125. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3/2021 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Nafarroako erbestearen inguruko memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta inskribatzeko prozedurari.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen du Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta haien hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Zehazki, legearen 2.2 artikuluak honako hau ezartzen du: “[...] Era berean, Nafarroako memoria historikoaren tokia da halakotzat deklaratu eta inskribatutako edozein toki, zeina, gertaera haiekin lotura zuzen eta historikorik izan gabe ere, biktimen familiek, memoriaren aldeko elkarteek, instituzioek eta administrazio publikoek gerora sortu baitute errepresio haren biktimentzako oroimen, aitortza eta erreparazio gisa. [...]” Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Memoriaren Institutuaren bitartez, hasiera eman dio Nafarroako erbestearen inguruko memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta inskribatzeko prozedurari, uste duelako halakotzat hartua izateko baldintzak betetzen dituela.

Erbestea da 1936ko estatu kolpeak izan zituen ondoriorik dramatikoenetako bat. Nafarroako Memoriaren Institutuak erbesteratutako nafarren behin-behineko errolda egin zuen, 1.300 pertsona baino gehiago identifikatuta, beren bizitzak eta ondasunak atzean utzi eta ihes egin behar izan zutenak matxinoek etsaitzat hartutakoen aurka piztutako indarkeriatik. Pertsona horietako gehienek era askotako nekeak pairatu zituzten Frantzia hegoaldeko kontzentrazio esparruetatik igarotzean (Gurs-ekoan izan ziren nagusiki) eta, gerora, naziek Frantzia hartu zutenean. Hirurogei inguruk sarraskitze esparruetan bukatu zuten. Batzuk itzuli egin ziren bolada baten ondoren, beste batzuk Amerikara joan ziren eta gainerakoak Frantzian geratu ziren. Baina memoriaguneak gogora ekarri nahi ditu, halaber, elkartasun sareen parte izanik, ihesean zebiltzanei muga zeharkatzen laguntzeagatik beren buruak arriskuan jarri zituzten pertsona horiek guztiak ere.

Memoriagunea eskultura bat da, “Babesaren muga” izenekoa. Mikel Iriarte artistak egin du eta iradokitzen du erbesteratutako pertsona hartu egin dutela sorterritik kanpoko lurralde batean. Gogora ekarri nahi ditu frankismoaren indarkeriatik ihesi joanik erbestera kondenatu zituzten horiek. Era berean, aintzat hartzen ditu ihes egindakoei babesa eta aterpea eman zietenak. 117 zenbakiak Berdaizko lepoko mugarria irudikatzen du (Baztango udal-mugartean), hori izan baitzen erbestera joateko biderik erabilienetako bat. Eskultura hori da memoria historikoaren tokiko oroigarritzat proposatzen den elementua.

Hori horrela, Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatzen du Nafarroako erbestearen inguruko memoriagunea memoriaren toki deklaratzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzea.

Adierazitakoarekin bat, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia naizen aldetik ditudan eskumenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluarekin bat eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 94/2019 Foru Dekretuarekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako erbestearen inguruko memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta inskribatzeko prozedurari hasiera ematea, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan haren prebentziozko idatzoharra egitea, LM-2021-0002 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzak jasota.

2. Prozedurari hasiera emateak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Babes-araubidea mantenduko da deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan utz dezake bertan behera etenaldi hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

3. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen honetatik aurrera zenbatzen hasita. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen zaio ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

4. Ebazpen hau igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Nafarroako Memoriaren Institutura, eta jakinaraztea Baztango Udalari, behar diren ondorioak sor ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, eta jendaurrean jartzea hilabetez, argitaratzen denetik hasita.

Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkez ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzenduta.

Iruñean, 2021eko apirilaren 27an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Martín Zabalza Arregui.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

Nafarroako erbestearen inguruko memoriagunea.

Katastroko erreferentzia:

Bide Publikoa - Santiago karrika, Elizondo (Baztan).

Ondasunaren ukitutako zatiak:

“Babesaren muga” eskultura.

Zehaztapen kartografikoa (IDENA):

–1.51632,43.14623,199.

–1.516295,43.146248,199.

–1.516307,43.146257,199.

–1.516332,43.146249,199.

–1.51632,43.14623,199.

Balioen identifikazioa:

Nafarroako erbestearen inguruko memoriaguneak erbestearen bizipen dramatikoa ekartzen du gogora, ehunka pertsonak bizi behar izan zutena 1936ko uztailean matxinatuek indarkeria zabaldu ondotik. Horietako asko ezin izan ziren sekula bueltatu, eta bizitza berreraiki behar izan zuten beste toki batzuetan, Frantzian eta Amerikan, bereziki. Omentzen dira, orobat, ihesean zebiltzanei muga zeharkatzen lagunduta beren burua arriskuan jarri zuten pertsonak.

Titulartasuna:

Lur-eremuaren jabea:

Baztango Udala.

NANa/IFK: P3105000H.

Eskulturen jabea:

Nafarroako Gobernua.

NANa/IFK: S7124930D.

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:

Neurri orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Zaintzeak bere baitan hartzen du elementu eskultorikoak eta seinaleak zaintzea eta mantentzea.

Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako memoriaren tokien mapan jasoko da.

Kautelazko babes-neurriak:

Ez dira zehaztu.

Iragarkiaren kodea: F2106942