133. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko maiatzaren 5ean hartua, Ana Burusco Juandeaburre andrea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate-Gizarte Fundazioko Patronatuko sortzetiko kide izendatzen duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Batzarrak 1996ko abenduaren 20an hartutako Erabakiaren bidez, Unibertsitate-Gizarte Fundazioa sortu eta haren estatutuak onetsi ziren.

Estatutuetan eta eraketa eskrituran jasotakoak zuzentzen dute haren jarduna, bai eta Patronatuko Batzarrak, horiek interpretatu eta garatzeko, modu askean ezartzen dituen xedapenetan jasotakoak ere. Araubide juridiko horretan jasota ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Berriaren 44. legetik 47.era bitartean xedatutakoa aplikatuko da.

Patronatuko Batzarrari, Zuzendaritza Batzordeari eta zuzendari kudeatzaileari dagokie fundazioa gobernatzea, zuzentzea eta administratzea, bakoitzak dauzkan eskumenen barruan.

Indarrean dauden estatutuetako 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, Patronatuko Batzarrak 14 kide izanen ditu: 6 sortzetikoak eta 8 hautapen bidezkoak.

11.a).5 artikuluan xedatuta dago sortzetiko kideen artean Nafarroako Gobernuak izendatutako ordezkari bat egonen dela. Bestalde, 13. artikuluak dio Patronatuko sortzetiko kideek izaera horri eutsiko diotela kargu horretan jarduten diren bitartean.

Nafarroako Gobernuko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria da unibertsitateen arloko eskumena duen organoa. Kontseilari horrek, bada, zera proposatu du: unibertsitatearen arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra –Ana Burusco Juandeaburre andrea, alegia– izendatzea Nafarroako Gobernuko ordezkari Unibertsitate-Gizarte Fundazioko Patronatuaren Batzarrean.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Unibertsitateko zuzendari nagusi Ana Burusco Juandeaburre andrea izendatzea Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren Patronatuko Batzarreko sortzetiko kide, Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa jardun dadin.

2. Erabaki hau igortzea Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari, eta interesdunari jakinaraztea.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2107699