141. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 17a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

21/2021 FORU AGINDUA, ekainaren 15ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatu eta aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Nafarroako Gobernuak, osasun agintaritza den aldetik azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaren indarrez, 2020ko ekainaren 19ko Erabakia hartu zuen, non ezartzen baita Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hori aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoa gehitzeko, osatzeko edo murrizteko neurriak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Eskumen horiek erabiliz, maiatzaren 9an, alarma-egoera bukatutakoan, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 9ko 13/2021 Foru Agindua onetsi zen, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori berretsi zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren maiatzaren 11ko 65/2021 Autoaren bidez, salbu eta Nafarroako Foru Komunitatean gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzea eta terrazen, janaria etxera eramateko zerbitzuen, kanpoko kirol-instalazioen, haurren jolastokien eta funtzio anitzeko aretoetako kanpoko espazioen ordutegia murriztea.

Foru agindu hori maiatzaren 14ko 16/2021 Foru Aginduak aldatu zuen, zeinean ostalaritzarako neurriak malgutzen baitziren, barnealdeak ireki ahal izateko, zenbait aukera eta baldintzarekin.

Maiatzaren 18an onetsi zen Osasuneko kontseilariaren 17/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren maiatzaren 19ko 71/2021 Autoaren bidez, foru agindu hori oso-osorik baimendu zen, salbu eta gurtza-lekuetako edukiera %30era mugatzeari dagokionez. 17/2021 Foru Agindua Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 27ko 18/2021 Foru Aginduak aldatu zuen gero, zenbait neurri malgutzearekin batera, besteak beste ostalaritzako establezimenduak, bingoak, joko aretoak eta antzekoak irekitzeko ordutegiak, baita funtzio anitzeko zentroak irekitzekoak ere. Edukierak handitu ziren kultur jardueretan, eta baldintza zehatzak ezarri zinemetan edateko eta jateko. Alkohola saltzeko debekuaren ordutegia ere aldatu zen: 22:00etatik 8:00ak arte.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren bidez, neurri berriak hartu ziren malgutasunaren bidetik segitzeko, baina ongi kontrolatuta eta pixkanaka, egoera sendotuz joan dadin; horrekin batera, neurriak malgutzeak intzidentzian dituen ondorioak eta txertoek eremu asistentzialean dituenak monitorizatu beharra ezartzen zen. Malgututako neurrietako batzuk edukierari buruzkoak ziren, hala nola, azalera ertain eta handiko merkataritza-guneetan, jarduera fisikoan eta kirolean aritzen diren taldeetan, eta jostetarako igerilekuetako kanpoaldean. Arautu ziren, halaber, gazteentzako kanpaldietako osasun neurri batzuk. Halaber, mantendu ziren aurrekoetan malgututako neurriak, edukierari eta ordutegiei dagozkienak, ostalaritza eta jatetxeetan, funtzio anitzeko zentroetan eta bingo eta joko aretoetan eta antzekoetan, bai eta kultur jardueretako edukierari eta ordutegiei dagozkienak ere. Azkenik, erlijioen arloa ere arautu zen, pertsonen arteko distantzia, 1,5 metrokoa, edo pertsonako 2,25 metro koadroko azalera gordetzeko beharra ezarriz. Foru agindu hori osorik baimendu zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren ekainaren 3ko 82/2021 Auto judizialaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, intzidentzia metatua 14 egunean eta 7 egunean, hurrenez hurren, 100.000 biztanleko 123,92 kasukoa eta 54,93 kasukoa da, 2,26ko ratioarekin.

Kasu kopurua 21. astean pixka bat igo ondoren, azken bi aste hauetan egoera egonkortu egin da, beheranzko joera apalarekin. Ospitaleratze eta heriotza kopurua maila baxuan dago, azken asteetan behera egin ondoren. Kezkagarria da gero eta handiagoa dela nagusi den aldagai britainiarraz bestelako aldagai berrien presentzia, eta horietan dagoen mutazioak immunitateari gehiago ihes egiten diola.

Txertaketa bizi samar doa aurrera, eta momentu honetan 16 urtetik gorako biztanleriaren %34,4k pauta osoa dauka. Nolanahi ere, oraindik bidea dugu egiteko, biztanleriaren %70ek txertaketaren pauta osoa izan dezan lortu arte gutxienez. Txertaketak eraginkortasun handia du, eta nabarmena da Nafarroan gertaera larriak prebenitzeko orduan duen inpaktua.

Edonola ere, txostenean adierazten da, azkenik, garrantzitsua dela zuhurtziaz jokatzea prebentzio neurriak mantentzeko eta malgutzeko orduan, egoera horri eusten jarraitu ahal izateko.

Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzailearen txostenak dioenez, alarma egoera bukatu eta neurriak malgutu ondoren maiatzaren 9an, maiatzaren 24ko astean atzeman da kasuek gora egin dutela eta horren ondorioz pixka bat igo zirela ospitaleratze kasuak, hala ospitaleratze arruntak, nola ZIUetakoak.

Azken bi asteetan kasu kopurua eta positibotasuna beheranzko joerarekin mantendu dira.

Ospitaleetan, larrialdietako jarduna jaitsi egin da azken astean. Ospitaleratzea eta ZIUetan sartzea behar duten kasuak ere jaitsi dira, kasu positiboen kopurua gutxitu delako. Ospitaleetan COVID-19agatik hildakoen kopuruak txikia izaten jarraitzen du.

Aipatutako bilakaeraren ondorioz, nabarmen jaitsi da COVID-19agatik ospitaleratuta jarraitzen duten pertsonen kopurua, eta horri esker pertsona horiek artatzeko eskura diren ohe kopurua murriztu ahal izan da. Oraindik ere maila handi samarretan dagoen adierazle bakarra ZIUetan ospitaleratuta dauden pertsonen kopurua da.

Bi faktore ari dira oraindik ere pandemiaren bilakaera aldatzen, nagusiki. Alde batetik, gero eta herritar gehiago txertatzeak egoera hobetzen du, zenbat txerto gehiago hartu, orduan eta babes handiago hartzen baitu biztanleriak lehen ospitaleratzeko arrazoi ziren SARS-CoV-2aren infekzio larrien aurka. Aldiz, sozializazio handiagoak eta babes-arauak eta autobabeserako neurriak laxatzeak egoera okertzen ahal dute; izan ere, ondorioak izaten hasi dira andui berrien zirkulazioari dagokionez. Horrek infekzio kopuruan eta baliabide asistentzialetan eragin okerra sortzeko arriskua dakar, baldin eta txertaketari eta immunitate naturalari ematen zaien erantzuna kolokan jartzen bada.

Testuinguru honetan, txostenak ondorioztatzen du prebentzio komunitarioko neurriak mantendu behar direla, helburu hauekin: galga jartzea aldagai berriak sartzeari eta zabaltzeari, kutsatzeak ugaltzeko eta ospitaleratze arruntak eta ZIUetakoak eragiteko ahalmen handiagoa baitute, eta denbora irabaztea txertoen bidez biztanle zaurgarrienak babesteko eta halako immunitate maila bat lortzeko, kutsatzeak ugaltzea mugatzeko modukoa.

Horiek horrela, bidezkoa da malgutasunaren bidetik pixkanaka segitzea neurriak arrisku maila ertainera egokitzeko, horixe baita Nafarroako Foru Komunitatean une hauetan dagoen egoera. Ildo horretan, neurriak malgutzen dira honako arlo hauetan: ostalaritza, jatetxe zerbitzuak eta ospakizunak; ostatuak eta aterpetxeak; irakaskuntza ez-arautua; liburutegiak eta artxiboak; kirola, igerilekuak, monumentuak, erakusketak eta museoak; bingoak eta joko-, apustu- eta jolas-aretoak; erabilera anitzeko espazioak eta elkarte gastronomikoak eta peñak.

Neurri horiek guztiek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren 2. eta 3. artikuluetan xedatutakoa dute arau-oinarri, non xedatzen baita osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea Osasuneko kontseilariak ekainaren 1ean emandako 19/2021 Foru Aginduko neurriak, baldintza berdinetan, salbu eta haren lehen puntuko 3., 4., 5., 8.2, 12., 13., 14.4, 16., 18., 19.1, 24., 25. eta 26. apartatuak, horiek aldatzen baitira. Foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 3. apartatua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“3.1. Establezimenduen barnealdeak.

3.1.1. Oro har:

a) Kontsumoa baimentzen da taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxeen lizentzia duten establezimenduetan, baimendutako gehieneko edukieraren %50ean.

b) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Kontsumitzaileek barrak erabiltzen ahalko dituzte edariak eskatu eta jasotzeko.

c) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

d) Mahaiaren edo mahaien inguruan ezin izanen dira lau pertsona baino gehiago elkartu. Salbuespen gisa, gehienez ere sei lagun elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 70 cm-ko segurtasun-tartea bermatzen badute pertsonen artean.

e) Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, kartelak jarri beharko dira, gutxienez ere DIN A3 tamainakoak, eta horietan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

f) Establezimenduek kartelak jarri beharko dituzte toki nabarmenetan, bezeroek birusaren transmisioa saihesteko bete beharreko neurri orokorrak adierazteko (distantzia, eskuen higienea eta maskara).

g) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

h) Ahal dela, gomendatzen da establezimenduek berezko aireztapena izatea, edo mekaniko behartua, airearen birzirkulaziorik gabe. Gomendatzen da, halaber, ahalik eta gehien aireztatzea eta airearen kalitatea neurtzea, CO2aren neurgailuen bidez. CO2aren kontzentrazioa milioiko 800 partetik gorakoa denean, gomendatzen da aireztapena handitzea edo jende kopurua gutxitzea, adierazle horretatik behera jaitsi arte.

i) Ostatuen barnealdeak 24:00etan itxiko dira beranduenez.

3.1.2. Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez.

Aurreko puntuan ezarritako edukiera-muga ez zaie aplikatuko taberna berezi, ikuskizunetarako kafe, taberna, kafetegi eta jatetxeen lizentzia duten establezimenduei, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

b) Mahai bakoitzean gehienez 6 pertsona egotea eta mahaikideen artean gutxienez 70 cm egotea.

c) Jantokiko lokalak aireztapen egokia izatea.

d) CO2 neurgailua izatea eta CO2aren kontzentrazioa inoiz ez izatea 800 ppm-tik gorakoa.

e) Kartelak toki nabarmenean izatea, bezeroek birusaren transmisioa saihesteko bete behar dituzten neurri orokorrak (distantzia, eskuen higienea eta maskara) adierazteko.

f) Trazabilitatea bermatzeko neurri egokiak hartzea, behar denean bezeroekin harremanetan arin jartzeko, bazkarien eta afarien zerbitzuetan.

g) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Kontsumitzaileek barrak erabiltzen ahalko dituzte edariak eskatu eta jasotzeko.

h) Puntu honetan jasotako establezimenduek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute baldintzak betetzen dituztela adierazteko, bai eta establezimenduaren fitxa teknikoa ere. Bi dokumentuak foru agindu honen eranskinetan daude. Izapidea sinplifikatzeko, nahikoa da inprimaki digital bateratu hau betetzea eta bidaltzea. Turismoko webgunearen lanbide-arloan ere eskuratu ahal izanen da. Inprimakia ez da paperean entregatuko Nafarroako Gobernuaren erregistro-bulegoetan; online bidali behar da. Behin inprimakia bidalita, establezimendua ireki ahal izanen da, administrazioaren baimena jaso beharrik izan gabe.

i) Barnealdeak 24:00etan itxiko dira beranduenez.

3.2. Kanpoaldeak.

3.2.1. Baimentzen da Nafarroako Foru Komunitatean taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten establezimenduek eremu publikoan dituzten aire zabaleko terrazak irekitzea.

Foru agindu honen ondorioetarako, aire zabalean dauden terrazak honakoak dira: eremu estalia edo estali gabea, aldeetan gehienez ere bi hormak, paretak edo paramentuk inguratua, baldin itxitako azalera bada aldeko perimetroaren %50 edo hori baino txikiagoa (perimetro horren barnean da eraikinaren fatxada, terraza atxikirik duena).

Ez dira paramentutzat hartzen espazio fisikoak mugatzeko erabiltzen diren eta airearen zirkulazio librea ahalbidetzen duten elementuak, finkoak nahiz mugikorrak, altuera edo bolumen gutxikoak (gehienez ere metro batekoak).

Lehendik dauden eta baimenduta dauden terrazetan ez dira paramentutzat hartuko garaiera handiagoko elementuak, finkoak edo mugikorrak, baldin eta ez badira 1,60 metrotik gorakoak.

3.2.2. Terrazak baldintza hauek betez irekiko dira:

a) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

b) Establezimenduetako titularrek seinaleak egin beharko dituzte lurrean, mahaiak kokatu behar diren tokietan, segurtasun tartea errespetatze aldera.

c) Mahai bakoitzaren bueltan, gehienez ere, lau pertsona egonen dira. Salbuespen gisa, gehienez ere sei pertsona elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 70 zentimetroko segurtasun-tartea bermatzen badute pertsonen artean. 70 cm baino gutxiagoko aldea edo diametroa duten mahaien edo upelen bueltan gehienez ere bi pertsona egonen dira eta, kasu guztietan, eserita.

d) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa.

e) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

f) Terrazetan debekatuta egonen da erretzea 2 metroko segurtasun-tartea gordetzea bermatzerik ez badago.

3.2.3. Toki-erakundeei gomendatzen zaie aukerak azter ditzatela aire zabaleko terrazarako eremuak handitzeko, baina beti bermatu beharko da mahaien arteko eta pertsonen arteko segurtasun-tartea”.

Hirugarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 4. apartatua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“4.–Hotelak eta ostatu turistikoak.

4.1. Hoteletako eta ostatu turistikoetako eremu komunetan, okupazioak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %60, eta uneoro mantendu beharko da 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean.

4.2. Hoteletako eta ostatu turistikoetako kirol-instalazioei dagokienez (adibidez, igerilekuak eta gimnasioak), instalazio horietarako berariazko neurriak aplikatu beharko dituzte”.

Laugarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 5. apartatua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“5.–Aterpetxeak.

5.1. Aterpetxeen modalitateko ostatu turistikoetan, baldin eta logeletan literak badaude eta, beraz, ezin bada pertsonen arteko gutxieneko segurtasun tartea gorde, okupazioaren muga baimenduriko gehieneko edukieraren %40 izanen da.

5.2. Pertsonen arteko gutxieneko segurtasun tartea bermatzea ahalbidetzen duten oheak dituzten logelak edo logela bereiziak dituzten aterpetxeetan, okupazioaren muga baimenduriko gehieneko edukieraren %60 izanen da.

5.3. Establezimenduaren titularrek antolamendu neurri batzuk ezarriko dituzte, egokiak direnak pilaketak saihesteko eta barnealdean pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzen saiatzeko. Bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk ezarriko dituzte bezeroak elkarrengandik zein langileengandik behar bezala babesteko, maskara janztea ekarriko dutenak.

5.4. Establezimenduan jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzuak foru agindu honetan establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu”.

Bosgarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 8.2 apartatua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“8.2. Ezkontza, bataio, jaunartze eta bestelako ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibiletan, zeremoniaren ondotik ospakizunak egiten badira, muga hauek izanen dira:

8.2.1. Baldin eta foru agindu honen 3.1.1 puntuan ezarritakoa aplikatu behar bazaie, establezimenduek 50 pertsonako muga izanen dute barnealdean eta 100 pertsonakoa kanpoaldean ospakizunerako, eta, nolanahi ere, foru agindu honen puntu horretan jasotako neurriak errespetatu beharko dituzte. Ulertzen da muga hori establezimenduko ospakizun bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude.

Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

8.2.2. Baldin eta foru agindu honen 3.1.2 puntuan ezarritakoa aplikatu behar bazaie, establezimenduek 75 pertsonako muga izanen dute barnealdean eta 150 pertsonakoa kanpoaldean edo terrazetan ospakizunerako, eta, nolanahi ere, foru agindu honen puntu horretan jasotako neurriak errespetatu beharko dituzte. Ulertzen da muga hori establezimenduko ospakizun bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude.

Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea”.

Seigarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 12. apartatua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“12.–Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentroak, eta prestakuntza zentroak.

Autoeskola eta irakaskuntza ez-arautuko zentroetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta gainditzen ez bada baimendutako gehieneko edukieraren %60 eta bermatzen bada 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean.

Akademiak, autoeskolak, irakaskuntza ez-arautuko ikastetxeak eta prestakuntza zentroak 22:00etan itxiko dira, beranduenez”.

Zazpigarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 13. apartatua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“13.––Liburutegiak eta artxiboak.

13.1. Liburutegiek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina okupazioak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %60.

13.2. Sustatuko da erabiltzaileek zerbitzuak telematikoki erabiltzea.

13.3. Liburutegi eta ludoteketan haurrentzako jarduerak egiten ahalko dira, gehienez ere hamazortzi partaideko taldeetan.

13.4. Artxiboek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina gehieneko okupazioak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %60.

13.5. Establezimenduek 24:00etan itxi beharko dute beranduenez”.

Zortzigarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 14.4 apartatua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“14.4. Lehiaketa ez-profesionalak eta kirol-ekitaldiak ikusleekin egiten ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %50. Instalazio itxietan, 300 lagun joaten ahalko dira gehienez publiko gisa, eta beti errespetatu beharko dira 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean eta maskararen erabilera egokia.

Lehiaketa ez-profesionalen eta aire zabaleko instalazioetan egiten diren kirol-ekitaldien kasuan, 600 lagun joaten ahalko dira gehienez publiko gisa, eta beti errespetatu beharko dira 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean eta maskararen erabilera egokia.

Barrualdean 300 pertsona baino gehiago eta kanpokoetan 600 pertsona baino gehiago biltzen dituzten jardueretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da.

Nolanahi ere, debeku da jatea eta edatea kirol-lehiaketa eta -ekitaldietan”.

Bederatzigarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 16. apartatua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“16.–Igerilekuak.

16.1. Aisialdiko igerilekuetan edukieraren %60eko muga gorde beharko da, hala haietara sartzeko nola aisialdiko jardueretan bertan.

Igerilekuetako berdeguneetan gehienez ere egon daitezkeen pertsonen kopurua honela kalkulatzen da: pertsonako 4 metro koadro.

16.2. Baimenduta dago aldagelak eta dutxak erabiltzea. Erabilera kolektiboko dutxak edukiaren %50 errespetatuta erabiltzen ahalko dira, eta ezin izanen dira erabili alboko dutxak.

16.3. Nafarroako Kirolaren Institutuak arautuko du kirol-jardueretarako igerilekuen erabilera.

16.4. Igerilekuak 22:00etan itxiko dira, beranduenez”.

Hamargarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 18. apartatua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“18.–Monumentuak, erakustaretoak eta museoak.

18.1. Museoetan eta erakustaretoetan egiten diren jardueretan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %60 eta, kasu guztietan, 300 pertsona sartuko dira gehienez ere.

18.2. Inaugurazioak eta ekitaldi sozialak egiten ahalko dira, baldin eta jatetxe zerbitzurik ez badago, eta segurtasun-tarteak bermatzen ahal badira. Edukiera %60ekoa izanen da, eta jarlekuak aurretik esleituko dira. Jarduera zutik egiten bada, edukiera irizpide honi jarraikiz kalkulatuko da: 3 metro koadro pertsonako.

18.3. Bisita edo jarduera gidatuak gehienez ere hamazortzi pertsonako taldeetan eginen dira barnealdean direnean, eta hogeita bostekoak izaten ahalko dira kanpoaldean.

18.4. 24:00etan itxi beharko dute beranduenez”.

Hamaikagarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 24. apartatua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“19.1. Zinema-areto, antzoki, auditorium, karpadun zirko eta antzekoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute aurretik esleitutako eserlekuak erabilita, baldin eta gainditzen ez bada areto bakoitzean baimenduriko gehieneko edukieraren %60, eta, kasu guztietan, 300 pertsona sartuko dira gehienez ere. 24:00etan itxiko dira beranduenez”.

Hamabigarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 24. apartatua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“24.–Bingoak, eta joko-, apustu- eta jolas-aretoak.

24.1. Bingoek eta joko-, apustu- eta jolas-aretoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute, baldin eta ez bada gainditzen baimenduriko edukieraren %50.

24.2. Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, kartelak jarri beharko dira, gutxienez ere DIN A3 tamainakoak, eta horietan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

24.3. Establezimendu horiek 24:00etan itxiko dira.

24.4. Edatekoak edo jatekoak emateko zerbitzua baldin badute, bezeroendako soilik, foru agindu honen 3. puntuan ezarritako arau berariazkoak aplikatuko zaizkie”.

Hamahirugarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 25. apartatua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“25.–Ekitaldietarako erabilera anitzeko espazioak dauzkaten establezimenduak.

25.1. Erabilera anitzeko espazioak alokatzen dituzten establezimenduek Gobernuaren 2020ko ekainaren 19ko Erabakian ezarritako higiene eta prebentzio arauak bete beharko dituzte, baita ondoren emandako araudian ezarritakoak ere.

25.2. Ospakizunak egiten badira establezimendu hauetan, errespetatu beharko dira pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-tarteak gordetzeko neurriak, eta ez dira behin ere 50 pertsona baino gehiago izanen barnealdean, eta 100 pertsona gehienez kanpoaldean. Ulertzen da muga hori ospakizunetan ari den talde bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude. Edonola ere, ospakizun horietan ez da gaindituko edukieraren %50 establezimenduen barnealdean. Halaber, ostalaritza eta jatetxe jarduerarako baldintzak bete beharko dituzte, 3.1.1 puntukoak.

Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

25.3. Lokalaren barruan, kontsumoa eserita egiten ahalko da soilik, mahai batean edo mahai batzuk elkartuta.

25.4. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

25.5. Lokalean ez da dantzalekurik baimenduko.

25.6. Establezimendu horiek 24:00etan itxiko dira.

25.7. Establezimendu horiek aireztapen natural edo mekaniko behartua izan beharko dute, airearen birzikulaziorik gabea, eta CO2aren neurgailua; CO2aren kontzentrazioa ez da inoiz izanen 800 ppm-tik gorakoa.

25.8. Kartelak toki nabarmenean izanen dituzte, bezeroek birusaren transmisioa saihesteko bete behar dituzten neurri orokorrak (distantzia, eskuen higienea eta maskara) adierazteko.

25.9. Trazabilitatea bermatzeko neurri egokiak hartuko dira, behar denean bezeroekin harremanetan berehala jartzeko.

25.10. Puntu honetan aipatzen diren establezimenduek aurkeztu beharko dituzte gorago adierazitako baldintzak betetzen dituztela dioen erantzukizunpeko adierazpen bat eta establezimenduaren fitxa teknikoa (behar dena beteko da), foru agindu honen III. eranskinean dagoena. Bi dokumentu horiek honako helbide elektronikora igorri behar dira: comunicaciones.sgtsalud@navarra.es”.

Hamalaugarrena.–Osasuneko kontseilariaren ekainaren 1eko 19/2021 Foru Aginduaren lehen puntuko 26. apartatua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“26.–Elkarte gastronomikoak eta peñak.

Elkarte gastronomikoak eta peñak irekita egoten ahalko dira, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Establezimenduen barnealdeko edukiera gehienez baimendutakoaren %40 izanen da.

b) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Barrak janari-edariak eskatu eta jasotzeko erabiliko dira.

c) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

d) Mahaiaren edo mahaien inguruan ezin izanen dira lau pertsona baino gehiago elkartu. Salbuespen gisa, gehienez ere sei lagun elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 70 cm-ko segurtasun-tartea bermatzen badute pertsonen artean.

e) Ongi ikusteko moduko tokietan jarriko dira kartel batzuk, informazioa emanez osasun agintariek gomendatzen dituzten higiene prozedurei buruz, eta adieraziz denen laguntza behar dela antolaketarako nahiz higienearen arloan hartu diren neurriak betetzeko.

f) Lokalen sarreran, kartelak jarri beharko dira, ongi ikusteko moduan, gutxienez ere DIN A3 tamainakoak, eta horietan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

g) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da maskara behar bezala erabiltzen dela.

h) Ahal dela, gomendatzen da lokalek aireztapen naturala izatea, edo mekaniko behartua, airearen birzirkulaziorik gabe. Gomendatzen da, halaber, ahalik eta gehien aireztatzea eta airearen kalitatea neurtzea, CO2aren neurgailuen bidez. CO2aren kontzentrazioa milioiko 800 partetik gorakoa denean, gomendatzen da aireztapena handitzea edo jende kopurua gutxitzea, adierazle horretatik behera jaitsi arte.

i) Erabiltzaileen esku jarriko dira gel hidroalkoholikoak edo birusak hiltzeko ahalmena duten desinfektatzaileak, Osasun Ministerioak baimendu eta erregistratuak.

j) Beren lokaletan egiten diren jardueretan beteko dituzte foru agindu honetan, jarduera bakoitzerako atalean, xedatutakoa.

k) Edukiera kontrolatzeko sistema bat izan beharko da, lokalean sartzen diren pertsonak zenbatzeko. Hala ere, ezin izanen da gainditu edukieraren %40.

l) Lokal horiek ireki baino lehen, erantzukizunpeko adierazpena edo aktaren kopia igorri beharko dute Osasun Departamentura, osasun arloan indarrean dagoen araudia betetzeko konpromisoaren akordioa adierazten duena, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartu beharreko prebentzio neurriei dagokienez. Dokumentazio hori ondoko helbide elektronikora bidali behar da: comunicaciones.sgtsalud@navarra.es”.

Hamabosgarrena.–Gogoratzen da ezen, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduaren arabera (foru agindu horren bidez, prebentzio neurriak hartu ziren maskara erabiltzeari dagokionez COVID-19ak eragindako osasun krisian Nafarroako Foru Komunitatean), baimenduta dagoela kanpoaldeko zenbait jarduera maskararik gabe egitea, hala nola honako hauek: kirol jarduerak, baldin eta pertsonen arteko segurtasun tartea bermatzen ahal bada; bainua hartzen den bitartean, igerilekuetan edo bainurako gaitutako beste toki batzuetan, edo eguzkitan etzanda egoten den bitartean, baldin eta pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzen bada; biziguneetatik kanpo egiten diren naturari loturiko jarduerak, hala nola mendi-ibiliak, eskalada, mendi-igoerak, txirrindularitza eta antzekoak, baldin eta pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun tartea bermatzen ahal bada.

Hamaseigarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2021eko ekainaren 18tik uztailaren 1era arte, bi egunak barne, eta, egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Hamazazpigarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru aginduari berrespen judiziala emateko behar den tramitazioa egin dezan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Hemezortzigarrena.–Foru agindu honek 2021eko ekainaren 18an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko ekainaren 15ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2109648