127. ALDIZKARIA - 2021eko ekainaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARASOAIN

Bideozaintza kamerak ezartzeko baimena

Argitara ematen da Alkatetzaren 34. Ebazpena, 2021eko apirilaren 28koa.

Aurrekariak

Barasoaingo udalerrian kontuan hartzekoa da abiadura handian dabiltzan ibilgailuen trafikoa, batik bat zeharbidean. Erdigunean dagoen bide batez ari gara, eta bertan elkartzen dira automobilak, kooperatibara doazen nekazaritzako ibilgailuak eta zerbitzu eremura (osasun etxea, okindegia, banku bulegoak, tabernak, etab.) doazen oinezkoak. Horrek pertsonentzako arriskugarritasuna areagotu egiten du, hala oinezkoentzat nola gidarientzat.

Horregatik, eta behar beste langile ez duenez, Barasoaingo Udalak erabaki du bideokameren instalazioa eta erabilera txertatzea bere eskumenekoa den zerbitzuan, bide segurtasuna zaintzeko eta trafikoa kontrolatzeko.

Inguruabar juridikoak

Lehenbizikoa.–Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duen abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez: “Trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko bideokameren eta irudiak jaso eta erreproduzitzeko beste edozein bitartekoren instalazioa eta erabilera trafikoa arautzeko agintaritza arduradunak eginen du, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako xedeekin, honen bitartez onetsi baitzen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina eta harekin bat heldu den berariazko araudia, eta kontuan hartuz urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoan (Datu pertsonalen tratamendu automatizatua arautzekoan, gaur egun LOPD) eta maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan (Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzkoan) xedatutakoa, Lege honetan ezarritako erabilera irizpideei jarraituz”.

Bigarrena.–Bestalde, honako hau ezartzen du apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak, trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeko bideokamerei aplikatzekoa zaien araubideari buruz (aipatutako errege dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendua abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa garatzeko eta betearazteko, eta 4/1997 Lege Organiko horrek arautzen du Segurtasun Indar eta Gorputzek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea): –4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz eta xedapen honetan ezarritakoari jarraikiz instalatuko eta erabiliko dira irudiak jasotzeko eta erreproduzitzeko bideokamerak eta beste edozein baliabide, eremu publikoetan trafikoa kontrolatzeko, erregulatzeko, zaintzeko eta arautzeko. –Trafikoa arautzeko eskumena duten administrazio publikoei dagokie baimentzea aurreko apartatuan aipatutako gailuen instalazioa eta erabilera. –Irudiak jaso eta erreproduzitzeko gailu finkoen instalazioa eta erabilera aginduko dituen ebazpenak generikoki identifikatuko ditu honako hauek: iruditan jasotzen ahalko diren bide publiko edo bide tarteak, eskuratutako grabaketen edo erregistroen eskuragarritasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatuko dituzten neurriak; bai eta haien zainketaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz arduratuko den organoa ere. Ebazpenaren indarraldia mugagabea izanen da, haren oinarri diren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean.

Hirugarrena.–Ezarri nahi den sistemak hartu, grabatu eta erreproduzitu ditzake identifikaturik dauden edo identifikatzen ahal diren pertsona fisikoen irudiak; hortaz, tratamendu horiek aplikatuko dira honako arau hauen arabera: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez arautu baitzen pertsona fisikoen babesa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta zeinaren bidez indarrik gabe utzi baitzen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, zeinak hizpide baititu datu pertsonalen babesa eta eskubide digitalen bermea.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Irudiak erreproduzitzen ahal dituzten bideokamerak ezarri eta erabiltzea baimentzea, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko, betiere 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen dituen baldintza zorrotzak betez.

Kokaguneak:

–Doctor Navarro kalea deritzon zeharbidea.

–Orba plazaren eta Doctor Navarro zeharbidearen arteko bidegurutzea.

Bigarrena.–Datuen babesa.

Informazioa jasotzeko eskubidea. Udalak kartelak jarriko ditu, agerian, adierazteko badela bideozaintza sistema bat trafikoa kontrolatzeko helburuarekin.

Interesa dutenek informazio zabalagoa izanen dute eskuragarri udal bulegoetan, kamerak instalatzearen ondoriozko irudien tratamenduari dagokionez.

Tratamenduaren jardueren erregistroa. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Barasoaingo Udalak bere erregistroan jasoko du trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko bideozaintzari dagokion tratamenduaren jarduera.

Tratamendu jardueren erregistroa udal webguneko gardentasun atarian kontsultatzen ahal da.

Datuen babeseko ordezkaria. Barasoaingo Udalak datuen babeserako ordezkari bat izendatu du (DBO). Pertsona horrekin edonor jar daiteke harremanetan, datuen tratamenduari buruzko zalantzak argitzeko edo eskubideak baliatzeko, edo arlo horretako edozein erreklamazio edo iradokizun egiteko. Ukitutako pertsonak erreklamazio hori egin dezake, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan erreklamazioa aurkeztu aurretik. Kasu honetan, erreklamazio horren inguruan hartutako erabakia datuen babeserako ordezkariak jakinaraziko dio interesdunari, erabakia hartu eta bi hilabeteko epean.

Ordezkariarekin harremanetan jar daiteke dpd@barasoain.net helbide elektronikoan edo posta bidez, udaletxearen helbidean (Udaletxeko plaza, 1).

Segurtasun neurriak. Udalak arriskuen analisia eginen du, behar diren neurri teknikoak eta antolaketa neurriak ezartzeko; irudien segurtasuna bermatzeko; suntsitzea, galtzea edo ezustean edo bidegabeki aldatzea saihesteko; edo baimenik gabe sartu edo jakinaraztea ekiditeko.

Hirugarrena.–Alkatearen ardura izanen da irudiak gordetzea eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebaztea; hala ere, eskumena beste bati eskuordetu ahal izanen dio.

Laugarrena.–Argitalpena. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen da, hala xedatzen baita Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 196. artikuluan.

Seigarrena.–Indarra hartzea. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Zazpigarrena.–Osoko bilkurari honen berri ematea, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

Barasoainen, 2021eko apirilaren 28an.–Alkatea, Rita Roldán Murillo.

Iragarkiaren kodea: L2107819