124. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 27a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

18/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 27koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 17/2021 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Maiatzaren 18an onetsi zen Osasuneko kontseilariaren 17/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren maiatzaren 19ko 71/2021 Autoaren bidez, foru agindu hori oso-osorik baimendu zen, salbu eta gurtza-lekuetako edukiera %30era mugatzeari dagokionez.

Aurreko asteekin alderatuta, egoera epidemiologikoak hobera egin du. Zehazki, maiatzaren 17tik 24ra bitarteko astean, 14 eguneko intzidentzia metatua 138,7 da, 7 egunekoa 59,6 da eta ratioa 2,3 da (beheranzko joera du). Oro har, intzidentziak eta ospitaleratzeek behera egiten segitzen dute, batez ere txertatuta dauden taldeetan, baina gainerako taldeetan ere bai. Horrek 2ko alerta mailan (ertaina) jartzen gaitu, beheranzko joeraz. Hortaz, egoki jotzen da neurriak malgutzea, egungo egoera epidemiologikoa kontuan harturik.

Foru agindu honetan malgutzen dira ostalaritza sektorearen eta bingoen eta joko-, apustu- eta jolas-aretoen gaineko neurriak, bai eta ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dauzkaten establezimenduetakoak ere, irekita egoteko gehieneko ordutegiari dagokionez. Era berean, Nafarroa arrisku ertaineko fasean dagoenez, bidezkoa da edukierak eta hainbat neurri malgutzea kultura jardueretako sektorean ere. Halaber, argiago uzten da elkarte gastronomikoei eta peñei buruzko testua. Egiten dituzten jarduera guztietan, jarduera bakoitzerako berariaz hartutako osasun arauak bete beharko dituzte (arau horiek jasotzen dira Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 17/2021 Foru Aginduan). Azkenik, alkohola saltzeko debekuaren ordutegia egokitzen da Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 17/2021 Foru Aginduan merkataritzarako onetsitako ordutegira. Foru agindu horren bidez, ordutegia luzatu zen, 22:00ak arte; ondorioz, debekua 22:00etatik aurrera izan behar da.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 17/2021 Foru Aginduaren 3.1.1 i) eta 3.1.2 i) apartatuak aldatzea. Honela geldituko dira biak:

i) “Ostatuen barnealdeak 23:00etan itxiko dira beranduenez”.

Bigarrena.–Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 17/2021 Foru Aginduaren 19. puntua aldatzea. Honela geldituko da:

19.1. “Zinema-areto, antzoki, auditorium, karpadun zirko eta antzekoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute aurretik esleitutako eserlekuak erabilita, baldin eta gainditzen ez bada areto bakoitzean baimenduriko gehieneko edukieraren %60. Nolanahi ere, gehieneko edukiera ezin izanen da 300 pertsonatik gorakoa izan. 23:00etan itxiko dira beranduenez.

Aire zabaleko esparruetan eta antzeko lokaletan egiten diren jardueretan, eta ikuskizun publikoetarako, josteta edo aisia jardueretarako aire zabaleko establezimenduetan egiten direnetan, edukiera baimendutako gehieneko edukieraren %60 izanen da. Nolanahi ere, gehieneko edukiera ezin izanen da 600 pertsonatik gorakoa izan.

19.2. Debeku da jatea eta edatea 19.1 puntuan aipatzen diren ikuskizun edo jardueretan.

Hala ere, jatea eta edatea baimentzen ahalko da zinema aretoetan. Hori baimentzea erabakitzen duten aretoek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30.

b) Gutxienez bi besaulkiko tartea gorde beharko da bizikidetza-unitateen artean.

c) CO2 neurgailua izan behar da aretoan, eta CO2 kontzentrazioa inoiz ez da izanen 800 ppm-tik gorakoa.

d) Kartelak toki nabarmenean jarri beharko dituzte, maskara uneoro nahitaezkoa dela oroitarazteko, jateko eta edateko unean izan ezik.

e) Trazabilitatea bermatzeko neurri egokiak hartu beharko dira, behar denean bezeroekin harremanetan arin jartzeko.

f) Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute Osasun Departamentuan, bertan jasorik puntu honen baldintzak betetzeko konpromisoa. Adierazpen hori ondoko helbide elektronikora bidali behar dute: direcciongeneralsalud@navarra.es.

19.3. Ikuskizunetarako kafetegiko lizentzia duten establezimenduek hauetako bat aukeratzen ahal dute:

a) Ekitaldiak edo ikuskizunak janaririk eta edaririk gabe egitea. Kasu horretan, baimentzen den edukiera baimendutako gehieneko edukieraren %60 izanen da, foru agindu honen 19.1 puntuan ezarritakoari jarraikiz.

b) Jaten eta edaten bada ekitaldiak edo ikuskizunak diren bitartean, bete beharko dituzte Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 17/2021 Foru Aginduaren 3. puntuan ostalaritza eta jatetxe jarduerarako ezarritako neurriak. Hurrenez hurren, horren 3.1.1 edo 3.1.2 puntuetan jasotako modalitateetako bat aukeratzen ahal dute. Kasu horietan, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute Osasun Departamentuan, bertan jasorik hautatutako aukeraren baldintzak betetzeko konpromisoa (3.1.1eko aukera edo 3.1.2koa). Adierazpen hori ondoko helbide elektronikora bidali behar dute: direcciongeneralsalud@navarra.es.

19.4. Barrualdean 300 pertsona baino gehiago eta kanpokoetan 600 pertsona baino gehiago bildu nahi dituzten jardueretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da”.

Hirugarrena.–Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 17/2021 Foru Aginduaren 23.3 puntua aldatzea. Honela geldituko da:

23. Bingoak eta joko-, apustu- eta jolas-aretoak.

23.3. “Establezimendu horiek 23:00etan itxiko dira”.

Laugarrena.–Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 17/2021 Foru Aginduaren 24.6. puntua aldatzea. Honela geldituko da:

24. Ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dauzkaten establezimenduak.

24.6. “Establezimendu horiek 23:00etan itxiko dira”.

Bosgarrena.–Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 17/2021 Foru Aginduaren 25 j) puntua aldatzea. Honela geldituko da:

25. Elkarte gastronomikoak eta peñak.

j) “Beren lokaletan egiten diren jardueretan beteko dituzte foru agindu honetan, jarduera bakoitzerako atalean, xedatutakoa”.

Seigarrena.–Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 17/2021 Foru Aginduaren 26. puntua aldatzea. Honela geldituko da:

26. Alkoholaren salmenta.

“Debeku da alkohola saltzea 22:00etatik 8:00etara bitarte, publikoari saltzen dioten mota guztietako establezimenduetan, edozein dela ere duten lizentzia, salbu eta lizentzia hauek dituzten establezimenduetan: taberna berezia, ikuskizunetarako kafetegia, tabernak, kafetegiak eta jatetxeak”.

Zazpigarrena.–Foru agindu honek ekainaren 3ra arte egonen da indarrean, egun hori barne, Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 17/2021 Foru Aginduaren indarraldiarekin batera. Foru agindu horrek berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituen Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Zortzigarrena.–Foru agindu hau Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora igortzea, Nafarroako Justiziari jakinaraz diezaion; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bederatzigarrena.–Foru agindu honek 2021eko maiatzaren 28an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 27an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2108700