125. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

39E/2021 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena: Nafarroako elikagaien artisautza-enpresen elkarteei 2021ean laguntzak ematekoa, nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko. Laguntzak “de minimis” araubidearen araberakoak dira. DDBN identifikazioa: 556988.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta bat etorrita jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluaren arabera, Nafarroak, bere foru antolamenduaren indarrez, eskumen esklusiboa du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloetan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak interes berezia du nekazaritza sektorearen lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko. Horren harira, begi bistakoa da garrantzitsua dela sustapen ekimenak bultzatzea, laguntza ekonomikoen bitartez, nekazaritzako kalitatezko produktuen merkaturatzea hobetzeko. Produktu horien artean daude nekazaritzako elikagaien artisautzatik datozenak.

Nekazaritzako elikagaien artisautza arau bidez onartutako kategoria bat da Nafarroan, zehazki Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza arautzen duen maiatzaren 23ko 103/1994 Foru Dekretuan, uztailaren 29ko 298/1996 Foru Dekretuak eta azaroaren 5eko 318/2001 Foru Dekretuak aldatutako horretan.

Nekazaritzako elikagaien artisau enpresek beraiek izandako ekimenaren ildotik, Nafarroako Foru Komunitateak “Nafarroako Artisautzako Elikagaiak” izeneko marka sortu zuen 2000. urtean, eta horixe da, hain zuzen, dagokion erregistro ofizialean artisautza-enpresa gisa izena emanda dauden enpresen nekazaritzako elikagaiek etiketan daramaten bereizgarria.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iritziz oso garrantzitsua da nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresak diruz laguntzea, ekoizleek eta egileek kalitatezko ekoizpen mota horretan parte har dezaten sustatzeko eta produktu horiek sustatzeak eta merkatuan jartzeak dakarten kostua finantzatzen laguntzeko, kontuan hartuta kontrolatutako eta bermatutako ezaugarri bereziak dituztela eta kalitate handikoak direla, ekoizpen eta prestaketarako arau zorrotzagoen menpe baitaude.

Alde horretatik, Europar Batasunaren helburu eta lehentasunekin bat, Nafarroako nekazaritzako ustiategien eta nekazaritzako elikagaien enpresen bideragarritasuna hobetu nahi da, beste jarduketa ildo batzuekin batera, landa eremuan sare sozial eta ekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarria bermatzeko eta bizi-kalitateko baldintza egokiak eskaintzeko.

Gainera, laguntza publikoak ahalik eta eraginkorrenak izatea ziurtatzeko, komeni da dirulaguntzak bideratzea, bereziki, legez eratuta dauden eta egoitza Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteei.

Ebazpen honetan araututako laguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude; araubide hori Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduan dago jasoa, zeina Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzearen gainekoa baita, “Aplikazio eremua” izeneko 1. artikuluaren c) puntuan ezarritako salbuespenekin bat.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

2. Onestea Nafarroako elikagaien artisautza-enpresen elkarteei 2021ean laguntzak emateko deialdia, nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko. Dirulaguntzak “de minimis” araubidearen menpean daude.

3. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onestea, esteka honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

4. 40.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2021eko ekitaldiko Gastuen Aurrekontuko 720003-72220-4819-413102 partidaren kargura (“(E) Nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteentzako laguntzak”).

5. Deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

6. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko apirilaren 12an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

DEIALDI HONEN OINARRI ARAUTZAILEAK: NAFARROAKO ELIKAGAIEN ARTISAUTZA-ENPRESEN ELKARTEEI 2021EAN LAGUNTZAK EMATEKOA, NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN ARTISAUTZA SUSTATZEKO. LAGUNTZAK “DE MINIMIS” ARAUBIDEAREN ARABERAKOAK DIRA

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

1. Oinarri hauen xedea da arautzea Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza sustatzeko 2021. urteko laguntzak, elikagaien artisautza-enpresen elkarteei zuzenduta.

2. Laguntza hauen helburu nagusia da nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteei laguntza ematea, artisautza produktuen prestaketan eta eraldaketan kalitatea sustatzeko eta ezaugarri bereziak dituzten produktu horiek sustatzeak eta merkatuan jartzeak dakarten kostua finantzatzen laguntzea.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Onuradunak izaten ahal dira legez eratuta dauden eta egoitza Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteak, Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen Erregistroan inskribaturik baldin badaude.

2. Ebazpen honetan ezarritakoaren ondorioetarako, merkataritzako jarduerak eginagatik ere, ateratako irabaziak oso-osorik entitatearen merkataritzakoak ez diren xedeetan inbertitzen baldin badira, entitate horiek irabazi-asmorik gabekotzat hartuko dira.

3. Laguntzen araubide hau Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren menpe dago (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua). (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa).

4. Enpresa bakarrari emandako de minimis laguntza gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da hiru zerga-ekitalditako edozein alditan.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

“Nafarroako Artisautzako Elikagaiak” kalitateko bereizgarriaren babeseko produktuak sustatzeari eta merkaturatzeari lotutako jarduerak, kontzeptu hauetarako, besteak beste:

–“Nafarroako Artisautzako Elikagaiak” markaren plan estrategikoak eta sustapen planak egitea, baita Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautzaren kalitateko bereizgarriaren babesa duten produktuen merkatu-azterketak ere.

–Enpresen artean ezagutzak trukatzeko foroetan eta misio komertzialetan parte hartzea, baita lehiaketa, produktuen erakustaldi eta ferietan ere.

–Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza produktuak sustatzeko ekitaldiak, salmenta-puntuetako ekintzak eta Nafarroako artisautzako nekazaritza elikagaiak saltzeko azokak antolatzea edo bertan parte hartzea.

–Produktu eta ekoizleei buruzko informazioa jasotzen duten argitalpen, katalogo eta liburuxkak editatzea, baita web-orriak ere, kalitateko bereizgarriaren babeseko produktu horien kontsumoa suspertzeko.

–Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza produktuen kontsumoa suspertzen duten publizitate kanpainak, prentsan, irratian, telebistan, Interneten edo beste hedabide batzuetan oinarritutakoak.

–“Nafarroako Artisautzako Elikagaia” kalitateko bereizgarriaren babespeko produktuak ezagutzea eta saltzea sustatzen duten alderantzizko misioak antolatzea.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarritzat jotzen dira “Nafarroako Artisautzako Elikagaiak” kalitateko bereizgarriaren babesa duten produktuak sustatu eta merkaturatzeko jarduketei dagozkienak, hirugarren oinarrian jasotako helburuetarakoak direnak, entitate onuradunek proposatuak eta 2020ko abenduaren 1etik 2021eko urriaren 31ra arte eginak eta ordainduak.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Gastu diruz lagungarrien %50 izanen da laguntza.

6. oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.

1. Ekintzak ebazpen honetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta bertan eta laguntza emateko ebazpenean aurreikusten diren konpromisoak betetzea.

2. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

3. Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.

4. Helburu bereko beste dirulaguntza publiko batzuk eskatu edo jaso badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

5. Jasotzen duen dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.

6. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

7. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea hamar ekitaldi fiskaletan, laguntza ematen den egunetik aurrera.

8. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

9. Dirulaguntza eman dela dioen ebazpena jakinarazi eta handik hilabeteko epean, dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, dirulaguntzaren fitxan dagoen ereduaren arabera; hori guztia, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10. Enpresa deslokalizaziorik ez egitea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16an 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

7. oinarria.–Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Jarduketa deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskabidearekin batera ondoko dokumentu hauek aurkeztuko dira:

1. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa:

a) IFKren kopia

b) Laguntza hauek eskatzeko erabakia jasotzen duen agiria, entitateko buruak sinatua edo legez gaituriko pertsona batek sinatua.

c) Elkarte eskatzailearen estatutuak eta hura eratzeko eskriturak, eta jarduera, bazkideen motak eta kopurua eta helburuak biltzen dituen informazioa.

d) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz kobratuz gero, edo Nafarroako Gobernuak zer kontutan pagatu izan dizkion, kontu hori aldatu nahi izanez gero.

e) BEZa osorik edo hein batean ordaintzetik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria, hala bada.

2. Entitate onuradunari buruzko informazioa, honako alderdi hauen gainean:

a) Zer sektoretan diharduen.

b) Negozio bolumena.

c) Langileen plantilla, kontratu motaren arabera sailkatua.

3. Sustatzeko eta merkaturatzeko jardueren gaineko informazioa:

a) Eginen diren jardueren deskripzioa, egutegia, horiek egiteko arrazoia eta horien balorazio ekonomikoa biltzen dituen memoria. Horretarako, beharrezko aurrekontuak edo proformako fakturak aurkeztuko dira.

b) Hornitzaileak eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu direla frogatzea, edo irizpide horiek aplikatzea galarazten duten arrazoiak, gastuak 12.000 eurotik gorakoak direnean. Horri dagokionez, aurreikusitako gastuen zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada laguntza teknikoko edo aholkularitzako enpresen zerbitzu emateetan, entitate eskatzaileak hainbat hornitzaileri eskatutako eskaintzak aurkeztu beharko ditu. Eskaintza merkeena hautatu ezean, aurkeztutako memorian berariaz justifikatu beharko da.

4. Adierazpenak, baimenak eta ziurtagiriak:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, dioena helburu bererako ez duela bestelako laguntzarik eskatu edo hartu, ez eta eskatuko ere.

b) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean (eskaeraren egunaren aurretik) “de minimis” araubideko laguntza guztiei buruzko idatzizko aitorpena.

c) Onuradun izateko ezarritako debeku egoeretan ez dagoela adierazteko erantzukizunpeko adierazpena.

d) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena:

“Nik, ................................................................, nire izenean/............................................... ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, enpresa kudeaketako planak egiteko nekazaritza kooperatibei ematen zaizkien laguntzak tramitatzeko prozeduran, nik/ordezten dudan entitateak zergen ordainketak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak ditudala/dituela egiaztatzeko”.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebeharrak betetzen direla adierazten duena.

8. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasita.

2. Eskaerak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura zuzendurik, departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahalko dira. Telematika bidez ere aurkezten ahalko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoaren bidez.

3. Horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da eskaera. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da. Harekin batera, zazpigarren oinarrian aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

9. oinarria.–Dirulaguntza nola emanen den.

1. Ebazpen honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Eskaerak baremo honen arabera lehenetsiko dira:

a) Entitate eskatzaileko kide diren artisautza-enpresen kopuruaren arabera:

–30 kidetik goiti: 10 puntu.

–20-29 kide: 8 puntu.

–10-19 kide: 5 puntu.

b) Azpisektoreen arabera:

–Elkarteak hiru azpisektore baino gehiagoko operadoreak ordezkatzen baditu: 5 puntu.

Azpisektoreak Nafarroako Nekazaritzako Artisautzaren berezko araudian jasotzen dira.

c) Jarduketen xedeko merkatuen arabera:

–Espainiatik kanpo egindako jarduera bakoitzarengatik: 10 puntu.

–Nafarroatik kanpo egindako jarduera bakoitzarengatik: 5 puntu.

–Gainerako ekintza orokorrak: 2 puntu.

3. Eskaerek puntuazio bera lortuz gero, 2.a apartatuan puntu gehien duena lehenetsiko da eta, hala ere, berdinketa hausten ez bada, 2.b apartatuan puntu gehien duena.

10. oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da zazpigarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Dokumentazio guztia ez badago, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean osatu dezala, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak dirulaguntza emateko ebazpena proposatuko du.

4. Laguntza eman baino lehen, enpresak aitorpen bat egin beharko du, idatziz edo euskarri elektronikoan, aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unean uneko ekitaldi fiskalean erregelamendu honi edo “de minimis” araubideko beste erregelamendu batzuei loturik jasotako gainerako laguntza guztiei buruzkoa.

5. Araubide honen araberako laguntzak emanen dira behin frogatu ondoren onuradun bati emandako “de minimis” laguntzen zenbateko osoak ez duela gainditzen 200.000 euroko muga hiru ekitaldi fiskaleko edozein alditan eta 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeari buruzko Erregelamendua).

6. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzak emateari buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

7. Prozeduraren gainean ebazteko, 30 eguneko epea izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat jotzen ahalko da, isiltasun administratiboaren ondorioz.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzeko epea eta modua.

1. Dirulaguntzen xedeko jarduketak bukatu ondoren eta, betiere, 2021eko ekitaldiko azaroaren 10a baino lehen, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Laguntzak ordaintzeko eskaera, interesdunak egina.

b) Egindako gastuen fakturak eta ordainagiriak, dirulaguntza eskatzean aurkeztutako aurrekontuaren epigrafeetan arabera multzokaturik eta sailkaturik.

c) Egindako jarduerak deskribatzen dituen memoria, lorturiko emaitzen eta jardueren zabalkundearen balorazioa barne.

d) Diruz laguntzen diren jarduerak egin direla egiaztatzen duten agiriak: memoriak, argazkiak, publizitateko euskarri eta materialak, txosten eta azterlanen kopiak, argitaratutako materiala eta abar.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera egindako egunaren ondoren xede bererako edo “de minimis” araubidearen menpeko beste edozein laguntza eskatu edo jaso izanari buruzkoa.

2. Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuak agiri guztiak ikuskatuko ditu, eta balidatuko du aurkezturiko gastuak hautagarriak direla, frogagiriak baliozkoak direla eta gainerako agiriak aski direla. Halaber, zerbitzu horrek frogagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako dokumentazioa zehazteko, argitzeko edo osatzeko.

12. oinarria.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzatutako aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek, dirulaguntzarik jasotzen badute, informazio hau eman beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuta, eta urteko kontuak, jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek ez dira metatuko Estatuko laguntzekin, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren Estatuko laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek laguntzaren gehieneko intentsitate edo zenbatekoa gainditzen badu, kasu zehatz bakoitzean kategorien arabera salbuesteko erregelamendu batek edo Europako Batzordeak hartutako erabaki batek finkatua.

14. oinarria.–Oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Oinarri hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntza guztiak edo horien parte bat galduko dira eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, deusetan galarazi gabe bidezko diren zehapenak jartzea.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Ebazpen honetan ezarriko laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, tramiteen katalogoan, Nafarroako nekazaritzako elikagaien artisautza 2021ean bultzatzeko nekazaritzako elikagaien artisautza-enpresen elkarteendako laguntzei dagokien fitxan.

Iragarkiaren kodea: F2105853