121. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

“Servicio de Atención al Domicilio Pamplona, Sociedad Limitada” merkataritza-sozietatearen estatutuak

Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak, 2021eko apirilaren 15ean, Udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kudeaketa aldatzea onetsi zuen, norberaren autonomia sustatzeko eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arta emateko programan, hura zuzenean emateko kapital bakarra Iruñeko Udalarena duen merkataritzako sozietate baten bitartez. Erabaki horretan EELZ Iruña Sozietate Mugatuaren Estatutuak onetsi ziren eta horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabaki zen.

Iruñean, 2021eko apirilaren 15ean.–Alkatea, Enrique Maya Miranda.

“SERVICIO DE ATENCIÓN AL DOMICILIO PAMPLONA, SOCIEDAD LIMITADA” MERKATARITZA-SOZIETATEAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

Izena, xedea, helbidea eta iraupena

1. artikulua. Merkataritza-sozietatea “Servicio de Atención al Domicilio Pamplona, Sociedad Limitada” deituko da, “SAD Pamplona” akronimo gisa, eta Kapital Sozietateen Legeak arautuko du.

2. artikulua. Sozietatearen helburu nagusia izanen da Udaleko etxez etxeko arreta zerbitzua osazen duten jarduera guztiak norberaren autonomia sustatzeko eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arta emateko programan gauzatzea, arta hala etxebizitzetan, nola udal-izaera duten higiezinetan, zerbitzuetan zein babespeko apartamentuetan eta antzekoetan integratuz.

Helburuak barne hartzen ditu jarduera garatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak, eta norberaren autonomiaren inguruko programaren helburuen barruan eta banakako, familiako, taldeko eta komunitateko esku-hartze sozialaren xede diren egoeren barruan kokatzen direnak.

Sozietate hau, aipatu zerbitzu publikoa zuzenean kudeatzeko modua izateaz gain, Iruñeko Udalaren berezko bitarteko gisa eratzen da, eta nahitaez bete beharreko enkarguak ematen ahal zaizkio gizarte-xedean aipatutako jarduerei buruz.

Legezko xedapenek galdatuko balute gizarte-xedezko jardueraren bat egiteko behar dela eduki titulu profesionala, administrazio-baimena edo Erregistro Publikoetan izena eman, jarduera horiek titulazio horiek dituzten pertsonek egin beharko dituzte eta, nolanahi ere, ezin izanen dira abiatu eskatutako administrazio-baldintzak bete arte.

3. artikulua. Sozietatearen helbidea Iruñean ezarri da.

Administrazio Kontseiluak eskumena edukiko du sukurtsalak sortu, kendu edo lekuz aldatzeko, bai eta Udalerri beraren barruan sozietatearen helbidea aldatzeko ere.

Sozietateak bere egoitza elektronikoa webgune korporatiboan izanen du. Hura aldatzeko, lekualdatzeko eta ezabatzeko erabakia Sozietateari dagokion Merkataritza Erregistro eskudunean irekitako orrian adieraziko da, eta Merkataritza Erregistroko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta baita aldatzea, lekualdatzea edo ezabatzea adostu den webgunean bertan ere, erabakia sartu eta hurrengo hogeita hamar egunetan.

4. artikulua. Sozietatea aldi zehaztu gabe baterako eratu da. Sozietatearen eraketak atzerako ondorioak izanen ditu eta fundazio-eskritura eman den egunetik aurrera abiatuko da, data horretan hasiko baita sozietatearen jarduna.

II. TITULUA

Kapital soziala

5. artikulua. 3.000 euroan finkatu da kapital soziala, partaidetza batek ordezkatua, zeina erabat harpidetu eta ordaindu baita. Partaidetza hori Iruñeko Udalaren jabetzakoa bakarrik izanen da.

Udaletxe Plaza z/g, 4, 31001 Iruña, www.pamplona.es

Udaletxe Plaza zk.g., 4.a, 31001 Iruña.

6. artikulua. Sozietateak handitu edo gutxitu ahalko du kapital soziala, indarrean diren legezko xedapenekin bat.

Batzar Nagusiak zehaztuko du zein baldintzatan eta modutan eginen den zabalkuntza edo murriztapen bakoitza.

7. artikulua. Batzar Nagusiak hartutako erabaki bidez sozietateak obligazio izendunak edo eramailearenak jaulkitzen ahalko ditu, hipotekadunak izan ala ez, Batzarrak zehaztutako interesaz, errenboltso-epeaz eta gainerako baldintzez, betiere Kapital Sozietateen Legeak aurreikusitako mugekin eta baldintzekin bat.

III. TITULUA

Sozietatearen gobernua eta administrazioa

8. artikulua. Honako organo hauek arduratuko dira Sozietatea zuzendu eta administratzeaz:

1. Batzar Nagusia.

2. Administrazio-Kontseilua.

3. Gerentzia.

I. KAPITULUA

Batzar Nagusia

9. artikulua. Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak osatuko du Batzar Nagusia.

10. artikulua. Batzar Nagusia ohiko izaeraz bilduko da urteko lehen sei hilabeteen barruan, kudeaketa soziala zentsuratzeko, aurreko ekitaldiaren urteko kontuak onesteko eta emaitzaren aplikazioaren gainean ebazteko. Halaber, izaera bereziaz bilduko da, organo eskudunak deituz gero edo Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak hala eskaturik; halako kasuetan, Batzar Nagusirako deia eginen da bilera-eskaera noiz onetsi eta hortik 30 eguneko epearen barruan.

11. artikulua. Batzar Nagusia deitua eta baliozko moduan eratua izan dela ulertuko da, edozein gairi heltzeko, haren bazkide bakarra, hau da, Iruñeko Udala bileran egon eta saioa egin behar dela onesten bada.

Batzarrean telematikoki egoteko aukera aurreikusten da, subjektuaren nortasuna behar bezala bermatzen bada.

12. artikulua. Batzar Nagusiaren eskumena da honako gai hauetaz eztabaidatu eta erabakiak hartzea:

a) Urteko kontuen onespena, emaitzaren aplikazioa eta kudeaketa sozialaren onespena.

b) Administratzaileen izendapena egitea eta horiek likidatzaileengandik zein, halakorik balitz, kontu-ikuskariengandik bereiztea, eta erantzukizuneko ekintza soziala gauzatzea horietako edozeinen kontra.

c) Estatutu sozialak aldatzea.

d) Kapital soziala zabaltzea eta murriztea.

e) Lehentasunezko harpidetza-eskubidea eta lehentasunezko bereganatze-eskubidea kentzea edo mugatzea.

f) Funtsezko aktiboak eskuratzea, besterentzea edo beste sozietate bati ematea. Aktiboak funtsezko izaera edukiko du eragiketak gainditzen badu onetsitako azken balantzean jasota dauden aktiboen balioaren ehuneko hogeita bost.

g) Aktiboen zein pasiboen eraldaketa, fusioa, zatiketa edo lagapen orokorra eta helbidea atzerrira lekualdatzea.

h) Sozietatea desegitea.

i) Amaierako likidazio-balantzea onestea.

j) Legeak xedatzen duen beste edozein gai.

II. KAPITULUA

Administrazio-kontseilua

13. artikulua. Sozietatea Administrazio-kontseilu batek gobernatuko du, zeina gutxienez zazpi administrarik eta gehienez hamabostek osatuko baitute. Batzar Nagusiari dagokio kopuru hori zehaztea.

14. artikulua. Ezin izanen dira administrariak izan Legeak jasotzen dituen bateraezintasun- edo ezgaitasun-zioetako batean erori direnak.

Pertsona bat administrari izendatzeko, ez da beharrezkoa hura Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurako kidea izatea.

Kontseilu-kide gehienak Iruñeko Udaleko Udalbatzako kide izanen dira.

Administrariak 4 urteko eperako izendatuko dira, posible delarik berriz ere izendatua izatea 4 urteko beste epe baterako edo gehiagotarako.

Administrariek kalte-ordainak jasotzen ahalko dituzte beren eginkizunetan aritzeak eragiten ahal dizkien kalteengatik.

15. artikulua. Administrazio Kontseiluaren Lehendakaritza sozietatearen xede den alorrean eskumena duen zinegotziak edukiko du nahitaez, administratzailea bada.

Kontseiluak pertsona bat hautatuko du bere kideen artean lehendakariorde izateko, lehendakaria ordeztu dezan hura gaixo dagoenean, ez dagoenean, bateraezintasun-kasuetan edo bilerara joan ez denean.

Kontseiluak berak izendatuko du idazkari-zereginetan jardunen duen pertsona, Udalean Zuzenbide titulua eskatzen duten lanpostuak betetzen dituzten pertsonen artean, eta kargu hori administrari batek jasotzen ahalko du.

Idazkaritza administrari ez den pertsona bati esleituz gero, hark hitza edukiko du baina ez botorik Kontseiluaren bileretan.

Gerente izendatutako pertsona bileretara joanen da, hitzarekin baina botorik gabe.

16. artikulua. Kontseilua gutxienez hiru hilabetean behin bilduko da, bai eta Lehendakaritzak deitzen duenean eta Kontseilua osatzen duten kideen herenak eskatzen duenean ere.

Bilerak deialdian adierazitako tokian, egunean eta orduan eginen dira. Kontseiluaren Lehendakaritzak eginen du deialdia, hura noiz izanen den eta gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago, eta bertan eztabaidatu beharreko gaien zerrenda zein haien gaineko informazio osagarri nahikoa agertuko dira. Deialdia, ahal dela, administrari bakoitzak emandako helbide elektronikora igorriko da. Deialdia egin daiteke, baita ere, norberari jakinarazpena eginda, posta arruntaren bidez edo deialdia behar bezala jasoko dela bermatzen duen beste edozein bide erabiliz, telematikoa barne, bertan gai-zerrenda eta informazio osagarri nahikoa gehituta.

Halaber, eta aurreko paragrafoan ezarritako baldintza berberekin, premiazko deialdiak egiten ahalko dira, berrogeita zortzi ordu baino gutxiagoko epean.

Administrazio Kontseiluak, Webgune Korporatiboaren barruan, alor pribatu bat sortzen ahalko du, Estatutuen xedearekin eta horietan aurreikusitakoarekin, eta Kapital Sozietateen Legearen 11. quater artikuluarekin bat. Aipatu alor pribatuak Webgune Korporatiboan ikusgai izanen dira, baina erabiltzaileendako bakarrik eskuragarri, identifikazio-sistema baten bidez, helbide elektroniko batez, pasahitzaz eta sinatzeko gakoaz osatua. Aipatu artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Sozietateak horietan gaituko du ezbairik gabe harrera-eguna egiaztatzen duen gailua, baita horien bitartez elkarbanatutako mezuen edukia ere.

17. artikulua. Administrazio Kontseilua sistemen bidez konektatutako zenbait lekutan egiten ahalko da, eta honako hau ahalbidetuko dute: bertaratuak ezagutzea eta identifikatzea; parte-hartzaileen arteko etengabeko komunikazioa, dauden tokia kontuan hartu gabe; parte-hartzea eta botoa ematea, hori guztia denbora errealean. Toki horietako edozeinetan bertaratutakoak, administrazio-kontseiluari dagozkion ondorio guztietarako, bilera bereko eta bakarreko bertaratu gisa joko dira. Kontseiluko Lehendakaria edo, hura ez badago, haren ordez buru dena dagoen lekuan egintzat joko da saioa.

Lehenago adierazitakoa ezertan galarazi gabe, betiere ezein Kontseilarik aurka egiten ez badu, erabakiak hartzen ahalko dira saiorik gabe eta idatziz, Merkataritza Erregistroaren Erregelamenduko 100. artikuluan ezarritako betekizunekin eta formalitateekin bat. Kasu honetan, Kontseilariek Administrazio Kontseiluko Idazkariari, edo kasu bakoitzean bere eginkizunak bere gain hartzen dituenari, igortzen ahalko dizkiote beren botoak eta aktan jaso nahi dituzten gogoetak, horiek jasotzea ahalbidetzen duen edozein bitartekoren bidez.

Administrazio Kontseiluaren eraketa baliozkoa izanen da bileran daudenean, berez edo ordezkaturik, hura osatzen duten kideen gehiengoa.

Ordezkaritza beste administrari batek bakarrik hartzen ahal du, eta izaera bereziaz emanen da bilera bakoitzerako, Lehendakariari zuzendutako idazki baten bidez.

Erabakiak bileran diren administrarien gehiengo osoz hartuko dira, salbu legez quorum handiagoa behar bada, Lehendakariari dagokiolarik boto erabakigarria berdinketa gertatuz gero.

Baliozkoa izanen da Kontseilari batek aldez aurretik emandako urrutiko botoa, Administrazio Kontseiluaren bilera baterako deialdia egin bada eta aurrez aurre eginen bada.

Aipatu botoa adierazten ahalko da, aplikagarri diren legeek ezarritako bideez gain, idatziz, fisikoki zein telematikoki, edo botoa ematen duen Kontseilariaren nortasuna behar bezala bermatzen duen urruneko edozein komunikabideren bidez, Kontseiluko Lehendakariari zuzenduta. Kontseilariak beren botoak adierazi beharko ditu kasuan kasuko Kontseiluaren Gai-zerrendako gai bakoitzaren inguruan. Gai bat edo batzuen inguruan ez bada botorik ematen, ulertuko da abstenitu egin dela horien inguruan.

Webgune Korporatiboan Administrazio Kontseiluaren gune pribatua existituko balitz, Kontseilariak botoa ematen ahalko du, hura bertan gordez, dokumentua formatu elektronikoan identifikatzeko sistema erabiliz edo dokumentua jasotzen duen idazkia jasoz, edo gune horren bidez bere borondatea beste modu batean adieraziz.

Urrutiko botoak ondorioak sortuko ditu bakarrik Kontseilua balio osoz eratzen bada, eta Kontseiluko Lehendakariak jaso beharko du edo gune pribatuan gorde beharko da, bilera noiz hasi eta hori baino 24 ordu lehenago. Une horretara arte, botoa atzera botatzen edo aldatzen ahalko da. Behin une hori igarota, urrutitik emandako botoa baliorik gabe uzten ahalko da bakarrik bileran Kontseilaria bera egonez gero, fisikoki zein telematikoki.

18. artikulua. Administrazio Kontseiluak, zeini Sozietatearen administrazioa eta ordezkaritza baitagozkio, ahalmen eta botererik handienak edukiko ditu, sozietatearen interesak kudeatu, zuzendu eta administratzeko, salbu eta Batzar Nagusiari espresuki erreserbatutako kasuetan.

Nolanahi ere, Kontseiluari egokituko zaio onestea hala urteko gastu eta diru-sarreren aurreiskupen egoera-orria nola jarduteko urteko programak, inbertsioak eta finantzaketa.

III. KAPITULUA

Gerentzia

19. artikulua. Administrazio Kontseiluak ahaldun bat izendatzen ahalko du Gerentziako lanpostua betetzeko. Bertatik zerbitzu tekniko eta administratibo guztien jabetzan arituko da, bai eta Administrazio Kontseiluak ahalordetze bidez hari esleitutako eginkizunetan ere, Merkataritza Kodeak 281. artikuluan xedatzen duenarekin bat.

Gerentziak emandako ebazpenak Administrazio Kontseiluaren bileren gai-zerrendan sartuko dira, hura osatzen duten pertsonek orok haien berri eduki dezaten.

20. artikulua. Gerentzia-lanpostua arduraldi esklusiboko araubidean beteko da, eta haren titularra ezin izanen da aritu beste edozein lanbidetan edo industria- zein merkataritza-jardueratan, salbu eta Kontseiluak berariazko kasu baterako espresuki baimentzen badu.

Administrazio Kontseiluak zehaztuko ditu gerente-lanpostuan aritzeak dakartzan eskubideak eta betebeharrak.

IV. TITULUA

Araubide ekonomikoa

21. artikulua. Ekitaldi ekonomikoak urte naturalarekin bat joanen dira.

22. artikulua. Sozietateak urtero igorriko dizkio Iruñeko Udalari gastuen eta diru-sarreren aurreikuspenak, urteko jarduketa-programak, inbertsioak eta finantzaketak.

23. artikulua. Sozietatearen kontabilitatea merkataritzako antolamendu juridikora eta enpresa pribatuetarako indarrean den Kontabilitate Plangintza Orokorrera egokituko da, ezertan eragotzi gabe Nafarroako Kontu Ganberari bere eragiketen –edozein delarik ere– kontuen berri ematea eta Iruñeko Udalak kontuen gaineko ikuskaritzak egitea.

24. artikulua. Administrazio Kontseiluak gehienez hiru hilabeteko epean aurkeztuko ditu urteko kontuak, kudeaketa-txostena eta emaitza aplikatzeko proposamena, epe hori ekitaldi soziala noiz itxi eta hortik aitzina kontatuta.

25. artikulua. Ezertan eragotzi gabe legezko edo nahitaezko diru-erreserbak lehentasunez eratzea, hala dagokionean, etekinak funtsak eratzeko erabiliko dira, dela borondatezko erreserbenak dela diru-zabalkuntzak egitekoak.

V. TITULUA

Desegitea eta likidazioa

26. artikulua. Sozietatea deseginen da Sozietateen Legean jasotako zioetako edozeinengatik.

27. artikulua. Behin sozietatea desegin eta likidazio-jarduketak burututa, Iruñeko Udalak hartuko du bere gain amaierako aktiboa, halakorik balitz, bai eta erregistro-idazpenak aurretik kitatu gabe egonda ere.

Iragarkiaren kodea: L2107594