138. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

96E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2021eko deialdia. DDBN identifikazioa: 557417.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak (S3) erregio mailako garapenaren ikuspegi bat zehazten du, epe luzerakoa eta 5 ardatz handitan oinarritutakoa: Nafarroa osasuntsua, jasangarria, industriala, lehiakorra eta kohesionatua.

Bestalde, Nafarroako Industria Planak, S3aren babespean sortutakoak, bere tresnak eta jarduketak bideratzen ditu Nafarroako industria sarearen indarguneak eta aukerak hobetzera, bai eta haren ahulgunerik eta mehatxurik nabarmenenak konpontzera ere.

Badira zenbait politika publiko bideratuta daudenak S3an nahiz Nafarroako Industria Planean ezarritako helburuak betetzera. Lehiakortasuna hobetzeko laguntzak horien barruan dira, eta helburu dute orientazioa ematea lehiakortasuna hobetu nahi duten Nafarroako enpresei. Zehazki, aholkularitza espezializatua sustatu nahi dute, bai aholkularitza eta ingeniaritza gastuak diruz lagunduta (enpresako hainbat arlo aztertzearen ondorioz sortutakoak) bai hobekuntza ekintzak inplementatuta.

Laguntza hauen bidez, orobat, enpresen arteko lankidetza sustatu nahi da, merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2021eko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

810001-81100-4709-458104 [PEP: E-14/000105-01 ]: ETE-en lehiakortasuna sustatzea. Nafarroako EGEF 2014-2020 PE

2021

700.000,00

810001-81100-4709-458104 [PEP: E-14/000105-01 ]: ETE-en lehiakortasuna sustatzea. Nafarroako EGEF 2014-2020 PE

2022

600.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 8an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da enpresa nafarrentzako aholkularitza espezializatua sustatzea, dirulaguntzak emanez produktibitatea hobetzeko proiektuak egiteko.

Proiektu horiek enpresaren arloak aztertzea izanen dute xede, edo hobekuntza ekintzak inplementatzea edo merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko lankidetza proiektuak garatzea, betiere enpresen lehiakortasuna argiro eta modu jasangarrian handitzeko asmoz.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Nafarroan establezimendu bat izatea, eta alta emanda egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) laguntza eskatzen duen egunean.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. Eskatzaileek proiektu bat aurkezten ahalko dute, banaka edo bi enpresaren edo gehiagoren arteko lankidetzan. Kasu horretan, proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiek, zeinek ezin izanen duten enpresa talde berekoak izan, bete beharko dituzte oinarri honetan ezarritako betebeharrak, eta bakoitzak bere eskaera aurkeztu.

3. Betebehar horiek frogatuko dira 6.5 oinarriak aipatutako eskaeraren inprimakian dagoen erantzukizunpeko adierazpenarekin, eta dirulaguntza ordaintzen den arte bete beharko dituzte.

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Enpresaren lehiakortasuna hobetzen duten proiektuak egitea izanen da laguntzaren xedea. Proiektuek ondoko arlo hauetako batean eragin behar dute:

a) Estrategia-Antolaketa.

b) Prozesua-Produktua.

c) Ekonomia zirkularra.

d) Merkatua.

e) Gizarte berrikuntza.

f) Bestelako jarduketak.

2. Proiektuak aldi hauetako batean gauzatu behar dira:

a) 2021eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra, 2021eko gastuen aurrekontuaren kargura diruz lagundu direnak.

b) 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko apirilaren 30era, 2022ko gastuen aurrekontuaren kargura diruz lagundu direnak. Proiektu horiek 2021eko urriaren 31ren ondotik bukatu behar dira, hau da, proiektuko gastuetako batek egina behar du (fakturatua eta ordaindua) data horren eta 2022ko apirilaren 30aren artean.

Dirulaguntza emateko ebazpen bakoitzean finkatuko da zein gastu-aurrekonturen kargura eman den laguntza. Hori zehaztuko da enpresek beren eskaeran proiektua bukatzeko adierazten duten egunaren arabera (2021eko urriaren 31 baino lehen edo ondoren).

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Proiektuetako gastu diruz lagungarriak eginda egon behar dira dagokion gauzatze aldiaren barruan, aurreko oinarrian ezartzen denaren arabera. Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da haren fakturazioa eta ordainketa epe horren barnean egiten badira.

2. Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Aholkularitzako eta ingeniaritzako kanpoko gastuak, honako arlo hauetarako:

1. Estrategia:

–Gogoeta estrategikoak.

–Negozio ereduen diseinua.

–Enpresaren diagnostiko orokorrak egitea.

2. Antolaketa:

–Kudeaketa aurreratuko sistemak ezartzea (Euskalit eredua).

–Antolaketako eta kudeaketako beste eredu batzuk ezartzea.

–Antolaketako beste hobekuntza batzuk.

3. Produktua-Prozesua:

–Produktuaren eta prozesuaren diseinua.

–Lean-a.

–Efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketak.

–Prozesuaren beste hobekuntza batzuk.

4. Ekonomia zirkularra:

–Ekonomia zirkularrari buruzko diagnostikoak.

–Ekodiseinuko proiektuak.

–Ekonomia zirkularreko beste proiektu batzuk.

5. Merkatua:

–Merkatu berrien gaineko ikerlanak Espainiarako.

–Enpresak Espainiako merkatuan duen kokapenaren analisia.

6. Gizarte berrikuntza: Nafarroako Gizarte Berrikuntzako Unitatearen “SIPRESTA” metodologia edo horren baliokideak diren beste batzuk aplikatzea.

7. Bestelako jarduketak:

–Enpresen bat-egite, integrazio eta lankidetza akordioak, baldin eta akordio horien helburua lehiakortasuna nabarmen hobetzea bada eta enpresak ez badira enpresa talde berekoak.

–Familia-protokoloak eta jarraitutasun enpresarialerako beste itun batzuk.

–Interim Management-a: dirulaguntza emanen zaio zuzendaritza zein kudeaketa arloetan esperientzia zabala duen profesional baten kontratazioari, gehienez urtebetekoa izanen den epe jakin baterako eta aurretik zehaztutako helburuak hartuta. Zehazki, kontratazioa bideratu beharko da enpresaren zuzendaritzako kargu bat aldi baterako ordeztera edo antolaketa arloan garrantzi handiko aldaketak egitera.

Inola ere ez da diruz lagunduko laguntzak eskatzen dituen enpresari aurretik aholkularitza profesionaleko lanak egin dizkion “interim manager” bat.

Enpresek ezin izanen dute laguntzarik eskatu kontzeptu horrengatik, baldin eta lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2019ko eta 2020ko deialdietan jaso bazuten.

b) “3. Produktua-Prozesua”, “4. Ekonomia zirkularra” eta “5. Merkatuak” arloetan kokatutako aholkularitza eta ingeniaritza gastuen ondoriozko inbertsioak, baldin eta ezinbestekoak badira proiektua gauzatzeko. Kontzeptu horren konturako aurrekontu diruz lagungarria ezin da handiagoa izan a) letran bildutako gastu diruz lagungarrien zenbatekoa baino.

c) Proiektuari lotutako kanpoko beste gastu batzuk, aurrekontu diruz lagungarriaren %10 arte, gehienez ere.

3. Gastu diruz lagungarri baten aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du. Hartan, egiaztatu beharko da ezen, hura hautatzeko, eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideak erabili direla, eta hiru eskaintza erantsita justifikatuko da zergatik hautatu den hautatu dena.

Honako kasu hauetan onuradunak ez du hiru eskaintza aurkeztu beharrik izanen (eta hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko du):

a) Gastuaren edo inbertsioaren ezaugarrien berezitasunak direla-eta merkatuan ez badago behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.

b) Enpresan jadanik egin diren beste gastu edo inbertsio batzuekin lotura badute, eta frogatzen bada hornitzaile berarekin soilik gauzatzen ahal direla behar bezala.

c) Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean.

Ez dira diruz lagunduko dirulaguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz 3. apartatu honetan adierazitako moduan frogatzen ez diren gastuak.

4. Honako gastu hauek ez dira inola ere ez diruz lagungarriak:

a) Aholkularitza-enpresekin egiten den ohiko eta aldizkako elkarlanaren ondoriozko gastuak.

b) Produktu edo produktu-lerroetan, produkzio-lerroetan, fabrikazio-prozesuetan, zerbitzuetan eta beste eragiketa aktiboetan egiten diren ohiko eta aldizkako aldaketak, nahiz eta aldaketa horiek hobekuntzarik ekartzen ahal duten aipatutakoetan.

c) Kanpo aholkularitzako, auditoretzako eta ziurtagiri-gastuak, ziurtagiriak lortzeko.

d) Prestakuntzako gastu orokorrak, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko premia zehatzak sakonki aztertzeko ez badira.

e) Onuradunarekin akzioen bidezko harreman esanguratsua duten enpresek egindako gastuak.

f) Energia auditoretzen gastuak.

g) Ekipamendu informatikoak, salbu eta haien ezaugarri bereziengatik proiektua gauzatu ahal izateko ezinbestekoak badira.

h) Aplikazio informatikoak hautatzeko eta garatzeko aholkularitza, baita ezartze fasera iritsi ez direnetarako ere.

i) Enpresaren gastu orokorrak eta zeharkakoak.

j) Enpresako langileen gastuak.

k) Lurrak eta eraikinak.

l) Bigarren eskuko ondasunak.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntza, oro har, %45ekoa izanen da. Ehuneko horri ondoren aipatzen diren puntu gehigarriak erantsiko zaizkio, eta, horren ondorioz, laguntzen organo kudeatzailearen iritziz diruz lagungarria den aurrekontuaren gainean aplikatu beharreko laguntzaren intentsitatea aterako da:

a) Genero berdintasuna: 5 puntuko laguntza gehigarria lortuko dute aldi berean bi baldintza hauek betetzen dituzten enpresek:

–2020ko ekitaldian langile gizonezkoen orduko soldata gordina zati langile emakumezkoen orduko soldata gordina 1,05 edo gutxiago izatea.

–Enpresako plantillan dauden emakumeen kopurua %30ekoa izatea, gutxienez.

b) Kluster bati loturiko enpresak: 5 puntu.

c) Enpresen arteko lankidetzaren bidezko proiektuak: 10 puntu.

Lankidetza horrek abantaila gehiago ekarri beharko ditu enpresak proiektua bere aldetik eginez gero baino, eta hori justifikatu beharko da. Kasu horretan, parte hartzen duen enpresa bakoitzak bere laguntza eskaera aurkeztu beharko du.

2. Enpresa bakoitzari 25.000 euroko dirulaguntza emanen zaio gehienez, salbu eta nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresei, kasu horretan gehieneko muga 20.000 eurokoa izanen baita.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta mugaegunaren hilabetean amaituko da, hilabeteko zer egunetan argitaratzen den, egun horretan. Zehazki, eskaerak aurkeztu beharko dira:

a) Argitaratu eta hilabeteko epean, baldin eta, laguntza eskabidean adierazitakoaren arabera, proiektuak 2021eko urriaren 31 baino lehen amaituko badira.

b) Argitaratu eta bi hilabeteko epean, baldin eta, laguntza eskabidean adierazitakoaren arabera, 2021eko urriaren 31tik 2022ko apirilaren 30era bitarte amaituko badira proiektuak.

2. Bi enpresak edo gehiagok proiektu bat aurkezten dutenean elkarlanean, proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiek oinarri honetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta bakoitzak bere eskaera aurkeztu.

3. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

4. Laguntza eskabidean adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 11. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

5. Laguntzak eskatzeko dokumentazioa honako hau da, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin (adibidez, “Proiektuaren memoria”):

a) Eskabidearen inprimakia, laguntzen fitxan eskura daitekeena eta 2.3 oinarriak aipatzen duen erantzukizunpeko adierazpena biltzen duena.

b) Lehiakortasuna hobetzeko proiektuaren memoria xehakatua.

c) Egin beharreko jarduketen aurrekontuaren kopia.

d) Hornitzailea 4.3 oinarrian adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

e) 2020-01-01etik 2020-12-31ra arte “Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantilla” izeneko txostena, Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak egina. Enpresak langilerik ez badu, “Gizarte Segurantzako sisteman enpresaburu gisa inskribaturik ez egotea” izeneko txostena aurkeztu beharko du, Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak berak egina.

f) Hala badagokio, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera dirulaguntza gehigarria lortzeko baldintzak betetzearen gaineko frogagiriak.

Zehazki, genero berdintasunaren baldintza justifikatzeko (5.1.a oinarria), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Ratioaren kalkuluari dagokion Excel orria.

–190 ereduaren kopia, 2020ko atxikipenei eta konturako sarrerei buruzkoa.

–Lan bizitzari buruzko txostena, enpresaren kotizazio kontuko kode guztiei dagokiena.

–Lan hitzarmen aplikagarrian urteko lanorduen kopurua zehazten den zatiaren kopia.

6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lehiakortasunaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Goiko 5. atalean adierazitako dokumentuetako bat aurkezten ez bada, ezin izanen da aurkeztu ez izana zuzendu, inola ere ez.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat, eta lehentasun hurrenkeraren araberako bi zerrenda eginen dira: bat 2021eko urriaren 31ren aurretik bukatzen diren proiektuekin, eta beste bat egun horren ondotik bukatzen direnekin.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, lehentasunak ezartzean balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei aplikatuko zaie 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea, deialdi honetan ekitaldi ekonomiko bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte:

810001 81100 4709 458104 partida, “ETE-en lehiakortasuna sustatzea” izenekoa. EGEF 2014-20 PE

2021

700.000 euro

810001 81100 4709 458104 partida, “ETE-en lehiakortasuna sustatzea” izenekoa. EGEF 2014-20 PE

2022

600.000 euro

2. Hauek izanen dira lehiakortasuna hobetzeko proiektuak baloratzeko irizpideak:

1) Enpresaren batez besteko plantilla 2020-01-01etik 2020-12-31ra arteko aldian.

–10 langile baino gutxiago: 7 puntu.

–10 langiletik 49ra bitarte: 5 puntu.

–50 langiletik 249ra bitarte: 3 puntu.

–249 langile baino gehiago: puntu bat.

2) Ekonomia sozialeko enpresak: puntu bat.

3) Enpresen arteko lankidetza: enpresen arteko lankidetza proiektuak (2.2 oinarriaren arabera): 3 puntu.

4) Proiektu mota:

a) Estrategia: 4 puntu.

b) Antolaketa: 4 puntu.

c) Prozesua-Produktua: 10 puntu.

d) Ekonomia zirkularra: 7 puntu.

e) Merkatua: 4 puntu.

f) Gizarte berrikuntza: 10 puntu.

g) Bestelako jarduketak:

–Enpresen bat-egite, integrazio eta lankidetza akordioak: 4 puntu.

–Familia-protokoloak eta jarraitutasun enpresarialerako beste itun batzuk: 4 puntu.

–Interim Management-a: 7 puntu.

5) Lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2020ko deialdian laguntzarik lortu ez duten enpresak (2020ko 177. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 11koa): 2 puntu.

Enpresa batek eskaerak aurkeztu baditu deialdi honen bi exekuzio aldietarako (2021eko urriaren 31 baino lehen eta 2021eko urriaren 31ren ondoren), 5. irizpide honetako puntuak emanen zaizkio lehenbiziko aldian gauzatutako proiektuari.

Enpresa batek eskaera bat baino gehiago aurkeztu badu deialdi honen exekuzio aldi berean, 5. irizpide honetako puntuak emanen zaizkio 1.tik 4.era arteko apartatuetan puntuaziorik altuena lortu duen eskaerari soilik.

3. Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, enpresek 2020-01-01etik 2020-12-31 bitarte izan duten batez besteko plantillen arabera ebatziko da, langile gutxien duenetik gehienekora.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzen organo kudeatzaileak, hots, Lehiakortasunaren Atalak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea ebatziko duen organo eskuduna, eta ebazpen bat emanen du 7.1 oinarrian aipatzen den hurrenkera bakoitzeko.

Ebazpenak arrazoituak izanen dira, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ebazpenetan adieraziko da zer gastu aurrekonturen kargura ematen zaion laguntza onuradun bakoitzari. Horrek zehaztuko du zein den gauzatzeko epea (3.2 oinarria), baita diruz lagundutako inbertsioaren justifikazioa egiteko epea ere (9.1 oinarria).

3. Ebazpenak gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

9. oinarria.–Laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1. Hau izanen da egindako proiektua justifikatzeko epea:

a) 2021eko urriaren 31, egun hori barne, egun horretarako bukaturik egonen direla aurreikusten diren proiektuetarako, eta, horrenbestez, 2021eko gastu aurrekontuaren kargura diruz lagunduko direnentzako.

b) 2022ko apirilaren 30a, egun hori barne, egun horren ondotik bukatuko direla aurreikusten diren proiektuetarako, eta, horrenbestez, 2022ko gastu aurrekontuaren kargura diruz lagunduko direnentzako.

Proiektuaren justifikazioa ez bada egiten ezarritako epeetan, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

2. Dokumentazioa telematikaz aurkeztu beharko da, laguntzen fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Fakturen zerrenda eta, horrekin batera, haien kopiak eta ordainketa frogatzen duten dokumentuenak.

b) Fakturetan agertzen den hornitzailea ez bada laguntzen eskaeran agertzen den bera, justifikazio txosten bat aurkeztu beharko da.

c) Kontabilitateko dokumentuak, fakturak enpresaren kontabilitatean sartu direla frogatzen dutenak. Horretarako, kontabilitate sistema bereizi bat eduki beharko da, edo berariazko kontabilitate kode bat, dirulaguntza jaso duen proiektuari lotutako transakzio guztiei dagokienez.

d) Aholkularitzako edo ingeniaritzako enpresak egindako azterlana.

e) Proiektua baldin bada enpresen bat-egite, integrazio edo lankidetza akordio bat, edo familiakoen edo bazkideen arteko protokolo bat, sinatutako akordioaren edo protokoloaren kopia aurkeztu beharko da.

3. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

4. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emanen du dirulaguntza ordaintzeko ebazpena, 6 hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua. Aitorpen hori kasu guztietan aurkeztuko da, bai onuradunak gardentasun betebeharra baldin badu (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai halako betebeharrik ez badu (kasu horretan, egoera hori azalduko da adierazpenean).

Foru dekretu horren 3. artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak enpresaren aktiboetan sartu beharko dira eta gutxienez hiru urtez jarraitu beharko dute laguntza jasotzen duen establezimenduan, laguntza ordaintzea ebazten den egunetik aurrera.

d) Onuradunak jasotako laguntzaren berri eman beharko du bere webgunean, 3 urtez (laguntza ematen duen ebazpenaren egunetik hasita), honako esaldi hau paratuta: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, lehiakortasuna hobetzeko 2021eko laguntzen deialdian”.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

13. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati ezin izanen zaio guztira 200.000 eurotik gorako de minimis dirulaguntza eman hiru zerga-ellditan. Aipatu erregelamenduen 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

2. Era berean, nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresen kasuan, enpresa bakar bati ezin izanen zaizkio 20.000 euro baino gehiago eman de minimis laguntzetan guztira hiru zerga ekitalditan, bat etorriz Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 316/2019 Erregelamenduan xedatutakoarekin. Erregelamendu horrek aldatzen du 1408/2013 Erregelamendua, zeinaren bidez xedatzen baita nola aplikatu behar zaizkion Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko de minimis laguntzei, eta luzatzen du hura aplikatzeko aldia 2027ko abenduaren 31ra arte (2019ko L 51 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, otsailaren 22koa).

3. Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

14. oinarria.–Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen kofinantzaketa.

Laguntza hauek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren %50eko kofinantzaketa izan dezakete, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez, 3.3.1 helburu berariazkoa kontuan hartuta. Sormenerako eta gaitasun aurreratuetarako laguntza, produktuak eta zerbitzuak garatzeko.

Hauek dira EGEFek kofinantzatzen ahal dituen proiektuak hautatzeko irizpideak:

a) Proiektua Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (S3) identifikatuta dauden Nafarroako sektore estrategikoetako batekoa izatea.

b) Proiektua bukatua ez izatea eskaerak aurkezteko data baino lehen.

c) ETE izaera edukitzea, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan xedatutakoaren arabera. Gomendio hori da mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa, eta 2003ko L 124 Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 5ekoan.

d) 4.3 oinarrian ezarritako salbuespenen artean ez egotea.

Enpresa onuradunak, baldin eta dirulaguntza pagatzeko ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantzaketaren onuradunak ere izanen dira, eta horregatik ondokoa aplikatuko zaie:

a) Dirulaguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasun Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

Eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: Ogasuneko Ministerioak Europako Batzordeari kontuak, eragiketaren gastuak barne, aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Lehiakortasunaren Zerbitzuak epearen bukaera jakinaraziko du.

b) Onuradunak EGEFen ekarpena jendaurrean paratu beharko du, web orrian ondoko esaldi hau ikusgai jarriz, gutxienez ere dirulaguntza jaso duen jarduerak irauten duen bitartean:

“Enpresa honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50ean kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez”, logotipo hau erantsita:

F2107655_0.pdf

Halaber, laguntzak kudeatzen dituen organoak emanen dion EGEF logotipoaren kartela enpresan ikusgai jarri beharko du, proiektuak dirauen bitartean gutxienez ere.

c) Dirulaguntza jasotzeak berekin ekarriko du enpresa onuradunak inplizituki onartzea zerrenda batean sartzea, zeina argitaratuko baita Ogasun Ministerioaren Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web orrian (http://www.dgfc.sepg.hacienda.gob.es), hura baita programa operatiboaren kudeaketa agintaritza. Zerrenda hori argitaratzearen helburua da gardentasunez jokatzea EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, halaxe xedatu baita EB 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan.”

d) Bere kudeaketa esparruan iruzurraren kontrako neurri eraginkorrak eta proportziozkoak aplikatzea, finantzaketa bikoitza eta agirien faltsutzea ekiditeko.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lehiakortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Orobat, Ogasuneko Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratuko du bere web orrian (http://www.dgfc.sepg.hacienda.gob.es).

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2107655