121. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

82E/2021 EBAZPENA, apirilaren 30ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko eta gauzatzeko dirulaguntzen 2021eko deialdia. DDBN identifikazioa: 552968.

Nafarroako eskualde batzuk, tokiko eragileak buru izanik –publikoak zein pribatuak–, hainbat jarduketa diseinatzen ari dira beren eremuko ekonomia, enplegua eta enpresa-ehuna suspertzeko; Nafarroako Gobernuak positiboki baloratzen du hori, eta ekimen horiek sendotu egin nahi ditu. Babes hori gauzatzeko, bosgarren urtez onetsiko da eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko eta gauzatzeko dirulaguntzen deialdia. Dena delako eskualdeko entitateen –publiko eta pribatuen– ordezkaritza zabala beharko dute izan plan horiek.

Suspertze planak eskualde bakoitzaren erritmo eta inguruabarren arabera gara daitezela errazteko, hiru babes ildo mantendu dira, aurreko deialdietan bezala: A ildoa eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko da; B ildoa, berriz, plan horietan aipatutako jarduketak gauzatzea finantzatzeko; eta C ildoa, aldiz, eskualdeko estrategia bakoitzean adostutako inbertsio proiektuak finantzatzeko.

Nafarroako Gobernuak 2021eko martxoaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, baimendu zen laguntza hau banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz ematea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko eta gauzatzeko dirulaguntzen 2021eko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

A eta B ildoak finantzatzeko, Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretatik:

810001 81100 4819 422203 Eskualdeetako plan estrategikoak

700.000,00 euro

C ildoa finantzatzeko, Nafarroako 2022ko Aurrekontu Orokorretatik, 2021eko Aurrekontuan dagoen partida honen balio bereko partida:

810001 81100 7819 422200 Eskualdeetako plan estrategikoak. Proiektuak

500.000,00 euro

Honako partida hauek handitzen ahalko dira: “Eskualdeetako plan estrategikoak” izeneko 810001 81100 4819 422203 partida, eta “Eskualdeetako plan estrategikoak. Proiektuak” izeneko 810001 81100 7819 422200 partida. Hori bat dator 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 19ko 20/2020 Foru Legean ezarritakoarekin. Hortaz, 2021. urtean zehar aurrekontuko partida horietan diru erabilgarririk baldin badago, baimendutako gastua handitzen ahalko da, 500.000 euro eta 200.000 euro, hurrenez hurren.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko apirilaren 30ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza honen helburua da Nafarroako garapena eta lurralde kohesioa sustatzea. Horretarako, Foru Komunitateko eremu guztietako eskualdeak suspertzeko planak prestatzen eta gauzatzen lagunduko da.

2. oinarria.–Definizioak.

Deialdi honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) “Eskualdea suspertzeko plana”: lurralde bateko jarduera ekonomikoa garatzen laguntzen duen plana, balorazio ekonomikoa duten jarduketak eta gauzatze egutegi bat biltzen dituena. Oinarri honen b) letran definitutako eskualde-organo ordezkatzailea osatzen duten toki eragile publiko eta pribatu gehienek babestuko dute plana.

Suspertzeko planaren lurralde eremua bat etorriko da Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean ezarritako eskualdeekin. Hala ere, behin-behinean, dagoeneko onetsita dauden planen lurralde eremua mantenduko da, Nafarroako eskualdeak foru lege baten bidez behin betiko onesten diren artean.

Eskualdea suspertzeko planak bat etorri beharko du Nafarroako Gobernuak 2017ko otsailaren 1ean onetsitako Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S3). Hala, gaiak lehenesteari begira bertan dagoen ikuspegiari helduko dio, eta bere lurralde eremuko espezializazio ekonomikoari buruzko gogoeta erantsiko du.

Ahaleginak eginen dira eskualdeak suspertzeko planetan aurreikusten diren jarduketen artean honelako batzuk ere sartzeko: gure gizartearen hainbat eremutan (adibidez, lanbidea, lana edo ekonomia) emakumeen eta gizonen artean dauden desberdintasunak murrizteko helburua dutenak.

b) “Eskualde-organo ordezkatzailea”: gutxienez, suspertze planaren lurralde eremuan ordezkaritza handiena duen udalez gaindiko organoa edo bertako udal gehienak biltzen dituen entitatea. Gomendagarria da organo horrek toki garapeneko agentziak, enpresa elkarteak eta sozietate publikoak biltzea.

Organo hori oinarri honen a) letran definitu den eskualdea suspertzeko plana baloratu eta onesteaz arduratuko da.

c) “Prozesua bultzatzeko eta dinamizatzeko taldea”: eskualde-organo ordezkatzaileak jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko izendatutako entitatea edo entitateak.

Deialdi honen aurretik suspertzeko plan bat onetsia duten lurraldeetan, b) eta c) letretan zehaztutako eginkizunak betetzen dituzten entitateak hartuko dira eskualde-organo ordezkatzailetzat eta prozesua bultzatzeko eta dinamizatzeko taldetzat, hurrenez hurren.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Jarduketa diruz lagungarriak honako ildo hauetan multzokatuko dira:

A. A ildoa, “Suspertzeko plana prestatzea”: eskualdea suspertzeko plana prestatzeko laguntza teknikoko gastuak lagunduko dira diruz. Planak prestatzeko prozesuan, Lehiakortasunaren Zerbitzuak jarraipena eginen du, eta begiratuko du planaren edukiak koherentzia duela Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin.

B. B ildoa, “Jarduketa estrategikoak”: diruz lagunduko da eskualdea suspertzeko planean sar daitezkeen jarduketak gauzatzea, baldin jarduketa horiek behar bezala zehaztuta badaude eta aurrekontu egokia badute.

Diruz lagunduko diren gastuak hauek izanen dira:

a) Gauzatutako jarduketei egotzitako zuzeneko gastuak.

Bidaia eta ostatu gastuetan, kilometro-ordaina ez da izanen kilometroko 0,32 euro baino handiagoa, eta ostatu-gau bakoitzeko gastu diruz lagungarria 120 euro izanen da gehienez.

b) Jarduketak gauzatzen aritzen diren langileen gastuak.

B ildoan, egindako gastuen eta aurrekontuan adierazitakoen artean %20ko aldea egoten ahalko da identifikatutako ekintza edo proiektu bakoitzean. Egindako gastuaren eta emandakoaren arteko aldea ehuneko horretatik gorakoa bada, aurretik Lehiakortasunaren Zerbitzuak baimendu beharko du.

Baldin jarduketa edo proiektu baten %70 edo gehiago gauzatzen ez bada, hartarako ematen den zenbatekoa ezin izanen da erabili finantzatzeko gauzatzen diren gainerako jarduketa edo proiektuetan izaten den gastu handiagoa.

Aurreko deialdietan oinarri honetako C ildoaren barruan diruz lagundu diren eta jadanik eginak dauden inbertsioetako gastuek laguntza jasoko dute soilik diruz lagundutako inbertsioa egin ondoko bi ekitaldietan.

C. C ildoa, “Inbertsio proiektuak”: diruz lagunduko dira estrategikoak diren inbertsioak, eskualdeko planarekin koherenteak direnak eta eskualdeko erakundeak onetsiak, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste laguntza batzuk lortu ezin badituzte eta bat egiten badute eskualdea suspertzeko planaren helburu eta ildo estrategikoekin.

Ibilgetu material eta immaterialetako inbertsioak diruz lagungarriak izanen dira inbertsioak abiarazi arte, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Gutxieneko inbertsioa 20.000 eurokoa izanen da.

b) Gastuak ibilgetuan aktibatu beharko dira inbertsio proiektuaren berariazko identifikazio-kontuetan.

c) Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Lurren erosketekin lotuak daudenak.

–Finantza errentamenduaren bidez egindako erosketak.

–Bigarren eskuko ekipo-ondasunen erosketa.

–Luxuzko gastuak.

–Laguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz neurriz kanpokoak direnak, proiektuaren helburua edo xedea kontuan hartuta.

–Diruz lagunduriko jarduketaren izaerarekin bat ez datozenak.

–Ibilgailuak, barnean erabiltzekoak salbu, esaterako, orga jasotzaileak eta pala kargatzaileak.

–Zor-interesak.

d) Deialdi honetan, inbertsio proiektu bakar baterako dirulaguntza emanen da eskualdeak suspertzeko plan bakoitzeko, eta eskualde-organo ordezkatzaileak eskualderako estrategikoa dela deklaratu beharko du.

2. Eskualdea suspertzeko plan bakoitzak laguntza eskaera bakarra aurkeztuko du ildo bakoitzean.

4. oinarria.–Onuradunak.

1. Dirulaguntza zer jarduketatarako eskatzen den, honako hauek izaten ahalko dira onuradunak:

a) A ildoa: eskualde-organo ordezkatzaileak prozesua sustatzeko eta dinamizatzeko izendatzen dituen irabazi-asmorik gabeko erakundeak.

b) B ildoa: eskualde-organo ordezkatzaileak prozesua sustatzeko eta dinamizatzeko izendatzen dituen irabazi-asmorik gabeko erakundeak, dagoeneko, eskualdea suspertzeko plan bat onetsia eta gauzatze bidean dutenak, A ildoa.

c) C ildoa: eskualdea suspertzeko planean sartutako inbertsio proiektuak gauzatzen dituzten toki entitateak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak, B ildoa.

Ildo bakoitzean, erakunde bakarra aurkezten ahalko da eskualdeak suspertzeko plan bakoitzeko.

2. Dirulaguntza eskatzen den unean, interesdunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere. Eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori. Entitate publikoak adierazpen hori aurkeztetik salbuetsita daude.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeari begira, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, dirulaguntza ematea ebazten duen proposamena egiten den unean.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Onuradunaren eta beste entitate baten artean idatzizko akordioa badago beste entitate horrek diruz lagundutako jarduketa bat osorik edo zati batean gauzatu dezan, hori ere onuradun bihurtuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Hirugarren oinarrian aipatutako jarduketen gastu diruz lagungarriek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gastu diruz lagungarriren bat 30.000 eurotik gorakoa bada (obrak gauzatzeko kostuen kasuan), edo 12.000 eurotik gorakoa (ekipo-ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza zerbitzuak emateko kasuetan), eskatzaileak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuz eta hautatutakoa aukeratzeko arrazoiak emanez, eskabide orriko “Hornitzailearen aukeraketaren justifikazioa” atalean.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta:

–Gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta zerbitzu hori ematen duten entitateak aski ez badira merkatuan.

–Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

Edonola ere, alderdi horiek aipatu eskaera-orrian frogatu beharko dira.

b) BEZa gastu diruz lagungarritzat hartuko da, baldin eta onuradunek egiten dituzten jarduerak BEZetik salbuetsiak badaude eta onuradunek kenkaria egiteko eskubiderik ez badute. Tratamendu fiskal hori Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiriaren bidez justifikatuko da.

c) Aplikatzekoa zaien entitateen kasuan, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean xedatutakoa bete beharko dute.

2. Jarduketak gauzatzeko aldia hau izanen da:

a) A eta B ildoak: 2020ko abenduaren 1etik 2021eko azaroaren 30era, egun hori barne.

b) C ildoa: 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era, egun hori barne.

Ondorio horietarako, jarduketa gauzatu dela ulertuko da baldin eta gastuak epe horien barrenean fakturatu eta ordaindu badira.

6. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntza gastu diruz lagungarri guztien %100ekoa izanen da, baina diru-muga hauek gainditu gabe:

a) A ildoa: 45.000 euro onuradun bakoitzeko.

b) B ildoa: 300.000 euro onuradun bakoitzeko.

c) C ildoa: 200.000 euro onuradun bakoitzeko.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Eskaerak nahitaez modu telematikoan aurkeztuko dira laguntzen fitxaren bidez; fitxa horretan lotura bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikora.

3. Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 12. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. 3. oinarriko ildo bakoitzeko, laguntza eskaera bakarra aurkeztuko da, eta eskaerari agiri hauek erantsiko zaizkio (eskaneatuak, bakoitza artxibo batean sartua eta dagokien izenarekin identifikatuak):

a) Eskaera-orria, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena.

b) Eskualde-organo ordezkatzailearen eratze-agiria edo -akta eta estatutuak.

c) Eskualde-organoaren bilkuraren akta edo bestelako agiri bat, 2.c) oinarriak aipatzen duen izendapena frogatzen duena.

d) B ildoko dirulaguntza-eskaerei honako hauek erantsi beharko zaizkie:

–Deialdi honetan garatu beharreko jarduketen aurrekontu eta deskripzio xehatua. Ekintza edo proiektu batean kanpo gastuak guztira 10.000 euro baino gehiago badira, berariaz aurkeztu beharko dira gastuen deskribapena eta xehakapena.

–Eskualde-organoak eskualdea suspertzeko plana onesteko egindako bilkuraren akta, aurrekontua duten ekintzak zehaztuta.

–Eskualde-organo ordezkatzaileak onetsitako eskualdea suspertzeko planaren kopia.

–Behar bada, jarduketak gauzatzeko akordioa, esku hartzen duten alderdiek sinatua, non hartutako konpromisoak adieraziko baitira, 4. oinarrian aipatutako edukia zehaztuta.

e) C ildoko dirulaguntza-eskaerei honako hauek erantsi beharko zaizkie:

–Inbertsio proiektuari buruzko memoria, laguntzen fitxan adierazitako edukia barnean duela.

–Eskualde-organo ordezkatzailearen batzarraren akta, inbertsio proiektua eskualderako estrategikotzat deklaratzen duena.

5. Eskualdeak suspertzeko planak prestatzeko eta gauzatzeko aurreko deialdietan laguntza eskatu duten entitateek ez dute erantsi beharko 4. ataleko dokumentazioa, deialdi horietan aurkeztu bazuten.

6. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lehiakortasunaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Dirulaguntza emateko prozedura banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz gauzatuko da. Beraz, eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean (700.000 euro A eta B ildoetako laguntzetarako, eta 500.000 euro C ildoko laguntzetarako). Krediturik ez izateagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Lehiakortasunaren Zerbitzuak, eskaerak ebaluatuko ditu; horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari. Eskaera horri ezarritako epean erantzun ezik, ebazpen bat emanen da eskatutako laguntzak ukatzeko.

Eskaera bakoitza aztertu ondoren, aipatu zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta, bertan, adierazi beharko da onuradunek laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

3. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Honako hau izanen da justifikazioak aurkezteko epea:

–A eta B ildoak: 2021eko azaroaren 30era arte, egun hori barne.

–C ildoa: 2022ko uztailaren 31ra arte, egun hori barne.

2. Justifikazio-agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira, laguntzen fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako jarduketei eta lortutako emaitzei buruzko justifikazio memoria, jarduketa bakoitzean egindako gastuak zehaztuta.

b) Gastu diruz lagungarri guztien zerrenda, Excel liburu batean. Erabili beharreko kalkulu orria laguntzen fitxan dago, eta bertan azaltzen da nola justifikatu gastu mota bakoitza.

c) 3.1.B oinarriko langileria gastuak honela justifikatuko dira: nominak eta Gizarte Segurantzaren nahiz PFEZaren likidazioak, xehakapenak eta ordainagiriak aurkeztuz. 2022ko otsailaren 10era arte aurkezten ahalko dira 2021eko azken hiruhilekoko PFEZaren atxikipenen ordainagiriak eta 2021eko azaroko Gizarte Segurantzarenak.

d) Fakturen eta ordainagirien kopiak, behar bezala ordenatuak, oinarri honetako b) letrako Excel taulako gastuen hurrenkerari jarraikiz. Laguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko dute. 4. oinarrian ezarritakoari jarraikiz onuradun gertatzen diren enpresen gastuen fakturak eta ordainagiriak onartuko dira. Eskudirutan egindako ordainketak ez dira onartuko.

e) “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia, laguntzen fitxan eskuratzen ahal dena. 5 oinarrian azaldutako edukia izanen du.

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. 9. oinarriko frogagiriak aztertuta, laguntzak kudeatzen dituen organoak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan, jasota geldituko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak; besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztua izatea.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emanen du dirulaguntza ordaintzeko ebazpena, 6 hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

2. Frogagiri guztiak aztertzerik ez badago, eta ziurtatzearren 2021ean sinatzen direla A eta B ildoetako ordainketa ebazpenak, konturako ordainketa bat eginen da 2021eko azaroaren 30era arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntza ordaintzeko, salbu eta dirulaguntza osoa jadanik ordainduta badago oinarri honen 3. atalean adierazi bezala. Konturako ordainketa hori egiteko, laguntzak kudeatzen dituen organoak 9.2 oinarriko a) eta b) letretan adierazitako frogagiriak aztertuko ditu.

Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, onuradunak 9.2 oinarriaren c) letran adierazitako frogagiriak aurkeztu beharko ditu.

3. Bestalde, diruz lagundutako jarduketak modu egokian finantzatu ahal izateko, A eta B ildoetako laguntzen onuradun diren entitateek 2021eko azaroaren 30era arte eska dezakete ordainketa bat edo bi egin dakizkiela epe diruz lagungarriko edozein hilabete amaitu arte gauzatutako jarduketei dagokien dirulaguntzaren kontura (epe diruz lagungarria 2020ko abenduaren 1etik 2021eko azaroaren 30era arte doa).

Horretarako, gauzatutako jarduketen memoria teknikoa eta egindako gastuen zerrenda aurkeztu beharko ditu, 9.2 oinarriko b) letran adierazitako moduan.

4. 2. eta 3. ataletan aurreikusitako konturako ordainketak egiten badira, dirulaguntza likidatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen horretan aginduko da, kasua bada, eman gabe gelditu den zenbatekoa ordaintzeko, eta espedientea bukatutzat joko da.

Bestela, ebazpenean aginduko da itzul daitezela behar bezala justifikatu ez diren edo oinarri hauetako baldintzekin bat ez datozen zenbatekoak. Kasu horretan, egoki diren berandutze-interesak eskatuko dira, zeinak kalkulatuko baitira konturako ordainketaren egunetik likidazio ebazpenaren egunera arte.

5. C ildoaren kasuan, baldin dirulaguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotik gorakoa bada, laguntzak kudeatzen dituen organoak, likidazioa edo ordainketa egin aurretik, inbertsioa egiaztatuko du tokian bertan.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Toki entitate ez diren onuradun guztiek, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Aitorpen hori kasu guztietan aurkeztuko da, bai onuradunak gardentasun betebeharra baldin badu (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai halako betebeharrik ez badu (kasu horretan, egoera hori azalduko da adierazpenean).

Foru dekretu horren 3. artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen 4.1. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako jarduera egin eta justifikatzea 9. oinarrian ezarritako moduan.

c) Eskualdea suspertzeko plana prestatu eta gauzatzeko prozesuetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua dela bermatzea, bai parte hartzeko prozesuan, baita erabakiak hartzeko orduan ere.

d) Begiratzea dirulaguntzaren xedeari lotutako agiri, publizitate, irudi edo material guztietan hizkera ez-sexista erabiltzen dela eta berdintasunaren eta rol aniztasunaren balioetan oinarrituriko irudi bat sustatzen dela.

e) Diruz lagundutako jarduketei lotutako datuak sexuaren arabera banakatuak aurkeztea, pertsona fisikoei buruzkoak badira.

f) C ildoko dirulaguntzaren xede diren inbertsioak martxan izatea zazpi urtez bederen, erregistro publiko batean inskribatzen ahal diren ondasun higiezinen kasuan, eta hiru urtez gainerako ondasunen kasuan, laguntza ordaintzeko ebazpenaren egunetik aurrera.

g) Behar bezala aditzera ematea dirulaguntza honen xede diren gastuen eta inbertsioen finantzaketa publikoa izan dela. Diruz lagundutako jarduketen zabalkunde publikoa egiten denean eta entitatearen webgunean leku nabarmen batean adierazi beharko da jarduketa horiek diru publikoarekin finantzatu direla.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriro ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Gauzatu diren jarduketen gastua hasieran onartutako dirulaguntza osoaren %70 baino txikiagoa bada, ordaindu beharreko laguntza %50 murriztuko da.

b) Gauzatu diren jarduketen gastua onartutako dirulaguntza osoaren %50 baino txikiagoa bada, esleitutako laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

12. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da. Harpidetza hori gaitutako helbide elektronikoaren barnetik egiten da, helbide hori lortutakoan.

13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gastu beretarako ematen dituen dirulaguntzekin.

Bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan horiek beste administrazio publiko batzuenak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak, edo estatuko nahiz nazioarteko partikularrenak. Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

14. oinarria.–De minimis laguntzak.

Deialdi honetako C ildoko dirulaguntzak (“Inbertsio proiektuak”), baldin eta helburu badute jarduera ekonomiko bat gauzatzea, “de minimis” laguntzak izanen dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lehiakortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratuz (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (www.nafarroa.eus).

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2107230