142. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko ekainaren 2an hartua, “Urdalurretik Irurtzunerako hornidura sarea, Satrustegi-Etxarren zatia” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Sakanako Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2020ko azaroaren 12an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zituen “Urdalurretik Irurtzunerako hornidura sarea, Satrustegi-Etxarren zatia” izeneko proiektua eta proiektuak berak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta orobat hasiera eman zion desjabetzeko prozedurari eta jendaurrean jarri zuen, hala egon zedin hamabost egunean.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2020ko 281. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 2koan, eta epe horretan ez da inolako alegaziorik egin.

Sakanako Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2021eko apirilaren 29an egin ohiko bilkuran, behin betiko onetsi zuen “Urdalurretik Irurtzunerako hornidura sarea, Satrustegi-Etxarren zatia” izeneko proiektua, eta erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea aldaketak ukitutako ondasun eta eskubideen presakotasuna deklaratzeko, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan xedaturiko ondorioetarako, kontsumoko ur-hornidura bermatu behar delako Zuhatzun, Etxarrenen, Ekain eta Arakilen, Foru Komunitateko, Espainiako eta Europar Batasuneko osasun eskakizunak betez, eta horrela saihesturik herritarrei banatzen zaien kontsumoko uraren kutsadura bakteriologikoaren ondoriozko eritasunak.

Bestalde, mankomunitate eskatzaileak igorritako espedientean jasota dago desjabetze-espedienteak dakartzan betebeharrei aurre egiteko adina funts baduelako egiaztapena.

Nafarroako Gobernuak, Sakanako Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. “Urdalurretik Irurtzunerako hornidura sarea, Satrustegi-Etxarren zatia” izeneko proiektuaren lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta honen aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Sakanako Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2021eko ekainaren 2an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2109131