125. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE ARAKIL

Aldaketa, Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko tasak eta prezio publikoak arautzen dituen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Uharte Arakilgo Udalak, 2020ko abenduaren 28an egin bilkuran, onetsi zuen, legez eskatzen den gehiengoarekin, Uharte Arakilgo udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko tasak eta prezio publikoak arautzen dituen ordenantza. Erabaki horren iragarkia 2021eko 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 27an.

Jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta testu osoa argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Uharte Arakilen, 2021eko apirilaren 27an.–Alkatea, Jose Domingo Huarte Baleztena.

UHARTE ARAKILGO UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO TASAK ETA PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29.ean, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Erregelamenduaren 33. eta 17. artikuluetan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza Uharte Arakilgo Udalari dagozkio, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dituzten legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilerria zaindu, garbitu eta egokitzea. Hala ere, norbanakoen betebeharra izanen da hilobiaren eremua, edo nitxoaren edo kolunbarioaren aurrealdea edo errauts-ontzia mantendu eta zaintzea, behar bezala segur, garbi eta apain egon daitezen.

c) Edozein motatako ehorzketa eskubideak onartu, aldatu, eta haien iraungipena adieraztea.

d) Nitxoen, hilobien, lurren, kolunbarioen eta hezurtegien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

e) Hilotzak eta gorpuzkiak ehorztea eta hobitik ateratzea, osasun arloko arauei jarraikiz.

f) Ondorio horretarako gailuak erabiliz, zerraldo, arropa, jantzi, hil-oihal eta bestelako gauzakien hondarrak suntsitzea, gorpuzkiak izan gabe ere hilobiak hustu eta garbitzean agertzen direnak.

g) Eskubideak eta tasak ezartzea eta kobratzea.

h) Hilotzak ehortzi, atera eta lekuz aldatzeko baimenak ematea.

i) Erregelamendu hau betetzen dela begiratzea eta, hala ez bada, zehatzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu, eta bere eginkizun hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

II. TITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

4. artikulua. Hilerria Udalak erabakitzen dituen orduetan egonen da zabalik, urtaro bakoitzaren ezaugarrien ariora.

5. artikulua. Gauaz espresuki debeku da hilerriaren esparruan edozein lan mota egitea, non ez diren salbuespenekoak eta behar bezala arrazoituak.

6. artikulua. Ehorzketak ohiko ordutegiaren barnean eginen dira. Hala ere, hilaren ahaideek lurperatzeko orduaren berri eman beharko diote aldez aurretik arduradunari.

7. artikulua. Berariaz debeku da sartzea ibilgailu eta animalia oro, baimen berezia eduki ezean.

8. artikulua. Hilerrian behar adina nitxo huts izanen dira, udalerriko biztanleen erroldaren arabera.

9. artikulua. Hezurtegi orokor bat egonen da hilerrian, hilobietatik ateratzen diren gorpuzkiak bertan gordetzeko.

10. artikulua. Hilerriaren barnean ez da inolako espazio berezirik gordeko, legeek debekatutako bereizkeria ekar dezaketen ehorzketak egiteko.

11. artikulua. Hilerriko bisitariek hildakoak errespetatuko dituzte eta, horretarako, ez da onartuko esparruaren seriotasuna zuzenean edo zeharka hondatzen duen edo hilobiak profanatzea, suntsitzea edo bortxatzea dakarren inolako ekintzarik. Organo edo agintaritza eskudunari egin diren ustezko arau-hausteen berri emanen zaio.

12. artikulua. Hilerriaren barnean ez da baimenduko salmenta ibiltaria, eta ez da emanen merkataritza edo publizitaterako posturik edo baimenik, ezta helbururako egokiak diren apaingarriei buruzkoak izanda ere. Debeku hori hilerriaren eragin eremura hedatzen ahalko da.

13. artikulua. Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, zerbitzuarekin zerikusirik ez duten pertsonek hilobiak edo haien gainean uzten diren gauzak ebatsi edo narriatzen badituzte.

14. artikulua. Baldin hilobiak edo hilerriko ikuspegi orokor nahiz partzialak jaso nahi badira irudi, argazki, marrazki edo pinturetan, Udalaren baimena beharko da lehenik.

15. artikulua. Bai hilotz bat ehorzten denean, bai ateratzen denean, lekuz aldatzen denean eta berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da hilerriko liburu ofizialean.

16. artikulua. Definizioak, ezaugarriak eta luze-zabalak.

Ohiko panteoia: eraikuntza honen barnean familia bateko zenbait kide hobiraturik daude; haien gorpuzkiak banakoendako apaletan paratzen dira.

Nitxoak: ilaraz osatutako eraikuntzak dira, bata bestearen gainean ezarriak, banakako ehorzketak ilaran direlarik.

Nitxoek elkarren hurreneko ordenari jarraikiz ezarritako zenbakia dute; hari men eginen zaio ehorzteko tenorean.

Kremazioetatik sortutako errautsak ezin dira nitxoan utzi, eta ez dute horretarako eskubiderik izanen, baldin eta behar horiek betetzen dituen kolunbario/errauts-ontzia badago.

Hilobia: banakoendako ehorzketak, lurrean.

Hilerriko ipar-ekialdeko muturreko eremutik eginen dira ehorzketak. Iparraldeko eta ekialdeko hormek osatzen duten angelu honetatik hasita, ilaren hurrenkerari jarraituko zaio ekialdetik mendebalderantz.

Kolunbarioa: hormetan nitxoak edo barrunbeak dituen hilobi-eraikuntza, errautsontziak edo hezur-hondarrak jartzeko.

Barrunbeek elkarren hurreneko ordenari jarraikiz ezarritako zenbakia dute; hari men eginen zaio ehorzteko tenorean.

17. artikulua. Hilobietan paratu edo idatzi nahi diren hilartitzak, oroigarriak eta ikurrak begirunetsuak izan beharko dira eta lekuarekin bat egiten dutenak.

III. TITULUA

Ehorzketa eskubidea

I. KAPITULUA

Hilobien kontzesioa

18. artikulua. Hilerrian nitxo baten kontzesioa eskatzen dutenek beren eskabidea aurkeztu beharko dute udaletxean, eta hartan adierazi zein hilendako eskatzen den eta haren datuak.

Udalak erabakiko du nitxoaren kontzesioa bidezkoa den ala ez, eta baiezkoa erabakiz gero, baita zer baldintzatan ematen den ere.

19. artikulua. Uharte Arakilgo udal hilerrian leku aldetik dauden eskasiak direla-eta, Uharte Arakilen erroldaturik dauden guztiek izanen dute nitxo batean bertan ehortziak izateko eskubidea, baldin eta erroldaturik daudenetik heriotzaren eguna arte urtebete baino gehiago iragan bada.

Aldez aurretik Udalaren baimena edukita, Uharte Arakilen jaiotakoak eta euren senar-emazteak ere ehortz daitezke, hiltzerakoan herrian erroldaturik ez baleude ere, betiere hemen ezartzen diren tasak ordaindu ondoren.

Udalak erabakiko du nitxoa ematea dagoen ala ez, zenbat nitxo eta lur dagoen erabilgarri eta beharrak zein diren kontuan hartuta. Hala izanagatik ere, behar den tasa ordaindu beharko da, ehorzketa ahaide erroldatu baten nitxoan egin behar bada ere.

20. artikulua. Hamar urterako emanen da ehorzketarako nitxoen eta hobien kontzesioa, lurperatze egunetik hasita. Beste hamar urteko luzapen bakar bat egin daiteke.

Kontzesioen luzapena, kasua bada, epemugaren aurreko urtean eskatu behar da. Udalak aurretiaz emanen du egoera horren berri eta luzapena onetsiko da kasuko tasa ordaindu ondoren.

Nitxo berean hainbat lagun ehorzten direnean, azken ehorzketaren data hartuko da aintzat beti, denbora kontatzeko.

21. artikulua. Udalak, hilerria berritzeagatik edo ixteko erabakia ez den beste arrazoi batengatik, ehortzi eta hamar urte igaro aurretik hilobiren bat kendu behar badu, beste bat esleituko dio kontzesio hartzaileari. Posible ez bada, nitxo bat esleituko zaio.

22. artikulua. Ez da kontzesio mugagaberik emanen herriko seme edo alaba kuttunen kasuan izan ezik.

23. artikulua. Egungo panteoien titulartasuna ez da inola ere inter vivos lagako, eta bakarrik ondorengo zuzenei eskualdatzen ahalko zaie herentziaz edo oinordetzaz.

Ez da lurzati gehiagorik emanen panteoiak eraikitzeko.

24. artikulua. Ehorzketa eskubidea mugatuko da udal jabetzako hilobiak erabiltzera barnean hilotzak eta gorpuzkiak ehorzteko eta gordetzeko; hau da, ez dago lotuta lurrari eta ezin da eraiki beste deus. Horretaz baliatzeko, ordenantza honen xedapenei lotu beharko zaie.

II. KAPITULUA

Ehorzketa eskubidea iraungitzea

25. artikulua. Ehorzketa eskubidea iraungi eginen da honako kasu hauetan:

a) Eraikuntzaren aurri egoeragatik. Iraungipena erabakiko da aldez aurreko txosten teknikoan egoera hori adierazi eta eskubidearen titularrak beharrezko obrak egiteko errekerimendua bete gabe utzi ondoren.

b) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan modu agerian arreta ez jartzea, horretarako aitzinetik egindako errekerimenduari ez aditu eginik.

c) Eskubidearen kontzesio epea iragateagatik luzapena eskatu gabe, nahiz eta horretarako abisu eman, edo luzapena iragateagatik.

d) Kontzesioa amaitu baino lehen, hobitik ateratzeagatik edo nitxoak, kolunbarioak edo lurreko hilobiak nahita husteagatik.

e) Titularrak berariaz uko egiteagatik.

f) Ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dion lagapenagatik.

g) Ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

h) Hilerria ixteagatik.

i) Interes publikoagatik eta/edo berritu beharragatik.

26. artikulua. Kontzesio epea iragatea ez den beste arrazoiren batek eragindako iraungipena espedientea bururatzen duen berariazko ebazpenean adieraziko da, eta, nolanahi ere, eskubideen titularrei jakinaraziko zaie.

27. artikulua. Iraungipena hondamenak edo abandonatzeak ekartzen duenean, eskubidearen titularraren heriotza jasota badago, interesdunei zitazioa eginen zaie titulartasun aldaketarako duten eskubidea alega dezaten. Interesdunak ezezagunak baldin badira, zitazioa eginen da honako hauetan iragarkia argitaraturik: Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren ediktu tauletan.

Oinordekoak edo edozein tituluren bidez subrogatutako pertsonak bertaratzen badira eskualdaketa justifikatuta, titulartasuna beren alde aldatzea lortzen ahalko dute, baldin eta ondorio horretarako ezartzen den epean hilobia konpontzeko edo egokitzeko obrak gauzatzen badituzte.

28. artikulua. Iraungipena dela-eta kontzesioa galduz gero, hilobia Udalaren esku geldituko da, eta eskubidearen iraungipenetik ez da inolako ordainketarik edo kalte-ordainik sortuko titularraren alde. Aitzinetik gaztigatuta, gelditzen diren gorpuzkiak hezurtegi orokorrera eramanen dira, edo, dagokionean, erre eginen dira, salbu eta hilaren senideek edo haien baimena duten beste batzuek beste hilobi batera eramateko eskatzen badute.

IV. TITULUA

Hilobiak eraikitzea, mantentzea eta zaintzea

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

29. artikulua. Hilerriaren esparruaren barnean edozein obra egiteko, horiek egiteko kontratatzen diren enpresek honako arau hauek bete beharko dituzte:

a) Harria, marmola, metalak edo bestelakoak prestatzeko lanak ezin izanen dira esparruaren barnean egin.

b) Eraikuntzako materialen prestalana horretarako esleitzen diren tokietan egin beharko da, kasu bakoitzean beharrezkoa den babesarekin.

c) Materialak, tresnak, lurra edo ura igarobidea eragozten ez duten lekuetan utziko dira.

d) Ondoko hilobi edo landareei kalterik ez egiteko maneran paratuko dira aldamioak, hesiak edo eraikuntzarako behar den beste edozein tresna lagungarri. Pertsonak eta ondasunak babesteko beharrezko neurriak beteko dira, eta obrak eskatu eta egiten dituztenek obrak egitearen ondorioz sortzen diren kalteen erantzuletzat hartuko dira.

e) Obra bukatutakoan, tokia garbitu egin beharko dute eta handik eraman obra-hondakinak, puskak edo materialen hondarrak; baldintza hori bete ezean, ez zaio alta emanen hilobiari.

30. artikulua. Norberak eraikitako hilobiak konpontzeko eta zaintzeko obrak eta Udalak eraikitako hilobietan apaingarriak jartzea eskubideen titularren kontura eginen dira.

31. artikulua. Hilarrietako hilartitzak, oroigarriak, ezaugarriak eta ikurrak edozein hizkuntzatan jar daitezke, eta behar bezalako begirunea agertu beharko dute. Hirugarrenen eskubideen aurka jo dezaketen idazkunen erantzukizuna titularrarena izanen da.

32. artikulua. Eskubideen titularrek edo haien baimena duten beste pertsona batzuek zaindu eta garbituko dituzte hilobiak.

Hilobia garbitu ondoren, lore arrastoak eta bestelako objektu erabilezinak ondorio horretarako esleitutako lekuetan utzi beharko dira.

33. artikulua. Ezin izanen da hilerrira sartu edo handik atera hilobien zerbitzurako gairik, Udalaren baimenik gabe.

Hilobietan instalatzen diren hilarriak eta obra artistikoak ehorzketa eskubidearen titularrak kentzen ahalko ditu kontzesioa amaitutakoan, objektu nagusiari kalterik egin gabe bereizten ahal badira.

II. KAPITULUA

Hobiak konpontzeko, zaintzeko eta apaintzeko obrak

34. artikulua. Udalak hamar urterako ematen du hobi orokorrerako eskubidea, gorpua ehorzten denetik hasita.

35. artikulua. Hobi orokorreko hilobi orok bi metro koadroko zabalera izanen du zazpi urtetik gorakoentzat, eta erdikoa adin horretatik beherakoentzat; metro bateko sakonera izanen du, gutxienez, bi kasuetarako. Hobi orokorrak errenkada batean irekiko dira, zuzen-zuzen, eta hilobien artean gutxienez 50 zentimetroko tartea utziko da.

Hobi orokorretan, hurrenkerari jarraikiz eginen dira ehorzketak, tartean hobi hutsik utzi gabe.

36. artikulua. Hobi orokorreko hilobietan gurutzeak edo hilarriak jar daitezke, hildakoaren izena, heriotz eguna eta gorpua identifikatzeko beste edozein gauza daramatzatela, eta horregatik ez da kanonik ordaindu behar.

Hilarriek edo gurutzeek ez dituzte honako neurri hauek gaindituko: 0,70 m-ko zabalera x 0,10 m-ko hondoa x 1 m-ko garaiera. Ezin izanen dira hormigoiz egin. Debeku da hilerriko lurzoruan edo hormetan edozein mota eta tamainatako lauzarik jartzea. Debeku da hilerriko hormetan hilarririk zintzilikatzea eta txertatzea.

Nitxoen kasuan, hilarria aurreko hormaren gainean paratuko da, eta nitxoaren ertzetatik ezin izanen da ezer atera.

37. artikulua. Hobi orokorreko hilobietan eta nitxoetan pertsona bakarraren gorpua soilik ehortziko da eta kontzesio horiek ez dira emanen pertsona hori hil aurretik.

38. artikulua. Aldi baterako kontzesio epea amaitu eta gero, gorpuzkiak hobitik atera eta hezurtegi orokorrera eramanen dira, non eta senideek ez duten lekualdatzea erabaki.

39. artikulua. Hilobiak xahu eta apain edukitzea titularren betebeharra da.

Egoera behar bezalakoa ez bada, Udalak errekerimendu eginen die interesdunei, 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketarik egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

Epe hori igarota, Udalak obren ordezko exekuzioa aginduko du, eta horien ordainketa interesdunen konturakoa izanen da. Ordaintzen ez bada, kontzesioa iraungiko da, eta hilobia Udalaren esku geratuko da.

40. artikulua. Abandonatutzat hartzen diren hilobien titularrak non dauden jakiteko deiarekin ez bada interesdunik agertu, Udalaren iragarki-taulan hiru aldiz argitaratuko da deialdia; eta epe hori iragandakoan inor agertzen ez bada, Udalak dekretatuko du kontzesioa iraungi dela, eta lurra eta hilobia bere esku geratuko dira.

V. TITULUA

Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekualdatzea

41. artikulua. Hilotzak eta gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera, berrehortzi eta lekualdatzeko, hilotzen gaineko osasunaren arloan indarrean dauden xedapenei eta titulu honetan ezarritakoari jarraikiko zaie, ordenantza fiskalean ezarritako tasak sorrarazita.

42. artikulua. Desobiratzeak egin daitezke hilerrian berean lekuz aldatzeko eta beste hilerri batera eramateko.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraituz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

43. artikulua. Desobiratzeak zer egun eta ordutan egin behar diren jakinaraziko zaie eskatzaileei, lan hori ikusi ahal dezaten, nahi badute.

Epea ahitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako gaztigurik eman behar izanen, araudian ezarritakoa betetakoan.

44. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Nitxoetan ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bi urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

b) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bost urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

c) Hilobi mota guztietan, ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, noiznahi atera eta lekualdatzen ahal da, betiere hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Ez da baimenik emanen hilotzak ateratzeko horiek baino epe laburragoetan, salbu eta epaile baten aginduz.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da baimenik emanen desobiratzeko, salbu eta epaile baten aginduz.

Hala ere, hilabete horietan hildakoaren ezkontide edo 2. mailako ahaide odolkide izandakoaren gorpuzkiak ateratzen ahal dira, hildakoarekin batean eta haren ondoan ehortzi ahal izateko.

Betiere, ehorzketa hori egin ahal izateko a), b) edo c) baldintzak bete beharko dira.

45. artikulua. Hilotz baltsamatuak hobitik atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi ematen ahal da, baina zerraldoaren kanpoko kutxa aldatu egin beharko da baldin ongi kontserbaturik ez badago.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

46. artikulua. Zehapen prozedura.

Ordenantza honen aurkako arau-hausteak toki araubidearen oinarrizko legedian xedatutakoaren arabera zehatuko dira, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta zehatzeko ahala baliatzeko prozeduraren erregelamendu-araudian xedatutakoaren arabera izapidetutako espedientea izapidetu ondoren, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoko erakunde eskudunek edo, hala badagokio, Estatuko Administrazio Orokorrak arlo horretan dituzten eskumenak.

47. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izanen dira, kontuan harturik osasun publikorako arrisku-irizpideak, intentzio-maila, berrerortzea, arau-haustearen orokortzeak, edo ondorio ekonomikoen zenbatekoa.

2. Arau-hauste hauek administrazio-faltak izanen dira, eta hurrengo artikuluan ezarritako moduan zehatuko dira:

A) Arau-hauste arintzat joko dira:

1. Ehorzketa-unitateak eraikitzeko obrak nahitaezko udal baimenik gabe egitea, aurkeztutako proiektuarekin bat etorri gabe (hala badagokio).

2. Era guztietako obrak egitea hilerriaren esparruan, erregelamendu honetan ezarritako arauak bete gabe.

B) Arau-hauste astuntzat joko dira:

1. Udal-langileak beren eginkizunak betetzean hitzez eta egintzez ez obeditzea, desmen egitea eta iraintzea.

2. Jokabide lotsagabea hilerriaren esparruan.

3. Hilobiak eraikitzeko obrak egitea aurkeztutako proiektuarekin bat etorri gabe, baldintza hori nahitaez bete behar denean.

4. Lursailen mugaketa eta zuinketa eskatzen duten lurperatze-unitateak eraikitzeko obrak hastea, Udalak horiek egin gabe.

5. Udalak eraikitako nitxoen ahoak aldatzea.

6. Hilarriak hilobietan eta nitxoen eta/edo kolunbario/errauts-ontzien ahoetan jartzea, ordenantza hau bete gabe, diseinua eta inguruko espazioa nahasten dutenean.

7. Hilerrien barruan salmenta ibiltaria egitea, eta merkataritzarako postuak jartzea, apaindurarako eta begirunerako egokiak izan arren.

8. Arau-hauste arinetan berrerortzea.

C) Arau-hauste oso astuntzat joko da:

1. Hilerriaren esparrutik kanpo lurperatzea, agintari eskudunaren berariazko baimenik lortu gabe.

2. Gorpuak lurperatzea, lurpetik ateratzea edo lekualdatzea une bakoitzean indarrean dauden higiene- eta osasun-xedapenak bete gabe.

3. Gorpu bat lurperatzea, hil zenetik, oro har, hogeita lau ordu igaro gabe.

4. Hilobi bat irekitzea, azken ehorzketatik bost urteko epea igaro gabe.

48. artikulua. Zehapenak.

Erregelamendu hau ez betetzeagatiko arau-hausteak, antzeko edo bat datorren goragoko lege-araudian berariaz araututa ez dauden gaietan, zehatuko dira ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, kontuan harturik zabarkeria, intentzioa, aurretiazko ohartarazpenak ez betetzea, eragindako kaltea eta sortutako arriskuak, honako zenbateko hauen arabera:

A) Arau-hauste arinak:

–Gutxieneko maila: 90 eurora bitarte.

–Erdiko maila: 90etik 600 eurora bitarte.

–Gehieneko maila: 601etik 750 eurora bitarte.

B) Arau-hauste astunak:

–Gutxieneko maila: 751tik 1.500 eurora bitarte.

–Erdiko maila: 1.501etik 3.000 eurora bitarte.

–Gehieneko maila: 3.001etik 6.000 eurora bitarte.

C) Arau-hauste oso astunak:

–Gutxieneko maila: 6.001etik 9.000 eurora bitarte.

–Erdiko maila: 9.001etik 12.000 eurora bitarte.

–Gehieneko maila: 12.001etik 15.000 eurora bitarte.

Osasun arloko arau-hausteei dagozkien administrazio-zehapenak ezarriko zaizkie, eta organo eskudunak tipifikatu eta zehatuko ditu, Osasunari buruzko Lege Orokorrean ezarritako moduan.

Arau-hausteak eta zehapenak, hurrenez hurren, kalifikatu eta mailakatuko dira zehatzeko ahalaren egikaritza arautzen duten printzipioen arabera, eta zehapenak ezarriko dira tipifikatutako arau-hausteak egitea arau-hauslearentzat onuragarriagoa izan ez dadin hautsitako arauak betetzea baino.

2. Alkatetzak du zehapenak ezartzeko eskumena.

Arau-hauste oso astunak egiteagatik ezarritako zehapenak Udalbatzak berretsi beharko ditu osoko bilkuran.

49. artikulua. Preskripzioa eta iraungitzea.

1. Erregelamendu honetan jasotako arau-hausteei dagokienez, preskribatuko dute, arinek sei hilabetean, astunek bi urtean eta oso astunek hiru urtean.

2. Arau-hausteak pertsegitzeko akzioa iraungi eginen da, baldin eta administrazioak modu frogagarrian jakiten badu arau-haustea gertatu dela, eta egitateak argitzeko eginbideak amaituta, urtebete igaro bada agintaritza eskudunak dagokion prozedura hasteko agindu gabe.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Araudi honi jarraituko zaio zerbait aldatu, obraren bat egin edo norbait ehorzten den aldiro. Beraz, ehorzketa bat egiten den hurrengoan, familiaren hilobian eginda ere, araudi hau bete beharko da (harlauzak kentzea, gurutzeak aldatzea...).

Bigarrena.–Antolakuntza.

Nitxoei dagokienez, elkarren hurreneko ordena ezarriko da. Eskura dauden nitxoak bukatzen direnean, berriz ere lehenbizikotik hasiko da, betiere hobiratzetik 10 urte baino gehiago iragan bada. Kontu honi dagokionez, lehenbizikoa izanen da sartzeko atetik hurbilen dagoen saihetsean, goiko lerroan dagoena. Jarraipena hegoalderantz eginen da, betiere goiko nitxotik hasi eta lerro bereko behekorantz.

Hirugarrena.–Lurreko hilobiak.

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, diren hilobi guztiek, panteoi maila ez badute, nitxoetarako ezarri den araubide berari lotuko zaizkio. Hartara, haien kontzesioa 10 urterako baizik ez da mantenduko ehorzketa egunaz geroztik, epe hori luzatzen ahalko bada ere beste 10 urtez. Epe horretatik aurrera, behar duenak hartzeko modukoak izanen dira, eta ehortzitakoaren senideei aldez aurretik jakinarazi gabe kentzen ahalko dira.

Gaur egun hilobietarako erabiltzen den lurraren gainean nitxoak eraiki edo beste behar batzuei erantzunen zaien erabakiko du Udalak dagokion unean.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetzen dira 2009ko abuztuaren 14an behin betiko onetsitako udal hilerriaren erabilera arautzen duen udal ordenantza eta haren aldaketak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ehorzketa baten erregelamenduzko 10 urteak iraganagatik eta Udalak erabiltzen hasteko moduan egonagatik ere, bertan lurperaturik dagoenaren ahaide bat hiltzen bada, posible izanen da nitxo horretan ehorztea, familiak eskatuz gero, bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den ordenaren arabera tokatzen dena ez bada ere.

Bigarrena.–Debeku da Uharte Arakil udalerriko herri-lurretan hilotzen errausketako errautsak botatzea, bai eta plakak edo hilarriak jartzea ere.

Hirugarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denean.

Laugarrena.–Ordenantza honetan jaso ez den orotan aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea eta Ordenantza fiskal orokorra.

ERANSKINA

Tarifak

–Ehorztea:

  • Erroldatuak: 50 euro + ehorzketak sorrarazten dituen gastuak.
  • Erroldatu gabeak: 400 euro + ehorzketak sorrarazten dituen gastuak.

–Nitxoak:

  • Erroldatuak: 120 euro. Luzapena, 10 urte gehiagorako: 120 euro.
  • Erroldatu gabeak: 600 euro. Luzapena, 10 urte gehiagorako: 600 euro.

–Kolunbarioak:

  • Erroldatuak: 120 euro. Luzapena, 10 urte gehiagorako: 120 euro.
  • Erroldatu gabeak: 600 euro. Luzapena, 10 urte gehiagorako: 600 euro.

–Hobitik ateratzea, interesdunaren ekimenez: sorrarazten dituen gastuak.

Iragarkiaren kodea: L2106845