140. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

34/2021 FORU DEKRETUA, apirilaren 28koa, Nafarroako arrantza eremuak antolatzeko plan zuzentzaileak onesten dituena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak 50. artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroak, bere foru araubidearen kariaz, eskumen osoa du ehizaren, ibai eta aintziretako arrantzaren eta akuikulturaren gainean.

Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak, III. tituluan, arrantza antolatzeko oinarriak ezartzen ditu, eta foru lege hori garatzeko, 157/1995 Foru Dekretuaren bidez, lehendabiziko plan zuzentzailea onetsi zen Nafarroako salmonidoen arrantza antolatzeko.

Gero, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean, arrantza antolatzeko plan zuzentzaileak tresna egokitzat jotzen dira arrantza baliabideak antolatu eta kudeatzeko, haien jasangarritasuna bermatuko bada, eta neurriak ezartzen dira aprobetxamendua bat etor dadin produzitzeko ahalmenarekin, eta hori arrantzaz gozatzeko aukera emanez.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak, 61. artikuluan, uren zonifikazioa ezartzen du, arrantzaren ondorioetarako. Nafarroako ibaien tarteak eta ur-masak bi eremutan banatzen ditu: salmonidoena eta ziprinidoena. Bestalde, hala xedatzen baitu 56. artikuluan Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta gauzatzeko Erregelamenduak (ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), arrantza antolatzeko kasuan kasuko plan zuzentzaileetan zehaztuko dira salmonidoen eta ziprinidoen eremuak Nafarroako ibaietan eta ur-masetan, arrantzaren ondorioetarako.

Nafarroako salmonidoen arrantza antolatzeko plan zuzentzaileari dagokionez, adierazi behar da uztailaren 16ko 59/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsi zela Nafarroako salmonidoen uretako arrantza antolatzeko plan zuzentzailea, eta 6 urte baino gehiago iraganda, beharrezkoa da hura eguneratzea, oraingo kudeaketa beharretara egokitzeko.

Izan ere, zenbait gai aldatu dira Nafarroako salmonidoen arrantza antolatzeko plan zuzentzailean, 2014an onetsitako plan zuzentzaileko helburu berei eutsita. Honako hauek dira:

1. Nafarroako salmonidoen eremuaren mugak ezartzea.

2. Nafarroako salmonidoen eremua zonifikatzea salmonidoen populazioak berez mantentzeko duten ahalmenaren arabera.

3. Salmonidoen espezie autoktonoak zaintzen saiatzea eta populazioak arrazoiaren arabera aprobetxatzeko oinarriak ezartzea, haien iraunkortasuna bermatuz.

4. Kalitatezko arrantza sustatu eta bultzatzea, honako balio erantsiak lehenetsiz: eskura dauden arrainak natur ingurunekoak eta jatorri basatikoak izatea, ibai-ingurune harmoniko eta ongi zaindu batean.

5. Helburu horiek lortzea bermatzen duten neurriak ezartzea, uneoro arrantza-aprobetxamenduaren presioa eta intentsitatea inguruneak produzitzeko berez duen ahalmenera egokituz.

6. Mundu guztiak arrantza goza dezala saiatzea eta Nafarroan ohituraz gizarteko jarduera izan dela errespetatzea, arrantzale guztiek ere arrantza gozatzeko behar diren neurriak hartuz.

7. Aisialdiko arrantzari balio handiagoa ematea interes turistiko eta ekonomikoa duelako, lurralde garapenean sartzea bultzatuz.

8. Harrapatutako aleak haien natur ingurunera itzultzea ahalbidetzen duten arrantza-modalitateak sustatzea; ez, ordea, hustuketa-arrantzarenak.

Nafarroako ziprinidoen eremuko arrantza antolatzeko plan zuzentzailean, bestalde, hauek dira helburuak:

1. Planaren aplikazio-eremuko ur-masak zedarritzea.

2. Ur horiek zonifikatzea, ezaugarri biogeografikoak, hidromorfologikoak eta ekologikoak eta planean aztertutako espezieentzako ahalmena kontuan harturik.

3. Ur horietako espezie autoktonoak zaintzen saiatzea eta populazioak arrazoiaren arabera aprobetxatzeko oinarriak ezartzea, haien iraunkortasuna bermatuz.

4. Kalitatezko arrantza sustatu eta bultzatzea, honako balio erantsiak lehenetsiz: eskura dauden espezieak natur ingurunekoak eta jatorri basatikoak izatea, ibai-ingurune harmoniko eta ongi zaindu batean.

5. Helburu horiek lortzea bermatzen duten neurriak ezartzea, uneoro arrantza-aprobetxamenduaren presioa eta intentsitatea inguruneak produzitzeko berez duen ahalmenera egokituz.

6. Mundu guztiak arrantza goza dezala saiatzea eta Nafarroan ohituraz gizarteko jarduera izan dela errespetatzea, arrantzale guztiek ere arrantza gozatzeko behar diren neurriak hartuz.

7. Aisialdiko eta kiroleko arrantzari balio handiagoa ematea interes turistiko eta ekonomikoa duelako, lurralde garapenean sartzea bultzatuz.

8. Arrantza arduratsua sustatu eta bultzatzea, bereziki harrapatutako arrain autoktonoak ingurune naturalera itzultzen dituena eta espezie inbaditzaileak kontrolatzen eta desagerrarazten laguntzen duena.

Aurrekoarekin bat, foru dekretu honen xedea da ziprinidoen eremuko arrantza antolatzeko plan zuzentzailea ezartzea eta Nafarroako salmonidoen eremuko arrantza antolatzeko plan zuzentzailea eguneratzea.

Horiek horrela, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak emandako eskumenak erabiliz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bateko apirilaren hogeita zortzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Nafarroako salmonidoen uretako arrantza antolatzeko plan zuzentzailea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako salmonidoen uretako arrantza antolatzeko plan zuzentzailea eguneratzea. Foru dekretu honen I. eranskinean ageri da.

2. artikulua. Ziprinidoen eremuko arrantza antolatzeko plan zuzentzailea.

Foru dekretu honen xedea da Ziprinidoen eremuko arrantza antolatzeko plan zuzentzailea ezartzea. Foru dekretu honen II. eranskinean ageri da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe gelditzen dira uztailaren 16ko 59/2014 Foru Dekretua, Nafarroako salmonidoen uretako arrantza antolatzeko plan zuzentzailea onesten duena, eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Arrantza antolatzeko planen indarraldia.

1. Mugarik gabekoa izanen da foru dekretu honen bidez onesten diren arrantza antolatzeko plan zuzentzaileen indarraldia.

2. Hala ere, onetsi eta 15 urtera aztertuko da, eta plana berrikusten edo aldatzen ahalko da, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak uste badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko alderdiren bat nabarmen aldatu dela eta horrek eragina izan dezakeela arrantza eremuen balioen zainketan.

3. Foru dekretu bidez onetsi beharko da arrantza antolatzeko plan zuzentzaileak ukitzen ahal dituen edozein aldaketa edo berrikuspen.

Azken xedapenetan bigarrena.–Garatzeko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio ingurumen gaietako eskumenak dituen departamentuko titularrari foru dekretu hau garatzeko eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko apirilaren 28an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Nafarroako salmonidoen eremuko arrantza antolatzeko plan zuzentzailea.

II. ERANSKINA

Nafarroako ziprinidoen eremuko arrantza antolatzeko plan zuzentzailea.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2106848