125. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2/2021 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, Loitiko gaineko memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen du Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta haien hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Zehatz esateko, 2.1 a) artikuluak honako hau ezartzen du “[...] halakotzat hartuko dira 1936ko kolpe militarraren ondotik eta haren ondorioz desagerrarazitakoak eta fusilatutakoak ehortzi zituzten hobiak edo ehorzketa-lekuak, kolektiboak nahiz banakoak [...].” Halaber, legearen 2.2 artikuluak honako hau ezartzen du: “[...] Era berean, Nafarroako memoria historikoaren tokia da halakotzat deklaratu eta inskribatutako edozein toki, gertaera haiekin lotura zuzen eta historikorik izan gabe ere, biktimen familiek, memoriaren aldeko elkarteek, instituzioek eta administrazio publikoek gerora sortutakoa errepresio haren biktimentzako oroimen, aitortza eta erreparazio gisa. [...]” Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Memoriaren Institutuaren bitartez, ofizioz hasi du Loitiko gaineko memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta inskribatzeko prozedura, uste duelako halakotzat hartua izateko baldintzak betetzen dituela. Loitiko gaineko bi isurialdeak erailketa askoren lekuko izan ziren 1936ko uztailetik abendura, zehatz esateko, herri hauetan gertatutakoak: Abintzao, Lekaun, Sengaritz, Izko, Alduate, Nardoze, Mugetaxarra eta Tabar. Horietan 69 lagun erail zituzten, gutxienez. Hauek ziren eraildakoen jatorrizko herriak: Oibar, Andosilla, Burlata, Carcar, Kaseda, Galipentzu, Izaba, Irunberri, Miranda Arga, Zangoza, Sause eta Urraulbeiti. Pertsona horiek denak beren jarduera politiko eta sindikalarengatik atxilotu zituzten, eta kasu batzuetan arrazoi hutsalengatik. Heriotza hauek guztiak legezko prozedurarik izan gabe burutu ziren, Nafarroako gainerako tokietan ere gertatu zen bezala, 1936ko uztailaren kolpe militarra gertatu eta gero.

1978tik 1979ra, lehenengo desobiratzeen testuinguruan, familiak hilotzak lurpetik ateratzen saiatu ziren, esaterako Alduaten, 1978ko urrian, edo Lekaun eta Sengaritzen 1979an. 2019ko ekainaren 1ean, Zangozako Udalak, biktimarik eduki zuten udal gehienen eta memoria historikoaren elkarte guztien laguntzarekin, memoriagune bat mustu zuen, biktima horien guztien omenez. Memoriagune honen izena “Loiti ixilpeko hilerria” da. Mikel Iriarte Antxorena eskultoreak egin du eta horixe da memoria historikoaren tokiko oroigarritzat proposatzen den elementua.

Erailketa masiboak izan diren beste toki batzuetan bezala, Loitiko gaineko memoriaguneak galderak egiten dizkio bisitariari, Nafarroak 1936ko estatu kolpearen ondoren bizi izan zuen terrorezko iraganari buruz eta diferente pentsatzeagatik ehunka lagunen kontra egindako garbiketa politikoari buruz.

Hori horrela, Nafarroako Memoriaren Institutuak proposatzen du Loitiko gaineko memoriagunea memoriaren toki deklaratzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzea.

Adierazitakoarekin bat, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia naizen aldetik ditudan eskumenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluarekin bat eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 94/2019 Foru Dekretuarekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Lotiko gaineko memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura ofizioz abiatzea, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan prebentziozko haren idatzoharra egitea, LM-2021-0001 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzak jasota.

2. Prozedura abiatzeak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Babes-araubidea mantenduko da deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan utz dezake bertan behera babes-araubide hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

3. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen zaio ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

4. Ebazpen hau igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Nafarroako Memoriaren Institutura eta Errepideen Zainketa Zerbitzura, eta jakinaraztea Urraulbeitiko Udalari eta Zangozako Udalari, behar diren ondorioak sor ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, eta jendaurrean jartzea hilabetez, argitaratzen denetik hasita.

Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkez ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzenduta.

Iruñean, 2021eko apirilaren 27an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Martín Zabalza Arregui.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

Loitiko gaineko memoriagunea.

Katastroko erreferentzia: 310000000001402267DI.

Kokatze kodea: 2-150-C.

Ondasunaren ukitutako zatiak:

Memoriagunea: trikuharria, harrespila eta plakak.

Zehaztapen kartografikoa (IDENA):

1.3804332664636823,42.65422417990913,641.575.

1.3804428454612134,42.654148895678986,641.594.

1.3803045002886907,42.65413230557408,640.594.

1.3802840747262495,42.65421419039753,640.325.

1.3804302175616088,42.65422413679404,641.575.

Balioen identifikazioa:

Loitiko gaineko memoriagunea proiektu kolektibo bat da, udal eta memoria elkarte askoren inplikazioarekin atera dena aurrera, eta omendu eta oroitu nahi dituena 1936ko kolpe militarra gertatu eta gero Loitiko gaineko bi isurialdeetan izan ziren 69 biktimak (gutxienez 69 izan baitziren). Horrela, izuarekin lotutako toki bati beste esanahi bat ematen zaio, eta memoria toki bihurtzen da, indarkeria auzitan jarri eta hari buruzko gogoeta kritikoa eragiten duena.

Titulartasuna:

Lur-eremuaren jabea:

Urraulbeitiko Udala.

NANa/IFK: P3124200A.

Eskulturen jabea:

Zangozako Udala.

NANa/IFK: P3121600E

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:

Neurri orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Zaintzeak bere baitan hartzen du elementu eskultorikoak eta seinaleztapena artatu eta babestea.

Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako memoriaren tokien mapan jasoko da.

Kautelazko babes-neurriak:

Ez dira zehaztu.

Iragarkiaren kodea: F2106941