140. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANTZA

Ordenantza fiskala, hirigintza-jarduketak egiteagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Arantzako Udalak, 2021eko martxoaren 9an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen, aho batez, Arantzan hirigintza-jarduketak egiteagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Espedientea jendaurrean egon zen 30 egunez, 2021eko 75. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturik, apirilaren 6an, eta epe horretan inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluarekin, behin betiko onetsi da Hirigintza-jarduketak egiteagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hori guztia argitaratzen da.

Arantzan, 2021eko maiatzaren 25ean.–Alkatea, Dabid Iturria Almandoz.

ERANSKINA

ORDENANTZA FISKALA, HIRIGINTZA-JARDUKETAK EGITEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau ezarri da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atala), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

2. artikulua. Zerga-egitatea.

1. Zerga-egitatea da hirigintza-jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea, etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak egokitu daitezen indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei.

2. Udalaren hirigintza-jarduketa hauek daude tasei loturik:

a) Partikularrek aurkeztu antolamenduko plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak, xehetasun-azterketak, aurrerapen-azterketak, antolamenduko planen aurreproiektuak eta birpartzelazioak tramitatzea edo hirigintzako agiriak aldatzea.

b) Partikularrek aurkeztu urbanizazio proiektuak tramitatzea.

c) Lizentzia bereziak behar dituzten egintzak tramitatzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190. artikuluan xedatuarekin bat. Hona hemen:

–Mota guztietako eraikuntza eta instalazio obrak, eraikuntza berrikoak badira.

–Lehendik dauden mota guztietako eraikin edo instalazioak handitzeko obrak.

–Lehendik dauden eraikinen edo instalazioen egitura edo kanpoko itxura ukitzen duten obrak, aldatzekoak edo berritzekoak.

–Eraikinen barneko banaketa aldatzen duten obrak, edozein erabilera emanda ere.

–Behin-behineko obra eta erabilerak.

–Hirigintzako partzelazioak eta landa finken bereizketak eta zatiketak.

–Lur-mugimenduak, hala nola lurra erauzi, zelaitu, hondeatu eta betetzeko lanak, salbu eta lan horiek zehaztu eta programatutako obrak badira onetsia den urbanizazio edo eraikuntza proiektu baten barrenean.

–Eraikinak eta instalazioak lehenbiziko aldiz erabili edo okupatzea, oro har, eta haien erabilera aldatzea.

–Eraikinak botatzea, salbu eta berehalako aurri-egoera deklaratzen denean.

–Zorupeari eragiten dioten instalazioak.

–Arbolak eta zuhaixkak botatzea, baldin eta zuhaitz-masa, basogune, arboladi edo parke badira, planeamendu onetsia izan ala ez, salbu eta nekazaritzaren arloko legeek baimentzen dituzten lanak direnean.

–Presa, idoi eta defentsa-obrak egin eta ubide publikoak zuzentzea, interes orokorreko obra publikoak ez badira.

–Agregakinak ateratzea eta harrobiak ustiatzea, jabari publikoko lurretan egin eta administrazioaren kontzesioa behar izanda ere.

–Eta, oro har, erregelamendu bidez adierazten diren egintzak, obrak ekartzen dituztelako, edo lurzoruaren nahiz lurpearen erabilera handitzen delako, haien erabilera pribatiboa dakartelako edo erabilera ez-normala edo lurren berezko nekazaritza edo oihangintzako erabileraz bestelakoa dakartelako.

3. artikulua. Subjektu pasiboa.

Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez baina unitate ekonomiko edo ondare banandua diren entitateak, baldin egindako hirigintza-jarduketengatik edo emandako lizentziengatik eragina edo onura hartzen badute.

4. artikulua. Erantzuleak.

Lurzoru eta hiri antolamenduaren gaineko araudian aurreikusten diren hirigintza lizentziak emateko tasetan, subsidarioki erantzunen diote subjektu pasiboari obren eraikitzaile eta kontratistek.

5. artikulua. Salbuespenak.

Obra lizentziak emateko tasak ordaintzetik salbuetsita daude:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta bere helburuak betetzeko sortzen dituen entitate juridikoak.

2. Udalerrien mankomunitateak eta batasunak, baldin eta Arantzako Udala kide bada, bai eta helburuak betetzeko sortzen dituzten entitate juridikoak ere.

3. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga behin betiko ordaindu duten interesdunek ez dute ordaindu beharko udal teknikariak egindako lehen eta azken txostena.

6. artikulua. Tasak eta tarifak.

Aplikatu beharreko tasak eta tarifak ordenantza honen I. eranskinean ezarritakoak dira.

7. artikulua. Sortzapena.

1. Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen dira udal teknikariak dagokion txostena egiten duenean, bai eta aholkularitza-zerbitzuak benetan ematen dituenean ere.

2. Tasa sortzen da nahiz eta interesdunak uko egin eskabideari Udalak lizentzia emateko erabakia hartu aurretik eta aurreko apartatuan ezarritakoa bete bada.

8. artikulua. Kudeaketa arauak.

1. Planeamendurako espedienteak eta lizentziak tramitatzerakoan, udal teknikariak dagokion txostena egin duenean bai eta zerbitzua benetan eman duenean, likidazioa eginen da. Bertan adieraziko dira subjektu pasiboaren izena, eta tasa zer kontzeptugatik likidatzen den.

2. Ordenantza honetako 5.3. artikuluan xedatutako tasatik salbuetsiz gero, likidatu eginen da, interesdunak uko egiten badio eskabideari Udalak lizentzia emateko erabakia hartu aurretik, edo eraikuntza, obra eta instalazioen gaineko zerga behin betiko ordaintzen ez bada.

3. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio tasak erregelamenduzko epean ordaindu beharko dituela.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatuari jarraikiko zaio.

I. ERANSKINA

Tasak eta tarifak

TARIFEN TAULA

1.–Txostenak.

1.1. Txostenak idaztea:

Txostenak idazteko udal teknikariak egindako lanagatik, zerbitzu-sarien arabera:

1,00 euro minutuko

2.–Aholkularitza.

2.1. Bilkurak:

Gutxienez ere:

30,00 euro

Hasierako 30 minututik aurrera:

1,00 euro minutuko

2.2. Kontsultak ebaztea:

Orokorra:

1,00 euro minutuko

3.–Udal teknikariaren joan-etorrietako kostuak.

Arantzako Udalak ordainduko ditu udal teknikariaren joan-etorriengatik sortzen diren kostuak.

Iragarkiaren kodea: L2108792