120. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

45E/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 7koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, 2021eko deialdia onesten duena toki entitateei eta entitate sozialei dirulaguntzak emateko, mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatze aldera. DDBN identifikazioa: 556310.

Nafarroako Gobernuak mugaz gaindiko zenbait organotan hartzen du parte: Pirinioetako Lan Elkartea, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea eta Pirinioez gaindiko Konferentzia Atlantikoa, besteak beste. Halaber, Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamenduarekin lankidetzako esparru akordioa sinatu zuen 2020ko azaroaren 10ean.

Gaur egungo testuinguruan, COVID-19ak inpaktu are latzagoa izan du, posible bada, mugaldeetan, ezarritako mugikortasun murrizketen ondorioz nabarmen gutxitu baitira herritarren mugaz gaindiko joan-etorriak eta funtsezkoak ez diren jarduerak.

Mugaz gaindiko lankidetzaren eremua zabala eta askotarikoa da, eta hainbat arlo hartzen ditu, besteak beste turismoa, ingurumena, garapen jasangarria, tokiko ekonomia, kultura, gizarte ekintza, gazteria, kirola, eleaniztasuna, memoria historikoa edo zahartze aktiboa.

Aipatutako jarduerei, jarduera horiek berraktibatzeari eta biztanleengandik gertuen dauden entitateei, hau da, toki entitateei eta entitate sozialei laguntza emate aldera, deialdi hau onesten da; helburua da toki entitateek eta entitate sozialek mugaz gaindiko proiektuak egin ditzaten Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak ematen dituen laguntzen araubidea ezartzea 2021. urterako.

Horrenbestez, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2021eko deialdia onestea toki entitateei eta entitate sozialei dirulaguntzak emateko, mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatze aldera.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B50002 B5120 4609 144100 Suspertu Plana. Toki entitateentzako laguntzak, Europako eta mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatzeko

2021

20.000,00

B50002 B5120 4819 144100 Suspertu Plana. Entitate sozialentzako laguntzak, Europako eta mugaz gaindiko lankidetza proiektuak sustatzeko

2021

20.000,00

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko apirilaren 7an.–Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

TOKI ENTITATEEI ETA ENTITATE SOZIALEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, MUGAZ GAINDIKO LANKIDETZA JARDUERAK SUSTATZEKO 2021EKO EKITALDIAN.
OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea eta helburua.

Oinarri hauen xedea da erregulazioa ezartzea toki entitateei eta entitate sozialei dirulaguntzak emateko, lankidetza jarduerak egiten badituzte mugaz gaindiko hartu-emanak garatu eta indartzearren Nafarroako Foru Komunitatearen eta Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren artean 2021eko ekitaldian.

Laguntzek mugaz gaindikoak izan beharko dute, eta toki entitateek edo entitate sozialek garatutako proiektuak garatzera bideratu beharko dira, helburu hauekin:

–Esperientziak trukatzea mugako bi aldeetan.

–Mugaz gaindiko sareak sortzea edo finkatzea.

–Herritarren joan-etorria erraztea mugako bi aldeetan.

–Informazioa eman eta hedatzea Europako eta mugaz gaindiko gaiei buruz.

–Traba juridikoak eta administratiboak atzematea mugaz gaindiko testuinguruan.

–COVID-19ak eragindako osasun krisitik eratorritako arazoak konpontzea.

Aurkeztutako proiektuek mugaz gaindiko hartu-emanak garatu eta indartu beharko dituzte, besteak beste, arlo hauetan:

–Turismoa.

–Ingurumena.

–Garapen jasangarria.

–Tokiko ekonomia.

–Kultura.

–Gizarte ekintza.

–Gazteria.

–Kirola.

–Eleaniztasuna.

–Memoria historikoa.

–Zahartze aktiboa.

–Mugaz gaindiko interesa duen beste edozein.

Deialdi honen xedetik kanpo gelditzen dira merkataritza edo irabaziak helburu dituzten jarduerak, edo erabilera profesionalekoak, bai eta beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten proiektuak eta jarduerak ere.

2.–Finantzaketa.

Aipatutako laguntzak partida hauen kargura finantzatuko dira, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen dituen 2021erako Gastuen Aurrekontutik:

–20.000 euro, B50002 B5120 4609 144100 partidaren kargura (Suspertu Plana. Toki entitateentzako laguntzak, Europako eta mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatzeko).

–20.000 euro, B50002 B5120 4819 144100 partidaren kargura (Suspertu Plana. Entitate sozialentzako laguntzak, Europako eta mugaz gaindiko lankidetza proiektuak sustatzeko).

B50002 B5120 4609 144100 eta B50002 B5120 4819 144100 partidetan baimendutako kreditua agortzen ez bada eta beste partidan soberakinik badago, diru kopurua handitzen ahalko da kreditua agortu arte, betiere eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa bideratu ondotik.

3.–Entitate onuradunak.

Entitate hauek jaso ditzakete deialdi honetako dirulaguntzak:

a) Nafarroako toki entitateak.

b) Entitate sozialak, frogatzen dutenak irabazi-asmorik gabeko entitatearen legezko aitortza dutela eta egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituztela.

Ezin dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako inguruabarren batean dauden entitateak, edo zigor edo zehapenen bat jaso dutenak sexu edo generoa dela medio diskriminatzailetzat jo diren laneko jardunbideak izan edo baimentzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo epai judizial irmo bidez.

4.- Dirulaguntzak jaso ditzaketen gastuak, aldia eta laguntzaren zenbatekoa.

Itzuli beharrik gabeko laguntzak dira mugaz gaindiko jarduerak egiteko (Pirinio Atlantikoetako lurralde-eremua) deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.

Dirulaguntza bat emanen da oinarri honetan zehazten diren gastuen %100erako, aurrekontu diruz lagungarriaren 5.000 eurokoa gehienez, proiektu bakoitzeko (hau da, diruz lagungarriak ez diren gastuak kontuan izan gabe). Proiektu bati bakarrik emanen zaio dirulaguntza entitate bakoitzeko.

Deialdi honen ondorioetarako, bidaia gastuak diruz lagungarriak izanen dira (ostatua eta mantenua), beharrezkoak badira aurreikusitako mugaz gaindiko jarduerak egiteko, baita proposamenean aurreikusitako jarduerak egiteko behar diren gastuak ere, betiere merkatuko prezioen araberakoak badira.

Gastu horiek 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte egin beharko dira, biak barne.

1.–Bidaia gastuak:

Bidaiaren garraio publikoaren gastuak (hegazkina, trena edo autobusa), auto edo furgoneta bidezko garraio gastuak, ostatu hartzea (hotela) eta mantenua, EBren esparruan lagunduko dira diruz.

–Proposatutako jarduerak egiteko behar-beharrezkoak diren gastuak baino ez dira onartuko.

–Hegazkinez egindako joan-etorriak turista klasean eginen dira, eta gainerako garraiobideetan turista klasean edo horren baliokideetan.

–Auto edo furgoneta moduko ibilgailua erabiliz gero, 0,30 euroko tarifa ordainduko da kilometroko.

–Hotelean igarotako gau bakoitzeko emanen den gehieneko zenbatekoa inoiz ez da izanen 150 euro baino handiagoa (BEZa kenduta).

Gastu horiek berariaz zehaztuta egonen dira entitate onuradunei emandako fakturetan.

2.–Proiektua egiteko zuzeneko gastuak:

Behar diren gastuak ekitaldiak antolatzeko, azoketara joateko eta azterlanak edo mugaz gaindiko jarduerak egiteko, artikulu honetan ekintza diruz lagungarri gisa zehazten direnak, baldin deialdi honen 1. oinarrian adierazten diren kategorizazioa eta xedea betetzen badituzte. Jarduera horiek guztiak on line formatuan ekoizteko gastuak berariaz jaso dira, COVID-19aren krisiaren ondorioz.

Proposatutako jarduerekin lotura zuzena duten gastuak baino ez dira onartuko, ez badira entitate horren ohiko gastuak.

Gastu horiek berariaz zehaztuta egonen dira entitate onuradunei emandako fakturetan.

Ez dira diruz lagungarriak izanen langileei dagozkien gastuak edo entitatearen funtzionamendu arruntaren ondoriozkoak (zeharkako gastuak, hala nola alokairuak, garbiketa, fotokopiak, posta, telefonoa, etab), ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

Balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa kenduko da, hura jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

Ekintza diruz lagungarriak:

–Kirolaren arloko ekintzak.

–Gazte trukaketak eta hezkuntza arlokoak oro har.

–Mugaz gaindiko esperientziak hedatzeko ekitaldiak.

–Azoka turistikoetan, merkataritzakoetan eta abarretan parte hartzea.

–Mugaz gaindiko trabak atzemateko azterlanak/txostenak.

–Mugaz gaindiko izaera duten jarduera guztiak, oinarri hauen 1. klausulan adierazten diren kategorizazioa eta xedea betetzen badituzte.

5.–Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

5.1.a) Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.1.b) Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira ezinbestean, Nafarroako Gobernuaren atarian (www.navarra.es) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez (aurrerantzean, laguntzen fitxa); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezteko, aurkezleak ziurtagiri digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskaerari eransten zaizkion fitxategiak, 20 Mb-koak gehienez ere, formatu hauetako batekoak izanen dira: CSV, DOC / DOCX, JPG / JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF / TIF, TXT, XLS / XSLX, ZIP.

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

5.1.c) Eskaerak egiteko lehenengo eranskinean dagoen eskabide inprimaki zehatza erabiliko da; laguntza fitxan ere eskuragarri dago. Inprimaki hori behar bezala beteta eta sinatuta egon beharko da. Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko.

5.1.d) Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran emandako helbide elektroniko gaituaren (DEH) bitartez eginen dira. Helbide horrek Nafarroako Gobernuak gaituriko jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. DEHa lortu eta jakinarazpen elektronikoko prozeduretan harpidetza egiteko Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioaren helbide honetara jotzen ahal da: http://notificaciones.060.es. Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioa, laguntza fitxan ageri den berariazko inprimakiarekin bat datorrena, eskaneatuta aurkeztu behar da, behar bezala identifikatutako agiri bereizietan. Hauxe da:

5.2.a) Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

–Entitate eskatzailearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, azalduz ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan onuradun izateko ezarritako debekurik, ezta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritakorik ere.

–Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, beste entitate batzuek edo partikularrek ekintza bererako emandako edo haiei eskatutako dirulaguntzen zenbatekoei buruzkoa; horrelakorik eskatu ez badu, horren berri eman beharko du.

–”Transferentzia bidez kobratzeko eskaera” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik lortu ez bada.

–Toki entitateen kasuan:

• Elkartearen edo entitatearen estatutuak.

• Dirulaguntzak emateko prozeduretan Administrazio Publikoaren aurrean jarduteko, enpresa eskatzailearen izenean eta hura ordezkatuz diharduen pertsona fisikoaren ahalorde aski eta iraunkorraren eskritura, salbu eta ordezkatzeko ahalmena estatutuetan ageri bada.

–Dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena, http://www.navarra.es web-orrian eskura dagoen ereduaren arabera, zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxa eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izaten ahal diren zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

Atal honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztiak dirulaguntza eskatzeko berariazko inprimakian sartuta daude.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, entitate onuradunek ez daukate frogagiriak aurkeztu beharrik, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak ofizioz kontsultatuko du informazio hori.

Ulertuko da entitate onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, berariaz kontra agertzen ez badira behintzat eskaeran horretarako prestatutako inprimakiaren bidez; kasu horretan, eskatutako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

5.2.b) Ekintzei buruzko dokumentazioa (ezarritako ereduekin bat etorriz, Interneten, Nafarroako Gobernuaren Atariaren zerbitzuen katalogoko kasuan kasuko fitxan eskuragarri daudenak):

–Proiektuaren azalpen memoria (2. eranskina), gai hauek jasoko dituena, besteak beste:

a) Parte hartu duten entitateen eta proiektuaren datuak.

b) Proiektuaren berariazko helburuak.

c) Frantziako entitatearekiko lankidetzaren deskribapena.

d) Jardueren programa orientagarria, jardueren deskribapena eta egiteko egutegia.

e) Proiektuaren publizitaterako, hedapenerako eta iraunkortasuneko jarduerak.

–Gastuen aurrekontu xehakatua eta diru-sarreren aurreikuspena (3. eranskina).

–Proiektuan lankidetzan aritzeko konpromisoaren gutuna, Pirinio Atlantikoetako entitateak sinatua. Gutun horretan proiektuaren eta entitatearen identifikazio datuak jasoko dira, izaera eta jarduera, baita lankidetzaren edukiari eta interesari buruzko erreferentzia labur bat ere.

Dokumentazioa euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da. Artxibo digital horietan erantsitako elementu guztiek unitate kudeatzaileak dauzkan programa informatiko batekin edo batzuekin bateragarriak izan beharko dute: Libre Office 5.1, Microsoft Office 2003, Adobe Acrobat Reader DC 2015 eta Windows Media erreproduzigailua.

Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietan zehazten diren baldintzen onarpen formala eta esanbidezkoa. Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran esanbidez adierazten dutenean. Kasu horretan, deialdi honen 5. oinarrian eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

Jarduketa horiei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste edozein jarduketari dagokienez, lege hauetan ezarritakoa beteko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa; gainerako legerian xedatutakoa ere bete beharko da.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6.–Ebaluazioa eta ebazpena.

6.1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat. Prozedura honen funtsa da aurkezturiko eskaeren konparaketa egitea, proiektuak baloratzea, haien artean lehentasunak ezartzeko helburuarekin. Baloraziorik hoberena lortu dutenei adjudikatzen zaizkie dirulaguntzak, deialdian adierazitako kreditu erabilgarriaren baitan zehazturiko mugetan.

6.2. Prozeduraren organo kudeatzailea Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzua izanen da. Organo horrek eginen ditu prozedura sustatzeko eta espedientea tramitatzeko behar diren jarduketak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako legezkotasunaren, publikotasunaren, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioen arabera.

6.3. Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuak ebaluatuko ditu aurkeztu diren proiektuak, deialdi honen 7. oinarrian zehazten diren irizpideen arabera.

Ebaluazioaren arabera, organo kudeatzaileak Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari helaraziko dio ebazpen proposamen bat. Proposamen horrek dirulaguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda jasoko du, esleituriko zenbatekoarekin.

Eskaerak betetzen ez baditu finkatutako baldintzak, edo osorik ez badago, kudeaketa organoak entitate interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

Egiaztatuta eskaera beteta eta zuzen dagoela eta 1. oinarrian adierazitako jarduketa bati dagokiola, espedientea ezarritakoaren arabera barematuko da.

6.4. Badago kreditu bat entitate onuradun bakoitzarentzat (hau da, toki entitateentzat eta entitate sozialentzat). Onuradun mota bakoitzarentzat gordetako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste proiektuari zuzendutako zenbatekoari gehi dakioke, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa bideratu ondotik.

7.–Proiektuen balorazioa.

7.1. Gehienez ere 100 puntu emanen dira proposamenak baloratzeko. Honako hauek dira balorazio irizpideak, ondotik zehazten den puntuazioarekin:

IRIZPIDEA

AZPI-IRIZPIDEA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

1.–Aurkeztutako jardueren programaren kalitatea (50 puntu gehienez)

1.1.–Aurreikusitako jardueren egokitasuna proiektuko helburuak lortzeko

20

1.2.–Proiektuko helburuen argitasuna eta egokitasuna

10

1.3.–Proiektua deialdiaren xedearekin bat etortzea

10

1.4.–Proiektuaren hedapen eta publizitate neurriak

5

1.5.–Proiektuaren iraunkortasun neurriak

5

2.–Mugaz gaindiko dimentsioa. Lankidetzaren intentsitatea (25 puntu gehienez)

2.1.–Mugaz gaindiko lankidetzaren balioa identifikatutako helburuak lortzeko (15 puntu gehienez)

2.1.1.–Mugaz gaindiko lankidetzaren premia proiektua gauzatzeko

5

2.1.2.–Lankidetzaren eragina kuantitatiboki eta kualitatiboki

5

2.1.3.–Noraino den premiazkoa lankidetza koronabirusaren krisiaren ondorioak arintzeko

5

2.2.–Lankidetzan parte hartzen dutenak (10 puntu gehienez)

2.2.1.–Parte hartzaileen ibilbidea mugaz gaindiko lankidetzan

5

2.2.2.–Kideen gaitasuna proposatutako jardueretan

5

3.–Proiektuaren aurrekontua (20 puntu gehienez)

Baloratuko da aurrekontuak dituen egokitasuna eta koherentzia jarduerak egiteko eta aurreikusitako emaitzak lortzeko

20

4.–Proiektuaren iraunkortasun soziala (5 puntu gehienez)

3.1.–Generoaren ikuspegia txertatzea proiektuan, emakumeen eta gizonen presentzia orekatuz esku hartzeko roletan, gaietan edo edukietan, publikoei dagokienez

2

3.2.–Bazterketa arriskuan dauden eta/edo dibertsitate funtzionala duten pertsonen irisgarritasuna sustatzeko neurriak txertatzea

2

3.3.–Prestakuntza jarduketak/euskararen presentzia

1

Ebaluazioaren ondoren guztira 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

8.–Laguntza emateko ebazpena.

8.1. Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak emanen du ebazpena, non deialdi honetako dirulaguntzak eman eta esleituko dituen, diruz lagunduko den eskaera kopurua adieraziz eta bakoitzari dagokion kopurua zehaztuz, prozedurak iraun artean gertatu izan litezkeen gorabehera guztiak ebaztearekin batera.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta esanbidez adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka edo berariazko edo ustezko ukoen aurka, administrazio publiko ez diren entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

Administrazio publikoek deialdi honen kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa paratzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

8.2. Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiaren ebazpen hau interesdunei jakinaraziko zaie, deialdi honetara eskabideak aurkezteko azken egunetik hasi eta gehienez hiru hilabeteko epean. Epe hori ebazpenik esanbidez jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute entitate eskatzaileek.

8.3. Entitate onuradunen batek uko egiten badio emandako laguntzari, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak beste ebazpen bat eman dezake deialdian aurrekontuko diru erabilgarririk ez izateagatik laguntzarik gabe gelditu den hurrengo eskatzailearen alde. Kasu horretan, eta ez badago eskatzailerik entitate onuradun mota batean (toki entitateak edo entitate sozialak), gelditzen den diru kopurua erabil daiteke bestearen zenbatekoa handitzeko, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa bideratu ondotik.

9.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

9.1. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, entitate onuradunek ez daukate frogagiriak aurkeztu beharrik, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak ofizioz kontsultatuko du informazio hori.

Ulertuko da entitate onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, berariaz kontra agertzen ez badira behintzat eskaeran horretarako prestatutako inprimakiaren bidez; kasu horretan, eskatutako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

9.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, dirulaguntzen entitate onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztea, zerbitzuen katalogoko fitxan dagoen ereduaren araberakoa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

9.3. Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari jakinaraztea, gehienez 10 egun balioduneko epean dirulaguntzak emateko ebazpena jasotzen denetik aurrera, dirulaguntzaren xedeko ekintzaren baterako dirulaguntzari uko egiten zaiola, proiektua ez bada eginen edo ezin badira deialdian ezarritako epeak bete.

9.4. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

9.5. Diruz lagundutako ekintzetan egin gogo diren funtsezko aldaketen berri ematea Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari, haiek gauzatu baino lehen. Zerbitzu horrek baimendu beharko du edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai dirulaguntzaren xedea, bai diruz laguntzen diren ekintzen helburuak.

9.6. Dirulaguntzaren xedeko gastuak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan.

Egindako jarduketen justifikazioa 2021eko azaroaren 16a baino geroago aurkeztuz gero, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

9.7. Dirulaguntzaren xede diren jarduketen gaineko informazio eta publizitate guztietan Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza duela adierazi beharko da. Ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo dirua itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Logotipoa jartzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsultatu daitezke (https://www.navarra.es/), eta/edo Argitalpen Atalaren bidez.

9.8. Jasotako funtsak justifikatzeko agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

9.9. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikatzeko modua.

10.1. Dirulaguntza bukaeran ordainduko da; hau da, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea amaitzean. Eskatzaileek aurkeztu behar dute, 2021eko azaroaren 16a bitartean, egun hori barne dela, diruz lagundutako proiektuaren memoria ekonomikoa eta jardueretakoa, deialdi honen oinarrietan ezarritako moduan, aurrez onartu eta ziurtatu ondoren aurkeztutako dokumentazioa bat datorrela gauzatu den jarduerarekin.

Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifika daitekeen gastutzat joko da justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen ordaindu dena (hau da, 2021eko azaroaren 16ra arte), baldin eta gastua proiektua gauzatzeko epearen barnean badago (hau da, 2021eko urriaren 31ra arte).

Ordainduko den laguntzaren zenbatekoa egindako eta onartutako guztizko gastuaren %100 izanen da.

10.2. Justifikatzeko modua.

Justifikazioa modu telematikoan aurkeztu beharko da nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan laguntza honen fitxan adierazten den gisan, eta hurrengo apartatuetan ezarritakoarekin bat etorriz.

10.2.a) Diruz lagundutako jarduerak eginik, entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2021eko azaroaren 16an beranduenez:

–Diruz lagundu den proiektuaren exekuzioari buruzko memoria xehakatua, barne hartuko duena aurreikusitako helburuen betetzearen balorazioa, ezarritako ereduarekin bat datorrena. Eredu hori eskuragarri dago Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan laguntzaren fitxan eskuragarri dagoena. Memoria horrekin batera dokumentu-base bat aurkeztuko da, honako hauek bilduko dituena: sortutako emaitzak, argazkiak, bideoak/laburpena, ekitaldietan parte hartu izana frogatzen duten zerrendak, eta proiektuko ekintzak egin direla frogatzen duen beste edozer (4. eranskina).

–Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak, halakorik balego (norberaren diru-sarrerak nahiz entitate publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak.

–Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Laguntzen onuradunek taula bat osatu beharko dute, eta bertan gastuen zerrenda bildu beharko dute, deialdi honen laugarren oinarrian adierazitako tipologiaren arabera, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoaren laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat etorriz (5. eranskina).

–BEZaren aitorpena egiteko betebeharrari edo salbuetsita egoteari buruzko ziurtagiria.

10.2.b) Taula horretan hauek zehaztuko dira gastu bakoitzerako: zein kontzepturi dagokion; hartzekoduna; zenbatekoa guztira (BEZarekin eta BEZik gabe); proiektuari egozten zaion portzentajea; proiektuari esleituriko portzentajea eta ordainketa data. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren.

10.2.c) Gastu horiek justifikatzeko taula euskarri informatikoan (Excel) bidaliko da, eta horrekin batera fakturen edo gastuak frogatzeko baliokideak diren bestelako dokumentuen karpeta digitalizatua aurkeztuko da (pdf edo antzekoa) (5. eranskina).

10,2.d) Fakturen eta gastuen gainontzeko justifikazio-dokumentuen fotokopiak modu korrelatiboan zenbakitu beharko dira (1, 2, 3... dok.), eta gastuen justifikaziorako taulan agertzen diren ordena berdinean aurkeztu beharko dira. Fakturaren fotokopia edo gastua frogatzen duen dokumentu bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

11.–Dirulaguntzaren itzulketa.

Dirulaguntza ordaindu baino lehen, egiaztatutako da ezarritako epeetan aurkeztutako justifikazio agiriak bat datozela diruz lagundutako ekintzekin, dokumentazioa zuzena dela alde guztietatik eta dirulaguntzaren xedea bete dela.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

12.–Dirulaguntzen metaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honen xedeko dirulaguntzak ez dira bateragarriak helburu berarekin jarduera berak garatzeko ematen diren beste dirulaguntza batzuekin, administrazio honek edo eskualdeko, tokiko, nazioko edo Europako beste administrazio publiko batzuek edo entitate publiko zein pribatuek eman.

13.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

14.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

1. eranskina.–Eskabidea.

2. eranskina.–Proiektuaren memoria.

3. eranskina.–Aurrekontua.

4. eranskina.–Egikaritze memoria.

5. eranskina.–Gastuen justifikazio taula.

Deskargatu 1. eranskinetik 5.era bitartekoak dituen agiria (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2105693