119. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

22E/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 9koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita “Generazinema Emanaldia 2021” izeneko dirulaguntzaren deialdia. DDBN identifikazioa: 553146.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean eskatu du onets daitezela “Generazinema Emanaldia 2021” laguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak, baimen dadila 100.000 euroko gastua eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela foru agindu hau eta eranskinak. Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintza eta betebeharrak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean, bidezkoa da deialdia onestea.

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. “Generazinema Emanaldia 2021” dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2540-4709-334102: Suspertu Plana Generazinema: Zinemagintzarako laguntzak

2021

100.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko martxoaren 9an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

“Generazinema Emanaldia 2021” deialdiaren oinarri arautzaileak

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da laguntza batzuk arautzea Nafarroan dauden zinema-aretoetarako, 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarte (bi egun horiek barne) programatzen diren zinema-emanaldietarako. Laguntza horiek norgehiagokako araubidean emanen dira, bi modalitatetan: A eta B.

Deialdi honen ondorioetarako, zinema-aretotzat jotzen da zinema-emanaldiak egiten dituen merkataritza ustiapen bat, pantaila bat edo gehiago dituena toki berean eta bereizgarri berarekin.

Laguntzen deialdi honetatik kanpo geratzen dira film publizitarioen emanaldiak, pornografikoak edo arrazakeriaren edo indarkeriaren apologia egiten dutenak.

1.2. Deialdi honetan, bi laguntza modalitate daude:

–A) modalitatea: zinema-programaziorako laguntza orokorrak.

Deialdi honen ondorioetarako, zinema-programaziotzat jotzen da profesional edo enpresa eskatzaileak kudeatzen duen zinema-aretoan egindako zinema-emanaldien jarduera erregularra.

–B) modalitatea: interes kultural bereziko zinema-programaziorako laguntza selektiboak.

Deialdi honen ondorioetarako, honako hau jotzen da interes kultural bereziko zinema-programaziotzat: profesional edo enpresa eskatzaileak kudeatzen duen zinema-aretoan egindako zinema-emanaldien jarduera, diseinatua dagoena programazioa eta publikoak dibertsifikatzeko, eta haren espezializazioagatik eta originaltasunagatik ekarpen nabarmena egiten diona Nafarroako Foru Komunitateko zinema-eskaintzari.

1.3. Deialdi honen xedeko jarduerak 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarte eginen dira, biak barne.

1.4. Eskatzaile bera areto bat baino gehiagoren titularra baldin bada, laguntza eskaera bat aurkeztu beharko du sala bakoitzeko.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Pertsona fisikoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak direnak edo gutxienez 2020ko urtarrilaren 1etik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik daudenak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea. Entitate horiek egoitza soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen dute, edo jarduera bertan egin, gutxienez 2020ko urtarrilaren 1etik. Horrez gain, eskatzaileek, sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean, honako hauek izan beharko dituzte: zinema-emanaldiak egitea; zinema-areto bat edo batzuk kudeatzea, jendeari irekita daudenak, gutxienez ere, 2020ko urtarrilaren 1etik, eta txarteldegia nahiz diru sarreren aitorpena egiteko sistema dutenak; eta inskribaturik egotea Kultura Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Enpresen Administrazio Erregistroan.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona fisikoek eta entitateek, eskaera aurkezteko unean, alta emanda egon beharko dute ekonomia jardueren gaineko zergaren (EJZ) 1. sekzioko 963. taldeko epigrafeetako batean (zinemagintzako filmak eta bideoak ematea). Egoki den udalak emanen du hori frogatzen duen agiria.

2.3. Horren gain, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak eta entitateak.

2.4. Onuradun izateko aukeratik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki-erakundeak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki-erakundeen partaidetza duten enpresa-erakunde publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2021eko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Ikastetxeak edo arte irakaskuntzetako zentroak, eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

3. Aurrekontuko esleipena eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Deialdi honetarako, guztira, 100.000 euro bideratuko dira, 2021erako onetsitako aurrekontuaren partida honen kargura: “Suspertu Plana Generazinema: zinemagintzarako laguntzak” izeneko A20002 A2540 4709 334102 partida.

3.2. Modalitateka, aurrekontua honela banatuko da:

–A) modalitatea: zinema-programaziorako laguntza orokorrak: 50.000 euro.

–B) modalitatea: interes kultural bereziko zinema-programaziorako laguntza selektiboak: 50.000 euro.

3.3. Laguntzen zenbatekoak 3.1 puntuan ezarritako muga izanen du, eta ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa, gehienez ere:

–A) modalitatea: zinema-programaziorako laguntza orokorrak:

  • gehienez ere hiru pantaila dituzten aretoentzako laguntza: 10.000 euro.
  • Hiru pantaila baino gehiago dituzten aretoentzako laguntza: 15.000 euro.

–B) modalitatea: interes kultural bereziko zinema-programaziorako laguntza selektiboak:

  • gehienez ere hiru pantaila dituzten aretoentzako laguntza: 10.000 euro.
  • Hiru pantaila baino gehiago dituzten aretoentzako laguntza: 15.000 euro.

3.4. Eskatzaile bakoitzeko, gehienez ere 70.000 eurokoa izanen da laguntza.

3.5. Onetsitako aurrekontua honako honen emaitza izanen da: entitateak aurkeztutako aurrekontua ken BEZari dagozkion zenbatekoak eta, hala denean, deialdi honen 5. oinarrian xedatuaren arabera diruz lagungarritzat jotzen ez diren gastuak.

3.6. Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

3.7. A modalitaterako gordetako kreditua agortzen ez bada, modalitate horretan gelditzen den soberakina B modalitatera igaroko da. B modalitaterako gordetako kreditua agortzen ez bada, modalitate horretan gelditzen den soberakina A modalitatera igaroko da.

3.8. Eman beharreko laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen badu, entitate onuradunen artean hainbanatuko da (lortutako puntuazioaren arabera).

Horretarako, gutxienez 50 puntu lortu dituzten entitate guztien puntuak batuko dira.

Erabilgarri dagoen kreditua zenbateko horretaz zatituko da, eta, hala, puntuaren balioa lortuko da. Eskatzaile bakoitzak jasoko duen zenbatekoa kalkulatzeko, balio hori lortutako puntuez biderkatuko da.

3.9. Enpresa edo profesional onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, puntuazioaren ordenan hurrengoa den eskatzaileari emanen zaio, baldin eta horrek deialdian eskatutako gutxienekoa gainditzen badu.

4. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:

Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

Kasu horretan, eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea geroago aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo, hala ez bada, aurrez aurre, Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskabideari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4.3. Eskaera egiteko berariazko inprimakiarekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu behar dira, agiri bereizitan eta behar bezala identifikatuak:

a) Proiektuaren deskripzio memoria, II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

b) Aurrekontu ekonomiko xehatua, III. eranskinean xedatutakoaren arabera. Nahitaezkoa da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru sarrerak berdinduta izatea.

c) Frogagiria, frogatzen duena eskatzailea alta emanik dagoela Kultura Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) Zinematografiako eta Ikus-entzunezko Enpresen Erregistroan.

d) Frogagiria, egoki den udalak emana, zeinaren bidez frogatzen baita eskatzailea, eskaera aurkezteko unean, alta emanik dagoela ekonomia jardueren gaineko zergaren (EJZ) 1. sekzioko 963. taldeko epigrafeetako batean (zinemagintzako filmak eta bideoak ematea).

e) Profesionala edo enpresa den kontuan hartuta, agiri hauetako bat:

–Pertsona fisikoak, ondasun komunitateak edo nortasun juridikorik gabeko beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate izanez gero: nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia –edo, hala bada, nortasun txartelarena– eta pertsonaren edo pertsonen, parte-hartzaileen edo bazkideen identifikazio fiskaleko zenbakia.

–Merkataritza sozietateen forma juridikorik hartzen ez duten eta nortasun juridikoa duten sozietate zibilak izanez gero: sozietatearen kontratuaren kopia eta identifikazio fiskaleko kodearena.

–Merkataritza sozietateen kasuan: eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia, estatutuena, Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena eta identifikazio fiskaleko kodearena.

f) Eskabidea telematika bidez bidaltzen ez bada, aurreko guztiaren kopia digitala.

4.4. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren beste deialdi batzuetan parte hartu duten entitate edo pertsona eskatzaileek ez dituzte aurkeztu beharko aurreko oinarriko c), d) eta e) apartatuei dagozkien agiriak, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan, eta adieraziko da zer espedientetan dagoen dokumentazio hori.

4.5. Eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

4.6. Baldin dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, ebazpena eman ondoren, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

4.7. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

4.8. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak, funsgabeak direnak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1 Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik diruz lagundutako proiektua gauzatzeko eta deialdiak ezarritako epean eginak badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Enpresak edo profesionalak proiektua garatzean izaten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzeneko kostuak.

–Filmen kudeaketa: Erakusteagatiko eskubideen gastuak, kopien azpitituluak egiteko gastuak eta kopiak garraiatzekoak.

–Argitalpenen edizioa: programaturiko jardueren programak editatzeko gastuak.

–Komunikazioa eta prentsa: prentsa eta komunikazio agenteen berariazko kontratazio gastuak eta hedabideetarako materialen gastuak.

–Argitalpena eta zabalkundea: publizitate kanpainen, kartelen eta sustapenerako materialaren gastuak.

–Gonbidatuak: Ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak, muga hauekin:

  • Ostatu gastuak: bakarrik Nafarroaz kanpotik etortzen badira; gau bakoitzeko, 60 euro ordainduko dira gehienez.
  • Mantenu gastuak: otordu bakoitzeko (bazkaria eta afaria) 20 euro ordainduko dira.
  • Lekualdatzeak: norberaren autoa erabiliz gero, 0,30 euro ordainduko dira kilometroko, gehi autobideko, bidesariko eta aparkalekuko gastuak. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

–Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz nahitaezkoak diren edo osasun agintaritzak gomendatzen dituen materialak erosteko edo zerbitzuak kontratatzeko gastuak.

–Kontratatzen diren langileen soldata-kostuak eta gizarte segurantzakoak, hain zuzen, proiektua abian jartzeko behar diren koordinazio eta kudeaketa lanak egiten dituen entitate onuradunak kontratatzen dituenak, betiere langile bakoitzaren arduraldiaren arabera. Kostu horiek ez dira izanen onartzen den guztirako aurrekontuaren %25etik gorakoak.

–Proiektua ekoitzi eta gauzatzeko beharrezkoak diren kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola profesionalen ordainsariak, eta ekipamenduen eta baliabide materialen alokairuak.

b) Zeharkako kostuak.

–Proiektuari egozteko modukoak izan ez arren, diruz lagundutako jarduera egiteko beharrezkoak diren gastu orokorrak. Gastu horiek aurrekontuan jaso beharko dira, eta ezin dira izan onartzen den guztirako aurrekontuaren %10etik gorakoak.

–Gastu diruz lagungarritzat joko dira finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako proiektua egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz gauzatzeko. Salbuespen gisa, bankuko bermeen gastuak diruz laguntzen ahalko dira, zuzeneko lotura badute diruz lagundutako jarduerarekin. Ez dira inolaz ere diruz lagunduko bankuko kontuen interes zordunak, ez eta interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

5.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ekipamendu ondasunen, ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

f) Proiektuaren jardueretarako gonbidatuak alde batera utzita, beste pertsona batzuen ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak.

g) Ordezkaritza gastuak eta protokolozko ekitaldietakoak, hala nola festak, koktelak eta antzeko beste ekitaldi batzuk; elikagaien, edarien eta antzekoen erosketak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskaerak tramitatzeko ardura duen organoa Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atala da. Norgehiagokako araubidea erabiliko da deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

6.2. Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aztertuko du deialdian onartua izateko betebeharrei buruzko dokumentazioa. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 4.6 oinarrian zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

6.3. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak proiektuak baloratuko ditu, bat etorriz 8. puntuan ezarritako irizpideekin, eta deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak bateragarriak dira helburu bera duten beste dirulaguntza batzuekin, Foru Komunitateko Administrazioarenak izan edo beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gainfinantzaketa gertatzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da behar den gehieneko diru-mugaraino.

8. Proiektuen balorazioa.

8.1. Hauek dira A modalitateko balorazio irizpideak:

8.1.1. Enpresa edo profesional eskatzailearen ibilbidea eta aretoaren kokalekua (25 puntu gehienez):

a) Enpresaren edo profesionalaren ibilbidea: zinema-emanaldien arloan jarduten egin dituen urte osoen kopurua (gehienez ere 20 puntu).

IBILBIDEA

HAZTAPENA

15 urte baino gehiago

20 puntu

11 urtetik 15 urtera bitarte

15 puntu

5 urtetik 10 urtera bitarte

10 puntu

Urte 1etik 4 urtera bitarte

5 puntu

b) 50.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan kokatutako aretoak (gehienez ere 5 puntu).

HERRIA

HAZTAPENA

20.000 biztanle baino gutxiago

5 puntu

20.000 eta 30.000 biztanle artean

3 puntu

30.001 eta 50.000 biztanle artean

Puntu bat

8.1.2. 2019an bertaratu ziren ikusle kopurua (gehienez ere 30 puntu):

GUZTIRA (BATEZBESTEKOA PANTAILAKA)

HAZTAPENA

10.000 baino gehiago

30 puntu

8.000 eta 9.999 artean

25 puntu

6.000 eta 7.999 artean

20 puntu

4.000 eta 5.999 artean

15 puntu

2.000 eta 3.999 artean

10 puntu

2.000 baino gutxiago

5 puntu

8.1.3. 2019an egindako saioak guztira (gehienez ere 25 puntu):

GUZTIRA (BATEZBESTEKOA PANTAILAKA)

HAZTAPENA

1.000 baino gehiago

25 puntu

801 eta 1.000 artean

15 puntu

600 eta 800 artean

10 puntu

600 baino gutxiago

5 puntu

8.1.4. Proiektuaren bideragarritasuna eta koherentzia ekonomikoa (20 puntu gehienez).

a) Onartzen den proiektuarekin alderatuta, eskatzen den dirulaguntzaren portzentajea (gehienez ere 10 puntu).

ESKATUTAKO DIRULAGUNTZA PORTZENTAJEA

HAZTAPENA

%50etik behera

10 puntu

%50 eta %55 artean

7 puntu

%56 eta %60 artean

5 puntu

%61 eta %65 artean

3 puntu

%66 eta %70 artean

Puntu bat

b) Dirulaguntza hau kontuan hartu gabe, proiektuaren aurrekontu onartuarekin alderatuta, bermatuta edo berretsita dagoen finantzaketaren portzentajea (txartel salmentatik ateratako dirua, babesleak, dirulaguntza berretsiak eta abar), gehienez ere 10 puntu.

FINANTZAKETAREN PORTZENTAJEA

HAZTAPENA

%70etik gora

10 puntu

%51 eta %70 artean

7 puntu

%30 eta %50 artean

4 puntu

%30etik behera

Puntu bat

8.2. Hauek dira B modalitateko balorazio irizpideak:

8.2.1. Enpresa edo profesional eskatzailearen ibilbidea eta aretoaren kokalekua (10 puntu gehienez):

a) Enpresaren edo profesionalaren ibilbidea: zinema-emanaldien arloan jarduten egin dituen urte osoen kopurua (gehienez ere 7 puntu).

IBILBIDEA

HAZTAPENA

15 urte baino gehiago

7 puntu

11 urtetik 15 urtera bitarte

5 puntu

5 urtetik 10 urtera bitarte

3 puntu

Urte 1etik 4 urtera bitarte

Puntu bat

b) 50.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan kokatutako aretoak (gehienez ere 3 puntu).

HERRIA

HAZTAPENA

20.000 biztanle baino gutxiago

3 puntu

20.000 eta 30.000 biztanle artean

2 puntu

30.001 eta 50.000 biztanle artean

0 puntu

8.2.2. Programazioaren kalitatea eta interesa (gehienez ere 50 puntu):

a) 2020an Europako filmak, Iberoamerikakoak edo urteko pantaila-kuotan ordezkaritza txikiegia duten hirugarren herrialdeetakoak proiektatzea (Europako eta Latinoamerikako nazionalitateetatik kanpo, urteko %5etik beherako pantaila-kuota dutenak) (gehienez ere 20 puntu).

URTEKO SAIO BAKOITZAREN GAINEKO EHUNEKOA

HAZTAPENA

%50etik gora

20 puntu

%41 eta %50 artean

15 puntu

%31 eta %40 artean

10 puntu

%20 eta %30 artean

5 puntu

%20tik behera

0 puntu

b) Jatorrizko bertsioan, azpitituluekin, egindako programazioa (gehienez ere 10 puntu):

URTEKO SAIO BAKOITZAREN GAINEKO EHUNEKOA

HAZTAPENA

%25 baino gehiago

10 puntu

%10 eta %25 artean

5 puntu

%10etik behera

0 puntu

c) Zikloak egitea (gutxienez ere 8 saiokoak) filmaren taldea bertan dela (zinegileak, antzezleak edo talde teknikoko, artistikoko edo produkzio taldeko kideak), eta/edo aurkezle edo moderatzaileekin (kritikariak, adituak, etab.), gehienez ere 10 puntu:

URTEKO ZIKLOAK

HAZTAPENA

3 ziklo edo gehiago

10 puntu

2 ziklo

5 puntu

2 ziklo baino gutxiago

0 puntu

d) 10 lurralde baino gehiago egotea urteko programazioan (gehienez ere 5 puntu):

URTEKO PROGRAMAK

HAZTAPENA

10 lurralde baino gehiago

5 puntu

5 eta 10 lurralde artean

3 puntu

1 eta 4 lurralde artean

Puntu bat

e) Xedetzat beste arte batzuk sustatzea duen programazioa (musika, arte eszenikoak, arte plastikoak, etab.), gehienez ere 5 puntu:

URTEKO PROGRAMAK

HAZTAPENA

10 saio baino gehiago

5 puntu

5 eta 10 saio artean

3 puntu

1 eta 4 saio artean

Puntu bat

8.2.3. Proiektuaren hartzaileei loturiko kudeaketa estrategiak (gehienez ere 20 puntu).

a) Ikusleekiko komunikazio- eta bitartekaritza ekintzak.

b) Ikusle gazteendako promozio bereziak.

c) Zailtasun fisikoak edo psikosozialak dituzten ikus-entzuleak hurbiltzen laguntzeko ekintzak. Ekintza hauetan sartzen dira, oztopo arkitektonikoei lotutakoez gainera, edukietara iristeko berdintasuna sustatzen duten guztiak.

KUDEAKETA ESTRATEGIAK

HAZTAPENA

Oso ongi

20 puntu

Ongi

16 puntu

Nahikoa

12 puntu

Hala-holakoa

8 puntu

Eskasa

4 puntu

Urria

0 puntu

8.2.4. Proiektuaren bideragarritasuna eta koherentzia ekonomikoa (gehienez ere 20 puntu).

a) Onartzen den proiektuarekin alderatuta, eskatzen den dirulaguntzaren portzentajea (gehienez ere 10 puntu).

ESKATUTAKO DIRULAGUNTZA PORTZENTAJEA

HAZTAPENA

%50etik behera

10 puntu

%50 eta %55 artean

7 puntu

%56 eta %60 artean

5 puntu

%61 eta %65 artean

3 puntu

%66 eta %70 artean

Puntu bat

b) Dirulaguntza hau kontuan hartu gabe, proiektuaren aurrekontu onartuarekin alderatuta, bermatuta edo berretsita dagoen finantzaketaren portzentajea (txartel salmentatik ateratako dirua, babesleak, dirulaguntza berretsiak eta abar), gehienez ere 10 puntu.

FINANTZAKETAREN PORTZENTAJEA

HAZTAPENA

%70etik gora

10 puntu

%51 eta %70 artean

7 puntu

%30 eta %50 artean

4 puntu

%30etik behera

Puntu bat

8.3. Aurreko irizpide horiek aplikatuta, gehienez 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari, eta ez dira aintzat hartuko gutxienez 50 puntura iristen ez diren proiektuak.

8.4. Proiektu bakoitzerako laguntza ez da inola ere izanen oinarri hauen 3.2 eta 3.3 puntuetan ezarritako kopurutik gorakoa.

8.5. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

9. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak emateko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio bakoitzak eskabide-orrian adierazten duen helbide elektronikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jakitera emanen da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz.

9.4. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10. Onuradunek bete beharrekoak.

10.1. Laguntzaren kontzesioa jakinarazi ondotik, eskatzaileak idatziz adierazi beharko du ados dagoela zenbatekoarekin, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean. Gainera, hitz emanen du falta den dirua bere kontura ordainduko duela eta proiektua aurkeztean azaldu bezala gauzatuko duela. Epe hori pasatu eta idatziz adostasuna adierazi ezean, laguntzari uko egiten diola uste izanen da.

10.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek (pertsona fisikoak izan ezik) gardentasun betebeharraren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dute telematika bidez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa).

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

Onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du, horrek galarazi gabe zehapenak.

10.3. Onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

b) Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

c) Proiektua aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari, hura gertatu bezain laster, atal horrek aurretik adostasuna eman dezan, baldin eta aldaketak funtsezko aldaketarik eragiten ez badu onetsitako proiektuan.

d) Kultura eta Kirol Departamentuko Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak proiektua gauzatu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea aipatutako atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko asmoz, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak edukitzea, onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

10.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta. Nolanahi ere, beti adieraziko da lankidetza hori, inprimatutako material mota guztietan edo zuzeneko komunikazio ekintzetan.

10.5. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren programan, kartelean, iragarkietan, publizitatean edo edozein motatako zabalkunde-euskarrietan Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalean aurkeztu beharko dituzte zabalkunderako aurreikusitako edozein materialen zirriborroak, logotipoa modu egokian txertatzeko baimena jasotzeko. Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

10.6. Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko apartatuko baldintzei jarraikiz.

10.7. Enpresak edo profesionalak konpromisoa hartzen du hizkera edo irudi sexistarik ez erabiltzeko inolako euskarritan, ez publizitatean, ez informazioan. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

11.1.1. Ordainketa.

Oro har, onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak. Justifikazioa proiektua bukatutakoan eginen da, eta horretarako azken eguna 2021eko urriaren 31 izanen da (egun hori barne). Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina baldin badago, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

Justifikazioa egiteko, onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena; IFZ; fakturaren kontzeptua, zenbakia eta data; guztirako zenbatekoa (zerga-oinarria, BEZa eta/edo PFEZa zehaztuta, eta kontuan hartuta dirulaguntzatik kanpo dagoela balio erantsiaren gaineko zerga, eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu dezakeen zatian, bai eta antzeko beste zerga batzuk ere, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak); eta ordainketaren data. Zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen duten gastu guztien faktura eta frogagiriak. Faktura horiek deialdiaren 1. oinarrian ezarritako epeetan emanak izan beharko dira, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz eginak. Kanpo gelditzen dira, berariaz, ordainagiriak, aurrekontuak eta albaranak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna, lana eta/edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan. 100 eurotik gorako gastuen ordainketa guztiak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita (bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak –hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak–, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri).

c) Egindako jarduera azaltzen duen memoria.

d) Sustapenerako eta/edo publizitaterako elementu inprimatuak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

e) Proiektuaren gauzatzeari buruzko ebaluazio txostena, non adieraziko baita proiektuaren alderdiak noraino bete diren, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

f) Generoari buruzko memoria, honako datu hauek jasoko dituena:

–Entitatearen egitura: sexuaren araberako banaketa zuzendaritza organoetan eta masa sozialean.

–Laguntzaren xedeko programazioak zer gairi heltzen dion, adierazita edukiak indarra egiten ote duen genero rol edo estereotipoak hausteko (zehaztu eta labur justifikatu).

–Programazio taldean gizonek eta emakumeek duten parte-hartzea (kopurua eta jokatzen duten rola zehaztuta).

g) Dirulaguntzaren xedeko jarduerarako jaso dituzten beste diru-sarrera batzuk justifikatzeko dokumentazioa.

Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

11.1.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketa bat egiten ahalko da, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Ordainketa modu hori baliatu nahi izanez gero, berariaz eskatu beharko da 2021eko irailaren 30a baino lehen (egun hori barne). Horretarako, eskaera-idazki bat aurkeztu beharko dute telematika bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez, dokumentazio honekin batera:

a) Ordainketa mota horren eskaera (konturako ordainketa) eta eskatutako zenbatekoa.

b) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

d) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren eginen da konturako ordainketa.

11.1.3. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntzak jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira, eta gehienez emandako dirulaguntzaren %50 aurreratzen ahalko da. Horretarako, entitateak eskaera egin beharko dio Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalari, aurrerakina eskatzeko IV. eranskina aurkeztuz, eta egiaztatu beharko du diru-funtsak behar dituela dirulaguntzaren helburuak betetzeko.

Horretarako, onuradunak 2021eko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du aurrerakinaren eskaera (egun hori barne). Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina baldin badago, laguntza onartu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazioa.

11.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

11.3. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

11.4. Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12. Laguntza itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

13. Arau-hausteak eta zehapenak.

13.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

13.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

14. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

15. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Generazinema Emanaldiaren memoria, A) modalitatea.

II. eranskina.–Generazinema Emanaldiaren memoria, B) modalitatea.

IV. eranskina.–Aurrerapen eskaera.

Deskargatu I., II.A, II.B eta IV. eranskinak dituen agiria (DOC).

III. eranskina.–Generazinema Emanaldiaren aurrekontua.

Deskargatu III. eranskina duen kalkulu-orria (XLS).

Iragarkiaren kodea: F2105364