136. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

65/2015 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 110/2015 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko zenbait programaren ondoriozko ordainketak, landa garapenerako urteko primak edo zuzeneko ordainketak jasotzen dituzten onuradunek bete beharreko baldintzazkotasun arauak ezarri ziren.

Abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretuan, hots, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko zenbait programaren ondoriozko ordainketak, landa garapenerako urteko prima jakin batzuk edo zuzeneko ordainketak jasotzen dituzten onuradunek bete beharreko baldintzazkotasun arauak ezartzen dituen horretan, ezarrita dago baldintzazkotasuna aplikatzeko Espainiako arau esparrua.

Araudi hori foru antolamenduan txertatu da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 110/2015 Foru Aginduaren bidez, non ezarri baitziren mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko zenbait programaren ondoriozko ordainketak, landa garapenerako urteko primak edo zuzeneko ordainketak jasotzen dituzten onuradunek bete beharreko baldintzazkotasun arauak.

Berriki, indarra hartu du urtarrilaren 26ko 41/2021 Errege Dekretuak, non berariazko xedapenak ezartzen baitira Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzeko emandako zenbait errege dekretu 2021. eta 2022. urteetan aplikatzeko, zehazki, 1075/2014, 1076/2014, 1077/2014 eta 1078/2014 errege dekretuak, denak abenduaren 19koak. Horrek ekarri du abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretua aldatzea, baldintzazkotasun arau batzuk aplikatzeari dagokionez.

Zehazki, berariazko xedapen batzuk gehitu dizkio Nekazaritzako zein ingurumeneko 7. baldintza egokiari (“Berezitasun topografikoak mantentzea eta heskaiak eta zuhaitzak inausteko debekua hegaztien haziera eta ugalketa garaian” izenekoari), landaketa intentsiboetan egiten den gaueko uzta-bilketa mekanikoaren ondorioz, eta hori foru araudian sartu beharra dago.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 110/2015 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez, mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko zenbait programaren ondoriozko ordainketak, landa garapenerako urteko primak edo zuzeneko ordainketak jasotzen dituzten onuradunek bete beharreko baldintzazkotasun arauak ezarri ziren.

Martxoaren 20ko 110/2015 Foru Aginduaren I. eranskineko 31) atala aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“31) Debekaturik dago heskaiak eta zuhaitzak moztea hegaztien umatze eta ugalketa garaian, martxotik uztailera bitarte, ingurumen arloko agintariek horretarako baimena berariaz eman ezean.

Debekaturik dago alor iraunkorretan gauez uzta-bilketa mekanikoa egitea, zehazki, eite altuko heskaiak eta hostotza sarria dituzten landaketa intentsiboetan, baita hegaztiek habia egiteko edo gaua igarotzeko erabiltzen dituztenetan ere, martxotik uztailera bitarte eta azarotik urtarrilera bitarte, hori guztia hegaztiak babesteko, bai umatze eta ugalketa garaian, bai gaueko atsedenaldian.

Lehenengo paragrafoan ezarritako behar horretatik at geldituko da arroz eta bestelako labore ureztatuetako soroetan euri-bideak, erretenak eta zapaldak zuzentzeko presak egitea, baita lurrak fintzeko eragiketak ere.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko apirilaren 27an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2109190