117. ALDIZKARIA - 2021eko maiatzaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

81/2021 FORU AGINDUA, maiatzaren 12koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, “José Lázaro Galdiano” ediziorako sarirako deialdia egiten duena 2021ean.

Martxoaren 30eko 26/2009 Foru Dekretuaren bidez, “José Lázaro Galdiano” Ediziorako Saria sortu zen. Ekainaren 26ko 76/2019 Foru Dekretuak aurretik aipatutako dekretu hori aldatu du.

Foru dekretu horiek betetzeko, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuak proposatu du aipatu sarirako 2021eko deialdia, haren oinarri arautzaileak onestea eta kalifikazio epaimahaia izendatzea.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “José Lázaro Galdiano” ediziorako sariaren 2021eko deialdia egitea, eta hura emateko oinarri arautzaileak onestea, zeinak eranskinean jaso baitira.

2. 6.000 euroko gastua baimentzea “José Lázaro Galdiano” ediziorako saria emateko, 2021. urteko gastu-aurrekontuko “José Lázaro Galdiano ediziorako sariak” izeneko 060004 06220 4709 921100 partidaren kargura.

3. Pertsona hauek izendatzea 2021eko “José Lázaro Galdiano” ediziorako sarian epaimahaia eratu dezaten:

–Pablo Roncal Los Arcos, Nafarroako Gobernuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia, epaimahaiko burua izanen da.

–Ainara Gonzalez Rubio, Beireko Udaleko alkatea.

–Begoña Torres González, Lázaro Galdiano Fundazioko zuzendari kudeatzailea

–Juan Antonio Yeves Andrés, Lázaro Galdiano Fundazioko Patronatuko idazkaria eta Lázaro Galdiano Liburutegiko burua, bibliografiaren eta edizio artistikoaren arloko aditua.

–Guillermo Nagore Ferrer, kazetaria, diseinatzaile grafikoa eta nazioarteko aholkularia.

–Matías Múgica Franco de Medinaceli, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Argitalpen Ataleko goi mailako tituluduna, idazkaria izanen da.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzura eta Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu honen eta haren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 12an.–Lehendakaritzako, berdintasuneko, funtzio publikoko eta barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

ERANSKINA

2021eko “José Lázaro Galdiano” ediziorako saria emateko oinarri arautzaileak

OINARRIAK

1.–Sariaren xedea.

Saria bi kategoria ezberdinetan emanen da, eta José Lázaro Galdiano nafarrari agur eta ohore egiteko helburua du. Horretarako, haren nortasunaren alderdi guztiak kontuan hartuz, liburu edizioaren kalitatea bi kategoriatan sarituko da:

a) Arte liburuak, oro har, adiera zabalenean ulerturik: erakusketa katalogoak eta bestelako obra ilustratuak, arte plastiko, argazkigintza eta beste edozein arte diziplinarekin lotutako pertsonen eta gaien gaineko monografiak, arte, kultura edo pentsamendu zientifikoaren gaineko saiakerak, edizio zaindua duten literatura liburuak, etab.

b) Edizio artistikoa duten eta pertsona zein entitate bibliofiloentzat izan ohi diren liburuak, kalitate handiko materialekin eginak, hala nola edizio zenbakitua eta mugatua duten artista liburuak edo obra klasikoen edizio faksimileak.

2.–Aurrekontua eta zenbatekoa.

2.1. Saria 3.000 eurokoa da kategoria bakoitzarentzat, eta 2021. urteko gastuen aurrekontuko “Lázaro Galdiano Ediziorako Sariak” izeneko 060004 06220 4709 921100 partidaren kargura finantzatuko da.

2.2. Bi kategorietako batean libururik aurkezten ez bada edo epaimahaiak uste badu kategoria horietako bat bete gabe deklaratu behar dela, 6.000 euroko saria ematen ahalko zaio beste kategorian saritutako liburuari.

3.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Pertsona fisikoak, enpresak edo pertsona juridikoak sari honetarako hautagai izaten ahalko dira, 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra, edozein hizkuntzatan, arte liburuak argitaratu badituzte 1. oinarrian adierazitako kategorietako batean edo bietan, zabalkunderako legezko betekizunak bete badituzte eta 2020. urteko lege gordailua eta ISBNa (International Standard Book Number) baldin badituzte.

Berrargitalpenak lehiaketatik kanpo gelditzen dira. Alabaina, kontuan hartzen ahalko lirateke, aurreko argitalpenarekin edo argitalpenekin alderaturik, merezi duen funtsezko hobekuntza edo aldaketaren bat ekarri badute.

4.–Eskaerak aurkeztea.

4.1. Lehiaketan parte hartzeko eskaerak oinarri hauetako eranskinean ageri den ereduaren araberakoak izanen dira eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Karlos III.aren etorbidea 2, beheko solairua, 31002 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

4.2. Eskaera Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Argitalpen Atalera igorri beharko da, eta bertan adieraziko da “2021eko José Lázaro Galdiano ediziorako sariak” izeneko deialdirako dela.

4.3. Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea 2021eko irailaren 10ean bukatuko da, 14:00etan.

5.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Editoreek (pertsonak nahiz enpresak) gehienez ere hiru lanekin hartzen ahal dute parte aipatutako bi kategorietako bakoitzean. Horietako bakoitzeko, honako hau aurkeztu behar dute:

a) Aurkeztutako lanaren ale bat.

b) Lehen argitalpenarekiko hobekuntza edo aldaketarik ekarri duten berrargitalpenen kasuan, lehen argitalpeneko ale bat.

c) Lanaren azalpen laburra gaztelaniaz edo euskaraz: argudioa eta edizioaren ezaugarri teknikoak.

6.–Tramitazioa.

6.1. Eskaerak Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Argitalpen Atalak tramitatuko ditu.

6.2. Eskaerak epaimahai batek baloratuko ditu, kide hauek osatutakoak:

–Pablo Roncal Los Arcos, Nafarroako Gobernuko Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia, epaimahaiko burua izanen da.

–Ainara Gonzalez Rubio, Beireko Udaleko alkatea.

–Begoña Torres González, Lázaro Galdiano Fundazioko zuzendari kudeatzailea.

–Juan Antonio Yeves Andrés, Lázaro Galdiano Fundazioko Patronatuko idazkaria eta Lázaro Galdiano Liburutegiko burua, bibliografiaren eta edizio artistikoaren arloko aditua.

–Guillermo Nagore Ferrer, kazetaria, diseinatzaile grafikoa eta nazioarteko aholkularia.

–Matías Múgica Franco de Medinaceli, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Argitalpen Ataleko goi mailako tituluduna, idazkaria izanen da.

Epaimahaiak liburuaren argitalpenean sartzen diren elementu formal guztiak ebaluatuko ditu, kalitatearen irizpidea lehenetsiz. Haren irizpena loteslea izanen da eta saria eman gabe uzten ahalko du.

Epaimahaiak saria emateko proposamena helaraziko dio Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariari.

Nafarroako Gobernuak emanen du saria, zehazten diren tokian eta egunean eman ere.

Lan saritua Nafarroako Liburutegiko funts bibliografikoan geldituko da.

Saritu gabeko lanak horiek aurkeztu dituzten pertsona edo enpresa editoreen eskura egonen dira, eta 2022ko urtarrilaren 15era arte hartzen ahalko dituzte. Jaso ezean, Nafarroako Liburutegiko funts bibliografikoan sartuko dira.

ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2107823