140. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANTZA

Ordenantza, Eraikuntza eta eraispenetako hondakinen gaineko fidantzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Arantzako Udalak, 2021eko martxoaren 9an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aho batez Arantzan Eraikuntza eta eraispenetako hondakinen gaineko fidantzak arautzen dituen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon zen 30 egunez, 2021eko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik, apirilaren 6an, eta epe horretan inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluarekin, behin betiko onetsi da aldaketa Eraikuntza eta eraispenetako hondakinen gaineko fidantzak arautzen dituen ordenantzan.

Hori guztia argitaratzen da.

Arantzan, 2021eko maiatzaren 25ean.–Alkatea, Dabid Iturria Almandoz.

ERANSKINA

ORDENANTZA, ERAIKUNTZA ETA ERAISPENETAKO HONDAKINEN GAINEKO FIDANTZAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau ezartzen da honako hauen arabera: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. titulua, I. kapitulua, 3. atala eta Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretua.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea Arantzako Udalak eska ditzakeen fidantzak, eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrerari eta kudeaketari dagokienez.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza hau aplikatzerakoan, testu honetako terminologia argitzeko, kontuan hartuko da martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 3. artikulua. Foru dekretu horren bidez arautu ziren Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa.

4. artikulua. Behartuta dagoen subjektua.

Ordenantza honetan xedatutako fidantzak aurkeztera behartuta dagoen subjektua izanen da egin behar diren eraikuntza, instalazio eta lanen sustatzaileak.

5. artikulua. Salbuespenak.

1. Arantzako Udalean fidantza aurkeztetik salbuetsirik daude honako entitate hauek:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta bere helburuak betetzeko sortzen dituen entitate juridikoak.

b) Udalerrien mankomunitateak eta batasunak, baldin eta Arantzako Udala kide bada, bai eta helburuak betetzeko sortzen dituzten entitate juridikoak ere.

2. Orobat, ordenantza hau aplikatzetik salbuetsita egonen dira eraikuntzako obren hondakin txikiak edo etxeen konponketakoak, baldin 50 kg baino gehiago ez badituzte.

6. artikulua. Fidantzak.

Aplikatu beharreko fidantzak ordenantza honen I. eranskinean agertzen dira.

7. artikulua. Kudeaketa arauak.

1. Behin obra-baimena emanik, eraikuntza eta eraispenetako hondakin-sortzaileek banku-fidantza edo abal bat gordailutu beharko dute, I. eranskinarekin lotua, ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean.

2. Obrak bukatu ondoren, EEHen sortzaileak fidantza itzultzeko eskaria aurkeztuko dio Arantzako Udalari. Eskari horrekin batera hondakinak behar bezala kudeatu izanaren ziurtagiria/faktura aurkeztu beharko du.

3. Udalak fidantza gehienez 15 eguneko epean itzuliko du, egindako obrari dagozkion EEHak kudeatzaile baimendu bati behar bezala entregatu izanaren egiaztagiriak/fakturak aurkezten direnetik aurrera zenbatuta. Itzulketa hori osorik edo zati batean egiten ahalko da, sortutako hondakinen zati bat behar bezala kudeatu dela justifikatzen bada. Onar liteke hasieran gordailatu dena baino fidantza txikiagoa gordailatzea.

4. Eraikuntza eta eraispen obrak txikiak ez badira, hots, aldez aurretiko proiektua behar badute, lehen xedatutakoaz gainera, obra-baimenaren ebazpena jakinarazi eta 15 eguneko epean, aurkeztu beharko da Arantzako Udalean EEHen edukitzaile diren eraikitzaileen erregistroan inskribatua dagoen eraikitzaile-edukitzaile bat kontratatu izanaren ziurtagiria, obrak egiteko. Aipatu erregistroa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak mantenduko du.

8. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Eraikuntza eta eraispenetako hondakinak sortu eta kudeatzeari buruzko araudiaren arau-hausteei aplikatzen zaien zehapen araubidea izanen da, hondakinen arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoa.

I. ERANSKINA

Fidantzak

FIDANTZEN TAULA

1.–Aldez aurretik proiektua behar duten eraikuntza edo eraispen obrak:

1.1. Orokorra:

1.000,00 euroko fidantza

2.–Aldez aurretik proiektua behar ez duten eraikuntza edo eraispen obrak:

2.1. Orokorra:

%3, obraren edo eraispenaren kostu materialaren gainean.

2.1. Gutxienez ere:

200,00 euroko fidantza

2.3. Gehienez ere:

1.000,00 euroko fidantza

Iragarkiaren kodea: L2108793