133. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

51E/2021 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntza honetarako deialdia: “Laguntzak, ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egiteko, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietarako. 2014-2020 Landa Garapenerako Plana. 04.01 neurria”. DDBN identifikazioa: 558762.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan (13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa).

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta bat etorrita jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Eskumen horren barnean dago nekazaritzako ustiategien modernizazioaren sustapena, neurriak hartuz ustiategi horietako aktibo fisikoetan inbertsioak egiten laguntzeko.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak arautu zuen nekazaritzaren garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezkoa, eta indarrik gabe utzi zuen Kontseiluaren 1698/2005 (EB) Erregelamendua; haren 17. artikuluan ezarri zuen aktibo fisikoetan inbertitzeko neurria, eta berariazko azpineurri bat ere bai, artikulu horren 1.a) puntuan zehazten zena, nekazaritzako ustiategiaren errendimendu orokorra eta iraunkortasuna hobetzeko inbertsioei buruz.

Aipatutako 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezartzen dira laguntzaren gehieneko portzentajeak, segun eskualde mota, onuradunaren izaera edo proiektu mota.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programak neurri hori jasotzen du. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeari begira eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek bideraturik daude Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera, helburu izanik hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzailea, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Zehatz-mehatz, 1305/2013 Erregelamenduaren 17. artikuluari jarraikiz, neurri hau Batasuneko landa garapenak duen lehentasun honi dagokio: “ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea eskualde guztietan, eta nekazaritzako teknologia berritzaileak eta oihanen kudeaketa iraunkorra bulkatzea”.

Beraz, ezartzen den esparru juridikoa da 1305/2013 (EB) Erregelamendua, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 808/2014 (EB) betearazte Erregelamendua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena.

–Batzordearen uztailaren 17ko 809/2014 (EB) betearazte Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu delegatua, zeinak osatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzak eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkieken zehapen administratiboak.

Nafarroan lurzatiak modernizatzeko eta ureztalur bihurtzeko prozesuek lotura zuzena dute Nafarroako Ubidearen lehen fasea handitzeko obren garapenarekin. Ustiategietako inbertsioak hiru edo lau ekitalditan bilduko dira, eta sektore bakoitzean ureztapena abian jartzeko egunek baldintzatuko dituzte inbertsio horiek.

Beharrezkoa da, laguntzen berariazko deialdi baten bidez, aurrekontuko zuzkidurak eta lehentasun irizpideak arautzea, nekazaritzako ustiategietarako laguntzak lortzeko, helburu izanik ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egitea, halako moduz non ureztapena modu antolatuan jarriko den abian. Horrez gain, saihestu behar da sektore handienetan ureztapena abian jartzeko egunek gainerako eremu eta inbertsioetan eragin negatiboa izatea, laguntza eskaera asko izateagatik eremu jakin batzuei loturik.

Horregatik, eta lehentasunezko helburu horiei aurre egiteko, egokitzat jotzen da zuzkidura ekonomiko berariazko bat erabiltzea lurzatietan ureztapenetarako inbertsioak egiteko, hain zuzen ere nekazaritzako ustiategi horiek egin ditzaten.

Kontuan izanik gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunak, eta sektorean dauden emakumeen tasa txikia dela, beharrezkotzat jo da generoaren balorazioaren irizpidea ezartzea, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin bat (3/2007 Lege Organikoa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa).

Azkenik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio ebazpen honi.

Ebazpen hau ematen da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean (foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta ezarri ziren haren antolamendua eta funtzionamendua). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barnean, foru dekretua garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko, eta bereziki, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko behar diren arauak ezartzeko, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzetarako.

Nafarroako Gobernuak 2021eko otsailaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari 2.000.000 euroko gastu konpromisoa hartzeko, laguntza hauek 2021eko deialdian finantzatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta nire esku utzitako eskudantziak erabiliz, hain zuzen ere nire esku utzi dituztenak martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak (foru lege horrek tratatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala) eta urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak (foru dekretu horren bidez ezartzen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa),

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dira, “ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egiteko, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietarako”, inbertsio horiek jasota baitaude Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurrian, I. eranskinean azaldu bezala. Ebazpen honen II. eranskina ere onesten da.

2. Deialdia onestea.

Onesten da deialdi hau: “Laguntzak, ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egiteko, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietarako”. Inbertsio horiek jasota daude “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurrian, 2021eko ekitaldirako, bat etorriz aurreko puntuan ezarritako oinarri arautzaileekin eta baldintzekin.

3. Gardentasun adierazpenaren betebeharrari buruzko eredua onestea.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onesten da, esteka honetan eskuratzen ahal dena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

4. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 2.000.000 euroko gastua baimentzen da 2023ko ekitaldirako, 2021eko Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura: 720004 72230 7700 412102 partida, “Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020, Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan”, kreditu egokia eta behar adinakoa badago.

Baimendutako kreditua gehienez 2.000.000 euro bitarte handitzen ahalko da, 720004 72230 7700 412102 “PDR FEADER 2014-2020. Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” partidaren baliokidea den 2021eko Aurrekontu Orokorretako partidaren kargura, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin, eta betiere aurrekontuan krediturik badago.

5. Eskaerak aurkezteko epea 2021eko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea 90 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Mendialdea, goi mendialdea, eta, mendialdea izan gabe muga natural garrantzitsuak dituzten tokiak.

Mendialdetzat, goi mendialdetzat eta, mendialdea izan gabe muga natural garrantzitsuak dituzten tokitzat hartuko dira jasota daudenak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 76/2020 Foru Aginduan, V. eranskinean. Foru agindu horren bidez honako hauen deialdia egin zen 2020ko kanpainarako: Eskaera Bakarra, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak finantzatutako nekazaritzarako eta abeltzaintzarako ordainketa zuzenetarako eta Landa Garapenerako Programaren eta Estatuaren laguntza batzuetarako; Erreserba Nazionalerako eskubide eskaerak; SIGPACeko aldaketa eskaeren aurkezpena; eta urteko jakinarazpena, Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorrean erregistra dadin.

Ustiategi bat eskualde zehatz batean kokatzeko, kontuan hartuko da Estatistikako Institutu Nazionalaren zer kode duen ustiategiaren udalerriak, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko fitxan.

Ez dira halakotzat hartuko laguntza iragankorra duten eskualdeetan daudenak, V. eranskinaren arabera.

7. Komunikatzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari.

Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia.

8. Argitalpena.

Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko apirilaren 20an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

2021eko laguntzen deialdian laguntzak emateko oinarri arautzaileak, “ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egiteko, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietarako”, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” neurrian jasotzen diren inbertsioetarako

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da honako hauek arautzea: “laguntzak, ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egiteko, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietarako”. Inbertsio horiek jasota daude Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietan” izeneko neurrian, eta horien esparrua da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17.1.a) artikulua. Erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. Bat etorriz 1305/2013 (EB) Erregelamenduarekin eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programarekin, neurri honen helburu orokorrak dira hobetzea nekazaritzako ustiategien errendimendu orokorra eta erraztea horien jasangarritasuna.

2. Dudarik gabe bat egiten dutenez 1305/2013 Erregelamenduaren 5. artikuluan adierazitako Batasunaren lehentasunekin, helburu estrategikotzat jotzen dira nekazaritzako profesional kualifikatuak ezar daitezela, behar adinako tamaina duten eta bideragarriak eta jasangarriak diren familia-ustiategietan, batez ere baldin profesional horiek jardueraren ikuspegi kolektiboa ekartzen badute, elkarteak sortuz eta horietan parte hartuz, zeinek balioa erantsiko baitute, bai enpresa bera egonkortzeagatik, bai oinarri duten lurraldearekiko loturarengatik.

3. Ustiategiaren errendimendu orokorra eta Batasunaren lehentasunak lortzeko oinarri izateagatik, interes handieneko eragiketa-helburutzat hartzen dira, besteak beste, honako hauek (zerrenda ez da zehatz-zehatza):

a) Errendimendu ekonomikoa hobetzea.

b) Hobetzea ustiategiko errendimendu fisikoak eta bertako ekoizpenen kalitate maila.

c) Ekoizpen kostuak murriztea.

d) Efizientzia hobetzea inputak erabiltzean, bereziki uraren eta energiaren erabileran.

e) Teknika berritzaileak hautatzea, bai enpresaren kudeaketan bai ekoizpen eredu eta/edo prozesuetan.

f) Nekazaritza sektorean enplegua mantentzea eta sortzea.

g) Lan eta osasun baldintzak hobetzea.

h) Nekazaritzako jardueren dibertsifikazioa bultzatzea.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Neurriaren hartzaileak pertsona fisiko edo juridikoak dira, inbertsioak Nafarroan egiten dituztenak, betetzen dituztenak onuradunak izateko aldez aurreko baldintzak, eta hitza ematen dutenak aplikatzekoa den araudian ezarritako konpromisoak betetzeko.

2. Administrazio publikoak ez dira onuraduntzat hartuko, ezta nortasun juridiko propioa duten entitate eta sozietate publikoak ere, baldin administrazio publikoen menpekoak badira edo haiei lotuta badaude.

4. oinarria.–Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Neurri honen onuradun izan daitezke laguntzen eskaera aurkezteko egunean onartuak izateko irizpide hauek betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

a) Adinez nagusi izatea, pertsona fisikoak badira.

b) Nekazaritzako ustiategi baten titularra izatea, zeina inskribatua egonen baita Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan, salbu kasu hauetan: nekazari gazteak izatea eta aldi berean laguntza eskatu izana dena delako ekitaldiko “nekazari gazteen” lehen instalaziorako laguntzen deialdian, edo aurreko bi ekitaldietako batean laguntza horiek adjudikatuta izatea, edo egoera horietan dauden gazteek soilik osatutako sozietateak izatea.

c) Nekazari aktibo gisa sailkaturik egotea, bat etorriz abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren II. tituluko I. kapituluko definizioarekin, kontuan harturik zer salbuespen jarri den aurreko letran nekazari gazteentzat eta haien sozietateentzat. Errege dekretu horrek hizpide du nola aplikatu nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien zuzeneko ordainketak eta laguntzeko beste araubide batzuk, baita nola kudeatu eta kontrolatu ere zuzeneko ordainketak eta landa garapenerako ordainketak.

d) Sarturik ez egotea laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluarekin.

e) Egunean izatea tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

5. oinarria.–Ustiategiak onartzeko irizpideak.

Nekazaritzako ustiategien titularrei laguntza hauek esleitzeko, beharrezkoa izanen da ustiategiek betetzea onartzeko irizpide hauek, laguntza eskaera aurkezteko unean:

a) Inskribatuta egotea Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan, salbu ekitaldi berean laguntza eskatu badu “nekazari gazteak beren gain hasteko laguntzen deialdian”, edo laguntza horiek adjudikatu bazaizkio aurreko bi deialdietako batean, baita gazteek soilik osatutako sozietateak badira ere eta egoera horietan badaude.

b) “Europako dimentsioko 10 unitateko” tamaina izatea gutxienez. Irizpide hau ez zaie eskatuko nekazari gazteek eta haien sozietateek egindako inbertsioei, aurreko letran jarritako salbuespenarekin bat.

c) Bideragarritasun ekonomikoa frogatzea behar den azterlan tekniko-ekonomikoaren bidez, aurkeztutako inbertsio plana aplikatu eta gero.

6. oinarria.–Inbertsio plana.

1. Eskaerarekin batera, egoki den inbertsio plana aurkeztu beharko da, eta hura izanen da laguntzarako eskubidea sortzeko oinarria.

2. Ustiategiaren bideragarritasun ekonomikoa frogatzeaz gain, inbertsio planak frogatu beharko du ustiategiaren errendimendu orokorra handituko dela, hots, aurrerapen bat izanen dela honako hauetan: hobekuntza ekonomikoarekin lotutako alderdiren bat, inputen eta energiaren erabileraren efizientzia, enpleguaren mantentzea edo handitzea, kalitate sistemetan sartzea, jarduerak dibertsifikatzea, ingurumena zaintzea, laneko segurtasuna, etab., oinarri arautzaile hauen 2.3 oinarrian azaldutakoaren ildotik.

3. Inbertsio planean, gutxienez ere, alderdi hauek sartuko dira:

a) Ustiategiaren hasierako egoeraren azalpena, datu hauek barne, besteak beste:

–Ustiategiaren identifikazioa, kokalekua eta ekoizpenaren ildoa.

–Nortasun fisiko edo juridikoa, titulartasuna eta, bidezkoa bada, azaltzea titularren zerrenda eta sozietatearen kapitaleko partaidetza.

–Ustiategiari atxikitako eskulanaren zerrenda sailkatua eta kuantifikatua: soldatapekoak, finkoak, aldi baterakoak.

–Azalera eta batez besteko errendimenduak ekoizpen jarduera bakoitzean.

–Abelburuak, espezieen arabera, eta, hala behar denean, batez besteko errendimenduak.

–Jarduera bakoitzaren ekoizpen gordina.

–Ekoizpen jarduera bakoitzaren gastuak eta ustiategi osoaren gastu finkoak.

b) Ustiategiko bukaerako egoeraren azalpena, barnean dela abiapuntuko parametroen aipamen konparatiboa, eta azterlan ekonomikoa, adierazten duena azken emaitza hori lortzen ahal dela, eta bermatuko dituena ustiategiaren errendimendu orokorraren hobekuntza eta bideragarritasuna.

c) Egin asmo diren inbertsioen zerrenda eta azterketa, ikuspuntu teknikotik, ekonomikotik eta finantzariotik begiratuta, koherentzia izanik abiapuntuko ustiategiaren eta amaierakoaren artean, inbertsioak egiteko beharra justifikatzeko.

Azterketa horrek bere baitan izan beharko ditu, halaber, inbertsio horiek laguntza jaso dezaketela erabakitzeko behar diren justifikazio teknikoak eta agiri bidezkoak, oinarri arautzaile hauetako 7. oinarrian ezarritako beharkizun eta baldintzekin bat.

d) Kostuen moderazioa aplikatzeko justifikazioa, oinarri arautzaile hauetako 13. oinarriko 1.b puntuaren araberako inbertsioetarako.

e) Inbertsio planaren iraupena. Inbertsioen izaeraren eta burutzeko aurreikuspenaren araberakoa izanen da, inbertsio bakoitzerako.

7. oinarria.–Inbertsio diruz lagungarriak.

1. Nekazaritzako ustiategiaren errendimendu orokorra hobetu beharko dute inbertsioek. Horretara bideratuko da oinarri arautzaile hauetako 2.3 oinarrian zehaztutako helburu baten edo gehiagoren lorpena.

2. Inbertsioek ingurumenean kalterik eragiten ahal badute, beharrezkoa izanen da dagokion baimena izatea laguntza eskatzeko unean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea betez.

3. Eskaeraren xede diren inbertsioak Nafarroan gauzatu behar dira.

4. Agintaritza eskudunari laguntza eskaera aurkeztu ondoan hasi eta gauzatutako inbertsioek eta gastuek baizik ez dezakete laguntza eskuratu, salbu oinarri honen 5.c) atalean aurreikusitakoek. Ondorio horietarako:

–Kontuan hartuko dira, bestelako frogabideen artean, inbertsioak justifikatu beharrez aurkezten diren faktura, albaran eta konturako ordainketen datak.

–Inbertsioen kokapen geografikoa zehazten ahal bada, aldez aurretik egiaztatu beharko da inbertsioak ez direla hasi. Ondorio horietarako, eskatzaileak inbertsioen hasiera egunaren berri eman beharko dio Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari, idazkia erregistratuta, hasi baino 15 egun natural lehenago gutxienez. Baldintza hori egiaztatzeko, argazki digital geoerreferentziatuak eta datadunak aurkezten ahal ditu onuradunak, edo ataleko langileak ustiategira bertaratu daitezke.

5. Honako hauek izanen dira inbertsio diruz lagungarriak eta, beraz, hautagarriak:

a) Lehorreko lurra ureztalur bihurtzeko inbertsioak eta ureztalurrak modernizatzea Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuan, baldin beharkizun hauek betetzen badira:

–1305/2013 Erregelamenduaren 46. artikuluan jasotakoak:

i) Inbertsio planean jasotako laguntzaren xede den azalerari dagokion ura neurtzeko moduko kontagailua sartzea, edo neurketa hori egiten duten gailuak aitzinetik badirela frogatzea.

ii) Modernizatu behar bada aurretik jada baden ureztapen instalazio bat, frogatu behar da hobekuntzak ahalbidetzen duela ura aurreztea, 46. artikuluko 4. puntuko beharkizunekin bat, gutxienez ere %10, oraingo instalazioa kontuan hartuta.

–Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 54. eta 55. artikuluetan jasota dauden baldintzak, finantzaketa bidez ekipatu beharreko gehieneko azalerari dagokionez.

Betiere, inbertsio horiei aplikatuko zaizkie 1/2002 Foru Legearen 51. eta 52. artikuluetan ezartzen diren baldintzak, ureztatzeko oinarrizko azalera gainditzeari buruz eta kasuan kasuko ureztapen unitaterako diseinu orokorreko baldintza teknikoei buruz.

b) Ureztapen instalazio lagungarriak zer lurzatitan kokatuko diren, horietan bakarrik egindako jarduketak, jaso direnak finkak hobetzeko, II. eranskineko “Finkak hobetzea” izeneko atalean.

c) Aurreko apartatuetan sarturiko gastuei loturiko kostu orokorrak, hala nola arkitektoen eta aholkularien kabineteentzako ordainsariak, jasangarritasun ekonomiko eta ingurumenekoari buruzko aholkularitzari lotuak, barnean direla bideragarritasun azterketak eta ingurumen baimenak lortzekoak, bai eta laguntza eskaera egiteari lotutako ordainsariak ere. Nolanahi ere, diruz laguntzen ahal diren inbertsioen zenbateko osoaren %12ko muga ezarri da apartatu honetarako, III. eranskinean ezarritako moduluak ukatu gabe.

6. Ez dira diruz lagungarriak izanen eta, beraz, ez dira hautatzen ahal honako hauetatik heldu diren kostuak:

a) 15 urte baino gutxiagoko ekipamendua aldatzeko inbertsioak, lehen diruz lagundu direnak.

b) Zorren interesak, horien birfinantzaketa, aseguruak eta nekazaritzako enpresaren bestelako gastu orokorrak.

c) Ustiategiko bertako laneskuaren gastuak eta zuzeneko beste ekarpen batzuk, salgaietan.

d) Onuradunen inbertsio edo partaidetza finantzarioak, beren ureztatzaile elkarteak sustatutako interes orokorreko obretan.

e) Ezkontideen edo lehen mailako ahaideen artean ondasunak eta zerbitzuak eskualdatzea, edozein izanik ere eskualdatzeko prozedura edo era, baita pertsona fisiko eta juridikoen arteko eskualdaketak ere, baldin horiek bazkide gisa parte hartzen badute, salbu eta 14/2006 Foru Legearen 65.1 a) artikuluaren arabera katalogaturiko kooperatibek egiten dituzten fakturak eta likidazio ziurtagiriak.

f) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), beste zerga batzuk eta proiektuen gastu orokorretan jasotako etekin industriala.

8. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzak izanen dira kapitaleko zuzeneko dirulaguntzak.

2. Honako muga hauek erabiliko dira laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko:

a) Dirulaguntza jaso dezakeen gehieneko inbertsio tamaina, onuraduneko eta ekitaldiko: 100.000 euro, ustiategiaren urteko lan unitateko (ULU), inbertsio plana gauzatu ondoren kalkulaturik, 800.000 euroko muga gainditu gabe.

b) Dirulaguntza jaso dezakeen gutxieneko inbertsio tamaina, espedienteko: 7.500 euro.

Kostuak apaltzeko irizpideak aplikatu ondoren kalkulatuko dira zenbateko horiek, inbertsio plana oinarri hartuta.

c) Gehieneko laguntza, onuraduneko eta deialdiko: 300.000 euro.

d) Onuradun bakoitzeko gehieneko laguntza, 2014-2020 programazio aldian: 800.000 euro.

Zenbateko horiek kalkulatuko dira bai laguntza eskatzeko unean, aurkeztutako inbertsio planaren arabera, bai azkeneko ordainketa egiteko eskaera egiten denean, inbertsio plan gauzatuaren arabera, betiere kostuak apaltzeko irizpideak aplikatu ondoren.

Aurreko a) eta c) ataletan ezarritako mugak (laguntzarako eta inbertsio diruz lagungarrirako) dira gehieneko mugak, onuradun batek deialdiaren ekitaldian eskatutako laguntzen batuketarako, bat etorriz Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren M04.01 neurriarekin.

Orobat, aurreko d) atalean ezarritako muga (onuradunarentzat) da gehieneko muga, onuradun batek eskatutako laguntzen batuketarako, bat etorriz Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren M04.01 neurriarekin.

3. Inbertsio diruz lagungarriaren zenbateko osoaren gainean, portzentaje hauetako laguntza emanen da gehienez ere:

a) %30, orokorrean.

b) %40, nekazari gazteen kasuan.

c) Gazteek parte hartzen duten ustiategi elkartuetan, oro har ezarritako muga handitzen ahalko da 10 punturaino, %40 gehienez ere, nekazari gazteek kapital sozialean duten proportzioaren arabera.

4. Espediente bakoitzari dagokion laguntzaren portzentajeak, aurreko puntuan adierazitako mugekin, honako baremo honen arabera kalkulatuko dira:

a) Gutxieneko portzentaje orokorra: %15. Portzentaje hori handitzen ahalko da baldin gertatzen badira ondoko apartatuetako inguruabarrak.

b) Nekazari gazteek egindako inbertsioak: %25.

Oinarri arautzaile hauen ondorioetarako, laguntzen intentsitate hau aplikatuko zaie honako baldintza hauetakoren bat betetzen dutenei:

–“Nekazari gazteak” beren gain hasteko laguntzaren onuradunak izatea ustiategietako inbertsioetarako laguntzen deialdi honi dagokion ekitaldian bertan edo aurreko bietan.

–“Nekazari gazteak” beren gain hasteko laguntza lortuta, bi baldintza hauek betetzen dituztenei: laguntza eskaera aurkezten duten egunean 41 urte beterik ez izatea eta beren gain hasteko prozesua bukatu zenetik hiru urteko epe barnean egotea. Ondorio horietarako, ulertuko da prozesu hori bukatu dela beren gain hasteko laguntzaren azken tarteko ordainketa onesten den egunean.

–“Nekazari gazteak” beren gain hasteko laguntza lortu gabe, laguntza eskaera aurkezten den egunean 41 urte bete ez dituztenak, lehentasunezko gisa katalogatutako nekazaritzako ustiategi baten titularrak direnak, hiru urte baino gutxiago iraganik nekazaritzaren arloko gizarte segurantzan afiliatu zirenetik.

Onuraduna pertsona juridikoa bada, eta, deskribatutako baldintzen arabera, bazkide guztiak gazteak badira, aurreko portzentajea aplikatuko da.

Onuraduna pertsona juridikoa baldin bada eta ustiategi baten titularra, eta hartan parte hartzen badute bazkide gisa aipatutako baldintzak betetzen dituzten gazteek, arestiko portzentajea aplikatuko da, gazteak kapital sozialean duen partaidetzaren proportzioan.

c) Lehentasunezko gisa sailkatutako nekazaritzako ustiategi baten titularrek egindako inbertsioak, edo Nafarroako kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65.1.a) artikuluan agertzen diren nekazaritzako kooperatibak badira: %10.

d) Inbertsioak goi mendialdean, mendialdean edo, goi mendialdeak edo mendialdeak izan gabe, muga natural garrantzitsuak dituzten eskualdeetan dauden lehentasunezko nekazaritzako ustiategietan gauzatzen badira: %5.

9. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek. Beraz, aurkezten diren eskaerak alderatuko dira haien hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera prestatzeko, honako balorazio irizpide hauek aplikatuz lortzen diren puntuen batuketa eginen da (gehienez ere 200 puntu lortzen ahalko dira):

a) Nekazari gazteen parte-hartzea: 45 puntura arte, irizpide hauei jarraikiz:

–Onuraduna pertsona fisikoa bada, nekazari gaztea, edo soilik nekazari gazteak dituen elkarte bat, aurreko 8. oinarriaren 4.b) puntuan jasotako errekerimenduekin bat: 45 puntu.

–Onuraduna pertsona juridikoa baldin bada, lehentasunezko ustiategi baten titularra dena, eta hartan 8. oinarriaren 4.b) puntuan aipatu baldintzak betetzen dituzten gazteek parte hartzen badute, nekazari gazteek kapital sozialean duten portzentajea 45 puntuko kopuruari aplikatzetik aterako diren puntuak aplikatuko dira.

b) Lehentasunezko ustiategiak eta titularraren baldintzak: 30 puntura arte, irizpide hauei jarraikiz:

–Onuraduna lehentasunezko nekazaritzako ustiategi baten titularra baldin bada, edo nekazari gaztea bada bere gain hasteko prozesuan eta horretarako laguntzen onuradun izan bada ekitaldi honetako deialdian edo aurreko bi deialdietan, edo nekazari gazteak soilik dituen elkarte bat, aurreko baldintzekin bat, ustiategia lehentasunezkotzat jotzen ez denean: 30 puntu.

–Baldin onuraduna bada ogibide nagusia nekazaritza duen pertsona fisiko bat, ustiategia ez izanik nekazaritzako lehentasunezkoa, edo 14/2006 Foru Legearen 65.1 a) edo c) artikuluko nekazaritzako kooperatiba bat, lehentasunezko ustiategi izaera izan gabe: 20 puntu.

–Baldin onuraduna bada nekazari profesional gisa sailkatutako pertsona fisiko bat, aurreko baldintzetako bat bera ere bete gabe: 10 puntu.

Balorazio irizpide horren ondorioetarako, eta oinarriko 4. puntuaren c) letran aurreikusitakoari dagokionez, aintzat hartuko dira ustiategiek eta horien titularrek laguntza eskaera egiten den egunean dituzten kalifikazioak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduarekin bat; haren bidez arautu zen Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorraren eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren arteko koordinazioa, eta ezarri ziren Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategien kalifikaziorako irizpideak; eta halaber, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 14ko 55/2019 Foru Aginduarekin bat; haren bidez onetsi ziren kudeaketa irizpideak Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan.

c) Kokapen geografikoa: inbertsioak gauzatzen badira mendialdean, goiko mendialdean, edo, mendialdea edo goiko mendialdea izan gabe, muga natural garrantzitsuak dituzten tokietan dauden ustiategietan: 20 puntu.

d) Ureztalur bihurtzeko jarduketak eta kontsumoen eraginkortasuna modernizazioan: 55 puntura arte, irizpide hauei jarraikiz:

–Azalera lagungarriaren %50, gutxienez, ureztalur bihurtzeko inbertsioei badagokie: 55 puntu.

–Ureztalurrak modernizatzeko inbertsioetan uraren %15eko aurrezpena (edo handiagoa) justifikatzen bada: 55 puntu.

e) Generoa: laguntza espedientearen onuradunak emakumeak badira edo, pertsona juridikoak izanik, haien gobernu organoen %30 gutxienez emakumeen esku badaude, edo sozietate zibilak non emakumeen esku baitaude gobernu organoen %30 gutxienez eta kapitalaren %30 gutxienez: 10 puntu.

f) Balio katean merkataritzako marjina hobetzea: baldin eskatzaileek aurkeztutako inbertsio planean badaude eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsio gisa laguntza jaso dezaketen jarduketak, lagungarriak direnak “Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko ureztapenetarako ez diren ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzen 7. oinarriaren 5. zenbakiaren f) letraren arabera, eta gutxienez 7.500 euroko inbertsio diruz lagungarria egiten badute: 5 puntu.

g) Inbertsio kolektiboak: baldin eskatzaileek aurkeztutako inbertsio planean badago inbertsio kolektibotzat jotako proiektu bat, bat etorriz “Ureztapenetarako ez diren inbertsioak Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietan” izeneko laguntzekin, haien 8. oinarriaren arabera: 5 puntu.

h) Ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpen metodoak: 10 puntura arte, baldintza hauen arabera:

–Ekoizpen ekologikoaren neurriaren barnean emandako laguntzarik baldin badute, 1305/2013 Erregelamenduaren 29. artikuluarekin bat, edo aldaketa aldia gaindituta, ustiategiaren nekazaritzako 0,5 lan unitate gutxienez badagozkio abeltzaintzako edo nekazaritzako ekoizpen ekologikoari: 10 puntu.

–Baldin nekazaritzako eta ingurumeneko neurriaren barnean emandako laguntzarik badute, 1305/2013 Erregelamenduaren 28. artikuluarekin bat, edo ustiategiaren 0,5 lan unitate gutxienez behi, ardi, ahuntz edo zaldi arraza autoktonoen abeltzaintza estentsiborako badira: 10 puntu.

–Aurreko gidoiaren ondorioetarako, arraza autoktonotzat hartuko dira hala jasota daudenak abuztuaren 29ko 309/2014 Foru Aginduan, hark aldatu baitzuen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 2003ko maiatzaren 26ko Foru Agindua, zeinak onesten baitzuen Nafarroako abere arraza autoktonoen katalogo ofiziala. Ondorio horietarako, ustiategiko animalien arraza hartuko da kontuan, Abeltzaintza Erregistroaren arabera.

i) Prestakuntza eta aholkularitza: onuradunak aholkularitzari buruzko neurrian parte hartzen badu Nafarroako Foru Komunitatean homologatutako edo aitortutako prestakuntza eta aholkularitza entitateen bitartez, bat etorriz 1305/2013 Erregelamenduaren 14. eta 15. artikuluekin, edo frogatzen badu ureztatzeko uraren erabilera, efizientzia eta kontsumoari buruz Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuko (INTIA) Ureztatzaileari Aholku Emateko Zerbitzuak emandako ikastaroetan izan dela: 5 puntu.

j) Kalitate araubideak: onuradunak bere ustiategian Nafarroan ezarritako kalitate-araubideek babestutako produktuak ekoizten eta/edo lantzen baditu, eta produktu horiek barne merkatuko informazio eta sustapen neurrietan jasotzen badira, 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 16. artikuluarekin bat, eta kalitate araubide horietan ekoizpen unitateak gutxienez nekazaritzako 0,5 lan unitate badira: 5 puntu.

k) Elkartea eta ekonomia sozialekoa izatea: 10 puntura arte, irizpide hauei jarraikiz:

–Entitate onuraduna lehentasunezko elkartea baldin bada, 13/2013 Legearen arabera, edo nekazaritzako kooperatiba bat, Nafarroako kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen 65. 1.a) eta c) artikuluaren arabera, edo elkarte-ustiategi bat, lehentasunezko nekazaritzako ustiategi gisa sailkatua, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean: 10 puntu.

–Baldin aurreko gidoian aipatutakoez bestelako nekazaritzako elkarte-ustiategia bada, edo Nafarroako kooperatibei buruzko 14/2006 Foru Legearen 65. 1.a) artikuluan jasotako nekazaritzako kooperatiba bateko bazkide diren pertsona fisikoak badira: 5 puntu.

3. Onuradunak adierazi beharko du, berariaz, zer balorazio irizpideren arabera eskatzen duen aplika dakiola aurreko baremoa. Eskaera hau erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean biltzen diren irizpideei dagokienez, edo, egoki denean, eskaerak aurkezteko epea bukatzeko egunari dagokionez, eta bete beharreko konpromisotzat inbertsio planean aurreikusitako ekintzei dagokienez, eta plan horrekin bat etorri beharko du.

4. Onuradunak eskatutako balorazio irizpideek ekarritako puntuak bakarrik emanen dira. Baldin betetzeko zenbait modu onartzen dituen irizpide bat ezarri bada, puntu gehien ematen dituen egoera hartuko da aintzat, baldin eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada, eskatutako puntuazioa inola ere gainditu gabe.

10. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Norgehiagokako araubideko tramitazioan, lehentasunak ezarriko dira eskaeren artean aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz, eta aipatu irizpideen arabera balorazio handiena lortzen duten eskaerei emanen zaie dirulaguntza, deialdian erabilgarri dagoen kredituak ezarritako muga gainditu gabe.

2. Espedienteen puntuazioan berdinketarik gertatzen bada, lehentasuna izanen dute, lehenbizi, aurreko oinarriaren a) atalean puntuazio handiena lortzen duten espedienteek, eta gero, aintzat hartuko da, hurrenez hurren, b), c), d), etab. ataletan lortzen den puntuazioa, zerrenda agortu arte. Berdinketak bere horretan segitzen badu, lehenetsiko dira lehentasunezko elkarte bateko bazkide diren pertsona fisikoak edo juridikoak, edo lehentasunezko elkarte bateko kide den entitate bateko bazkide direnak, eta, hala ere berdinketa hausten ez bada, gazteenak lehenetsiko dira, edo eratze data aintzat harturik berrienak direnak.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez 60 puntu lortzea balorazio irizpideak aplikatuta.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira dagokion ekitaldiko aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik onartu ezin diren guztiak.

11. oinarria.–Onuradunen konpromisoak eta betebeharrak.

1. Laguntzen onuradunek honako betebehar eta konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Inbertsio plana gauzatzea laguntzen deialdian adierazten den epean, galarazi gabe justifikatutako arrazoiengatik eman daitezkeen luzapenak. Luzapen horiek ez dira inoiz ere kasuko ekitaldiko azaroaren 1etik harago joanen.

Plana oso-osorik gauzatutzat emateko, 9.2. oinarrian aipatutako jarduketak bukatu beharko dira, baldin jarduketa horiei esker puntuak lortu badira hautapen irizpideak aplikatuz.

b) Inbertsio plana amaitzen den egunera arte mantentzea baldintza hauek: 4.1.c) oinarrian ezarritako “nekazari aktiboa”ren baldintza, eta 5.b) oinarriaren araberako ustiategi tamainaren baldintza, salbu eta beren gain hasteko prozesua bukatu ez duten nekazari gazteen kasuan, prozesu hori bukatzen denean eskatuko baitzaie haiei konpromiso hauek betetzea.

c) Jarduketak egitea eta mantentzea, kasua bada, eta betetzea uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusitako beharkizunak (haren bidez onesten da Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina), lehentasunezko ustiategiei dagokienez, baita ogibide nagusia nekazaritza izateari dagokionez ere, eta orobat betetzea nekazaritzako ustiategien modernizazioari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legean aurreikusitako beharkizunak, nekazari profesionala izateari dagokionez, kasua hori bada, baldin horiek balio izan badute zehazteko laguntzaren intentsitatea, 8. oinarriarekin bat, eta espedienteen lehentasuna, 9. oinarriarekin bat, inbertsioen plana bukatzeko egunera arte, betiere ordaindu aurretik, salbuespena izanik aurreko letran aurreikusitakoa, hasteko bidean diren nekazari gazteentzat.

d) Etorkizunean bete beharreko konpromisoei eustea bost urtez, 21. oinarriaren arabera, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpena ematen denetik aurrera, edo hiru urtez, baldin onuraduna bada enpresa txikia edo ertaina.

e) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan honako hauek frogatzea:

–Jasotako funtsak aplikatuta egindako gastuak eta ordainketak, eta

–Hartu diren funtsak laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, ezarrita dauden epe eta moduan.

f) Behar diren kontrolak onartzea, egiaztatzeko laguntza ongi eman dela, inbertsioa ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela.

g) Behar diren argibideak ematea ustiategiaren alderdi tekniko-ekonomikoez, lan arlokoez eta sozialez, baita neurri honen esparruan hartutako laguntzez ere, haien jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.

h) Dirulaguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, azkeneko ordainketan jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

i) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, pertsona onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeetan agindutako moduan.

j) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

k) Guztira 50.000 eurotik gorako laguntza publikoz hornitutako inbertsioak dakartzaten ekintzetarako, onuradunak paratu beharko du azalpen plaka bat, ereduaren araberakoa. Eredua eskura daiteke laguntzetarako izapideen katalogoan.

Plaka horretan agertuko da proiektuaren edo eragiketaren azalpena, eta plakaren % 25 hartuko du, gutxienez. Gainera, Europako ikurra agertuko da, Europar Batasunaren arau grafikoekin bat, eta, harekin batera, irakurgarri hau: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

l) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

m) Bidezko denean, inbertsioko ondasunak inskribatuko dira Nafarroako Foru Komunitateko behar diren erregistro ofizialetan, plana amaitu baino lehen.

n) Inbertsioek kalterik eragin badezakete ingurumenean, eskatzaileak arduratu beharko du inbertsio horiek 7.2 oinarrian aurreikusitako baimena izateaz. Laguntza emateak ez dakar berekin inola ere inbertsioek baimen hori izatea.

ñ) Enpresa deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16an 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Eginbehar hau ez betetzeak aipatutako foru legean aurreikusten diren itzultzeak ekarriko ditu.

o) Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematika bidez, ebazpen honetako ebazpen zatiaren 3. puntuan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Aitorpen hori kasu guztietan aurkeztuko da, bai onuradunak gardentasun betebeharra badu (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai halako betebeharrik ez badu ere (kasu horretan, egoera hori azalduko da adierazpenean).

2. Baldin laguntza eskaera aurkezten bada “Laguntzak, ureztatze ekipamenduetarako inbertsioak egiteko, Nafarroako Ubidearen jarduketa eremuko nekazaritzako ustiategietarako” izeneko laguntzetarako, horrek berekin ekarriko du oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

3. Ulertuko da bete direla “lehentasunezko nekazaritzako ustiategi”, “ogibide nagusia nekazaritza duena”, edo “nekazari profesionala” izateko baldintzak, baldin eta ebazpen batek onesten badu nekazaritzako ustiategien titularrak eta/edo nekazaritzako ustiategietako bazkideak direla ogibide nagusia nekazaritza duena, nekazari profesionala, edo nekazaritzako profesionala, eta nekazaritzako ustiategiak hala sailkatu badira bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 20ko 111/2015 Foru Aginduarekin (foru agindu horren bidez arautzen da Nekazaritzako Ekoizpenaren Erregistro Orokorraren eta Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren arteko koordinazioa, eta halaber, irizpideak ezartzen dira Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatutako nekazaritzako ustiategiak kalifikatzeko). Hori dena inbertsioak gauzatzeko epea bukatzen den urteari dagokionez. Aurrekoa alde batera utzi gabe, organo kudeatzaileak baiesten ahalko du konpromiso horiek betetzen direla, Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroak (REAN) egindako txostenaren bidez, non jasoko baita katalogazio horretarako baldintzak betetzen direla.

12. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazioa.

1. Helburu horretarako ezarri den atzemate programaren bidez aurkeztuko dira laguntza eskaerak. Programa onuradunen eskura dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren izapideen katalogoan (www.nafarroa.eus).

2. Programa hori erabiltzeko, onuraduna egiaz bera dela egiaztatu behar da, sinadura elektronikoaren edo NANaren/PINaren bidez. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 30eko 59/2019 Foru Aginduaren bidez, behar ziren oinarriak onetsi ziren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko.

3. Betebeharrak betetzen direla frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen IFZren edo IFKren fotokopia, eta, baldin Europar Batasunetik kanpoko lurralde bateko nazionalitatea duten pertsona fisikoak badira, egoitza-baimen iraunkorraren fotokopia.

b) Ingurumen baimenak edo haien eskaerak, sozietateen eraketa eskriturak, aurrekontuak edo proformako fakturak, eta oinarri arautzaile hauen aplikazioak eragindako guztiak, laguntzaren tramiteen katalogoan eskuratzen ahalko den zerrendaren arabera.

4. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.

13. oinarria. Kostuen moderazioa.

1. Batzordearen 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eskatzen du egiazta dadila proposatutako kostuak moderatuak direla, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten du. Ondorio horietarako, inbertsio planean kostuen moderazioaren printzipioa aplikatu dela bermatzeko, instrukzio organoak sistema hauek erabiliko ditu:

a) II. eranskinean agertzen diren moduluak (“Inbertsio moduluak”) aplikatzea laguntzen xede diren inbertsioei, haien kostuaren frogagiria aurkeztu ondoren (memoria baloratua, proformako faktura, aurrekontua...).

b) “Inbertsio moduluak” izeneko II. eranskinean aipatzen ez diren inbertsio eta gastuetarako, eskabidearekin batera eskatzaileak aurkeztutako hiru aurrekontu edo proformako fakturen artean aukeratuko da.

Egiazko enpresa hornitzaile independenteenak izanen dira eskaintzak, eta alderatzeko behar bezain zehatzak izanen dira. Nolanahi ere, ez da beharrezkoa izanen hiru eskaintzak aurkeztea, baldin justifikatzen badu merkatuan ez daudela behar adina entitate hornitzaile edo emaile, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarri bereziengatik. Salbuespen hori behar bezain justifikatua egonen da inbertsio planean.

c) Aurreko kasuetan sartzen ez diren inbertsioak badira, Balorazio Batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde hori osatuko dute kudeaketa atalaren arduradunak eta profil teknikoa duten hango bi pertsonak, eta aurkeztutako aurrekontuaren aldeko txostena eman beharko dute, edo, bestela, aurrekontu alternatibo bat aurkeztu.

Batzorde horren erabakia justifikatuko da, orobat, ondasunaren prezioak egiaztatuz onuradunari dagokion jarduketa-merkatu logiko batean.

2. Aurrekontu diruz lagungarria kalkulatzeko, hartuko dira onuradunak aurkezturiko aurrekontua eta ebaluazioaren ondoriozkoa, eta bietan txikiena hartuko da aintzat.

3. Kostuen moderazioari buruzko egiaztatze kontrolak laguntza esleitu aurretik eginen dira, laguntza eskaeran oinarrituta, eta ordainketa egin aurretik, oinarritzat hartuta onuradunak aurkeztutako ordainketa-eskaera. Egiaztatze kontrolak eginen dira, orobat, onuradunak aldaketak egitea eskatzen duenean.

4. Kostuen moderazioa zuzen aplikatzeko, entitate onuradunak behar diren agiriak erantsiko dizkio (proformako fakturak, aurrekontuak, etab.) inbertsio planari, legez eska daitekeen informazio guztiarekin eta agiria igorri duenaren identifikazio datuei buruzko informazio fidagarriarekin, eta, orobat, zehatz-mehatz azalduko dira entregatu beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak, lan egiteko gaitasunak, tamaina eta abar.

5. Azkenean onuradunak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien kostuak ez dira diruz lagungarritzat joko.

14. oinarria. Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa dagokio Nekazaritzako Ustiategiak eta Nekazarien Elkarteak Sustatzeko Atalari; atal hori atxikia dago Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuari.

15. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

2. Eskaera osorik dela, egiaztatuko da eskatzen diren baldintzak betetzen dituela, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntzaren eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.

4. Instrukzioaren prozeduran zehar, unitate erantzuleak eska dezake aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa argitzea. Behar izanez gero, gehienez 15 egun naturaleko epean zuzendu ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio ezen hala egiten ez badu agiriak bere horretan daudela instruituko dela espedientea.

5. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, inbertsio diruz lagungarrien aurrekontua eta aplikatzekoak diren mugak, baremoak eta moduluak hartuko dira kontuan, oinarri arautzaile hauen arabera.

6. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

7. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipenaren espedientean jaso beharko da pertsona onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak eskuratzeko baldintza guztiak.

16. oinarria. Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak esleitzeari buruzko ebazpena emanen du. Ahal bada, ekitaldi bakoitzean gazteak beren gain hasteko laguntzen deialdia egin ondoren emanen da ebazpena, behar bezala aplikatu ahal izateko laguntzaren intentsitatea zehazteko eta eskaerak baloratzeko irizpideak (8. eta 9. oinarrietan ezarriak).

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean azalduko da dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa, baldintzak eta, orobat, onuradunak bete behar dituen konpromisoak.

5. Gainera, laguntza esleitzeko jakinarazpenean onuradunei adieraziko zaie neurri honek izan duela Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren babespeko dirulaguntza, besteak beste Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) finantzazioarekin, honako neurri honetan: “Inbertsioak nekazaritzako ustiategietako aktibo fisikoetan”, “Ustiategien bideragarritasuna hobetzeko”.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin berariazko ebazpenik eman ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epea bukatzean, edo deialdiak ezarritako epean.

7. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka onuradunak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita, ebazpena espresua izanez gero, edo isiltasun administratiboz ezetsi dela ulertzen denetik aurrera, ustezko ezespena izanez gero.

17. oinarria. Inbertsio plana aldatzea.

1. Bidezko arrazoiengatik onuradunak beharrezkotzat jotzen badu aldaketak egitea hasiera batean onetsitako inbertsio planean, aldatzeko eskaera bat aurkeztu beharko du. Ondasun eta/edo konpromiso berriak hartu aurretik aurkeztuko da eskaera hori, eta, betiere, inbertsioak bukatzeko epea bukatu baino sei hilabete lehenago.

2. Proposatutako aldaketa behar bezainbat arrazoitu eta justifikatu beharko da, eta honako hauek bermatu beharko dira:

–Inbertsio plan berriaren bideragarritasuna.

–Ez dela urratzen eskaeren hurrenkerako emaitza ekarri zuten balorazio irizpideen aplikazioa.

3. Aldaketa horiek nabarmen gisa sailkatuko dira honako kasu hauetan:

a) Baldin ustiategiko ekoizpenaren ildoa aldatzen bada, sektore, labore mota edo abere espeziearen arabera.

b) Baldin ustiategiko ekoizpenerako baliabideak, laborantzarako hektareak edo abelburuak %30 baino gehiago gehitu edo kentzen badira, aurreikusitakoekin alderatuta, inbertsio plana aplikatu ondoan.

c) Baldin obra zibileko, makineriako edo ekipamenduko elementuak laguntzen ahal den inbertsio osoaren %30 baino gehiago gehitu edo kentzen badira, elementu bakoitzean, eta aldaketa 15.000 euro baino gehiagokoa bada.

4. Inbertsio planaren aldaketa nabarmen bakarra aurkeztea onartuko da.

5. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketak onestea. Onespen horrekin ere, hasiera batean onarturiko laguntzak ez dira handituko.

–Aldaketak nabarmenak badira, kostuak apaltzeko prozedurarako modulu berriak aplikatzea badakarte eta/edo emandako laguntza murrizten bada, inbertsio plan berria ebazpen bidez onetsi beharko da, hasierako planak agertzen zituen irizpide tekniko-ekonomikoei eta kostuak apaltzeko irizpideei jarraikiz.

–Aurreko paragrafoan aipatu gabeko aldaketak badira, azken ordainketaren unean eginen da behar den doikuntza, bai inbertsioetan bai esleitutako laguntzan.

6. Kudeaketa organoak lagungarritzat jo ditzake epean jakinarazten ez diren aldaketak, baldin betetzen badituzte oinarri honen 2. apartatuan ezarritakoa eta 13. oinarriaren araberako kostuen moderazioa. Bidezkotzat jotzen dituen frogagiriak eskatzen ahalko dizkio onuradunari, galarazi gabe 20. oinarrian ezarritako murrizketak.

Ondorio horietarako, baldin aurreikusitako inbertsioak egiten ez badira, edo osorik egiten ez badira eta horiek aldaketa nabarmentzat jo badaitezke, komunikatu gabeko aldaketatzat hartuko dira.

18. oinarria. Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala badagokio, dirulaguntza eman den ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan duen dedikazio mota.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenez gain, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

19. oinarria. Ordainketa eskaera.

1. Laguntzak jaso ahal izateko, onuradunak ordainketa eskaera aurkeztu beharko du Nafarroako Gobernuaren web-orriko izapideen katalogoan eskura dagoen atzemate programaren bidez. Ordainketa eskaera zehaztu diren egunen aurretik aurkeztu ezean, laguntzak galdu eginen dira.

2. Ordainketa eskaerarekin batera, onuradunak inbertsioen bukaeraren berri eman beharko du, baita justifikatu ere horiek nola bete diren eta ordainketak nola gauzatu diren laguntzaren xede ziren kontzeptuengatik; horretarako, aurkeztuko dira behar diren fakturak edo frogagiri baliokideak eta gastu eta inbertsio diruz lagungarri guztien ordainagiriak.

20. oinarria. Laguntzen ordainketa.

1. Dirulaguntzak ordainduko dira horiek ematea eragin zuen jarduera burutu dela egiaztatu ondoren, eta laguntzaren onuradunak aurreko oinarrian ezarritako gardentasunaren gaineko informazio betebeharra bete duenean.

Laguntzen ordainketa deialdian aurreikusitako aurrekontu ekitaldiaren kargura eginen da.

2. Onuradunak proposaturiko inbertsio plana gauzatzeko epea 2023ko uztailaren 1ean bukatuko da.

2023ko uztailaren 1ean amaituko da ordainketa eskaera aurkezteko epea, eta, horrekin batera, fakturak, ordainagiriak, baimenak, erregistroak eta aurkeztu behar diren gainerako agiriak. Dokumentazioa zuzentzeko epea ematen ahalko da, beharrezkoa izanez gero. Kasu horretan, ez dira onartuko 2023ko uztailaren 1etik aurrerako fakturak edo ordainagiriak.

Epeak horiek izanen dira, ezertan galarazi gabe arrazoi justifikatuengatik eskatzen eta ematen ahal diren luzapenak, baldin eta luzapen horien iraupena, gehienez, 2023ko abuztuaren 1era artekoa bada eta eskatu badira inbertsio plana amaitzeko hiru hilabeteko epea baino lehen. Luzapena onartzen bada, amaiera data berriari aplikatuko zaio aurreko paragrafoan ezarritakoa, fakturei, ordainagiriei eta zuzentzeko epeari dagokienez.

Oro har, dirulaguntzak onartzea eragin zuen jarduera gauzatu dela egiaztatu ondotik ordainduko dira dirulaguntzok. Horri dagokionez, ez da ulertuko jarduera gauzatua dagoela frogatu denik harik eta instrukzio organoak inbertsio plana bukatu dela frogatu eta ordainagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera. Kontrol horien barnean, bisitak egiten ahalko dira ustiategietara, egiaztatzeko inbertsioak bukatu direla eta zuzen gauzatu, edo egiaztatzeko instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi.

Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan kontsultatzen ahal diren parametroak zehazteko, onetsitako azken katalogazioaren araberako datuak erabiliko dira.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, hurrengo oinarrian aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira.

21. oinarria. Murrizketak eta bazterketak baremoa ezartzeko irizpideetan, laguntzetan eta ordainketetan.

1. Inbertsio plana 11.1.a) oinarrian adierazitako epean bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galdu eginen da.

2. 11.1.b) oinarrian jasotako konpromisoa (nekazari aktiboarena eta ustiategiaren neurriarena) ez bada betetzen azkeneko ordainketaren aurretik, laguntzak galdu eginen dira, salbu ebazpen honen 4.1.e) oinarriko kasua gertatzen bada; hala izanez gero, laguntza ez da ordainduko harik eta onuradunak organo kudeatzaileari adierazten dion arte Gizarte Segurantzarekiko zorrak eguneratuak eta zerga guztiak pagatuak dituela.

3. 11.1.e) oinarrian jasotako konpromisoa (gastuen justifikazioarena) edo 11.1.f) oinarrikoa (kontrolen onarpenarena) betetzen ez bada, laguntza osoa galduko da.

11.1.g) oinarrian jasotako konpromisoa (informazioa ematearena), 11.1.h) oinarrikoa (beste laguntza batzuen jakinarazpenarena), 11.1.i) oinarrikoa (kontabilitatearena) edo 11.1.m) oinarrikoa (erregistroetako inskripzioarena) betetzen ez bada, konpromisoari zuzenean lotutako laguntza galduko da. 11.1.j) oinarrian jasotako konpromisoa (agiriak gordetzearena) edo 11.1.k) oinarrikoa (azalpen plakak jartzearena) betetzen ez bada, laguntzaren %50 galduko da.

4. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada ez direla bete eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, laguntza guztia galduko da, salbu beren gain hasteko prozesua bukatu ez duten nekazari gazteen kasuan; haien kasuan, prozesu hori bukatutakoan egin daiteke egiaztapen hori.

Ondorio horietarako, baremazio irizpideak, dagozkionak onuradunak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako beste neurri batzuetan parte hartzeari, ulertuko da bete direla baldin eta onuradunak, enpresa planaren bukaeran, frogatzen badu kasuko laguntzetatik kanpo gelditu dela deialdirako aurrekontu nahikorik ez egoteagatik.

5. Baldin eta, behin inbertsio plana gauzaturik, gauzatutako inbertsio diruz lagungarria onetsitakoaren %70 baino txikiagoa bada, egiaz gauzatutako inbertsioari egokituko zaio ordaintzen den zenbatekoa, eta %10eko penalizazioa izanen du, doikuntza egin ondoko laguntzaren gain kalkulatuta, baldin Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste badu oraindik ere baliozkoak direla gauzatutako planak, bai teknikoki bai ekonomikoki.

6. Baldin eskaeretako aldaketak komunikatzeko betebeharra betetzen ez bada (17.1 oinarrian ezarria), eta oinarri horren 6. puntua aplikatu behar bada ere, ordainketa doituko da benetan gauzatu den inbertsioaren arabera, baina %10eko penalizazioa aplikatuta doikuntzaren ondoriozko laguntzaren gainean.

7. Ordainketa eskaerari dagokionez, murrizketa hau aplikatuko da:

Baldin ordainketa eskaeran adierazitako laguntzaren zenbatekoa bada, eskaera horren onargarritasun azterketa egin ondoren, ordaindu beharreko zenbatekoa baino %10 handiagoa, ordaintzeko zehaztutako zenbatekoa beste horrenbeste gutxituko da.

Hala ere, ez da batere murrizketarik eginen baldin onuradunak frogatzen badu ez dela erantzulea diruz lagungarri ez den zenbateko hori sartu izanarena.

8. Ez da murrizketarik eta bazterketarik aplikatuko baldin eta entitate onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketa horiek, hurrengo oinarriaren 3. puntuaren arabera, edo baldin aurkezten baditu gerora sortutako eta pertsona onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak.

9. Egiaztatzen bada onuradunak nahita egin duela gezurrezko adierazpen bat, emandako laguntzak bertan behera utziko dira, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

Aurreko paragraforaren ondorioetarako, proformako faktura edo aurrekontu faltsuak aurkeztea nahita egindako gezurrezko adierazpentzat hartuko da.

10. Frogatzen bada onuradunak baldintza artifizialak sortu dituela laguntza jaso ahal izateko, 1306/2013 Erregelamenduaren 60. artikulua aplikatuz laguntzetatik kanpo geldituko da, eta, bidezkoa bada, laguntzengatik jasotako zenbateko guztiak itzuli beharko ditu.

22. oinarria. Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Gerora bete beharreko konpromisoak dira onuradunak bere gain hartu dituenak, bost urtez horiei eusteko baldintzarekin, edo hiru urtez, Enpresa Txiki eta Ertainen kasuan, azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik aurrera.

2. Hauek hartuko dira gerora bete beharreko konpromisotzat, oro har, era guztietako espediente eta onuradunentzat:

–Ekoizte jarduera mantentzea, eta bere kokapenak programaren eremuan jarraitzea.

–Azpiegiturako eta/edo inbertsioko elementuen jabetza mantentzea.

–Eragiketaren helburuak, izaera eta gauzatzeko baldintzak mantentzea, funtsezko aldaketarik gabe eta jatorrizko helburuak kaltetu gabe.

–Beren gain hasteko prozesuan ari diren gazteen kasuan, prozesu hori bukatzen denean betebehar hauek betetzea, eta oinarri honen 1. apartatuan ezarritako epeetan mantentzea: nekazari aktiboarena, ustiategiaren neurriarena eta laguntzaren intentsitatea zehazteko eta espedienteak lehenesteko erabili diren kalifikazioena. 11.1.b) eta c) oinarrian ezartzen dira betebehar hauek.

Konpromiso hori ez zaie aplikatuko finantza tresnek egin edo jasotako ekarpenei, ezta bestelako eragiketei ere, baldin ekoizpen jarduera bertan behera uzten bada iruzurrezkoa ez den porrotarengatik.

Ez zaie orobat aplikatuko inbertsiorako laguntzen onuradun diren pertsona fisikoei, baldin eta behin inbertsio eragiketa bukatu ondoan, laguntza bat hautatzen eta eskuratzen ahal badute Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1309/2013 Erregelamenduaren arabera, kasuan kasuko inbertsioa zuzenean loturik baldin badago Globalizaziora Egokitzeko Europako Funtsaren laguntzaren bidez diruz laguntzen ahal den jarduera gisa identifikaturiko jarduera motari.

3. Honako hauek izanen dira gerora bete beharreko konpromisoak, laguntzaren intentsitateari lotuak:

a) Lehentasunezko nekazaritzako ustiategiaren izaera edo, hala bada, nekazaritzako kooperatibarena mantentzea.

b) Ustiategiaren kokapena mantentzea mendialdean, goiko mendialdean, edo, mendialde nahiz goi mendialde izan gabe, muga natural garrantzitsuak dituzten tokietan.

4. Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira 9. oinarriaren araberako balorazio irizpideei lotuak:

a) Titularraren eta ustiategiaren baldintzei eustea, 2.b) puntuaren arabera; edo kalifikazio horiek lortzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzak betetzea, neurriei, unitateko lan errentari eta nekazaritzaren arloko gizarte segurantzari buruzkoak.

b) Ustiategiaren kokapen geografikoari eustea, 2.c) puntuaren arabera.

c) Pertsona juridikoen kasuan, gobernu organoetan kideen %30 emakumeak izaten jarraitzea eta kapital sozialaren %30, gutxienez, emakumeen esku egotea, 2.e) puntuaren arabera.

d) Ustiategiko produktuak eraldatzeko edo merkaturatzeko inbertsioak mantentzea, 2.f) puntuaren arabera.

e) Ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpen metodoak mantentzea, 2.h) puntuaren arabera.

f) Prestakuntza eta aholkularitza neurrietan parte hartzen segitzea, 2.i) puntuaren arabera.

g) Kalitate araubideen babespeko produktuak ekoizten eta/edo prestatzen jarraitzea, 2.j) puntuaren arabera.

h) Onuradunak elkarte-entitate edo kooperatiba bateko bazkide izaten jarraitzea, 2.k) puntuaren arabera.

5. Ulertzen da pertsona onuradunak hartutako konpromisoa dela aurreko 2. puntuko konpromisoa. 3. eta 4. puntuetako konpromisoak automatikoki hartu direla ulertuko da baldin eta laguntza eskaeran zehazki sartu badira, laguntzaren intentsitatea handitzeko edo eskaeren hurrenkerarako balorazio irizpideetan parte hartzeko, eta laguntza onartzeko eta/edo ordaintzeko unean balidatu badira.

23. oinarria. Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

1. Oinarri arautzaile hauetan azaldutako gerorako konpromisoak betetzen ez badira, laguntzak itzuli beharko dira osoki edo partez, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.

2. Konpromiso horien ez-betetzeak mailakatu eginen dira, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutze-interesak ere.

a) Egiaztatzen bada 21.2 oinarria ez dela bete, ezarritako salbuespenak kenduta, ondorio hauek izanen dira:

i) Ekoizpen jarduera bertan behera uzten bada, edo programatik kanpoko beste toki batera eramaten: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

Honi dagokionez, ez da ulertuko jarduera bertan behera utzi dela baldin pertsona fisikoa den onuradun batek, azken ordainketaren ebazpenaren ondoan, erabakitzen badu nortasun juridikoa duen entitate bat sortzea edo halako batean sartzea bere ustiategia osorik edo hein batean jarriz, baldin eta entitate horren kapital sozialean onuradunak duen partaidetza bada lehen berak zuenaren adinakoa edo handiagoa. Betiere, entitate hartzaileak sailkaturik egon behar du lehentasunezko nekazaritzako ustiategi gisa, eta subrogatu behar du etorkizunean bete beharreko konpromisoei eusteari dagokionez.

Orobat, ulertuko da jarduerari eusten zaiola, onuradunak erretiroa hartzen duelarik, baldin ustiategia beste ustiategi bati eskualdatzen bazaio, eta hura lehentasuneko gisa sailkaturik badago eskualdaketa baino lehenago, edo bere gain hasten ari den gazte bati, eta hark hartzen baditu gazteak beren gain hasteko laguntzetan ezarritako konpromisoak, baldin titular berria subrogatzen bada etorkizunean bete beharreko konpromisoei eusteari dagokionez.

ii) Diruz lagunduriko inbertsioen jabea aldatzen bada, eta onuraduna ez bada jada ondasunaren erabiltzaile bakarra, salmenta, lagapen, alokatze edo antzeko beste sistema baten ondorioz: ondasun horrengatik jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

iii) Funtsezko aldaketa bat gertatzen bada, eragiketaren izaera, helburuak edo gauzatzeko baldintzak ukitzen dituena, eta horrek jatorrizko helburuei kalte egiten badie: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da. Funtsezko aldaketatzat hartuko da baldin azkeneko ordainketaren unean zeuden Europako dimentsio unitateen %40 baino gehiago murrizten badira.

iv) Beren gain hasten ari diren gazteen kasuan, nekazari aktiboaren izaeraren betebeharra edo ustiategiaren gutxieneko neurriarena betetzen ez bada: jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da.

b) Titularraren eta ustiategiaren baldintzak betetzen jarraitzea:

i) Egiaztatzen bada lehentasunezko ustiategi izaera edo titularrarena galdu dela konpromisoko lehenbiziko urtean, jasotako laguntzaren %50 itzuliko da, bigarren urtean %30, eta hirugarrenean %15.

ii) Konpromiso hau ez da hartuko bete gabetzat baldin ustiategiak ez badu bere dimentsioa murrizten Europako dimentsio unitateen %40 baino gehiago.

c) Ustiategien kokapen geografikoari eustea. Mendialdean edo, mendialdea edo goi mendialdea izan gabe, muga natural garrantzitsuak dituen toki batean dagoen ustiategia izatearen konpromisoa galtzen bada lehenbiziko urtean, jasotako laguntzaren %50 itzuliko da, bigarren urtean %30 eta hirugarrenean %15. Konpromiso hau ez da hartuko bete gabetzat baldin ustiategiak guztira duen azalerak jarraitzen badu mendialdean edo, mendialdea edo goi mendialdea izan gabe ere, muga natural garrantzitsuak dituen toki batean.

d) Egiaztatzen bada ez dela bete, pertsona juridikoen kasuan, gobernu organoetan kideen %30 emakume izateko konpromisoa, jasotako laguntzaren %20 galduko da, salbu ezinezkoa bada, materialki, konpromisoa betetzea.

e) Ez bada betetzen ekoizpena ingurumena gehiago errespetatzen duten metodoen bidez gauzatzen jarraitzeko konpromisoa, jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

f) Ez bada betetzen prestakuntza eta aholkularitza neurrietan parte hartzen jarraitzeko konpromisoa, jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

g) Ez bada betetzen kalitate araubideek babestutako produktuak ekoizten eta/edo lantzen jarraitzeko konpromisoa, jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

h) Ez bada betetzen elkartea eta/edo horietako bateko bazkidea izaten jarraitzeko konpromisoa, jasotako laguntzaren %30 itzuli beharko da lehenbiziko urtean, %20 bigarren urtean eta %10 hirugarrenean.

3. Ezinbesteko kasu edo salbuespenezko inguruabar hauek gertatzen direnean ez da ulertuko bete gabe gelditu direla aurreko ataletan aipatzen diren konpromisoak:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

f) Ustiapena edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eskaera aurkeztu zuenean ezin bazen aurreikusi. Ustiategiaren zati handi bat dela ulertuko da baldin Europako Dimentsio Unitateen %40 baino gehiago murrizten bada.

d) Hondamendi natural larria, ustiategiko lurrak eta/edo instalazioak asko ukitzen dituena.

e) Ustiategiko eraikinen eta/edo instalazioen suntsipena, istripuz.

f) Epizootia edo landareen gaitza, kaltetu dituena onuradunen azienda edo labore guztiak edo zati bat.

4. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epean, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

24. oinarria. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Laguntza hauen pertsona onuradunek ezin izanen dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu, salbu eta hala aurreikusten bada Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2014-2020 Programan.

Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, dirulaguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa, ezta ezarritako intentsitate gordinak baino handiagoa ere.

25. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Oinarri arautzaile hauen esparruan emandako laguntzen publizitateak jarraituko die kasuan-kasuan aplikatu beharreko Europar Batasuneko arauei, baita haiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

II. ERANSKINA

Inbertsio moduluak

FINKAK HOBETZEA

1.–Hustubide berriak (erauzketa, lurrak zabaltzea edo karga eta garraioa)

euro/m³

1,5

–euro/metro lineala

3

2.–Ubideak garbitzea/m³ (erauzketa, lurrak zabaltzea edo karga eta garraioa)

euro/m³

1,25

–euro/metro lineala

2,5

3.–Lur erauzketa eta tarte aldakorretarako garraioa, buldozer bidezkoa/m³:

0,68

4.–Lur erauzketa pala kargatzailearekin, eta kamioian garraiatzea, finkaren barnean/m³

1,70

5.–Lur erauzketa beldar-traktorearekin, eta are-makina motordunean garraiatzea, finkaren barnean / m³ lur

1,25

6.–Nibelazioa edo landare geruza kentzea are-makina motordunarekin, finkaren barnean / m³ lur

0,85

7.–Arroka erauzketa, baita karga eta garraioa edo lurperatzea ere/m³

22

8.–Zangak, putzuak etab. hustea/m³

13

9.–Material solteak kargatzea eta finkatik kanpo garraiatzea/m³

2

10.–Drainatzeak

10.1. Geotestila drainatzeetarako euro/ml

1

10.2. Hodi eta legarrez drainatzea euro/ml

8

10.3. Legar edo hodiz drainatzea euro/ml

6

10.4. Drainatzea hodi bikoitzarekin, gehikuntza metro linealeko

5

11.–PVCko lurpeko hodia, finkan noizean behin sartutako ura ateratzeko, euro/ml

16

12.–Luberritzeak eta sasi-garbitzeak

12.1. Lur ez sasitsua/ha

500

12.2. Lur sasitsua/ha

1.070

12.3. Sasi-garbitzea, % 50etik beherako sastraka dagoela (hektareako)

230

12.4. Sasi-garbitzea, % 50etik gorako sastraka dagoela (hektareako)

440

UREZTAPENAK ORO HAR

1.–Naturaz irazgaitzak diren ureztatze putzuak, ur harguneak, hustubideak, drainatzea, honako hauek barne: zangak irekitzea, betelanak eta ezpondak egitea, inguruko hesitura, erabat funtzionalak eta bukatuak/edukiera (m³).

11

2.–Irazgaizteko xafla elastikoko ureztatze putzuak, xafla geotestila, ur harguneak, hustubideak, drainatzea, honako hauek barne: zangak irekitzea, betelanak eta ezpondatzea, inguruko hesitura, hainbat hormigoiztatze, hondoko hargunea, erabat funtzionalak eta bukatuak/edukiera (m³).

16

3.–Ura hartzeko azaleko putzua, honako hauek barne: hartxintxarra, hormigoizko eraztunak (gehienez 2 metroko diametrokoak) eta estalkia/metroa (sakon).

255

4.–Ureztapeneko etxola, zolata barne/m²

600

5.–Telekontrola (unit.)

1.500

6.–Iragazte tresnak, proformako fakturen bidezkoak

7.–Motoponpa, proformako fakturen bidezkoa

LURZATIKO EKIPAMENDUA NEKAZARITZAKO INTERES PRIBATUKO UREZTAPEN INSTALAZIOETARAKO

1.1. Aspertsiozko ureztapena, lurpeko estaldura osokoa (euroak/ha)

–Azaleko instalazioak < 2 hektarea

4.200

–Azaleko instalazioak >= 2 hektarea eta < 5,5 hektarea

3.700

–Azaleko instalazioak >= 5,5 hektarea eta < 10 hektarea

3.300

–Azaleko instalazioak >= 10 hektarea

3.000

1.2. Aspertsiozko ureztapena, azaleko estaldurakoa/ha

2.600

2.–Tantakako ureztapena (euro/ha).

2.400

3.–150 metro baino gutxiagoko erradioa duen edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzen duen pibotaren bidezko ureztaketa. (Hektareako). Lurpeko estaldura osoko aspertsiozko ureztapenaren modulua aplikatuko da, lurzatiaren azalerari dagokiona.

4.–Pibotaren bidezko ureztapena, 150 metroko erradioa edo handiagoa duenean eta 7 ha baino gehiagoko azalera ureztatzen duenean. (Pibotaren metro linealeko).

200

5.–Ureztapen mistoa, pibot eta aspertsio bidezkoa, izkinetako sistema lurperatua duena:

5.1. Pibota, 150 metroko erradioa baino txikiagoa duena edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzekoa eta estaldura osokoa. (Hektareako). Lurpeko estaldura osoko aspertsiozko ureztapenaren modulua aplikatuko da, lurzatiaren azalerari dagokiona.

5.2. Pibota, 150 metroko erradioa edo handiagoa duena eta 7 ha baino gehiagoko azalera ureztatzekoa eta estaldura osokoa (a+b)

a) Pibotak ureztatutako azalerako. (Pibotaren metro linealeko)

200

b) Izkinetako estalduraren bidez ureztatutako azalera, a+b lurzatiaren azaleraren adinakoa edo txikiagoa izanda. (Hektareako)

4.700

5.3. Zenbait pibot: azalera osoa 2 pibotez edo gehiagoz estaltzen bada, aurrekontu diruz lagungarria kalkulatzeko erabilgarri den erradioa izanen da 150 metro lineal baino erradio handiagoa duten piboten erradioen batuketa, betiere horietariko bakoitzak 7 ha baino gehiago ureztatzen baditu. Piboten erradioa 150 metro lineal baino gutxiagokoa bada edo 7 ha baino gutxiagoko azalera ureztatzen badute, haien azalerari 3. ataleko kopurua aplikatuko zaio. Izkinetako gainerako azalerari 5.2.b ataleko kopurua aplikatuko zaio

Aurrekoen konbinazioak.

6.–Ureztapena alboko aitzinamenduaren bidez

6.1. Aplikatuko dira 3., 4. edo 5. apartatuetako moduluak

6.2. 6.1 puntuaren arabera kalkulatutako aurrekontu babesgarria handituko da instalazio osagarrien eta makinaren kontrolaren kontzeptuagatik. (Makina bakoitzeko).

5.800

7.–Hipodromo bidezko ureztapena

7.1. Aplikatuko dira 3., 4. edo 5. apartatuetako moduluak

7.2. 7.1 puntuaren arabera kalkulatutako aurrekontu babesgarria handituko da instalazio osagarrien eta makinaren kontrolaren kontzeptuagatik. (Makina bakoitzeko).

10.300

ORDAINSARIAK

1.–Laguntzen eskabidearen tramitazioaren eta inbertsio-plana egitearen ordainsari teknikoak

600

2.–Memoria baloratuaren ordainsari teknikoak

600

3.–Proiektuaren ordainsari teknikoak: Egikaritze materialaren aurrekontuaren %.

% 5

4.–Obra zuzendaritzaren ordainsari teknikoak: Egikaritze materialaren aurrekontuaren %.

% 5

5.–Beste azterketa batzuen ordainsari teknikoak

600

F2106615

Iragarkiaren kodea: F2106615