125. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAGA

Eraikingintza-ordenantza, estalkietan eguzki plakak instalatzeari buruzkoa. Behin betiko onespena

Larragako Udalak, 2021eko otsailaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Larragako Udalaren Eraikingintza-ordenantza, estalkietan eguzki plakak instalatzeari buruzkoa.

Hasierako onespenaren iragarkia 2021eko 54. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 9koan, argitaratu zen eta legez ezarritako jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da aipatu ordenantza, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 65. artikuluak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluari buruz ezarritakoari jarraikiz, eta haren testua osorik argitaratzen da, lege beraren 326. artikuluan xedatua bete dadin. Orobat, ohartarazten da behin betiko onespenaren aurka bide hauetakoren bat erabil daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Larragan, 2021eko apirilaren 29an.–Alkatea, Carlos Suescun Sotés.

ERAIKINGINTZA-ORDENANTZA, LARRAGAKO UDALERRIAN ESTALKIETAN EGUZKI PLAKAK INSTALATZEARI BURUZKOA

Zioen azalpena

EKT HE 5ek gutxieneko energia-ekarpen fotovoltaikoari buruz ezartzen duen eskakizunak estalkian plaka fotovoltaikoak jartzeko beharra dakar. Ordenantzak ez du hori arautzen, eta orokorrean sartu behar da.

Bestalde, eta hirigune historikoaren eremu zehatzari dagokionez, irizpide estetikoen arabera, instalatzea saihestea hobe bada ere, Udala lehendik dauden eraikinen okupazioa errazten ari da, eremua funtzionalki eta eraikuntzaz zaharkitu ez dadin. Gainera, eraginkortasun-baldintzak hobetzearen alde egiten du, eta, horregatik, plakak jartzeko aukera lehenesten du, horrek ekar dezakeen murrizketa estetikoaren aurrean.

Bestalde, errealitatean, Larragako kaleen sekzioak, kaleek batez beste 4 metroko zabalera baino ez dute, eta beheko solairuan eta gaineko bi solairutan eraikitako eraikinek nabarmen mugatzen dute estalkien gaineko ikuspegia.

Ondorioz, egoera jakin batzuetan, estalkian plaka fotovoltaikoak jartzeko aukera eman behar da, eta horrek eragin du ordenantza honen bidez ezartzen den araudiaren aldaketa.

Aldaketarako ez da oztopo izanen xedea osatzen duten determinazioak gaur egun sistematikoki kokatzea Hirigintza Araudiaren 70. eta 80. artikuluetan indarrean dagoen Larragako Plan Orokorraren testuinguruan, determinazio horiek Eraikingintza-ordenantzaren ezaugarriak, izaera eta edukia baitituzte, horregatik aipatzen dira ordenantza horren artikuluetan Hirigintza Araudiko artikulu horiek, argitasunagatik eta segurtasun juridikoagatik, eta legezko tresna egokiarekin aldatzen dira, haien benetako izaeraren arabera.

1. artikulua. Larragako Udal Planaren hirigintzako araudiaren 70. artikuluaren 7. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

“Estalkiak inklinatuak izanen dira, eta %40tik beherako malda izanen dute, eta teilatu-hegala kale aldera beti. Teilatu-hegala honela aterako da: 30 cm 4 metrotik beherako zabalera duten kaleetan, 31-60 cm kaleen zabalera 4,01 metrotik 6 metrora bitartekoa denean, eta 60-80 cm kale eta eremu publiko zabalagoetan.

Etxebizitzetako estalkien akaberak teila gorrixkaz eginen dira, kolore horren tonu guztietan. Urbanizazio berrietan eta hiri lurzoru finkatuko eraikin berrietan (Alde Zaharra izan ezik), baldin eta eraikin bakartuak edo etxebizitzen multzo homogeneoak ukitzen badira, baimena emanen da kolore ilunak (grisa, beltza, marroia) edo argiak (zuria, beixa) erabiltzeko, baldin eta multzoaren homogeneotasuna ziurtatzen bada. Barrakoietan, biltegietan eta industria nabeetan, tipologia librekoetan, zuntz-zementu gorrizkoak edo metalezkoak izaten ahalko dira, hainbat motatakoak eta kolore beretan, akabera matearekin.

Gainean plaka fotovoltaikoak jartzen ahalko dira, honako baldintza hauetan:

–Estalki inklinatuak.

  • Estalkiaren maldarekiko paraleloan jarriko dira, eta 30 cm baino gehiago atera gabe estalkiaren amaiera-planoaren gainetik.
  • Teilatu-hegalaren zabalera baino zerrenda handiagoa edo berdina mantenduko dute, inolako elementurik gabe.
  • Plaka guztiak multzo batean jarriko dira, eta estalkiaren %70 hartuko dute gehienez.
  • Kasu jakin batzuetan, beste aukera batzuk ebaluatzen ahalko dira, eta horiek gauzatzeko xehetasun-azterketa bat izapidetu beharko da.

–Estalki lauak.

  • Estalki ez-irisgarriak izanen dira. Gutxienez lehen solairuko estalkia izanen dira, industria-erabileretan izan ezik, horiek behe-solairuko estalkia izan baitaitezke, betiere 7 m-tik gorako garaiera badute.
  • Petoak gutxienez garaieraren %50ean ezkutatuko ditu. Modu integralean ezkutatzen ez baditu, petoaren instalazioa atzeraemanen da plaken garaieraren 1,5 metroko edo hortik gorako distantzian.
  • Plaka guztiak multzo batean jarriko dira, eta estalkiaren %70 hartuko dute gehienez.
  • Kasu jakin batzuetan, beste aukera batzuk ebaluatzen ahalko dira, eta horiek gauzatzeko xehetasun-azterketa bat izapidetu beharko da.

2. artikulua. Larragako Udal Planaren hirigintzako araudiaren 80. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

“Fatxadetan dauden elementuak eta instalazioak zaharberrituz gero, zaharberritze horrekin elementu edo instalazio horiek araudi honetara egokitzen badira egiten ahalko da, eta, oro har, egokitu beharko da 70.2 artikuluan ezarritakora. Ezintasun teknikoa izatearen kasuan, Udalak irtenbide alternatiboak baimentzen ahalko ditu.

Estalkien gainean plaka fotovoltaikoak jartzen ahalko dira, 70.7 apartatuan ezarritako baldintzetan. Vianako Printzea erakundeari txostena eskatuko zaio araudi grafikoan jasotako eraikin katalogatuen eta horien mugakideen kasuan.

Elementu edo instalazio horiek aurri-arriskuan badaude, Udalak horiek eraisteko edo zaharberritzeko agintzen ahalko du, Udal Plan honen arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Bakarra.–Ordenantza honetan jasotako determinazioak Udal Plan berriaren testu bateginean sartu beharko dira, eta, bereziki, Eraikingintzari buruzko ordenantzen 38., 44.2 eta 55.2 artikuluetan, artikulu horien testuak irizpide horietara egokituko baitira.

AZKEN XEDAPENA

6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz behin betiko onetsitakoan, ordenantza honek, lege beraren 326. artikuluan xedatuari jarraikiz, ondorio juridikoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, bai eta Estatuko Administrazioak edo Nafarroako Foru Komunitatekoak toki entitateei egintzak eta erabakiak deuseztatzeari begira errekerimendua egiteko ahalmena erabiltzeko epea amaitu ondoren ere.

Iragarkiaren kodea: L2106950