138. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

21/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 26koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Tuterako 10 jabeen erkidegotarako (“100 pisos” eta “Scalextric A, B, C” izenekoak), esp..: PIG 27.

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbearekin harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Adierazitakoarekin bat, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskaera egin da 238 etxebizitzatarako, Tuterako 10 ataritan banatuak daudenak. Etxebizitza horiei “100 pisos” eta “Scalextric A, B, C” esaten zaie, eta, zehazki, hauek dira:

–Azut kalea, 2, 4, 6, 8, 10 eta 12 zenbakiak.

–Fuente de La Salud kalea, 2 zenbakia.

–Fuente de la Dula kalea, 2 zenbakia. Scalextric A.

–Tronzaires bidea, 30 zenbakia. Scalextric B.

–Tronzaires bidea, 32 zenbakia. Scalextric C.

Proiektuak lau eraikin hartzen ditu: “100 pisos” izeneko blokea eta Scalextric A, B eta C izenekin ezagutzen direnak. Lehenengoan (Azut kalea eta Fuente de la Salud kalea) 5 atari zentral daude (atari bakoitzean 18 etxebizitza) eta muturreko bi atari (atari bakoitzean 8 etxebizitza). Bloke osoak beheko oina eta lau solairu ditu. Scalextric A eta Scalextric B izenekoak berdin-berdinak dira: beheko oina, zeina batez ere aparkaleku partikularretarako erabiltzen baita, eta etxebizitzetarako lau solairu. Bloke bakoitzean 56 etxebizitza daude. Scalextric C izenekoak sotoa du, garaje komunitario gisa erabiltzen dena, beheko oina, merkataritzarako eta aparkalekuetarako erabiltzen dena, eta etxebizitzetarako bost solairu, non bakoitzean 4 etxebizitza dauden, 20 guztira.

Jarduketa honen bidez Inguratzaile termikoa hobetuko da eta irisgarritasuna egokituko da. Horretarako, inguratzaile termikoak aldatuko dira (arroka-ilezko isolamendua, SATEzko akaberak, aluminiozko kontraleihoak, itzalguneak sortzeko elementuak jartzea agerikoen dauden fatxadetan), etxeko ur beroa metatzeko sistemak instalatuko dira erkidego guztientzat, eguzki plaka termikoen bidezko eguzki-euskarria izanen dutenak, igogailuak jarriko dira, eraikinak irisgarritasun unibertsalari buruzko araudi espezifikora egokitzeko, eta ibilgailuentzako sarbideak aldatuko dira, bide publikoko aparkaleku batzuk kenduz eta berdeguneak sortzea sustatuz.

Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Tuterako Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Tuterako Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Tuterako jabeen erkidego hauetarako esku-hartze orokorreko proiektua onestea (“100 pisos” eta “Scalextric A, B, C” blokeak, esp.: PIG 27):

–Azut kalea, 2, 4, 6, 8, 10 eta 12 zenbakiak.

–Fuente de La Salud kalea, 2 zenbakia.

–Fuente de la Dula kalea, 2 zenbakia. Scalextric A.

–Tronzaires bidea, 30 zenbakia. Scalextric B.

–Tronzaires bidea, 32 zenbakia. Scalextric C.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunek hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Tuterako Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.vivienda.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 26an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2108615