142. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

147/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 31koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez sari honetarako deialdia egiten baita: “Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren II. Saria”.

Departamentuari dagokio, beste eginkizun batzuen artean, gizarte berrikuntzaren arloko praktikak, esperientziak eta proiektuak bultzatzea eta zabaltzea; halaxe xedatu baita urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuan, zeinaren bidez ezartzen baita Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa.

Eskumen hori gauzatzeko asmoz, departamentuak, “Tomás y Lydia Recari García” Fundazioarekin elkarlanean, Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren Sariaren II. deialdia egin du, urtero deituko dena.

Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntza da gizarte beharrak asetzeko modu berrien multzoa, zeinak aurrekoak baino eraginkorragoak, efizienteagoak, jasangarriagoak, bidezkoagoak edota eraldatzaileagoak baitira.

Zenbait erakundek badituzte gure gizartearen erronkarik azpimarragarrienei aurre egiteko beharrezkoak diren aldaketak eragiteko produktuak, zerbitzuak edo ereduak. Produktu, zerbitzu eta eredu horiek, berritzaileak izateaz gainera, indartzen dute gizarteak berritzeko eta bere burua eraldatzeko duen gaitasuna. Sariaren II. deialdi honetan, publikoki aitortu nahi da erakunde horiek gizarte zerbitzuetako gizarte berrikuntzaren arloan egin duten lana.

Epaimahaiak balioetsiko ditu landutako gizarte erronkaren garrantzia, proiektuko helburuen munta eta egokitasuna, eta parte hartze zein ahalduntze prozesuen zabaltasuna eta sakontasuna. Kontuan izanen du, era berean, garatutako soluzioaren berritasun maila; hau da, ea zer alde dagoen haren eta hura baino ohikoagoak diren soluzioen artean, eta ea horiek nola hobetzen dituen efizienteagoa, bidezkoagoa, jasangarriagoa edo eraldatzaileagoa delako, hain zuzen.

Alde horretatik, epaimahaiak balioetsiko ditu bai lortutako emaitzak bai eta proiektuak, denborak aurrera egin ahala, gero eta eragin handiagoa izateko duen gaitasuna ere, hori guztia proiektuaren jasangarritasun soziala eta finantzazioa kontuan izanik.

Sariaren helburua da proiektuaren emaitzak eta irabazitako balio soziala zabaltzea eta jakitera ematea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. I. eranskineko oinarri arautzaileei jarraituz, sari honetarako deialdia egitea: “Nafarroako Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren II. Saria”.

2. 6.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: 910001 92100 2276 231004 partida, “Suspertu plana-Gizarte berrikuntzako proiektuak eta Europako proiektuak” izenekoa.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiaren Administrazio Aferetarako Bulegora, haren Kontabilitate Zentrora eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 31n.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehenbizikoa.–Xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren II. Sariaren helburua da saritzea Nafarroan gizarte zerbitzuak ematen dituzten erakundeak. Erakunde horiek erabili izanen dituzte zerbitzu, produktu edo eredu berriak, berrikuntzako eta gizartea eraldatzeko parte-hartze prozesuetan garatutakoak, horien bidez aurre egitearren gizarteko erronkaren bati edo batzuei.

Deialdi honen ondorioetarako, “gizarte berrikuntza” da ideia berriak sortzea eta ezartzea (produktuak, zerbitzuak eta ereduak) gizartearen erronkei aurre egiteko. Ideia horiek izanen dira aurrekoak baino eraginkorragoak, efizienteagoak, jasangarriagoak, justuagoak edo eraldatzaileagoak, eta pertsonak gonbidatzen dituzte horien garapenean parte hartzera; horrela, harreman berriak sortzen dira, eta herritarrak ahalduntzea errazten da. Sozialak dira, hala helburuei nola bitartekoei dagokienez.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Deialdi honetan Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen esparruan lan egiten duten entitate publiko eta pribatuek parte hartzen ahalko dute, irabazi-asmoa izan edo ez.

Hirugarrena.–Sariak.

6.000 euroko saria emanen zaio, eskudirutan, irabazten duen entitate irabazleari, eta beste bi sari, 1.000 eurokoak, finalista geratzen diren bi entitateei.

Laugarrena.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta baldintzak.

1. Eskabideak aurkezteko, nafarroa.eus egoitza elektronikoan eskura dagoen eredua erabiliko da.

2. Hautagaitzak aurkezteko epea 2021eko uztailaren 18an amaituko da.

3. Hautagaitzak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira edo, bestela, Eskubide Sozialetako Departamentuko erregistroan (González Tablas kalea 7, Iruña), honako honetara zuzenduta: Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atala (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia). Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz aurkez daitezke.

3. Behin hautagaitzak jasota eta horiek onartzeko epea itxita, antolatzaileek lehen hautaketa bat egiten ahalko dute, eta memoriak epaimahaiari igorriko dizkiote, hark erabaki dezan saria nori eman.

Bosgarrena.–Hautagaitzak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Hautagaitza bat aurkezterakoan, saria jaso dezakeen “proiektutzat” hartuko da erakundearen jarduera bat, zeinari esleitu baitzaizkio epe bat, aurrekontua eta profesional talde bat, denbora tarte jakin baterako, eta deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan hasi baita. Ez da hartuko “gizarte berrikuntzako proiektutzat” erakundearen ohiko jarduera, ezta erakundeak normalean garatzen dituen programak edota duela zenbait urtetik hona behin eta berriz garatzen dituenak ere.

2. Hautagaitza aurkezteko, nafarroa.eus egoitza elektronikoan eskura dagoen eskabide eredu normalizatua beteko da, behar bezala eta oso-osorik.

3. Hautagaitza horrekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Gizarte berrikuntzako proiektuari buruzko deskripzio memoria, nafarroa.eus egoitza elektronikoan dagoen eredu normalizatuari jarraikiz idatzia.

b) Aurkezten den gizarte berrikuntza erreproduzitu eta hedatzeko baimena, ziurtatua.

4. Ez dira onartuko sari honen lehen edizioan (2020. urtean egin zena) aurkeztu ziren hautagaitzak.

Seigarrena.–Epaimahaia.

1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

–Eskubide Sozialetako kontseilaria.

–“Tomás y Lydia Recari García” Fundazioko lehendakariordea.

–Hala gizartean nola berrikuntzaren eta gizarte zerbitzuen arloan izen ona duten hiru pertsona. Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia eta “Tomás y Lydia Recari García” Fundazioa ados daudela izendatuko dira mahaikide horiek, eta horietariko bat izanen da epaimahaiburua.

–Epaimahaiko idazkaria izanen da, hitza duela baina botorik ez, Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Ataleko burua. Atal hori dago Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusian.

Epaimahaiaren osaera jendaurrean jarriko da epaimahaiak hartutako erabakiarekin batera.

2. Epaimahaiaren funtzionamendua bat etorriko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean jasotako arauekin. Foru araudian xedatzen ez den orotan, berriz, aplikatuko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

3. Epaimahaiak hautagaiak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eskatzen ahalko dizkie parte-hartzaileei, eta hautagai diren entitateak “in situ” bisitatzen ahalko ditu.

4. Bidezko baderitzo, epaimahaiak aholkulari teknikoei deitzen ahalko die.

Zazpigarrena.–Balorazio irizpideak.

1. Saria emateko proposamena egiterakoan, epaimahaiak irizpide hauek aplikatuko ditu:

–Garrantzia:

Proiektuaren xede den erronka sozialaren inportantzia eta proiektuaren helburuen egokitasuna eta garrantzia.

–Parte-hartzea:

Proiektuan garaturiko parte hartzeko eta ahalduntzeko prozesuen hedapena eta sakontasuna.

–Berrikuntza:

Prozesuaren eta garatutako konponbidearen berrikuntza maila; hots, proiektua bera eta hura gauzatzeko era berritzaileak diren. Zenbateraino den desberdina eta hobea edo, bestela esanda, ohiko konponbideak baino efizienteagoa, bidezkoagoa, jasangarriagoa edo eraldatzaileagoa.

–Eragina:

Proiektuaren bidez lortutako emaitzak eta sorturiko balio soziala.

–Eraldaketa:

Proiektuak gizartean sortu duen egiturazko aldaketa, arazoaren kausetan eragina izan duena, eta ez soilik haren sintometan. Proiektuak bultzatu dituen aldaketak (harremanetan, gaitasunetan, botereetan, zereginetan, aurreiritzietan, oztopoetan...), denboran iraunen dutenak.

–Erreplikagarritasuna:

Proiektuak sortu duen gaitasuna bere inpaktua handiagoa izan dadin denboran aurrera egin ahala (haren diseinuari esker, irekia delako, elkarlanean aritu delako...), proiektua berriz garatzen ahal delako beste ingurune batean edota beste erakunde baten gidaritzapean (erreplikagarritasuna) edo hedatzen ahal delako (eskalagarritasuna).

–Iraunkortasuna:

Proiektuaren jasangarritasun soziala eta finantzarioa; hau da, era autosufizientean denboran iraun ahal izatea etengabean berariaz finantzatzen egon beharrik gabe.

–Generoa:

Nola eta zer mailatan hartu den kontuan eta landu den genero ikuspegia proiektuan.

–Ekitatea:

Nola eta zer mailatan hartu den kontuan eta landu den ekitatearen eta irisgarritasunaren sustapena, zentzu guztietan.

–Jasangarritasuna:

Ingurumenaren gainean sortu duen inpaktu positiboa.

–Koherentzia:

Proiektuaren guztizko koherentzia, haren atalen arteko lotura logikoa; hots, erronka sozialaren, helburuen, jardueren, baliabideen, emaitzen, zeharkako ikuspegien eta inpaktuaren arteko lotura.

2. Epaimahaiak hiru sari ematea proposatuko du:

–Lehen saria hautagaitza irabazlearentzat, hau da, hobekien baloratu denarentzat.

–Bigarren eta hirugarren postuetan baloratutako beste bi hautagaitzari bi sari, finalista gisa. Sariak ez du eginen bereizketarik bi horien artean.

Epaimahaiak saria eman gabe uzten ahalko du, haren iritziz ez badago merezimendu aski frogatu duen hautagaitzarik.

Zortzigarrena.–Ebazpena.

1. Epaimahaiak erabakia hartzen duen egunean emanen da aditzera erabaki hori.

2. Eskubide Sozialetako kontseilariak emanen du saria, foru agindu baten bidez. Interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, orok jakin dezan.

Bederatzigarrena.–Saria ematea.

Jendaurreko ekitaldi bakar batean entregatuko eta zabalduko da saria, Eskubide Sozialetako Departamentuak deialdia eginik 2021eko azken hiruhilekoan, eta gonbita eginen zaie epaimahaikideei eta hautagaitza aurkeztu duten erakunde guztiei.

Hamargarrena.–Betebeharrak onartzea.

Gizarte Zerbitzuetako Gizarte Berrikuntzaren II. Sarian parte hartzeak berekin dakar hura arautzen duten oinarri guztiak bere horretan onartzea.

Halaber, parte hartzea Gizarte Berrikuntzaren Saria entregatzeko eta zabaltzeko jardunaldietan, Eskubide Sozialetako Departamentuak antolatzen dituen horietan.

Hamaikagarrena.–Administrazioaren konpromisoak.

Sariketaren prozesuan parte hartzen dutenek konfidentzialtasuna gorde beharko dute haren nondik norakoez.

Eskubide Sozialetako Departamentuak, Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atalaren bitartez (Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari atxikia), informazioa emanen du deialdiaren oinarrien gainean, telefonoz nahiz posta elektronikoz.

Eskubide Sozialetako Departamentuak ahaleginak eginen ditu saria eta sariduna komunikabide arrunt eta espezializatuetan ezagutarazteko.

Hamabigarrena.–Gorabeherak eta ustekabeak.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiak ebatziko du gerta litezkeen gorabeherez eta oinarriotan ezartzen ez diren kasuez.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Sariaren gaineko ebazpena ematen duen foru aginduaren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2108962