137. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

51/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 17koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez hartzen baitira irailaren 29ko 31/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako salbuespeneko neurriak, Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako Irakaskuntzetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide Irakaskuntzetan eta Kirol-irakaskuntzetan.

COVID-19ak sortu duen mundu mailako pandemia eta 2019-2020 ikasturtean eduki duen eragin berezia ikusirik, zeinean hezkuntza presentzial guztia bertan behera geratu baitzen, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak salbuespeneko hainbat neurri hartu zituen hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako Irakaskuntzak, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide Irakaskuntzak eta Kirol-irakaskuntzak malgutzeko helburuarekin. Neurri horietako batzuk hartu ziren Nafarroan Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 57/2020 Foru Aginduaren bidez.

2020-2021 ikasturtearen hasieran irailaren 29ko 31/2020 Errege Lege-dekretua eman da, zeinaren bidez hartzen baitira presako neurriak unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan. Neurriak indarrean egonen dira ikasturtea amaitzen den arte, eta orduan dagokien agintariek erabakiko dute COVID-19ak sortutako pandemiaren ondoriozko aparteko zirkunstantziak gainditu diren edo ez. Lanbide heziketaren arloan, aipatutako errege lege-dekretuak salbuespeneko neurriak ezartzen ditu Lantokiko Prestakuntza moduluari eragiten dioten irakaskuntzen ordenazioan eta antolamenduan, baita ebaluatzeko, mailaz igotzeko eta titulaziorako irizpideei ere. Halaber, salbuespeneko neurriak ere ezartzen ditu, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako Enpresa, Estudio eta Tailerretako Prestakuntza Praktikoari eragiten diotenak; eta kirol-irakaskuntzan, prestakuntza praktikoari. Ezartzen du, halaber, hezkuntza administrazioek zehaztuko dutela salbuespeneko neurri horien aplikazioa, beren eskumenen esparruan.

Hezkuntza Departamentuak aplikatu nahi dituen salbuespeneko eta presako neurrien artean, hauek daude:

a) Lantokiko Prestakuntza modulua (LP) salbuestea, lanaldi osoko sei hilabeteko lan esperientziaren baliokidea delako.

b) Lantokiko Prestakuntza moduluaren enpresetako prestakuntza praktikoa kendu, eta haren ordez lan ingurunearekin lotutako jarduerak proposatzea.

c) Lanbide modulu bakoitzerako aurreikusitako ebaluazio irizpideak aldatzea.

d) Mailaz igotzeko irizpideak egokitzea Lanbide Heziketako Irakaskuntza guztietan.

e) Titulazioaren egokitzapena, tituluaren gaitasun orokorra eskuratzeko printzipio orokorrak kontuan hartuta.

f) Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan, a) eta b) neurriak aplikatzea, enpresetako, estudioetako eta tailerretako prestakuntza praktikoaren aldiari dagokionez.

g) Kirol-irakaskuntzetan, a) eta b) neurriak aplikatzea, prestakuntza praktikoaren aldiari dagokionez.

h) Neurriak aplikatzea profesionaltasun ziurtagirien arloan, Hezkuntza Departamentuaren eskumenekoa baita.

Irailaren 29ko 31/2020 Errege Lege-dekretuak ezartzen dituen salbuespeneko neurri hauek aplikatu ahal izateko, foru agindu bat onetsi behar da, irakaskuntza hauek Nafarroan daukaten araudia aipatu errege lege-dekretuan ezarritakoari egokitzeko.

Nafarroan, arau hauek arautzen dituzte ebaluazio, titulazio eta ziurtapenari buruzko guztia, baita LP modulua garatzeari buruzkoa ere:

–21/2019 Foru Agindua, martxoaren 5ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautzen dituena.

–63/2019 Foru Agindua, abuztuaren 20koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntza profesionaletako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ziurtapen akademikoa arautzen dituena.

–93/2014 Foru Agindua, urriaren 21ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko araubide bereziko kirol-irakaskuntzetako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta egiaztapen akademikoa.

–45/2009 Foru Agindua, apirilaren 2koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako Irakaskuntzen barruko Lantokietako Prestakuntzako moduluaren garapena arautzen duena, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

Aipatu foru agindu horietan xedatutakoak aplikatzekoa izaten segituko du 2020-2021 ikasturtean eta ondorengoetan, foru agindu honetan xedatzen diren salbuespeneko neurriei buruzkoak izan ezik. Foru agindu honetan xedatzen diren neurriak aplikatzekoak izanen dira agintariek COVID-19ak ekarri duen pandemiaren ondorioz sortu den egoera berezia gainditu dela erabakitzen duten ikasturtea amaitzen den arte.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuaren bidez, foru agindu hau onestearen aldeko txostena eman du (foru agindu honen xedea da irailaren 29ko 31/2020 Errege Lege-dekretuak ezartzen dituen salbuespeneko neurriak ezartzea Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako Irakaskuntzetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide Irakaskuntzetan eta Kirol-irakaskuntzetan).

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Eskola Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen xedea da irailaren 29ko 31/2020 Errege Lege-dekretuan (zeinaren bidez hartzen baitira presako neurriak unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan) ezarritako salbuespeneko neurriak hartzea, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako Irakaskuntzetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide Irakaskuntzetan eta Kirol-irakaskuntzetan, baita Hezkuntza Departamentuaren eskumenekoak diren profesionaltasun ziurtagirien arloan ere.

2. Ezarritako neurriak aplikatzekoak izanen dira ikastetxe publikoetan, pribatu itunduetan eta pribatu ez itunduetan, Hezkuntza Departamentuaren baimenarekin Nafarroan hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako Irakaskuntzak, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide Irakaskuntzak eta Kirol-irakaskuntzak ematen dituztenak; baita Hezkuntza Departamentuaren eskumenekoak diren profesionaltasun ziurtagiriak ematen dituztenetan ere.

3. Foru agindu honetan xedatzen diren salbuespeneko neurriak aplikatzekoak izanen dira agintariek COVID-19ak ekarri duen pandemiaren ondorioz sortu den egoera berezia gainditu dela erabakitzen duten ikasturtea amaitzen den arte.

2. artikulua. Salbuespeneko neurriak hartzea Lantokiko Prestakuntzari buruz, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako prestakuntzako heziketa-zikloetan, baita Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako praktiken moduluan eta lanbide lantegietan ere.

1. Laneko esperientziarekin loturik dagoelako, Lantokiko Prestakuntza modulu profesionala osorik edo zati batean egitetik salbuestea erabaki daiteke, sei hilabete lanaldi osoan edo haren baliokidea egin dutela egiaztatzen duten ikasleei, norberaren lanbide ikasketekin zerikusia duten lanpostuetan.

2. LP modulua garatuko da, posible den heinean, dagokien foru dekretuetan ezartzen den baldintzetan eta zehazten den iraupenarekin.

Modulua egiteko, helduentzat eskaintzen diren modalitateetan, irizpide hauek hartu beharko dira kontuan: lantokia ikasleen bizitokitik hurbil egotearen irizpidea, eta ikasleek bizitza pertsonala eta lan-bizitza kontziliatu ahal izatearen irizpidea.

Halaber, praktiken modulua garatuko da, posible den heinean, Nafarroako curriculumean ezartzen den baldintzetan eta zehazten den iraupenarekin.

LP modulua eta praktika modulua telematikoki egiten ahalko dira beren langileentzat telelana garatzen ari diren enpresetan, bideragarria den guztietan eta zikloari edo programari lotutako gaitasunak garatzen ahal direla posible dela ikusten bada.

3. COVID-19ak sortutako osasun alertaren egoeraren ondorioz LP modulua eta praktika modulua egiteko beharrezkoak diren enpresak ez badaude, eta beraz, aipatu modulu horren ordu batzuk egitea ezinezkoa denean, ondoren aipatzen diren neurri hauetako bat edo batzuk hartuko dira.

Neurriok hartzean, lehen neurriak lehentasuna edukiko du bigarrenaren aurrean, eta horrela hurrenez hurren.

3.1. Lehenbizikoa. LP modulua eta praktika modulua bi prestakuntza-blokeren bidez egitea:

a) Enpresako egonaldia, titulu bakoitza eta bere gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituzten errege dekretuetan ezartzen den ordu kopuru minimoa, gutxienez: 220 ordu erdi mailako eta goi mailako Lanbide Heziketako zikloetan, eta 130 ordu Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloetan. Lanbide Heziketa Bereziko zikoetan eta Lanbide Lantegietan ordu kopuru gutxienekoa 130 ordu izanen dira.

b) Lan inguruneari lotutako jarduerak egitea, ahalik eta gehien hurbiltzen direnak lanbide-errealitateari; horretan sartzen den ordu kopurua, aurrekoari batuz gero, Nafarroaren curriculumean LP modulurako eta praktika modulurako ezarritako ordu kopuru osoa lortuko da.

LP moduluan ‘gai’ kalifikazioa lortuko da bi prestakuntza-blokeetan ‘gai’ kalifikazioa lortzen denean.

3.2. Bigarrena. LP modulua eta praktika modulua bi prestakuntza-blokeren bidez egitea:

a) Enpresako egonaldia, aurreko apartatuan seinalatutako denbora baino gutxiago.

b) Lan inguruneari lotutako jarduerak egitea, ahalik eta gehien hurbiltzen direnak lanbide-errealitateari; horretan sartzen den ordu kopurua, aurrekoari batuz gero, Nafarroaren curriculumean LP modulurako eta praktika modulurako ezarritako ordu kopuru osoa lortuko da.

LP moduluan ‘gai’ kalifikazioa lortuko da bi prestakuntza-blokeetan ‘gai’ kalifikazioa lortzen denean.

3.3. Hirugarrena. LP moduluko eta praktika moduluko batere ordurik egitea lantoki batean ezinezkoa denean, ikastetxeak modulu horretan aurreikusten diren prestakuntza jarduerak kenduko ditu, eta horien ordez lan inguruneari lotutako jardueren proposamen bat eginen du, ahalik eta gehien hurbiltzen zaiona lanbide-errealitateari.

4. Goi-mailako heziketa zikloen eta curriculumean proiektuko lanbide-modulu bat duten erdi mailako zikloen kasuan, ikastetxeek lan inguruneari lotutako jarduerak proiektuaren lanbide-modulurako aurreikusitakoekin lotu ahal izanen dituzte, eta azken horretarako proposatutako jardueren zabalpen bat izanen dira.

Proiektuaren modulua zenbakiz kalifikatuko da, 1etik 10era, hamarrenik gabe, eta LP modulua ‘Gai’ edo ‘Ez gai’ hitzekin kalifikatuko da.

5. Lehengo paragrafoetan aipatutako lan inguruneari lotutako jardueren proposamena antolatzea eta garatzea, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpen batean ezarriko da.

Lan inguruneari lotutako jarduera horietan kontuan hartu beharko da ebazpen honen 1. eranskinean aipatzen diren ikaskuntzaren emaitzak, Oinarrizko Lanbide Heziketako, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetarako.

6. Ebaluazio deialdiari uko egitea, eta beraz, LP modulua eta praktika modulua egiteari uko egitea. LP moduluaren eta praktika moduluaren ebaluazio deialdiari uko egiteko eskaera onartuko da azken ebaluazio saioa egin baino 2 hilabete lehenagoko epe batean, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpenean ezartzen diren jarraibideen arabera.

7. Ikastetxeek Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira bidali beharko dute txosten bat, zeinean zehaztuko baitira, era arrazoituan, talde bakoitzerako eta ziklo bakoitzerako hartutako salbuespeneko neurriak.

8. Talde eta ziklo berdineko ikasleentzako salbuespeneko neurriak ezberdinak direnean, ikasle bakoitzarentzat hartu beharreko salbuespeneko neurriaren lehentasuna erabakitzeko irizpidea izanen da zikloa osatzen duten gainerako lanbide moduluetan ateratako batez besteko nota, handienetik baxuenera ordenatuta, edo/eta ikastetxeak erabakiko dituen beste irizpide objektibo batzuk.

9. Ikastetxeak informazioa eman beharko die ikasleei, haien gurasoei eta legezko ordezkariei, adingabekoak badira, proposatzen den salbuespeneko neurriari buruz. Informazio hau xedera iritsiko dela ziurtatzen duten bitartekoen bidez eman behar da, eta idatziz jasota utziko da. Hartu beharreko salbuespeneko neurria zein izanen den, ikasle bakoitzarentzat banakako erabakiaren bidez hartuko da, eta ikasleak edo haren legezko ordezkariek, adingabea bada, informazioa jaso dela idatziz adierazita utzi beharko dute.

3. artikulua. Salbuespeneko neurriak hartzea Lanbide Heziketa Dualari buruz.

1. Lanbide heziketa duala garatuko da, posible den heinean, LH dualaren hitzarmenean jasotakoa aintzat hartuz, eta dagokion prestakuntza programaren arabera. Programa egokitzen ahalko da, gerta litezkeen aparteko inguruabarrak kontuan hartuta.

2. Prestakuntza programa, erabat edo partez, ezin denean garatu lantokian, ikastetxeak ikasleen prestakuntza bere gain hartu behar du, eta horretarako berriz prestatuko du programazio espezifiko bat ikasle bakoitzarentzat, beharrezkotzat jotzen diren errefortzurako jarduerak eta guzti.

Zirkunstantziek horretarako aukera ematen badute, bermatu beharko da modalitate dualera itzuli ahal izatea ikastetxe berean. Halaber, posible bada, prestakuntza programa duala beste ikastetxe batean jarraitzen ahalko da.

3. Dual modalitatean garatzen den ziklo batean matrikulatuta dauden ikasleek jarraitzen ahal dute zikloa modalitate orokor arruntean, LP modulua eginez foru agindu honen 2. artikuluan ezartzen diren salbuespeneko neurriak kontuan hartuz.

4. artikulua. Aparteko neurriak hartzea Lanbide Heziketako ebaluazio, mailaz igotze eta titulazio irizpideei buruz.

1. Ikastetxeek egokitu beharko dituzte erreferentziatzat hartzen dituzten ebaluazio irizpideak, kontuan hartuta egin behar izan diren egokitzapen metodologikoak.

2. Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako ikasleek, mailaz igotzeko, martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 20.5 artikuluak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte.

Aurrekoa gorabehera, salbuespeneko neurri gisa, ikastetxeko zuzendariak baimentzen ahal du, irakasle taldeak gehiengoz onartutako proposamen arrazoitua eginda, artikulu honetan mailaz igotzeko zehaztutako baldintzak betetzen ez dituzten ikasleak igotzea mailaz.

3. Oinarrizko Lanbide Heziketako ikaslea ikasmailaz igoko da lanbide modulu guztiak gainditu dituenean, edo gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak gainditu gabe izanik, horiek lehen mailako zikloko asteko ordutegiaren %20 gainditzen ez badute; hau da, modulu horien asteko ordu karga 6 ordukoa edo hortik beherakoa bada, Nafarroako curriculumaren arabera.

Gaitasun unitateei lotutako lanbide moduluak prestakuntza unitateetan antolatzen badira, moduluak balira bezala konputatuko dira mailaz igotzeari dagokionez.

4. Lanbide Heziketako Irakaskuntzak gainditzea eta ikasleen titulazioa lortzea eginen da tituluaren edo programaren gaitasun orokorra lortzearen printzipio orokorrei kasu eginez.

Tituluaren edo programaren gaitasun orokorra eskuratutzat joko da lanbide modulu guztiak gaindituta daudenean edo bostetik beherako kalifikazioa duen modulu bakarra dagoenean; testuinguru horretan, gainditu gabeko lanbide modulu hori gainditzen ahalko da ‘gaitasunen konpentsazioa” izeneko mekanismoaren bidez, aldi berean honako baldintza hauek ere betetzen badira:

a) Konpentsazioaren bidez gainditzen ahal den lanbide modulua ezin da izan LP modulua, ez eta, goi mailako heziketa zikloen kasuan, proiektu modulua ere.

b) Konpentsazioaren bidez lanbide modulu bat baino ezin izanen da gainditu, LP modulua egin baino lehenagoko ebaluazio partzialeko saioan “Gainditzeke” kalifikatu den bakarra izan bada, eta erdi mailako heziketa zikloetako eta goi mailako heziketa zikloetako ikasleek, errekuperatzeko programa egin eta gero, bosteko kalifikazioa lortu ez bada.

Oinarrizko Lanbide Heziketako eta Lanbide Lantegiko zikloen kasuan, konpentsazioaren bidez lanbide modulu bat baino ezin izanen da konpentsatu, azken ebaluazio bigarren saioa egin eta gero gainditu ez den bakarra bada.

c) Konpentsazioaren bidez gaindi daitekeen lanbide moduluaren kalifikazioa bi hauetako bat izan daiteke:

–Kalifikazioa berdin lau. Kasu honetan, konpentsazioaren bidez gainditu den moduluaren kalifikazioa, ebaluazio erregistroetan eta dokumentuetan paratu beharrekoa, 5-C da.

–Kalifikazioa lau baino gutxiago da, eta bat baino gehiago. Konpentsazioaren bidez gainditzen ahalko da, baldin eta heziketa zikloaren kalifikazioa, konpentsazioaren ondorioetarako, 5 bada, edo gehiago. Zikloaren kalifikazioa, konpentsazioaren ondorioetarako, honela eginen da:

Zikloaren azken batez besteko nota kalkulatzeko konputatzen diren lanbide modulu guztien batezbesteko aritmetiko haztatua (BH) izanen da (barne sartuta konpentsazioaren bidez gainditu nahi den moduluaren kalifikazioa, 5 baino gutxiago izanen dena).

Batezbesteko aritmetiko haztatua formula honen bidez kalkulatuko da:

C1 = 1. lanbide moduluaren kalifikazioa

HhMP1 = 1. lanbide moduluaren curriculum-orduak, Nafarroako curriculumaren arabera.

C2 = 2. lanbide moduluaren kalifikazioa

HhMP1 = 2. lanbide moduluaren curriculum-orduak, Nafarroako curriculumaren arabera.

Cn = n. lanbide moduluaren kalifikazioa (zikloaren batez besteko nota kalkulatzeko kontatzen den azken modulua).

HhMPn = azken lanbide moduluaren curriculum-orduak, Nafarroako curriculumaren arabera.

Kalkulu honetan ez dira kontatzen LP moduluaren orduak.

Zikloaren batezbesteko aritmetiko haztatua 5 bada, edo gehiago, aztertzen ari den lanbide modulua konpentsazioaren bidez gainditu dela joko da.

Kasu honetan, konpentsazioaren bidez gainditu den moduluaren kalifikazioa, ebaluazio erregistroetan eta dokumentuetan paratu beharrekoa, 5-C da.

Lortu den 5eko kalifikazioa aintzat hartuko da heziketa zikloaren batez besteko azken nota kalkulatzeko.

5. artikulua. Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan salbuespeneko neurriak hartzea, Enpresetako, Estudioetako eta Tailerretako Prestakuntza Praktikoaren aldiari dagokionez.

1. Laneko esperientziarekin loturik dagoelako, Enpresetako, Estudioetako eta Tailerretako Prestakuntza Praktikoaren aldia (EETPP) osorik edo zati batean egitetik salbuestea erabaki daiteke, sei hilabete lanaldi osoan edo haren baliokidea egin dutela egiaztatzen duten ikasleei, dagokion heziketa zikloaren lanbidearen ezagutza, gaitasun eta trebetasunekin loturik dagoen lanpostu batean.

2. EETPP aldia garatuko da, posible den heinean, dagokien foru dekretuetan ezartzen den baldintzetan eta zehazten den iraupenarekin.

EETPP aldia telematikoki egiten ahalko da beren langileentzat telelana garatzen ari diren enpresa, estudio eta tailerretan, bideragarria den guztietan eta zikloari edo programari lotutako gaitasunak garatzen ahal direla posible dela ikusten bada.

3. COVID-19ak sortutako osasun alertaren egoeraren ondorioz EETPP aldia egiteko beharrezkoak diren enpresak, estudioak eta tailerrak ez badaude, eta beraz, aipatu modulu horren ordu batzuk egitea ezinezkoa denean, ondoren aipatzen diren neurri hauetako bat edo batzuk hartuko dira.

Neurriok hartzean, lehen neurriak lehentasuna edukiko du bigarrenaren aurrean, eta horrela hurrenez hurren.

3.1. Lehenbizikoa. EETPP aldia bi prestakuntza-blokeren bidez egitea:

a) Enpresa, estudio edo tailerretako egonaldia, titulu bakoitza eta bere gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituzten errege dekretuetan ezartzen den ordu kopuru minimoa, gutxienez.

b) Lan eta arte inguruneari lotutako jarduerak egitea, ahalik eta gehien hurbiltzen direnak lanbide-errealitateari eta errealitate artistikoari; horretan sartzen den ordu kopurua, aurrekoari batuz gero, Nafarroaren curriculumean EETPP aldirako ezarritako ordu kopuru osoa lortuko da.

EETPP aldian ‘gai’ kalifikazioa lortuko da bi prestakuntza-blokeetan ‘gai’ kalifikazioa lortzen denean.

3.2. Bigarrena. EETPP aldia bi prestakuntza-blokeren bidez egitea:

a) Enpresa, estudio eta tailerreko egonaldia, aurreko apartatuan seinalatutako denbora minimoa baino gutxiago.

b) Lan eta arte inguruneari lotutako jarduerak egitea, ahalik eta gehien hurbiltzen direnak lanbide-errealitateari eta errealitate artistikoari; horretan sartzen den ordu kopurua, aurrekoari batuz gero, Nafarroaren curriculumean EETPP aldirako ezarritako ordu kopuru osoa lortuko da.

EETPP aldian ‘gai’ kalifikazioa lortuko da bi prestakuntza-blokeetan ‘gai’ kalifikazioa lortzen denean.

3.3. Hirugarrena. EETPP aldiko batere ordurik egitea enpresa, estudio edo tailer batean ezinezkoa denean, ikastetxeak aldi horretan aurreikusten diren prestakuntza jarduerak kenduko ditu, eta horien ordez lan inguruneari eta ingurune artistikoari lotutako jardueren proposamen bat eginen du, ahalik eta gehien hurbiltzen zaiona lanbide-errealitateari eta errealitate artistikoari.

4. Goi mailako heziketa zikloen kasuan, ikastetxeek lotzen eta era integratuan egiten ahalko dituzte lan ingurune eta ingurune artistikoarekin harremana duten jarduerak eta proiektu integratuaren moduluan ezartzen direnak; modulu horretarako proposatzen diren jardueren zabalkunde bat izanen dira, izan ere.

Erdi mailako heziketa zikloen kasuan, lotzen eta era integratuan egiten ahalko dira azken obraren moduluko jarduerekin; modulu horretarako proposatzen diren jardueren zabalkunde bat izanen dira, izan ere.

Bi kasuetan –bai proiektu integratuaren moduluan, bai azken obra moduluan– eta EETPP aldia ‘Gai’ edo ‘Ez gai’ hitzekin kalifikatuko dira.

Lehengo paragrafoetan aipatutako lan inguruneari eta ingurune artistikoari lotutako jardueren proposamena antolatzea eta garatzea, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpen batean ezarriko da.

5. Ebaluazio deialdiari uko egitea, eta beraz, EETPP aldia egiteari uko egitea. EETPP aldiaren ebaluazio deialdiari uko egiteko eskaera onartuko da azken ebaluazio saioa egin baino 2 hilabete lehenagoko epe batean, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpenean ezartzen diren jarraibideen arabera.

6. Ikastetxeek Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira bidali beharko dute txosten bat, zeinean zehaztuko baitira, era arrazoituan, talde bakoitzerako eta ziklo bakoitzerako hartutako salbuespeneko neurriak.

7. Talde eta ziklo berdineko ikasleentzako salbuespeneko neurriak ezberdinak direnean, ikasle bakoitzarentzat hartu beharreko salbuespeneko neurriaren lehentasuna erabakitzeko irizpidea izanen da zikloa osatzen duten gainerako prestakuntza moduluetan ateratako batez besteko nota, handienetik baxuenera ordenatuta, edo/eta ikastetxeak erabakiko dituen beste irizpide objektibo batzuk.

8. Ikastetxeak informazioa eman beharko die ikasleei, haien gurasoei eta legezko ordezkariei, adingabekoak badira, proposatzen den salbuespeneko neurriari buruz. Informazio hau xedera iritsiko dela ziurtatzen duten bitartekoen bidez eman behar da, eta idatziz jasota utziko da. Hartu beharreko salbuespeneko neurria zein izanen den, ikasle bakoitzarentzat banakako erabakiaren bidez hartuko da, eta ikasleak edo haren legezko ordezkariek, adingabea bada, informazioa jaso dela idatziz adierazita utzi beharko dute.

6. artikulua. Salbuespeneko neurriak hartzea kirol-irakaskuntzetako prestakuntza praktikoaren modulu/blokeari dagokionez.

1. Prestakuntza praktikoaren modulu/blokea garatuko da, posible den heinean, dagokien foru dekretuetan ezartzen den baldintzetan eta zehazten den iraupenarekin.

2. COVID-19ak sortutako osasun alertaren egoeraren ondorioz prestakuntza praktikoaren modulu/blokea egiteko beharrezkoak diren enpresak edo kirol-instituzioak ez badaude, eta beraz, aipatu modulu/bloke horren ordu batzuk egitea ezinezkoa denean, ondoren aipatzen diren neurri hauetako bat edo batzuk hartuko dira.

Neurriok hartzean, lehen neurriak lehentasuna edukiko du bigarrenaren aurrean, eta horrela hurrenez hurren.

2.1. Lehenbizikoa. Prestakuntza praktikoaren modulu/blokea bi prestakuntza-blokeren bidez egitea:

a) Enpresa edo kirol-instituzioko egonaldia, titulu bakoitza eta bere gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituzten errege dekretuetan ezartzen den ordu kopuru minimoa, gutxienez.

b) Kirol inguruneari lotutako jarduerak egitea, ahalik eta gehien hurbiltzen direnak kirol- eta lanbide-errealitateari; horretan sartzen den ordu kopurua, aurrekoari batuz gero, Nafarroaren curriculumean prestakuntza praktikoaren modulu/blokerako ezarritako ordu kopuru osoa lortuko da.

Prestakuntza praktikoaren modulu/blokean ‘gai’ kalifikazioa lortuko da bi prestakuntza-blokeetan ‘gai’ kalifikazioa lortzen denean.

2.2. Bigarrena. Prestakuntza praktikoaren modulu/blokea bi prestakuntza-blokeren bidez egitea:

a) Enpresako edo kirol-instituzioko egonaldia, aurreko apartatuan seinalatutako denbora baino gutxiago.

b) Kirol inguruneari lotutako jarduerak egitea, ahalik eta gehien hurbiltzen direnak kirol- eta lanbide-errealitateari; horretan sartzen den ordu kopurua, aurrekoari batuz gero, Nafarroaren curriculumean prestakuntza praktikoaren modulu/blokerako ezarritako ordu kopuru osoa lortuko da.

Prestakuntza praktikoaren modulu/blokean ‘gai’ kalifikazioa lortuko da bi prestakuntza-blokeetan ‘gai’ kalifikazioa lortzen denean.

2.3. Hirugarrena. Prestakuntza praktikoaren modulu/blokeko batere ordurik egitea enpresa edo kirol-instituzio batean ezinezkoa denean, ikastetxeak aldi horretan aurreikusten diren prestakuntza jarduerak kenduko ditu, eta horien ordez kirol inguruneari lotutako jardueren proposamen bat eginen du, ahalik eta gehien hurbiltzen zaiona lanbide- eta kirol-errealitateari.

3. Goi mailako kirol zikloen kasuan, ikastetxeek lotzen eta era integratuan egiten ahalko dituzte kirol ingurunearekin harremana duten jarduerak eta azken proiektuaren moduluan ezartzen direnak; modulu horretarako proposatzen diren jardueren zabalkunde bat izanen dira, izan ere.

Prestakuntza praktikoaren modulu/blokea eta azken proiektuaren modulua ‘Gai’ edo ‘Ez gai’ hitzekin kalifikatuko dira.

Lehengo paragrafoetan aipatutako kirol inguruneari lotutako jardueren proposamena antolatzea eta garatzea, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpen batean ezarriko da.

4. Ebaluazio deialdiari uko egitea, eta beraz, prestakuntza praktikoaren modulu/blokea egiteari uko egitea. Prestakuntza praktikoaren modulu/blokearen ebaluazio deialdiari uko egiteko eskaera onartuko da azken ebaluazio saioa egin baino 2 hilabete lehenagoko epe batean, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpenean ezartzen diren jarraibideen arabera.

5. Ikastetxeek Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira bidali beharko dute txosten bat, zeinean zehaztuko baitira, era arrazoituan, talde bakoitzerako eta ziklo bakoitzerako hartutako salbuespeneko neurriak.

6. Talde eta maila/ziklo berdineko ikasleentzako salbuespeneko neurriak ezberdinak direnean, ikasle bakoitzarentzat hartu beharreko salbuespeneko neurriaren lehentasuna erabakitzeko irizpidea izanen da zikloa osatzen duten gainerako kirol moduluetan ateratako batez besteko nota, handienetik baxuenera ordenatuta, edo/eta ikastetxeak erabakiko dituen beste irizpide objektibo batzuk.

7. Ikastetxeak informazioa eman beharko die ikasleei, haien gurasoei eta legezko ordezkariei, adingabekoak badira, proposatzen den salbuespeneko neurriari buruz. Informazio hau xedera iritsiko dela ziurtatzen duten bitartekoen bidez eman behar da, eta idatziz jasota utziko da. Hartu beharreko salbuespeneko neurria zein izanen den, ikasle bakoitzarentzat banakako erabakiaren bidez hartuko da, eta ikasleak edo haren legezko ordezkariek, adingabea bada, informazioa jaso dela idatziz adierazita utzi beharko dute.

7. artikulua. Neurriak aplikatzea enplegurako Lanbide Heziketako profesionaltasun ziurtagirien arloan, Hezkuntza Departamentuaren eskumenekoa baita.

1. Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua garatuko da, posible den heinean, hori arautzen duen oinarrizko araudian ezartzen den baldintzetan eta zehazten den iraupenarekin.

2. Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua enpresaren arloan egitea ezinezkoa denean, prestakuntza ematen duen ikastetxeak eskaera arrazoitu bat eginen du eta bidaliko dio Hezkuntza Departamentuari, eta bertan baimena eskatuko du ondoren aipatzen diren neurrietako bat hartzeko. Hezkuntza Departamentuak baimena emanen dio, edo ez, prestakuntza ematen duen ikastetxeak azaltzen dituen arrazoien arabera.

Neurriok hartzean, lehen neurriak lehentasuna edukiko du bigarrenaren aurrean, eta horrela hurrenez hurren.

2.1. Lehenbizikoa. Lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluaren ordez, lanpostu batean aritzea. Lanpostu hori, modulua zer profesionaltasun ziurtagiriri atxikitzen zaion, profesionaltasun ziurtagiri hori arautzen duen araudiak ezartzen dituen zereginekin lotuta egonen da.

2.2. Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua egiteko epea handitzea.

2.3. Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua prestakuntza zentroan bertan egitea.

2.4. Salbuespenez, Lantokiko Prestakuntza praktikoaren moduluaren ordez, proiektu bat egitea. Proiektu hori lotuta egonen da, aipatutako moduluaren barruan, lan ingurunean egin behar ziren jarduerekin.

3. Artikulu honetan xedatzen dena antolatzea eta garatzea, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpen batean ezarriko da.

Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Foru agindu hau garatzeko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari foru agindu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 17an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

1. ERANSKINA

LP moduluaren ikaskuntzaren emaitzak, lan ingurunearekin lotutako prestakuntza jardueretan antolatutakoarenak,
proiektuaren formatuarekin

Ikaskuntzaren emaitzak, Oinarrizko LH zikloetarako.

1. Produkzio sektorearen beharrak identifikatzen ditu, eta behar horiek ase ditzaketen ereduzko proiektuekin lotzen ditu.

–Sektoreko enpresa mota bat identifikatzen du, bai eta ere eskaintzen duten produktua edo zerbitzua.

–Sektoreko enpresei eskatutako beharren bat identifikatzen du.

–Eskaera bat aukeratzen da tutoreak proposatutakoen artean, eta hautaketa justifikatzen da.

2. Proiektu bat diseinatu du, proiektuaren fasean barne hartuz eta garatuz.

–Proiektua egiteko jarraituko den lan gidoia egin du (norberaren diseinukoa eta tutoreak proposatutakoa).

–Proiektuan teknologia berrien erabilera identifikatzen du.

–Proiektuan landuko diren alderdien gaineko informazioa biltzen du, tutoreak egin dituen proposamen akotatuen artean.

–Erdietsi nahi diren helburuak ezartzen ditu.

–Egiteko beharrezkoak diren baliabide materialak eta pertsonalak aurreikusten ditu.

3. Proiektuaren gauzatzea planifikatzen du, eta esku-hartze plana eta dagokion dokumentazioa zehazten du.

–Jardueren sekuentzia zehazten du, eta beharren arabera ordenatzen ditu.

–Jarduera bakoitzerako beharrezko baliabideak eta logistika finkatzen du.

–Aurreikusitako jarduerei datxezkien arriskuak edo balizko gorabeherak barne hartzen ditu.

4. Proiektua gauzatzean, jarraipena eta kontrola egiteko prozedurak definitzen ditu.

–Jarduerak edo esku-hartzeak ebaluatzeko prozedura definitzen du.

–Jardueren kalitate adierazleak definitzen ditu.

5. Gauzatze zehatz bat aurkeztuko luke, bere proiektuak hala erabakiko balu.

Erdi mailako edo goi mailako zikloetako ikaskuntzaren emaitzak.

1. Produkzio sektorearen beharrak identifikatzen ditu, eta behar horiek ase ditzaketen ereduzko proiektuekin lotzen ditu.

–Sektoreko enpresak eskaintzen duten produktuaren edo zerbitzuaren arabera sailkatzen ditu.

–Sektoreko enpresei eskatutako beharren bat identifikatzen du.

–Eskaera horiei erantzuteko beharrezkoa den proiektu bat identifikatzen du.

2. Proiektu bat diseinatzen du, proiektua osatzen duten faseak barne hartuz eta garatuz.

–Arriskuak prebenitzeko neurriak eta horiek aplikatzeko baldintzak identifikatzen ditu.

–Proiektua egiteko jarraituko den lan gidoia egiten du (norberaren diseinukoa eta tutoreak proposatutakoa).

–Proiektuan teknologia berrien erabilera identifikatzen du.

–Proiektuan landuko diren alderdien gaineko informazioa biltzen du.

–Proiektua osatzen duten fase edo atalak eta haren edukia identifikatu ditu.

–Erdietsi nahi diren helburuak ezartzen ditu.

–Egiteko beharrezkoak diren baliabide materialak eta pertsonalak aurreikusten ditu.

–Proiektuaren kalitatea ziurtatzeko kontrolatu beharreko alderdiak identifikatu ditu.

3. Proiektuaren gauzatzea planifikatzen du, eta esku-hartze plana eta dagokion dokumentazioa zehazten du.

–Jardueren sekuentzia zehazten du, eta beharren arabera ordenatzen ditu.

–Jarduera bakoitzerako beharrezko baliabideak eta logistika finkatzen du.

–Aurreikusitako jarduerei datxezkien arriskuak edo balizko gorabeherak barne hartzen ditu.

4. Proiektua gauzatzean, jarraipena eta kontrola egiteko prozedurak definitzen ditu.

–Jarduerak edo esku-hartzeak ebaluatzeko prozedura definitzen du.

–Jardueren kalitate adierazleak definitzen ditu.

–Baliabideek eta jarduerek izan ditzaketen aldaketak kudeatzeko prozedura definitzen du, haiek erregistratzeko sistema barne.

5. Gauzatze zehatz bat aurkeztuko luke, bere proiektuak hala erabakiko balu.

Iragarkiaren kodea: F2108229