120. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

71/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 12koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, eredu hauek onesten dituena: 234 eredua, “Zerga-plangintzako mekanismo jakin batzuei buruzko informazio aitorpena”; 235 eredua “Mugaz gaindiko mekanismo merkaturagarri jakin batzuei buruzko eguneratze-informazioaren aitorpena”; eta 236 eredua, “Zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuen erabilerari buruzko informazio aitorpena”.

Kontseiluak 2018ko maiatzaren 25ean emandako 2018/822 (EB) Zuzentarauaren bidez, 2011/16/EB Zuzentaraua aldatu zen honako honi dagokionez: zerga arloko informazio truke automatiko eta derrigorrezkoa egitea jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismoei buruz. Bada, 2018/822 Zuzentarauak ezartzen duenez, derrigorrezkoa da potentzialki oldarkorra den zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuen berri ematea.

Abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legeak, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzkoak, hogeita hamahirugarren xedapen gehigarri bat eransten dio Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrari. Aipatutako xedapen gehigarriaren bidez, informazio-betebeharra ezartzen da zerga-plangintzako mekanismo jakin batzuetarako. Zehazki, hiru informazio-betebehar sortzen dira, xede dutenak Europar Batasuneko estatuek beren zerga-oinarri nazionalak babestu ahal izatea mekanismo horiek eragiten duten higaduratik; izan ere, zenbait jurisdikzio hartzen dituzten mekanismo horien bidez, zerga-onurak araubide fiskal onuragarriagoetara eramaten dira, eta horrela, zergadunaren faktura fiskal globala murrizten da.

Horregatik guztiagatik, garrantzitsua da Europar Batasuneko estatuetako zerga-agintariek informazio osoa eta egokia eskuratzea potentzialki oldarkorrak diren mekanismo fiskalei buruz, horrek aukera emanen baitie modu azkarrean eta eraginkorrean erreakzionatzeko.

Hori horrela, foru agindu honen xedea da, batetik, 234, 235 eta 236 aitorpen ereduak onestea, eta bestetik, horiek aurkeztera behartuta daudenak, ereduak aurkezteko modua, epea eta tokia ezartzea, bai eta gainerako datu garrantzitsuak ematea ere.

Orobat, foru agindu honen bidez onesten dira partikularren arteko komunikazio ereduak, bete daitezen Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamalaugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako betebeharrak. Horiek garatu dira foru agindu honen 2.1.b) artikuluko 1. eta 2. apartatuetan eta 2.2 artikuluko c) letran.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamahirugarren xedapen gehigarriak ahalmena ematen dio zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrari ezar dezan zer baldintzatan eman behar duten bitartekariek eta zergapekoek arau horretan jasotako informazioaren berri; hogeita hamalaugarren xedapen gehigarriak, berriz, ahalmena ematen dio zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrari komunikazio eredu hauek onets ditzan: batetik, sekretu profesionaleko betebeharraren ondorioz, bitartekaria zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuen berri ematetik salbuesten duen eredua; bestetik, zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuen informazio aitorpena aurkezteko komunikazio eredua, bitartekariak aurkeztu beharrekoa, zehazten duena gainerako bitartekariak salbuetsita daudela eredu hori aurkeztetik; eta, azkenik, zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuen informazio aitorpena aurkezteko komunikazio eredua, zergapeko interesdunak aurkeztu beharrekoa, zehazten duena gainerako zergapeko interesdunak salbuetsita daudela eredu hori aurkeztetik. Zazpigarren xedapen gehigarriak, azkenik, ahalmena ematen dio zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. 234 eredua onestea.

234 eredua onesten da, “Zerga-plangintzako mekanismo jakin batzuei buruzko informazio aitorpena” izenekoa. Aitorpen hori elektronikoki aurkeztuko da, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orriaren bidez.

2. artikulua. 234 eredua aurkeztera behartuak daudenak.

1. a) Honako hauek aurkeztu beharko dute 234 eredua, bitartekari gisa, 3.a) apartatuan aipatutako lotura irizpideren bat betetzen denean:

1. Jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismo bat diseinatu, merkaturatu edo antolatu, hura exekutatzeko moduan jartzen duen edo haren exekuzioa kudeatzen duen pertsona edo entitate oro.

2. Jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismo bat diseinatu, merkaturatu, antolatu, hura exekutatzeko eskura jarri edo haren exekuzioa kudeatzeko, laguntza, sostengua edo aholkularitza zuzenean edo beste pertsona batzuen bitartez emateko konpromisoa hartuta dagoela jakitun den edo, arrazoizko eran, ustez badakien pertsona edo entitate oro.

b) Bitartekariek ez dute aitorpenik aurkeztu beharko inguruabar hauetakoren batean badaude:

1. Informazioa lagatzeak urratzen badu sekretu profesionaleko betebeharraren araubide juridikoa, zeina aipatzen baita Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hogeita hamahirugarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan; salbuespena izanen da zergapeko interesdunak horretarako baimena ematea, aipatu xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat.

Kasu horretan, salbuetsitako bitartekariak inguruabar horren berri eman beharko die mekanismoan esku hartzen duten gainerako bitartekariei eta zergapeko interesdunari. Bost eguneko epea izanen du horretarako, informazio-betebeharra sortu eta biharamunetik zenbatzen hasita, eta Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamalaugarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuan aipatutako jakinarazpenaren bidez eginen du.

Jakinarazpena foru agindu honen 16. artikuluan onetsitako ereduaren bidez egiten ahalko da.

2. Bitartekari bat baino gehiago dagoenean eta horietako batek aurkeztu duenean aitorpena.

Salbuetsitako bitartekariak froga fede-emailea gorde beharko du, bermatzen duena derrigortutako beste bitartekari batzuek aurkeztu dutela aitorpena, legez aplikagarriak diren arauekin bat.

Ondorio horietarako, froga fede-emailetzat joko da Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamalaugarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan aipatutako jakinarazpena.

Aitorpena aurkeztu duen bitartekariak horren berri eman beharko die mekanismoan esku hartzen duten gainerako bitartekariei, aurkeztu eta biharamunetik bost eguneko epean.

Jakinarazpena foru agindu honen 17. artikuluan onetsitako ereduaren bidez egiten ahalko da.

2. a) Aitorpena zergapeko interesdun gisa aurkeztera behartuta daude, 3.b) apartatuan aipatutako lotura irizpideren bat betetzen denean, jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismo bat exekutatzeko eskura jarri zaien pertsonak edo entitateak, edo mekanismo horien lehen fasea exekutatzera doazenak edo jada exekutatu dutenak, baldin eta horrelakoetan aitorpena aurkeztera behartutako bitartekaririk ez badago.

b) Aitorpena aurkezteko betebeharra duen zergapeko interesdun bat baino gehiago badago, zerrenda honetan lehenbizi ageri den pertsonak edo entitateak eginen du aitorpena:

1. Jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismoa bitartekariarekin adostu zuen zergapeko interesduna.

2. Mekanismo horren exekuzioa kudeatzen duen zergapeko interesduna.

c) Bat etorriz b) letran xedatutakoarekin, aitorpena aurkeztera behartuta dagoen zergapeko interesduna betebehar horretatik salbuetsita egonen da, baldin eta frogatzen badu beste zergapeko interesdun batek aurkeztu duela aitorpen hori.

Ondorio horietarako, froga fede-emailetzat joko da Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamalaugarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan aipatutako jakinarazpena.

Aitorpena aurkeztu duen zergapeko interesdunak horren berri eman beharko die gainerako zergapeko interesdunei, aurkeztu eta biharamunetik bost eguneko epean.

Jakinarazpena foru agindu honen 18. artikuluan onetsitako ereduaren bidez egiten ahalko da.

3. Informatzera behartuta dagoen pertsonak edo entitateak, a) eta b) letretan ezarritakoaren arabera aitorpena Espainiako zerga administrazioan aurkeztu behar badu, Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztuko du hala dagokionean, bat etorriz Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46.2 artikuluan ezarritakoarekin.

a) Informatzera behartuta dagoena bitartekaria bada, aitorpena Espainiako zerga administrazioan aurkeztu beharko du, hurrenkera honen araberako lotura irizpideren bat betetzen denean:

1. Bitartekariak egoitza fiskala Espainian izatea.

2. Bitartekariak Espainian kokatutako establezimendu iraunkor batetik ematea mekanismoari dagozkion bitartekari zerbitzuak.

3. Bitartekaria Espainian eratu izana edo Espainiako legeriaren arabera jardutea.

4. Bitartekaria erregistraturik egotea zerbitzu juridikoak, fiskalak edo aholkularitza zerbitzuak ematen dituen Espainiako lanbide elkargo edo elkarte batean.

Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren 8 bis ter.3 artikuluan adierazitako lotura irizpideetako bat Europar Batasuneko beste estatu batean betetzen bada eta horrek informatzeko betebehar anizkoitza badakar, bitartekariak ez du aitorpenik aurkeztu beharko Espainiako zerga administrazioan, baldin eta froga fede-emaile bat badu, frogatzen duena aitorpena Europar Batasuneko beste estatu batean aurkeztu dela.

b) Informatzera behartuta dagoena zergapeko interesduna bada, aitorpena Espainiako zerga administrazioan aurkeztu beharko du, hurrenkera honen araberako lotura irizpideren bat betetzen denean:

1. Zergapeko interesdunak egoitza fiskala Espainian izatea.

2. Zergapeko interesdunak Espainian kokatutako establezimendu iraunkor bat izatea, mekanismoaren onura jasotzen duena.

3. Zergapeko interesdunak Espainian errentak jasotzea edo onura ekonomikoa sortzea, eta mekanismoa errenta edo onura horiekin lotuta egotea.

4. Zergapeko interesdunak Espainian jarduera bat egitea eta mekanismoa jarduera horren barnean egotea.

Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren 8 bis ter.7 artikuluan adierazitako lotura irizpideetako bat Europar Batasuneko beste estatu batean betetzen bada eta horrek informatzeko betebehar anizkoitza badakar, zergapeko interesdunak ez du aitorpenik aurkeztu beharko Espainiako zerga administrazioan, baldin eta froga fede-emaile bat badu, frogatzen duena aitorpena Europar Batasuneko beste estatu batean aurkeztu dela.

3. artikulua. 234 ereduaren edukia.

1. 234 ereduan aitortu beharko dira Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamahirugarren xedapen gehigarriko 1.a) puntuan aipatzen diren zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismoak, baldin eta horietan esku edo parte hartzen dutenak behartuta baldin badaude eredu hori aurkeztera (2. artikulua) Kontseiluaren otsailaren 15eko 2011/16/EB Zuzentarauaren IV. eranskinean zehaztutako zeinu bereizgarriren bat gertatzen delako (zuzentarau hori fiskalitatearen esparruko lankidetza administratiboari buruzkoa da, eta 77/799/EEE Zuzentaraua indargabetu zuen).

2. Ondorio horietarako, aitortu beharreko zerga-plangintzako mekanismotzat joko da 3. apartatuan ezarritako baldintzak betetzen dituen mugaz gaindiko akordio, negozio juridiko, eskema edo eragiketa oro.

Mekanismo batek, kasua bada, mekanismo batzuk izan ditzake, eta fase edo zati bat baino gehiago izan ditzake.

Ez dira banakako mekanismotzat hartuko aitortu beharreko mekanismoak formalizatzearen ondorioz egindako ordainketak, ez badute banakako tratamendua ematera behartzen duen izaera berezkorik. Hala ere, azken mekanismo horren eduki gisa aitortzen ahalko dira.

3. Informazio-betebeharraren ondorioetarako, mugaz gaindiko mekanismotzat joko dira Europar Batasuneko estatu bati baino gehiagori edo Europar Batasuneko estatu bati eta hirugarren zerga jurisdikzio bati eragiten dieten mekanismoak, baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

a) Mekanismoan parte hartzen duten guztien egoitza fiskala jurisdikzio berean ez egotea.

b) Mekanismoan parte hartzen duen batek edo gehiagok jurisdikzio batean baino gehiagotan izatea egoitza fiskala.

c) Mekanismoan parte hartzen duen batek edo batzuek jarduera ekonomiko bat gauzatzea beste jurisdikzio fiskal batean, jurisdikzio horretan kokatutako establezimendu iraunkor baten bidez, eta mekanismoa izatea establezimendu iraunkor horren jarduera ekonomiko osoa edo haren zati bat.

d) Mekanismoan parte hartzen duen batek edo batzuek jarduera ekonomiko bat gauzatzea beste jurisdikzio fiskal batean, zerga-ondorioetarako egoiliarrak izan gabe edo jurisdikzio horretan kokatzen den establezimendu iraunkor bat sortu gabe, eta mekanismoa izatea jarduera ekonomiko osoa edo haren zati bat.

e) Mekanismo horrek balizko ondorioak izatea informazio truke automatikoan edo benetako titulartasunaren identifikazioan.

Nolanahi ere, ez dira hartuko aitortu beharreko zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismotzat mugaz gaindiko akordio, negozio juridiko, eskema edo eragiketak, oinarritzen badira jakinarazitako araubide fiskaletan eta berariaz baimenduta badaude Europako Batzordearen erabaki bidez.

4. Plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuk aitortzeko betebeharrean, hala badagokio, datu hauek jaso beharko dira:

a) Bitartekarien eta zergapeko interesdunen identifikazioa, barnean sartuta izena, jaioteguna eta jaioterria (pertsona fisikoen kasuan), egoitza fiskala, helbidea, IFZ eta, hala badagokio, zergapeko interesdunaren sozietate elkartuak diren pertsona edo entitateak.

Ondorio horietarako, sozietate elkartutzat joko dira Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren 3. artikuluko 23) puntuan ezarritako definizioarekin bat datozenak.

b) Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren IV. eranskinean jasota dauden zeinu bereizgarriei buruzko informazio xehakatua, foru agindu honen 13. artikuluan garatutako baldintzen arabera, horiek ezartzen baitute mekanismoa aitortzeko betebeharra. Horrez gain, hala badagokio, mekanismoa zer zerga administraziotan aitortu zen lehen aldiz, hartan ezarri zitzaion erreferentzia zenbakia.

c) Jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismoaren edukiaren laburpena, barne hartuko dituena tributu aldetik garrantzia duten datuak.

Hala badagokio, mekanismoaren ohiko izendapena aipatu beharko da, eta jarduera ekonomikoen edo dagozkien mekanismoen deskribapen abstraktua ere eginen da, baldin eta horren bidez sekretu teknologiko, zientifiko, industrial, komertzial, profesional eta finantzariorik edo antolaketaren aldeko sekreturik jakinarazten ez bada eta bestelako informaziorik ematen ez bada, informazio hori jakinaraztea interes publikoaren aurkakoa den kasuetan.

d) Noiz egin den edo eginen den jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismoa exekutatzeko lehen fasea, eta noiz sortu den informazio-betebeharra, 5. apartatuan ezarritakoaren arabera.

e) Jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismoaren oinarria osatzen duten xedapen nazional eta atzerritarren informazio xehatua.

f) Jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismotik eratorritako efektu fiskalaren balioa, eurotan adierazia.

Efektu fiskalaren baliotzat joko da aitorturiko mekanismoak tributu-zorraren terminoetan sortu duen emaitza, zeinak betiere barne hartu beharko baitu aurrezpen fiskala, 13.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat zehaztuko dena.

g) Zehaztea zein Estatutan duten bizilekua aitortu beharreko mekanismoan parte hartzen du(t)en zergapeko interesdun(a)(e)k eta esku hartzen duten bitartekariek, eta Europar Batasuneko zein estaturi eragiten ahal dion jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismoak.

h) Zehaztea jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismo horren eraginpean egon daitekeen estatu kide bateko beste edozein pertsona, eta adieraztea Europar Batasuneko zer estaturi dagoen lotuta pertsona hori.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamahirugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, datu-multzoak dira apartatu honen letra ezberdinetan aipatzen diren informazioak, aitortu beharreko mekanismo bakoitzari dagokionez.

5. a) Informazio-betebeharra sortuko da baldintza hauetakoren bat betetzen denean:

1. Noiz jartzen den jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismo bat exekutatzeko moduan, biharamunean.

Ulertuko da mekanismoa exekutatzeko moduan jarri dela bitartekariak eskualdatzen duenean eta zergapeko interesdunak behin betiko eskuratzen duenean lehenbizikoa bitartekaritzat jotzea zehaztu duen zerbitzua, bat etorriz Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren 3.21) artikuluan xedatutakoarekin.

Aurreko paragrafoan aipatutakoa –mekanismoa exekutatzeko moduan dagoela, alegia– frogatzeko, zuzenbidean onartzen den edozein frogabide onartuko da, bat etorriz Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 107. artikuluan xedatutakoarekin. Zehazki, honako agiri hauek: onarpen orriak, txostenak eta fakturak.

2. Noiz exekuta daitekeen jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismoa, biharamunean.

Ulertuko da mekanismoa exekutatzen ahal dela zergapeko interesdunak exekutatzeko moduan dagoenean.

3. Jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismoa exekutatzeko lehen fasea egindakoan.

Ulertuko da mekanismo bat exekutatzeko lehen fasea egin dela hura praktikan jartzen denean, eragin juridiko edo ekonomikoren bat sortuz.

b) Aurreko a) letran xedatutakoa gorabehera, 2.1.a).2 artikuluan aipatzen diren bitartekarien kasuan, informazio-betebeharra sortuko da laguntza, sorospena edo aholkularitza, zuzenean edo beste pertsona batzuen bidez, eman zuten egunaren biharamunean.

c) Aitorpena aurkeztera behartuta dagoena 2.1.b).1 artikuluan aipatzen den egoera gertatzen delako bada, ulertuko da betebeharra sortu dela jakinarazpena manu horretan aipatzen den epean jasotzen duenean.

4. artikulua. 234 eredua aurkezteko epea.

234 eredua 30 egun naturaleko epean aurkeztuko da, 3.5 artikuluan definitutako informazio-betebeharra sortzen denetik zenbatzen hasita.

5. artikulua. 235 eredua onestea.

235 eredua onesten da, “Mugaz gaindiko mekanismo merkaturagarri jakin batzuei buruzko eguneratze-informazioaren aitorpena” izenekoa. Aitorpen hori elektronikoki aurkeztuko da, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orriaren bidez.

6. artikulua. 235 eredua aurkeztera behartuak daudenak.

235 eredua aurkeztera behartuta egonen dira zerga-plangintzako mekanismo jakin batzuen informazio-betebeharraren ondorioetarako bitartekaritzat hartzen diren pertsonak eta erakundeak (2.1 artikuluan xedatutakoarekin bat); eredu horretan aitortuko dira eskura jartzen diren mugaz gaindiko mekanismo merkaturagarriak, betiere mekanismo horren beraren jatorrizko aitorpena egin ondoren.

7. artikulua. 235 ereduaren edukia.

1. 235 ereduan aitortuko dira Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren 3.24) artikuluan aipatzen diren mugaz gaindiko mekanismo merkaturagarrien datu eguneratuak, baldin eta aurretik aitortu baziren mugaz gaindiko mekanismo gisa.

235 eredua aurkezteak berekin ekarriko du 234 eredua aurkezteko betebeharretik salbuestea, jatorriz aitortutako mekanismoaren ondoren eskura jarritako mugaz gaindiko mekanismo merkaturagarri bakoitzeko.

2. Honako datu hauek jaso beharko dira 235 ereduan, hau da, mugaz gaindiko mekanismo merkaturagarri jakin batzuen eguneratze-informazioaren aitorpenean:

a) Jatorriz aitortutako mugaz gaindiko mekanismoaren identifikazioa. Hori izanen da mekanismoari lehenengo aitorpenean esleitutako erreferentzia zenbakia.

b) Bitartekarien eta zergapeko interesdunen identifikazioa, barnean sartuta izena, jaioteguna eta jaioterria (pertsona fisikoaren kasuan), egoitza fiskala, helbidea, IFZ eta, hala badagokio, zergapeko interesdunaren sozietate elkartuak diren pertsona edo entitateak.

Ondorio horietarako, sozietate elkartutzat joko dira Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren 3. artikuluko 23) puntuan ezarritako definizioarekin bat datozenak.

c) Noiz egin den edo eginen den jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismoa exekutatzeko lehen fasea, eta noiz jarri den eskura mekanismo merkaturagarria.

d) Zehaztea zein Estatutan duten bizilekua aitortu beharreko mekanismoan parte hartzen du(t)en zergapeko interesdun(a)(e)k eta esku hartzen duten bitartekariek, eta Europar Batasuneko zein estaturi eragiten ahal dion jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismoak.

e) Zehaztea jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismo horren eraginpean egon daitekeen estatu kide bateko beste edozein pertsona, eta adieraztea Europar Batasuneko zer estaturi dagoen lotuta pertsona hori.

3. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamahirugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, datu-multzoak dira artikulu honen 2. apartatuko letra ezberdinetan aipatzen diren informazioak, aitortu beharreko mekanismo bakoitzari buruzko eguneraketa bakoitzari dagokionez.

8. artikulua. 235 eredua aurkezteko epea.

Hilabete natural bateko epea egonen da 235 eredua aurkezteko, zenbatzen hasiko dena mugaz gaindiko mekanismo merkaturagarriak eskura jartzen diren hiruhileko naturala bukatzean, eta betiere mekanismo hori bera jatorriz 234 ereduan edo aurkeztutako azken 235 ereduan aitortu ondoren.

9. artikulua. 236 eredua onestea.

236 eredua onesten da, “Zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuen erabilerari buruzko informazio aitorpena” izenekoa. Aitorpen hori elektronikoki aurkeztuko da, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orriaren bidez.

10. artikulua. 236 eredua aurkeztera behartuak daudenak.

Zergapeko interesdunak urteko aitorpen bat aurkeztu beharko du Nafarroako Foru Ogasunean aurretiaz aitortu beharrekoak ziren mugaz gaindiko mekanismoak Espainian erabiltzeari buruz (alde batera utzita zer zerga administraziotan aitortu ziren, bat etorriz 2011/16/EB Zuzentarauaren 8 bis ter.1 artikuluan aipatzen den aitorpen-betebehar orokorrarekin), hala ondorioztatzen denean Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 46.2 artikuluan ezarritakotik, baldin eta betetzen bada (eta hurrenkera berean) foru agindu honen 2.3.b) artikuluaren 1. ordinaletik 4.era ezarritako lotura irizpideren bat.

11. artikulua. 236 ereduaren edukia.

1. Honako datu hauek jaso beharko dira plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuen erabilerari buruzko aitorpenean:

a) Bitartekarien eta zergapeko interesdunen identifikazioa, barnean sartuta izena, jaioteguna eta jaioterria (pertsona fisikoen kasuan), egoitza fiskala, helbidea, IFZ eta, hala badagokio, zergapeko interesdunaren sozietate elkartuak diren pertsona edo entitateak.

Ondorio horietarako, sozietate elkartutzat joko dira Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren 3. artikuluko 23) puntuan ezarritako definizioarekin bat datozenak.

b) Jatorriz aitortutako mugaz gaindiko mekanismoaren identifikazioa. Hori izanen da mekanismoari lehenengo aitorpenean esleitutako erreferentzia zenbakia.

c) Noiz erabili den mugaz gaindiko mekanismoa.

d) Mekanismoa erabiltzean aldatu den edozein datu, haren jatorrizko aitorpenean jaso zirenei dagokienez.

e) Aitorpena zer urteri dagokion, urte horretan mekanismotik eratorritako efektu fiskalaren balioa, eurotan adierazia.

Efektu fiskalaren baliotzat joko da aitorturiko mekanismoak tributu-zorraren terminoetan Espainian sortu duen emaitza, zeinak betiere barne hartu beharko baitu aurrezpen fiskala, 13.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat zehaztuko dena.

2. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamahirugarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, datu-multzoak dira artikulu honen 2. apartatuko letretako bakoitzean aipatzen diren informazioak, aitortu beharreko mekanismoaren erabilera bakoitzari dagokionez.

12. artikulua. 236 eredua aurkezteko epea.

Aurretiaz aitortu beharrekoak ziren mugaz gaindiko mekanismoak Espainian zer urtetan erabiltzen diren, hurrengo urte naturalaren azken hiruhilekoan aurkeztu beharko da 236 eredua.

13. artikulua. Zeinu bereizgarriak.

1. Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamahirugarren xedapen gehigarriko 1.a) puntuan aipatzen diren zeinu bereizgarriak araututa daude Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren IV. eranskinean, artikulu honetan ezarritako espezialitateekin.

2. Onura nagusiaren irizpidea.

Ulertuko da irizpide hau betetzen dela pertsona batek mekanismotik zentzuz espero dezakeen efektu nagusia edo efektu nagusietako bat –aintzat hartuta bidezko faktore eta inguruabar guztiak– aurrezpen fiskala lortzea bada.

Ondorio horietarako, honako hau izanen da aurrezpen fiskala: aitortu beharreko mugaz gaindiko mekanismoa egin izan ez balitz edo mekanismo horren bitartez zerga egitatea egotea erabat edo partzialki saihesteagatik oinarriari edo zerga kuotari aplikatzen zaion eta tributu-zorrari eragiten dion edozein murriztapen, baita tributu-zorraren sortzapenaren gerorapena ere. Aurrezpen fiskaltzat joko da, orobat, oinarriak, kuotak, kenkariak edo etorkizunean konpentsatzeko edo kenkaria egiteko modukoa den beste edozein kreditu fiskal sorraraztea.

Mekanismoan parte-hartzaile direnean 2011/16/EB Zuzentarauaren 3.23) artikuluak aipatzen dituen sozietate elkartuen izaera duten entitateak edo pertsonak, aurrezpen fiskala egoteari buruzko kalifikazioa, apartatu honen ondorioetarakoa, eginen da aintzat harturik entitate elkartuen osotasunarentzako efektuak, aurreko paragrafoan aipatuak, zein den ere tributazio-jurisdikzioa.

Onura nagusiaren irizpideak bat etorri behar du Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren IV. eranskinean jasotako A kategoriako zeinu bereizgarri orokorrekin, B kategoriako zeinu bereizgarri espezifikoekin eta C kategoriako 1. apartatuko b) letrako i) tartekikoekin eta c) eta d) letretakoekin.

3. Onura nagusiaren irizpideari lotutako zeinu bereizgarri orokorrak.

a) Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauak IV. eranskineko A kategoriako 2. apartatuan aipatzen duen zeinu bereizgarriari dagokionez (mekanismoaren aurrezpen fiskalarekin lotutako ordainsariak jasotzea, alegia), ulertuko da bereizgarri hori betetzen dela kontuan hartu gabe ordainsarien eta aurrezpen fiskalaren arteko lotura osoa edo partziala den.

b) Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauak IV. eranskineko A kategoriako 3. apartatuan aipatzen duen zeinu bereizgarriari dagokionez, mekanismo normalizatutzat joko da zuzentarau horren 3.24) artikuluan definitutako mekanismo merkaturagarria.

4. Mugaz gaindiko eragiketei lotutako zeinu bereizgarri espezifikoak.

a) Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauak IV. eranskineko C kategoriako 1. apartatuan aipatzen dituen zeinu bereizgarri espezifikoak dira sozietate elkartuen arteko mugaz gaindiko ordainketen kengarritasunari buruzkoak; bada, “mugaz gaindiko ordainketak” terminoan sartuko dira mugaz gaindiko gastuak, alde batera utzita ordainketa egin den edo ez.

Orobat, ulertuko da bi sozietate elkarturen artean egiten den ordainketa zeinu bereizgarriaren baldintzetan egiten dela, baldin eta, araudiak ezarritako gainerako baldintzak betez, enpresen arteko ordainketa hori zeharka egiten bada, bitarteko erakunde edo pertsona bat(zu)en bidez.

Mugaz gaindiko ordainketaren hartzailetzat hartuko da ordainketen zeharkako jasotzailea, baldin eta ordainketa horiek, zergei dagokienez, jasotzaileari egotzi bazaizkio tributu araubide hauen arabera: zerga gardentasuna, errenta egozpena edo horien baliokideak.

b) Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauak IV. eranskineko C kategoriako 1. apartatuaren b) letrako i) tartekian ezartzen duen zeinu bereizgarria (hartzaileak sozietateen gaineko zergarik ez aplikatzea edo hura zero tasan edo ia zero tasan aplikatzea) arau hauen arabera zehaztuko da:

1. Sozietateen gaineko zergatzat hartuko da Espainian eskatzen den sozietateen gaineko zergaren berdina edo antzekoa den edozein zerga.

2. Ulertuko da zero tasa edo ia zero tasa aplikatzen dela hartzaileak bizilekutzat duen herrialdeak ezartzen duen zerga-tasa nominala %1ekoa baino txikiagoa denean.

c) Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauak IV. eranskineko C kategoriako 1. apartuan, d) letran, jasotzen duen zeinu bereizgarriari dagokionez, ez da lehentasunezko araubide fiskaltzat hartuko Europar Batasunak zuzenbidearen arabera onartu duena.

d) Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauak IV. eranskineko C kategoriako 4. apartatuan aipatzen duen zeinu bereizgarri espezifikoa (inplikatutako jurisdikzioen artean balio diferentzia nabarmena duten aktiboen transferentzia barne hartzen duten mekanismoei buruzkoa) arau hauen arabera zehaztuko da:

1. Balio diferentzia nabarmenak kanpoan utziko dira kontabilitatearen ondorioetarako soilik gertatu direnean, eta ez zerga ondorioetarako.

2. Diferentzia nabarmentzat hartuko da bi jurisdikzioen zerga balioen arteko diferentzia %25ekoa baino handiagoa denean.

5. Informazio truke automatikoari eta titulartasun errealari buruzko zeinu bereizgarri espezifikoak.

a) Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauak IV. eranskineko D kategorian jasotzen dituen zeinu bereizgarrien araubide juridikoa interpretatzeko, honako hauei jarraikiko zaie: informazioa nahitaez komunikatzeko arau tipoak, xede dituztenak informazioa eta lurraldez kanpoko egitura opakuak komunikatzeko estandar komuna saihesteko mekanismoak, eta Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak estandar komun horri buruz egin duen iruzkina.

b) Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauak IV. eranskineko D kategoriako 1. apartatuan jasotzen duen zeinu bereizgarria betetzen dela ulertuko da mekanismo batek baldintza hauetakoren bat betetzen badu:

1. Mekanismoak galaraztea finantza-kontuei buruz informatzeko betebeharra. Betebehar hori izan daiteke Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa; Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 9ko 149/2016 Foru Aginduan jasotakoa (horren bidez onetsi zen 289 eredua, “Elkarren laguntzaren esparruko finantza-kontuei buruzko urteko informazio-aitorpena” izenekoa); edo Europar Batasuneko estatuen artean edo hirugarren herrialdeekin “finantza-kontuei” buruzko informazio truke automatikoak egiteko akordio baliokideetan ezarritakoa.

2. Mekanismoak aprobetxatzea ez dagoela aurreko ordinalean aipatutako legeriarik edo akordiorik.

Mekanismo horien barruan, Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauak IV. eranskineko D kategoriako 1. apartatuan aipatzen dituen ezaugarrietako bat gutxienez jaso beharko da.

Ulertuko da betetzen dela Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauak IV. eranskineko D kategoriako 1. apartatuko e) letran aipatzen duen ezaugarria, baldin eta entitateak, tresnak edo egitura juridikoak erabiltzen badira “finantza-kontuei” buruzko informazio truke automatikoan kontrola egiten duten pertsonei edo kontuen titular bati edo batzuei buruzko informazioa ezabatzeko edo ezabatu nahi izateko.

c) Ulertuko da betetzen dela Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauak IV. eranskineko D kategoriako 2. apartatuan aipatzen duen zeinu bereizgarria, mekanismoak titulartasun formal edo errealeko kate ez-garden bat dakarrenean, baldin eta apartatu horretako a), b) eta c) letretan hurrenez hurren aipatzen diren baldintza guztiak batera gertatzen badira.

6. Transferentzia prezioei lotutako zeinu bereizgarri espezifikoak.

a) Ulertuko da Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauak IV. eranskineko E kategorian aipatzen duen zeinu bereizgarrietako bakar bat ere ez dela betetzen, mekanismoaren balioak zehazten direnean Sozietateen gaineko zergaren erregelamenduaren I. tituluko XI. kapituluan arautzen diren balorazio akordio baten bidez (abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori) edo, aurreko zuzentarauarekin bat, informazio truke automatikoaren xede diren transferentzia prezioei buruz aurretik hartutako akordioen bidez.

b) Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauak IV. eranskineko E kategoriako 3. apartatuan aipatzen duen zeinu bereizgarriari dagokionez (mekanismoaren bitartez funtzio, arrisku eta aktiboak transferitu ahal izatea talde bereko pertsonen artean eta horrek ustiapenaren emaitza murriztea), talde bereko pertsonak izanen dira Kontseiluaren 2011/16/EB Zuzentarauaren 3. artikuluko 11. apartatuan aipatzen direnak, baldin eta artikulu horren 23. apartatuaren arabera sozietate elkartutzat jotzen badira.

14. artikulua. 234, 235 eta 236 ereduak bide telematikoen bitartez aurkezteko modua, baldintza orokorrak eta prozedura.

1. 234, 235 eta 236 ereduak telematika bidez aurkeztuko dira, Internet erabiliz, datozen apartatuetan aurreikusten diren baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

2. Honako hauek eduki beharko ditu aitortzaileak:

a) Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).

b) Identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema bat, ziurtagiri elektroniko aitortu bat erabiliz, Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko modukoa, arloan indarra duen legediarekin bat etorriz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Bat etorriz Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu-zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako Akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin, aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea, identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema bat eduki behar du, eta ziurtagiri elektroniko bat erabili, b) letran aipatzen den moduan.

d) 234, 235 eta 236 ereduen aurkezpen elektronikoa egiteko, aitortzaileak edo baimendutako aurkezleak, halakorik bada, Nafarroako Foru Ogasunaren Interneteko web-orrian eskuragarri dagoen web inprimakia erabili beharko du.

e) Aitortzaileek aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

f) Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. 234, 235 eta 236 ereduen Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egiteko, prozedura hau erabiliko da:

1. Ogasunarekiko tramiteen zerbitzura iristea helbide honen bidez: http://hacienda.navarra.es.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete eta gero, bidalketa baimenduko da.

15. artikulua. Zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismoen aitorpenetik lortutako informazioaren emaitzak.

Nafarroako Foru Ogasunak argitara ematen ahalko ditu bere web-orrian, informazio ondorioetarako soil-soilik, aitortu diren zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismo esanguratsuenak, eta, hala badagokio, baita bakoitzari dagokion tributu araubideari, sailkapenari edo kalifikazioari buruzko informazioa ere.

16. artikulua. Onestea sekretu profesionaleko betebeharraren ondorioz zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuen berri ematetik salbuetsita dauden bitartekariek aurkeztu beharreko komunikazio eredua.

2.1.b).1 artikuluaren ondorioetarako, eta bat etorriz Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamalaugarren xedapen gehigarriko 1. apartatuarekin, komunikazio eredu bat onesten da bitartekariek aurkez dezaten, baldin eta, sekretu profesionaleko betebeharraren ondorioz, zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuen berri ematetik salbuetsita badaude. Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian eskuratzen ahal da.

Jakinarazpen hau partikularren arteko informazio-betebeharra da; hau da, salbuetsitako bitartekariak mekanismoan esku hartzen duten gainerako bitartekariei eta zergapeko interesdunei igorri beharko die, zerga administraziora jo gabe.

Orobat, baliozkoak izanen dira foru agindu honek onesten duen ereduaren edukiarekin bat datozen inprimakiak ere, formatu desberdinekoak badira ere.

17. artikulua. Onestea zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuen informazio aitorpena aurkezteko komunikazio eredua, bitartekariak aurkeztu beharrekoa, zehazten duena gainerako bitartekariak salbuetsita daudela eredu hori aurkeztetik.

2.1.b).2 artikuluaren ondorioetarako, eta bat etorriz Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamalaugarren xedapen gehigarriko 2. apartatuarekin, komunikazio eredu bat onesten da bitartekariek zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuen informazio aitorpena aurkez dezaten; eredu horretan zehazten da gainerako bitartekariak salbuetsita daudela eredu hori aurkeztetik. Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian eskuratzen ahalko da.

Jakinarazpen hau partikularren arteko informazio-betebeharra da; hau da, aitorpena aurkeztu duen bitartekariak horren berri eman beharko die mekanismoan esku hartzen duten gainerako bitartekariei, zerga administraziora jo gabe.

Orobat, baliozkoak izanen dira foru agindu honek onesten duen ereduaren edukiarekin bat datozen inprimakiak ere, formatu desberdinekoak badira ere.

18. artikulua. Onestea zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuen informazio aitorpena aurkezteko komunikazio eredua, zergapeko interesdunak aurkeztu beharrekoa, zehazten duena gainerako zergapeko interesdunak salbuetsita daudela eredu hori aurkeztetik.

2.2.c) artikuluaren ondorioetarako, eta bat etorriz Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren hogeita hamalaugarren xedapen gehigarriko 2. apartatuarekin, komunikazio eredu bat onesten da zergapeko interesdunak zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuen informazio aitorpena aurkez dezan; eredu horretan zehazten da gainerako zergapeko interesdunak salbuetsita daudela eredu hori aurkeztetik. Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian eskuratzen ahalko da.

Jakinarazpen hau partikularren arteko informazio-betebeharra da; hau da, aitorpena aurkeztu duen zergapeko interesdunak horren berri eman beharko die gainerako zergapeko interesdunei, zerga administraziora jo gabe.

Orobat, baliozkoak izanen dira foru agindu honek onesten duen ereduaren edukiarekin bat datozen inprimakiak ere, formatu desberdinekoak badira ere.

Lehen xedapen iragankorra.–Aitortu beharreko mugaz gaindiko mekanismoen araubide iragankorra, horien lehen fasea 2018ko ekainaren 25etik 2020ko ekainaren 30era bitartean exekutatu bada

Mugaz gaindiko mekanismoen lehen fasea 2018ko ekainaren 25etik 2020ko ekainaren 30era bitartean exekutatu bada, mekanismo horien aitorpena egiteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, foru agindu honek indarra hartzen duenetik zenbatzen hasita.

Bigarren xedapen iragankorra.–Jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuei buruzko informazioa aitortzeko epea, horien informazio-betebeharra 2020ko uztailaren 1etik aurrera eta foru agindu honek indarra hartu aurreko egunera arte sortu bada.

Jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuei buruzko informazioa aitortzeko, horien informazio-betebeharra 2020ko uztailaren 1etik aurrera eta foru agindu honek indarra hartu aurreko eguna baino lehen sortu bada, 30 egun naturaleko epea egonen da, foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera zenbatzen hasita.

Hirugarren xedapen iragankorra.–Mugaz gaindiko mekanismo merkaturagarri jakin batzuen eguneratze-informazioa aitortzeko epea, horiek 2020ko uztailaren 1etik 2021eko martxoaren 31ra bitarte jarri badira eskura.

Eskura jarritako mugaz gaindiko mekanismo merkaturagarrien eguneratze-informazioa aitortzeko, betiere mekanismo hori aitortu ondoren eta 2020ko uztailaren 1etik 2021eko martxoaren 31ra bitarte jarri badira eskura, 30 egun naturaleko epea egonen da, foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera zenbatzen hasita.

Azken xedapenetako lehena.–Europar Batasuneko zuzenbidea txertatzea.

Foru agindu honen bidez, Nafarroako foru araudian sartzen da Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 25eko 2018/822 (EB) Zuzentaraua. Zuzentarau horren bidez, 2011/16/EB Zuzentaraua aldatu zen, honako honi dagokionez: zerga arloko informazio truke automatiko eta derrigorrezkoa egitea jakinarazi beharreko mugaz gaindiko mekanismoei buruz.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

236 eredua, hau da, zerga-plangintzako mugaz gaindiko mekanismo jakin batzuk erabiltzeari buruzko informazioaren aitorpena, eskatzen ahalko da foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera Espainian erabiltzen diren mekanismoengatik.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 12an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2107764