119. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

368E/2021 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Garraio Zuzendaritza Nagusiak sustatutako “Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzentzailea 2030” planaren ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena.

Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzendariaren (MJPZ) helburua da ildo estrategikoak formulatzea, mugikortasunari eta garraioari dagokienez, gizartean, ingurumenean eta ekonomian jasangarritasuna lortzeko politika bat garatzeko Nafarroan, orain hasi eta 2030era arte.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, administrazio publiko batek abian jartzen edo onesten dituen planek eta programek ingurumen ebaluazio estrategikoa behar dute.

2018ko apirilaren 19an, Garraio Zuzendaritza Nagusiak (orduan Herri Lan Zuzendaritza Nagusia), organo substantiboa zenez, 2018-2030 aldirako Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzentzailearen ingurumen ebaluazio estrategiko arruntari hasiera emateko eskaera bidali zuen, 21/2013 Legearen 18. artikuluan xedatutakoaren arabera. Horretarako, “planaren zirriborroa” eta “hasierako agiri estrategikoa” erantsi zituen.

Ingurumen-organoak dokumentazio horri buruzko kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 19. artikulua aplikatuta. Hala, 2018ko apirilaren 26an, 49 entitateri igorri zitzaizkien adierazitako agiriak, eta 45 egun balioduneko epea ezarri zen iradokizunak jasotzeko. Kontsulten epe horretan ez zen erantzunik jaso.

2018ko uztailaren 5ean, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak egin behar zen ingurumen azterketa estrategikoa (IAE) prestatzeko irismen-dokumentua bidali zion organo substantiboari. Irismen-dokumentu horretan hainbat ohar egin ziren ingurumen azterketan aintzat hartu beharreko alderdi garrantzitsuenen inguruan; Planaren aplikazioaren eraginpean egon daitezkeen inguruneko faktoreen zerrenda egin zen, bereziki airearen kalitateari zegozkionak (kutsatzaile nagusien balioak: NO2, SO2, PM10, ozonoa...), eta aldaketa klimatikoarekin eta zaratarekin (zortasun akustikoko guneak) zuten lotura zehaztu zen. Halaber, Planean jasotako ekintzak gauzatzeak ingurumenean izanen duen eraginaren jarraipena egiteko plana ezarri behar zela adierazi zen. Jarraipen-plan horretan monitorizatzeko eta jarraipena egiteko adierazleak erabili behar ziren.

Herri Lanetako zuzendari nagusiaren maiatzaren 30eko 458/2018 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzentzailearen (2030) parte-hartze prozesuaren hasiera eta diseinua onetsi ziren. Haren barnean zegoen parte-hartze publikoaren tramitea egitea, bat etorriz Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearekin, indarrean baitzegoen orduan.

Kontsulten eta parte-hartze publikoaren tramiteetan izandako ekarpenekin egin zen “2030erako Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzentzailearen hasierako bertsioa”, eta haren gainean egin da ingurumen ebaluazio estrategikoa.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluarekin bat etorriz, organo substantiboak plan edo programaren hasierako bertsio hori, ingurumen azterketa estrategikoarekin batera, jendaurrean jarri zuen, 45 egun baliodunez (Herri Lanetako zuzendari nagusiaren otsailaren 18ko 135/2019 Ebazpenaren bidez). 2019ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7an. Ezarritako epean honako erakunde hauen ekarpenak eta alegazioak jaso ziren: Iruñerriko Mankomunitatea, Nafarroako Errepide Garraioko eta Logistikako Enpresaburuen Elkartea (ANET) eta Desgaitasuna duten Pertsonak ordezkatzen dituzten Erakundeen Nafarroako Batzordea (CERMIN). Alegazio horien edukiak ez zeukan lotura zuzenik ingurumenarekin (beraz, ez zen beharrezkoa izan ingurumen azterketa estrategikoa berrikustea), eta Plan Zuzentzailea onesteko organo substantiboak ematen duen ebazpenean erantzunen zaie.

Jendaurreko epea amaitu ondoren, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak ingurumen ebaluazio estrategikoaren espediente osoa bidali zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari, 2021eko otsailaren 12an, aztertu eta ingurumen adierazpen estrategikoa egin zezan, 21/2013 Legearen 24. eta 25. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Planaren laburpena

Plan Zuzentzaile honek ezartzen dituen ekintzen bidez helburu hauek lortu nahi dira: herritarrek eta enpresek mugikortasun jasangarriaren arloko kultura izatea; garraioaren eta haren azpiegituren efizientzia optimizatzea eta hobetzea (lurraldea egoki planifikatuta eta garraio sistemaren eta lurraldean egiten diren jardueren banaketaren arteko koordinazioa bermatuta); joan-etorriak oinez eta bizikletaz egin daitezen bultzatzea; garraio publikoa sustatzea eta gizarte kohesioa hobetzea. Orobat, helburuak beteko direla, jarduketak ongi gauzatuko direla eta Administrazioaren eta eragile inplikatuen arteko koordinazioa izanen dela bermatzeko lege- eta administrazio-tresnak identifikatzen ditu (gobernantza-eredua).

MJPZk hiru helburu nagusi ditu: 1) Ingurumen-jasangarritasuna, zeinak esan nahi baitu garapen-prozesuaren inpaktuak ez duela suntsitu behar atzeraeraginik gabe ekosistemaren jasate-ahalmena; 2) Gizartearen jasangarritasuna, zeinak esan nahi baitu pobrezia eta gizarte-bazterketa desagerrarazi behar direla, eta justizia soziala izan behar dela ardatza, genero-ikuspegia, irisgarritasun unibertsala eta antzeko kontzeptuak txertatuta, eta 3) Ekonomiaren jasangarritasuna, aurreko bi osagaiak errespetatuko dituen hazkunde ekonomiko gisa ulertuta.

Proposamenak bateratzeko eta arazteko prozesuan 16 ekintza zehaztu dira guztira. Zehazki, hauek dira ingurumen-jasangarritasuna garatzen dutenak:

A01. Bizikletaren Plan Zuzentzailea egitea eta ezartzea.

A02. Pertsonen garraio publikoaren sistema integratu bat garatzea.

A03. Tarifa-sistema integratu eta orekatua ezartzea.

A04. Garraioaren kanpoko kostuak erakundearen barruan sartzea.

A05. Garraio jasangarriaren kultura sustatzea.

A06. Ibilgailuak ordeztea.

A07. Mugikortasuna elektrifikatzeko plan integral bat egitea.

Aurrekontua, guztira, ia 220 milioi eurokoa da (euro konstanteetan zenbatetsia, 2018rako). Kostuen egitura oso heterogeneoa da ekintza batetik bestera, eta hiru ekintzetan metatzen da batez ere: A07an –ia aurrekontu osoaren erdia–, A02an eta A01ean. Hala ere, ingurumen-jasangarritasunaren ikuspegitik, mugikortasuna elektrifikatzeko ekintza –A07–izan daiteke BEGen isurpenak gutxitzeko eta, ondorioz, aldaketa klimatikoa moteltzeko inpaktu handiena duena.

Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzentzaileak bat egiten du beste plan batzuekin, eta haiekin koordinatuta dago. Bereziki, hauekin:

–2030erako Nafarroako Energia Planarekin. Besteak beste, proposatzen du garraio publikoa sustatzea, ibilgailu motordunetan egindako bidaiak murriztea eta ibilgailuek ekarritako energia kontsumoa eta ingurumeneko eta gizarteko inpaktuak gutxitzea.

–Nafarroako Klima Aldaketaren Bide Orriarekin (2027-2030-2050). Garraioaren eragina arintzeko ezartzen dituen jarduketa-lerroen artean, MI-L8 lerroa dago: garraio publikoa eta isurpenik gabeko ibilgailuak sustatzea.

–Nafarroako Lurralde Estrategiarekin. Haren helburuetako bat da banakako mugikortasuna eta interes kolektiboa uztartzea (3.2.3), eta, horretarako, botere publikoek bultzatu behar dute mugikortasun agenteen parte-hartzea (ziklisten eta oinezkoen elkarteak, desgaitasunen bat duten pertsonak, garraio enpresak, enpresaburuen elkarteak, langileen sindikatuak, etab.) mugikortasunaren uztarketan eta koordinazioan, garraio mota guztien bidez, eta espazio publikoa mugikortasun ez motordunaren (oinezkoak eta ziklistak) eta motordunaren artean banatzeko lanetan.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua). Legegintzako foru dekretu horretan azpimarratzen da mugikortasun jasangarriari buruzko determinazioak ezarri behar direla, eta, horretarako, proposatzen da hirigintza-planeamendu orokorrak mugikortasun jasangarriko politikak ezartzea, honako hauek integratuz: oinezkoen eta txirrindularien mugikortasun-irizpideak, bide-segurtasunaren kontzeptua kaleen eta espazio publikoen diseinuan, eta herritarrek garraio publiko eta kolektibora eta inpaktu txikiko gainerako garraio-sistemetara erraz iristeko modua izatea.

Ingurumenean eragin gehien duten Planaren alderdiak

Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzentzailea aplikatzeak izan ditzakeen inpaktuak ingurumen azterketa estrategikoan aztertu dira. Ingurumen azterketa horren garapen-maila eta edukia egokitzat jo daitezke.

Ingurumen azterketak kualitatiboki zehazten ditu ildo estrategiko ezberdinak aplikatzearen ondorioz izanen diren aldeak. Hala, hau jasotzen da:

–Aireari eta klimari dagokienez, Plan Zuzentzaileak berotegi-efektuko gasen (BEG) isurpena murrizteko jarduketa-ildoak jasotzen ditu: besteak beste, ibilgailu parkea elektrifikatzea, ibilgailu pribatuaren ordez garraio publikoa erabiltzea, bizikletaren erabilera areagotzea eta joan-etorriak murriztea, telelanaren bidez, esaterako. Nabarmendu behar da BEGen isurpena murriztea Klima Aldaketaren Bide Orrian ezarritako helburuetako bat dela.

–Gizakien osasunari dagokionez, airearen kalitatea hobetzeak Nafarroako biztanleen osasuna hobetzea ekarriko du. Era berean, ibilgailu pribatuan bidaia gutxiago egiteak bide-segurtasuna hobetzea ekarriko du.

–Hirigintzarekin lotura zuzena duten mugikortasun jasangarrirako planak sustatzeak hiri ingurua hobetzea ekarriko duela uste da.

Ingurumen azterketak estrategia bakoitzaren eraginen ebaluazio kualitatiboa ezartzen du, eraginak banan-banan hartuta (6.2 apartatua). Klima Aldaketaren aurka borrokatzeko Bide Orrian garraioaren BEG isurpenak murrizteari dagokionez ezarritako helburua onartzen du (6.3 apartatua), eta honela kuantifikatzen du helburu hori: 2020an 1.167.800 t CO2 isurtzetik 2030ean 1.065.000 t CO2 isurtzera iristea.

Plan Zuzentzailea plan estrategiko bat denez, ez da neurri zuzentzailerik zehazten, baina bai prebentzio-neurriak. Hala ere, MJPZ garatzeko ekintza-planetan eta programetan, ondorio negatiboak arintzen dituzten neurriak jaso behar dira.

Ingurumena zaintzeko programari dagokionez, ingurumen azterketak exekuzioari eta eraginari buruzko adierazleak ditu. Eraginaren adierazleetan, aipatzekoak dira BEGen isurpenen kopuru osoa, baina oso zaila da neurri bakoitzak adierazle global honetan duen eragina ezartzea. Bestalde, prestaketa bat behar duten zenbait adierazle ere sartu dira, hala nola NOX, NO2, CO2 eta PM kontzentrazioa Nafarroan, airearen kalitatea neurtzeko estazioetan.

Espedientean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko martxoaren 2an emandako txostena dago. Gai hauek aztertzen dira txostenean: 1) MJPZren jarduketa-ildoen eraginaren ebaluazio kuantitatiboa, baita ildo horiek KLINAn –Klima Aldaketaren Bide Orrian–eta 2030erako Nafarroako Energia Planean aurreikusitako neurriekin bat datozen zehazteko analisia; 2) airearen kalitatea neurtzeko estazioetan batez besteko NOx, NO2, CO2 eta PM kontzentrazio gisa ezarritako adierazleak, eta 3) iradokitzen da gaur egun izapidetzen ari den Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legearen aurreproiektuan enpresa eta erakundeentzat ezarritako betebeharrak sartzea MJPZn (zehazki, mugikortasun jasangarriari buruzko kapituluan ezarritakoak).

Biodibertsitatearen Zerbitzuak txostena eman zuen 2021eko martxoaren 23an, eta ondorioztatu zuen ez zela gertatuko eragin kaltegarri esanguratsurik, eta ebazpen honi erantsi zaizkion ingurumen-alderdiak gehitu zituen.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen adierazpen estrategikoa egiten da 2030erako Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren Plan Zuzentzailearen alde. Sustatzailea Garraio Zuzendaritza Nagusia da.

2. Plana garatzen denean, kontuan hartu beharko dira bertan jasotako ingurumen eraginaren arloko prebentzio-neurriak eta planari erantsitako ingurumen azterketa estrategikoa, baita hauek ere:

–Kontuan hartuko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2021eko martxoaren 2an emandako txostena. Ildo horretan, izapidetzen ari den Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legearen aurreproiektuan enpresa eta erakundeentzat ezarritako betebehar hauek sartuko dira Plan Zuzentzailean:

a) Mugikortasun jasangarriaren planak egitea 5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietarako.

b) Isurpenak murrizteko plana egitea 25.000 biztanle baino gehiago dituzten toki erakundeen araberako hiri-banaketan.

c) Garraio jasangarria izateko planak egitea enpresa eta erakundeetan, langile-atalase batetik gora.

d) Ibilgailu elektrikoa erabiltzen hasteko betebeharrak ezartzea. MJPZn, zutabe garrantzitsuenetako bat da mugikortasuna elektrifikatzeko plan integral bat idaztea, mugikortasun elektrikoa eta teknologia hori erabiltzen duten ibilgailuak sustatzeko behar diren azpiegiturak sortzeko. Elektrifikazio plan horretan foru legearen aurreproiektuan aurreikusitako betebeharrak sartu beharko lirateke.

–MJPZn adierazitakoaren arabera, mugikortasun jasangarriaren planak finkatu behar dira (hirietan, metropolietan eta eskualdeetan), lurralde plangintza eta mugikortasunarena artikulatzeko tresna gisa (A11 ekintza: Lurralde plangintzan mugikortasuna txertatzea). Ildo horretan, lehentasuna emanen zaio Iruñerriko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planari, eremu horretan dauden biztanleak Nafarroako biztanleriaren % 53 baitira.

–“Garraiobide jasangarrien sustapena” estrategiaren barruan, Plan Zuzentzaileak salgaien distantzia luzeko trenbideko garraioaren kuota modala handitzeko eta Nafarroan garraioaren oraingo CO2 isurpenak nabarmen murrizteko ekintzak sartu behar ditu (enpresentzako informazio/koordinazio kanpainak, trena sustatzeko kanpainak, etab.) –Estatuak trenbideen arloan duen eskumena aintzat hartuta–. Jarraipena egiteko adierazlea salgaien trenbideko garraioaren kuota modala (%) izanen da.

–Gaur egun hidrogeno berdeak ez duenez ia garapenik Nafarroan, eta kontuan hartuta dituen ingurumen-abantailak, ordezko energia horren inguruko ikerketa eta garapena sustatzeko ekintzak gehituko dira.

–Plan Zuzentzaileak jasotzen du zerbitzuen arteko sinergiak baliatu behar direla (A02 ekintza: Garraio publikoaren sistema integratu bat garatzea), eta hau proposatzen du: eskola garraiorako zerbitzuak landa eremuko biztanle guztiei eskaintzeko aukera aztertzea. Hori dela-eta, esperientziaren bat ezarriko da, eskola garraioaren aukerak baliatuko dituena landa eremuetako beste eskari batzuei erantzuteko, 6 hilabeteko epean, Plan Zuzentzaile hau onartzen denetik zenbatuta (ebaluazio goiztiarra egin ahal izateko, eta, ahal izanez gero, beste landa eremu batzuetara zabaltzeko).

–Azkenik, autobus bidezko hiriarteko garraioa sustatzeko, hobetu eta zentralizatu egin behar da autobusen ibilbideei eta ordutegiei buruzko informazioa Interneten, telefono mugikorrerako aplikazioak garatu behar dira eta informazioaren beste teknologia berri batzuk landu.

3. Garraio Zuzendaritza Nagusiak Ingurumena Zaintzeko Programa garatuko du, ingurumen azterketa estrategikoan ezarritakoarekin bat. Plana onetsi ondoren, hiru hilabeteko epean, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusira igorriko da jarraipenerako eta emaitzen aurkezpenerako protokoloaren proposamena, urteko txostenak egiteko. Txosten horiek jendearen eskura egonen dira Garraio Zuzendaritza Nagusian eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusian, bai eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian ere.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Garraio Zuzendaritza Nagusiari, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, alegatzaileei, eta kontsultetan erantzun zuten pertsonei eta entitateei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2106509