12. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SESMA

Ordenantza, eguzki energia biltzeko instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Sesmako Udalak, 2020ko urriaren 8an egin osoko bilkuran, erabaki zuen, besteak beste, hasiera batez onestea Sesmako udal mugartean eguzki energia biltzeko instalazioak arautzen dituen ordenantza.

Jendaurrean egon da eta epea bukatu da, inork haren kontrako erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan eta Udalbatzaren erabakian berean xedatuari jarraikiz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da.

Ondotik ematen da delako ordenantzaren testu osoa:

SESMAKO UDAL MUGARTEAN EGUZKI ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Atarikoa

Azken urteotan administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilpena bultzatzen ari dira. Eta duela gutxitik, etxebizitzetan norberaren kontsumorako energia sortzeko instalazioak bultzatzen ari da bereziki.

Sesmako Udalak udal mugartean eguzki energia biltzeko instalazioen inguruko erregulazioa ezarri nahi du, norberaren kontsumorako diren eta ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokiak diren instalazio fotovoltaikoak paratzeko baldintzak finkatuz.

Eguzki energiaren garapenaren aldeko apustua beharrizan bikoitzarekin batera joan behar da: lurraldean behar bezala ezartzen direla bermatzea eta natur eta hiri balio garrantzitsuenak zaintzen direla bermatzea.

Hori dela eta, eguzki energia biltzeko instalazioak ingurumenerako onuragarriak badira ere, zenbait mugapen jarri behar direla uste da.

Udal plangintzarekiko koherentzia gordetzeko moduan idatzi da ordenantza. Era berean, lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurura egokitzeko betebehar orokorrarekiko koherentzia gordetzeko moduan idatzi da, betebehar hori Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 86. artikuluan jasota dagoelarik.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Sesmako udal mugartean eguzki energia zelula fotovoltaikodun panelen bidez eta panel kolektore termikoen bidez biltzeko instalazioak ezartzeko.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Sesmako udal mugarte osoa hartzen da aplikazio eremutzat.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki panelak edo plakak dira eguzki erradiazioen energia jasotzen duten gailuak, energia termikoa edo energia elektrikoa sortzeko:

–Eguzki instalazio termikoek eguzkitik jasotzen dugun energia erabiltzen dute zuzenean fluido bat berotzeko. Instalazio horiek eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko erabiltzen dira batik bat.

–Eguzki instalazio fotovoltaikoak edo termoelektrikoak zenbait material erdieroaleen ezaugarri fisikoez baliatzen dira argindarra sortzeko eguzki erradiazioa abiapuntu hartuta.

Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaiko zein termikoez osatutako eguzki instalazioak, haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena kontuan hartuta.

II. KAPITULUA

Hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian dauden instalazioak

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, hots, etxeko ur beroa sortzeko (eguzki instalazio termikoak) edo, 900/2015 Errege Dekretuak araututakoa betez, norberaren kontsumorako argindarra sortzeko direnean (eguzki instalazio fotovoltaikoak).

Beste kasuak aldez aurretik egiaztatu beharko dira, eta Udalaren baimena beharko dute.

5. artikulua. Eraikinetan dauden instalazioak.

1. Eguzki panelak instalatu daitezke eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalkiaren isurialde triangeluarretan integratu behar dira plakak, isurialdeen makurdura berdinarekin eta haien planoa mantenduz. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

–Honako muga hauek izanen ditu hartutako azalerak: gutxienez 0,60 m bereizi behar izanen da teilatu-hegalen ertzeetatik eta erdibitzaileetatik. Ezin izanen da, inola ere, isurki triangeluarraren planoa gainditu.

–Laguntza elementuak, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar, ezin izanen dira eraikinaren estalkian edo fatxadetan agerian geratu.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

–Gehienezko okupazioa baimenduta egonen da, non eta panelak ez diren ikusgai geratzen.

–Karel opakuen gehienezko garaieraren azpitik geratu behar dira.

–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten karelen garaiera gainditzen.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan ezarri.

4. Udal Planeko eraikinen katalogoan G-1 izendapena duten eraikinetan eguzki panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru aske eta pribatuan dauden instalazioak.

Teilatuan, zabaltzan, terrazan eta lurzoruan paratzeko proposamen mistoak, baloratu ondoren, Udalak baimendu behar izanen ditu espresuki.

Eguzki panelak jar daitezke lurzoru aske eta pribatuan, honako baldintzak betez gero:

–Eraikin kontsumitzailea aurretik existitzen den kasuetan baino ez da instalazioa baimenduko.

–Etxebizitzaren lurzoru libre pribatua aisialdirako eremu, eremu berde edo zirkulaziorako eremu gisa erabiltzeko denez, gehienez ere azalera osoaren %60ra mugatuko da eguzki panelen gehienezko okupazioa, 32 metro koadroko mugarekin, betiere.

–Lurzoruaren gainean paratuko dira. Instalazioa, euskarriak eta beste elementu batzuk barne, ezin izanen da 1,50 metro baino altuagoa, lurretik neurtuta.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinean dauden instalazioak

7. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Eguzki energiarekin argindarra sortzeko instalazioak ezartzea lurzoru librean (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako 64/2006 Foru Agindua.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa da ezarriko den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Aurretik zeuden eraikinei loturiko instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa lurzoru urbanizaezinean ezartzeko Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren aldez aurreko baimenik tramitatzea.

8. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak jartzen ahal dira eraikinen estalki inklinatuetan.

Haren planoen gainean paratuko dira. Panelen orientazioak aldatzea baimenduko da eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten 0,60 metroko garaiera gainditzen, isurkiaren planotik zuzenean gora neurtuta. Hartutako gainazala gutxienez 0,60 m bereiziko da isurki triangeluarraren perimetrotik. Ezin izanen dira inola ere teilatuko lerroak gainditu.

2. Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, azaleran edo orientazioan mugarik jarri gabe.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan ezarri.

4. Ezohiko neurri gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki panelak jartzeko aukera proposatzen ahalko da eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Proposamen horiek baloratu ondoren, Udalak baimendu behar izanen ditu espresuki.

5. Udal Planeko eraikinen katalogoan G-1 izendapena duten eraikinetan eguzki panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

9. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, linearen ingurumen ukipenetarako baimenaren espedientea tramitatzea beharrezkoa izanen da (93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duena). Hura baimendu arte ezin izanen da panel fotovoltaikoak paratzeko lizentzia eman.

Hornidura garraiatzeko hodiak lurperatzeari buruzko udal araudian xedatutakoa bete behar izanen da.

IV. KAPITULUA

Tramitazioa

10. artikulua. Lizentzia eskaera.

Ordenantza honetan arautzen den instalazioren bat paratu, handitu edo legeztatzeko, Sesmako Udalari eskatuko zaio dagokion Udalaren obra lizentzia. Horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, teknikari eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua jasoko ditu memoriak.

Udal lizentzia eman aurretik, beharrezko baimenak tramitatuko dira, Sesmako Udal Planean eta gainerako araudi aplikagarrian aurreikusitako betebehar partikularren arabera.

Lizentziak, betiere, jabetza eskubideari eta hirugarrenei kalterik egin gabe emanen dira. Eskatzailea izanen da lanek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzulea.

AZKEN XEDAPENA

Sesmako udal mugartean eguzki energia biltzeko instalazioak arautzen dituen ordenantza honen xedea da Udalaren Hirigintza Planean erregistratutako Eraikingintza Ordenantza Orokorreko 58. eta 59. artikuluetan jasotako kasuistika zabaltzea. Plana behin betiko onetsi zen 65/2003 Foru Aginduaren bitartez.

Sesman, 2020ko abenduaren 30ean.–Alkatea, M.ª Rosario Echávarri Pinillos.

Iragarkiaren kodea: L2100294