125. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

100E/2021 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen-ukipenetarako baimena ematen diona “Estazio meteorologikoa (105m): EM Jugondo II 01” proiektuari, Mendigorriko udal-mugartean. Sustatzailea Nordex Desarrollo 1 SL da.

2020ko martxoaren 3an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen-ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektua baliabide eolikoak neurtzeko estazio meteorologiko bat ezartzean datza, Mendigorrian, 6. poligonoko 221A lurzatian. Estazio meteorologikoaren oinarria tirantez finkatutako dorre bat izanen da, 105 metrokoa, horrela hainbat mailatako datuak eskuratu ahal izateko, ikerlanaren xede den haize-sorgailu motak duen abatzaren altuerako mailakoak barne. Estazioa martxan egonen da parke eoliko bat instalatzeko balizko data baino hiru urte lehenagotik, eskuratzen diren datuen arabera, eta parke eolikoa ezartzen bada, haren osagai bihurtuko da bizitza baliagarri osorako.

Instalatu nahi den dorrea Ferroval 450 modeloa da; hodi-sareta dauka, 105 metro garai jotzen du, eta 3 metroko piezen bidez muntatzen da, lotura hariztatuaren bidez, 50 x 50 cm-ko oin-plaka baten gainean. Tiranteak 10 mm-ko diametroa duten altzairuzko zirgak dira, hiru norabidetan ezarriko direnak, elkarren artean 120º-ra bereizita; dorrea altueran ainguratuko dute, 6, 15, 24, 33, 42, 51, 60, 66, 75, 84, 93 eta 102 metrora, eta lurzorura, oin-plakatik 15, 30, 40, 50 eta 60 metrora. Lurzorura ainguratzeko, 40 mm-ko diametroa eta 120 cm-ko sakonera duten pikak erabiliko dira.

Dorrean sentsoreak paratuko dira. Zehazki, 4 anemometro paratuko dira 40 metroko, 80 metroko eta 100 metroko altueran; 2 haize orratz 38 metroko eta 97 metroko altueran; termohigrometro bat 90 metroko altueran, eta presio sentsore bat 10 metroko altueran.

Dorrearen behealdean jarriko da aire zabaleko armairua, non datuak eskuratzeko sistemak eta datuak igortzeko GSM komunikazio modulua egonen baitira. Elikatze-sistema autonomoaren osagaiak 20 W-eko panel fotovoltaiko bat, karga-erregulagailua eta 12/Ah-ko bateria izanen dira.

Dorreak dagozkion baliza seinaleak izanen ditu, Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundearen arauekin bat.

Proiektuaren kokalekua nekazaritza lurzati bat da, makineria sartzeko bide egokia duena, eta martxan jartzeko ez da inolako kanalizaziorik aurreikusi.

Dorrea paratzeak abifaunarentzako arriskua dakar; arriskurik handiena da tiranteekin talka egitea. Horrek a priori zenbakarria ez den inpaktua sor dezake.

Aurkeztu den ingurumen-ukipenen azterlanak aurreikusten du, prebentzio-neurri gisa, hegaztiak babesteko balizak neurketa dorreko tiranteetan paratzea; eta mantentze-lan guztietan egin beharreko kontrolen barruan, hegaztiak babestekoen instalazioa kontrolatzea eta instalazio horrek abifaunan daukan eraginaren jarraipena ere kontrolatzea.

Espedientean Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren aldeko txostena dago. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea “Estazio meteorologikoa (105m): EM Jugondo II 01” proiektuari, Mendigorriko udal-mugartean. Sustatzailea Nordex Desarrollo 1 SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Azpiegitura egiteko beharrezkoak diren obrak amaitutakoan, okupatutako eremu osoko obra hondarrak garbituko dira, eta ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Obren ondorioz ukitutako lurrazalak lehengoratuko dira; horretarako, aldez aurretik kendu den eta era egokian metatuko den lurra erabiliko da. Soberako lurren eta obra-materialen hondakinak kudeatzaile baten esku jarri beharko dira, edo hondakindegi baimendu batera eraman, hondakin motaren arabera.
  • Dorrearen tentsore-soka guztietan hegaztiak babesteko balizak jarriko dira, X bat osatuz, tentsoreak hobeto ikus ditzaten eta horien kontra jo ez dezaten. Balizen artean gehienez 10 metroko distantzia utziko da.
  • Dorrea funtzionamenduan dagoen aldian, jarraipen plan bat garatuko da, puntu hauek aurreikusiko dituena, antzeko beste instalazio batzuetarako ezarrita dagoen antzera:
  • Hilean hileko bisitak, hegaztien babeserako balizak erori baldin badira horiek berriz jartzeko eta instalazioak abifaunaren gainean duen eragina kontrolatzeko, aztarnarik edo hilotzik ote dagoen begiratuz.
  • Neurketa antena instalatuta dagoen urteetan, lau hilean behingo txostenak, parke eolikoa instalatu aurretik. Txosten horietan, bisita horien emaitzak jasoko dira, hautatutako ikuspena hobetzeko aukeraren egokitasunari eta bertan egindako mantentze ekintzei dagokienez, baita abifaunarekin gertatzen ahal diren gorabeheren erregistroari dagokionez ere: espeziea, kategorizazioa, ezaugarriak (arra/emea/heldua, heldugabea, gaztea, etab.), kopurua, garaia, etab.
  • Ingurumen-ukipenetarako baimenaren ebazpena ematen denetik gehienez 5 urtera desmuntatuko da dorrea. Eremua garbi geldituko da, eta lurrak leheneratuko dira; sortutako hondakinak bakoitzaren izaeraren arabera kudeatuko dira, dagokion araudia betez.
  • Lanak egitean aurkikuntza arkeologikoren bat egiten bada ustekabean, kultura arloko eskumenak dituen departamentuari jakinarazi beharko zaio, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 63. artikuluan xedatutakoarekin bat.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek parametro eolikoak neurtzeko dorre bat eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraituz.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, Aire Segurtasunerako Estatu Agentziaren baimena lortu behar da.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.
  • Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita edota kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan ezartzen da lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Mendigorriako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Taldera (“Lizarra 2” barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 19an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2106369