128. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1025/2021 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana. Haren bidez, onetsi egiten da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Liburutegiko laguntzailearen hiru lanpostu, B mailakoak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

Gobernu Kontseiluak 2019ko abenduaren 13an hartutako erabaki baten bidez (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 2019ko abenduaren 24koa) onetsi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen 2019ko lan publikoaren eskaintza, eta han, besteak beste, Liburutegiko laguntzailearen hiru lanpostu jaso ziren, funtzionarioen araubidekoak (B maila).

Lan publikoaren eskaintza hori Estatuaren Aurrekontu Orokorren 6/2018 Legearen 19. artikuluaren Bat.9 apartatuan ezarritakoa aplikatuz onetsi zen. Izan ere, apartatu horretan tasa gehigarri bat baimentzen da aldi baterako enplegua egonkortzeko, eta tasa horretan egiturazko lanpostuak sartzen dira, baldin eta, aurrekontuan zuzkituta egon arren, aldi baterako beteta edo, gutxienez, 2017ko abenduaren 31ren aurreko hiru urteetan etengabe beteta egon badira. Sektore eta kolektibo jakin batzuetako lanpostuak sartzen dira hor, besteak beste unibertsitate publikoetako administrazioko eta zerbitzuetako langileenak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluaren 2020ko irailaren 18ko erabaki baten bidez, arautu egin zen Unibertsitatean aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuen garapena. Erabaki horretan ezartzen denez, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordean ordezkatuak dauden erakunde sindikalekin lortutako akordioarekin bat etorriz, oposizio-lehiaketaren sistemaren bidez eginen dira Estatuaren Aurrekontu Orokorren 6/2018 Legean ezarritako egonkortze-tasa aplikatuz lan publikoaren eskaintzan sartzen diren funtzionario-lanpostuetarako hautaketa-prozesuak. Oposizioak guztizko puntuazioaren % 70 balioko du, eta baztertzailea izanen da; lehiaketak, berriz, % 30 balioko du, eta honako merezimendu objektibo hauek kalifikatzeko balioko du, izangaiek behar bezala egiaztatu beharko dituztenak:

a) Merezimendu profesionalak (emandako zerbitzuak).

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

c) Hizkuntzen ezagutza.

Aipatutako erabakian garatzen dira horiek, baita halako hautaketa-prozesuetan aplikatzekoa den merezimenduen baremoa ezarri ere.

Aurreko guztia kontuan izanik, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Liburutegiko laguntzailearen hiru lanpostu, B mailakoak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea, baita bere oinarriak ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan Liburutegiko laguntzailearen hiru lanpostu, B mailakoak, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onestea, baita bere oinarriak ere.

Bigarrena.–Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta “Estatuko Aldizkari Ofizialean” argitaratzeko agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Komunikazio Atalari aditzera ematea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 19an.–Kudeatzailae, Joaquín Romero Roldán.

LIBURUTEGIKO LAGUNTZAILEAREN HIRU LANPOSTU, B MAILAKOAK, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua Nafarroako Unibertsitate Publikoan Liburutegiko laguntzailearen hiru lanpostu (funtzionarioen araubidekoak eta B mailakoak) oposizio-lehiaketa bidez betetzea da. Oinarri hauen III. eranskinean ageri da zein diren lanpostuen zenbakia, baldintzak eta lantokia.

1.2. Txanda hauetan banatuko dira 3 lanpostu hutsak:

–Lanpostu bat txanda librean.

–2 lanpostu igoera txandan.

1.3. Izangaiek hautaprobak gainditzeko eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako hutsik geratzen diren igoera txandako lanpostu hutsak txanda librera pasatuko dira.

Era berean, igoera txandan lanpostu hutsak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda honetan lanposturik gabe gainditzen dutenek txanda irekiko lanpostu hutsak betetzeko aukera izanen dute, txanda horretako izangaiekin lehian, lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, deialdi honetako 2.1.2 oinarrian eskatzen diren baldintza bereziak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiak ere txanda libreko lanpostuetara aurkezten ahalko dira, aurreko paragrafoan adierazitako moduan, 10.2 oinarrian aipatzen den agiriak aurkezteko epea amaitzen den unean.

1.4. Halaber, deialdi honen xedea hautaketa-prozeduran lanposturik lortzen ez dutenekin aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzea da, deialdi honen 12. oinarrian xedatutakoarekin bat.

1.5. Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdien oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak?opcion=3

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Honako titulu hauetako bat edukitzea: Gradua, Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentziadun, arkitekto edo ingeniarien edozein titulu ofizial eskuratzera bideratutako ikasketen lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta edukitzea, edo aipatu ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek gutxienez 180 kredituko irakastordu kopurua baldin badu.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Dagozkien eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoan aritzeko gabetuta ez daudela egiaztatu beharko dute.

f) Deialdi honetan parte hartzeko ezarritako tasa ordainduta izatea, edo ordaintzetik salbuetsita dagoela edo hobariren bat dagokiola frogatzea.

2.1.2. Igoera-txandako izangaientzako baldintza espezifikoak:

Igoera-txandako izangaiek, aurreko apartatuan adierazitako baldintzez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioa izatea eta lanpostuz igotzeko erabili nahi den jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea.

2.2. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaz jabetu arte.

Igoera txandako izangaiei dagokienez, borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egoteari buruzko baldintza eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean eta 10.2 oinarrian aurreikusitako agiriak aurkezteko epea amaitzen den unean bete beharko da, lanpostu jabetu arte.

2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean egiaztatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. “Estatuko Aldizkari Ofizialean” ere argitaratuko da deialdia. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeraren aurkezpena.

3.2.1. Kasu guztietan, hautaketa-prozesuan parte hartzeko, helbide honetan dagoen eskabidea erabili beharko da:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/azl-oposizio-lehiaketa

3.2.2. Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute eskaera, helbide honetako “Hasi tramitea” botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/azl-oposizio-lehiaketa

Horretaz gainera, zilegi da eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean aurkeztea (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, autonomi-erkidegoetako administrazioetako eta administrazio lokala osatzen duten erakundeetako erregistroetan, posta-bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta-bulego batean aurkeztekotan, gutun-azal irekian eginen da, posta-zerbitzuko langileak data eta zigilua jar ditzan ziurtatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora bidali baino lehen.

3.3. Igoera-sistema aukeratu nahi duten izangaiek eskabidearen “Sarbidea” atalean adierazi beharko dute. Atal hori markatu ezean, izangaiak sarbide libreko sistema orokorrean onartuko dira ofizioz, betiere gainerako baldintzak betetzen badituzte.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Behar bezala betetako eskaerarekin batera, izangaiak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokide baten fotokopia.

b) Deialdian eskatzen den tituluaren kopia edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Parte hartzeko eskubidearen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria, edo 4.2.b) oinarrian aipatzen den ordainketaren salbuespenaren egiaztagiriak.

d) % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/azl-oposizio-lehiaketa

Horretarako, eta tasaren ordainketatik salbuetsita gelditzeari buruzko 4.2.a) oinarrian ezarritakoari begira, izangaiek beren kondizioa egiaztatu beharko dute, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik. Era berean, zilegi izanen dute eskatutako egokitzapena justifikatzeko komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa ere aurkeztea.

3.5. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitatezko akatsak edonoiz konpontzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

4.–Tasa.

4.1. Hautaketa-prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa izanen da.

Zenbateko hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 kontu korrontean sartuko da, eskudirutan zein transferentzia bidez, eta, frogagirian, izangaiaren izena eta “NUPeko oposizioa: Liburutegiko laguntzailea, B maila” identifikazioa agertuko dira.

4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) % 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

b) Hautaproben deialdiaren iragarkia argitaratu baino lehenago gutxienez hilabete batez lan-eskatzaile moduan inskribaturik egon direnak, betiere izena emateko epean inolako lan-eskaintza egokiri uko egin ez badiote, eta sustapen, prestakuntza edo birmoldaketa profesionaleko ekintzetan parte hartzeari uko egin ez badiote salbu eta justifikaturiko arrazoiengatik. Halaber, beharrezkoa da lanbide arteko gutxieneko lansaritik goragoko errentarik ez izatea hilabetean.

Honela egiaztatuko da zirkunstantzia hori:

–Enplegu-eskatzaile gisa izena emateari dagokionez, behar den Enplegu Bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horretan, eskatzailea zein egunetan inskribatu den adieraziko da, eta berariaz adieraziko da inskripzioak iraun bitartean ez duela enplegu-eskaintza egokirik baztertu, eta ez diola uko egin sustapen, prestakuntza edo birmoldaketa profesionaleko ekintzetan parte hartzeari, arrazoi justifikatuak zeudenean izan ezik.

–Lanbide arteko gutxieneko soldata baino hileko errenta handiagorik ez duela egiaztatzeko, interesdunak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dela deialdiaren aipuan agertzen den eredua aurkeztuta, dela deialdian parte hartzeko eskabidean bertan horretarako dagoen eremuan formulatuta.

4.2. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

4.3. Azterketa-eskubidearen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzeko zergatiak azalduta, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. 3.4 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea eta tasa epean ez ordaintzea.

5.3. Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

5.4. Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

5.5. Onartuen behin betiko zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek baldintzaren bat ez duela betetzen, bertan behera geldituko dira deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak.

5.6. Egozten ahal zaizkien arrazoiengatik izangaiak baztertzen direnean, ez da tasa itzuliko.

5.7. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

6.–Epaimahai kalifikatzailea.

6.1. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoak arautuko du epaimahai kalifikatzailea, eta, subsidiarioki, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kide Anitzeko Organoen Funtzionamendurako Erregelamendu Orokorra onesten duen 2018ko apirilaren 24ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak.

6.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 111. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

–Epaimahaiburua: errektorea edo hark eskuordetutako pertsona.

–Ordezko epaimahaiburua: errektoreak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: kudeatzailea edo hark eskuordetutako pertsona.

–Ordezko epaimahaikidea: kudeatzaileak izendatutako pertsona.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

–Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko beste administrazio publiko batzuetako edo Estatuko beste unibertsitate publiko batzuetako kide bat.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

–Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, maila bereko funtzionarioen artetik zozketaz izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Ordezko epaimahaikide idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen izenak.

6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.

Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

6.4. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak ezartzen duen arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahai kalifikatzaileko kideek uko egin beharko diote parte hartzeari, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Halaber, lege horren 24. artikuluak ezartzen duenaren arabera, izangaiek zilegi dute epaimahai kalifikatzaileko kideak errekusatzea aipatutako egoera horietakoren bat gertatzen denean.

Abstentzioa edota errekusazioa dela-eta epaimahaiaren osaeran gertatzen den edozein aldaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko da.

6.5. Hautaprobak aurrera egin ahala, epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak, baita deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartu ere.

6.6. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du proba guztietarako edo batzuetarako aholkulari adituak edukitzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

6.7. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

7.–Oposizio-lehiaketaren garapena.

7.1. Deialdia osatzen duten faseak ordena honetan eginen dira: oposizio-fasea lehenbizi, eta, hura bukatutakoan, lehiaketa-fasea.

7.2. Oposizioaldia 2021eko azarotik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioaren lehenbiziko proba.

Hurrengo probak hasi baino 48 ordu lehenago beranduenez argitaratuko du epaimahai kalifikatzaileak horien deialdia, eta proba egitera deituak dauden izangaien zerrenda eta oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Hautaproba bakoitzerako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta epaimahai kalifikatzaileak adierazitako tokian eta egunean egon beharko dira izangaiak, jardunak hasteko ezarritako orduan. Deialdi horretara agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira, probak ondoz ondoko ataletan banatzen badira ere. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahai kalifikatzailearen iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat eraman beharko dute aldean. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak oposiziotik kanpo geldituko dira.

7.3. Oposizioaren probak oinarri honetan adierazten direnak izanen dira, eta I. eranskineko gai-zerrendako gaietan oinarrituko dira.

Gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

7.4. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean hala eskatu duten izangaientzat, ariketak egiteko zehaztutako denboran eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak gauzatzeko.

7.5. Proba hauek izanen ditu oposizioak:

7.5.1. Lehenbiziko proba.

Gai zerrendako Zati Orokor eta Espezifikoetako gaiei buruz, test motako galderak erantzun beharko dira idatziz. Galdera bakoitzak lau erantzun-aukera izanen ditu, eta horietako bat bakarra izanen da baliozkoa.

Proba plika sistemaren bidez eginen da.

Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, formula honen araberakoa:

Nota = Erantzun zuzenak - Akatsa k-1

Galdera bakoitzerako aukera kopurua da k.

Epaimahaiak ezarriko du, proba hasi baino lehen, zenbat iraunen duen. Gehienez ere bi orduko iraupena izanen du.

Proba honi dagokion puntuazioa 15 puntukoa izanen da gehienez ere.

Epaimahaiak, ariketa egiteko zailtasunaren arabera, ariketa gainditzeko behar den gutxieneko balorazioa ezarriko du. Nolanahi ere, puntuazio hoberenaren % 75etik % 50era bitartekoa izanen da. Era berean, gutxieneko balorazioa ezin izanen da inola ere gehienekoaren % 40tik beherakoa izan. Muga horien barruan, epaimahaiak, ahal den guztietan, ariketa gainditzeko behar den gutxieneko balorazioa zehaztuko du, ariketa gainditzen duten izangaien kopurua deitutako lanpostuen kopurua halako bost izan dadin gutxienez. Zehaztapen hori plikak ireki baino lehen eginen da.

7.5.2. Bigarren proba:

Oinarri hauetako I. Eranskinean agertzen diren gai zerrendako Zati Orokor eta Espezifikoetako gaiei buruzko galderak eta/edo kasu teoriko-praktikoak idatziz ebatzi beharko dira.

Proba plika sistemaren bidez eginen da.

Gehienez ere 3 ordu iraunen du probak.

Proba honi dagokion puntuazioa 20 puntukoa izanen da gehienez ere.

Epaimahaiak, ariketa egiteko zailtasunaren arabera, ariketa gainditzeko behar den gutxieneko balorazioa ezarriko du. Nolanahi ere, puntuazio hoberenaren % 75etik % 50era bitartekoa izanen da. Era berean, gutxieneko balorazioa ezin izanen da inola ere gehienekoaren % 40tik beherakoa izan. Muga horien barruan, epaimahaiak, ahal den guztietan, ariketa gainditzeko behar den gutxieneko balorazioa zehaztuko du, ariketa gainditzen duten izangaien kopurua deitutako lanpostuen kopurua halako bost izan dadin gutxienez. Zehaztapen hori plikak ireki baino lehen eginen da.

7.5.3. Hirugarren proba:

Oinarri hauetako I. eranskinean agertzen diren gai zerrendako Zati Orokor eta Espezifikoetako gaiei buruzko kasu praktiko eta/edo kasu teoriko-praktiko bat edo batzuk idatziz ebatzi beharko dira.

Gehienez ere 5 ordu iraunen du probak.

Proba honi dagokion puntuazioa 35 puntukoa izanen da gehienez ere.

Epaimahaiak ariketak irakurriko ditu, eta, ondoren, dei eginen die izangaiei ariketa irakurri eta defenda dezaten epaimahaiaren aurrean, jendaurreko bilkuran. Ariketa osoa irakurri ondoren, epaimahaiak beharrezkotzat jotzen dituen galdera guztiak eginen ditu, gehienez ere hogeita hamar minutuan, honako hauek zehazteko: proposatutako irtenbidearen egokitasun-maila eta izangaiak oinarri hauetako I. eranskinean agertzen den gaitegiko gaiei buruz duen ezagutza-maila. Arbela edo antzeko elementu bat erabiltzen ahalko da.

Ariketa honetan, epaimahaiak hauek baloratuko ditu: proposatutako irtenbidearen kalitate teknikoa, sistematika, azterketarako gaitasuna eta izangaiaren idatzizko eta ahozko adierazpenerako gaitasuna, bai eta programari buruz duen ezagutza ere.

Bazterturik geldituko dira gutxienez 17,50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

7.6. Proba bakoitzaren kalifikazioa amaiturik, izangaiek lortutako puntuazioak argitaratuko ditu epaimahaiak, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidez dagokiena alegatu dezaten.

7.7. Hautaketa-prozesuko edozein unetan, epaimahaiak izangairen batek deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ez dituela jakinez gero, interesdunari entzun ondoren, hura kanporatzeko proposamena egin beharko dio Unibertsitateko kudeatzaileari, eta, era berean, izangaiak probetan sartzeko eskabidean egindako zehaztasun falta edo gezurren berri eman beharko dio, behar diren ondorioak izan ditzan.

7.8. Lehiaketa-fasea eta balorazioa.

7.8.1. Epaimahaiak, jarraian, lehiaketa-fasea eginen du oposizio-fasea gainditu duten izangaiekin.

Oposizioa gainditu duten izangai guztiek modu telematikoan aurkeztu beharko dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentazio guztia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide elektroniko honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/instancia-general “Hasi tramitea” botoiaren bidez.

“Erantsi fitxategiak” eremuan, izangaiek beren merezimenduak egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte.

Aski izanen da dokumentu horien kopia arruntak aurkeztea. Nolanahi ere, aurkeztutako datu edo agiriak zehaztugabeak edo faltsuak badira, erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Izangaiek ez dute merezimenduak egiaztatzeko dokumentaziorik aurkeztu beharko baldin eta, ordurako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan baldin badago. Eskabidean hala dela adierazi beharko da betiere. Nolanahi ere, Giza Baliabideen Zerbitzuak ez baditu aipatu dokumentuak lortzen, zilegi izanen du horiek eskatzea izangaiei.

Zehazki, ezein kasutan ez dira aurkeztu beharko administrazio publikoetan emandako zerbitzuak Nafarroako Unibertsitate Publikoak jada aitortuak baditu, eta epaimahaiari helaraziko zaizkio barema ditzan.

7.8.2. Lehiaketa-fasean, izangaiek alegatutako eta justifikatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdiari erantsitako baremoaren arabera (III. eranskina).

Lehiaketa-fasearen balorazioa ez da baztertzailea izanen, eta 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

7.8.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu artekoak hartuko dira kontuan, eta ez dira aintzat hartuko egun horretatik aurrera lortutakoak.

7.8.4. Izangai bakoitzak baremoko atal bakoitzean dituen merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, eta ezin izanen du inola ere segurutzat jo alegatu ez den edo agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, ezta atal bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagoa eman ere.

Aurkeztutako merezimenduak justifikatzeko dokumentazioa aztertzen denean ondorioztatu egiten bada izangairen batek ez dituela merezimendu horiek, horiengatik emandako puntuazioa kenduko zaio, alde batera utzi gabe faltsutasunagatik eragindako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.8.5. Lehiaketa-fasea bukatutakoan, epaimahaiak Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan jarriko du jendaurrean balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita.

8.–Azken puntuazioa.

Lehiaketa-fasearen eta oposizio-fasearen puntuazioak batuta kalkulatuko da azken kalifikazioa.

Azken puntuazioan berdinketarik izanez gero, oposizio-fasean puntu gehien lortu dituen izangaiak izanen du lehentasuna.

Lehiaketa-fasea eta oposizio-fasea bukatuta, gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du epaimahai kalifikatzaileak, eta oposizioan lortutako kalifikazioak azalduko dira bertan, txandatan banatuak eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatuak. Zerrenda hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzukoei emanen die aditzera.

9.–Lanpostu hutsen hautaketa.

9.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoaren bidez, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deialdia eginen du. Horretarako, honako hauek argitaratuko ditu: hautatu beharreko bi lanpostu hutsen zerrenda, lanpostu hutsak hautatzeko duten lehentasunaren araberako izangaien zerrenda, txandaka eta puntuazioaren arabera ordenatua, eta lanpostu hutsak hautatzeko ematen den epea.

9.2. Zerrenda horretan daudenek aditzera eman beharko dute, horretarako ezarritako epean, zein den Liburutegiko laguntzailearen lanpostu hutsak betetzeko duten lehentasun-ordena. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan hautaketarik egiten ez duten izangaiek oposizio-lehiaketaren xede diren lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, 10.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.3. % 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek, txandetako edozeinetan lanpostua lortzen badute, lanpostu hutsak hautatzeko lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik.

Aurrekoa gorabehera, halako desgaitasun-maila duen izangairik badago eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu hutsetan jarduteko baldintzetan, bere desgaitasunerako egokienak direnak eskainiko zaizkio hautaketa egin aurretik, balorazio- eta orientazio-talde eskudunak horri buruz egiten duen txostena ikusita.

Bestalde, hautaprobak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute, txanda irekiko izangaien aldean, deialdiaren xede diren lanpostu hutsak aukeratzeko, desgaitasunen bat dutenen txandako izangaien salbuespena kontuan hartuta.

10.–Izendatzeko proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

10.1. Hautapen-ekitaldia bukaturik, epaimahaiak proposamen bat igorriko dio kudeatzaileari gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopurua betetzeko puntuaziorik altuena lortu dutenak izendatu ditzan. Proposamen hori Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

10.2. Izendatzeko proposamena argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) 2.1.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren jatorrizko dokumentua edo haren kopia edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten dion gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duen txosten medikoa.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena.

d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duelako, Konstituzioari eta legeei men eginen dielako eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituelako zina edo promesa. Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenen kasuan, beren estatuetan diziplina-zehapen edo zigor-kondena baten bidez funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

10.3. Proposatutako izangairen batek desgaitasunen bat alegatzen badu, balorazio eta orientazio talde eskudunek ofizioz erabakiko dute desgaitasun hori deialdiko lanpostuarekin bateragarria ote den, eta espedientean adieraziko da.

10.4. Behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, epe horretan norbaitek agiri horiek aurkezten ez baditu, edo deialdiaren 2. oinarrian eskatutako baldintzaren bat betetzen duela egiaztatzen ez badu, edo, dokumentazioa aztertu eta gero, ondorioztatzen bada norbaitek ez duela betetzen eskatutako baldintzaren bat, pertsona hori ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliogabetuko dira, alde batera utzi gabe eskaeraren faltsutasunagatik eragindako erantzukizuna.

10.5. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, 8. oinarrian aipatzen den gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den eta baldintzak betetzen dituen izangaiak beteko du hutsunea, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin ere.

11.–Izendapena.

11.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izendatuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Liburutegiko laguntzailearen lanpostuan aritu daitezen, eta lanpostu hutsak ebazpen bidez esleituko dizkie.

11.2. Izendatzeak eta lanpostuaz jabetzeak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatutako pertsonak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan ezarritako babesarekin.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatuek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik kontatzen hasita.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, 10.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

11.4. Izangairen bat funtzionario bihurtzen bada eta, lanpostuko eginkizunak bete gabe, berak eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik bertatik eragina izanen duen borondatezko eszedentzian deklaratzen badute indarra duen araudian aurreikusitako kasuren batean, orduan ere lanpostu hutsa bete eginen da, 10.5 oinarrian xedatutakoaren arabera.

12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak.

12.1. Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25ean Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio-araubidearen araberako kontratazioa arautzeko emandako erabakian ezarritakoarekin bat, kontrataziorako izangaien zerrenda hauek osatuko dira hautaketa-prozesuan parte hartu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin:

1) Lanposturik lortu gabe gainditu dutenen zerrenda.

2) Gainditu ez eta lanposturik lortu ez dutenen baina gutxienez hautaketa-prozesuko probetako bat gainditu duten izangaien zerrenda.

12.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko araubidea Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko erabakian ezarri zuena izanen da, hau da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoa.

13.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, “Giza Baliabideak” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

14.–Errekurtsoak.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

Atal orokorra.

1. gaia.–Unibertsitatea zerbitzu publiko gisa. Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa. Unibertsitateen autonomia eta bere mugak. Unibertsitate publikoen araubide ekonomiko eta finantzarioa.

2. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak. Edukia eta egitura. Estatutuen erreforma. Unibertsitateko kideen arartekoa.

3. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Irakasle eta ikertzaileak: Motak eta araubide juridikoa. Plantilla antolatzeko jarraibideak. Unibertsitateko irakasleen ebaluazioa. Lanpostuen zerrenda. Unibertsitateko irakaskidegoak: bere araubide juridikoa (sarbidea, administrazio-egoerak, arduraldia eta ordainsariak). Irakaskidegoetako lanpostuak betetzeko prozesua.

4. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Administrazioko eta zerbitzuetako langileak. Araubide juridikoa eta motak. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutua: langile funtzionarioen hautaketa; funtzionario-izaera eskuratzeko eta galtzeko prozesua; mailak eta graduak; funtzionarioen zerrendak eta plantilla organikoak; administrazio-egoerak; lanpostuak betetzea; ordainsariak; ordezkaritza-organoak, negoziazio kolektiboa eta lan-baldintzak finkatzeko parte-hartzea.

5. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Interesdunak. Administrazio Publikoen jarduera. Administrazio-egintzak. Administrazio-prozedura erkidea. Administrazio-bideko egintzen berrikuspena.

6. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa: sektore publikoaren funtzionamendua. Administrazio-organoak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa. Hitzarmenak. Administrazio publikoen arteko harreman elektronikoak.

7. gaia.–Unibertsitateko ikasketa ofizialen antolamendua. Xedapen orokorrak. Unibertsitateko ikasketa ofizialen egitura. Graduko, masterreko eta doktoretzako unibertsitateko ikasketa ofizialak. Kredituen europar sistema eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitateko titulazioetako kalifikazio-sistema. Tituluaren Europako Gehigarria.

8. gaia.–Ikerketa Zientifikorako eta Teknikorako eta Berrikuntzarako Espainiako 2021-2024ko Plana: kudeaketa-printzipioak, antolamendua, finantzaketa, helburuak eta onuradunak. Espainiako Plana eta I+G+b: programak eta azpiprogramak

9. gaia.–I+G+b-ko jarduerak finantzatzeko europar baliabideak: Europako esparru-programak eta Horizonte Europa programa, eskualdeko lankidetzako INTERREG programa.

10. gaia.–Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Foru Legea. Atariko titulua. Xedapen orokorrak: botere adjudikatzaileak, kontratistak, kontratu motak eta araubide juridikoa, kontratazio publikoa kudeatzeko printzipio eta arauak, publizitate-arauak eta esleipen-prozedurak, kontratuen exekuzioa. Erreklamazioak eta lizitazioen kontrolerako beste neurri batzuk.

11. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontuak eta haiek betearazteko oinarriak.

12. gaia.–ANECA. Tituluen ebaluazioa. Ebaluazio instituzionala. Unibertsitateko titulu ofizialen egiaztapena eta akreditazioa. Monitor eta Acredita programak.

13. gaia.–5/2018 Foru Legea, gardentasunari, informazio publikorako sarbideari eta gobernamendu onari buruzkoa.

14. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. III. kapitulua: eskubide eta betebeharrak. IV. eta V. kapituluak: prebentzio-zerbitzuak. Langileen kontsulta eta parte-hartzea.

15. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa. Datuen babesa Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Atal espezifikoa.

–Unibertsitateko liburutegiak eta lankidetza:

16. gaia.–Unibertsitateko liburutegia: kontzeptua, eginkizuna eta zerbitzuak. Unibertsitateko liburutegiak, Ikasteko eta Ikertzeko Baliabide Zentroak diren aldetik (CRAI).

17. gaia.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegi zerbitzua. Arautegia, araudia eta antolaketa.

18. gaia.–Liburutegien lankidetza. Lankidetza unibertsitateko liburutegian: Rebiun, Dialnet, Espainiako liburutegien partzuergoak, Unibertsitateen G9 Taldea. NUPeko Liburutegiaren parte-hartzea.

–Unibertsitateko liburutegien espazioa eta ekipamendua:

19. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako espazioak. Plangintza eta ekipamendua. Espazioen erabilera berriak zerbitzu berrietarako. Liburutegia ikaskuntza espazio gisa.

20. gaia.–RFID teknologia liburutegietan. Irrati-frekuentzia bidezko identifikazioa (RFID). RFID teknologiaren erabilera liburutegietara aplikaturik. NFC teknologia (Near Field Communication) eta liburutegiak.

–Plangintza, kudeaketa eta eskumen profesionalak:

21. gaia.–Unibertsitateko liburutegien kudeaketa eta administrazioa: plangintza estrategikoa, helburuen araberako zuzendaritza eta kalitatearen kudeaketa. Liburutegiko zerbitzuen ebaluazioa eta adierazleak.

22. gaia.–Liburuzainaren rol berria, trebetasunak, eginkizunak eta eskumenak. Komunikazioa erabiltzailearekin; blogak, wikiak eta sare sozialak.

23. gaia.–Lanaren eta denboraren antolaketa eta plangintza. Talde lana. Talde baten ezaugarri nagusiak. Lidergoa eta eragina.

–Liburutegiak kudeatzeko sistemak, eta informazio baliabideetarako sarbidea:

24. gaia.–Kudeaketa integratuko sistemak eta liburutegiko zerbitzuen plataformak. Egungo egoera unibertsitateko liburutegietan.

25. gaia.–Unibertsitateko liburutegien katalogoak: kontzeptua eta bilakaera. OPACak eta aurkikuntza tresnak. Katalogo kolektiboak: garapena Espainian.

–Unibertsitateko liburutegietako bildumak kudeatzea:

26. gaia.–Bildumen garapena Unibertsitateko liburutegian. Funtsen aukeraketa eta eskuratzea. Haiek prestatzeko eta mantentzeko irizpideak.

27. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako bilduma bereziak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiko funts zaharra eta bilduma bereziak.

28. gaia.–Unibertsitateko liburutegiko baliabide elektronikoak: aukeraketa, kontratazioa, merkaturatze ereduak eta erabiltzeko baimenak. Eraldaketa-akordioak.

29. gaia.–Bilduma inprimatu eta elektronikoen ebaluazioa. Baliabide elektronikoen erabilera: neurtzeko estandar nagusiak (COUNTER, SUSHI proiektua).

30. gaia.–Elkarreragingarritasuna eta estandarrak liburutegi digitaletan: Z39.50, SRU-SRW, OAI-PMH, OpenURL, DOI, eta CrossRef.

31. gaia.–Unibertsitateko liburutegiko bilduma inprimatuak zaindu, kontserbatu eta zaharberritzea.

32. gaia.–Bilduma digitalak digitalizatzea, zaintzea eta kontserbatzea. Nazio mailako eta nazioarteko argitalpenak. Humanitate digitalak.

–Zientzia irekia:

33. gaia.–Sarbide irekiko mugimendua: egungo eta etorkizuneko egoera. Sarbide irekiko argitalpenak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko sarbide irekiko politika instituzionala.

34. gaia.–Biltegi digitalak: tipologiak, kudeaketa eta funtzionalitateak. Academica-e: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren biltegi digitala. Agregatzaileak: Recolecta, Hispana, Europeana, OpenAire.

35. gaia.–Ikerketako datuen kudeaketa: Datuak kudeatzeko plana. Datuak irekian argitaratzea.

36. gaia.–Liburutegietako web semantikoa: lotutako datuak eta irekiak.

37. gaia.–Jabetza intelektuala. Espainiako araubide juridikoa. Ondorioak irakaskuntzarako eta komunitate zientifikoarentzat. Copyletft mugimendua. Creative commons lizentziak.

–Dokumentuen hizkuntzak eta deskribapen bibliografikoa:

38. gaia.–Dokumentuen analisia Dokumentuen hizkuntzak: gaien goiburukoak eta tesauroak. Sailkapen bibliografikoak.

39. gaia.–Katalogazioa. Ereduak, katalogazio estandarrak eta kodetzeko formatuak. ISBD. MARC formatua. Katalogatzeko estandar berriak: RDAk.

40. gaia.–Metadatuak. Kontzeptua, kodetza, asmoa, motak. Dublin Core, METS, PREMIS, Linked data (lotutako datuak).

41. gaia.–Autoritateen kudeaketa: FRAD, FRSAD, VIAF eta SKOS.

42. gaia.–Bibliografia eta aipuak. Aipuetarako datu bibliografikoen normalizazioa. Erreferentzia bibliografikoen kudeatzaileak: Mendeley, Zotero.

–Unibertsitateko liburutegien baliabide eta zerbitzuak:

43. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako erabiltzaileak: tipologia eta beharrak hautematea. Erabiltzaileen beharrei aurrea hartzea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiko zerbitzu-karta.

44. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako erabiltzaileentzako zerbitzuak. Zerbitzu presentzialak eta ingurune birtualetako zerbitzuak.

45. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako bilduma fisiko eta elektronikoetara sartzeko eta kontsultatzeko zerbitzuak. Mailegua eta liburu elektronikoak mailegatzeko plataformak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiko mailegu araubidea.

46. gaia.–Gizarte Zientzietako eta Zientzia Juridikoetako informazio baliabideak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko baliabideak.

47. gaia.–Zientziako eta Teknologiako informazio iturriak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko baliabideak.

48. gaia.–Osasun Zientzietako informazio baliabideak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko baliabideak.

49. gaia.–Giza Zientzietako eta Hezkuntzako informazio iturriak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko baliabideak.

–Irakaskuntzari eta ikerketari laguntzeko zerbitzuak:

50. gaia.–Unibertsitateko liburutegietan dokumentu inprimatu eta elektronikoak eskuratzeko zerbitzuak. Erreferentziako zerbitzuak, informazioa zabaltzeko zerbitzuak. Liburutegien arteko maileguak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiko gaikako gidak.

51. gaia.–Campus birtualetako zerbitzuak eta material didaktikoak egiteko laguntza. Liburutegiko baliabide eta zerbitzuak hezkuntza plataforma birtualetan integratzea.

–Prestakuntza, zerbitzuen zabalpena:

52. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako erabiltzaileen prestakuntza. Informazio-alfabetizazioa (ALFIN). DIGCOMP esparrua. NUPeko informazio gaitasunak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiko ikaskuntzari laguntzea.

53. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako marketina: plangintza, sustapena eta ebaluazioa. Unibertsitateko liburutegien webak, sare sozialak eta zabalpenerako beste tresna batzuk.

54. gaia.–Irakaskuntzan eta ikerketan erabilitako sare sozialak. Identitate digitala. Online ospea eta ikusgarritasuna. Sare sozial akademikoak: ResearchGate, Academia.edu, LinkedIn. Sare sozial orokorrak eduki zientifikoak komunikatzeko tresna gisa: Facebook, Twitter, Pinterest.

–Ikerketari laguntzeko zerbitzuak. Bibliometria:

55. gaia.–Unibertsitateko liburutegietako ikertzaileei eta ikerketaren kudeaketari laguntzeko zerbitzuak. Egile identifikatzaileak: ORCID eta beste identifikatzaile batzuk.

56. gaia.–Komunikazio zientifikoa: bilakaera eta egungo egoera. Gaur egungo edizio zientifiko-teknikoa, argitalpen zientifikoen tipologia. Unibertsitateko liburutegia argitalpen zientifikoari laguntzeko zerbitzu gisa.

57. gaia.–Bibliometria eta zientziaren ebaluazioa. Datu bibliometrikoen iturriak eta datuak. Altmetrics.

58. gaia.–Argitalpen zientifikoen eragin-indizeak eta balorazio-irizpideak.

59. gaia.–Ekoizpen zientifikoa unibertsitateetan. Jakintzaren transferentziaren adierazleak. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ekoizpen zientifikoaren ataria.

60. gaia.–Ikertzaileen karrera zientifikoa ebaluatzeko irizpideak: deialdi nazionalak. Egiaztatze eta ebaluazio zientifikorako informazio baliabideak

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

A) Merezimendu profesionalak: 21 puntu gehienez ere.

Honako hauek baloratuko dira:

1. Unibertsitate publikoetan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioen antzeko eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,35 puntu; bost urte gehienez.

2. Beste edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioen antzeko eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,15 puntu; bost urte gehienez.

3. Unibertsitate publikoetan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioez bestelako eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,10 puntu; bost urte gehienez.

4. Beste edozein administrazio publikotan emandako zerbitzuak, deialdiko lanpostuak dituen funtzioez bestelako eginkizunetan. Zerbitzuan emandako hilabete bakoitzarengatik 0,05 puntu; bost urte gehienez.

Emandako zerbitzu gisa ulertuko da bai lan-kontratuko funtzionario finkoek bai aldi baterako langileek emandakoak.

Emandako zerbitzuen denbora-tartea hilabete osoa ez denean, kontratuaren hasiera- eta bukaera-data kontuan hartuta denbora-tarte horri proportzionalki dagokion puntuazioa esleituko da.

Bateraezinak izanen dira gorago adierazitako azpiapartatuengatik emandako puntuazioak, baldin eta denbora-tarte berekoak badira.

Zerbitzu-eginkizunetan eta prestakuntzarako eta lanbide-hobekuntzarako zerbitzu berezien egoeran egon diren langileen kasuan, egiatan bete duten lanpostuan emandako zerbitzuak hartuko dira kontuan.

Zerbitzu berezien gainerako egoeretan egon direnen kasuan, berriz, jatorrizko lanpostuan emandako denbora gisa kontatuko da.

B) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa: 3 puntu gehienez ere.

Oharra b) atalari buruz: atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez da aintzat hartuko.

B.1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza-jardueretan parte hartu izana: 0,10 puntu kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu); 2 puntu gehienez ere.

Oharrak B.1. apartatuari buruz:

1. Baloratu beharreko prestakuntza-jardueretako ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen kopurua adierazten ez duten ziurtagiriak kreditu batekotzat hartuko dira.

3. Ikasturte bateko iraupena adierazten duten ziurtagiriak 12 kreditukotzat hartuko dira.

4. Puntuazio berarekin baloratuko da prestakuntza-jardueretan parte hartu izana baldin eta, erakunde antolatzailearen baldintzak bete ez arren, Administrazioaren aginduz egin badira edo Administrazioak baliozkotu baditu. Horien artean espresuki sartuko dira sindikatuek administrazio publikoen Etengabeko Prestakuntza Akordioen barnean antolatutakoak.

5. Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, nola unibertsitarioak hala unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

B.2) Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztu izana, beka edo saria jaso duten zientzia- edo ikerketa-lanak egin izana eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratu izana: 1 puntu gehienez ere, epaimahaiak balioetsi beharrekoak, betiere kontuan harturik lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak nolako maila duen, hots, lokala, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa.

B.3) Sektore publikoan prestakuntza-saioak antolatu izana edo halakoetan irakasle aritu izana: puntu bat gehienez ere, epaimahai kalifikatzaileak baloratu beharrekoa jardueren iraunaldiaren arabera.

C) Hizkuntzak jakitea: 6 puntu gehienez.

Euskara, ingelesa, frantsesa edo alemana jakitea baloratuko da; 1,5 puntu gehienez hizkuntza bakoitzeko.

Oharrak C) apartatu osoari buruz:

1. Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den ezagutza-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiri bat duenak gehieneko balorazioa eskuratuko du.

2. Titulazio edo ziurtagiri hori ez badu, gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri bat duenari, 2/5 A2 mailaren baliokidea duenari, 3/5 B1 mailaren baliokidea duenari, eta 4/5 B2 mailaren baliokidea duenari.

III. ERANSKINA

O.L. Teknikari izateko lanpostuak

LANPOSTUA

ATXIKIMENDU EREMUA

ARAUBIDE JURIDIKOA

HERRIA

226

IRAKASKUNTZARI ETA IKERKETARI LAGUNTZEKO ATALA/ LIBURUTEGI ZERBITZUA

FUNTZIONARIOA

IRUÑEA

403

ZERBITZUEN ATALA / LIBURUTEGI ZERBITZUA

FUNTZIONARIOA

IRUÑEA

543

LIBURUTEGI ZERBITZUA / LIBURUTEGI ZERBITZUA

FUNTZIONARIOA

TUTERA

Iragarkiaren kodea: F2108506