129. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

38E/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 23koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorretako inbertsioetarako 2021eko dirulaguntza deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 559561.

1985. urtetik aurrera, Nafarroako Gobernuak museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak eman ditu, haien titulartasuna zeinahi delarik ere. Laguntzak, urte hauetan guztietan, kultura sektore horretako araudiaren eta dirulaguntzei buruzko legediaren aldaketen menpe egon dira. Bestetik, diruz lagundutako arloak instalazio horien funtzionamendua, jarduerak eta inbertsioak izan dira, aldian aldikoak. Hori guztia interes sozialekotzat hartzen delako erakunde horiek mantentzea eta haien garapenari laguntzea.

Museoen Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du Nafarroako museoetan eta bilduma museografiko iraunkorretan inbertsioak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea, horretarako 50.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako museoetako eta bilduma museografiko iraunkorretako inbertsioetarako laguntzen deialdia 2021. urterako.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20003-A2310-7816-333100: Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak. Inbertsioak

2021

50.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko apirilaren 23an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

OINARRI ARAUTZAILEAK, 2021. URTEAN NAFARROAKO MUSEOETAN ETA BILDUMA MUSEOGRAFIKO IRAUNKORRETAN INBERTSIOAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIARENAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak ematea Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografikoen Erregistroan inskribaturik dauden museoetan eta bilduma museografikoetan 2021ean egiten diren inbertsio gastuak ordaintzeko.

2.–Aurrekontua.

Deialdi honetara 50.000 euro bideratuko dira, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Museoentzako eta bilduma museografiko iraunkorrentzako laguntzak” izeneko A20003-A2310-7816-333100 partidaren kargura.

3.–Laguntzen helburua.

Hona dirulaguntza hauen helburua:

–Bildumen prebentziozko zainketa eta segurtasuna hobetzeko sistemak ezartzea.

–Bildumen kontrola, kudeaketa eta ezagutza hobetzea.

–Pertsonak museoko eraikinera eta hango edukietara iristeko bideak erraztea.

–Zentroaren bilduma iraunkorra osatzen duten ondasunak zaharberritzeko proiektuak sustatzea, betiere deialdia argitaratzen den egunean Museoen Atalean jasota baldin badaude.

Gainera, entitate eskatzaileek bestelako proiektuak aurkezten ahalko dituzte, norberaren eginkizun eta helburuen arabera.

4.–Gastu diruz lagungarria.

Ulertuko da gastu diruz lagungarria dela deialdi honetan araututako datetan egiten dena, baldin 3. puntuan adierazitako inbertsio proiektu bat egiteko baldin bada inolako zalantzarik gabe. Ez dira diruz lagungarriak izanen Museoen Atalaren beste bi deialdietako edozeinetan (Jarduna, Jarduerak eta zabalkunde lanak) laguntzak jasotzen dituzten proiektuak.

Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Gastu diruz lagungarrien gainean oinarri honetan zehazten ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio.

5.–Dirulaguntzen zenbatekoa eta mugak.

Proiektuek lortzen duten puntuazioaren arabera emanen dira dirulaguntzak, 14. puntuan jasotako balorazio irizpideak aplikatuz. Honela eginen da:

–Puntuazioaren ordenaren arabera, onartutako aurrekontuaren % 80 emanen zaie proiektuei, gehienez ere 10.000 euro proiektuko, partidaren zuzkidura bukatu arte.

–Onartutako aurrekontua izanen da aurkeztutako aurrekontua ken deialdiaren arabera diruz lagungarriak ez diren gastuak.

–Baloraziorik txikiena duen proiektuari gerakina ematen ahal zaio, baldin eta 14.b) puntuaren balorazioan (proiektuaren kalitatea) % 50 lortzen badu.

6.–Proiektuak aurkeztea.

Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bat edo gehiago aurkezten ahalko ditu deialdi honetan, baina proiektu bakar bati emanen zaio dirulaguntza, hain zuzen, 14. puntuko irizpideak eta baremoa aplikatuta puntuazio handiena lortzen duenari. Proiektuen hurrenkerari jarraituko zaio. Entitate onuradun batek aurkeztutako beste proiektu bati dirulaguntza emanen zaio baldin eta behar adina diru badago aurrekontuetan behin dirulaguntzak emateko lehen fasea bukatuta, eta deialdiaren 14.b) puntuko balorazioan (proiektuaren kalitatea) % 50eko puntuazioa (22,5 puntu) gainditu badu.

Proiektuak aurkezteko baldintza formalak 6. eranskinean jasota daude.

7.–Proiektua gauzatzea.

Proiektuak hasi aurretik, onuradunek Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalaren eta/edo Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren ontzat emana izan beharko dute.

Diruz lagunduko diren proiektuak exekuzio fasean edo bukatuak egon daitezke, baina, betiere, 2021. urtean egin eta bukatu beharko dira.

8.–Erakunde onuradunak.

Deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrek eska ditzakete dirulaguntza hauek.

Kanpoan gelditzen dira:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako museoak.

–2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan inbertsioetarako partida izendunak dituzten museoak eta bilduma museografikoak.

9.–Betebeharrak.

Entitate eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak betetzea.

b) Egunean izatea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

c) Administrazio ebazpen irmoz edo kondena-epai irmoz zehapena edo zigorra jaso ez izana sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

10.–Dokumentazioa.

Eskatzaileek 1. eranskinean agertzen den eskabidea aurkeztu beharko dute, behar bezala betea eta museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren titularrak edo baimendua dagoen pertsonak sinatua, agiri hauekin batera:

–Eskatzailearen IFZ (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio).

–Ordezkariaren NANa, bidezkoa denean (instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio soilik).

–Ordezkaritzaren frogagiria, bidezkoa denean (Administrazioaren esku ez badago edo, haren esku egonda ere, instrukzio organoari kontsulta egiteko baimena ematen ez bazaio). Kargu publikoek ez dute beren ordezkaritza frogatu beharrik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, entitate onuraduna izateko baldintzak betetzen dituela adierazten duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera (2. eranskina).

–Museoaren edo bilduma museografiko iraunkorraren jardueraren memoria eta kontuak (gastuak eta diru-sarrerak), 2020. urteari dagozkionak.

Memoriak ondoko atal hauek jasoko ditu:

–Genero ikuspegia (hizkera inklusiboa, autodiagnostikoa eta bilduma iraunkorraren berrikuspena ikuspegi horrekin); digitalizazioa (webgunea, online jarduera eta argitalpenak (erabiltzaileak), bisita birtualak, bildumako piezak ikusteko sarrera birtuala (Sketchfab), QR kodeak, sare sozialak eta Podcast-ak); lurraldearekin eta komunitatearekin lotzeko proiektuak (Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak, beste toki entitate batzuekiko lankidetza, lurraldetik kanpoko instituzioekiko lankidetza, obren mailegua); Museoen Nazioarteko Egunean parte hartzea; bildumaren balioa nabarmentzea (aldi baterako erakusketak, mintegiak eta hitzaldiak, kontzertuak eta proiekzioak, argitalpenak); aldi baterako erakusketak; bisita gidatuak; tailerrak; audiogidak; material didaktikoa.

–Proiektuaren egokitasuna dirulaguntzaren xedearekiko (prebentziozko kontserbazioa; segurtasuna; bilduma hobetzeko lanak (kontrola, erregistroa hobetzea, digitalizazioa, ikerketa, biltegiak...); eraikinaren irisgarritasuna; edukien irisgarritasuna, eta zaharberritze proiektuak.

–Jendearentzako ordutegiak: hilabetean osotara zenbat ordu irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.

–2020. urtean denera izandako bisitarien kopurua, publikoaren datuak biltzeko Museoen Atalaren eskuliburuan gomendatzen denaren arabera.

–Euskararen erabilera; gaztelania eta euskara ez beste hizkuntzen erabilera; irisgarritasun unibertsalerako sistemak ezartzea; aparatu kritikoa hobetzea (kartelak, hormetako testuak, QRak, irudiak...); genero ikuspegia (hizkera inklusiboa proiektuan nahiz aparatu kritikoan).

–Proiektuaren memoria xehatua (6. eranskina).

–2021. urterako jardueren plana, adierazita zenbat orduz irekiko den, hilabetez hilabete, eta dohainik zein astegunetan irekitzen den.

–2021erako gastuen eta diru-sarreren aurrekontua (3. eranskina-Aurrekontua). Toki entitateek museorako edo bilduma museografiko iraunkorrerako bideratu dituzten partiden ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

–Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak inbertsioetarako dituen beste laguntza edo dirulaguntza batzuen gaineko aitorpen berariazkoa. Laguntza-eskaera hau aurkezterakoan beste laguntza-eskaeraren bat baldin badute oraindik ebatzi gabe, hori ere aipatu beharko da.

11.–Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da (larunbat eta jaiegunak barne), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

12.–Eskaerak aurkezteko tokia.

Eskatzaileek telematika bidez aurkeztuko dute eskaera Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, Nafarroako Gobernuko Atariaren zerbitzuen katalogoan agertzen den tramiteen katalogoaren bitartez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

13.–Tramitazio faseak.

13.1. Zuzenketa eta aldez aurretiko ebaluazioa.

Museoen Atalak eskaerak tramitatuko ditu.

Museoen Ataleko teknikariek aurkezten diren eskaeren aurretiko ebaluazio teknikoa eginen dute.

Dirulaguntza eskaera osorik ez badago edo akatsen bat baldin badu, Museoen Atalak errekerimendua eginen dio eskatzaileari zuzendu dezan, eta horretarako zazpi egun naturaleko epea emanen dio (larunbatak eta jaiegunak barne), akatsak zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Entitate eskatzaileak dokumentazioa epearen barrenean aurkezten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da eta bere espedientea artxibatuko da.

Jakinarazpena posta elektronikoaren bidez eginen da, eskabidean (1. eranskina) adierazten den helbide elektronikora.

13.2. Balorazioa.

Aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, kide hauekin:

Epaimahaiburua.

–Celia Martín Larumbe andrea, Museoen Ataleko burua. Ordezkoa: Mercedes Jover Hernando andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko burua.

Epaimahaikide idazkaria.

–Iñaki Diéguez Uribeondo jauna, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Carmen Valdés Sagüés andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko arte jardueretako goi mailako teknikaria.

Batzordekidek.

–Pilar del Valle de Lersundi andrea, Museoen Ataleko museoetako goi mailako teknikaria. Ordezkoa: Marta Arriola Rodríguez andrea, Nafarroako Museoaren Ataleko goi mailako teknikaria.

–Berta Balduz Azcárate andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea. Ordezkoa: Violeta Romero Barrios andrea, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Ataleko goi mailako teknikari zaharberritzailea.

–Alicia Huarte Huarte andrea, Ondare Arkitektonikoaren Ataleko arkitekto teknikoa. Ordezkoa: José Luis Franchez Apecechea jauna, Ondare Arkitektonikoaren Ataleko arkitektoa.

Batzordeak 14. puntuan ezarritako irizpideen arabera baloratuko ditu eskaerak, eskatutako azkeneko dokumentazioa jasotzen den egunetik hasita hamabost egun naturaleko epean gehienez. Batzordearen irizpena loteslea izanen da. Museoen Atalak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Nafarroako Zuzendaritza Nagusiari.

14.–Balorazio irizpideak.

Onartzen diren inbertsio gastuetarako laguntza eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan duen inskripzio mota (gehienez 25 puntu), honen arabera: museoa, 10 puntu; bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu; titulartasun publikoa, 10 puntu; titulartasun pribatua, 5 puntu; Nafarroako Museoen Sistemako museoa edo bilduma museografiko iraunkorra, 5 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea (45 puntu gehienez), honela zehaztuta:

–Proiektuaren egokitasuna dirulaguntzaren xedearekiko (prebentziozko kontserbazioa, segurtasuna, bilduma hobetzeko lanak (kontrola, erregistroa, digitalizazioa, ikerketa, biltegiak), eraikinaren irisgarritasuna; edukien irisgarritasuna, eta zaharberritze proiektuak, 15 puntu gehienez.

–Proiektuaren memoria: metodologia, lantaldea, antolakuntza eta kronograma, 10 puntu gehienez.

–Proiektua hedatzeko plana: 4 puntu gehienez.

–Proiektuak lurraldean duen eragin sozio-ekonomikoa (lurraldearen dinamizazio ekonomikoa, dinamizazio soziokulturala (tokiko kolektiboetarako egokitua), 5 puntu gehienez.

–Euskara erabiltzea proiektuan: 2 puntu gehienez.

–Gaztelania eta euskara ez diren hizkuntzak erabiltzea proiektuan: 2 puntu gehienez.

–Irisgarritasun unibertsaleko sistemak ezartzea, 3 puntu gehienez.

–Aparatu kritikoa hobetzea (kartelak, hormetako testuak, QRak eta irudiak...), 2 puntu gehienez.

–Genero ikuspegia (hizkera inklusiboa bai proiektuan bai aparatu kritikoan), 2 puntu gehienez.

c) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak 2020. urtean kultura arloan egindako bidea (15 puntu gehienez), honen arabera:

–Erakundearen jarduera: gehienez 9 puntu. Alderdi hauek baloratuko dira: Genero ikuspegia (hizkera inklusiboa, Metodologia: autodiagnostikoa eta Metodologia: bilduma iraunkorra); digitalizazioa (webgunea, online jarduera eta argitalpenak (erabiltzaileak), museoko bisita birtualak, erakusketako piezak ikusteko sarrera birtuala (Sketchfab), QR kodeak, sare sozialak eta Podcast-ak ); lurraldearekiko eta komunitatearekiko lotura (Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak, beste toki entitate batzuekiko lankidetza, lurraldetik kanpoko instituzioekiko lankidetza, eta obren mailegua); Museoen Nazioarteko Egunean parte hartzea; bildumaren balioa nabarmentzea (aldi baterako erakusketak, mintegiak eta hitzaldiak, kontzertuak eta proiekzioak eta argitalpenak); aldi baterako erakusketak, bisita gidatuak; tailerrak; audiogidak eta material didaktikoa.

–Jendearentzako ordutegia eta doakotasuna: 3 puntu gehienez. Kontuan hartuko da hilabetean osotara zenbat orduz irekitzen den eta zein astegunetan irekitzen den dohainik.

–Bisitari kopurua: 3 puntu gehienez, Museoen Atalaren bisitarien datuak biltzeko Eskuliburuan agertzen diren gomendioen arabera.

d) Museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde garapenean egiten duen ekarpena (15 puntu gehienez), honen arabera:

–5.000 biztanletik beheitiko udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 15 puntu.

–5.000 eta 20.000 biztanle bitarte dituzten udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 10 puntu.

–20.000 biztanletik gorako udalerrietan dauden museoak edo bilduma museografiko iraunkorrak: 5 puntu.

Ez dute laguntzarik jasoko deialdiaren 14.b) puntua baloratzean (proiektuaren kalitatea) % 50eko puntuaziora (22,5 puntu) ailegatzen ez diren eskaerek.

15.–Ebazpena.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez emanen dira laguntzak, entitate eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Deialdia eman gabe gelditzen ahal da, osorik edo partez.

16.–Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak epe bakarrean ordainduko dira, behin proiektuak bukatuta eta agiri hauek aurkeztuta 2021eko azaroaren 15a baino lehen, egun hori barne:

–2021eko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean proiektuan edo jardueran eginiko gastuak eta sortutako diru-sarrerak justifikatzeko ordainagiriak, justifikatzeko epea bukatu aurretik ordainduta behar dutenak (azaroaren 15a baino lehen).

–Diruz lagundutako proiektuaren amaierako memoria. Zaharberritze lanen proiektuetan, amaierako memoria 7. eta 8. eranskinetan jasotako arauei jarraituz eginen da.

–Atalak kontzesioaren unean ematen dituen taula normalizatuak, gastuak eta diru-sarrerak justifikatzen dituen konturako, behar bezala beteta.

17.–Gastuen eta diru-sarreren justifikazioa eta epeak.

Gastuen eta ordainketen justifikazioa eta diru-sarrerena honela eginen da:

–Atalak kontzesioaren unean ematen dituen taula normalizatuak, gastuak eta diru-sarrerak justifikatzen dituen konturako, betetzea, eta horiekin batera fakturak eta bankuaren ordainagiriak erantsiz, modu korrelatiboan.

–Frogagiriek 2021eko data izan beharko dute, eta justifikatzeko epea bukatu baino lehen ordainduak (2021eko azaroaren 15era arte, egun hori ere barne). Gainera, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera bete beharko dira.

–Onuradunak funts berekiak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabili baldin baditu helburu berberetarako, justifikazioan aipatu beharko ditu.

–Langileria gastuak justifikatzeko honako hauek aurkeztu beharko dira: langileen nominak, interesdunek sinatuak, bakoitzari dagozkion TC inprimakiak, eta PFEZaren ordainketak egunean dituela frogatzeko agiriak. Diruzkoak ez diren ekarpenak ez dira inola ere onartuko.

17.1. Justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko prozedura normalizatua:

–Dokumentazioa kapituluka edo kontzeptuka bereizita aurkeztuko da pdf formatuko fitxategietan, fakturak eta ordainagiriak modu korrelatiboan multzokatuta. (Adibidez: 1. zenbakiko faktura/1. ordainketa-frogagiria, eta abar).

–Atalak kontzesioaren unean ematen dituen taula normalizatuak, gastuak eta diru-sarrerak justifikatzen dituen konturako, betetzea.

–4. eranskina betetzea Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legeak ezarri duen aldaketa kontuan hartuta.

Zeharkako zergak ez dira diruz lagunduko, entitate eskatzaileak horiek berreskuratu edo konpentsatzeko aukera baldin badu, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere (PFEZa).

Toki entitateek udal idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, proiektuaren edo jardueraren gastuak noiz egin diren adierazita kontzeptuz kontzeptu, baita bakoitzaren zenbatekoa eta ordaindu direla konfirmatzeko egunak ere, kontuan hartuz gastuak eta ordainketak dirulaguntzaren indarraldiaren barrenean eginak beharko dutela (gastuak, urtarrilaren 1etik urriaren 31ra; ordainketak, 2021eko azaroaren 15era arte, egun hori barne). Diruz lagunduriko proiektuak edo jarduerak diru-sarrerarik eragin baldin badu, horien ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

Langileria gastuak eta horien ordainketa udal idazkaritzaren ziurtagiri baten bidez ere justifikatzen ahalko dira, kontzeptu hauek zehaztuta: lanpostuak, dagozkien soldatak eta lan arloko beste gastu batzuk.

Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori justifikatzeko, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

Proiektuko gastu guzti-guztiak frogatu beharko dira. Laguntzaren portzentajea behar bezala justifikatutako gastu osoari aplikatuko zaio, kontzesioan ezarritako gehieneko muga gainditu gabe (deialdiaren 6. puntua).

Proiektuaren memoria, behar bezala betetako justifikazio taulak eta ordaindutako gastuen eta diru-sarreren egiaztagiriak aurkezteko epea 2021eko azaroaren 15era artekoa izanen da, egun hori barne. Entitate onuradunak epe horretan aurkezten ez baditu frogagiriak, kontzesioa indarrik gabe utziko da.

18.–Kultur mezenasgoa: diruz lagundutako jardueren interes soziala.

18.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira. Ondorio horretarako, eskatzaileek 5. eranskina beteko dute.

18.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, entitate onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekoak deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

18.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek amaierako txosten batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

19.–Entitate onuradunen betebeharrak.

–Laguntza hau zertarako eman den, helburu hori betetzea, bat etorriz dirulaguntza ematean Museoen Atalak ezarritako jarraibide teknikoekin.

–Eskumena duten kontrol organoek finantza kontrolerako eta egiaztapenerako egiten dituzten lanak onartzea eta eskatzen zaien informazioa ematea.

–Diruz lagunduriko proiektua finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta baliabideen berri ematea Museoen Atalari, justifikazioa egiten den egunean.

–Hasierako proiektuan egiten diren aldaketa guztien berri ematea Museoen Atalari. Aldaketa horiek egiteko, erakunde horren adostasuna beharko da.

–Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartzea proiektua hedatzeko erabiltzen diren euskarri guztietan, aurretik testu hau duela: Laguntzailea.

Nafarroako Museoen Sistemaren barrenean dauden museoek beren logotipoa ere erabili beharko dute.

–Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanak egiteko epea bukatu arte.

–Gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena (4. eranskina) hilabeteko epean aurkeztea, dirulaguntza ematen dela jakinarazten denetik.

–Ezarritako epean aurkeztea gastuen eta ordainketen frogagiriak, diru-sarrerenak eta urteko jardueren memoria.

20.–Baldintzak ez betetzea.

19. puntuan adierazitako betebeharrak betetzen ez badira, emandako dirulaguntza ez da ordainduko.

21.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntzekin, baldin haien zenbatekoek ez badute gainditzen diruz lagunduriko jardueraren kostua. Deialdi honen bidez ematen den zenbatekoa eta beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuetatik edo jardueraren berezko funtsetatik datorrena baturik jardueraren kostua gainditzen bada, ordaindu beharreko dirulaguntzari muga bat ezarriko zaio, jarduerak ez dezan superabitik izan.

22.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

1. eranskina.–Eskabidea.

2. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

3. eranskina.–2021eko aurrekontua.

4. eranskina.–Gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena.

5. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu 1., 2., 3., eta 5. eranskinak (DOC).

4. eranskina.–Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDFa).

6. ERANSKINA

Proiektu arkitektonikoak eta zaharberritzekoak erredaktatzeko arauak

1. Abiapuntuko egoeraren azalpena.

2. Esku hartzeko proiektua.

3. Proiektua gauzatuko duten langileak, CVa eta ibilbide profesionala.

4. Proiektuan erabili beharreko materialen ezaugarriak eta hautapenaren egokitasuna.

5. Proposatutako konponbideen egokitasuna.

6. Aurrekontu zehaztua eta gauzatze epeak, kronograma eta guzti.

7. Dokumentazio grafikoa eta argazkiak: planoak, altxaerak eta abar.

8. Esku hartzeko baimenak, beharrezkoak badira.

Proiektua formatu digitalean aurkeztuko da, bide telematikotik. Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektronikoaren bidez ezinezkoa bada hura bidaltzea, artxiboaren tamaina dela eta, eskabidea baizik ez da erregistratuko, eta proiektua Internet bidez bidaliko da Atalera (WeTransfer, posta elektronikoa, etab.).

7. ERANSKINA

Zaharberritzeari buruzko amaierako memoria erredaktatzeko arauak

Zaharberritzeari buruzko amaierako memoriak eduki hau izan beharko du:

1. Datu orokorrak: kultur ondasunaren izena, kokalekua, jabea, zein plan edo hitzarmenen kargura zaharberritu den, zaharberritzea noiz hasi eta noiz bukatuko den eta haren arduradunak, lanbide curriculuma barne dela, beste batzuk badira.

2. Azterketa historiko artistikoa: deskripzioa (pieza mota, egilea, garaia, neurriak, teknika, gaia), balorazio historiko artistikoa eta lehendik egindako esku-hartzeak.

3. Hasierako kontserbazio egoera: deskripzio xehatua, kalteen mapak barne.

4. Analisi fisiko-kimikoak: deskripzioa eta ondorioak, laginak zehazki nondik hartuko diren barne, eta laborategiko txosten osoa.

5. Egindako tratamenduak: deskripzio xehatua, esku-hartzeen mapak barne; aplikatu diren substantzien zergatikoa, barnean direla izen generikoak eta merkataritzakoak eta fitxa teknikoak.

6. Bermea eta mantentze-lanen plana: teknika edo prozesu desegokien aplikazioari egozten ahal zaizkion akatsak konpontzeko eskaintzen den bermaldia. Gutxienez urtebetekoa izanen da, esku-hartzea bukatzen denetik.

7. Dokumentazio grafikoa eta argazkiak:

–Planoak, marrazkiak eta bestelako baliabide grafiko eta bisual interesgarriak.

–Hautatutako argazkien erreportajea, karpetatan antolatuta, CDan edo DVDan, egindako esku-hartzea erabat azaltzen duena.

Ez da beharrezkoa informazio orokorra (1. eta 2. puntuak) errepikatzea amaierako memorian proiektuaren erredakzioan sartu baldin badira, aldaketarik izan ez bada materialetan, profesionalen taldeetan, kronograman eta abarretan.

Memoria formatu digitalean aurkeztuko da, bide telematikotik. Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektronikoaren bidez ezinezkoa bada hura bidaltzea, artxiboaren tamaina dela eta, eskabidea baizik ez da erregistratuko, eta proiektua Internet bidez bidaliko da Atalera (WeTransfer, posta elektronikoa, etab.).

8. ERANSKINA

Proiektu arkitektonikoen amaierako memoria erredaktatzeko arauak

Proiektu arkitektonikoen amaierako memoriak eduki hau izan beharko du:

1. Datu orokorrak: kultur ondasunaren izena, kokalekua, jabea, zein plan edo hitzarmenen kargura zaharberritu den, zaharberritzea noiz hasi eta noiz bukatuko den eta haren arduradunak, lanbide curriculuma barne dela, beste batzuk badira.

2. Azterketa historiko artistikoa: deskripzioa (pieza mota, egilea, garaia, neurriak, teknika, gaia), balorazio historiko artistikoa eta lehendik egindako esku-hartzeak.

3. Esku-hartzearen aurreko egoera: azalpen zehatza, laguntza grafikoarekin.

4. Egindako esku-hartzeak: azalpen zehatza, aparatu grafikoa barne; erabilitako materialen eta aplikatutako konponbideen justifikazioa, barne direla izen generikoak eta merkataritzakoak eta haien fitxa teknikoak.

5. Bermea eta mantentze-lanen plana: esku-hartzearen ondotik sor daitezkeen akatsak konpontzeko eskaintzen den bermaldia. Gutxienez bost urtekoa izanen da, esku-hartzea bukatzen denetik.

6. Dokumentazio grafikoa eta argazkiak:

–Planoak, marrazkiak eta bestelako baliabide grafiko eta bisual interesgarriak.

–Hautatutako argazkien erreportajea, karpetatan antolatuta, formatu digitalean, egindako esku-hartzea erabat azaltzen duena.

Ez da beharrezkoa informazio orokorra (1. eta 2. puntuak) errepikatzea amaierako memorian proiektuaren erredakzioan sartu baldin badira, aldaketarik izan ez bada materialetan, profesionalen taldeetan, kronograman eta abarretan.

Memoria formatu digitalean aurkeztuko da, bide telematikotik. Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektronikoaren bidez ezinezkoa bada hura bidaltzea, artxiboaren tamaina dela eta, eskabidea baizik ez da erregistratuko, eta proiektua Internet bidez bidaliko da Atalera (WeTransfer, posta elektronikoa, etab.).

Iragarkiaren kodea: F2106728