132. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

52/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 25ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baita zein diren gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak departamentu honen eskumeneko esparruan, ikusirik 2021eko maiatzaren 27 eta 28rako iragarritako greba deialdia.

Hezkuntzako Departamentuko aldi baterako enplegatu publiko batzuek egun osoko grebarako deialdia egin dute 2021eko maiatzaren 27 eta 28rako; Hezkuntza Departamentuan aritzen diren langile guztiei egin zaie grebarako deia.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Era berean, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren, lanuzteetarako deialdiak direla-eta, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen ezinbesteko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Greba Batzordearen aurrean behar diren jarduketak eginik, beharrezkoa da gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehaztea.

Hezkuntza funtsezko zerbitzu publiko bat denez, beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihestearren, eta, orobat, ikastetxe publikoen funtzionamendua bermatzea. Hori guztia, kontuan harturik, gainera, Konstituzioaren arabera, langile eta enplegatu publiko guztiek dutela greba egiteko edo ez egiteko eskubidea.

Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak, 1. eta 5. apartatuetan, aitortzen du gizabanako guztien hezkuntza eskubidea, eta botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela ezartzen du; halaber, 4. apartatuan adierazten du oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa dela.

Kontuan hartuta ikasleek unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetara joateko eskubidea dutela –eta, batzuetan, betebeharra ere bai–, Hezkuntza Departamentuak behar bezalako arreta bermatu behar die 2021eko maiatzaren 27 eta 28an ikastetxeetara doazen ikasleei (gehienbat, adingabeak dira). Era berean, greban parte hartzen ez dutenek lan egiteko eskubidea dutenez, zuzendaritza lanak bermatu behar dira, grebarik egiten ez dutenek beren lanaldia egin dezaten.

Bestalde, 2020-2021 ikasturtean, ikastetxeek hainbat neurri bete behar dituzte COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz. Horrela, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzen dituen ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuaren 9. artikuluak ezartzen du hezkuntza administrazioek egiaztatu beharko dutela Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan jasotako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publiko zein pribatuetako titularrek betetzen dituztela hezkuntza administrazioek ikastetxeetarako ezartzen dituzten desinfekzio, prebentzio eta egokitzapen arauak. Aurreikuspen hori bera jasota dago martxoaren 29ko 2/2021 Legearen 9. artikuluan (haren bidez, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak onesten dira).

Horregatik, bermatu behar da ikastetxe publiko guztietan egiten dela garbiketa zerbitzua, horrela betetzeko, alde batetik, Osasun Ministerioak “COVID-19a dela eta, ikastetxeetarako prebentzio, higiene eta osasunaren sustapenerako neurriak 2020-2021 ikasturterako” izeneko agirian eskatzen duena, eta bestetik, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 31ko 75/2020 Foru Aginduan ezarritako garbiketa eta desinfekzio neurriak (foru agindu horren bidez, hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa onetsi zen 2020-2021 ikasturterako).

Azkenik, nahitaezkoa da, halaber, departamentuaren egoitzan erregistroen funtzionamendua bermatzea gutxieneko langileekin, herritarrek idazkiak eta dokumentuak aurkezteko duten eskubidea babestearren, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin.

Horrenbestez, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ikusirik 2021eko maiatzaren 27 eta 28rako iragarrita dagoen greba deialdia, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Hezkuntza Departamentuan:

a) Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan:

–Ikastetxeko zuzendaria.

–Ikasketaburua.

–Irakasle bat Haur eta Lehen Hezkuntzako hiru unitateko edo zatiki bakoitzeko.

–Irakasle bat Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau unitateko edo zatiki bakoitzeko.

–Zaintzaile bakarra duten ikastetxeetan, gutxieneko zerbitzuak egin beharko ditu, eta, zaintzaile gehiago egonez gero, zaintzaileen plantillako % 50i egokituko zaizkie.

–Ikastetxe guztietan garbiketa zerbitzua bermatu beharko da, horrela betetzeko, alde batetik, Osasun Ministerioak “COVID-19a dela eta, ikastetxeetarako prebentzio, higiene eta osasunaren sustapenerako neurriak 2020-2021 ikasturterako” izeneko agirian eskatzen duena, eta bestetik, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 31ko 75/2020 Foru Aginduan ezarritako garbiketa eta desinfekzio neurriak (foru agindu horren bidez, hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa onetsi zen 2020-2021 ikasturterako).

Ikastetxeetako zuzendaritzak zehaztuko du zer irakaslek bete beharko dituzten gutxieneko zerbitzu horiek eta, hala bada, zer zaintzaile arituko diren.

b) Departamentuaren bulegoetan, administrari batek kasu egin beharko dio Nafarroako Gobernuak Hezkuntza Departamentuan duen Erregistro Orokorrari (San Domingo kalea z.g., Iruña).

2. Aipatutako langileen lanuzteek eta lan-gorabeherek xedapen hau errespetatzen ez badute, legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Greba Batzordeari eta foru agindu hau igortzea unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetara eta Hezkuntza Departamentuko Erregistro Bulegora, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 25ean.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2108542