123. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA

Deialdia, mugikortasuneko ikuskatzaile laguntzaile 4 lanpostu oposizio bidez betetzeko

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2021eko maiatzaren 3an emandako ebazpenaren bitartez, honako deialdia onetsi zuen hurrengoaren arabera:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Mugikortasuneko Ikuskatzaile Laguntzaile 4 lanpostu, funtzionario araubidekoak eta D mailakoak, oposizio bidez betetzea, Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritu daitezen.

1.2. Plazak, Udaleko Proiektu Estrategikoetako eta Herritarren Segurtasuneko Alorrari atxikiak eta 407.100-1, 407.100-2, 407.100-3 eta 407.100-4 zenbakiekin identifikatuak plantilla organikoan, honako txanda hauetan banatuko dira:

–2, txanda irekian.

–2, igoera-txandan.

1.3. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren lanpostuak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, baldin eta igoera-txandan probak gainditzen dituzten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horretako probak gainditu eta plazarik gabe gelditutako izangaiak lehian arituko dira txanda irekiko izangaiekin txanda horretako lanpostuetarako, betiere lortzen duten bukaerako puntuazioaren arabera.

Halaber, txanda irekiko lanpostu hutsetarako lehiatzen ahalko dira, aurreko paragrafoan zehaztutako eran, deialdiaren 8.1 oinarrian aipatutako agiriak aurkezteko epea amaitutakoan deialdi honetako 2.1.2 oinarrian berariaz ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten igoera-txandako izangaiak.

1.4. Izendapenak eta lanpostuaz jabetzeak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko dituzte izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko zaie, eta alta emanen bertan, aipatu araubide horretan aurreikusitako babesaren pean.

Aurrekoa gorabehera, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko Bederatzigarren Xedapen Gehigarriaren 3. puntuan ezarritakoarekin bat, baldin eta Montepio bateko eskubide pasiboen araubidean afiliatuta badaude, aukeratzen ahalko dute Montepio horretan geratzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legeak araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

2.–Betekizunak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte oposizio honetan onartuak izateko:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharreko betekizunak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio langileen zirkulazio librea aplikagarria duen eremuko estatu batekoa.

Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunak sinatutako beste estatuetako nazionalitatea duten herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude, eta, orobat, beren ondorengoek eta ezkontideenek –zuzenbidez bereizita ez badaude–, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak izanda haien kargura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

c) DBH titulua, Eskola Graduatua edo horietako baten baliokidea den titulu bat edukitzea, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian eskuratutako titulazioen kasuan, dagokien baliozkotzea edo, bestela, horren homologazio-egiaztagiria eduki beharko dute.

d) Behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituzten eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea, ezta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizita ere.

2.1.2. Berariazko betekizunak igoera-txandako izangaiendako.

Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betekizunez gain, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea, eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea igoera zein lanpostutatik egin nahi den eta horretan.

b) Deitutako lanpostu hutsen maila berekoak edo beheragoko batekoak izatea.

c) Administrazio Publikoetan 5 urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideak, horiek zortzi urtez benetan zerbitzu emanak eduki beharko baitituzte kidego horietan.

2.2. Betekizun horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean beteta eduki beharko dituzte izangaiek, eta lanpostuaren jabetza hartu arte bete.

Aurrekotik salbuetsita dago, igoera txandako izangaiei dagokienez, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintza. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dute baldintza hori, bai eta deialdiaren 8.1 atalean agiriak aurkezteko aurreikusten den epea bukatzen denetik lanpostuaren jabetza hartzeko unera arte ere.

2.3. Aurreko betekizun horiek izendatuak izateko proposatutako izangaiek egiaztatu beharko dituzte deialdi honen oinarriek zehazten duten unean.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren edozein erregistrotan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabilita, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

Eskabideak I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaizkio. Eredu hori eskuragarri egonen da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta bulegoetan eta Interneten, www.pamplona.es/eu webgunean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

3.2.1. Ziurtagiria, izena emateko eskubide tasa dela-eta 10 euro Iruñeko Udalari ordaindu izana egiaztatzeko. Tasa hori ordaindu ezean, izangaia bazterturik geldituko da.

Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa Iruñeko Udalak honako finantza-entitate hauetan dituen kontuetan ordaindu daiteke, haietan dirua sartuz edo haietara banku-transferentzia eginez: Caixabank (ES04 2100 2173 8102 0022 2762), Laboral Kutxa (ES22 3035 0039 3403 9090 0005) eta Nafarroako Rural Kutxa (ES07 3008 0001 1411 0344 7429). Edo, bestela, Udaleko Diruzaintzan (Merkatuko kalea 7-9, 2. solairua). Ordainagirian honako datu hauek adierazi beharko dira, nahitaez:

–Izangaiaren izen-abizenak.

–NAN / IFZ.

–Ordainketa zein kontutan egin den eta horren zenbakia.

–Kontzeptua: Mugikortasuneko Ikuskatzaile Laguntzaile aritzeko deialdia.

3.2.2. Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak gehitu beharko dizkiote eskaerari, baldin eta Iruñeko Udala ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira.

3.2.3. Eskabidearekin batera, desgaitasun bat aitortua duten izangaiek hori frogatzeko agiria –organo eskudun batek emana– aurkeztu beharko dute. Halaber, denboraren eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte –beharrezkotzat joz gero–, eskabidean bertan adierazita, eta, horrez gain, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer-nolako desgaitasuna duten, eta eskatutako egokitzapenak.

3.2.4. Agiri horiek aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuak izanen, eta ordura arte haiek gauzatutako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

3.2.5. Nahikoa izanen da agirien kopia sinpleak aurkeztea; hala ere, emandako datuak edo agiriak okerrak edo faltsuak badira, horrek berekin ekarriko du halako kasuetarako ezarritako erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak eskatzea.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideetako zuzendariak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek aukera izanen dute hamar egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta, erreklamazioak aurkezteko edo, hala behar izatera, egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Behin erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haien gainean ebatzitakoan, Giza Baliabideetako Zuzendariak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa-eskubideak itzuliko, baldin eta baztertuak izan badira beraiei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik ebazpen honen bidez egindako deialdian abiatutako prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Arancha Carrero Cabezas, Iruñeko Udaleko Proiektu eta Obretako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorreko idazkari teknikoa.

Epaimahaiburu ordezkoa: Alejandro Astibia Bruno, Iruñeko Udaleko Proiektu eta Obretako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorreko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Judit Blanco Santamaría, Iruñeko Udaleko Aparkaleku eta Pasabideen Zerbitzuko arduraduna.

Epaimahaikide ordezkoa: María Isabel Gómez Jiménez, Iruñeko Udaleko Mugikortasun Zerbitzuko arduraduna.

Epaimahaikidea: Cristina Méndez Villalpando, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorreko arkitekto teknikoa.

Epaimahaikide ordezkoa: Pedro María Recarte Gaztambide, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorreko arkitektoa.

Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Epaimahaikide ordezkoa: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat, Batzordeak berak izendatua.

Idazkaria: Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikari bat.

Idazkari ordezkoa: Iruñeko Udaleko Giza Baliabideetako teknikari bat.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute, edo, hala behar izatera, haien ordezkoek, kontuan harturik ordezko izan daitezkeela, baita ere, epaimahaikide ordezko gisara izendatutakoak, bigarren ordezpena egitea beharrezkoa izanez gero.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hori jakinarazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errefusatzea, aipatu inguruabar horiek gertatzen badira.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa 2021eko irailetik aurrera hasiko da.

6.2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko emanen den ebazpenean zehaztuko dira oposizioko lehen proba egiteko tokia, eguna eta ordua.

Oposizioko proba bakoitzaren kalifikazio-aldia amaitutakoan, Epaimahaiak argitaratuko ditu, Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) eta iragarki-taulan, proba gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioarekin batera, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, betiere, gutxienez, hura egin baino 48 ordu lehenago.

Oposizioko probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela azalduko dira haietara. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.3. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiaren II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eginen dira.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egin bitartean, beharrezko egokitzapenak ezarriko dira, probak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik, desgaitasuna aitortua eduki eta eskabidean halakorik eskatu duten izangaiendako.

6.4. Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:

6.4.1. Lehen proba.

Ariketa teorikoa da, eta izangaiek deialdi honen II. eranskinean jasotako gai-zerrendaren gaiei buruzko 100 galdera -test modukoak- gehienez erantzun beharko dituzte idatziz, gehienez ere 120 minutuko epean. Galdera bakoitzak erantzun posible batzuk izanen ditu aukeratzeko, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Proba egin aurretik zehaztuko dira hori baloratzeko irizpideak eta nola zigortu akatsak erantzunetan hainbat aukera dituzten galderetan.

Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu eskura daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan gutxienez ere 15 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

6.4.2. Bigarren proba.

Ariketa teoriko-praktikoa da, eta izangaiek idatziz garatu eta ebatzi beharko dituzte deialdi honen II. eranskineko gaitegian jasotako gaiei buruz Epaimahaiak proposatutako galderak eta kasu praktikoak. Epaimahaiak ariketaren hasieran zehaztuko du izangaiek zenbat denbora izanen duten ariketa egiteko.

Bigarren ariketa honetan gehienez ere 50 puntu eskura daitezke. Proba gaindituko dute proban, oro har, gutxienez 25 puntu lortzen dituzten izangaiek.

6.4.3. Hirugarren proba. Proba psikoteknikoak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko saileko langileek eginen dituztenak; ez dira baztertzaileak eta izangaiek lanpostua betetzeko dituzten gaitasunak baloratuko dituzte. Ariketa honetan gehienez ere 20 puntu eskura daitezke.

6.5. Probak egiteko behar diren materialak Epaimahaiak zehaztuko ditu eta behar besteko denboraz jakinaraziko ditu www.pamplona.es helbidean.

Oposizioko bigarren proba plika-sistemaren bidez eginen da.

6.6. Behin proba bakoitza amaituta, Epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) argitaratuko ditu izangaiek eskuraturiko puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea emanen du interesdunek erreklamazioak egin ditzaten eta eskubidez komeni zaien guztia alega dezaten balorazioei buruz.

7.–Gainditu dutenen zerrenda.

7.1. Behin hautaprobak bukatuta, kalifikazio-epaimahaiak Iruñeko Udalaren webgunean (www.pamplona.es) eta iragarki-taulan argitaratuko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, txandetan banatuak eta eskuratutako puntuazio-hurrenkerarekin bat, eta zerrenda hori Giza Baliabideetako zuzendariari bidaliko dio, betekizunak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak aukeratzeko izapideak egin ditzan.

7.2. Amaierako emaitzetan puntu berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntuazio handiagoa lortzen dutenen alde ebatziko da, eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, zozketa bakar batez ebatziko da horretarako deituko den ekitaldi publikoan. Abezedarioko bi letra aterako dira ausaz, eta berdinketak lehen abizenaren hurrenkera alfabetikoaren arabera ebatziko dira, lortutako bi letretatik abiatuta. Ondorio horietarako, “ZZ” letren ondoren “AA” letrak joanen dira. Haren lehen abizena hasierako bi hizkiekin hasten den izangairik ez badago, kontuan hartuko da zer abizen dagoen hurrengoa hurrenkera alfabetikoan. Zozketaren emaitzak Iruñeko Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko dira.

8.–Betekizunen egiaztapena eta lanpostu hutsen hautaketa.

8.1. Giza Baliabideetako zuzendariak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek aurkez ditzaten, horretarako ezarriko den bidea baliatuta, bete beharreko baldintzak egiaztatzeko agiri hauek:

a) Deialdiaren 2.1.1.c) oinarrian eskatutako tituluetako baten fotokopia konpultsatua edo hura erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena, edo, bestela, eskaera aurkezteko epea amaitu baino lehenago hura lortzeko egoeran egotearen gaineko ziurtagiria.

8.2. Behin izapide hori bete ostean, Giza Baliabideetako Zuzendariak lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen du, eta horretarako argitara emanen ditu hautatu beharreko lanpostu hutsak –haien kopurua handitzen ahalko da, gerora onets daitezkeen lan-eskaintza publikoei jarraikiz–, izangaien zerrenda -lanpostu hutsak hautatzeko puntuazio-ordenaren arabera daukaten lehentasun-hurrenkerarekin bat eta txandetan banatuak- eta lanpostu hutsak hautatzeko izangaiei ematen zaien epea.

Informazio hori Udalaren webgunean argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek adierazi beharko dute, horretarako zehaztutako epean, deitutako lanpostuetatik zein nahiago duten.

8.3. %33ko edo hortik goragoko desgaitasun aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurrean, kontuan hartu gabe zein txandatan aritu diren.

Aurrekoa gorabehera, baldin eta aipatu desgaitasuna duten izangaiak egon eta horrek eragina badu lanpostu hutsetako eginkizunak betetzeko baldintzetan, hautaketa egin baino lehen eskainiko zaizkie haien desgaitasuna kontuan harturik egokien direnak, horri buruz balorazio eta orientazio talde eskudunak ematen duen txostenarekin bat.

Bestalde, probak igoera-txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute txanda libreko izangaien aurrean deialdi honetako lanpostu hutsak aukeratzeko, desgaitasuna duten izangaiendako kontuan hartutako salbuespen-kasuan izan ezik.

9.–Izendapen-proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, Epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izendapen-proposamena, probak gainditu dituzten izangaien alde, deialdian zenbat lanpostu eskaini eta horren arabera.

Izendapen-proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da.

9.2. Proposatzen diren izangaiek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez, izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

9.2.1. Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikoek egindako txostena, lanpostuaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatuta.

c) Zinpeko deklarazio bat edo deklarazio solemnea, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazirik.

d) Zin egiteko edo hitza emateko agiria Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela adierazita.

9.2.2. Deialdi hau egin duenaz besteko Nafarroako administrazio publiko bateko langile finkoak izanda igoera-txandan parte hartzen duten izangaiek, aurreko ataleko dokumentazioaz gain, haien jatorrizko Administrazioan jardunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

9.2.3. Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdi honetako xede den lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatzen duen agiria ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek, eta espedienteari erantsiko zaio.

9.3. Agiri horiek aipatu epean –salbu behar bezala justifikatuta egon behar duten ezinbesteko kasuetan– aurkezten ez dituztenak eta deialdiaren 2. oinarrian eskatutako betekizunen bat betetzea egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatuak izan, eta haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko dira, betiere ezertan galarazi gabe haien eskabideetan egindako faltsutasunarengatik legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Tokiko Gobernu Batzarrak oposizioa gainditu dutenen zerrendan, hots, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin beteko du hutsunea, halako eran non, horri dagokiolarik, aurreko ataletan adierazitako prozedurari berari jarraituko baitzaio.

9.5. Deialdiaren xedezko lanposturako betekizunak eta baldintzak egiaztatzekoak ez diren baina Iruñeko Udalak bere eskumenak gauzatuz eska dezakeen beste edozein agiri, proposatutako izangaiari eskatuko zaio eta hark aurkeztuko du deialdiaren 9.2. zenbakian ezarritakoarekin bat.

10. Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak, erabaki bidez, Iruñeko Udaleko funtzionario izendatuko ditu, lanpostuetan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie, erabaki bidez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiei.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izendatutako izangaiek hilabeteko epea izanen dute lanpostuaz jabetzeko, izendapena noiz jakinarazi eta hortik aitzina.

Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez dutenek Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, deialdiaren 9.4. zenbakian ezarritakoari lotuko zaio.

10.3. Izangaiak funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta beraiek eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaie lanpostuaren jabetza hartzen duten egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuan kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 zenbakian xedatzen den moduan beteko da.

10.4. Aurreko bi puntuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua, eta funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.

11. Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak eman beharreko ebazpenen eta jarduketen gaineko informazioa zein interesdunendako jakingarriak izan daitezkeen argibide orokor guztiak Iruñeko Udalaren iragarki-taulan eta www.pamplona.es webgunean argitaratuko dira.

12. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorrita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin, oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, eta 2017-2019ko aldirako Iruñeko Udaleko zein haren menpeko erakundeetako funtzionarioen eta administrazio-araubidean kontratatutako langileen lan-baldintzei buruzko Hitzarmenaren III. eranskinean jasotako prozedurarekin –non arautzen baita Iruñeko Udaleko langileen administrazio-araubideko kontratazioa–, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek eratuko dira, hautaketa-prozesuan parte hartu eta bertan lanposturik eskuratu ez duten izangaiekin:

–Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

–Lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez, baina hautaprobetakoren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

12.2. Giza Baliabideetako zuzendariaren Ebazpenaren bidez hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpen hori jakinarazi eta biharamunetik aitzina, hautapen-prozesuan plazarik lortu gabe oposizioa gainditu duten izangaiei eta deialdi honen hautaprobaren bat gainditu dutenei, jarraian adierazten diren agiriak aurkezteko:

–Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluen agiri originala edo administrazioak edo notarioak konpultsatutako kopia, edo horiek erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena.

Ebazpen hori argitara emanen da, dagokien langileen zerrendekin batera, Iruñeko Udalaren webgunean eta iragarki-taulan.

12.3. Adierazitako epearen barnean eskatutako agiriak aurkezten ez dituztenak zein eskatutako betekizunak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe parte-hartzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik legokiekeen erantzukizuna.

12.4. Eskatutako betekizunak sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea noiz bukatu eta egun horretan bete behar direla ulertuko da, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio-aldiak iraun bitartean.

12.5. Behin agiriak aurkezteko epea amaituta, Giza Baliabideetako zuzendariak eman beharreko ebazpenaren bidez onetsiko dira, halakorik balitz, aldi baterako kontratazioko honako izangai-zerrenda hauek -eta argitara emanen dira Iruñeko Udalaren Iragarki-taulan (Udaletxe plaza, Udaletxeko atzealdean) eta Udalaren webgunean-:

a) Lanposturik lortu gabe gainditu duten izangaien zerrenda.

b) Lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez, baina hautaprobetakoren bat gainditu duten izangaien zerrenda.

12.6. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazio altuenaren araberakoa izanen da izangaien hurrenkera. Halaber, lanposturik lortu gabe oposizioa gainditu ez dutenen izangaien hurrenkera, gainditutako proba-kopuru handienaren arabera zehaztuko da, lehenik eta behin, eta, bigarrenik, gainditutako probetan guztira lortutako puntuaziorik altuenaren arabera.

Izangaiek lortutako puntuetan berdinketarik bada, deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat ebatziko dira.

13. Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aitzina kontatuta.

Deialdi honen nahiz haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Udalaren webgunean argitaratuko dira hala jarritako errekurtsoak nola haien gainean emandako ebazpenak, hautapen-prozesu honetako interesdunei jakinarazteko eta deia egiteko.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 3an.–Batzarreko idazkaria, Ana María Elizalde Urmeneta.

I. ERANSKINA

Eskabidea, mugikortasuneko ikuskatzaile laguntzaile 4 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian parte hartzeko (PDFa).

II. ERANSKINA

Gaitegia

1. gaia.–Iruñeko Udala. Egitura eta antolaketa administratiboa. Udal-alorrak: egitura generikoa eta eginkizunak. Gobernu-organoak: Osoko Bilkura eta Gobernu Batzarra. Batzordeak. Osoko Bilkuraren erregelamendu organikoa.

2. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: xedapen orokorrak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Eskubideak eta betebeharrak.

3. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

4. gaia.–Iruñeko Udalaren Mugikortasuneko Ordenantza.

5. gaia.–Zirkulazioa erregulatzen duten arauak eta seinaleak. Hiriko informazio-seinaleetarako gomendioak.

6. gaia.–Bide-marrak. Xedea. Ezaugarri fisikoak. Kolorea. Erreflektantzia. Materialak. Bide-marra motak: luzetarakoak, zeharkakoak, geziak, inskripzioak eta beste marka batzuk.

7. gaia.–Semaforoaren erregulazioa. Xedea. Semaforo motak: oinezkoentzat erreserbatuak, zirkularrak ibilgailuentzat, karratuak edo erreikoak, ibilgailu jakin batzuentzat erreserbatuak. Teknologia desberdinak. Semaforodun bidegurutze bat erregulatzea: elementuen deskribapen fisikoa; kokapena bidean; fase, ziklo eta libre uzteko kontzeptuak. Instalatzeko irizpideak.

8. gaia.–Semaforoz kontrolatutako bidegurutzeak. Erdi kontrolatutako bidegurutzeak. Erabat kontrolatutako bidegurutzeak. Bidegurutzeen arteko sinkronizazioa. Semaforoz kontrolatutako bidegurutzeen ibilgailu-edukiera. Zirkulazioaren erregulazioa eta kontrola zeharbideetan.

9. gaia.–Arau-hausteak atzemateko sistema teknologikoak: zinemometroak, argazki-gorria. Matrikula-irakurgailuak: aplikazioak. Informazioaren tratamendua eta arau-hausteen kudeaketa.

10. gaia.–Lanerako mugikortasuna. Lanerako garraio-planak. Aurreikusten diren neurri nagusiak. Arrakastarako funtsezko elementuak. Prestatzeko eta ezartzeko metodologia.

11. gaia.–Eskolarako bide seguruak. Ezartzeko metodologia. Eskolako mugikortasuna aztertzeko tresnak. Eskolako ingurunea aztertzeko tresnak. Proiektuaren ebaluazioa.

12. gaia.–Iruñeko Bidegorrien Plana 2017-2022 aldirako. Bizikleta-bideen tipologiak. Ziklo-sarea egituratzeko esku-hartze irizpideak. Ibilbideen hierarkizazioa. Diseinu-irizpideak.

13. gaia.–Bizikleta-aparkalekuen sare publikoa (txandakakoak). Kokalekuak. Tarifak. Erabilera arauak. Aparkalekuetara sartzeko alternatibak.

14. gaia.–“Bizikleta Eskolan” hezkuntza-programa. Metodologia eta lan-saioak. Ikasle talde hartzaileak.

15. gaia.–Bizilagunendako bizikleta-aparkaleku publikoak. Kokalekuak eta ezaugarriak. 15. araua, prezio publikoa arautzen duena. Erabilera arautzen duen ordenantza.

16. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: III. Titulua, 2. Kapitulua, 1., 4., 5. eta 6. atalak.

17. gaia.–142/2004 Foru Dekretua, abuztuaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena. I. eta II. eranskinen 2. kapitulua: eraikinaren baldintzak. Garajeak.

18. gaia.–49/1960 Foru Legea, uztailaren 21ekoa, jabetza horizontalari buruzkoa.

19. gaia.–20. Ordenantza fiskala, ibilgailuak espaloietan barna sartzeko eta eremu publikoa aparkaleku esklusibo gisara erabili, ibilgailuak gelditu eta edozein motatako salgaien zamalanak egite aldera tokia erreserbatzeko ordaindu beharreko tasak arautzen dituena.

ITC-BT 52: birkargatzeko puntuak. Aplikazio-eremua. Gutxieneko zuzkidura.

20. gaia.–DBSI (Sute-kasuetarako segurtasunari buruzko Oinarrizko Agiriak) Eraikigintzaren Kode Teknikoa: DBSI -1: barrualdean hedatzea. DBSI -3: eraikinean daudenak ebakuatzea. DBSI -4: suteen aurka babesteko instalazioak.

21. gaia.–DBSUA (Erabilera- eta irisgarritasun-segurtasunari buruzko Oinarrizko Agiriak) Eraikigintzaren Kode Teknikoa: DBSUA-1: zoladuren irristakortasuna. DBSUA-2: segurtasuna inpaktu- edo harrapatze-arriskuaren aurrean. DBSUA-4: argiztapena. DBSUA-7: segurtasuna mugitzen ari diren ibilgailuek eragindako arriskuaren aurrean. DBSUA-9: aparkatzeko toki irisgarriak.

22. gaia.–Eraikuntzako patologiak: hezetasunak, estaldurak, pinturak, zoladurak.

Iragarkiaren kodea: L2107596