136. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

440/2021 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oinarri arautzaileak onesten baitira oinezko transhumantziarako “de minimis” araubideko laguntzak emateko, eta 2021eko laguntza deialdia ere onesten baita. DDBN identifikazioa: 562739.

Nafarroako Foru Komunitatearen barnean larreak urtaroaren arabera aprobetxatzeko asmoz azienda lekualdatzeko, komunikazioen sare bat garatzen da, gaur egun oraindik erabiltzen dena. Sare horrek “igarobide ekologiko” batzuk ditu, honako alderdi hauek babesten laguntzen dutenak: bertako arrazak, migrazioa, banaketa geografikoa, eta basa espezieen truke genetikoa. Hala ere, transhumantziak dakartzan gastuek, azienda transhumantearen errentagarritasunaren murrizketak (higaduraren ondorioz haragiaren bihurketa-indizea txikiagoa delako) eta, ondorioz, abereek joan-etorrietan galtzen duten pisuak oinezko transhumantziaren praktika pixkanaka gainbehera etortzea eragin dute, halako moldez non Erriberatik edo Nafarroako beste eskualde batzuetatik udan Urbasa-Andiara praktika hau egiten duten ustiategiak abeltzain gutxi batzuek baino ez baitituzte laguntzen.

Abelbideak transhumantzia bideak dira, ohiko artzaintza tokiak lotzen dituztenak artzainek eta abeltzainek aukera izan dezaten ahuntz, ardi, behi eta zaldi aziendak larre onenetara eramateko: eguraldia bare dagoela aprobetxatuta, udan mendateetara edo goi-mendiko larreetara, eta neguan, berriz, eguraldi epela dutenetara.

Altxonbideak dira sareko bide nagusiak; ibilbide luzea dute, eta oro har iparraldetik hegoalderantz doaz, larre hauek lotuta: iparraldeko goi-mendiko larreak, udan erabiltzen direnak, eta hegoaldeko tokiak (hau da, Ebroko Erriberakoak eta Errege Bardeakoak), negua pasatzeko erabiltzen direnak. Altxonbide ospetsuenei dagokienez, azienda transhumanteek horiek erabiltzen jarraitzen dute haien ibilbidearen zati batean.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak beharrezkotzat jotzen du diru konpentsazioa ematea Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dauden nekazaritzako ustiategien titular diren eta transhumantzia oinez egiten duten abeltzainei, altxonbideei eusten laguntzen baitute.

Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatuko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Oinezko transhumantziarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasota daudenak, eta ebazpen honen II. eta III. eranskinak onestea. Laguntzak “de minimis” araubidearen araberakoak dira.

2. Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen du, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onestea, esteka honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_C.pdf

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

4. Oinezko transhumantziarako laguntzak emateko 2021eko deialdia onestea. Laguntza horiek “de minimis” araubidearen araberakoak izanen dira.

5. Laguntza hauetarako 85.000 euroko gastua baimentzea, 2021erako Aurrekontu Orokorretako “Transhumantziarako laguntza” izeneko 710004-71310-4700-412207 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko.

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 6an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, oinezko transhumantziarako “de minimis” araubideko laguntzak emateko

Lehena.–Xedea eta helburuak.

1. Ebazpen honen xedea da Nafarroan oinezko transhumantziarako “de minimis” araubideko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea.

2. Laguntza honen xedea da komunikazio-sare bat mantentzea, transhumantzia egiten duten abeltzainek erabiltzen dutena; sare horretatik oinez ibiliz arraza autoktonoak, migrazioa eta banaketa geografikoa babesten, eta hainbat “igarobide ekologikok” osatutako altxonbideak mantentzen laguntzen dute.

Bigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laugarren oinarri arautzailearen arabera aurkezten den dokumentazioan datu batzuk adieraziko dira, eta datu horiexei jarraikiz zehaztuko da ematen den laguntzaren zenbatekoa. Hona hemen horren sariak:

–1,5 euro umetarako ardi edo ahuntz bakoitzeko, 40 eta 80 kilometro bitarteko ibilbideetarako.

–2,5 euro umetarako ardi edo ahuntz bakoitzeko, 80 kilometrotik gorako ibilbideetarako.

–6 euro 24 hilabetetik gorako behi bakoitzeko eta 36 hilabetetik gorako zaldi bakoitzeko, 40 eta 80 kilometro bitarteko ibilbideetarako.

–9 euro 24 hilabetetik gorako behi bakoitzeko eta 36 hilabetetik gorako zaldi bakoitzeko, 80 kilometrotik gorako ibilbideetarako.

2. Ibilbide diruz lagungarriak gehienez bi izanen dira ustiategiko: joana eta etorria.

3. Gehienez ere 5.000 euroko laguntza emanen da transhumantzia oinez egiten duen ustiategi bakoitzeko.

4. Dirulaguntzen deialdi hau “de minimis” araubidearen menpean dago (Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa). L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa.

5. Edozein onuraduni gehienez ere 20.000 euroko laguntza ematen ahal zaio hiru zergaldiko epean, Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoaren arabera; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori.

Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.

1. Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako ustiategien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak izaten ahalko dira ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradun, baldin eta laguntza ematen denean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribaturik dagoen abeltzaintzako ustiategi baten titularra izatea 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen.

b) Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak zehazten dituen osasun eskakizunak betetzea.

2. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), Abeltzaintza Zerbitzuari zuzenduak, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori eskuratzen ahal da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus).

3. Eskabideekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Deskripzio-memoria, II. eranskinaren araberakoa dena eta honako hauek adierazten dituena:

–Egin beharreko ibilbidea, adierazita egunak, datak, udal-mugarteak, herriak, alderdiak eta egunero eta guztira egiten diren kilometroak.

–Berariaz adieraztea transhumantzia igotzekoa edo jaistekoa den. Bi memoria aurkeztuko dira, bata joanerako eta bestea itzulerarako, kasua bada.

–Oinezko transhumantzia eginen duten abelburuen kopurua eta azienda mota.

b) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkiotenen kasuan, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea.

c) Adierazpen bat, idatziz edo euskarri elektronikoan egina, zeinak aipagai baititu aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez daudela dioen aitorpena.

e) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: “Nik, ........................., nire izenean/......................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, ................. ekitaldian, Nafarroan .................... laguntzak tramitatzeko prozeduran, nik/ordezten dudan entitateak zergen ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela egiaztatzeko”.

f) Lehenagoko e) apartatuarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharren eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

g) Horietako agiriren bat Foru Komunitateko Administrazioak baldin badu, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datuak aztertzeko.

Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen puntuazioaren arabera banatuko dira, honako baremo honen arabera:

2.1. GPS motako geolokalizazio-gailuak dituzten abereen taldearen titularrek egindako eskaerak, Administrazioak taldearen oinezko transhumantziako mugimenduen berri izan badezake gailu horien bidez: 20 puntu.

2.2. 2021eko urtarrilaren 1ean, nahitaezko urteko zentsuan gutxienez 700 umetarako ardi eme dituzten abeltzaintzako ustiategien eskaerak: 20 puntu.

2.3. Ogibide nagusia nekazaritza duten titularren izenean dauden ustiategien eskaerak, titularra pertsona fisikoa denean; eta lehentasunezko ustiategienak, titularra pertsona juridikoa denean: 10 puntu.

3. Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerak puntuazioaren arabera finantzatzeko aski ez bada, talde horren barrenean kobratu beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala eskatuko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela. Hala bada, espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

Halaber, eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren egiaztatuko du Animalien Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.

3. Dirulaguntza eman baino lehen, onuradunak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, zeinaren aipagai izanen baitira aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiak.

4. Araubide honen araberako laguntzak ez dira emanen harik eta frogatu arte horrek ez duela berekin ekarriko onuradun bati emandako “de minimis” araubideko laguntzen zenbateko osoak gainditzea 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga, eta, orobat, frogatu arte aipatu erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla.

5. Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Aurkeztu den memorian ezarri bezala egitea transhumantzia.

2. Laguntza emateko kontuan hartu diren betebeharrak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea organo emailearen aurrean, larreetara egindako mugimenduei buruzko osasun gidak aurkeztuz eta oinezko transhumantzia dela adieraziz.

3. Administrazioko teknikariei ustiategi transhumantera iristeko erraztasunak ematea, hartutako konpromisoak betetzen diren ala ez egiazta dezaten.

4. Ibilbidea GPS edo eguneko kokapenen bidez justifikatzea, zeinak adieraziko baitira egunen araberako ibilbidearen deskribapenean (II. eranskina): –Egin beharreko transhumantziaren deskripzio-memoria.

5. Onuradunak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idatziz komunikatu beharko dizkio egunen araberako ibilbidearen inguruko aldaketak, gertaeraren berri izan eta 10 eguneko gehieneko epean. Ibilbide hori oinezko transhumantziaren deskripzio-memorian adierazten da, laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharreko horretan.

6. Enpresa deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16an 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzatutako aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek, dirulaguntzarik jasotzen badute, informazio hau eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuta, eta urteko kontuak, jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamargarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Abeltzainei abereen taldearen transhumantziaren gastuen zati bat estaltzeko eman beharreko laguntza ordainketa bakar batean pagatuko da, transhumantzia egin dela frogatu ondoren. Hori justifikatzeko, larreetara egindako mugimenduei buruz egiten diren osasun gidak egiaztatuko dira, non oinezko transhumantzia zehaztuko baita. Egiaztatuko da laguntza emateko baldintzak betetzen direla pagatu baino lehen.

2. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa jasotzeko, onuradunek, eskaeraren urteko urriaren 15ean beranduenez, ordainketa-eskaera (III. eranskina) aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta.

3. Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.

Hamaikagarrena.–Noiz eta nola frogatu dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla.

Laguntzen helburua (hau da, transhumantzia) bete dela justifikatzeko, administrazio kontrolak eginen dira: geolokalizaziorako GPSak analizatuko dira, oinezko ibilbidea zehazten duten transhumantzia gidak egiaztatuko dira, eta ikuskapenak eginen dira bertatik bertara.

Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira Foru Administrazioak berak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, baldin eta errespetatzen badira Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduak ezarritako mugak; Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori.

Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoko fitxa garatzen duen araudian ezartzen denaren arabera.

ESKABIDE EREDUA

II. eranskina.–Egin beharreko transhumantziaren deskripzio-memoria(DOC).

III. eranskina.–Jarduera amaitu den komunikazioa eta ordainketa-eskaera (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2107616