138. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

46/2021 FORU DEKRETUA, ekainaren 2koa, zeinaren bidez xedatzen baita Teresa Catalán Sánchez andreari ematea 2021. urteko Vianako Printzea Kulturaren Saria.

Nafarroako Gobernuak sortu zuen, 1990ean, Vianako Printzea Kulturaren Saria, eta haren helburua da aintzat hartzea kulturaren edozein arlotan pertsona edo erakunde nabarmenek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kultura hedatu eta sustatzeko lanetan.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak erabaki du Nafarroako Gobernuari proposatzea Teresa Catalán Sánchez andreari eman diezaiola 2021. urteko Vianako Printzea Kulturaren Saria, egin dituen merezimendu nabarmenengatik.

Teresa Catalán Sánchez (Iruñea, 1951) nazioartean ospea duen konpositorea da, genero guztietako 70 obra baino gehiago egin dituena. Espainian izan den lehen konposizio-katedraduna izan da, eta Madrilgo Goi Mailako Kontserbatorioan aritu da. Musikaren teoria modernoari buruzko hainbat funtsezko tratatu egin ditu; musika jarduerak sustatu ditu eta musikaren munduan erreferente bihurtu da, non irakaskuntza eta ikerketa batera egin baititu.

Beste aitorpen batzuen artean, 2017an Musikako Sari Nazionala jaso zuen, eta Merezimendu Zibilaren Ordenako Ohore-domina dauka.

Pablo Sarasate Kontserbatorioan egin zituen musika-ikasketak eta bertan lortu zuen Pianoko eta Konposizioko titulua. Fernando Remacha, Juan Eraso, Luis Morondo, Luis Taberna eta beste musikari nabarmen batzuekin ikasi zuen. Bere ikasketak zabaldu zituen Italian; Musika Sormeneko eta Estetikako masterra egin zuen Valentziako Unibertsitatean, eta Artearen Filosofian doktoratu zen bertan.

Madrilgo Musikako Goi Mailako Errege Kontserbatorioko Konposizio eta Instrumentazioko katedradun emeritua da, eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Musika eta haren zientzia eta teknologiari buruzko Doktorego Programako Batzorde Akademikoko kide.

JAKIUNDEko kide hautatua da, Arte Eszenikoen eta Musikaren Estatuko Kontseiluko kidea, Musikaren Kontseilu Nazionalekoa, Espainiako Orkestra eta Koru Nazionalekoa, Errege Antzokiaren Kontseilukoa, eta Iruñeako Taldea Musikagileak taldeko eratzaileetako bat, zeinarekin musika sortu eta zabaltzeko lan eskerga egin baitzuen. Era berean, nazioarteko ikastaro, topaketa eta jaialdi askotako musika saila zuzendu du.

Catalán “Sistemas compositivos temperados en el siglo XX (2. argitalpena)” tratatuaren egilea da eta “Música no tonal. Las propuestas de Julien Falk y Ernst Krenek” obraren egileetako bat dugu. Liburu eta aldizkari garrantzitsuetan argitaratu ditu artikuluak, baita zenbait musika-lan ere Espainiako eta Alemaniako argitaletxeetan. Zenbait aldizkari espezializatutako erredakzio kontseiluko kide ere bada.

Diskoak, liburuak, artikuluak eta txostenak argitaratu ditu. Haren obretako batzuk Estatuko zenbait kontserbatorioren ikasketa-programetan sartuta daude. Haren obrak jaialdirik garrantzitsuenetan programatu dituzte, eta hainbat herrialdetan, hala nola, Alemania, Italia, Argentina, Errusia, AEB, Frantzia, Holanda, Kuba eta Errumanian.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren proposamena ikusita, bidezkotzat jo du hari ematea 2021. urteko Vianako Printzea Kulturaren Saria.

Horrenbestez, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2021eko ekainaren 2an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Teresa Catalán Sánchez andreari ematea 2021eko Vianako Printzea Kulturaren Saria.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Teresa Catalán Sánchez andreari jakinaraztea.

Iruñean, 2021eko ekainaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2109125