135. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

69/2021 EBAZPENA, 2021eko maiatzaren 11koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onetsi egiten baitira toki entitateei 2021-2022 aldian ibai ingurunea lehengoratzeko eta mantentzeko jarduketak eta ibai eremuaren kudeaketari buruzko azterlanak egiteko emanen zaizkien laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 563789.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko urriaren 23ko 2000/60/EE Zuzentarauak helburutzat ezartzen ditu, besteak beste, ingurumena babestea eta ekosistema urtarren egoera hobetzea.

Habitatei buruzko 92/43/EEE Zuzentarauaren helburu nagusia biodibertsitatea zaintzea da, zuzentarauan bertan interesgarritzat jotzen diren habitat eta espezieak oinarri hartuta. Habitat eta espezie horietako askok lotura estua dute ibaiko ekosistemekin. Ongi zaindutako ibaiek eta hezeguneek funtsezko eginkizuna dute, fauna eta flora mugitzea ahalbidetzen duten korridore naturalak baitira.

Uholdeei buruzko 2007/60/EE Zuzentarauak uholde lautada naturalak lehengoratzea sustatzen du, emariak xaflatu ditzaten, uholdeek eragin ditzaketen kalteak arintzeko.

Hiru zuzentarau horiek lan ildoak zehazten dituzte, izendatzaile komun batekin: eta ibai eremua kudeatzea eta lehengoratzea.

Nafarroako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Orokorraren helburuetako bat da gaur egun garatzeko aukera egokirik ez duten habitatak lehengoratzea. Laguntzen deialdi honek, beraz, uholdeek eragindako kalteak saihestea eta ibaiko ekosistemak lehengoratzea du helburu, eta deialdiaren barnean egindako jarduketak bat datoz Ibaiak Lehengoratzeko Estrategia Nazionalarekin eta Uraren, Habitaten eta Uholdeen esparru zuzentarauekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak urteak eman ditu ibai sistemak lehengoratzeko lanak egiten, eta ibaien lehengoratzea eta ibaiko ekosistemen birnaturalizazioa bultzatzen du, morfologia berreskuratuta, oztopo disfuntzionalak kenduta eta uholde lautada naturalak berreskuratuta.

Biodibertsitate Zerbitzuak, besteak beste, ibai inguruneko jarduketetarako laguntzen deialdiak kudeatzeko eskumena du; zehazki, ibai ingurunearen berreskuratze, lehengoratze eta mantentze jarduketetarako –bereziki, Natura 2000 Sareko ibai inguruneei dagozkienak– eta ibai eremuaren kudeaketari buruzko azterlanetarako.

Deialdi honen helburua da ibai ingurunea lehengoratzeko eta mantentzeko jarduketak eta ibai eremuaren kudeaketari buruzko azterlanak egiteko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea.

Honako hau EBAZTEN DUT:

1. Toki entitateentzako laguntzak onestea, 2021-2022 aldian ibai ingurunea lehengoratzeko eta mantentzeko jarduketak eta ibai eremuaren kudeaketari buruzko azterlanak egin ditzaten.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 200.000 euroko gastua baimentzea, partida hauen kargura:

100.000 euro, 2021eko gastuen aurrekontuko «Suspertu Plana: toki entitateentzako dirulaguntzak, ibaietan esku hartzeko» izeneko 740003 74300 7609 452100 partidaren kargura.

100.000 euro, 2022ko gastuen aurrekontuko «Suspertu Plana: toki entitateentzako dirulaguntzak, ibaietan esku hartzeko» izeneko 740003 74300 7609 452100 partida parekagarriaren kargura edo 2022ko gastuen aurrekontuko lerro parekagarriaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Halaber, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 11n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Udalerriei eta kontzejuei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, 2021-2022 aldian ibai ingurunea lehengoratzeko eta mantentzeko jarduketak eta ibai eremuaren kudeaketari buruzko azterlanak egin ditzaten

1. oinarria.–Xedea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko urriaren 23ko 2000/60/EE Zuzentarauak helburutzat ezartzen ditu, besteak beste, ingurumena babestea eta ekosistema urtarren egoera hobetzea.

Biodibertsitate Zerbitzuak, besteak beste, ibai inguruneko jarduketetarako laguntzen deialdiak kudeatzeko eskumena du; zehazki, ibai ingurunearen berreskuratze, lehengoratze eta mantentze jarduketetarako –bereziki, Natura 2000 Sareko ibai inguruneei dagozkienak– eta ibai eremuaren kudeaketari buruzko azterlanetarako.

Deialdi honen helburua da ibai ingurunea lehengoratzeko eta mantentzeko jarduketak eta ibai eremuaren kudeaketari buruzko azterlanak egiteko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea.

2. oinarria.–Diruz lagungarriak diren gastuak.

Aurkeztutako proiektuetan ageri diren eta Foru Komunitateko gizartearentzat onuragarriak eta ingurumen interesekoak diren obrak diruz laguntzen ahal dira, aintzat hartuta babestutako ondasunen garrantzia, saihestutako arriskuak eta aurreikuspenen arabera jarduketek ingurumenari ekarriko dizkioten onurak.

Hori horrela, honako neurri hauek izanen dira diruz lagungarriak:

A.–Obrak:

Jarduketak apartatu hauen barruan sartu beharko dira:

1.–Ibaien ezaugarri hidromorfologikoak hobetzea; adibidez, zeharkako aldaketak (hala nola presak, dikeak eta presa txikiak) edo luzetarako egiturak (motak, harri lubetak, kanalizazio gabioiak edo beste batzuk) kentzea, ibaien iragazkortasuna murrizten eta/edo ibilgua zorrozten badute eta, ondorioz, ibaiaren dinamika naturala eragozten badute.

2.–Arrain eskalak pasatzeko sistemak eta arrain espezieen migrazioa ahalbidetzen duten beste sistema batzuk mantentzeko eta garbitzeko jarduketak. Eskala horien kudeatzailea entitate publiko bat izan behar da.

3.–Ibarbasoak, ibaiertzak eta uholde lautadak lehengoratzeko jarduketak. Apartatu honetan sartzen dira ibaiertzeko landaredia espezie autoktonoekin lehengoratzea eta landare estalki bat jartzea helburu duten jarduketak, higadura prozesuak minimizatzeko eta uholde lautadak lehengoratzen laguntzeko, eta, horren ondorioz, uholdeek eragindako kalteak murriztu eta ingurumen balioak hobetzeko.

4.–Ibaiertzeko landare estalkia naturalizatzeko eta flora aloktono inbaditzaileak kentzeko jarduketak.

5.–Ezpondak egonkortzeko jarduketak. Ibaien higadurak eragindako azpiegiturak babesteko egiten dira, eta bioingeniaritzako teknikak erabiltzen dira, jarduketak ingurunean txerta daitezen, ibaiko ekosistema berritzeaz gain, biodibertsitatea handitze aldera. Salbuespen gisa, diruz laguntzen ahalko dira harri lubetak; horretarako, bioingeniaritza obren jarduketa osagarria izan behar dute, edo, bestela, aukera bakarra eta behar-beharrezkoa izan.

6.–Ibaien higadurak eragindako ezpondak egonkortzeko –bioingeniaritzako teknikak erabiliz– beste jarduketa batzuk ere sartzen ahalko dira, baldin eta, jarduketa horrekin batera, ibaiertzeko zerrenda bat (10 metro zabalekoa, gutxienez) lehengoratzen bada jarduketaren inguruan.

B.–Azterlanak:

Ibai prozesuen dinamikak naturalizatzera bideratutako azterlanak, funtzionamendu hidraulikoa edo uholdeen kudeaketa hobetzeko, bai eta ekosistema urtarrean eta ibaiertzari lotutako ekosistema lehortarrean espezie interesgarrien habitata hobetzeko ere.

C.–Lursailak erostea:

Nekazaritza erabilerako lursailak, larreak, belardiak edo beste laborantza produktibo batzuk erostea, ibai eremua lehengoratzeko eta A.3 neurrian aurreikusitako jarduketak egiteko. Laguntza hau jaso ahal izateko, memoria bat aurkeztu beharko da, jarraituko diren lehengoratze irizpideak azalduta, eta Biodibertsitatearen Zerbitzuak onetsi beharko du. Lursail horiek erosteko laguntzak eskuratuz gero, lehengoratze proiektuan azaldutako eta onetsitako jarduketak 2 urteko epean egin beharko dira, lursailak erosten direnetik zenbatzen hasita. Jarduketak egin ezean, emandako laguntza itzuli beharko da.

Erositako lursailak toki entitatearen herri-lurren barruan sartu beharko dira.

Jabari publiko hidraulikoaren barruan sartzen diren lursailek ezin izanen dute dirulaguntzarik jaso.

Natura 2000 Sarearen barruko jarduketetan, proposamenek bat etorri beharko dute KBEaren Kudeaketa Planean ezarritako neurriekin, edo, nolanahi ere, bateragarriak izan beharko dute planean ezarritako jarraibideekin.

Diruz laguntzen ahalko dira lehen aipatutako obrak eta azterlanak egitearekin eta proiektuak/memoria idaztearekin lotutako gastuak (BEZik gabe). Lursailen erosketen kasuan, halaber, notariotza gastuak eta jabetza erregistrokoak ere diruz lagungarriak dira, zergak kenduta.

Aurkeztutako memoria edo proiektuan agertzen diren prezioak eta Nafarroako baso tarifak edo Biodibertsitatearen Zerbitzuak erabilitako beste tarifa batzuk ezberdinak badira, hura idatzi duen teknikariak justifikatuko du ezberdintasuna, eta Biodibertsitatearen Zerbitzuak onetsi edo ukatu eginen du.

Lursailak erosiz gero, diruz lagungarria izanen den gehieneko kostua 334/2001 Foru Dekretuaren arabera (ekainaren 17ko 39/2015 Foru Dekretuak aldatua) azaldutako balorazio irizpideetatik ateratzen dena izanen da.

EZ dira diruz lagungarriak honako jarduketa hauek:

–Ingurumenari kalte egiten ahal diotenak, edo ingurumen edo hirigintza arloko arauen kontrako obrak.

–Natura 2000 Sareko jarduketen artean, zaindu behar diren balioekin bateragarriak ez diren edo KBEaren Kudeaketa Planean ezarritako kudeaketa jarraibideen aurkakoak diren jarduketak.

–Ezpondak edo mendi hegalak egonkortzeko jarduketak, baldin eta ibai edo sakan baten higaduraren ondorioz argi eta garbi sortu ez badira edo egonkortzeko premia behar bezala justifikatuta ez badago.

–Ibilgu artifizialetako jarduketak (erretenak).

–Deialdia ebatzi aitzin burutu edo hasi direnak.

–Ingurumenaren aldetik edo gizartearentzat interesgarriak ez direnak.

3. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzen zenbatekoa diruz laguntzen ahal den obraren, proiektuaren edo azterlanaren aurrekontuaren %80koa izanen da, BEZa kanpo.

Lursailak erosten diren kasuetan, notariotza kostuak eta jabetza erregistrokoak barne hartuta, dirulaguntzaren ehunekoa %80koa izanen da, zergak kenduta.

Proposatutako jarduketak onetsitako KBEen kudeaketa planen batean aurreikusitako neurrien barruan badaude, dirulaguntzaren ehunekoa %10 handituko da.

Horretaz gainera, obren kasuan, dirulaguntza jasoko dute proiektua/memoria idazteko eta obra zuzentzeko ordainsariek (BEZa kanpo), baldin eta ez bada gainditzen onetsitako eta ziurtatutako obra gauzatzeko aurrekontuaren %5, eta zenbateko horrek benetako kostua gainditu gabe. Nolanahi ere, dirulaguntza gehienez 30.000 eurokoa izanen da eskabide bakoitzeko.

Inbertsio diruz lagungarriaren gutxieneko zenbatekoa 3.000 eurokoa izanen da. Hori hartzen da, hain zuzen, exekuzio aurrekontu onetsitzat (zergak kenduta).

4. oinarria.–Kredituak eta aurrekontu banaketa.

Deialdi honetako laguntzei erantzuteko, 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, 200.000 euroko aurrekontua dago, honela banatuta:

100.000 euro, 2021eko gastuen aurrekontuko «Suspertu Plana: toki entitateentzako dirulaguntzak, ibaietan esku hartzeko» izeneko 74003 74300 7609 452100 partidaren kargura.

100.000 euro, 2022ko gastuen aurrekontuko «Suspertu Plana: toki entitateentzako dirulaguntzak, ibaietan esku hartzeko» izeneko 74003 74300 7609 452100 partida parekagarriaren kargura edo 2022ko gastuen aurrekontuko lerro parekagarriaren kargura.

Aurrekontu osotik, 100.000 euro «A.–Obrak» neurriko laguntzetara bideratuko dira, 2022ko aurrekontuko partidaren kargura. 50.000 euro «B.–Azterlanak» neurria diruz laguntzeko erabiliko dira, 2021eko aurrekontuko partidaren kargura; gainerako 50.000 euroak, berriz, «C.–Lursailak erostea» neurriko laguntzetara bideratuko dira, 2021eko aurrekontu partidaren kargura.

Neurri diruz lagungarri bakoitzerako emakida proposamena egin ondoren neurriren batentzat gordetako diru kopurua agortu ez bada, diru hori beste neurri batzuk diruz laguntzeko erabiltzen ahalko da, baldin eta onetsitako eskabideak aurrekontuko zuzkidurarik gabe geratu badira, eta lehentasun-ordena honen arabera: «Obrak»; bigarrenik, «Azterlanak», eta, hirugarrenik, «Lursailak erostea».

Eskuragarri dagoen aurrekontua 2021eko partidaren kargura egiten bada eta aurrekontu faltagatik laguntzarik jaso ez duten obra eskabideetara bideratzen bada aurrekontua, laguntza esleitu aurretik, balizko toki entitate onuradunak konpromisoa hartu beharko du jarduketak 2021eko urriaren 15a baino lehen amaitzeko. Dirulaguntza esleitu ondoren toki entitateak ez baditu obrak amaitu edo ez badu beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu egun hori baino lehen, hasieran emandako dirulaguntza galduko du.

5. oinarria.–Entitate onuradunak.

Onuradun izaten ahal dira Nafarroako udal eta kontzejuak, baldin eta beren mugartetik ibaiak eta sakanak igarotzen badira edo hezegunerik badute. Eskabide bakarra onetsiko da udalerri edo kontzeju bakoitzeko.

6. oinarria.–Eskabideak eta dokumentazio osagarria aurkezteko epea.

1. Eskabideak aurkeztea:

Eskabideak aurkezteko epea 45 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira, Nafarroako Gobernuaren webguneko Tramiteen Katalogoko (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/) fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, helbide elektroniko gaitu bat eduki beharko da nahitaez.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera, eskabideak ez dira aurkeztutzat hartuko nola eta ez diren egokitzen laguntzen fitxan dagoen eredura eta ez diren telematikoki aurkezten, aipatutako fitxa erabiliz. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskabide horiek ezin izanen dira zuzendu.

2. Eskabidea jaso ondoren, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskatzen diren betekizunak bete ezean, toki erakunde interesdunari eskatuko zaio gehienez 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta ohartaraziko zaio, bestela, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta hala jakinaraziko zaiola.

3. Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntzak eskatzeko (laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera):

1. II. eranskineko eskabide inprimakia.

2. Toki entitate eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar baditu edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi badu, dirulaguntza eskabidearekin batera, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala betea eta sinatua. Helbide honetan eskuratu daiteke dokumentua:

https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm.

3. Obren apartatuan sartzen diren jarduketek proiektu bat (nahitaezkoa, 15.000 euro –BEZa kanpo– baino gehiagoko aurrekontua duten eskabideen kasuan) edo memoria teknikoak (nahitaezkoa, 15.000 euroko edo gehiagoko –BEZa kanpo– aurrekontua duten eskabideen kasuan) izan beharko dituzte. Gaian adituak diren teknikariek idatzi eta sinatu behar dituzte dokumentu horiek, indarrean den legeriaren arabera.

Proiektuek honako hauek bilduko dute, gutxienez: memoria, aurrekontua, baldintza-agiriak, balizko ingurumen ukipenen azterketa, 1:10.000 eskalako edo eskala handiagoko planoak eta segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko azterlana. Memoria teknikoa eskatuz gero, honako hauek bildu beharko ditu: memoria, aurrekontua, balizko ingurumen ukipenen azterketa (arloko foru araudiak hala eskatzen duenean) eta 1:10.000 eskalako edo eskala handiagoko planoak.

–Memoria, zeinetan deskribatu egin beharko baita zer jarduketetarako eskatzen den laguntza, jarduketaren aurrekariak eta helburuak barne hartuta. Horrez gain, alternatiben azterlan bat eta proposatutako konponbidearen justifikazio teknikoa ere sartu beharko dira, eta, hala badagokio, egungo eta etorkizuneko egoeren azterlan hidrologiko-hidrauliko bat eransteko aukera baloratuko da.

–Segurtasun eta osasun arloan indarrean den legeriari jarraikiz dagokion azterlana, laneko arriskuen prebentziorako neurrien justifikazioa eta aurrekontu banakatua barne.

–Balizko ingurumen ukipenen azterketa. Proiektu guztiek azterlan hori izan beharko dute gutxienez. Jarduketaren batek KBEan sartutako lursailak ukitzen baditu, proiektuak edo memoriak beti jasoko du leku horretako kontserbazio balioei egindako ukipenen ebaluazioa.

–Egin beharreko lanen baldintza-agiria.

–Aurrekontu xehatua: neurketak, prezioen taulak (1. eta 2. prezioen taula), aurrekontu partzialak, aurrekontu orokorra eta administrazioari jakinarazi beharreko aurrekontua. Jarduketen prezioak bat etorriko dira merkatuko prezioekin. Hala badagokio, neurri hauen arabera banakatu beharko da aurrekontua: «A.–Obrak», «B.–Azterlanak» eta «C.–Lursailak erostea».

–Planoak. Barnean joanen dira, gutxienez, jarduketen kokalekuaren plano orokor bat, kokapen planoak eta xehetasun planoak –hala nola zeharkako ebakidurak, luzetarako profilak, eraikuntzako xehetasun kotatuak, profil tipoak edo bestelakoak–, egin beharreko obra ongi definituta.

Agiri horiek idatzi dituen teknikariak sinatu beharko ditu nahitaez. Proiektuek edo memoriek dirulaguntzaren deialdiko jarduketa espezifikoak bakarrik bildu beharko dituzte. Lehen eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazio teknikoak ez baditu betetzen eraikuntza proiektuaren gutxieneko edukiak, ezetsi eginen da eskabide hori.

4. Obrak egitea dakarten jarduketek dagokion arroko erakundearen baimena beharko dute, Uren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren eta 1986ko apirilaren 11ko 849/1986 Erregelamenduaren arabera; edo, bestela, eskabidea egin duela edo baimenaren espedientea hasita dagoela egiaztatzen duen agiri bat.

5. Ibaiei buruzko azterlanen kasuan, ibai tarteak lehengoratzeko diagnostiko integral bat egiten duten azterlanak lagunduko dira diruz, eta ibaia lehengoratzeko eta uholdeen aurrean babesteko plan bat eginen da. Bertan joanen dira gaien aurkibide bat, memoria deskribatzaile laburra eta azterlanaren aurrekontua, arloan eskumenak dituen teknikari batek idatzia, legeriari jarraikiz. Ez dira diruz lagunduko lehendik daudenak errepikatzen dituzten azterlanak, edo lehenengo oinarria betetzen ez dutenak.

6. C neurriaren barruko jarduketak gaian aditua den teknikari batek baloratu beharko ditu, lursailen ezaugarriak eta merkatuko prezioak kontuan hartuta.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko lehentasun irizpideak.

1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak norgehiagoka bidez tramitatuko direnez, eskabideen hurrenkera bat ezarriko da, oinarri hauetan zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuta, eta irizpide horiek kontuan hartuta puntuaziorik handiena lortzen duten eskabideei emanen zaie laguntza, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditzen ez bada.

2. Balorazio irizpideak:

Neurri bakoitzeko irizpideak kontuan hartuta, honela emanen dira puntuazioak:

A.–Obrak:

ZENBAKIA

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1

Jarduketek Nafarroako Gobernuak uholde arriskugarritasunari edo ibai eremua lehengoratzeari buruz egindako azterlanetan biltzen diren neurriak gauzatzen dituzte.

20

2

Jarduketak NATURA 2000 SAREAREN barruan sartzen dira, eta KBEaren kudeaketa planetan ezarritako neurriak gauzatzen dituzte.

30

3

Jarduketek ez dituzte gauzatzen KBEaren kudeaketa planean ezarritako neurriak, baina, osorik edo zati batean, NATURA 2000 SAREAREN barruan sartzen dira.

10

4

Ibai konektibitatea hobetzeko jarduketak, landaredia oso narriatua dagoen edo ia landarerik ez dagoen eremuetan ibaiertzeko landaredia lehengoratuta.

20

5

Lehengoratze jarduketak, ibaien iragazkortasuna hobetzea ekarri duten oztopoak kentzeak eragindako higadura ondorioak zuzentzeko.

20

6

Proposatutako alternatibak eta aukeratutako konponbidearen justifikazioa aztertzea.*

10 gehienez

(*) Ibai Ingurunearen Ataleko teknikariek aztertuko dituzte, alde batetik, proiektuan proposatutako alternatibak, eta, bestetik, aukeratutako konponbidearen justifikazioa, eta puntuazio bat emanen diote egokia den, ingurunera egokitzen den eta ingurunean dauden ingurumen balioak hobetzen dituen aintzat hartuta.

B.–Azterlanak:

ZENBAKIA

IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA

1

Ibai tarteari buruzko diagnostikoaren planteamenduak integrala izan behar du, eta presio eta inpaktu handiak agertu behar ditu ibai korridorean, presio horiek murrizteko ekintza plan bat eta hobekuntzak ekarriko dituen ekintza multzo bat barne.

20

2

Azterlanaren xede den tarteak zenbait toki entitateri eragiten badie eta entitate horien arteko adostasun edo lankidetza hitzarmen bat badago.

20

3*

Azterlanaren xede den tarteak kalteak jasan ditu azken bost urteotan, uholdeen ondorioz; hori dela eta, hondamendi gune izendatu dute.

20

4

Azterlana NATURA 2000 SAREAREN barruan sartzen da, eta KBEaren kudeaketa planetan ezarritako neurriak gauzatzen ditu.

30

5

Azterlanak ez ditu gauzatzen KBEaren kudeaketa planean ezarritako neurriak, baina, osorik edo zati batean, NATURA 2000 SAREAREN barruan sartzen da.

10

6**

Azterlana egin aurretik, azterketa diagnostikoa egitea eta dokumentazioa aztertzea, bai eta azterlanaren justifikazioa eta helburua ere.*

10 gehienez

(*) Azken bost urteotan hondamendi gune izendatu dutela egiaztatzen duen agiririk aurkezten ez bada, ez da puntu hau baloratuko.

(*) Gaian aditua den teknikari batek idatzitako memoria labur bat aurkeztuko da, azterlanaren ezaugarriak azaltzeko. Gero, ibai ingurunearen arloko teknikariek puntuazioa emanen dute, aurkeztutako proposamena egokia eta beharrezkoa den eta nola gauzatuko den aintzat hartuta.

C.–Lursailak erostea:

ZENBAKIA

IRIZPIDEAK

PUNTUAZIOA

1

Erositako lursailak Nafarroako Gobernuak uholde arriskugarritasunari edo ibai eremua lehengoratzeari buruz egindako azterlanetan biltzen diren neurriak gauzatzen dituzten jarduketetara bideratzen badira.

20

2

Erositako lursailak ibai konektibitatea hobetzeko jarduketetara bideratzen badira. Jarduketa horietan, landaredia oso narriatua dagoen edo ia landarerik ez dagoen eremuetan ibaiertzeko landaredia lehengoratuko da.

20

3

Erositako lursailen helburua higadura fenomenoek eragindako guneetan ibai eremuak lehengoratzea bada, lursailaren egungo erabilera bateraezina baita ibaiaren dinamikarekin.

20

4

Erositako lursailak NATURA 2000 SAREAREN barruan sartzen diren eta KBEaren kudeaketa planetan ezarritako neurriak gauzatzen dituzten jarduketetara bideratzen dira.

30

5

Ez da betetzen 4. apartatuan ezarritakoa, baina lanei dagokien eremu osoa edo zati bat NATURA 2000 SAREAREN barruan sartzen da.

20

3. Berdinketarik izanez gero, honela ebatziko da:

Aipatutako irizpideak aplikatu ondoren eskabideen artean puntuazio berdinketarik badago, neurrien araberako lehentasun-ordena aplikatuko da (3. oinarrian dago azalduta), eta lehentasun-ordena honi jarraituko zaio:

–Obren kasuan, honako ordenari jarraituko zaio: A1 ekintza, A3 ekintza, A2 ekintza, A4 ekintza, A5 ekintza eta, azkenik, A6 ekintza.

–Azterlanen kasuan, lehentasuna emanen zaie uholdeen ondorioz hondamendi gune izendatutako eremuan sartzen diren tarteei.

–Lursailak erosten diren kasuetan, lehentasuna emanen zaie KBEan kokatutako lursailei.

Berdinketak jarraitzen badu, eskabideak iristen diren ordenaren arabera emanen zaie lehentasuna.

4. Ekintzak gauzatzen ez badira:

Laguntza onetsia izan arren ekintza gauzatzen ez bada, onuradunek horren berri eman beharko dute, emakida ebazpenetan aldaketak egin ostean libre geratzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira, lehenik eta behin, erreklamazioei edo emakidan atzemandako akatsei erantzuteko, eta, gero, laguntzak emateko aurrekontuan kontsignatze nahikoa ez izateagatik laguntza ukatu zitzaien eskatzaileei.

8. oinarria.–Ebaluazio Organoa.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuari dagokio neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozedurak izapidetzea.

Eskabideak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Ibai Ingurunearen Ataleko teknikariek landa bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduketa eginen dituzte eskatu diren inbertsioak egokiak ote diren erabakitzeko.

9. oinarria.–Deialdia antolatzea, izapidetzea eta ebaztea.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiari bidaliko dio, toki entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztela adierazten duen txosten batekin batera. Horrez gain, zerrenda bat prestatuko du, baldintza guztiak bete arren aurrekontuko diru mugak direla eta deialditik kanpo geratu diren toki entitate eskatzaileekin, eta beste bat, baldintzak ez betetzeagatik kanpoan geratu direnekin.

Ebazpen proposamenean agertuko dira onartutako eskabideak, kasuan kasuko dirulaguntzak esleiturik, zazpigarren oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran, aurrekontuko dirua ahitu arte. Esleitu gabe geratutako saldoa emanen zaio azken onuradunari; beraz, aurrekontuko diru kopurua handiagoa izan balitz berari zegokiokeen dirulaguntza baino gutxiago emanen zaio.

Emandako dirulaguntza ikusirik, azken onuradunak bere proiektuaren zati bat bakarrik egin nahiko balu, Ibai Ingurunearen Atalari eskatu, eta hark emanen dio baimena, baldin eta lan horiekin jatorrizko proiektuaren helburuak betetzen badira.

Dirulaguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoitu bidez ebatziko dira, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere, eta, nolanahi ere, dirulaguntzei buruzko foru legerian aurreikusitako epea amaitu baino lehen.

Laguntza ematearekin batera, diruz lagundutako jarduketen ingurumen baimena emanen da, baldin eta ingurumen eraginaren adierazpena edo ingurumen ukipenetarako baimena behar ez bada. Kasu horretan, prozedura espezifiko bati jarraitu beharko zaio.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da. Aurkeztutako eskabidearen berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek –administrazio publikoak ez badira– gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoaren arabera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

10. oinarria.–Eskabideak aldatzea.

Aurkeztutako eskabideak aldatzen ahalko dira, baldin eta deialdi honetan eskabideak aurkezteko aurreikusitako epearen barruan egiten badira.

Ibai Ingurunearen Atalak aldez aurretik onetsi beharko ditu ezustekoen edo bestelako gorabeheren ondorioz obran gertatutako aldaketak; nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbateko osoa ezin izanen da laguntzak emateko ebazpenean ezarritako zenbatekoa baino handiagoa izan.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Laguntza hauen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

b. Kontratu publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea kontratazioaren arloan ezarritako arauak betetzea.

c. Gardentasun betebeharrak betetzea, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura dirulaguntzak jasotzen dituzten guztiek bete beharrekoak baitira, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeari jarraikiz eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuari jarraikiz. Aipatutako gardentasun betebeharrak bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da.

d. Eskabidea zehazten, justifikatzen eta baloratzen duen dokumentazio teknikoa aurkeztea.

e. Inbertsioak egitea Ingurumeneko zuzendari nagusiaren laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzen arabera, eta, nolanahi ere, Ibai Ingurunearen Atalak ezarritako ingurumen jarraibideak betez, baldin eta obrak gauzatzeko fasearen aurretik aurreikusi ez den egoeraren bat gertatzen bada.

f. Obren kasuan, obrei ekin baino lehen, dagokion konfederazio hidrografikoaren baimena bidali beharko zaio Ibai Ingurunearen Atalari.

g. «Obrak» neurriaren barruko jarduketek, ekintzek izan ezik, lanen zuzendari tekniko bat izan behar dute, eta betebehar hauek izanen ditu:

–Obra zuzendaria arlo horretako unibertsitate teknikaria izanen da, indarrean den legeriaren arabera.

–Obra zuzendariak egunean izan beharko du obra liburua. Liburuak honako hauek bilduko ditu, gutxienez: lanen hasierako akta; ziurtagiri bakoitzaren akta; obra aldaketen aktak, horrelakorik badago; prezio kontrajarrien aktak, horrelakorik badago, eta lanen bukaerako ziurtapen- eta harrera-akta. Obra zuzendariak, kontratistak eta toki entitateen ordezkariak sinatu beharko dituzte aktak. Nahitaezkoa da –justifikatutako kasuetan izan ezik– obra liburu bat izatea kontratista bakoitzarentzat.

–Obretan segurtasun eta osasun arloko koordinatzaile bat izanen da, arlo horretako araudi aplikagarrian hala ezartzen bada.

–Obra zuzendariak ezin izanen ditu gauzatu obra zuzendaritzaren ziurtapen aktan berak ziurtatzen dituen lanak; izan ere, hala eginez gero, zalantzan jarriko lirateke obra horien exekuzio zuzena, kalitatea eta kontrola.

h. Toki entitate onuradunak Ibai Ingurunearen Atalari (medio.fluvial@navarra.es) jakinarazi beharko dio Obra Zuzendaritzatik nor izendatu den egin beharreko lanez arduratzeko. Horretarako, hiru hilabete izanen ditu, gehienez ere, emandako dirulaguntza jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita. Halaber, «hasiera-akta eta zuinketen egiaztapena» eta «obren behin-behineko harrera-akta» sinatu baino astebete lehenago jakinaraziko da, beharrezkoa izanez gero, ataleko teknikariak joan daitezen. Bestalde, atalak obra garaian egiten duen edozein egiaztapen ere onetsi beharko du.

Emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratu, eta dagozkion zenbatekoak askatzen badira, halakoak erabiltzen ahalko dira behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskabideei erantzuteko.

12. oinarria–Hamaikagarrena Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

Hau izanen da lanak bukatzeko eta eskatutako agiri guztiak aurkezteko azken eguna:

–«A.–Obrak» neurria: 2022ko azaroak 1.

–«B.–Azterlanak»: 2021eko urriak 15.

–«C.–Lursailak erostea»: 2021eko urriak 15.

Toki entitate onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

«A.–Obrak» neurriaren kasuan:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia, deialdi honek biltzen dituen laguntza mota guztietako ekintza guztiak jasoko dituena, behar bezala betea eta obra zuzendariak sinatua eta toki erakundearen oniritziarekin (zigilatua eta sinatua). Obra zuzendaritzarik behar ez bada, toki entitate onuradunak berak sinatuko du inprimakia.

b) Jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak.

c) Ordainagiriak bankuko karguak izanen dira, eta datu hauek bilduko dituzte: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura zenbaki eta guzti. Salbuespen gisa, ordainketa frogatzeko, enpresa hornitzaileak egindako ordainagiriak onartuko dira, baldin eta 2.500 eurotik gorakoak ez badira. Fakturen ordainagiriek inbertsio osoa ordaindu dela frogatuko dute, eta lanak amaitzeko azken eguna baino lehenagokoak izanen dira.

d) Obra zuzendaritza behar duten ekintzen kasuan, obra liburu osoa aurkeztuko da, ziurtagiri guztiak barne (obretan esku hartzen duen kontratista bakoitzeko bat). Ziurtagiriak proiektuko obra unitateei lotua egonen dira (edo, zein den kasua, dagozkien aldaketei, baldin eta horiek aurretik onartuak izan badira eta haien gaineko akta baldin badago).

e) Obra zuzendaritzarik eskatzen ez bada, lanak bukatu izanaren jakinarazpena aurkeztuko du onuradunak, hari fakturak eta ordainagiriak erantsita.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Kontratuei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 40.000 eurotik goitikoa bada (BEZa kanpo), obrak gauzatzeko kostuaren kasuan, edo 15.000 eurotik goitikoa (BEZa kanpo), aholkularitza edo laguntza arloko enpresek emandako zerbitzuen kasuan, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko dute toki entitateek. Horretarako, hornitzailea hautatzeko eta adjudikatzeko jarraitutako prozeduraren justifikazioari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

«B.–Azterlanak» neurriaren kasuan:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia, toki entitate onuradunak sinatua.

b) Azterlanen kasuan, ale bat aurkeztu beharko da, formatu digitalean.

c) Jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak.

d) Ordainagiriak bankuko karguak izanen dira, eta datu hauek bilduko dituzte: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura zenbaki eta guzti. Salbuespen gisa, ordainketa frogatzeko, enpresa hornitzaileak egindako ordainagiriak onartuko dira, baldin eta 2.500 eurotik gorakoak ez badira. Fakturen ordainagiriek inbertsio osoa ordaindu dela frogatuko dute, eta lanak amaitzeko azken eguna baino lehenagokoak izanen dira.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Kontratuei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 15.000 eurotik goitikoa bada (BEZa kanpo), aholkularitza edo laguntza arloko enpresek emandako zerbitzuen kasuan, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu beharko dute toki entitateek. Horretarako, hornitzailea hautatzeko eta adjudikatzeko jarraitutako prozeduraren justifikazioari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

«C.–Lursailak erostea» neurriaren kasuan:

a) Ordainketa eskatzeko inprimakia, toki entitate onuradunak sinatua.

b) Salerosketa kontratua eta ordainketa eta gastuen ziurtagiriak.

c) Ordainagiriak bankuko karguak izanen dira, eta datu hauek bilduko dituzte: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura zenbaki eta guzti. Salbuespen gisa, ordainketa frogatzeko, enpresa hornitzaileak egindako ordainagiriak onartuko dira, baldin eta 2.500 eurotik gorakoak ez badira. Fakturen ordainagiriek inbertsio osoa ordaindu dela frogatuko dute, eta lanak amaitzeko azken eguna baino lehenagokoak izanen dira.

Salbuespen gisa eta arrazoiturik, eta lanak amaitzeko epea bukatu baino lehen, luzapenak eskatzen ahalko dira kanpaina batean baimendutako lanak egiteko. Biodibertsitatearen Zerbitzuak espresuki baimendu beharko ditu luzapen horiek, ofizio bidez; horrela, lanak egiteko beste epe bat emanen da, hamabost egunekoa gehienez ere. Dokumentazioa luzapenean emandako epean aurkezten ez bada, emandako dirulaguntza galduko da.

13. oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Dokumentazioa aztertu ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak Ingurumeneko zuzendari nagusiari helaraziko dio ordainketaren ebazpen proposamena, egindako eta ziurtatutako obra arabera, edo gauzatutako azterlanaren edo egindako erosketaren arabera.

Ez dira inola ere ordainduko Ibai Ingurunearen Atalak behar bezala onetsi ez dituen aldaketak edo hasiera batean aurkeztutako obra proiektuaren balioa handitzen duten aldaketak.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean emanen da, egindako lanak diruz lagundutako proiektukoekin edo azterlanekoekin bat datozela ikustean.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Ebazpen honen barneko dirulaguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateak, Estatuak edo Europar Batasunak helburu berarekin ematen dituen bestelako dirulaguntzekin. Hori dela eta, dirulaguntza jasotzen duenak proiektu honetarako edo xede bererako emandako laguntzaren berri eman beharko du, jakin bezain laster.

15. oinarria.–Onuradunaren publizitate betebeharrak.

Argibide guztietan, toki entitate onuradunak adierazi beharko du lanak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren laguntzarekin egiten ari direla.

16. oinarria.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Toki entitateak ez badio Ibai Ingurunearen Atalari hasiera-aktaren eguna, zuinketen egiaztapenaren eguna edo obraren behin-behineko harrera-aktarena jakinarazten, ulertuko da uko egiten diela obraren zuzendaritzaren ordainsariei. Ibai Ingurunearen Atalak ez duenez baliabiderik izanen lanak behar den moduan gauzatu diren egiaztatzeko, behar bezala gauzatutzat jotzen dituen obra unitateei dagokien dirulaguntza ordainduko da.

Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da ,eta, hala badagokio, behar diren zehapenak jarriko dira.

Diru itzulketen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluei jarraituko zaie.

17. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen jurisdikzio ordenari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

18. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Deialdi honetako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da (www.navarra.es).

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabidea.

II. eranskina.–Ordainketa eskatzeko inprimakia.

Deskargatu I. eta II. eranskinak dituen agiria (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2108107