133. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

412/2021 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena, 2021. urterako, abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan. DDBN identifikazioa: 560272.

241/2017 Foru Aginduaren bidez (241/2017 Foru Agindua, uztailaren 12koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana), abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko arauak onetsi ziren, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan.

Arau hau onetsi aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak adierazi zuen Nafarroako agintariek igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela, eta goian aipatutako arau proiektua erregistratu zuen, SA.48295 laguntza zenbakiarekin.

Abeltzaintza kanpainen esparruan animalien gaixotasunek eragindako kalteak konpontzeko laguntzak Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 26. Artikuluaren 9. puntuan xedatutakoaren araberakoak dira; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria aitortzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Kontuan harturik Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direla eta laguntzen araubide honen indarraldia 2020ko abenduaren 31ra artekoa dela, bat etorriz Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin, zeinaren bidez barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen baitira nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Aplikazio aldia gorabehera, kontuan harturik NPEa berritzeko legegintza prozedura ez dela bukatu, eta denbora pixka bat joan daitekeela esparru juridikoa onartu arte (horren ondoriozko ekintza eskuordetuak eta betearazleak barne), 2022ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko abenduaren 8ko 2020/2008 (EB) Erregelamenduaren indarraldia (erregelamendu horren bidez 702/2014 (EB) Erregelamendua aldatu zen, aplikazio aldiari dagokionez).

Nafarroako Foru Komunitateak, 2020ko abenduaren 31n iraungi ziren estatuko laguntzetarako tresna eta araubideak luzatu direla ikusirik, asmoa du 2021eko ekitaldian behar den deialdia egitea abeltzaintza kanpainen esparruan animalien gaixotasunek eragindako kalteak konpontzeko laguntzak emateko.

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, 2021. urterako, abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzak emateko, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan.

2. Onuradunak hitz ematen du ez duela enpresa deslokalizatuko, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16an 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onestea, esteka honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuta daude gardentasun betebeharra betetzera, baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, betiere gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

4. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

5. Ebazpen horren ondoriozko gastuen konpromisoei erantzuteko, 70.000 euroko gastua baimendu da, 2021eko Gastuen Aurrekontuko “Kalte-ordaina abereak epizootien ondorioz hil behar izateagatik, eta azienda mugitzeko debekuaren ondoriozko irabazi lortugabeagatik” izeneko 710004-71320-7700-412200 aurrekontuko partidaren kargura.

6. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 12ko 241/2016 Foru Aginduan aurreikusitako arauak aplikatuko dira deialdi honetan; izan ere, foru agindu horren bidez onetsi ziren abereen gaixotasunek eragindako kalteak ordaintzeko laguntzen arauak, abeltzaintzako saneamendu kanpainen esparruan.

7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

8. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko apirilaren 27an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2106935