122. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTSAGABIA

Ordenantza, Eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Otsagabiko Udalak, 2021eko urtarrilaren 28an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea honako ordenantza hau:

–Eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak ematea arautzen duen udal ordenantza.

Iragarkia 2021eko 35. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 15ean, baita iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurrean egoteko epea iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da eta argitaratzen da.

Argitara ematen da orok jakin dezan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Otsagabian, 2021eko apirilaren 12an.–Alkate udalburua, Mikel Aoiz Iriarte.

ORDENANTZA, ERAIKINAK LEHEN ALDIZ ERABILI EDO OKUPATZEKO LIZENTZIAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

Xedea

1. artikulua. Ordenantza honek eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzietarako baldintzak eta prozedura ezartzea du xede, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190.2.h artikuluan xedatuarekin (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina).

Eraikinak

2. artikulua. Ordenantza honetan eraikintzat hartzen dira oin berriko obrak eta, haiekin batera, lehengo eraikinak handitu edo haien egiturak eraberritzetik sorturikoak; betiere, hirigintzako lizentziaren baten babesean eginik.

Helburua

3. artikulua. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak honako helburu hau baino ez du:

a) Eraikin egin berria eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren arabera eta bere garaian emandako hirigintzako lizentziaren baldintzak betez egin direla egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Eraikitzaileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, lehengoratu dituela ziurtatzea.

Lizentzia eskatzea

4. artikulua. 1. Obrak burututa, eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentzia eskuratzeko interesa dutenek eskaera aurkeztuko dute, Otsagabiko Udaleko alkateari zuzendua; eskaerak honako datu hauek izanen ditu:

a) Interesdunaren izen-deiturak, edo ordezkariarenak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, hura argi eta garbi adierazi beharko da.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo ordezkariaren sinadura.

2. Interesdunek eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Oin berriko obra, egitura eraberritzeko obra edo handitzeko obra egiteko aginduzko lizentziaren fotokopia.

b) Obrak burutu direla dioen ziurtagiria, eta, hala bada, urbanizazioarena, onetsitako proiektu teknikoaren araberakoa; hura teknikari eskudunak emanen du eta bertan higiezinak okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen direla adieraziko da, egindako obren dokumentazio grafiko eta fotografikoarekin batera.

c) Hiri-lurreko ondasun higiezinen gaineko zergan alta eskatu izanaren ziurtagiria.

d) Udal tasa ordaindu izanaren ziurtagiria.

Lizentzia emateko organo eskuduna.

5. artikulua. Lizentzia emateko eskumena alkateari dagokio.

Prozedura

6. artikulua. Interesdunak eskaturik prozedura hasi ondoan, Alkatetzak honela jokatuko du:

1. Udalaren Zerbitzu Teknikoei txostena eskatuko zaie, eta hartan adieraziko da: obrak proiektu teknikoaren eta eman hirigintzako lizentziaren arabera egin diren; obren ondorioz ukituta geratu ahal izan diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua berriro jarri diren; segurtasunaren, higienearen eta apainketa publikoaren baldintzak betetzen dituen; eta eraikinak eman nahi zaion erabilera izaten ahal duen.

2. Txostenak gehienez ere hamabost eguneko epean ebaluatuko dira.

3. Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak daudela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta, ahal bada, horren legeztatzea adierazi beharko dira txosten teknikoan.

Era berean, lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko, eraikinak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituen zehaztuko da, ur, gas, argindar eta antzeko zerbitzuak kontratatzeko baimena emateko baizik ez bada ere. Horrek, dena den, ez du esan nahi ez direnik zuzenduko aurkitutako akatsak. Kasu horretan, higiezina okupatzea baimentzearren baino ez da emanen lehen aldiz okupatzeko lizentzia, higiezinak aipatu baldintzak betetzen dituela aintzat harturik.

Ebatzi beharra

7. artikulua. 1. Alkateak hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, udal bulegoetan sarrera ematen zaionetik.

2. Txosten eta irizpenen onarpenak ebazpenerako arrazoitzat balioko du, haren testuari gehitzen edo eransten zaizkionean.

Ustezko egintza

8. artikulua. Ebazteko epea agortzen bada alkateak ebazpenik eman gabe, ebazpena baietsitzat hartuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuarekin bat.

Eraikinaren titularren betebeharrak

9. artikulua. 1. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aurretik, eraikinaren titularrek debeku dute hura okupatzea.

2. Eraikitako higiezinaren zati bat edo osorik besterentzean, hartzaileei espresuki adieraziko zaie lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez duela, eraikina besterentzean eskuratu ez bada.

Argindarra eta ura banatzen duten enpresen betebeharrak

10. artikulua. 1. Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horren arloan, men eginen diete aplikatzekoak zaizkien legezko arauei, obretarako behin-behineko kontagailuei dagokienez eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharrari dagokionez.

2. Obretarako ur hornidura, aginduzko hirigintzako lizentzia eskuratu ondoan, zerbitzu publikoaren titularra den enpresa hornitzaileari dagokio, eta behin-behineko emanen da, hirigintzako lizentzia indarrean dagoen denborarako bakarrik.

3. Lizentzian obren amaierarako eman epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei –Iberdrola, enpresa hornitzailea–, eta interesdunei hamar egun lehenago gaztigatuko.

4. Obretarako eman ur hornidura ez da bestelako jardueretan erabiltzen ahal; etxean, batez ere.

5. Enpresa hornitzaileak ezin ditu etxerako urez hornitu lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua. Hirigintzako arau-haustea izanen da lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe eraikinak lehen aldiz okupatzea, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 212. artikuluak eta hurrengoek lege beraren 190. artikuluari eta 1978ko ekainaren 23ko Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluari dagokienez xedatuarekin bat (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bategina).

12. artikulua. Aurreko paragrafoan aipatu arau-hausteagatik zehapena 300dik 6.000 euro bitarteko isuna izanen da, baldin eta zehapen espedientearen instrukzioan eta ebazpenean tipifikatzen bada Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 214.11 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Izapidetutako espedientearen arabera jarduera hori legeztatu ezin bada, arau-hauste astuntzat joko da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 215.13 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta haren zehapena 6.000 eta 60.000 euro arteko isuna izanen da, lege beraren 218. artikuluan xedatzen denari jarraituz.

Udalak inoiz ere ez dio uzten ahal urratutako hirigintzako ordena zuzentzeko neurriak hartzeari, eta okupazioaren jarduera berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, kautelazko neurri gisa.

Erantzuleak

13. artikulua. Eraikinak lehen aldiz lizentziarik gabe okupatzen badira, obraren sustatzaileak eta okupazioa egiten duenak izanen dute erantzukizuna, pertsona bera ez direnean; isunak ere, zein bere aldetik doaz.

Organo eskuduna

14. artikulua. Zehapen prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluak xedatuarekin bat.

Zehapen prozedura

15. artikulua. Zehatzeko ahala gauzatuko da hura gauzatzeko ezarritako prozeduraren bidez.

Araubide juridikoa

16. artikulua. Ordenantza honetan ezarri ez den orotan hona hemen zein aginduk duten indarra: 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea onesten duena, eta horrekin bat datozen gainerako legeak.

Iragarkiaren kodea: L2106844