140. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERBINTZANA

Autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoaren edota eolikoaren instalazioak arautzen dituen Ordenantzaren behin betiko onespena

Berbintzanako Udalak, 2020ko abenduaren 29an egindako bilkuran, autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoaren edota eolikoaren instalazioak arautzen dituen Ordenantzari hasierako onespena ematea erabaki zuen.

Espedientea jendaurrean jarri da hogeita hamar egun balioduneko epean eta 2021eko otsailaren 25eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (43. zenbakia) argitaratu da. Ez da horri buruzko erreklamaziorik, eragozpenik edo oharrik jarri, eta, beraz, hasierako onespen akordioa behin betiko bihurtu da eta argitaratu egin da behar diren ondorioak izan ditzan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, argitara ematen da aipatutako Ordenantzaren testu osoa.

Berbintzana, 2021eko apirilaren 30a.–Alkatea, Ángel Díez Asenjo.

AUTOKONTSUMORAKO EGUZKI ENERGIA FOTOVOLTAIKOARI EDOTA EOLIKOARI BURUZKO ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

1.–Isuriak 2030erako murrizteko helburuak 2014ko urriko Kontseilu Europarraren Ondorioetan jasota daude. Ondorio horietan, 2021-2030 aldiko Energia eta Klima Aldaketari buruzko Politika Esparrua onartu zen (“2030 esparrua”) energiaren eta klima aldaketaren pakete europarrari jarraipena ematearren. Hauek dira 2030 esparruaren helburu nagusiak:

–Berotegi efektuaren gasen isurketa % 40 murriztea 1990eko mailen aldean.

–Jatorri berriztagarriaren % 27 lortzea energia kontsumoari dagokionez.

–Energia efizientzia % 27 hobetzea.

2.–Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Autokontsumoa izapidetzeko gidan adierazten duenaren arabera, toki administrazioak zeregin erabakigarria betetzen du autokontsumorako instalazioak izapidetzeko garaian; horregatik gomendatzen dute udalek beren eskumeneko baimenak emateko izapideak erraztea, hori eginez gero beren udalerrietan autokontsumorako instalazioak jartzea erraztuko baitute.

Beraz, ordenantza eredu honek udal erregulazio bat ezartzen du, zeinak autokontsumorako instalazioak toki eremuan ezartzea sustatzen duen, energia berriztagarriaren sorrera bultzatuz. Eta hori helburu horretarako hirigintza lizentziak izapidetzeko beharrezkoak diren eskakizunetan argitasuna eskainiz eta, aldi berean, laguntzak aurreikusiz udal eremuan.

3.–Ordenantza honek bi helburu ditu. Alde batetik, udalaren esku-hartze erregimena ezartzea autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoa ekoizteko instalazioak sustatzeari dagokionez, eta instalazioak erantzukizunpeko adierazpenen erregimenaren eraginpean jartzea uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutako Lurralde antolamenduari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 192-1-b) eta e) artikuluan xedatutakoaren babesean (II. titulua).

Bestalde, mota horretako instalazioen sustapena bultzatzeko helburua duten laguntza ekonomikoen erregimena zehazten da (III. titulua). Laguntza horien barnean, bi mota bereizten dira: lehenik eta behin, dirulaguntzen erregimena pizgarri ekonomiko gisa aipatzen da, eta, bigarrenik, eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergan zerga hobari bat aplikatzea. Lehenengo kasuan, dirulaguntzen erregimenaren arau esparrua azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra da; eta bigarren kasuan, aldiz, araututako zerga hobaria aitortzeko lege aukera dagokion araudian xedatutakoaren babesean antolatuko da.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoa eta energia eolikoa ekoizteko ondasun higiezinetan egiten diren instalazioak, sarera soberakinekin konektatuak edo isolatuak, sustatzeko jarduketen gaineko udalaren esku-hartzea arautzea, betiere instalazioen potentzia nominala 10 kW-koa edo hori baino txikiagoa bada.

Aurreko paragrafoan aipatu diren jarduketen sustapena bultzatzea helburu duten laguntza ekonomikoen erregimena ere arautzen du.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza hau aplikatzearen ondorioetarako, hona zer diren:

–Autokontsumoa: Kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazioetatik datorren energia elektrikoaren kontsumitzaile batek edo batzuek egiten duten kontsumoa. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Sarera konektatutako instalazioa: Kontsumitzaile baten sarearen barnean konektatutako generazio-instalazioa, sarera konektatzeko azpiegiturak kontsumitzaile batekin partekatzen dituena edo kontsumitzaile horrekin zuzeneko linea baten bitartez lotuta dagoena eta garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa duena edo eduki dezakeena noiz edo noiz. Garraio sarera edo banaketa sarera zuzenean lotuta dagoena ere sarera konektatutako generazio instalaziotzat hartuko da. (244/2019 ED, 3. artikulua).

–Instalazio isolatua: Garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa izateko gaitasun fisikorik ez duena inoiz, ez zuzenean, ez zeharka norberaren edo besteren instalazio baten bitartez. Saretik etengailuen edo gailu baliokideen bitartez deskonektatutako instalazioak ez dira isolatutzat hartuko errege dekretu honen aplikazioak ondorioak izan ditzan. (244/2019 ED, 3. artikulua)

Autokontsumo modalitatea soberakinekin: Modalitate horietan, kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazioek autokontsumorako energia hornitzeaz gain, soberako energia sartzen ahalko dute garraio eta banaketa sareetan. (244/2019 ED, 4. artikulua)

–Potentzia nominala: Inbertsorearen gehieneko potentzia izanen da, edo, bestela, inbertsoreen gehieneko potentzien batura.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua sarera (soberakinekin edo isolatuta) konektatutako autokontsumorako instalazioak da, 10 kW-ko edo hori baino txikiagoko potentzia nominaleko eguzki energia fotovoltaikoa edota energia eolikoa dutenak eta Berbintzanako udal-mugartean kokatutako edozein ondasun higiezinetan kokatuta daudenak.

4. artikulua. Udalaren baliabide ekonomikoak.

Ordenantza honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoei aplikatuko zaizkien baliabide guztiak udal aurrekontuetan onartzen direnak izanen dira.

II. TITULUA

Administrazioaren esku-hartzea

5. artikulua. Administrazioaren esku-hartzearen araubidea.

Ordenantza honetan aipatzen den eguzki energia fotovoltaikoa ekoizteko jarduketen sustapena erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotuta egonen da.

6. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren aurkezpena eta ondorioak.

1.–Instalazioa egin aurretik erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da Berbintzanako Udalean. Adierazpen horretan, dokumentazio hau jasoko da, gutxienez:

a) Berbintzanako Udalaren eredu edo eskabide normalizatuaren araberako erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek gutxienez jasoko dituena: pertsona edo erakunde sustatzailearen eta eraikuntzako gainerako agenteen nortasunaren egiaztapena, instalazioaren kokalekua, higiezinaren katastro-erreferentzia eta higiezinaren tipologia (familia bakarreko etxea, familia anitzeko etxea, pabiloi industriala...), aurrekontua BEZik gabe, instalazioaren potentzia nominala...

b) Instalazioei buruzko proiektu teknikoa, baloratutako memoria edo instalazioen deskripzio agiri teknikoa, aplikatu beharreko araudi teknikoak eskatzen duena.

c) Instalazioaren aurrekontu xehatua. Aurrekontu honen azken balioa (BEZik gabe) eraikuntzen eta obren gaineko zerga (EOZ) kalkulatzeko zerga oinarria izanen da.

d) Obra hasteko aurreikusitako data eta hondakin hustuketarekin (baldin eta sortzen badira), ingurumen-arloko alderdiekin eta bide publikoaren erabilerarekin lotutako neurriak adieraztea.

e) Instalazioak egikaritu aurretik beharrezkoa izanen den beste edozein baimen (funtsezkoa edo sektoriala).

2.–Erantzukizunpeko adierazpenak eskubide bat aitortzea edo erabiltzea ahalbidetuko du, Administrazio Publikoek esleituta dituzten egiaztapen, kontrol eta ikuskapen ahalmenak alde batera utzi gabe. Ondorio guztietarako, pertsona edo erakunde interesduna gaituta dago instalazioa egikaritzeko erantzukizunpeko adierazpena eta eskatutako dokumentuak aurkezten dituenetik aurrera.

7. artikulua. Paisaia eta ingurumen integrazioak.

1.–Autokontsumorako instalazioek hirigintza plangintzan, eraikuntzako ordenantzetan eta aplikatu beharreko gainerako araudi sektorialean paisaia eta ingurumen integrazioei buruz ezarritako irizpideak bete beharko dituzte.

2.–Aurrekoa bereziki garrantzitsua izanen da Kultura Intereseko Ondasun (KIO) gisa katalogatutako higiezinetan kokatuta dauden edo KIO ingurunean edo hirigune historikoetan daudelako babes motaren bat duten higiezinetan.

8. artikulua. Autokontsumoaren Erregistro autonomikoan inskribatzea.

Autokontsumorako instalazioei alta eman beharko zaie Nafarroako Gobernuko energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioen Erregistro Administratiboan.

9. artikulua. Epeak.

Obrak gehienez ere hiru hilabeteko epean hasi beharko dira, Berbintzanako Udalari aurretiazko jakinarazpena aurkezten zaionetik zenbatzen hasita. Obrak amaitzeko epea sei hilabetekoa izanen da hasiera datatik aurrera.

10. artikulua. Plaka fotovoltaikoak instalatzeko baldintzak.

Eraikinetako eta eraikuntzetako eguzki energia fotovoltaikoaren instalazioek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Estalki inklinatuak. Panel fotovoltaikoak jartzen ahalko dira estalki isurkietan, isurkien inklinazio berarekin eta beren planotik atera gabe, eraikin katalogatuetan izan ezik; kasu horretan, babesari buruzko hirigintza araudia aplikatzeko eskumena duen organoak baiezkotzat ematen duena hartuko da kontuan.

b) Estalki lauak. Eguzki panelak azken forjatuaren ertzetatik 45º-an trazatutako planoek eta azken forjatuaren goiko aldetik neurtuta 200 cm-ko altueran kokatutako plano horizontal batek osatutako inguratzailearen barruan kokatu beharko dira, ilustrazioko irudian bezala. Estalkia babesteko petoa babeski gardenekin luzatu beharko da. Babeski horiek estetikaren aldetik tokirako egokiak izan beharko dira, aurrealde opakorik sortu gabe, panelaren gehieneko altueraraino.

Peto hori luzatzea ez da beharrezkoa izanen, baldin eta panelak fatxadaren planotik hurbilen duen aldetik neurtutako distantzia (d) estalkiaren forjatuaren goiko aldearen eta panelaren zatirik altuenaren artean dagoen distantzia (h) berbera edo hori baino handiagoa bada. Katalogatutako eraikinen kasuan, babesari buruzko hirigintza araudia aplikatzeko eskumena duen udal organoak ematen duen konponbidea aplikatu beharko da.

L2108557_0.pdf

c) Fatxadak. Hartzeko panelak instalatzen ahalko dira fatxadetan, horien inklinazio berberarekin eta beren planotik atera gabe, fatxadaren eta eraikinaren gainerako atalen konposizioarekin harmonian, eta hirigintza-araudian, eta, hala badagokio, paisajismoa babesteari buruzko indarreko ordenantzetan adierazitako baldintza estetikoen mende egonen dira.

d) Arestian aipatutako lekuak eta baldintzak ez diren beste leku batzuetan dauden eta beste baldintza batzuk dituzten eraikinetako eta eraikuntzetako eguzki energia fotovoltaikoko instalazioak ez dira antiestetikoak izaten ahalko; hortaz, Udalak ukatzen edo baldintzatzen ahalko du Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean edota Ordenantza honetan ez ezik, indarrean dagoen beste edozein hirigintza arauditan ere ezarritakoa betetzen ez duen edozein jarduketa.

Ordenantza honetan araututako autokontsumorako instalazioei zuzenean aplikatuko zaizkie honako hauek zaintzeko eta babesteko hirigintzako arauak: eraikinak, multzo arkitektonikoak, eta ondarea babesteko katalogo eta planetan jasotako inguruneak eta paisaiak.

Kasu horietan, enpresa sustatzaileak instalazio horien bateragarritasun azterketa aurkeztuko du Ordenantza honetako 3. artikuluan aurreikusitako dokumentazioarekin batera. Udal organo eskudunak instalazioak arau horietara egokitzen ote diren egiaztatuko du eta instalazioen integrazio arkitektonikoa balioetsiko du, baita ingurumenean izan ditzaketen onurak eta kalteak ere, eraikin mugakideetan bizi diren pertsonei traba egin diezaieketen erreflexuak maiz ez sortzea barne.

Debeku da espresuki fatxadetan inolako hodirik, kablerik edo bestelako elementurik trazatzea, salbu eta eskabidean zehatz-mehatz eransten bada eraikuntzako konponbide bat, eraikinaren estetikan ongi integratzen dela bermatuko duena.

11. artikulua. Enpresa instalatzaileak.

Instalazio fotovoltaikoak gaitutako enpresa instalatzaileek, “Behe Tentsioa sortzen duten Instalazioak” espezialista kategoria dutenek, egin beharko dituzte eta Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoan eta aplikatu beharreko araudi sektorialean eskatzen diren eskakizun guztiak beteko dituzte.

Lanak bukatu ondoren, gaitutako enpresa instalatzaileak instalazio elektrikoaren ziurtagiria egin beharko du.

III. TITULUA

Laguntza ekonomikoak

12. artikulua. Laguntzen izaera.

Berbintzanako Udalak ordenantza honetan ezarri dituen laguntzak, ordenantza honetan araututako jarduketak sustatzeko neurri gisa, bi motatakoak izanen dira:

1. Dirulaguntza ekonomikoa.

2. Zerga hobaria.

I. KAPITULUA

Dirulaguntza ekonomikoa

13. artikulua. Laguntzen onuradunak.

Honako hauek dira udal dirulaguntzak jasotzen ahalko dituztenak:

a) Jarduketak egiten diren higiezinen jabe diren pertsona fisiko eta juridikoak.

b) Bizilagunen erkidegoak, badin eta jarduketak sustatzen dituztenak badira.

c) Jarduketei eusten dieten higiezinak errentamendu, gozamen edo antzeko titulu legitimo gisa okupatzen dituzten pertsonak.

14. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

1.–Autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoa edo eolikoa ekoizteko instalazioek, sarera (soberakinekin edo isolatuta) konektatuta daudenek, 10 kW-ko edo hori baino txikiagoko potentzia nominala dutenek eta Berbintzanako udalerrian egiten direnek jasoko dute dirulaguntza.

2.–Ez dute dirulaguntza jasoko dauden araudiak aplikatzearen ondorioz derrigorrezkoak diren instalazioek.

15. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.

1.–Dirulaguntza gisa emanen den laguntza ekonomikoa eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga (EIOZ) likidatzeko aurkeztutako zerga oinarriaren % 10 izanen da, 2/1995 Foru Legean ezartzen denaren arabera. Nolanahi ere, laguntza 400 eurokoa izanen da gehienez instalazio bakoitzeko.

Dirulaguntza moduan emanen den laguntza ekonomikoa, oro har, 400,00 euro izanen da instalazio bakoitzeko. Ordenantza honetan araututako jarduketen sustapena helburu duten instalatutako elementuen multzo unitarioa eta haietatik fisikoki indibidualizatutakoa eta obra zibila hartzen dira halakotzat.

Instalazioaren kostuak, betiere instalazioaren egikaritze materialaren kostua, gastu orokorrak eta mozkin industriala hartuta halakotzat, 1.000,00 euroko zenbatekoa gainditzen ez badu, laguntza 100,00 euroko zenbatekora mugatuko da.

2.–Laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean ezarritako definizioaren eta araubidearen arabera.

16. artikulua. Bateragarritasun araubidea.

1.–Kapitulu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio batzuetatik edota pertsona edo erakunde pribatuetatik lortutako beste edozein dirulaguntzarekin, betiere helburu berarekin eman badira. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izanen du behin ere gainditu instalazioaren kostua.

2.–Obra berak egiteko laguntzak eskatu edo lortu badira, edo ondoren eskatzen badira, une horretan bertan esan beharko da eta Ordenantza honen xede den dirulaguntza eman aurretik.

3.–Era berean, bateragarriak izanen dira titulu honetako II. kapituluan araututako zerga onurarekin.

17. artikulua. Laguntzak galtzea.

1.–Ordenantza honetako baldintzak eta eskakizunak ez betetzeak, eta zehazki, obrak ez egiteak, baita aurkeztutako dokumentazioan edozein datu faltsutzeak ere, udal laguntzak deuseztatu eta kentzea ekarriko du kasuan kasuko espedientean.

2.–Arlo honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren II. tituluan ezarritakoa aplikatuko da.

3.–Laguntzen itzulketa indibiduala izan daiteke, baldin eta ez-betetzea bizilagunen erkidegoa osatzen duten pertsonetako batek bakarrik egin badu, adibidez.

18. artikulua. Prozedura.

1–Ordenantza honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoen eskabideak udalari aurkeztuko zaizkio, dokumentazio hau erantsita:

–Laguntzen eskabidea.

–Pertsona eskatzaileak duen ordezkaritza egiaztatzeko dokumentua, hala badagokio.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaltzen diren inguruabarretako bakar bat ere ez duela betetzen dirulaguntzen onuradunak.

–Instalazioa egitea erabakitzeko bizilagunen erkidegoak hartutako akordioa, hala badagokio.

–Erantzukizunpeko adierazpena eta eska daitekeen dokumentazio gehigarria aurkeztu dela egiaztatzeko agiria.

–Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga ez ezik, aplikatu behar diren tasak eta gainerako udal tributuak ere ordaindu direla egiaztatzeko agiria.

–Instalazioak egikaritu diren higiezinean ekoizten hasi zirenetik aurrera gutxienez hamar urteko epean funtzionatzen eta ekoizten egonen direla adierazten duen idatzizko konpromisoa.

–Pertsona edo erakunde eskatzailea titularra den banku kontua adieraztea dirulaguntzaren sarrera egiteko kontu horretan.

2.–Eskabidea eta aurreko puntuan aipatu den dokumentazioa jaso ondoren, ebaluatu eginen da eta, hala badagokio, dagokion dirulaguntza onartuko da. Obren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da eskabidea.

3.–Dirulaguntzak ematea helburu horretarako bideratutako aurrekontuko partida egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da. Eskabideak Udaleko erregistroan noiz sartzen diren, hurrenkera horren arabera emanen dira laguntzak.

4.–Dirulaguntza ordainduko da baldin eta dirulaguntzaren onuradunak dokumentazio hau aurkezten badu Udalean:

–Instalazioen amaiera egiaztatzen duen obra amaierako ziurtagiria.

–Obren benetako kostua egiaztatzen duen dokumentu teknikoa.

–Jarduketen EIOZren zerga oinarriarekin bat datozen fakturak eta ordainketaren frogagiriak.

–Nafarroako Foru Komunitateko Autokontsumoaren Erregistroan erregistratu dela egiaztatzeko agiria.

II. KAPITULUA

Zerga hobaria

19. artikulua. Zerga hobaria EIOZren kuotan.

1.–Ordenantza honetan aipatzen diren eguzki energia fotovoltaikoa eta energia eolikoa ekoizteko instalazioek portzentajezko puntu bateko murrizketa izanen dute unean-unean indarrean dagoen eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren tasan.

2.–Hobaria erantzukizunpeko adierazpena aurkeztearekin batera eskatu beharko da. EIOZren kuota oso-osorik ordainduko da adierazpen hori egiten denean, alde batera utzi gabe hobariaren esanbidezko aintzatespena eta dagokion itzulketa, hala badagokio.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditu dira Ordenantza honi kontra egiten dioten, berarekin kontraesanean dauden edo bateragarri ez diren udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honen interpretazioa Udal honena da ez beste inorena.

Bigarrena.–Berbintzanako Udalak une oro egiaztatzen ahalko du obrak behar bezala egikaritu direla eta laguntza ekonomikoak aintzatetsi eta ordaintzeko ez ezik, ordenantza honetan araututako zerga onurak aintzatesteko ere baldintza diren eskakizun eta baldintza juridikoak, materialak edo bestelakoak betetzen direla.

Hirugarrena.–Ordenantza honetan espresuki ezarrita ez dagoenari dagokionez, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, martxoaren 10eko Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Legea, abenduaren 14ko Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorra, uztailaren 2ko Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko Foru Legea, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren beste guztiak.

Laugarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denetik aurrera berau aurkaratzeko Estatuko Administrazioak eta Nafarroako Foru Administrazioak legez ezarritako epea iragaten denean.

Iragarkiaren kodea: L2108557