustea.

Goizeko, arratsaldeko edo gaueko ordutegian eginen dira, proiektuaren arabera.

c) Jarduera alternatiboak: halako jarduerak eginen dira, soil-soilik, eguraldi txarra denean edo suertatzen diren beste arrazoi batzuen ondorioz kirol-jarduerak eta jarduera osagarriak ezin badira baldintza onetan egin segurtasunaren eta garapenaren aldetik.

3.–Segurtasuna instalazioetan eta jardueretan.

3.1. Heziketa- eta kirol-proiektuetako jardueretan aritzeko eskatzen diren segurtasun-neurriak hartu behar dira jarduera guztietan.

3.2. Uretako jardueren kasuan, parte-hartzaileek ezinbestekoa eta nahitaezkoa izanen dute igerian jakitea. Antolatzaileek ez diete baimenik emanen uretako jarduerak egiteko igerian ez dakitenei. Gainera, beharrezko eta berariazko neurriak hartuko dituzte hori kontrolatzeko.

3.3. Uretan egiten diren jarduera guztietan nahitaezkoa izanen da salbamendu-txalekoa eramatea.

3.4. Jarduerak behar bezala egiten direla bermatuko duten segurtasun-neurriak izan behar dituzte instalazio guztiek.

3.5. Nahitaezkoa izanen da larrialdietarako protokolo bat izatea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuarekin koordinatuta.

4.–COVID-19arekin lotutako segurtasun-neurriak.

COVID-19 Protokolo bat eduki beharko da, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak onetsia, Proiektua gauzatzen hasi aurretik.

5.–Giza baliabideak eta prestakuntzakoak.

5.1. Honako hauek arduratuko dira heziketa- eta kirol-proiektua egiteaz:

–Koordinatzaile bat, antolaketaren, kontrolaren eta proiektua egitearen arduraduna.

–Naturan egiten diren jardueretako monitoreak, berariazko prestakuntza izanen dutenak, zuzentzen duten jarduera zein den.

–Prestakuntza duten jarduera osagarrietako monitoreak.

5.2. Kirol jarduerak egiteaz arduratzen diren monitore guztiek berariazko prestakuntza izan behar dute beren kirol- eta/edo gorputz-modalitatean.

5.3. Parte-hartzaileen talde bakoitzeko monitoreen ratioa ezartzeko, kontuan hartuko dira egin beharreko jarduera, arriskua eta egiteko tokia.

5.4. Programa garatu bitartean hainbat lanetan aritzen diren proiektuko langile horiek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

6.–Parte-hartzaileak.

6.1. Proiektuak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoei, pribatuei eta hitzartuei zuzenduta daude. Parte-hartzaileak DBHko 3. eta 4. mailako ikasleak izanen dira, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetakoak, hezkuntza-premia bereziak dituztenak barne, eta ezin izanen da kirol-praktikarako gaitasunetan oinarritutako murrizketarik egin.

6.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ezin izanen da ikaslerik baztertu hautapen-prozesuen ondorioz. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei proiektuan parte hartzeko aukera eman beharko zaie, hezkuntza-sistema normalizatuan integratu daitezen. Hori betetzen ez bada, dirulaguntza galduko da.

6.3. Talde guztiek ikastetxeko irakasleak izanen dituzte lagun, eta taldeak antolatzen lagunduko dute hori beharrezkoa den jardueretan eta ostatuetan. Otorduetan lagunduko dute, eta gauetan ordena eta ordutegiak betearazteaz arduratuko dira. Halaber, edozein arrazoirengatik programatu gabeko joan-etorriren bat egin behar duten ikasleei lagunduko diete, bai eta programaturiko jarduera guztietan ere.

6.4. Honako hau da irakasleen ratioa, proiektuan parte hartzen duten ikasle arrunten kopuruaren arabera:

TALDEA

GUTXIENEZ

15 arte

1

16tik 30era bitarte

2

30etik 50era bitarte

3

50etik 75era bitarte

4

75etik 100era bitarte

5

Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, taldearen beharren arabera ezarriko da ratioa.

7.–Ostatua.

Parte-hartzaile guztiek, hala ikasleek nola irakasleek, jardueraren lekutik ahalik eta hurbilen hartu behar dute ostatu. Gehienez ere 30 km-ra.

8.–Baliabide materialak eta azpiegiturak.

8.1. Heziketa- eta kirol-proiektuaren barnean egin beharreko jarduera bakoitzean aritzeko beharrezko eta berariazko material guztia jarriko dute enpresa onuradunek parte-hartzaile bakoitzaren eskura.

8.2. Material guztia behar bezala erabiltzeko moduan egonen da, eta onuradunen ardura izanen da hura konpondu edo ordeztea.

9.–Baimenak.

Deialdi honetako enpresa onuradunek bermatu behar dute legezko betebeharrak konplitzen direla heziketa- eta kirol-proiektuko jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.

10.–Laguntza teknikoa.

Entitate onuradunak beste enpresa batzuekin lankidetzan aritzen ahalko dira zerbitzuetako edozein egiteko: ostatua, mantenua, garraioa, lurreko eta uretako kirol-jarduerak, aisialdiko jarduerak, etab., I. eranskineko 17. oinarriarekin bat.

11.–Osasun-laguntza.

Parte-hartzaileentzako istripu-asegurua kontratatu behar dute enpresa onuradunek. Horretaz gainera, erantzukizun zibileko asegurua izan behar dute.

III. ERANSKINA

Baremoa

Balorazio-irizpideak.

Deialdi honetaz baliatu nahi duten enpresek aurkeztutako eskabideak barematzeko balorazio-irizpideak honako honetan oinarritzen dira:

1. Proiektuaren helburuak: 5 puntu, gehienez.

Ikasleen adinera eta ezaugarrietara egokituak: Puntu 1 heziketa- eta kirol-helburu bakoitzeko, ikasleen adinarekin eta ezaugarriekin bat.

2. Edukiak: gehienez, 40 puntu.

2.1. Kirol-jarduerak: gehienez, 15 puntu.

–2 puntu, eskainitako kirol-jarduera bakoitzeko.

–Askotarikoak eta zailtasun teknikoa mailakaturik dutenak:

  • Eskainitako kirol-jardueren multzoari 2 puntu arte: puntu 1 askotarikoak badira, eta puntu 1 zailtasun teknikoaren maila desberdinak badituzte.

2.2. Jarduera alternatiboak: gehienez, 15 puntu.

–2 puntu, jarduera bakoitzeko.

–Askotarikoak eta zailtasun teknikoa mailakaturik dutenak:

  • Eskainitako kirol-jardueren multzoari 2 puntu arte: puntu 1 askotarikoak badira, eta puntu 1 zailtasun teknikoaren maila desberdinak badituzte.

2.3. Jarduera osagarriak: gehienez, 10 puntu.

–2 puntu, jarduera bakoitzeko.

–Askotarikoak eta parte-hartzaileen adinetarako egokituak: 2 puntu, gehienez.

  • Eskainitako jarduera osagarrien multzoari 2 puntu arte: puntu 1 askotarikoak badira eta puntu 1 parte-hartzaileen adinera egokiturik badaude.

3. Antolaketa: 6 puntu, gehienez.

Monitoreen ratioa talde/jarduera bakoitzeko:

Monitore bat 5 parte-hartzaileko = 6 puntu.

Monitore bat 7 parte-hartzaileko = 4 puntu.

Monitore bat 9 parte-hartzaileko = 2 puntu.

4. Giza baliabideak.

–Proiektuaren koordinatzaileak enpresan duen lan-esperientzia. 10 puntu, gehienez. Puntu 1 urte bakoitzeko.

–Ematen dituen jardueretan monitore bakoitzak duen lan-esperientzia. 10 puntu monitore bakoitzeko, gehienez. Puntu 1 esperientzia-urte bakoitzeko.

–Monitore bakoitzaren titulazio osagarria, egiten dituen jarduerekin loturik: 10 puntu monitore bakoitzeko, gehienez. Puntu 1 titulazio osagarri bakoitzeko.

5. Proiektuaren iraupena: 5 puntu, gehienez.

–5 hilabetetik 6 hilabetera bitarte: 5 puntu.

–4 hilabetetik 5 hilabetera bitarte: 4 puntu.

–3 hilabetetik 4 hilabetera bitarte: 3 puntu.

–2 hilabetetik 3 hilabetera bitarte: 2 puntu.

–Hilabetetik 2 hilabetera: 1 puntu.

–Hilabete baino gutxiago: 0 puntu.

6. Parte-hartzaileen ostaturainoko distantzia: 10 puntu, gehienez.

(Ostatutik urrutien dagoen jarduera hartuko da erreferentzia gisa).

–Jardueratik 0-9 km-ra: 10 puntu.

–Jardueratik 10-20 km-ra: 7 puntu.

–Jardueratik 21-30 km-ra: 3 puntu.

7. Aukera-berdintasuna eta genero-ikuspegia: 10 puntu, gehienez.

–Emakumeen eta gizonen berdintasuna, proiektuko monitore kopuruari dagokionez. Bai: 2 puntu. Ez: 0 puntu.

–Baditu neurriak langileen laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko: Bai: 1 puntu. Ez: 0 puntu.

–Proiektuaren deskribapena genero-ikuspegia kontuan harturik: Bai: 1 puntu. Ez: 0 puntu.

–Parte-hartzearen datuak, sexuaren arabera banakatuta: Bai: 1 puntu. Ez: 0 puntu.

–“Berdintasuna enpresan” bereizgarria edukitzea (hori ematea eta erabiltzea arautzen du urriaren 26ko 1615/2009 Errege Dekretuak, irailaren 28ko 850/2015 Errege Dekretu bidez aldatuak). 5 puntu.

8. Enpresaren ziurtagiriak: 8 puntu, gehienez.

Ziurtagiri hauen jabe izatea:

–Kalitatearen Kudeaketarako Ziurtagiria: 2 puntu.

–Ingurumenaren Kudeaketarako Ziurtagiria: 2 puntu.

–Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Kudeaketarako Ziurtagiria: 2 puntu.

–Kudeaketa Sistema Integratuen Ziurtagiria: 2 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2108514