12. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IZARBEIBARKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa Izarbeibarko Mankomunitatearen Estatutuetan. Behin betiko onespena

Izarbeibarko Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2020ko urtarrilaren 29an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Mankomunitatearen Estatutuetako 4. artikulua aldatzea.

Hasierako onespena hilabetez egon zen jendaurrean Mankomunitateko udalen idazkaritzetan, eta epe horretan inork ez zuen alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldeko txostena, zati batean, eman zuen 2020ko irailaren 11n, 4. artikulua aldatzeari buruz. Artikulu horren 3. apartatuan 23. azpiapartatua sartu da, berdintasun zerbitzuaren gainekoa.

Gero, Izarbeibarko Mankomunitateko udalen osoko bilkuretara eraman zen aldaketa, onesteko, eta haietatik bi herenek baino gehiagok alde bozkatu zuten. Beraz, testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluko 6. puntuan xedatutakoa betez.

Garesen, 2020ko abenduaren 23an.–Mankomunitateko burua, Sabina García Olmeda.

MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK

Zioen azalpena

1.–Lurralde esparrua.

Indarra duten Estatutuak 1989. urtekoak dira. Urte horretako 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren, apirilaren 21ean. Orduan bost udal zeuden Mankomunitatearen barnean. Geroztik beste zazpi udal sartu dira, eskuordetza hitzarmen bidez; horietako bat Gesalazko Ibarra da, hamasei kontzejuz osatua. Hori horrela, badirudi Mankomunitatea zabaltzeko prozesua bukatuta dagoela, eta esparrua mugatuta gelditu da, nahiz eta atea irekita uzten den gerora beste batzuk sartzeko.

Gertatzen da udal batzuk uraren ziklo integralean daudela eta beste batzuk goi horniduran bakarrik. Beharrezkoa da berezitasun hori Estatutuetan jasotzea, bai eta egoera horrek izan dezakeen aldaketa ere, denak ziklo integralean sar daitezen.

2.–Beste zerbitzu batzuk eskuordetzea.

Gaur egun Arga-Izarbeibar Mankomunitatea dago, zeinak, salbuespenen bat kenduta, ia lurralde eremu bera duen. Pentsatzen ari gara gure Mankomunitateak bere gain har dezala hondakinak biltzeko zerbitzuaren kudeaketa, eta desegin dadila Arga-Izarbeibar Mankomunitatea. Horregatik, komenigarritzat jotzen da Estatutuek helburu zehatz hori jasotzea, eta aukera eman dezatela kudeaketa organoak sortzeko, sozietate mugatuen figuraren bitartez, zerbitzuen kudeaketa partikularizatua egin ahal izateko.

3.–Esparru juridikoa.

Garrantziaren arabera lehen tokian jartzea bazegoen arren, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea eman izanak (funtsezko aldaketa egin du Foru Komunitateko toki entitateen araubide juridikoan) berarekin dakar beharrezko tramiteak egin beharra Izarbeibarko Uren Mankomunitatearen Estatutuak aldatzeko, horien edukia egoera juridiko berriaren arabera egokitzeko.

Horretan eta urteotako funtzionamenduan oinarriturik, Estatutuetan aldaketa txikia egin nahi da, nahi baitugu Mankomunitateak bertako entitateek parte hartzeko bidea izaten jarraitzea, denen interes komunei dagokienez; aukera izanen da, gainera, Mankomunitateko herriekin lankidetzan aritzeko alde ekonomiko, tekniko eta administratiboan, estatutu hauetan eta legeetan ezarritako modu eta baldintzetan.

MANKOMUNITATEAREN ESTATUTUAK

1. artikulua.

Eranskineko zerrendan ageri diren udalek, gaur egun Izarbeibarko Uren Mankomunitatea osatzen dutenek, Plangintza Orokorreko Mankomunitatea eratu dute, beren eskumeneko zerbitzuak elkarturik antolatu eta emateko, estatutu hauen II. kapituluan adierazitako moduan. Kide berriak onartzeko, estatutuetan horri dagozkion arauei jarraituko zaie.

Mankomunitate honen antolaketa eta funtzionamendua Estatutu hauetan xedatutakoari lotuko zaizkio, baita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean eta toki korporazioei aplikatzen zaizkien legezko edo erregelamenduzko gainerako xedapenetan ezarritakoari ere.

2. artikulua. Nortasun juridikoa.

Mankomunitate honek gaitasun juridiko osoa izanen du bere xedeak betetzeko, izaera publikoko administrazio entitatea den aldetik, eta une bakoitzean kide dituen toki entitateen mugarteetan erabiliko ditu bere eskumenak.

3. artikulua. Izena eta egoitza.

Aipatutako toki entitatearen izena Mancomunidad de Valdizarbe-Izarbeibarko Mankomunitatea izanen da. Garesen izanen du egoitza.

4. artikulua. Hona hemen Mankomunitatearen xedeak:

1. Tokiko zerbitzu publikoen plangintza, exekuzioa eta kontrola koordinatzea eskualde osoari begira. Mankomunitateak bere kideekin sinatzen dituen hitzarmenetan ezarriko dira hori egiteko modua, ahalmenak eta mugak.

2. Toki entitateei laguntza teknikoa ematea beren eskumenak erabiltzeko eta zerbitzuak zuzenean emateko.

3. Udalen eskumenekoak izanik, bere esku utzitako zerbitzuak ematea, haiek kudea ditzan utzi eta berak onartuz gero:

1) Edateko uraren goi hornidurako zerbitzuak.

2) Edateko uren hornidura, estoldak, saneamendua eta hondakin uren arazketa.

3) Etxeko hondakinak bildu, tratatu eta aprobetxatzea.

4) Ingurumenaren babesa, aurreko apartatuekin lotura duen orotan.

5) Oinarrizko Gizarte Zerbitzua.

6) Mankomunitateko udalerrietan kirol, gazteria, gizarte eta kultura arloetako jarduerak planifikatu, sustatu, eskaini, garatu eta koordinatzea, zuzenean edo kasuan kasuko udalarekin elkarlanean, herri bakoitzeko jarduerak errespetatuz.

7) Euskara zerbitzu teknikoa.

8) Etxebizitza eta eraikinen zaharberritzearen kudeaketa, toki entitateen eskumeneko eremuan, eta hirigintzako aholkularitza.

9) Mankomunitateko udal batek baino gehiagok erabil ditzakeen langile, bitarteko eta zerbitzuak kontratatzea.

10) Kultura eta turismo arloak sustatzea eta garatzea.

11) Izarbeibarraren garapen integrala sustatzea.

12) Mankomunitateko langileek aholkularitza ekonomikoa eta kontu-hartze lanetarako laguntza ematea Mankomunitateko udalei, eskatuz gero.

13) Musika eskolak.

14) Eskualdeko garraio kolektiboa.

15) Taxi zerbitzua baterako zerbitzurako eskualde-eremuan.

16) Argiteria publikoaren mantentze-lanak.

17) Etxebizitzak sustatu eta kudeatzea; parke eta lorategiak; hiri barruko eremu publikoak zolatzea; eta landa bide eta eremuak kontserbatzea.

18) Ondare historiko-artistikoa.

19) Ingurumena babestea.

20) Elikagaien hornidura, hiltegiak, azokak eta merkatuak; eta kontsumitzaile eta erabiltzaileak defendatzea.

21) Hilerriak eta ehorzketa zerbitzuak.

22) Bideak garbitzea.

23) Berdintasunerako zerbitzua.

5. artikulua.

Mankomunitate honen iraupena edo indarraldia mugagabea da, eta estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik aitzina hasiko da funtzionatzen.

6. artikulua.

Mankomunitateak zuzendaritza eta administrazio organo hauek ditu:

–Batzar Orokorra organo gorena izanen da. Estatutu hauetan zehaztutako eskumen eta eskudantziak eta antolamendu juridikoak ematen dizkion gainerakoak izanen ditu.

–Mankomunitateko burua, estatutu hauen 9. artikuluan arautua.

–Batzorde Iraunkorra, estatutu hauen 10. artikuluan arautua.

–Mankomunitateko buruordea, estatutu hauen 26. artikuluan arautua.

–Kontuen Batzorde Berezia, Batzorde Iraunkorra osatzen duten pertsonek berek osatua.

Batzorde Orokorrak, Mankomunitateko buruak proposaturik, borondatezko beste kontsulta organo batzuk sortzen ahalko ditu, helburu honekin: Batzorde Iraunkorrak erabaki beharreko gaiei buruzko azterketa, txostena edo kontsulta. Bere irizpenak aginduzkoak dira eta ez lotesleak, eta Mankomunitatearen Funtzionamenduko Erregelamendu Organikoan arautuko dira.

7. artikulua.

Mankomunitateak, bere xedeak betetzeko, kudeaketa organo bat izan ahalko du, eta estatutuetan zehazten diren eginkizunak izanen ditu. Organo hori sozietate mugatu gisa eratuko da, eta bere zuzendaritza batzordea Mankomunitateko Batzar Orokorreko kideek soilik osatuko dute. Sozietate hori honako hauen bidez arautuko da: bere estatutuak, berariazko administrazio legedia eta sozietate mugatuei oro har aplikatu beharreko lege zibilak eta merkataritza arlokoak. Mankomunitateko Batzar Orokorrak onetsi behar ditu estatutu horiek.

8. artikulua.

Mankomunitatea eta bere kudeaketa organoa edo organoak eta toki entitate mankomunatuak elkarrekin ariko dira zerbitzuak ahalik eta hobekien eman beharrez, behar den informazioa, laguntza eta zaintza elkarri eskainita.

9. artikulua.

Mankomunitateko Batzar Orokorrak buru bat izendatuko du bere kideen artetik, hura ordezkatzeko beste pertsona fisiko edo juridikoekiko harremanetan, eta Batzar Orokorrak eta estatutu hauek esleitzen dizkioten eginkizunak ere beteko ditu.

Batzar Orokorra eratzen den bilkuran hautatuko da Mankomunitateko burua, prozedura honi jarraituz:

a) Beren hautagaitza aurkezten duten batzarkide guztiek lor dezakete kargua.

b) Lehen bozketan, Batzarra osatzen duten boto eskubidedun guztien %50 baino gehiago eskuratzen dituen batzarkidea hautatuko da Mankomunitateko buru izateko.

c) Aurreko paragrafoan aipaturiko gehiengoa batzarkide bakar batek ere lortzen ez badu, bigarren bozketa eginen da, eta boto eskubidedun gehien lortzen dituena hautatuko da buru izateko.

d) Berdinketa gertatuz gero, biztanle gehien dituen entitatearen ordezkaria hautatuko da, berdinduta daudenen artean.

e) Biztanle gehieneko entitatea berdinduta dauden zenbait batzarkidek ordezkatzen badute, udal horretan herritarren boto gehien eskuratu duena hautatuko da. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez erabakiko da.

Mankomunitateko buruak buruorde bat izendatuko du Batzar Orokorreko kideen artetik, eta haren betebehar eta eskudantziak izanen ditu hura kanpoan dagoenean edo postua hutsik gelditzen denean, hautaketa berriz egin arte. Batzar Orokorra eratzeko bilkuran eginen da izendapen hori.

10. artikulua.

Gobernuko Batzorde Iraunkorreko kideak honako hauek izanen dira: Mankomunitateko burua, organo horren burua ere izanen baita, eta Batzar Orokorrekoak izan behar duten kideak, Batzarrak berak hautatuak. Mankomunitateko udal bakoitzeko kide bat; burua zein udaletakoa den, orduan udal horretakoa ez.

Gobernuko Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Buruari etengabeko laguntza ematea.

b) Ekitaldi bakoitzeko aurrekontua gauzatzean ezarritako ondasun eta zerbitzuak eskuratzea eta besterentzea, buruari edo Batzar Orokorrari dagozkionean izan ezik.

c) Ekitaldi bakoitzeko aurrekontua gauzatzean ezarritako obra, zerbitzu eta hornidurak kontratatzeko organoaren eginkizunak, buruari edo Batzar Orokorrari dagozkionean izan ezik.

d) Batzar Orokorrak edo buruak bere esku utzitako eginkizunak.

e) Erregelamendu Organikoaren araberako txosten, irizpen, azterketa eta kontrol eginkizunak.

11. artikulua.

1. Izarbeibarko Mankomunitatean, idazkaritza eta kontu-hartzailetzako egitekoa elkartutako toki entitateetako batean lan hori egiten duenari ematen ahalko zaio, hark eskatuta; edo, eskaerarik ez badago, bati ematen ahalko zaio eta hark nahitaez hartu beharko du bere gain. Mankomunitateak ezarriko du lansaria, eta inola ere ez da izanen A mailaren hasierako soldataren %10 baino baxuagoa.

2. Idazkaritzako egitekoa ez denean betetzen aurreko zenbakian ezarritako eran, Mankomunitateak bere plantillan sartzen ahalko du egiteko horri dagokion lanpostua, eta orokorki ezarrita dagoen moduan beteko da.

12. artikulua.

Mankomunitateko udalen ordezkariek osatuko dute Batzar Orokorra; kasuan kasuko entitateko zinegotziak izan behar dute.

13. artikulua.

Udalen ordezkaritzak proportzio hau izanen du:

Ordezkari bat Mankomunitateko udaletako 500 biztanle eskubideduneko (edo zatikiko). Mankomunatutako entitate bakoitzak boto bat izanen du kasuan kasuko udaleko biztanle eskubidedun bakoitzeko.

Mankomunatutako entitate bateko ordezkariak, guztira, Batzar Orokorreko botoen %49 izanen dira gehienez; entitate bati dagozkion botoak bertako ordezkarien artean banatzerakoan, zati berdinez eginen da haien artean.

Biztanleria, botoei dagokienez, Batzar Orokorra berritzen den unean indarra duen erroldaren arabera zenbatuko da, Estatistikako Institutu Nazionalak edo beste organo eskudun batek onetsitako herritar eskubidedunen arabera.

14. artikulua. Ordezkarien hautaketa.

Udal bakoitzak libreki hautatu eta berrituko ditu bere ordezkariak, eta udaletako hauteskundeak egiten direnean nahitaez berritu beharko dira izendapen horiek.

Ordezkari batek kargua utziz gero, dela udalak hala nahi duelako dela bere borondatez, ordezko bat izendatu beharko da, hilabeteko epean, aurrekoak kargua uzten duen egunetik hasita.

15. artikulua.

Batzar Orokorra jendaurreko bilkuran eratuko da, udal hauteskundeak egin eta lau hilabeteko epean, eta urtean bitan bilduko da gutxienez.

Orobat, egokitzat jotzen diren bilkurak eginen dira, bai Mankomunitateko Batzar Orokorreko buruak deituta bai batzarkideen heren batek eskatuta.

Burua eta sozietate kudeatzaileetako zuzendari eta kudeatzaileak joanen dira bilkuretara; azken horiek hitza izanen dute baina botorik ez. Sozietate kudeatzaileko buruak botoa izanen du; horregatik, sozietate kudeatzaileko burua izateko Batzar Orokorreko kidea izan behar da.

16. artikulua.

Bilkura bakoitzerako deialdia garaiz egin beharko da, ordezkariek landuko diren gaiak aztertu ahal izateko eta, betiere, Toki Araubideari buruz indarra duen araudiari jarraikiz.

Zitazioetan bilkuraren eguna, ordua eta tokia agertuko dira, eta udaletara bidaltzen ahalko dira; horrela, betebeharra betetzat joko da, eta horiek igorri egin beharko dituzte.

17. artikulua.

Zitazioarekin batera eguneko gai zerrenda joanen da, ordezkariek landu behar diren gaiak aztertu ahal izateko; horretaz gain, dokumentazioa batzarkideen eskura egonen da Mankomunitatearen bulegoetan, zitazioa bidaltzen den egunetik hasita.

18. artikulua.

Erabakien eta bozketen araubidea bat etorriko da toki entitateetan gai horiek arautzen dituen indarreko araudiarekin.

Estatutu hauen 13. artikuluan aipatzen den boto haztatua burua hautatu eta kargutik kentzeko soilik aplikatuko da.

19. artikulua.

Estatutuak aldatzeko, onespenerako erabili zen prozedura berari jarraitu beharko zaio, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearekin bat.

20. artikulua.

Batzar Orokorrak eta Gobernu Batzordeak hartzen dituzten erabakiak betearazteko organo arduraduna burua izanen da, eta alkateen eskudantzia berberak izanen ditu, bilkuren burutzari eta horietarako deialdiei dagokienez.

Mankomunitatearen legezko ordezkaria eta bozeramailea izanen da, Mankomunitateak kanpo aldera izaten dituen harremanetan.

21. artikulua.

Burua ez dagoenean buruordea arituko da, haren eskudantzia berberekin.

22. artikulua.

Idazkariari, kontu-hartzaileari eta diruzainari aplikatzen ahal zaien araubide juridikoa udaletan enplegu berei ematen zaiena bezalakoa da, beren eskudantzia eta eskumenen barnean, salbu eta ordainsariei eta enplegu eskubideei eta iraunkortasunari dagokienez.

23. artikulua.

Batzar Orokorrak izendatuko du burua, batzarra eratzeko bilkuran. Toki entitateetako kideak berritzeko garaian berrituko da Mankomunitateko buruaren kargua ere, kargutik kentzen dutenean, dimisioa ematen duenean, hiltzen denean edo epai irmo bidez inhabilitatzen dutenean izan ezik; hori gertatuz gero, ahalik azkarren hautatuko da Mankomunitateko buru berria, kargua hutsik egon ez dadin.

24. artikulua.

Eskudantzia hauek dagozkio Batzar Orokorrari:

a)

1. Burua hautatu eta kargutik kentzea.

2. Bai Mankomunitateko gobernu organoen bai sozietate kudeatzailearen edo kudeatzaileen jarduketa kontrolatu eta fiskalizatzea.

3. Erregelamendu Organikoa onestea, baita Mankomunitatearen eskumeneko gainontzeko xedapen orokorrak ere.

4. Zerga arloko baliabide berekiak zehaztea, aurrekontuak onetsi eta aldatzea, bere eskumeneko gaietako gastuak xedatzea eta kontuak onestea.

5. Mankomunitateko plantilla organikoa, lanpostuen zerrenda, lan eskaintza eta langileak hautatzeko proben oinarriak onestea, baita funtzionarioak zerbitzutik kentzea eta lan-kontratudunen kaleratzea berrestea ere.

6. Kreditu edo berme eragiketak adostea, kitak eta itxaronaldiak ematea, zenbatekoa ohiko baliabideen %5etik gorakoa denean, eta kredituak judizioz kanpo onestea; hori guztia, aurrkotuko zuzkidurarik ez dagoenean.

7. Beste administrazio publiko batzuek egindako eskumen eskuordetzea edo deszentralizazioa onartzea.

8. Ondasunak eskuratu edo besterentzea, Gobernuko Batzorde Iraunkorrari edo buruari dagokionean izan ezik.

9. Obra, zerbitzu eta hornidurak kontratatzea, Gobernuko Batzorde Iraunkorrari edo buruari dagokionean izan ezik.

10. Udalekotzeko espedienteak eta zerbitzuak kudeatzeko modua onestea.

11. Ekintza judizial eta administratiboak gauzatzea.

12. Beste administrazio publiko batzuekin koordinatu edo lan egiteko hitzarmenak onestea.

13. Batzar Orokorraren esku egon beharreko beste batzuk, onesteko gehiengo berezia behar delako, eta legeek berariaz esleitutako gainerakoak.

b) Batzar Orokorrak bere edozein eskudantzia utzi dezake, osorik edo zati bat, buruaren edo Gobernuko Batzorde Iraunkorraren esku, onespenerako gehiengo berezia behar denean izan ezik.

25. artikulua.

Mankomunitateko eta Batzar Orokorreko buruari eginkizun hauek dagozkio:

1. Bilkuretarako deiak egitea eta haietan buru aritzea, eta hartzen diren legezko erabakiak betearazteko agintzea.

2. Bere erantzukizunpean eta Batzar Orokorrak emandako jarraibideei loturik, Mankomunitatearen aferek eskatzen dituzten premiazko neurriak hartzea; Batzar Orokorrari edo Gobernu Batzordeari horren berri ematea bere lehen bilkuran eta, kasuak garrantzia handia baldin badu, bilkura berezirako deia egitea.

3. Mankomunitatearen aurrekontu proiektuak prestatzea idazkariarekin, kontu-hartzailearekin eta gainerako teknikariekin batera, aurrekontu onetsien garapen egokia xedatzea eta urteko kontuak aurkeztea; hori guztia lege eta erregelamenduetako xedapen onetsiei jarraikiz.

4. Aurrekontuetan ezarritakoaren arabera Mankomunitateak egin behar dituen ordainketetarako agindua ematea.

5. Bertako funts eta ondasunak administratzea, eta aurreko urteko kontuak agertzea urte naturalaren lehen seihilekoan.

6. Mankomunitatearen ordezkaria izatea hura ukitzen duten egintza eta arazo juridiko guztietan, eta ahala ematea prokuradoreei epaiketetara agertzeko edo hortik kanpora, beharrezkoa denean, kasu bakoitzean Batzar Orokorrak edo Gobernuko Batzorde Iraunkorrak erabakitzen dituen ahalmenekin.

7. Entitatearen egintza eta agirien ziurtagiriak sinatuz ikus-onestea.

8. Zerbitzuen funtzionamendu zuzenerako eta Mankomunitatearen xedeen konplimendu egokirako behar diren gainerako eginkizunak, betiere Batzar Orokorraren, Gobernuko Batzorde Iraunkorraren edo sozietate kudeatzailearen eskuetan ez badaude, baita udaletan alkateei dagozkien guztiak ere.

26. artikulua. Buruordea.

Buruordeak burutzaren eginkizunak hartuko ditu bere gain, Estatutuetan aurreikusitakoaren arabera dagokionean; gainera, buruak, Batzar Orokorrak edo Gobernuko Batzorde Iraunkorrak berariaz haren esku utzitakoak ere izanen ditu, haien aurrean erantzuten duela.

27. artikulua. Idazkaritza.

Mankomunitateko idazkariari eginkizun hauek dagozkio:

1. Buruari, Batzar Orokorrari eta Gobernuko Batzorde Iraunkorrari informazioa eta aholkuak ematea hartu beharreko erabakien gainean, indarra duten estatutu, ordenantza eta legeen arabera.

2. Honako hauek idatzi eta baimentzea: Mankomunitateko organo kolegiatuek egiten dituzten bileren aktak, buruaren edo batzarkide eskuordetuen ebazpenak eta Mankomunitateak luzatu beharreko agiriak.

3. Ziurtagiriak egitea, buruaren oniritziarekin.

4. “Servicios Arga Valdizarbe-Arga Izarbeibarko Zerbitzuak SL” merkataritza-sozietate publikoa antolatu eta zuzentzea, bai eta Izarbeibarko Mankomunitatearen gainerako bulego eta zerbitzuak ere.

5. Bidezkoak diren eta buruak agintzen dizkion gainerako eginkizunak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean udaletako idazkari kargurako ezarritakoen arabera.

28. artikulua. Kontu-hartzailea eta diruzaina.

Indarra duten lege eta erregelamenduetako xedapenei jarraikiz jokatuko dute. Kontu-hartzailearen eginkizuna idazkariak betetzen ahalko du eta diruzainarena, berriz, banku eta edo aurrezki kutxa batek.

29. artikulua. Mankomunitatearen baliabide ekonomikoak honako hauek izanen dira:

a) Ondarea, hau da, Estatutu hauen 4. artikuluan agertzen diren zerbitzuak egoki emateko orain eta gero beharko diren eskubide eta ondasun materialak.

Mankomunitatearen xede diren zerbitzuak emateari soilik lotuta dago ondare hori, eta erregelamendu bidez inbentariatuta egon behar du.

Zerbitzuak ematea eskuordetzen den unean, Mankomunitateko entitateek atxikitzen ahalko dituzte zerbitzu horiek emateko erabiltzen diren kontzesioak, azterlan eta proiektuak, lurrak eta eraikinak, sareak, instalazioak eta gainerako baliabideak, estatutu hauen 4. artikuluan aipaturiko hitzarmenean zehazten den moduan.

Entitate mankomunatuen ekarpenak galdatzen ahalko dira, Batzar Orokorrak horixe erabakitzen duenean bertako kideen gehiengo osoz.

b) Estatuak, Nafarroako Gobernuak edo bestelako entitate publiko edo pribatuk, bai eta partikularrek ere, emandako dirulaguntzak, laguntzak eta dohaintzak.

c) Bere ondasun eta zerbitzuen errenta eta etekinak.

d) Indarra duen araudiarekin bat, Mankomunitateak berak ezar ditzakeen edo legez dagozkion ordainarazpenen etekina.

e) Bere xedeak erdiesteko hitzartzen diren beste mailegu eta kreditu batzuk.

f) Bere jarduerei dagozkien edo legozkiekeen gainerako jarduerak, betiere ordenamendu juridikoak jasotzen dituenak.

30. artikulua.

Mankomunitatearen antolaketa administratiboaren funtzionamendu gastuak ordaintzeko, zerbitzuak ematean lortzen diren diru-sarrerak edo Toki Ogasunei buruzko araudian ageri diren beste ekarpen batzuk erabiliko dira.

31. artikulua.

Mankomunitateak bere gain hartzen ahalko ditu entitate mankomunatuek zor dituzten mailegu, kreditu edo aurrerapenen ondorioz amortizatzeke dauden kopuru guztiak, betiere uraren ziklo integrala kudeatzeko eskuordetu diren zerbitzuetako inbertsioen finantzazioa dela eta, kudeaketa arlo horri dagozkion eskubide eta ahalmenekin batera. Beste zerbitzu mota batzuk lagatzeko, Mankomunitateak eta udalek kasu bakoitzean erabakitzen dutenari jarraituko zaio.

32. artikulua.

Mankomunitateak eta sozietate kudeatzaileak edo kudeatzaileek baliabideak lortu eta aplikatzeko, honako irizpide hauei jarraituko zaie, besteak beste:

a) Kontabilitate bereizia eginen da, entitate mankomunatuetako parte bati soilik dagozkion zerbitzuetako bakoitzean, horrela kostuak eta berme modua kasuan kasuko erabiltzaile edo toki entitateen artean soilik birbanatzeko.

b) Mankomunitateak bere zerbitzuengatik ordainarazten dituen tarifak ez dira aldatuko udalerri batetik bestera. Udalerri guztietan tarifa berak aplikatuko dira.

c) Toki entitate mankomunatuek erraztuko dute Mankomunitateak edo sozietate kudeatzaileak bere udalerrian ezarritako baliabide iturrietako edozeinen ezarpena edo aplikazioa.

33. artikulua.

Mankomunitateko kide diren udalak Mankomunitateak dituen zor eta obligazioen erantzule izanen dira, Mankomunitateak ordaintzen ez dituenean.

Entitate mankomunatu bakoitza proportzio honetan izanen da Mankomunitateak ordaintzen ez dituen obligazio eta zorren erantzule:

–Hornidura zerbitzua soilik eskuordetzen duten udalak beren instalazioen proiekzio, exekuzio, erosketa eta ustiapenaren ondoriozko zorren erantzule izanen dira, Mankomunitatea eratzean indarra duten estatutuetako xedapenekin bat.

–Mankomunitateari uraren ziklo integralaren kudeaketa eskuordetzen dioten udalak kudeaketa horrek sortutako zorren erantzule izanen dira, barnean direla inbertsioak, ustiapena, berrikuntza etab.; betiere biztanle kopuruaren proportzio zuzenean.

–Mankomunitateari eskuordetzen ahal zaizkion beste zerbitzu batzuei dagokienez, kasuan kasuko akordioetan zehaztuko dira berme sistema eta udalek beren gain hartzen dituzten betebeharrak. Sistema hori zehazteko, aurreko bien antzeko irizpideei jarraituko zaie, ahal den neurrian.

Mankomunitateko kide diren udalek beren baliabide eta jabetza guztiak izaten ahal dituzten zorren berme gisa jarri behar dituzte, dagokien proportziora bitarte, estatutu hauetan xedatutakoarekin bat.

Ondorio horietarako, Nafarroako Gobernuari baimena ematen diote, Mankomunitateari zor dizkioten kopuruak kentzeko legozkiekeen transferentzietatik, hari ordaintzeko. Halaber, Mankomunitateak eskaturik, eragiketa horixe egiteko baimena ematen diote udal eta kontzeju kideen baliabideen lorpena kudeatzen duen edozein entitate edo pertsona juridikori.

34. artikulua.

Mankomunitateko entitateen artean ez da inoiz ere mozkinik banatuko. Mozkinak aplikatuko dira tarifak gutxiago igotzeko edo jaisteko, edo handitze berrietarako erreserba funtsak eratzeko.

35. artikulua.

Mankomunitateak eta berari atxikitako entitateek hitz ematen dute elkarren arteko lana eginen dutela bai bata bai bestea ukitzen dituzten hirigintza gaietan. Planeamenduko tresnak prestatu edo aldatu behar direnean, udalek Mankomunitateari kontsulta eginen diote.

36. artikulua.

Mankomunitatea eratzen denean ematen edo ateratzen diren emariak gaur egungo hirigintza beharren araberakoak izanen dira, dauden baliabideek uzten duten neurrian betiere, eta Mankomunitateko Batzar Orokorrak erabakitzen dituen obra eta inbertsio planekin bat.

37. artikulua.

Edonola ere, Mankomunitatearen jarduketek berdintasun eta errealitate irizpideak izanen dituzte oinarri, eta beren obrak eta inbertsioak gaur egun erantzunik gabe dauden beharrei eta etorkizuneko aurreikuspenei erantzuteko izanen dira, hala nola hiriguneak handitzea, aurreikusten den industria eskaera etab.

38. artikulua.

Ez da emariz hornituko, ez da isurketarik onartuko edo ez da zerbitzurik emanen urbanizazio edo eraikuntza berrietan, baldin eta hirigintzako erakunde eskudunek aldez aurretik baimendu ez badituzte, aplikatu beharreko hirigintza araudiarekin bat; gainera, sustatzaile edo eraikitzaileek dagokien diru ekarpena egin beharko dute aldez aurretik, Mankomunitateak oro har ezartzen dituen baremo edo kuotak aplikatuz.

39. artikulua.

Udal mankomunatuek zerbitzuak kudeatzen dituen entitatearen txostena eskatu beharko dute urbanizazio proiektuak onetsi aurretik, bai lurzoru urbanizagarriari bai hiri lurzoruari dagokionez, eta, edozein modutan ere, eraikuntza lizentziak eman aurretik. Zerbitzuaren aukerek ahalbidetzen ez badute, Mankomunitatea ez dago behartuta eraikuntza berriari hornidura ematera edo isurketa onartzera. Betebehar hori ez da izanen, orobat, aurreko artikuluan aipaturiko diru ekarpena egin ez bada.

40. artikulua.

Mankomunitatean sartutako udalen ordenantza guztiak, Mankomunitatearen eskumeneko gaietan, hark oro har emandako ordenantzei eta arau teknikoei egokitu beharko zaizkie, entitate bakoitzaren funtsezko berezitasunak ukitu gabe; hori dela eta, Mankomunitateak edo sozietate kudeatzaileak adierazitako zehaztapenak erantsiko dizkiete entitateek beren ordenantzei.

41. artikulua.

Mankomunitatea eraturik, hari atxikitzen ahal zaizkio interesa duten eta estatutuetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten toki entitateak; halakoetan, ezartzen diren betebeharrak onartu behar dituzte. Batzar Orokorrak atxikipen horien aldeko txostena eman behar du. Tramite bertsuekin eta estatutuetan ezarritakoari jarraikiz, Mankomunitatetik ateratzen ahalko da bertan sartuta dagoen edozein toki entitate.

42. artikulua.

Mankomunitatea osorik edo hein batean desegiteko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio. Entitate kideetakoren bat ateratzeko, Mankomunitatearen aldeko txostena beharko da, eta entitate horiek bermatu beharko dute zerbitzuak zuzen emanen dituztela beren eremuan, eta bereizketa horren ondorioz ez dietela kalterik eginen Mankomunitatearen interes orokorrei. Erabaki horretan bereizketaren ondorioak zehaztuko dira ondasun, eskubide eta betebeharrei dagokienez.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Gaur egungo estatutu berrituak onetsi ondoren, uraren ziklo integralaren kudeaketa Mankomunitatearen esku utzi nahi duten entitate mankomunatu guztiek horixe egiten ahalko dute, eta Batzar Orokorrak lagapen horien oinarriak finkatuko ditu, edozein dela ere zerbitzua.

Bigarrena.–Izarbeibarko Mankomunitateak bere gain hartuko ditu Arga-Izarbeibarko Mankomunitateak ematen dituen zerbitzuak, eta azken horrenak diren baliabide materialak eta langileak bereganatuko ditu, estatutuen arabera desegin ondoren; halaber, zehazten den unean izaten ahal diren aktibo edo pasibo finantzarioak bereganatuko ditu, batak bestea ordeztu dezan.

Hirugarrena.–Hurrengo udal hauteskundeak egin eta hiru hilabeteko epean, Batzar Orokorra eratuko da eta Izarbeibarko Mankomunitateko karguak izendatuko dira; data horretatik aurrera, Arga-Izarbeibarko Mankomunitateari zegozkion zerbitzuak eta eskumenak hartuko ditu bere gain.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauek 42 artikulu eta hiru xedapen iragankor dituzte.

ERANSKINA

Izarbeibarko Mankomunitatearen barnean udal hauek daude:

–Artaxoa.

–Artazu.

–Berbintzana.

–Zirauki.

–Larraga.

–Mañeru.

–Mendigorria.

–Miranda.

–Obanos.

–Gares.

–Getze.

–Gesalatz.

Gainera, Arga-Izarbeibar Mankomunitatean dago eta Izarbeibarkoan sartuko da Girgillaoko Udala, hiri-hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuan.

Iragarkiaren kodea: L2016244