135. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

“Zuzkidura jarduketei lotutako hirigintza betebeharrak gauzatzea ezinezkoa izateagatik eman beharreko diruaren kalkulua arautzen duen udal ordenantza “ behin betiko onartzea

Altsasuko Udalaren Osoko Bilkurak, 2021ko martxoaren 31n egindako bilkuran, hasierako onarpena eman zion Zuzkidura jarduketei lotutako hirigintza betebeharrak gauzatzea ezinezkoa izateagatik eman beharreko diruaren kalkulua arauzten duen udal ordenantzari. Ordenantza horren iragarkia 2021ko apirilaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 84. zenbakian.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin bat (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu zuen), eta jendaurrean jartzeko epea igaro eta alegaziorik aurkeztu ez bada, behin betiko onesten da ordenantza horren aldaketa, eta haren testu osoa argitaratzea xedatzen da, dagozkion ondorioetarako.

Altsasun, 2021ko maiatzaren 31n.–Alkatea, Javier Ollo Martínez.

UDAL ORDENANTZA, ZUZKIDURA-JARDUKETEI LOTUTAKO HIRIGINTZAKO BETEBEHARRAK GAUZATZEA EZINEZKOA IZATEAGATIK EMAN BEHARREKO DIRUAREN KALKULUA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Hiri-lurzoruko hirigintza-jarduketetan, jabeek legezko betebehar batzuk dituzte. Izan ere, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Testu Bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 96. artikuluan ezartzen dira. Besteak beste, espazioak laga behar dituzte komunitate-ekipamendu, parke, lorategi, aparkaleku eta bestelako zuzkidura publikoetarako.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Testu Bateginaren 55. artikuluan ezartzen dira, oro har eta gutxienez, erabilera horietara zuzendu behar diren espazioak.

Lagapena erraza da jarduketa sistematikoa egin behar duten esparruetan. Haatik, hiri-lurzoru finkatuko zuzkidura-jarduketarik gehienetan, lagapen horiek ezin dira fisikoki gauzatu.

Horregatik Altsasuko Udalak erabaki du balio ekonomiko homogeneo eta objektibo bat finkatzea hirigintzako betebeharrak diru emanez betetzeko, lurzoruan fisikoki gauzatzea ezinezkoa denean. Definizio horrek herriko lurzoru guztiak berdintzen ditu, eta aukera berak ematen dizkie, ordenantza indarrean jarri ondoren zuzkidura-jarduketa guztiek legeak ezarritako lagapenak bete beharko dituztelako ordenantzan araututakoaren arabera. Modu horretan saihesten da lehenbizi gauzatzen diren zuzkidura-jarduketak, argudiaturik herrian zuzkidura gehiegi daudela, lagapena egitetik salbuesteko aukera; izan ere, salbuespen hori behin eta berriz onartuz gero, zuzkidurek gainezka eginen lukete eta zuzkidura-eragiketa berriak guztiz ezinezkoak lirateke.

Bestetik, ordenantzak aukera ematen du kudeaketako hirigintza hitzarmena sinplifikatzeko, aski izanen baita ordenantza honen eranskinean agertzen den ereduzko hirigintza hitzarmenari atxikitzea, eta modu horretan zuzkidura-eragiketen tramitazioa erraztuko da. 1/2017 LFDaren 25. artikuluaren arabera, hitzarmena nahitaezkoa da lagapena egiteko betebeharra diru emanez betetzeko. Beraz, hiri-jarduketarako plan berezia tramitatzetik salbuetsitako zuzkidura-jarduketetan, lagapena egiteko hirigintzako obligazioak betetzeko, aski izanen da ordainketa egitea eta, obra-lizentzia eskatzeko unean, ereduzko hirigintza hitzarmenari atxikitzeko berariazko adierazpena aurkeztea.

Ordenantza honen bidez Altsasuko Udalak arau-esparrua ezarri nahi du hirigintzako kudeaketa teknikaren eta balorazio tekniken arteko erlaziorako, balorazio-txostena oinarri harturik, hirigintzako betebeharra diru emanez bete behar denerako.

Lortutako diru-sarrerak udalaren lurzoru-ondarera pasatuko dira, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 230.2 artikuluan ezarritako xedeetara egiazki zuzentzeari atxikirik. Hona hemen xede horiek: udalaren lurzoru-ondarea zaindu eta hedatzea; urbanizazio obrak egitea; sistema orokorrak eskuratu eta gauzatzea; ekipamendu kolektiboak edo udal erabilera publikoko beste instalazio batzuk eraikitzea; ekimen publikoko eragiketak, hala eraikinak birgaitzekoak nola hiri-berroneratze eta -berrikuntzakoak, bai eta ekimen pribatuari xede berarekin laguntzak ematea ere; ordezko bizitokia emateko eta etxera itzultzeko gastuak; eta eraikinak erostea eta/edo birgaitzea babestutako etxebizitzak edo ekipamendu publikoak egiteko.

Xedea eta eremua

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da zuzkidura-jarduketei lotutako hirigintzako betebeharrak diru emanez betetzeko prozedura arautzea.

2. artikulua. Eremua.

Ordenantza zuzkidura-jarduketei aplikatuko zaie, 1/2017 LFDaren 90.5 artikuluan deskribatutakoaren arabera, hirigintzako betebeharrak gauzatu ezin direnean eta, ondorioz, diru emanez bete behar direnean, osorik edo zati batean.

Monetarizazioak ordenantza honen seigarren kapituluko prozedurari jarraituko dio.

LEHEN KAPITULUA

Dirua ematea sistema orokorrak handitzeko lagapenaren ordez

3. artikulua. Aplikazioa.

Kapitulu hau aplikatuko da 1/2017 LFDaren 96.2.b) artikuluari lotutako betebeharrengatik dirutan eman beharrekoa kalkulatzeko, 55.3.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, espazio libre publikoen sistema orokorrerako lagapenari dagokionez (15 m², bizitegi-erabilerako eraikitako 100 m²-ko).

Ondoko kasu hauetan kuantifikatuko da:

–Bizitegi-erabilerako eraikigarritasuna handitzea.

–Bizitegi-erabilera izatera aldatzea.

4. artikulua. Kalkulua.

Honako prozedura honen bidez kuantifikatuko da kalkulua:

4.1. Bizitegi-azalera berriari lotutako sistema orokorreko erreserba kalkulatuko da:

–Bizitegi-erabilerako eraikigarritasuna handitzen den kasuetarako:

SOko azalera = (15/100) x bizitegi-erabilerako eraikitako azaleraren gehikuntza.

–Erabilera bizitegi-erabilerara aldatzen den kasuetarako:

SOko azalera = (15/100) x bizitegi-erabilerara aldatu den eraikitako azalera.

4.2. Honela lortutako azalera biderkatuko da Altsasuko Udalaren balorazio-txosteneko “Hirigintza aprobetxamendurik gabeko esparrua” 6.6.2 taulako balioarekin.

BIGARREN KAPITULUA

Dirua ematea toki zuzkiduretarako lagapenaren ordez

5. artikulua. Aplikazioa.

Kapitulu hau aplikatuko da 1/2017 LFDaren 96.2.b) artikuluari lotutako betebeharrengatik dirutan eman beharrekoa kalkulatzeko, 55.3.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, toki zuzkiduretarako lagapenari dagokionez (115 m², bizitegi-erabilerako eraikitako 100 m²-ko).

Ondoko kasu hauetan kuantifikatuko da:

–Bizitegi-erabilerako eraikigarritasuna handitzea.

–Bizitegi-erabilera izatera aldatzea.

6. artikulua. Kalkulua.

Honako prozedura honen bidez kuantifikatuko da kalkulua:

6.1. Bizitegi-azalera berriari lotutako toki zuzkidurako erreserba kalkulatuko da:

–Bizitegi-erabilerako eraikigarritasuna handitzen den kasuetarako:

ZLko azalera = (50/115) x bizitegi-erabilerako eraikitako azaleraren gehikuntza.

–Erabilera bizitegi-erabilerara aldatzen den kasuetarako:

SOko azalera = (50/115) x bizitegi-erabilerara aldatu den eraikitako azalera.

6.2. Honela lortutako azalera biderkatuko da Altsasuko Udalaren balorazio-txosteneko “Hirigintza aprobetxamendurik gabeko esparrua” 6.6.2 taulako balioarekin.

HIRUGARREN KAPITULUA

Dirua ematea industrialde edo zerbitzu-poligonoetako lagapenaren ordez (berdegune handietarako sektorearen %10)

7. artikulua. Aplikazioa.

Kapitulu hau aplikatuko da 1/2017 LFDaren 96.2.b) artikuluari lotutako betebeharrengatik dirutan eman beharrekoa kalkulatzeko, 55.3.c) artikuluan ezarritakoaren arabera, industrialde edo zerbitzu-poligonoetako lagapenari dagokionez (berdegune handietarako sektorearen %10).

Industrialde edo zerbitzu-poligonoen eraikigarritasuna handitzen denean kuantifikatuko da.

8. artikulua. Kalkulua.

Honako prozedura honen bidez kuantifikatuko da kalkulua:

8.1. Eraikigarritasun hori lortzeko behar den lurzatiaren azalera-gehikuntzaren % 10 kalkulatuko da, sektoreko eraikigarritasun-parametroen arabera.

Lagapenaren azalera = lurzatiaren azaleraren %10 x [eraikigarritasun berria (m² e/m² s)/sektorearen aurreikusitako eraikigarritasuna (m² e/m² s)]

8.2. Honela lortutako azalera biderkatuko da Altsasuko Udalaren balorazio-txosteneko “Hirigintza aprobetxamendurik gabeko esparrua” 6.6.2 taulako balioarekin.

LAUGARREN KAPITULUA

Dirua ematea aparkatzeko aurreikusitako lekuaren lagapenaren ordez

9. artikulua. Aplikazioa.

Kapitulu hau aplikatuko da 1/2017 LFDaren 96.2.b) artikuluari lotutako betebeharrengatik dirutan eman beharrekoa kalkulatzeko, 55.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, aparkatzeko aurreikusitako lekuaren lagapenari dagokionez.

Ondoko kasu hauetan kuantifikatuko da:

–Eraikigarritasuna handitzea (bizitegi-erabilerako lurzoruetan, ibilgailuetarako aurreikusitako aparkalekuak: 2 leku, sestra gaineko edozein erabileratarako eraikitako 100 m²-ko, garajeetarako espazioa kenduta, eraikin kolektiboetan; eta 3 leku, familia bakarreko eraikuntzen sektoreetan).

–Bizitegi-erabilera, merkataritzako erabilera edo hirugarren sektoreko erabilera izatera aldatzea, egungo erabilera bestelakoa izanik (2 leku, eraikitako 100 m²-ko edo 3 plaza etxebizitza bakoitzeko, bizitegi-eraikuntzaren kasuan).

–Industria eta zerbitzu erabileretan, arauetan ezarritakoaren arabera baloratuko da aparkalekuen premia.

–Ekipamendu pribatuetan, Altsasuko Udaleko zerbitzu teknikoek baloratuko dute aparkalekuen premia espediente bakoitzean.

10. artikulua. Kalkulua.

Honako prozedura honen bidez kuantifikatuko da kalkulua:

10.1. Aurreikusitako aparkalekuen azalera kalkulatzeko, 12,5 m² biderkatuko da leku kopuruarekin:

Aparkalekuen azalera = leku kopurua x 12,5 m².

10.2. Honela lortutako azalera biderkatuko da Altsasuko Udalaren balorazio-txosteneko “Hirigintza aprobetxamendurik gabeko esparrua” 6.6.2 taulako balioarekin.

BOSGARREN KAPITULUA

Dirua ematea aprobetxamenduaren gehikuntzaren %10eko lagapenaren ordez

11. artikulua. Aplikazioa.

Kapitulu hau aplikatuko da aprobetxamenduaren gehikuntzaren %10 lagatzeko betebeharragatik dirutan eman beharrekoa kalkulatzeko; 1/2017 LFDaren 96.2.a) artikuluan jasotzen da betebehar hori.

Aprobetxamendua handitzen denean kuantifikatuko da.

12. artikulua. Kalkulua.

Honako prozedura honen bidez kuantifikatuko da kalkulua:

12.1. Aprobetxamenduaren gehikuntzan handitutako eraikigarritasunaren %10 kalkulatuko da, eraikitako metro karratuetan:

–Edozein erabilerako eraikigarritasuna handitzen den kasuetarako:

Azalera = % 10 x eraikigarritasuna handitzeari dagokion eraikitako azalera (m² c)

–Erabilera bizitegi-erabilerara aldatzen den kasuetarako:

Azalera = % 10 x eraikigarritasuna handitzeari dagokion eraikitako azalera (m² c) x (bizitegi-erabilera berriaren homogeneizazio-koefizientea/lehendik dagoen erabileraren homogeneizazio-koefizientea).

12.2. Honela lortutako azalera biderkatuko da Altsasuko Udalaren balorazio-txosteneko “Balio eremuak, grafikoki mugatuta” 6.1 taulako balioarekin.

SEIGARREN KAPITULUA

Prozedura

13. artikulua. Prozedura.

13.1. Kudeaketako hirigintza hitzarmenari atxikitzean finkatuko da ordenantza honen arabera dirutan eman beharrekoa. Hitzarmenaren edukia ordenantza honen I. eranskinean dago jasota.

13.2. Kudeaketako hirigintza hitzarmenarekiko atxikimendua formalizatutzat joko da zuzkidura-jarduketaren sustatzaileak I. eranskineko hirigintza hitzarmenari atxikitzeko adierazpena aurkezten duenean, behar bezala beteta eta sustatzaileak sinatuta, eskabidearekin batera.

13.3. Hiri-jarduketarako plan berezia, beharrezkoa denean, ez da behin betiko onetsiko, edo, hura beharrezkoa ez denean, obra-lizentzia ez da emanen, lagapena egiteko hirigintzako obligazioak (ordenantza honetan ezarriak) dirutan eman beharrekoa egiazki pagatu arte eta I. eranskineko kudeaketako hirigintza hitzarmenari atxiki arte.

13.4. Obra-lizentzia ukatzen bada, edo, beharrezkoa denean, hiri-jarduketarako plan bereziaren behin betiko onespena ukatzen bada, hitzarmenarekiko atxikipena indarrik gabe geldituko da berehala, eta, beraz, Udalak sustatzaileari itzuli beharko dio ordaindutakoa, 15 egun baliodunean, lizentzia edo hiri-jarduketarako plan bereziaren behin betiko onespena ukatzen dela jakinarazten denetik.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Espediente bat hasi bada ordenantza honek indarra hartu baino lehen, espedientean ezarritakoaren arabera eginen da monetarizazioa. Ezer ez bada ezartzen, ordenantza honetan xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

I. ERANSKINA

Kudeaketako hirigintza hitzarmena, zuzkidura-eragiketetan dirua emateko nahitaezko lagapenen ordez (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2108961