123. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

DEIALDIA dirulaguntzak emateko 2021eko ekitaldian Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko proiektuak egiteko.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2021eko maiatzaren 3an egindako bilkuran, erabaki hau hartu zuen, besteak beste:

Nazio Batuen Biltzar Nagusiak Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda onetsi zuen 2015eko irailean. Pertsonen, planetaren eta oparotasunaren aldeko ekintza plan bat da, bake unibertsala sendotzea eta justizia eskuragarri izatea xede duena. Besteak beste, herritartasun globalerako hezkuntza aldetzen du, ahalbidetzeko, besteak beste, lortzea ekitate eta justizia sozialeko balioak, bai eta, halaber, gaitasuna generoan, egoera sozioekonomikoan, kulturan, erlijioan, adinean eta bestelako faktoreetan oinarritutako desberdintasunak modu kritikoan aztertzeko ere.

SARS-CoV-2 koronabirusaren (COVIS-19) agerpenak eta munduan barrena izan zuen hedapenak, munduko bazter guztietan eragin larria izan duen pandemia bilakatu arte, ziurgabetasunez beteriko eremu batean kokatzen gaitu; halaber, 2030 Agendarako ere nahigabeko oztopoa izan da, eta arriskuan jar dezake haren ezarpena, bere helburua lortzeko hamar urte falta direnean.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Parlamentuak uste du aurreko bi ekitaldietako bidetik jarraitu behar duela eta, ahal duen neurrian, lagundu behar duela garapen jasangarrirako helburuak lortzen eta mundu zuzenagoa, baketsuagoa, toleranteagoa, inklusiboagoa eta jasangarriagoa eraikitzen.

Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuak txosten bat taxutu du, 2021eko ekitaldian Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdia –bai eta kasuko oinarri arautzaileak ere– onesteari begira. Espedientea txosten juridikoarekin eta Kontu-hartzailetzak egindako gastu-fiskalizazioarekin osatu da.

Horiek horrela, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduko 37. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak honako hau,

ERABAKI DU:

1. 2021eko ekitaldian Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Guztira 57.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako Parlamentuaren 2021eko ekitaldirako gastuen aurrekontuko 48207 “Garapenerako eta elkartasunerako jardueretarako dirulaguntzak” partidaren kargura.

3. 2021eko ekitaldian Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko proiektuak egiteko dirulaguntzen deialdiko oinarri arautzaileak onestea.

4. Erabaki hau eta kasuko eranskinak Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen agintzea.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 3an.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

2021EKO EKITALDIAN GARAPENERAKO HEZKUNTZAKO PROIEKTUAK EGITEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

Lehena.–Xedea eta helburua:

COVID-19aren ondoriozko krisi sanitarioa munduko biztanleria ia guztiari ari zaio erasaten. Gizarte guztien ahuleziaz eta elkarmendekotasunaz oroitarazten digu, eta erantzun globalak ematera behartzen gaitu. Bestalde, aukera ere eman dezake herritarren prestakuntza eta sentsibilizazioa ikuspegi global batetik sustatzeko, pertsona guztiei beren bizilekua gorabehera erasaten dieten mundu-mailako erronken elkarmendekotasunean oinarrituta, haiei aurre egiteko beharrezkoa izaki sektore sozial guztien inplikazioa.

Nafarroako Parlamentuak dirulaguntza-deialdi hau onetsi du, Garapenerako Sentsibilizazio eta Hezkuntzako esku-hartzeak Nafarroan egiteko. Esku-hartzeen helburua izanen da garapen-bidean dauden herrialdeek pairatzen dituzten problemekin zerikusia duten alderdietan eta horien zergatietan sentsibilizatu edo prestakuntza ematea, eta mundu globalizatuari buruzko ulermena erraztea, jarrera kritikoa eta errealitatearekin konprometitua ernaraziz, txirotasunaren aurkako borrokarekiko konpromisoa eta erantzukidetasuna sortuko dituena. Nazio Batuen Batzar Nagusiak Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendan onartu dituen Garapen Jasangarriko Helburuetakoren bat garatu beharko dute esku-hartzeek.

Horretarako 57.000 euro bideratuko dira, Nafarroako Parlamentuaren 2021eko ekitaldirako Gastuen Aurrekontuan berariaz onetsitako partida honetatik: 48207 “Garapenaren eta elkartasunaren arloko jardueretarako dirulaguntzak”.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluarekin bat etorriz, deialdia norgehiagoka-araubidean izapidetuko da.

Bigarrena.–Entitate onuradunak:

Honako betekizun hauek betetzen dituzten entitateak izan ahalko dira dirulaguntzaren onuradun:

–Zein bere izaeraren arabera legez eratutako pertsona juridikoak izatea, eta inskribatuta egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan (AECID).

–Nafarroan egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra izatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan azaltzen diren egoeretako batean ere ez egotea.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluaren arabera, onuradun izan ahalko dira, halaber, elkartuta aurkezten diren entitateak, aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen badituzte eta, betiere, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoa betetzen badute.

Hirugarrena.–Esku-hartzearen betekizunak:

–Helburu gisa edukitzea lehen oinarrian jasotakoa.

–2021eko ekitaldian exekutatzea. Hala ere, dirulaguntzaren xede den jarduna ohikotasunez garatzen den urte-aldia ez datorrenean bat aurrekontu-ekitaldiarekin –esaterako, ikasturtea–, jarduera horretarako dirulaguntzak urte-aldi horretara moldatzen ahalko dira eta, halakoetan, zilegi izanen da jarduera 2022ko ekainaren 30erako amaitzea.

–Jarduerak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan garatuko dira.

–Nafarroako Parlamentuak diruz lagundu beharreko gehieneko zenbatekoa: 11.000 euro.

Esku-hartzearen garapena eraldatu edo zailtzen duten gorabeherak gertatuz gero, zilegi izanen da jarduera horiek egiteko epeak luzatzea. Horretarako, Nafarroako Parlamentuko Erregistro Orokorrean (erregistroa@nafarroakoparlamentua.eus) eskabide-orri bat aurkeztu beharko da, Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari zuzendua, epea luzatzea eskatu eta azaltzen dituena esku-hartzea hasiera batean aurreikusitako epean gauzatu ezinaren arrazoiak. Edonola ere, jarduerak egiteko gehieneko epea 2022ko ekainaren 30ean amaituko da.

Laugarrena.–Dirulaguntzen bateragarritasuna:

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lor daitezkeen beste batzuekin, eta emaileak izan daitezke administrazio publikoak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuk nahiz partikularrak, nazionalak edo nazioartekoak.

Emandako dirulaguntzaren zenbatekoak, bere horretan edo beste erakunde publiko eta pribatu batzuetatik jasotako beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin batera, ezin izanen du ezein kasutan gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea:

Entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskaera bat aurkeztu ahalko du. Eskaeratzat zenbatuko dira bai bakarka aurkeztutakoak bai entitate-elkarte baten parte izanik aurkeztutakoak. Baldin eta entitate batek bakarkako eskaera bat eta beste entitate batzuekiko elkartean eginiko beste eskaera bat aldi berean aurkezten baditu, bi eskaera horiek deialditik kanporatuak izanen dira.

Eskaera Nafarroako Parlamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako erregistroetatik edozeinetan, gehienez ere 15 egun balioduneko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Nafarroako Parlamentuko Erregistroan aurkezteko, seigarren oinarrian adierazitako dokumentazioa posta elektroniko bidez igorri beharko da, digitalki sinaturiko Nafarroako Parlamentuko eskabide orokor batez lagunduta, honako helbide honetara: erregistroa@nafarroakoparlamentua.eus.

Nafarroako Parlamentuko eskabide orokorra Nafarroako Parlamentuaren webgunetik deskargatu daiteke: https://www.parlamentodenavarra.es/eu/contactar.

Seigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Eskabide orokorrarekin batera, entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

I) Dokumentazio orokorra:

a) Deialdian adierazitako eredua (I. eranskina) erabili behar da dirulaguntzaren eskaera egiteko, eta bertan entitate eskatzaileak adierazi behar du bigarren oinarrian ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela.

b) Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziako Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan egindako inskripzioaren ziurtagiria, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean dagoen ordezkaritzaren edo egoitzaren aipamenarekin. Deialdi hau argitaratu baino urtebete lehenago jaulkitakoa izanen da gehienez ere.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, non ziurtatuko baita ezen entitate eskatzaileak bete egiten dituela erakunde onuraduna izan ahal izateaz 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betekizunak (II. eranskina).

d) Entitate-elkarteen kasuan, entitate bakoitzaren dokumentazioaz gain, honako hauek aurkeztuko dira:

d.1) Entitate-elkartearen eratze-agiria. Elkarteak nortasun juridiko berekirik ez badu, eratze-agirian espresuki izendatua agertu beharko da ahalordedun edo ordezkari bakarra, elkarteak onuradun gisa izanen dituen betebeharrak betetzeko ahalorde nahikoak izanen dituena, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitako preskripzio epea amaitu arte elkartea ez desegiteko konpromisoa ere agertu beharko da.

d.2) Honako hau azaltzen duen agiria: elkarteko entitate bakoitzak proiektuaren exekuzioan zer funtzio eta eginkizun hartuko dituen bere gain, elkartearen izenean eta haren kontura; eta elkarteko entitate bakoitzari aplikatuko zaion dirulaguntzaren zenbatekoa.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

f) Dirulaguntza garaiz aurretik ordaintzea zilegi den kasuetako entitateei dagokienez, 9.1 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztuko da.

Eskaerak ez baditu ezarritako betekizunak betetzen, interesdunari aginduko zaio gehienez hamar eguneko epean akatsa zuzendu dezan edo aginduzkoak diren dokumentuak aurkez ditzan. Ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egintzat joko dela, aurrez ebazpena emanda. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan eman beharko da.

II) Baloraziorako dokumentazioa:

A) Bideragarritasuna.

a) Azken lau urteetan administrazio publikoek finantzatutako Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazio proiektuen zerrendadun taula (III. eranskina).

b) III. eranskinean adierazitako dirulaguntzak emateko ebazpenaren kopia.

B) Esku-hartzeari buruzko oroitidazki teknikoa. Berdintasunaren aldeko eta bazterketaren kontrako hizkera erabiliz idatzi beharko da. Pertsonei buruzko datu guztiek sexuaren arabera bereizita egon beharko dute.

C) Esku-hartzeari buruzko oroitidazki ekonomikoa (kalkulu-orrian).

Oroitidazki teknikoa eta ekonomikoa IV. eranskinean jasotako datu-orriari jarraikiz aurkeztuko dira.

Zazpigarrena.–Dirulaguntza emateko prozedura antolatzeko, instruitzeko eta ebazteko eskumena duten organoak:

Nafarroako Parlamentuko Zerbitzu Juridikoetako, Zerbitzu Orokorretako eta Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuetako teknikariek osatutako balorazio-batzordeak antolatuko du prozedura. Kide anitzeko organo horrek ebaluatuko ditu eskaerak, eta haren irizpena loteslea izanen da.

Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzua izendatzen da instrukzio organo. Instrukzio organoak, eskaeren ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen du.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak berariaz hartutako erabakiaren bidez ebatziko da dirulaguntzak emateari buruz, instrukzio organoak proposatutako txostena oinarri hartuta.

Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabete igarotakoan ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu ahalko da.

Zortzigarrena.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Esku-hartzea eskaeran deskribatu duten moduan egitea.

b) Betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela frogatzea Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk jasotzen badituzte, jakinaren gainean jartzea Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzua.

d) Dirulaguntza emateko ebazpena ematen den unean egunean edukitzea beren zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

e) Nafarroako Parlamentuarekin elkarlanean proiektuaren berri zabaltzea, Nafarroako iritzi publikoa garapenerako lankidetzari buruz sentikortzeko.

Egoera sanitarioak ahalbidetzen baldin badu, entitate onuradunei dei eginen zaie Nafarroako Parlamentuak eginen duen ekitaldi publiko batean parte har dezaten. Ekitaldi horretan, entitate onuradun guztiek dirulaguntza duen proiektuaren exekuzioa aurkeztuko dute.

f) Jarduerak egiteko erabiltzen dituzten baliabideetan eta materialetan agerraraztea Nafarroako Parlamentuak finantzatuta eginen direla jarduerak.

g) Organo emaileak egiaztapen eta kontrol jarduketak egin ditzan onartzea.

h) Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, egiaztapen eta kontrol jarduketetarako beharrezkoak izan daitezkeen bitartean.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

j) Entitate onuradunak eman zaion dirulaguntzari uko egitea erabakiz gero, bi hilabeteko epean egin beharko du uko, laguntza eman zaiola jakinarazi zaion egunetik zenbatuta. Uko egitea Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuari zuzenduko zaio, Nafarroako Parlamentuko Erregistro Orokorrean (erregistroa@nafarroakoparlamentua.eus) aurkeztutako idazki baten bidez. Hamaikagarren oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu arren aurrekontuan diru erabilgarri aski ez egoteagatik laguntzarik eskuratu ez duten proiektuei esleitzen ahalko zaie uko eginiko zenbatekoa.

Bederatzigarrena.–Dirulaguntzaren aurrerakina, ordainketa eta justifikazioa:

1. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, baliabide nahikorik ez izatea behar bezala frogatzen duten entitateen kasuan, dirulaguntzaren ordainketa bakarra eta aurreratua eginen da deialdi hau ebazten den unean, diruz lagundutako jarduera behin-behinekoz finantzatzeko.

Horretarako, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioari erantsita, entitatearen edo elkartearen ordezkariak sinatutako ziurtagiria aurkeztu beharko da, jarduera egiteko baliabide nahikorik ez dagoela adieraziko duena.

Gainerako entitateei, diruz lagundutako proiektua amaitutakoan ordainduko zaie dirulaguntza. Aldez aurretik, entitate onuradunak justifikatu egin beharko du egindako jarduera.

2. Esku-hartzea amaitu eta gehienez ere ondoko hilabetean aurkeztuko da justifikaziorako dokumentazioa, eta honako agiri hauek bilduko ditu:

–Esku-hartzearen oroitidazki teknikoa, dagozkion egiaztapen-iturriekin, hala behar denean.

–Oroitidazki ekonomikoa. Bertan esku-hartzearen aurrekontu-betetzea azalduko da, egindako jarduerak eta haien kostua adieraziz.

–Egindako gastu guztien egiaztagiriak. Gastuak frogatzeko, fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dira, edo gainerako frogagiri baliokideak, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo eraginkortasun administratiboa dutenak. Jatorrizkoak izan beharko dute. Instrukzio organoak eginbide-zigilua jarriko die, eta bertan adieraziko da Nafarroako Parlamentuak finantzatu dituela jarduerak.

–Berariazko adierazpena: ea proiektuak beste laguntza edo dirulaguntzarik jaso duen, eta, baiezkoan, jasotako zenbatekoen eta horien iturrien xehetasunak.

Aurkeztutako agirietan oinarrituta, balorazio-batzordeak egin den jardunari eta horren justifikazioari buruzko txosten bat bidaliko dio instrukzio-organoari. Txosten horri jarraikiz, instrukzio-organoak proposamena eginen dio Nafarroako Parlamentuko Mahaiari, exekutaturiko ekintzaren justifikazioa onets dezan, kasua bada justifikazioa onets eta ordainketa agin dezan, edo bestela itzulketa-espediente bati ekitea proposa dezan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluak ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza egiazki ordaintzeko, beharrezkoa izanen da entitateak aurkeztua izatea transferentzia-abonua eskatzeko agiria, diru-sarrera egin behar den banku-entitateak datuz behar bezala beteta.

Hamargarrena.–Dirulagungarri diren gastuak:

–Dirulagungarri diren gastutzat jotzen dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuteaz gain jarduera hura burutzeko ezarritako epearen barruan egiten direnak. Gastu dirulagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

–Deialdi honi dagokionez, ez dira gastu dirulagungarritzat joko inbertsio gastuetara bideratutako diru kopuruak, ez eta zeharkako kostuak edo kudeaketa kostuak ere.

Hamaikagarrena.–Balorazio-irizpideak

Eskaerak 0 eta 100 puntu bitarteko eskalan baloratuko dira, irizpide hauei jarraituz:

I. Esku-hartzearen bideragarritasuna (gehienez 30 puntu).

a) Azken lau urteetan administrazio publikoek finantzatuak izan diren garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioko proiektuak exekutatzen entitate eskatzaileak izandako esperientzia baloratuko da. Proiektuaren kopurua eta haien zenbatekoa hartuko dira kontuan.

–1-4 proiektu bitarte: 2,5 puntu.

–5-7 proiektu bitarte: 5 puntu.

–8-10 proiektu bitarte: 8 puntu.

–10 proiektu baino gehiago: 12 puntu.

Exekutaturiko esku-hartzeen zenbatekoa:

–0-8.000 euro bitarte: 2,5 puntu.

–8.001-30.000 euro bitarte: 5 puntu.

–30.001-80.000 euro bitarte: 8 puntu.

–80.000 euro baino gehiago: 12 puntu.

Bi apartatu horietan lorturiko puntuazioa 1,25ekin biderkatuko da, baldin eta esku-hartzea Nafarroako Parlamentuak aurreko bi ekitaldietako edozeinetan finantzatua izan bazen.

Balorazioa egiteko, proiektu exekutatuak III. eranskina betez deklaratu beharko dira (eranskin horretan adierazitako informazioaz bestelakoak ez dira kontuan hartuko). Gainera, deklaratutako jarduketek puntuak izan ditzaten, haien frogagiriak helarazi beharko dira, haien ebazpenaren kopia edo dokumentu baliokidea atxikiz.

II. Pertinentzia (10 puntu gehienez):

Proiektuak zer-nolako ekarpena egiten dion Covid-19aren pandemia eremu geografiko eta sozial ezberdinetan izandako eragin sozial eta ekonomikoaren ulermenari; batik bat, zaurgarritasun handieneko egoeran dauden pertsonei dagokienez. Helburua da pandemiari aurre egiteko elkartasun-jarduerak, herritarren erantzukidetasunekoak eta indartze sozialekoak sustatu eta garatzea.

III. Proiektuaren kalitatea (45 puntu, gehienez):

a) Proiektua gauzatuko den egoeraren eta ingurunearen azterketa: (10 puntu, gehienez).

b) Helburuaren, emaitzen eta jardueren koherentzia: (10 puntu, gehienez).

c) Adierazleak eta egiaztapen-iturriak: (10 puntu, gehienez).

d) Herritarrek parte hartzea eta boluntariotza sustatzea: (5 puntu, gehienez).

e) Genero-ikuspegia jasotzea (10 puntu, gehienez).

Proiektua lagungarria da emakumeen eta haiek munduan duten kokalekuaren ikusgaitasunerako; gaitasunen sendotzea eta emakumeen autonomia sustatzen ditu.

IV. Aurrekontuaren deskribapena: (15 puntu, gehienez).

–Aurrekontua deialdian jasotakoari egokitzea: (5 puntu, gehienez).

–Gastu-beharren justifikazioa: Giza baliabideak, baliabide materialak... (10 puntu, gehienez).

Ez dira baietsiko 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerak.

Eskatutako dirulaguntza bera emanen da. Lehentasun-ordena ezarriko da lortutako puntu kopuruaren arabera, eta dirulaguntzak esleituko dira harik eta aurrekontu-izendapenaren mugara iritsi arte. Prozedura horren arabera dirulaguntza lor dezakeen azken proiekturako eskatutako diru kopurua handiagoa bada haren finantzaketarako eskueran dagoen diru kopurua baino, instrukzio organoak zilegi izanen du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20. bis artikuluan ezartzen denari jarraituz, onuraduna premiatzea bere eskaera birformula dezan, konpromisoak eta baldintzak eman daitekeen dirulaguntzara doitzeko.

Hamabigarrena.–Errekurtsoak:

Deialdi hau oinarri arautzaile hauen bidez eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren bidez arautzen da.

Deialdi honen aurka errekurtso hauek jartzen ahalko dira:

–Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Nafarroako Parlamentuko Mahaiari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo horretako salan, bi hilabeteko epean, deialdi hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

ESKAERA EREDUA

I. eranskina.–Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazio proiektuetarako dirulaguntzaren eskaera. 2021eko ekitaldia.

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

III. eranskina.–Garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazio proiektuetarako dirulaguntzaren eskaera. 2021eko ekitaldia.

IV. eranskina.–Datu-orria.

Eranskinak deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2107597