142. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

110E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 24koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez modu partzialean onartzen baita Mendigorriko udal-mugartean zerramen ustiategi bat eta hondakin organikoen biometanizazio zentro bat hartzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera. Instalazioaren titularra Bioenergia Mendi SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 2321/2009 Ebazpenaren bidez emana, eta gero Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 30eko 150/2020 Ebazpenaren bidez aldatua.

2021eko urtarrilaren 13an ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko eskatu zuen titularrak. Eskatu zuen, zehazki, LER 190812 kodea duen hondakin berri bat sartzeko ingurumen baimen integratuaren IV. eranskinean ageri den kudeatutako hondakinen zerrendan: industria-uren tratamendu biologikoko lohiak. Horrez gainera, eskatu zuen digestatoaren osagaien analisiak hilean behin gabe sei hilean behin egiteko.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aurkeztu zaion eskaera aztertu du eta ondorioztatu du onargarria dela hondakin berria zerrendan sartzea; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin. Hala ere, uste da digestatoaren osagaien kontrola sei hilean behin egiten ahal dela, baina metal astunak detektatzeko baino ez.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 27. artikuluaren d) letrako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezkoa da ingurumen baimen integratuko baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, eta ez da beharrezkotzat jo aldaketa espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da 30 egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak. Titularrak, orobat, zenbait ohar aurkeztu ditu, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Modu partzialean onartzea Mendigorriko udal-mugartean zerramen ustiategi bat eta hondakin organikoen biometanizazio zentro bat hartzen dituen instalazioaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioaren titularra Bioenergia Mendi SL da.

Bigarrena.–Bioenergia Mendi SL eta Granja El Saso SL instalazio osorako balio duen ingurumen baimen integratu bakar baten titularrak dira eta horregatik baimen horretako baldintzak betetzearen erantzule solidario izanen dira, baita instalazioaren funtzionamenduak eragin ditzakeen ondorioena ere.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak ez betetzeak ingurumeneko diziplina neurriak hartzea ekarriko du, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartuak, IV. tituluan jasotako neurriak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Bioenergía Mendi SLri eta Mendigorriko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 24an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2108512