125. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

330/2021 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez laguntzen deialdi bat onesten baita abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko, 2021ean Nafarroako azienda hazleen elkarteei sostengua emanez. DDBN identifikazioa: 557029.

Europako Batzordearen azaroaren 18ko azken 8143 (2015) betearazpen erabakiaren bitartez, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programa onetsi zen.

Europako Batzordeak, bere onespen horrekin, ez zuen ezarri eragiketa honi eraginen dioten eskaera berririk 10. neurrian; hori dela eta, neurri hori garatzeko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren urriaren 20ko 98/2015 Foru Agindua onetsi zen, erregulatzen dituena laguntza batzuk emateko arauak, hots, Nafarroako azienda hazleen elkarteei sostengua emanez abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzekoak. Foru agindu hori gerora aldatu egin zen, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren maiatzaren 12ko 158/2016 Foru Aginduaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 18ko 261/2018 Foru Aginduaren bidez eta kontseilari beraren abuztuaren 31ko 150/2020 Foru Aginduaren bidez.

Hala ere, laguntzaren denbora esparruari dagokionez, esan beharra dago neurri horretarako laguntzen 2021. urteko deialdiaren onespena sartzen dela Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko abenduaren 23ko 2020/2220 (EB) Erregelamenduaren 1.1 artikuluan. Erregelamendu horren bidez, batetik, zenbait xedapen iragankor ezarri ziren Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren laguntzarako, 2021. eta 2022. urteetan, eta, bestetik, 1305/2013 (EB) Erregelamendua aldatu zen. Honako hau xedatzen da bertan Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako programen iraunaldiaren luzapenari buruz: “LGENFk finantzatutako programen kasuan, 2022ko abenduaren 31ra arte luzatzen da 1303/2013 (UE) Erregelamenduaren 26. artikuluaren 1. apartatuan ezarritako iraunaldia (2014ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra bitartekoa zena)”.

Urriaren 20ko 98/2015 Foru Aginduaren I. eranskinaren 9. artikuluko 4. puntuak dio ezen, elkarte baten kontrol eskema funtsean aldatuz gero, baita adierazleetako bat gauzatzeko kostuak ere, laguntzaren urteko deialdietan zenbateko berriak alda daitezkeela, adierazlea kostu berrira egokitu dadin.

Ebazpen honi, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Ebazpen hau bat dator 2020/2220 (EB) Erregelamenduaren 1.2 artikuluarekin, eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa-agintaritzaren deialdiaren aldeko txostena dauka.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean; foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren. Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta, bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Laguntzen deialdi bat onestea, abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko, 2021ean Nafarroako azienda hazleen elkarteei sostengua emanez.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena egiteko eredua onestea, esteka honetan eskuratu daitekeena:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_C.pdf

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

3. Onuradunak hitz ematen du ez duela enpresa deslokalizatuko, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16an 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Urriaren 20ko 98/2015 Foru Aginduaren I. eranskinaren 9. artikuluko 4. puntuan ezarritako adierazleak aldatzea, haragitarako ardi-azienda autoktonoari eta esnetarako ardi-azienda autoktonoari dagokienez. Hala, laguntzaren gehieneko zenbatekoak honako hauek izanen dira 2021. urterako, jardueraren, espeziearen eta orientazioaren arabera:

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, jardueraren, espeziearen eta orientazioaren arabera

ESPEZIEA ETA ORIENTAZIOA

LIBURU GENEALOGIKOA MANTENTZEA ETA
BALORAZIO GENETIKOA

BALORAZIO MORFOLOGIKOA

ANIMALIAK ERRENDIMENDUEN KONTROLEAN

FILIAZIOAREN KONTROL GENETIKOAK

GERMOPLASMAREN BANKUA

ARRAZAREN HEDAPENA

Haragitarako behi-azienda autoktonoa

3,00 euro abelburuko

10,00 euro abelburuko

10,00 euro abelburuko

10,00 euro abelburuko

3,00 euro dosi bakoitzeko

30,00 euro abelburuko

Haragitarako ardi-azienda autoktonoa

0,40 euro abelburuko

1,00 euro abelburuko

0,75 euro abelburuko

6,00 euro abelburuko

3,00 euro dosi bakoitzeko

6,00 euro abelburuko

Esnetarako ardi-azienda autoktonoa

0,40 euro abelburuko

1,00 euro abelburuko

6,00 euro abelburuko

6,00 euro abelburuko

3,00 euro dosi bakoitzeko

6,00 euro abelburuko

Zaldi-azienda autoktonoa

3,00 euro abelburuko

10,00 euro abelburuko

5,00 euro abelburuko

10,00 euro abelburuko

3,00 euro dosi bakoitzeko

30,00 euro abelburuko

5. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

6. 400.000 euroko gastua baimentzea 2021eko gastu-aurrekontu orokorretako “Abeltzaintza elkarteak, LGP LGENF 2014-2020” izeneko 710004 71310 4819 412200 partidaren kargura.

7. Deialdi honetan aplikatzekoak izanen dira urriaren 20ko 98/2015 Foru Aginduan aurreikusitakoa, zeinaren bidez Nafarroako azienda hazleen elkarteei sostengua emanez abeltzaintzako baliabide genetikoak kontserbatzeko laguntzak emateko arauak ezarri baitziren (foru agindu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren maiatzaren 12ko 158/2016 Foru Aginduaren, urriaren 18ko 261/2018 Foru Aginduaren eta abuztuaren 31ko 150/20202 Foru Aginduaren bidez aldatu zen).

8. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

9. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko apirilaren 9an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2105807