135. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

35E/2021 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: “Efizientzia energetikoa nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan hobetzeko jarduketak egiteko laguntzak”. DDBN identifikazioa: 565228.

Martxoaren 9ko 149/2021 Errege Dekretuak arautzen du efizientzia energetikoa nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan hobetzeko jarduketak egiteko laguntza-programa, eta oinarri arautzaileak ezartzen ditu efizientzia energetikoa nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan hobetzeko jarduketak egiteko dirulaguntzak azken hartzaileei emateko. Xedea da nekazaritza sektorean energia kontsumoa gutxiagotzea, 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren 7. artikuluak finkatzen dituen helburuak betetzeko, energia aurrezteko eta efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketak eginez eta energia berriztagarriak erabiliz. Errege dekretu hori 2021eko 59. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 10ekoan. Halaber, martxoaren 9ko 149/2021 Errege Dekretuan erabakitzen da Nafarroako Foru Komunitateari zuzenean ematea 540.000 euro. Zenbateko horri kudeaketa gastuak kenduko zaizkio, eta horixe izanen da deialdi honen diru-zuzkidura.

Aipatu martxoaren 9ko 149/2021 Errege Dekretuan ezartzen da laguntza emanen zaiela epe barruan eskatzen dutenei, baldin eta errege dekretu horretan eta autonomia erkidego bakoitzaren deialdian finkatzen diren baldintzak betetzen badituzte. Hor ezarritakoaren arabera, laguntzak zuzenean emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. eta 28. artikuluekin bat.

Nafarroako Foru Komunitatean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzak. Deialdi hau aurrekontu horietako partida baten kargura finantzatzen da, eta, horregatik, 11/2005 Foru Legea bete behar du, alde batera utzirik partida horren kreditua aipatu 149/2021 Errege Dekretuaren bidezko diru-sarrerekin sortu dela.

Horiek horrela, eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, kasu honetan banakako ebaluazioa aplikatu behar da. Aipatu foru legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2021eko maiatzaren 5ean hartutako Erabakiaren bidez, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion banakako ebaluazioaren bidez eman dezan efizientzia energetikoa nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan hobetzeko jarduketak egiteko 2021eko dirulaguntza.

Deialdi honen helburuek guztiz bat egiten dute 2030erako Nafarroako Energia Planaren helburuekin, biek pizgarriak ematen baitituzte energiaren kontsumoa arrazionalizatzeko eta energia berriztagarrien bidezko produkzio energetikoa emendatzeko jarduketak egiteko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Efizientzia energetikoa nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan hobetzeko jarduketak egiteko 2021eko laguntza-programaren deialdia onestea.

2. 540.000 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastu aurrekontuko “Nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietako efizientzia energetikorako laguntzak” izeneko 820001 82500 7700 425200 partidaren kargura, deialdiaren ondoriozko konpromisoei aurre egiteko (horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea 2022. urtean).

3. Laguntza hauen oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 19an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da efizientzia energetikoa nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan hobetzeko jarduketak egiteko 2021eko laguntza-programaren laguntzak ezartzea, martxoaren 9ko 149/2021 Errege Dekretuaren esparruan (aurrerakoan, “149/2021 Errege Dekretua”), energiaren kontsumoa arrazionalizatzeko eta energia berriztagarrien bidezko produkzio energetikoa emendatzeko jarduketak egiteko.

1.2. Oro har, programa honen laguntzak Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan kokatzen dira (aurrerakoan “651/2014 Erregelamendua”). Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (2014 L 187. EBAO), ingurumena babesteko laguntzen kategorian (7. atala) eta aplikatzekoak diren Europar Batasuneko zuzenbideko gainerako xedapenetan.

1.3. Laguntza hauek pizgarri gisa erabili nahi direnez, laguntza-eskaera erregistratzen den egunaren ondotik hasten diren jarduketak baizik ez zaizkie onartuko laguntzen azken hartzaileei. Hortaz, ez da hautagarri izanen lehenago fakturatutako ezein kostu, jarduketa exekutatzeari buruzkoa, deusetan galarazi gabe eskaera aurkezteko edo inbertsioak gauzatzeko beharrezkoak diren prestaketa lanei dagozkien kostuak, konparazio batera: proiektua, memoria teknikoak, ziurtagiriak eta abar. Izan ere, horiek diruz lagungarritzat hartzen ahalko dira, nahiz eta egun hori baino lehen fakturatu, baldin eta prestaketa lan horiek egiten hasi badira 149/2021 Errege Dekretuaren 4. artikuluan ezartzen den programak indarra hartzen duen eguna eta gero.

2. oinarria.–Laguntzen onuradun zuzenak eta azken hartzaileak.

2.1. Nafarroako Foru Komunitatea da programa honetan ezarritako laguntzen onuradun zuzena, eta laguntza horien zenbatekoa bideratu beharko du hurrengo apartatuan zerrendatzen diren subjektuetara.

Aipatu errege dekretuan ezarritako laguntzen azken hartzaile izaten ahalko dira jarraian azaltzen diren subjektuak, baldin eta egoitza fiskala Espainian badute. Hona hemen:

a) Pertsona fisikoak edo juridikoak, pribatuak edo publikoak, nekazaritza edo abeltzaintzako ustiategi baten titularrak direnak.

b) Ureztatzaile elkarteak eta nekazaritzako ureztaketarako uraren kudeaketa komuna edo nekazaritza eta abeltzaintzako beste erregai eta energia-iturri batzuen kudeaketa komuna helburu duten beste erakunde batzuk.

c) Ureztatzeko sareak erabiltzen dituzten ureztalurretako nekazaritza-ustiategien titularrak, baldin eta gaur egun energia elektrikoa kontsumitzea beharrezkoa bada haien funtzionamendurako.

d) Agintaritza eskudunak aitortzen duen nekazaritzako ekoizleen edozein erakunde edo elkarte.

e) Energia berriztagarrien komunitateak eta herritarren energia-komunitateak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko abenduaren 11ko 2018/2001 Zuzentarauaren definizioaren arabera (iturri berriztagarrietatik datorren energiaren erabilpena sustatzeari buruzkoa) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 5eko 2019/944 Zuzentarauaren arabera (elektrizitatearen barne-merkatuaren arau komunei buruzkoa), zeinak aldatzen baitu 2012/27/EB Zuzentaraua, baita ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenaren arabera ere (ekonomia berpizteko energia arloko eta beste arlo batzuetako neurriak onesten dituena). Energia berriztagarrien komunitateen eta herritarren energia-komunitateen barruan, sozioetako bat behintzat nekazaritza-ustiategiko titularra edo onuraduna izanen da.

f) Energiaren zerbitzu-enpresak (EZEak), edo zerbitzu energetikoak ematen dituztenak, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuan definitzen denaren arabera (errege dekretu horrek 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren transposizioa egiten du, energia-auditoretzei, zerbitzu-hornitzaileen eta energia-auditoreen akreditazioari eta energia-horniduraren efizientzia sustatzeari dagokienez). Enpresa hauek hartzaileak izaten ahalko dira jabetzarekin horretarako ezarri duten kontratuaren arabera jokatzen badute, eta errege dekretu horretan jasotzen diren jarduketa diruz lagungarrietako baten barruko inbertsioak egiten badituzte. Energiaren zerbitzu-enpresak direla frogatu eta egindako inbertsioa frogatu beharko dute.

2.2. Onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez daudela frogatzeko, pertsonek edo entitateek erantzukizunpeko adierazpena aurkez dezakete laguntza eskaerarekin batera.

2.3. Onuradun izateko baldintza da, bai laguntza eman aurretik eta bai emandako dirulaguntza likidatu arte, zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak eguneratuta izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa ere, kasua bada.

2.4. Ezin dira onuradun izan:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 21. artikuluan jasotako egoeraren batean daudenak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua). Testuinguru horretan, onuradunak, laguntza eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du, non adieraziko baitu ez duela inolako dirulaguntza edo laguntza itzultzeko betebeharrik, edo, hala badagokio, horiek bete dituela, aipatutako 21. artikuluan ezarritakoarekin bat. Onuradunak egunean izan beharko ditu Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak, besteak beste zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea. Honi dagokionez, ulertuko da azken hartzaileak, laguntza eskatzearekin batera, baimena ematen diela bai laguntza ematen duen organo administratiboari, bai instrukzioa egiten duenari, kontsultatzeko informazio hori zuzenean zerga administrazioarekin edo Gizarte Segurantzarekin, prozedura tramitatzen den bitartean beharrezkoa den une orotan.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren egoeretako batean dauden eskatzaileak, eta, berariaz, zehapen edo kondena bat jaso dutenak, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat jotzen diren lan arloko jardunbideak egiteagatik edo toleratzeagatik.

c) 651/2014 Erregelamenduaren 1. artikuluko 4.a) eta 4.c) apartatuetan xedatutakoaren arabera:

–Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mendeko enpresak, baldin Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo badu aurretik.

–Krisian dauden enpresak, 651/2014 Erregelamenduaren 2.18 artikuluko definizioaren arabera.

3. oinarria.–Aurrekontuko zuzkidura eta eskaerak aurkezteko epea.

3.1. Deialdi honetarako bideratu den zuzkidura ekonomikoa 540.000 eurokoa da eta 2022ko Nafarroako gastu aurrekontuko “Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietako efizientzia energetikorako laguntzak” izeneko 820001 82500 7700 425200 partidaren kargura ordainduko da, edo horretarako sortzen den partida baliokidearen kargura.

Deialdi hau arautzen duen martxoaren 9ko 149/2021 Errege Dekretuak ezartzen duen banaketa-irizpidearen arabera, Nafarroako Foru Komunitateari esleitu zaion zenbatekoa 569.761,30 da; eta aipatu errege dekretuaren 9.5 artikuluak ezartzen duenarekin bat, diruz lagungarriak diren jarduketei zeharkako kostu batzuk egotziko zaizkie, zeinek eginen baitute lehen esandako kopuruaren %5,22. Beraz, kostu horiek kenduta, deialdi honen zuzkidura 540.000 eurokoa da.

Zuzkidura ekonomiko hori 4. oinarrian deskribatutako 1. eta 2. motako jarduketen artean banatzen da, honela:

–1. motako jarduketa. Ureztalurren instalazioen efizientzia energetikoa hobetzea: 300.000 euro.

–2. motako jarduketa. Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien efizientzia energetikoa hobetzea eta energia berriztagarriak erabiltzea: 240.000 euro.

Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta geroko bi hilabeteetan, ez bada agortu jarduketaren batera bideratutako zenbatekoa eta beste batean erreserba zerrenda badago, aurrekontua berriz esleitzen ahalko da zerrenda horretako eskaerei erantzuteko, irizpide honi jarraikiz: jarduketa batean agortu ez den kopurua beste jarduketa baterako erabiliko da.

Halaber, gehienez 5.000.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da (3.000.000 euro 1. jarduketa motarako, 300.000 euro 2. jarduketa motarako), zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetarako aplikatzeko, eta arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera. Diru gehigarri horren eraginkortasuna kreditu gehigarrirako baimena izatearen menpe dago, artikulu horretan adierazitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.

3.2. 2022an gastu osoa betearazten ez bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legearen 46.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, gerakinarekin kreditua sor daiteke 2023ko aurrekontuan deialdi honetako indarreko konpromisoei erantzuteko, baldin eta araudia betetzen bada eta organo eskudunak baimena ematen badu.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2021eko abenduaren 31n bukatuko.

Indarraldia bukatu ondoren, ez da eskaerarik onartuko.

Aurrekontu eskuragarria agortzen denean, horren berri emanen da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus).

4. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

1. Jarduketa hauek dira diruz lagungarriak:

a) 1. motako jarduketa: ureztalurren instalazioen efizientzia energetikoa hobetzea.

Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietako eta ureztatzaileen komunitateetako ureztalurren instalazioak eraberritzeko jarduketak gauzatzea izanen da, ponpaketa-ekipoak berrituz, azken energia-kontsumoa eta CO2 isuriak murrizteko.

Orientazio gisa, baina mugarik ezarri nahi gabe, jarduketak honelakoak izan litezke:

1.–Ponpaketa-multzoak ordeztu eta energia-efizientzia handiagokoak jartzea.

2.–Maiztasun-aldatzaileak eta abiagailu estatikoak jartzea, edo daudenen ordez ponpaketan energia-efizientzia handiago duten ekipoak jartzea.

3.–Ureztaketa sarea erregulatu, kontrolatu eta monitorizatzeko sistemak ezartzea edo modernizatzea, energia aurrezten laguntzen dutenak era zuzenean.

4.–Kondentsadore-bateriak jartzea edo ordeztea, ponpaketa-estazioen instalazio elektrikoen efizientzia energetikoa hobetzeko.

Ez dira hautagarriak izanen ur kontsumoa edo ureztatzeko azalera handiagotzen laguntzen duten jarduketak.

b) 2. motako jarduketa: nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien efizientzia energetikoa hobetzea eta energia berriztagarriak erabiltzea.

Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietako azken energia kontsumoa eta CO2-ko jaulkipenak murrizten duten jarduketak egitea izanen da, energia termikoa, elektrikoa eta ustiategiak berariaz sortutakoa kontsumitzen duten ustiategiak eta instalazioak erreformatuz.

Orientazio gisa, baina mugarik ezarri nahi gabe, jarduketak honelakoak izan litezke:

1.–Inguratzaile termikoaren gaineko jarduketak (fatxadak, estalkiak, leihoak), nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabiltzen diren eraikinen berokuntza eta hozkuntza eskaera murrizten dutenak, irtenbide bioklimatikoak barne sartuta.

2.–Berokuntza, hozte, aireztapen eta ur bero sanitarioko instalazio termikoetan egindako jarduketak, hala nola produktu galkorren pasteurizazio eta kontserbazio prozesuetara bideratutakoak, abere eta berotegi nabeen klimatizaziora bideratutakoak, ardoa hartzitzeko prozesuetan hoztekoak, etab.

3.–Instalazio termikoen energia sortzeko, banatzeko, erregulatzeko eta kontrolatzeko azpisistemen eta elementu terminalen efizientzia energetikoa hobetzea, hondakin-beroen eta bero-sare berrien aprobetxamendua barne.

4.–Instalazio termikoetan erabiltzen den energia konbentzionalaren ordez energia berriztagarri termikoak erabiltzea (eguzki energia termikoa, biomasa, energia geotermikoa, ingurumen energia –aerotermia edo hidrotermia–, bero-ponpak edo horien nahasketa). Ez da jarduketa hautagarria izanen sorgailu termiko bat kendu eta haren ordez erregai fosilak erabiltzen dituen beste bat jartzea.

5.–Barneko edo kanpoko argiztapen-instalazioak berritzea edo ordeztea.

6.–Motorrak berritzea eragingailu mekanikoetarako eta jarduera horien berezko beste zerbitzu batzuetarako.

2. Oro har, jarduketek bete behar dituzten baldintzak, diruz lagungarriak izateko, honako hauek dira:

a) Abiapuntuko egoeratik abiatuta azken energiaren kontsumoa %10 murriztu dela justifikatzea.

b) Azken energiaren aurrezpena justifikatzeko, 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauaren V. eranskinean dauden kalkulu-metodoetako bat erabili beharko da.

c) Azken energiaren aurrezpena kalkulatzeari eta hautagarri diren jarduketak zehazteari begira, Batzordearen 2019ko irailaren 25eko 2019/1658 (EB) Gomendioa aplikatuko da, energia aurrezteko betebeharren transposizioari buruzkoa, efizientzia energetikoaren gaineko Zuzentarauaren indarrez.

3. Kostu hautagarriak izanen dira beharrezkoak direnak programa honetako helburu energetikoak lortzeko, lehen esandako jarduketa diruz lagungarrietako bakoitzerako aipatu direnak, eta ondoren zerrendatzen direnak:

a) Laguntza-eskaeraren kudeaketaren kostuak.

Halakotzat hartuko dira laguntzaren azken hartzaileak enpresa edo profesional bati bere eskaeraren kudeaketa administratiboa eta dokumentu-kudeaketa egiteagatik autonomia-erkidegoaren aurrean ordain diezazkiokeen gastuak. Horregatik gastu horiek, kostu hautagarritzat hartuak izateko, behar bezala jasota eta zehaztuta egon beharko dute dagokion enpresaburu edo profesionalarekin formalizatutako kontratu-dokumentu edo kontratu-eskaintza loteslean, zeinaren kopia laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharreko gainerako dokumentazioarekin batera aurkeztuko baita. Gastu horiek justifikatzeko faktura independenteak aurkeztuko dira, non behar bezala zehaztuta egonen baitira, ordaindu direla justifikatzeko eskatzen ahal den gainerako dokumentazioarekin batera.

Kudeaketa gastu horiek ez dira eskatutako laguntzaren zenbatekoaren %4 baino gehiago izanen, muga 3.000 euro izanik espediente bakoitzeko.

b) Auditoretza energetikoak egitekoak, zeinek bidea ematen baitute egoki identifikatzeko eta ebaluatzeko efizientzia energetikoa hobetzeko ezarri behar diren neurriak.

c) Harekin loturiko proiektu teknikoak idazteko kostuak.

d) Jarduketen zuzendaritza fakultatiboaren kostuak.

e) Obren eta/edo instalazioen exekuzio kostuak, harekin elkartutako obra zibila eta instalazio lagungarriak ere barne.

f) Instalazio geotermikoen kasu berezian, azterketak egiteko kostuak, TRT saiakerak eta instalazioa diseinatu baino lehen egin beharreko zundaketak eta simulazioak.

g) Ekipoetan eta materialetan egindako inbertsioa.

h) Laguntza hauek eskatzeko eta justifikatzeko beharrezkoak diren txostenak eta gainerako dokumentazioa idazteko kostuak.

i) Jarduketak egin izanaren justifikazioaren kudeaketa gastuak.

Laguntzaren xede diren jarduketak egin izanaren justifikazioa kudeatzeko kostutzat hartuko dira laguntzaren azken hartzaileak enpresei edo profesionalei ordaindu dizkien gastuak, proiektua osatzen duten jarduerak egin izanaren justifikazioaren kudeaketa teknikoa, administratiboa eta dokumentala egiteagatik organo instruktorearen aurrean.

Jarduketak egin izanaren justifikazioaren kudeaketa gastuen kostu hautagarri maximoa, programan onartzen dena, guztira, ezin izanen da eskatutako laguntzaren %7 baino handiagoa, 7.000 euroko mugarekin, espediente bakoitzeko. Zerbitzu hauek egiten eta fakturatzen ahal dira justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko ezarritako epean.

j) Instalazioak mantentzeko eta kontserbatzeko aholkularitza tekniko espezializatua ematea, energia-kontsumoak eta kostuak murrizteko.

k) Laguntzaren xede diren jarduerak behar bezala egin direla egiaztatzen duten txostenak, kontrol-organismo edo entitate batek eginda.

l) Beste partida beharrezko batzuk (lagungarriak edo ez), diruz lagungarria den jarduketa-mota bakoitzerako espezifikoa.

Ez dira kostu hautagarriak izanen lizentziak, tasak, zergak eta tributuak. Alabaina, BEZa eta KZZO (Kanarietako zeharkako zerga orokorra) hautagarritzat hartzen ahalko dira, baldin eta erabat edo partez ezin direnean berreskuratu edo konpentsatu.

Horiez bestelako kostu guztiak ez dira hautagarritzat hartuko, ez eta laguntzaren azken hartzaileari eskaera erregistratu zuen eguna baino lehen fakturatu zaizkionak ere.

4. Laguntzaren xede diren jarduketak egiteko gehieneko epea hamabi hilabetekoa izanen da, laguntzak emateko ebazpena jakinarazten denetik.

5. Gauzatzeko eta justifikatzeko epea luzatzea.

Jarduketak gauzatzeko finkatutako epeak luzatzeko baimena emanen da, bakar-bakarrik, behar bezala justifikatutako ustekabeko inguruabarrak gertatzen direnean, baldin eta horien ondorioz ezinezkoa izan bada jarduketak gauzatzea, nahiz eta laguntzen azken hartzaileek hartuak izan beharrezkoak ziren gutxieneko neurri teknikoak eta planifikaziokoak. Nolanahi dela ere, ez da baimenik emanen laguntzaren xedeko jarduketa gauzatzeko epeak luzatzeko baldin eta guztirako epea hogeita lau hilabetetik gorakoa bada, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik kontatuta, edo dagokion kontratuaren adjudikazioaren ebazpena jakinarazten den egunetik kontatuta.

5. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzen gehieneko zenbatekoa, diruz lagungarriak diren jarduketa mota bakoitzerako, hau izanen da:

–1. motako jarduketetarako: ureztalurren instalazioen efizientzia energetikoa hobetzea:

  • Gehienez: Kostu hautagarriaren %30.

2. motako jarduketetarako: nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien efizientzia energetikoa hobetzea eta energia berriztagarriak erabiltzea:

  • Gehienez: Kostu hautagarriaren %30.

6. oinarria.–Dirulaguntzen muga orokorrak.

6.1. Laguntzen zenbatekoaren muga orokorrak.

–1. motakoa den jarduketa bakoitzerako, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 80.000 euro izanen da.

–2. motakoa den jarduketa bakoitzerako, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 80.000 euro izanen da.

6.2. Europar Batasuneko araudi aplikagarria.

651/2014 Erregelamenduan ezarritako baldintzak eta mugak dituzte laguntza hauek.

6.3. Bateragarritasuna beste laguntza batzuekin.

Programa honetan emandako laguntzak ez dira bateragarriak xede bererako ematen diren beste dirulaguntza edo laguntzekin, edozein administrazio edo entitate publiko edo pribatuetatik edo Espainiako, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.

Dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

6.4. Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin kontratatzea:

a) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradunak azpikontratua egiten du hirugarrenekin ituna egiten duenean, dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egin dezaten. Entitate onuradunak berak egiten badu diruz lagundutako jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da.

Horri dagokionez, azpikontratazioa edo hirugarrenekin egindako kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren %100 artekoa izaten ahalko da, eta diruz lagundutako jardueraren azpikontrataziorako edo hirugarrenen kontrataziorako, aipatu 26. artikuluan jasotakoa aplikatu behar da.

b) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, gastu diruz lagungarria 30.000 eurotik gorakoa bada obra gauzatzeko kostuaren kasuan edo, ekipamendu-ondasunak hornitzeko, 12.000 eurotik gorakoa, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea hautatu dela efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura hori emateko behar adina entitate ez badago.

Horretarako, hiru hornitzaileren eskaintza bana aurkeztu beharko du, eta hautaketa justifikatu, baldin eta, kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioaren arabera, onena hautatu ez badu.

Bere izaera dela-eta kontratazio publikoari buruzko araudia aplikatu behar bazaie, eskatzaileek ez dute b) letra honetan xedatutakoa bete behar.

7. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

Laguntzak banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Hortaz, eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera ebatziko dira beti, funtsak agortu arte.

Aurrekontuan esleitutako kreditua agortzen denean, eta betiere programaren indarraldia bukatu ez bada, eskaera berriak erregistratzen ahalko dira erreserba-zerrendarako; eskaera horiek zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera ebatziko dira beti, kreditua askatzen bada (norbaitek emandako laguntzari uko egiteagatik edo laguntza kobratzeko eskubidea galtzeagatik) edo deialdirako aurrekontua handitzen bada.

Eskaera erreserba-zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera baliozkotu arte.

8. oinarria.–Laguntzak eskatzeko modua.

8.1. Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan dauden inprimakiak (hemendik aurrera laguntzen fitxa) erabili behar dira laguntza-eskaerak aurkezteko. Pertsona juridikoek nahitaez modu telematikoan aurkeztuko dituzte eskaera eta eman beharreko agiri guztiak, 13. oinarrian ezarritako moduan.

3. oinarrian ezartzen da laguntza eskaera aurkezteko epea.

8.2. Laguntzak eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Laguntza-eskaera:

1.–Honako datu hauek beteko dira: laguntza eskatzailearen datu orokorrak, jarduketa mota, kokapena eta datu tekniko zehatzak. Halaber, eskabidearekin batera adierazpen hauek aurkeztuko dira:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera egunean onuradun izateko baldintzak betetzen direla dioena.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera egunean eskuratu diren beste dirulaguntzei buruzkoa.

c) Profesional autonomoen, pertsona juridikoen eta bestelako entitateen kasuan, adierazpen bat enpresa izaerari eta tamainari buruz, 651/2014 Erregelamenduaren ondorioetarako. Hala badagokie, sektore publikoko entitateek ere aurkeztu behar dute adierazpen hau.

d) Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez du egiaztagiri hori aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak:

–Ziurtagiri bat, Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak egunean dituela dioena.

–Ziurtagiri bat, Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela dioena.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena sektore publikoari lotutako edo haren menpeko entitatea dela.

2.–Profesional autonomoen kasuan, izaera hori adierazi beharko da. Laguntzen organo kudeatzaileak izaera hori egiaztatuko du Jarduera Ekonomikoen Erregistroan. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 156. artikuluan arautzen da erregistro hori. Eskatzailea erregistraturik ez badago, eskatuko zaio profesional autonomoaren izaera frogatzen duen dokumentazioa aurkezteko.

Pertsona juridikoek eskabidean adierazi behar dute gaitutako helbide elektronikoa (GEH) dutela, eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena eman dutela. Gaitutako helbide elektronikoa 13. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

2. Dokumentazio administratiboa:

Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen NAN, AIZ edo IFZren kopia eta, hala bada, haren ordezkariarena.

b) Ahalordetze-eskrituraren kopia, edo ordezkaritza egiaztatzen duen agiria.

c) Sektore publikoarekin lotutako edo haren mendeko entitateek beren adskripzioa deklaratu beharko dute, eta adierazi beharko dute merkataritza jarduera egiten duten edo ez.

d) Pertsona fisiko eta profesional autonomoak: hala badagokie, desgaitasunaren ziurtagiria, balorazioko organo eskudunak emana, eta familia ugariaren titulu indarduna.

3. Dokumentazio teknikoa.

Diruz lagungarriak diren jarduketetarako, deskripzio-memoria aurkeztuko da, gutxienez honako hauek adierazita: jarduketaren deskripzioa eta norainokoa, inbertsioa, kostu diruz lagungarria eta eskatutako laguntza.

8.3. Eskaerarekin batera aurkezten diren agiriak PDF formatuan aurkeztuko dira, behar bezala identifikatuta (adib.: “Aurrekontua”, “Memoria”, etab.).

8.4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8.5. Pertsona juridiko batek modu presentzialean aurkezten badu eskaera, eta ez ezarritako bide elektronikoaren bidez, interesdunari eskatuko zaio eskaera zuzen dezala, hau da, modu elektronikoan aurkez dezala. Ondorio guztietarako, eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela ulertuko da.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

9.1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak, eskaerak aztertuko ditu, eta gero organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio. Proposamen horretan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

9.2. Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia da organo eskuduna dirulaguntza nori eman ebazteko.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpena jakinarazi ezean, eskaera ezetsitzat joko da.

10. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

10.1. Onuradunek 12 hilabeteko epea dute jarduketa gauzatzeko, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hasita.

10.2. Justifikazioa hiru hilabeteko gehieneko epean egin behar da, jarduketak gauzatzeko emandako gehieneko epea amaitzen denetik. Horretarako, 8.1 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko dute ordainketa eskaera, laguntzen fitxako ereduari jarraikiz, bai eta deialdi honen II. eranskinean (Egindako jarduketa justifikatzeko dokumentazioa) eskatutako dokumentazioa ere.

10.3. Ordainketa eskaera eta gainerako dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat. Halaber, zuzentzeko eskatuko zaio baldin eta postaz edo modu presentzialean aurkeztu bada, bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu behar duten onuradunen kasuan.

10.4. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa apartatu honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, laguntzarako eskubidea galduko da.

10.5. Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzak dirua onuradunaren kontuan sartzeko, onuradunak “Transferentzia bidez kobratzeko eskaera” bete eta diruzaintzan aurkeztu beharko du, salbu eta lehenago aurkeztu badu.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

11.1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

11.2. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena sei hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

11.3. Dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak direnean, haiek ordaindu ahal izateko, aldez aurretik organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du. Espedientean egiaztapenaren berri jaso beharko da, aktaren bidez edo egiaztapen txostenaren bidez.

11.4. Ordainketa egiteko ebazpenean berariaz adieraziko da funtsak nondik datozen, Efizientzia Energetikoaren Funts Nazionala eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa aipatuz.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

12.1. Laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Pertsona juridiko pribatuek, dirulaguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, modu telematikoan aurkeztu behar dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua. Foru dekretu horren 3. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea aurreko oinarrietan ezarritako moduan.

c) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.4 artikuluak ezartzen duenaren ondorioetarako, ezartzen da onuradunek diruz lagundutako ondasunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili behar dituzten epe minimoa bost urtekoa izanen dela.

d) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea dirulaguntza eskatu ondoren xede bererako beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batek emanak.

Halaber, dirulaguntza ematean kontuan izan den edozein inguruabar (objektibo nahiz subjektibo) aldatzen bada, horren berri eman beharko da.

e) Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren eskura jartzea diruz lagundutako proiektuaren informazioa, biek batera emaitzak zabaltzeko, aldez aurretik adostuta.

f) Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak eskatzen duenean, erregistratutako emaitza energetikoen bilakaeraren berri ematea, eta emaitzak zabal daitezela baimentzea, 10 urteko epean gainerako proiektuetan, laguntza ordaintzen denetik hasita.

g) Behar den informazio guztia ematea, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak eskatzen diona laguntzen xedea ikuskatzeko eginkizunak betetzeko.

h) Onuradunak diruz lagundutako jarduketari buruz egiten dituen erreferentzia guztietan (argitalpenetan, hedapen jardueretan, web-orrietan eta, oro har, edozein hedapen bidetan) Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak ezartzen dituen baldintzak bete behar dira, halakoak badira, bai eta programaren irudiari buruzko eskuliburuan ezarritakoak ere. IDAEren webgunean eskura daiteke eskuliburu hori.

i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

12.2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriz ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

Pertsona juridikoek baliabide telematikoen bitartez aurkeztu beharreko laguntza-eskaerak eta gainerako dokumentazio guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu behar dituzte, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak pertsona juridiko eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

14.1. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

14.2. Onuradunei jakinarazten zaizkien ebazpenetan, aipatu behar dira Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa eta Efizientzia Energetikoaren Funts Nazionala.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Egindako jarduketak frogatzeko eskatzen den dokumentazioa

a) Obra bukaerako ziurtagiria, obra zuzendariak eta obrak exekutatzeko zuzendariak sinatua, hala badagokio.

b) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete direla frogatzeko jarduketa memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena, oinarri hauetan eta laguntza emateko ebazpenean eskatutakoarekin bat. Memoria hori teknikari tituludun eskudun batek egin eta sinatuko du, hots, proiektuaren egileak edo jarduketa egikaritzeko zuzendariak, eta bertan, jarduketen bukaera data ere azalduko da.

c) Egindako jarduketei dagozkien kontratuen eta/edo eskaeren kopia eta zerrenda ziurtatua.

d) Aurkeztutako aurrekontuarekin eta kontratuekin zerikusia duten faktura guztien zerrenda ziurtatua, baita faktura horien eta bankuko ordainagirien kopiak ere, egindako inbertsio hautagarriari dagozkionak.

e) Dokumentazioa, frogatzen duena laguntzaren onuraduna dela ordainketak egiteko eta dirulaguntza kobratzeko erabili den banku-kontuaren edo kontuen titularra.

f) Dagokion laguntza eman aurretik emandako edo formalizatutako ziurtagiria edo, hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpena, onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzen duena.

g) Egindako jarduketen argazki bilduma bat, non agertuko baitira jarduketaren ondorengo egoeraren argazkiak eta, halakorik bada, laguntzaren xedeko azken ekipamendu eta instalazio nagusiei ateratakoak, baita jarduketaren publizitate kartela erakusten dutenak ere. Gainera, laguntzen onuradunaren Interneteko webgunearen esteka eta informazioa erantsiko da, hartzaileak horrelakorik badu. Webgune horretan, laguntzen azken hartzaileak publikoari jakinarazi beharko dio Europako Funtsetatik laguntza jaso duela, eta jarduketaren azalpen labur bat eginen du, eman zaion laguntza mailaren araberakoa, helburuak eta emaitzak adierazita, eta Europar Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduz.

h) Jarduketak kontratatzearen prozesuari buruzko frogagiriak. Betebehar horren salbuespenetik salbuetsita geratuko dira, baldin eta justifikazio-kontuaren irismenak prozesu honen justifikazioa barne hartzen badu.

i) Jarduketarekin lotutako transakzio guztietarako kontabilitate bereizia erabili dela justifikatzeko agiriak (sarrerak eta ordainketak, eta, halakorik izan bada, laguntzen sarrera, hornitzaileei egindako ordainketak eta abar).

j) Erantzukizunpeko adierazpena, hauek bermatzeko: diruz lagun daitezkeen jarduketei aplika dakizkiekeen aukera-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko arau nazionalak eta Europar Batasunekoak betetzen direla; ingurumenari buruzko arau nazionalak eta komunitatekoak, garapen jasangarriari buruzkoak, betetzen direla; laguntzaren xedea den proiektuaren kudeaketaren arloko iruzurraren aurkako neurri eraginkorrak eta proportzionatuak betetzen direla (IDAEren web-orrian edo dagokion komunitatearenean eskuragarri egonen den ereduaren arabera). Betebehar horren salbuespenetik salbuetsita geratuko dira, baldin eta justifikazio-kontuaren irismenak prozesu honen justifikazioa barne hartzen badu.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 27. artikuluan eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduak ezarritakoaren arabera, dirulaguntzaren xedea eta izaera kontuan harturik, gastuen frogagiriak dituen justifikazio-kontua aurkezten ahalko da, edo auditore-txostena duen justifikazio-kontua aurkezten ahalko da.

Iragarkiaren kodea: F2108473