136. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

64/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, martxoaren 10eko 90/2015 Foru Agindua aldatzen duena, zeinaren bidez arautu baitzen nekazaritzako lurzatien informazio geografikorako sistema (SIGPAC) eta ezarri baitziren hura Nafarroan kudeatzeko arauak.

Nekazaritzako politika bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 68. artikuluak nekazaritzako lurzatiak identifikatzeko sistema aipatzen du kudeaketarako sistema integratuaren elementuen artean. 70. artikuluak dioenez, identifikazio sistema hori Batasuneko kide diren estatuek ezarri behar dute katastroko agiriak edo mapak edo bestelako baliabide kartografikoak oinarri harturik, informazio geografikorako sistema informatikoetan erabiltzen diren teknikak erabiliz.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak martxoaren 10ean emandako 90/2015 Foru Aginduaren bidez, arautu zen nekazaritzako lurzatien informazio geografikoko sistema (SIGPAC), eta hura Nafarroan kudeatzeko arauak ezarri ziren.

Abenduaren 19ko 1077/2014 Errege Dekretuak nekazaritzako lurzatien informazio geografikorako sistema arautzen du (SIGPAC delakoa), gutxieneko irizpide batzuk ezartzearren bermatzeko ezen kudeaketa tresna horrek egoki funtzionatzen duela kudeaketa eta kontrolerako sistema integratuaren esparruan eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza araubide batzuetan, azalerarekin zerikusia dutenetan, hain zuzen ere.

Urtarrilaren 26ko 41/2021 Errege Dekretuaren bidez, berariazko xedapen batzuk ezarri dira abenduaren 19ko 1075/2014, 1076/2014, 1077/2014 eta 1078/2014 errege dekretuak, Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzeari buruzkoak, 2021. eta 2022. urteetan aplikatzeko. Besteak beste, aldaketa batzuk ezartzen ditu SIGPAC sistema arautzen duen abenduaren 19ko 1077/2014 Errege Dekretuaren 7. artikuluan, eta, horrenbestez, aldaketa horiek foru araudira ekarri behar dira.

Zehazki, SIGPAC sisteman beharrezko aldaketak egiteko prozesua arintzearren, ahalbidetu nahi da administrazio eskudunak ofizioz egin ahal izatea zenbait kontrolen emaitzetan oinarrituz eskaera bakarra aldatzearen ondoriozko SIGPACeko aldaketak. Artikulu horren aldaketarekin, orobat, aukera ematen da SIGPAC sistemari egiten zaizkion alegazioak aurkeztu ahal izateko aurretiazko kontrolen ondorioz eta monitorizazio bidezko kontrolen ondorioz eskaera bakarra aldatzeko dauden epe beretan.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak martxoaren 10ean emandako 90/2015 Foru Agindua aldatzea; foru agindu horren bidez arautu zen nekazaritzako lurzatien informazio geografikorako sistema (SIGPAC), eta hura Nafarroan kudeatzeko arauak ezarri ziren.

Martxoaren 10eko 90/2015 Foru Aginduaren 6. artikuluaren 4. puntua aldatzen da, SIGPACa aldatzeko epeei dagokiena. Horren ondorioz, zenbait gorabehera jakinaraztearen ondorioz aurkezten diren eskaerak aurkezteko epeak aldatzen dira. 4. puntu hori honela idatzita geldituko da:

“4. “Bi epe ezartzen dira eskaerak aurkezteko:

a) Lehendabiziko epea laguntzarako eskaera bakarraren epearekin batera izanen da, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan arautzen baita, aldaketak aurkezteko epea barne.

Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 99.6 artikuluan araututako aurretiazko kontrolen emaitzen ondorioz nekazariek SIGPACi aldaketa bat eskatu behar badiote kontrol horien emaitzen ondorioz eremuren bateko informazioa aldatua izan dadin, eskaera hori aurkezten ahalko dute artikulu horrexetan ezarritako epeetan.

Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 99.6 bis artikuluan araututako monitorizazio bidezko kontrolen emaitzen ondorioz nekazariek SIGPACi aldaketa bat eskatu behar badiote kontrol horien emaitzen ondorioz eremuren bateko informazioa aldatua izan dadin, eskaera hori aurkezten ahalko dute errege dekretu horren 96.2 artikuluan ezarritako baldintzei jarraikiz.

Nekazari batek bere eskaera bakarra aldatzen badu monitorizazio bidezko kontrolen edo aurretiazko kontrolen emaitzei erantzuteko, SIGPACeko informazioa ofizioz eguneratuko da, betiere beharrezkoa denean SIGPACeko datuen, eskaera bakarrean jasotako informazio berriaren eta kontrol horien emaitzaren arteko koherentziari eusteko.

Goiko hiru paragrafo horietan ezarritakoaren arabera aurkezten diren eskaerek ondorioa izanen dute urte honetan zehar eskatzen diren laguntzak emateko.

b) Bigarren epea irailaren 1etik abenduaren 31ra arte izanen da. Epe horretan aurkezten diren eskaerek ondorioa izanen dute hurrengo urteko laguntzak emateko.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko apirilaren 27an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2109186