125. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

73E/2021 EBAZPENA, apirilaren 22koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Artaxoako udal-mugartean ongarriak eta konposatu nitrogenatuak fabrikatzeko dagoen instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Ecofert Sansoain SL da.

Instalazio horrek Ingurumen baimen integratua du, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 11ko 6E/2016 Ebazpenaren bidez emana.

2019ko abenduaren 11n, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, hondakinak tunelatzeko inguratzailearen sistema eta lehengaien biltegiratzea aldatzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2019ko abenduaren 26an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez-funtsezkoa” da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “nabarmena” ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.

2020ko otsailaren 10ean, titularrak ingurumen baimen integratuaren aldaketa eskatu zuen, dagokion proiektua egin ahal izateko. Proiektua hau da: batetik, hondakinak tunelatzeko inguratzailearen sistema aldatzea, espigoietatik erdietan plastikoaren estaldura kentzeko; bestetik, lehengai ez-egituratzailearen zati baten biltegiratzea aldatzea, pilaketa usaingabeak eta lehorrak nahasketa nabetik kanpo uzteko.

Titularrak argudiatzen du tunelatze prozesua egokia dela honako egoera hauetan: nahasketaren %60tik gertuko hezetasun egoera batean, lixibatuak kontrolatzeko; plubiometria handia dagoenean, materiala gehiegi hezetzen ez dela bermatzeko, eta ez direla egoera anaerobikoak sortzen; eta zenbait nahasketa prozesatzen direnean, horiek deskonposatzen direnean kiratsa eragiten ahal dutelako, hala nola SANDACH materialekin. Nekazaritzako elikagaien lohien eta egituratzaileen nahasketen kasuan, eta kontuan harturik instalazioaren kokaguneko plubiometria, titularrak frogatzen du behartutako aireztapenaren teknologiak emaitza hobeak eta azken produktu hobea ematen dituela. Era berean, ez da material plastikoko inguratzailea erabili behar ezta isuri kirasdunaren gehitze nabarmenik gertatzen ere.

Proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoko b) atalean sartuta daudenetakoa da eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura erraztua bete behar zuen.

Horrenbestez, prozedura hori bete ondoren, 2020ko abenduaren 14an, Biodibertsitatearen zerbitzuko zuzendari nagusiak erabaki zuen proiektuak ez zuela ingurumen eraginaren ebaluazio prozedura arrunta bete behar, eta ingurumen eraginaren txostena eman zuen, ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik ez duela adierazita. Ebazpen honen III. eranskinean aipatutako txostenaren ondorioa dago.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Jarduera onartutzat jotzen ahal da eskaera, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110. artikuluarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina). Lurzoru urbanizaezinean baimenduta dagoen jarduketa bat denez, hura udalaren eskumenean gelditzen da, eta ez du lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikulua), deusetan galarazi gabe beste organo edo administrazio batzuen lizentzia edo, hala badagokio, baimena lortu beharra, eta baztertu gabe tramite horietan organo eskudunak baloratzea sektoreko araudia eta lurraldearen antolamendurako tresnak betetzen diren.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Artaxoako udal-mugartean dagoen pentsu ongarriak eta konposatu nitrogenatuak fabrikatzeko instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzea, hondakinak tunelatzeko inguratzailearen sistema eta lehengaien biltegiratzea aldatzeko proiektua gauzatzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak Ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Ecofert Sansoain SL da.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ecofert Sansoain SLri, Artaxoako Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Biodibertsitatearen Zerbitzuari.

Iruñean, 2021eko apirilaren 22an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2106625